EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2018224

EBAZPENA, 2018ko urriaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Arrasateko (Gipuzkoa) Zabalagaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziari buruz.

Xedapenaren data: 2018-10-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201805721
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Arrasateko Udalak, 2018ko apirilaren 4an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, eta, haren bidez eskatu zuen hasiera emateko Arrasateko «Zabalagaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Berezia»ren –aurrerantzean, Plan Bereziaren– ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari (07-102 eta 07 104 katastro-partzelak).
Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zutela.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko ekainaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki irizten zieten oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan.
Zehazki, honako interesdun hauei eta ukitutako administrazio publiko hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza eta Uraren Euskal Agentzia, guztiak ere Eusko Jaurlaritzaren erakundeak; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia; Gipuzkoako Ekologistak Martxan, «Eguzkizaleak» elkartea eta Arrasate Zientzia Elkartea (AZE), interesduntzat hartzen direnak.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek aukera izan zezaten egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko.
Behin amaituta araudian erantzunak emateko ezarritako epea, honako hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Uraren Euskal Agentzia, guztiak ere Eusko Jaurlaritzaren erakundeak, eta Arrasate Zientzia Elkartea (AZE). Ebazpen honetan txertatuta geratu da eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.
Aipatutako 6.2 artikuluan zehazten da, besteak beste, zenbait planek eta programak ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa behar dutela (horretarako, 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32.era bitartean arautzen den prozedura erabiliko da), baldin eta plan eta programok, hiri- eta landa-lurraldeen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari buruzkoak izanik, etorkizunean proiektuak baimentzeko esparru bat ezartzen badute eta 6.1 artikuluan aipatzen diren betekizunak betetzen ez badituzte.
Dokumentazio teknikoa eta Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak baloratzen baitu egoki integaratu direla ingurumen-arloko alderdiak Arrasateko Zabalagaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziaren proposamenean (07-102 eta 07-104 katastro-partzelak) eta jasotzen baititu plana aplikatzearen ondorioz izan daitezkeen inpaktu adierazgarriak, baita sartu behar diren azken zehaztapenak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Arrasateko Zabalagaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziari buruz (07-102 eta 07-104 katastro-partzelak), jarraian zehazten den eran:
A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.
Plan Bereziaren eremua Gesalibar auzoan dago, Arrasateko hirigunearen ipar-mendebaldean, Aramaioko udalerriaren mugan. Bi katastro-partzelak osatzen dute: bata, sagar-hazkuntzara eta sagardoa ekoitzi eta merkaturatzera emana (07-102); bestean, berriz, Monterrey pinuak landatuta daude (07-104). Guztira, 8.992 m
Etxebizitza hurbilenak Zabolain baserria eta, urrunago, San Jurgi baserria dira.
Plan Bereziaren helburua da lurzoru-eremu urbanizaezin bateko antolamendu zehatza ezartzea Arrasateko Hiru Antolamenduko Plan Orokorrean (aurrerantzean, HAPO), han zaldi-zentro hipoterapeutiko bat jartzeko, hirigintza-parametroak eta araudia zehaztuta.
Bi antolamendu-aukera aztertu dira, baina bazter utzi da bigarrena (hasierako eremua ipar-mendebaldera zabaltzea 07-102 katastro-partzelaren barruan), eragina izango bailuke Zabolain errekan eta haren sahastian (Salix atrocinerea), eta, gainera, eragin handia izango bailuke nekazaritza- eta abeltzaintza-erabilerako lurretan, sagarrondoak landatzeko erabilgarriak direnak, eta ondorioz, arriskuan jarriko Zabolain baserriko jarduera nagusia.
Aukeratutako alternatiba garatzeko, beharrezkoa da zoruaren kalifikazioa –urbanizaezina– aldatzea Plan Bereziaren eremuko iparraldeko erdian, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako kategoria eta landazabal-kategoria (trantsizioko landa-paisaia) ematea eremu hori osatzen duten partzela guztiei (07-102 eta 07-104 katastro-partzelei); izan ere, iparraldeko erdiaren egungo kategorian («Basoak») ez daude baimenduta jarduera ludiko-terapeutikoei lotutako eraikinak. Hala, Plan Bereziak berrantolatu egiten du Arrasateko HAPOn ezarritako zoru urbanizaezinaren zonakatzea, Zabolain baserrira heltzeko bidera lekualdatuz bi eremu hauen arteko muga: baso-eremua (09), batetik, eta, bestetik, nekazaritza- eta abeltzaintza- erabilerako eremua eta landazabal-eremua (trantsizioko landa-paisaia; nekazaritzarako eta abeltzaintzarako intereseko zorua 07).
Atal hauek osatuko dute zaldi-zentroa:
– Barneko pista estalia (20 x 40 m).
– Boxen eraikina, 24 zaldi hartzeko lekua duena.
– Kanpoko pista estali gabea (20 x 60 m).
– Eraikin soziala, aldagelak eta bainugelak.
– Belar- eta sats-biltegia.
– Pentsu-silo bat, eta jarduera garatzeko beharrezkoak diren zerbitzu-instalazioak.
– Euri-ura aprobetxatzeko ur-biltegia, erregai-andela, ur-arazgailua eta abar.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Zaldi-zentro hipoterapeutiko bat eraiki ahal izateko irizpide eta baldintzak ezartzeak ez du esan nahi aukera zabaltzen denik legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Ez da bateraezintasunik aurkitu Plan Bereziaren eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean.
c) Planaren helburua egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki honako hauek: lur-azaleko eta lurpeko ur-masak egoera onean kontserbatzea; gero eta kezkagarriagoak diren erronkei eta ingurumen-bektoreei aurre egitea, hala nola argi-kutsadurari, eta eraikuntzan baliabideak modu efizienteagoan erabiltzea eta, amaieran, hondakinak aprobetxatzea.
d) Era berean, Plan Berezia egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; zehazki, hondakinen arlokoa.
2) Efektuen ezaugarriak, eta efektua jasan dezakeen eremuarenak:
Artzaintzan erabiltzen den bazkaleku bat eta pinu radiataren sail bat daude eremuan. Ez dago ingurumen-babes erregimen bereziko espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako), ez eta natura-balio esanguratsurik duen elementurik ere, HAPOko «Korridoreak» izeneko gainjarritako baldintzatzailearekin bat egiten duen tokian izan ezik; nolanahi ere, ez da aurreikusten hor eragin handirik izango duenik, baldin eta hegoaldeko erreka eta hari lotutako landaredia errespetatzen badira. Ez dago, halaber, kultura-balio esanguratsuko elementurik.
Gainera, ez da identifikatu planerako ingurumen-arazo nabarmenik. Eremuak ez dauka kalitate akustikoko helbururik, ez baita ez area urbanizagarri bat ez hirigintza-garapeneko area bat. Hala ere, jarduerak, berria denez gero, araudian ezarritako zarata-immisioko balioak bete behar ditu, honela ulertuta: ezein eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinen garaiera orotan leihoa duten fatxada guztietara iristen den soinua.
Horrenbestez, obra-fasean aurreikusten diren eragin nabarmenenak eraikitze- eta urbanizatze-lanek eragindakoak izango dira, lan horiek honako hauen gainean izango baitute eragina: Zabolain errekaren gainean; landarediaren gainean –bati bat, pinus radiatak mozteagatik–, airearen kalitatearen eta lasaitasun publikoaren gainean –kutsatzaileen eta zaraten immisioagatik (batez ere lurren, makinen eta ibilgailuen mugimenduak eragindako hautsa eta partikulak), eta sortutako hondakinengatik–. Funtzionamendu-fasean aurreikusten diren eragin aipagarrienak, berriz, hiri-hondakinen sorrera eta lehen baino jende gehiago bertaratzea izango dira.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoarekin bat etorriz. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Zabolain erreka babestea:
Obra-fasean, beharrezkoa izango da neurri zorrotzak hartzea partzelaren hegoaldeko errekastoan eta sahastian (Salix atrocinerea) kalterik ez egiteko, erreka-ertzeko landaredi guztia zedarrituz eta, geroago, sedimentazio- eta iragazte-hesiak erabiliz.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:
Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).
Gainera, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.
Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Arrasateko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta atmosferaren babesa:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Gainera, argi-kutsadura prebenitzeko eta murrizteko, Kanpoko argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko 1890/2008 Errege Dekretua bete beharko da, bai eta haren jarraibide teknikoak ere (EA-01etik EA-07ra).
Era berean, aspertsiozko ureztapenean, legionellosia prebenitzeko eta kontrolatzeko araudia bete beharko da (legionellosia prebenitzeko eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak ezartzen dituen uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua), bai obra-fasean, bai ustiaketa-fasean bai eraikinaren diseinu-fasean. Gainera, erradiazioetatik babesteko araudia ere bete beharko da (1066/2001 Errege Dekretua).
Azkenik, egunez, lan egiteko ordutegi jakin bat bete beharko da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Bigarrena.– Horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen -txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, egindako kontsulten emaitza ikusita eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, zera ondorioztatu da: Arrasateko Zabalagaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Bereziak, 07-102 eta 07 104 katastro-partzelei dagokienak, ez du efektu kaltegarri esanguratsurik izango ingurumenean, ebazpen honetan jasotako baldintzetan, eta, ondorioz, ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Arrasateko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukiaren berri.
Laugarrena.– Agindua ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratueta lau urteko gehieneko epean, Arrasateko Zabalagaingo (Zabolain) Zaldi Zentro Hipoterapeutikoko Plan Berezia (07-102 eta 07 104 katastro-partzelak) onartzen ez bada. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 22a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.