EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018226

167/2018 DEKRETUA, azaroaren 20koa, ertzaintzako langileen 2011., 2012. eta 2013. urteetarako lan-baldintzak araupetzeko Akordioa onartzen duen Dekretua bigarrengoz aldatzen duena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800167
Xedapenaren data: 2018-11-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201805759
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/01/20an argitaratutako 2012/01/17ko 201200004 DEKRETUA aldatzen du
  • Ikus 2012/10/17an argitaratutako 2012/10/09ko 201200194 DEKRETUA

Urtarrilaren 17ko 4/2012 Dekretua, Ertzaintzako langileen 2011., 2012. eta 2013. urteetarako lan-baldintzak araupetzeko akordioa onartzen duena, 2012ko urtarrilaren 20an argitaratu zen EHAAren 14. zenbakian.
Urte bereko urriaren 17an, EHAAren 202. zenbakian argitaratu zen urriaren 9ko 194/2012 Dekretua, Ertzaintzako langileen 2011., 2012. eta 2013. urteetarako lan-baldintzak araupetzeko akordioa onartzen zuen dekretua aldatzen zuena VIII. titulua gehituz.
Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko akordioaren 2. artikuluaren arabera, akordioaren indarraldia luzatuta dago berau ordezteko beste akordiorik onartu ez den heinean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak arautzen du nola parte hartu behar duten Ertzaintzako funtzionarioek beren lan-baldintzen zehaztapenean. Legearen 103. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ertzaintzako langileak ordezkatzen dituzten sindikatuen bitartez gauzatuko da parte-hartze hori.
Aurreikuspen hori betez, 103. artikuluak aipatutako sindikatuekin negoziazio-prozesu bat abiatu zen, Segurtasun Sailak eta ErNE eta ESAN sindikatuek 2018ko ekainaren 6ko negoziazio-mahaian hitzartutako akordioarekin itxi zena. Akordioa brigada mugikorra modernizatzeko planari eta zerbitzu aktibo modulatuari buruzkoa izan zen.
Arlo horiek aipatu den Dekretuak araututako lan baldintzen parte dira, eta, horrenbestez, Dekretua aldatu beharra dago akordioaren parte diren erregulazio berriak bertan txertatzeko.
Ertzaintzako langileen 2011., 2012. eta 2013. urteetarako lan-baldintzak araupetzeko akordioa onartzen duen Dekretua aldatzeko proposamenari, 2018ko ekainaren 6an egindako saioan eman zion oniritzia Ertzaintzaren Kontseiluak.
Akordioa baliagarria eta eraginkorra izan dadin, uztailaren 17ko Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen 104.2 artikuluko aurreikuspenen arabera, beharrezkoa da Gobernu Kontseiluaren berariazko onarpen formala.
Horri jarraiki, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko azaroaren hogeian izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehen artikulua: Aldatzea 4/2012 Dekretua, urtarrilaren 17koa, Ertzaintzako langileen 2011., 2012. eta 2013. urteetarako lan-baldintzak araupetzeko akordioa onartzen duena. Honela idatzita geratzen da:
1.– Aldatzea 24. artikuluaren bigarren apartatua. Honela idatzita geratzen da:
«2.– Brigada Mugikorraren Unitatearen ordu-erregimena.
2.1.– Lan-zikloa:
● X: Planifikatutako lanaldia.
● L: Zerbitzurik gabeko egun librea.
Urte hasierarako planifikatuta izango da urteko lan-aste guztien ordutegia; tartean, gaueko ordutegian lan egin beharko den gutxienez lau aste.
Planifikatutako lan-aste bakoitzak ordutegi ezberdineko lanaldiak barnebildu ditzake; hori bai, lanaldi horiek bat egin behar dute hurrengo apartatuan zehaztutako hiru lanaldietako batekin.
Lanaldiren baten ordutegia aldatuko balitz zazpi egun baino gutxiagokoa ez den aurrerapenarekin, Kalte-ordainen Dekretuko 15.2 artikuluan ezarritako kalte-ordainak aplikatuko dira.
Eta lanaldiren baten ordutegia zazpi egun baino gutxiagoko aurrerapenarekin aldatuko balitz, aurreko paragrafoan zehaztutako kalte-ordainez gain, bi ordu gehigarri zenbatuko dira.
2.2.– Lanaldia:
Aurreko puntuan ezarritako lan-kadentziaren barnean, planifikatutako lanaldiek bederatzi ordu eta erdiko iraupena izango dute, astelehenetik ostiralera, eta jarraian zehaztutako erreferentziako ordutegietako batekin bat etorriko dira:
● Goizeko ordutegia: hasiera, 06:00etatik 07:00etara bitartean; bukaera, 15:30etik 16:30era bitartean.
● Arratsaldeko ordutegia: hasiera, 14:30etik 15:30era bitartean; bukaera, 00:00etatik 01:00etara bitartean.
● Gaueko ordutegia: hasiera, 22:00etatik 23:00etara bitartean; bukaera, 07:30etik 08:30era bitartean.
Urte hasierako lan-plangintzan zehaztuko da egoki den sarrera-ordutegia.
Lan-baldintzen Akordioaren 20. artikuluko zortzigarren apartatuan gaueko ordutegiko planifikatutako zortzi orduko lanaldietarako ezarritako kalte-ordaina aplikatuko da 22:00etatik 06:00etara edo 23:00etatik 07:00etara egindako lanagatik.
Langile batek zerbitzurik gabeko egun libre bezala planifikatutako egun batean lan egiteko agindua jasotzen badu edo lanaldia luzatzen bazaio, Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioan eta Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretuan xedatutako konpentsazioak aplikatuko dira.
Gutxienez 12 orduko atsedena bermatuko zaie langileei bi lanaldiren artean.
Lanaldien plangintzaren barnean, Brigadako Mugikorreko berehalako erantzuneko PRI/Bizkor zerbitzuko eginkizunak esleituko dira. Zeregin horiek egiteak PRI/Bizkor jardunaldi bakoitzeko 42 euroko produktibitate-osagarri bat jasotzeko eskubidea sortuko du; gehienez ere horrelako 24 jardunaldi egin ahal izango dira, urtean 1.000 euro jasoz gehienez ere.
2.3.– Entrenamendu jarduerak:
Ohiko entrenamendu jarduerak:
Lan-asteen plangintzaren barnean, Unitateko Burutzak 16 entrenamendu-lanaldi programatuko ditu urtean azpitalde bakoitzarentzat.
Entrenamendu lanaldi horietako bakoitza amaitutakoan, entrenamendua egin izana egiaztatzen duen agiri bat beteko da, eta, bertan, saioaren ebaluazioa ere jasoko da; produktibitate-osagarri bat jasotzeko eskubidea sortuko du horrek eskumenen ebaluaziogatik, 37,5 eurokoa ebaluazioa lanaldi bakoitzeko, urtean 600 euro gehienez ere.
Entrenamendu-jarduerak egiten diren lanaldiak bederatzi ordu eta erdiko lanaldi gisa zenbatuko dira.
Zerbitzuko beharrak gorabehera, lanaldiaren barnean aurreikusitako entrenamendu-jarduerak geroratu ahal izango dira; hori bai, urtearen amaieran, azpitalde bakoitzak egindako entrenamendu-lanaldiak ezingo dira lehen paragrafoan zehaztutakoak baino gutxiago izan.
Aparteko jarduerak
Hiru hileko aurrerapenarekin prestakuntza taktiko-operatiboko lanaldi bat planifikatuko da urtero, betiere zerbitzurik gabeko planifikatutako aste bateko asteazken, ostegun edo ostiralean egiteko. Lanaldiak bederatzi ordu eta erdi iraungo ditu.
Lanaldia egiten duten langileek eskubidea izango dute Lan-baldintzak araupetzeko Akordioko 27. artikuluko hirugarren eta laugarren apartatuetan ezarritako konpentsazioetako bat jasotzeko aukera izateko. Aukera hori gauzatu ahal izateko 27.4.2 artikuluko azken paragrafoan aurreikusitako baldintza bete beharko da».
2.– Aldatzea 30. artikuluaren lehen apartatuko seigarren paragrafoa. Honela idatzita gelditzen da:
«Brigada Mugikorraren ordu-erregimenean (24. artikuluan aurreikusia) ari diren langileen oporrak 180,5 ordukoak izango dira. Lana ez bada urte osoan egin, opor-orduak lan egin den denboraren arabera murriztuko dira, proportzionalki».
3.– Aldatzea 30. artikuluaren bosgarren apartatua. Honela idatzita gelditzen da:
«5.– Brigada Mugikorraren ordu-erregimenean ari diren langileen oporrak 180,5 ordukoak izango dira, baldin eta urte osoan lan egin badute. Lana ez bada urte osoan egin, opor-orduak lan egin den denboraren arabera murriztuko dira, proportzionalki.
Honela banatuko dira oporrak:
● Planifikatutako bi lan-aste oso.
● Planifikatutako lan-aste bateko bost egun.
Oporraldi gisa izendatutako asteen aurreko, erdiko edo ondoko aste libre planifikatuetako bitan, langileak ezingo dira zerbitzura deitu, oso salbuespenezko arrazoiengatik ez bada.
Eskaerak egiteko epea eta eskaerok onartzeko irizpideak honako artikulu honetan ezarritakoak izango dira» .
4.– Aldatzea 60. artikuluaren bigarren apartatuko lehen paragrafoa. Honela idatzita gelditzen da:
«2.– Goi mailako eskalako eta eskala exekutiboko langileek, zeinek erabateko erabilgarritasun-egoeran egon behar duten, dituzten funtzioen izaeragatik, eta, Akordio honen 22. artikuluan aurreikusitako ordu-erregimen malgua esleituta edukita, ikerketa-lanak egiten dituztenek, produktibitate-osagarri bat jasotzeko eskubidea izango dute; osagarri hori banakoari aplikatuko zaio, bi hilez behingoa izango da eta haren zenbatekoa honako absentismo-tasa hauek ez gainditzeari egongo da lotuta»:
5.– Aldatzea 60. artikuluaren hirugarren apartatua. Honela idatzita gelditzen da:
«3.– Lan-baldintzei buruzko Akordioaren 21. artikuluan aurreikusitako ordu-erregimen normalizatuan diharduten langileek, paragrafo honetako aurreko inongo puntutan sartuta ez badaude, eta, halaber, Polizia Zientifikoko Unitatean pertsonen identifikazioko atalean, egun ezarrita duten ordu-erregimenaren arabera, lan egiten dutenek; Babes Unitatean, Esku Hartze Unitatean eta Txakurren Ataletan (Lehergailuen Atalean izan ezik) lan egiten duten langileek, zeinek beren ordutegian
6.– Aldatzea 72. artikuluko lehen apartatua. Honela idatzita geratzen da:
«1.– Ertzaintzako funtzionarioei zerbitzu aktiboko jardueraren modulazioa aitortu ahal izango zaie adinagatik 55 urte bete behar dituzten urtearen hasieratik erretiroa hartzen duten unera arte».
7.– Aldatzea 74. artikuluko lehen apartatuko a) letra. Honela idatzita geratzen da:
«1.– Lanpostua Herritarren Babeseko ertzain-etxeetan, Miñoien, Foralen eta Mikeleteen ataletan, eta Trafiko Lurralde Unitateetan duten langileak.
a) Adinagatik zerbitzu aktiboko jardueraren modulazioa aitortzen zaien funtzionarioak zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran izango dira, hori bai, lehentasuna izango dute adinak modulatutako zerbitzu aktiboan dauden langileek edo bigarren jarduerako egoera aitortuta dutenek egin ditzaketen funtzioen katalogoa xedatzen duen Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpenak ezarritako zereginak egiteko, betiere, noski, eginkizunok betetzeko beharrezko gaitasuna badute.
Baldintza hori aitortuta duten guztiei funtzio horiek esleitzerik ez balego, esleipena adinaren arabera egingo da, zaharrenetik hasi eta gazteenera; gainontzekoek agintzen zaizkien ohiko funtzioak egin beharko dituzte. Hala ere, planifikatutako operatiboetan, langileok ez dute zuzenean parte hartuko segurtasuna mantentzea xede duten eta ordena publikoko gorabeherak izatea aurreikusten den ekintzetan».
8.– Aldatzea 74. artikuluko bigarren eta hirugarren apartatuak. Honela idatzita geratzen dira:
«2.– Lanpostua ondokoen mendeko unitateren batean duten langileak: Laguntza Taktikoko Burutza Nagusia, Erakunde Segurtasunerako Burutza Nagusia, Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua, Inteligentziako Lurralde Bulegoa, Inteligentzia Bulego Nagusia, eta Ikerketa Kriminal eta Polizia Judizialaren Burutza.
Adinagatik zerbitzu aktiboko jardueraren modulazioa aitortuta duten funtzionarioak zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran izango dira eta beren lanpostu-kodeei esleitutako funtzio guztiak beteko dituzte.
3.– Gainerako unitateetan destinoa duten eta bestelako lanpostuetara atxikita dauden langileak.
Adinagatik zerbitzu aktiboko jardueraren modulazioa aitortuta duten funtzionarioak zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran izango dira eta beren lanpostu-kodeei esleitutako funtzio guztiak beteko dituzte, hori bai, planifikatutako operatiboetan, langileok ez dute zuzenean parte hartuko segurtasuna mantentzea xede duten eta ordena publikoko gorabeherak izatea aurreikusten den ekintzetan».
9.– Aldatzea 75. artikuluko lehen apartatua. Honela idatzita geratzen da:
«1.– Adinagatik zerbitzu aktiboko jardueraren modulazioa aitortuta duten Ertzaintzako langileei urteko lanaldia murriztuko zaie honako eskala honen arabera:
A) 55 urterekin: urtean 24 lan-ordu gutxiago.
B) 56 urterekin: urtean 48 lan-ordu gutxiago.
C) 57 urterekin: urtean 64 lan-ordu gutxiago.
D) 58 urterekin eta gehiagorekin: urtean 96 lan-ordu gutxiago».
9.– Aldatzea 76. artikuluaren bigarren apartatua. Honela idatzita geratzen da:
«2.– 74. artikuluaren barnean dauden langileak adinak modulatutako zerbitzu aktiboan sartzen direnean 55 urterekin, gaueko ordutegian lan egiten jarraituko dute 59 urte betetzen dituzten urtera bitartean; salbuespena 79. artikulua aplikatzearen ondorioz bestelako neurriak hartzea beharrezkoa izatea izango da.
2019ko urtarriletik aurrera 56 urterekin adinak modulatutako zerbitzu aktiboan sartzen diren langileen kasuan, gaueko ordutegian lan egitetik salbuetsita geratzeko aukera izango dute. Aukera hori baliatu ondoren, gaueko txandan lan egitea erabakiz gero, langileak berak erabaki beharko du 59 urtera bitarte gauez lan egin nahi duen –horrela aukeratuz gero artikulu honen hirugarren apartatuan zehaztutako zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango du, betiere 79. artikulua aplikatzearen ondorioz bestelako neurriren bat hartzea ez badagokio– edo urtetik urtera erabaki nahi duen gauez lan egin edo ez –horrela eginez gero kontzeptu horri dagokion 35 euroko produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea izango du gauez lan egiten duenean–».
10.– Gehitzea hirugarren, laugarren eta bosgarren apartatuak 76. artikuluari:
«3.– Aurreko apartatuak ezarritakoaren arabera gaueko txandan lan egitetik salbuetsitako langileek, goizeko edo arratsaldeko txandan egin beharko dute lan euren taldeak gaueko txanda duten asteetan.
Azken kasu horretan, B7 kadentzia aplikagarria denean, larunbatetan eta igandeetan zerbitzu-prestazioa aurreko txanda amaitu eta hamabi ordu igaro eta gero hasi beharko dute. Kasu horretan, ertzainak zerbitzu-prestazioa hasteko ordua aurreratzeko eskaera egingo balu, Unitateko Burutzak aukera izango luke horretarako baimena emateko.
Aste horietan zerbitzu-prestazioak emateak gaueko txandan lan egiteagatik jasotzen den produktibitate-osagarriaren zenbatekoa oso-osorik jasotzen jarraitzeko eskubidea emango du, edo, horrela ezarritako ordu-erregimenetan, ordu-indizearen zenbaketa alternatiboa egitekoa.
4.– Zerbitzu aktibo modulatuko prestazioa aitortuta duten baina gaueko txandan lanean jarraitzea hautatzen duten langileek, gaueko txandan lan egindako planifikatutako lanaldi bakoitzeko 49 euroko produktibitate-osagarria jasoko dute eta ez 20. artikuluan ezarritako zenbatekoa.
Gaueko indizea zenbatzeko aukera alternatiboa hautatzen duten langileei, berriz, indizea produktibitate-osagarrian aplikatzen den ehuneko berean igoko zaie.
5.– Zerbitzu aktibo modulatuarekin 56 urte edo gehiagorekin bat egin eta gaueko ordutegian lan ez egiteko hautua egiten duten langileek, hautu hori aldatzeko aukera izango dute. Horretarako, Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskaera bat aurkeztu beharko diote irailaren 30a baino lehen.
Aukera hori hurrengo urteko lehen lan-aste osotik aurrera aplikatuko litzateke.
Gaueko ordutegian lan egiteko aukera langileak 59 urte betetzen dituen urtera arte izango da indarrean, betiere 79. artikulua aplikatzearen ondorioz bestelako neurriren bat hartzea ez badagokio».
11.– Gehitzea bigarren paragrafo bat 77. artikuluaren laugarren apartatuari:
«Adinak modulatutako zerbitzu aktiboan dauden eta gaueko ordutegian lan egiten jarraitzen duten langileei, soilik kasu honetan esleitu ahal zaizkie derrigorrez egin beharreko ordezkapenak: adinak modulatutako zerbitzu aktiboan ez dauden Unitateko eremu funtzional bereko gainontzeko langile guztiei ordezkapenak esleitu ostean, oraindik ere ordezkapen gehiago esleitu beharra izatea».
12.– Aldatzea 77. artikuluko bosgarren apartatua. Honela idatzita geratzen da:
«5.1.– Gaueko txandako lanaldiotan lan egiteak, 49 euroko produktibitate-osagarria jasotzeko eskubidea sortuko du gaueko txandako planifikatutako lanaldi bakoitzeko eta ez 20. artikuluan ezarritako zenbatekoa. Horrez gain, txanda-aldaketako indarreko araudian ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea ere izango da.
Gaueko indizea zenbatzeko aukera alternatiboa hautatzen duten langileei, berriz, indizea produktibitate-osagarrian aplikatzen den ehuneko berean igoko zaie.
5.2.– Konpentsazio modu bera aplikatu zaio gaueko txandako talde berari atxikita izanik, gauez lan egitetik salbuetsita dagoen lankidearen funtzioak gaueko txandan betetzen dituen ertzainari lan egindako lanaldi bakoitzeko, betiere betetako funtzioak berez dagozkionak baino kategoria altuagokoak badira; salbuespena kalte-ordainen erregimenean aurreikusitako kasuak dira, kasu horietan ez baita txanda-aldaketarik gertatzen».
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau 2019ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 20an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.