EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2018224

AGINDUA, 2018ko azaroaren 7koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, 2019. urtean gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.

Xedapenaren data: 2018-11-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201805718
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari esleitu zizkion gazteriarekin lotuta dauden arloetan egitekoak gauzatzea.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteriaren esparruan jarduerak sustatzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, deialdi honetan zehazten diren eremuetako batean sartzen den jarduera bat garatzea helburu duten pertsona juridikoei –publiko zein pribatuei– beren xedea gauzatzen laguntzeko bideak ezartzen dira agindu horren bitartez.
Aginduak bilatzen duen gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko laguntza, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren iritziz, gazteak gizartean integratzeko beste tresna bat da, horrela Euskal Autonomia Erkidegoko entitateei aukera emanez beraiek askatasunez hautatutako diseinuaren araberako gazte-mugikortasun eta -elkartrukerako jarduerak egin ditzaten, alegia, sorkuntzarako ekimena murriztu lezaketen muga estu zorrotzetatik urrun.
Adierazitako guztia aintzat hartuta, aldez aurretiko izapideen araubidearen mendean dagoen deialdi honen bitartez, gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduera bat garatu nahi duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoak –publiko zein pribatuak– diru-laguntzez baliatu ahal izateko moduko esparru zabala diseinatu nahi dugu.
Horregatik, aintzat hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta kontuan hartuta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea eta lege hori garatzen duen araudian xedatutakoa, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
2019ko urtealdian gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak garatzeko diru-laguntzak banatzeko modua arautzea eta horretarako deialdia egitea da agindu honen xedea, betiere baldintza eta betekizun hauek aintzakotzat izanik.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan aipatutako helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak aurrekontuetan xede horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, eta horien guztizko zenbatekoa 145.000 eurokoa izango da.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Agindu honetako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta 5. artikuluan zehazten diren eremuetan sustapen eta zabalkunde jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek.
2.– Agindu honetako 1. artikuluan jasotako jarduketak egin nahi dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek eta jarduketa horiek Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean sartu baino lehen, hau da, 2016ko apirilaren 15a baino lehen egin ez dituztenek, bertan esku hartu ahal izango dute, berezkoak eta eskuordetutakoak ez diren eskumenen ariketatik. Horretarako, bikoiztasunik ez dagoela dioen Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko txostena beharko da, bikoiztasunik eza adierazteko (alkateak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari eskatu beharko dio). Halaber, eskumen berriaren jasangarritasun finantzarioari buruzko foru-aldundiaren txostena beharko da, Euskadiko Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 7.4 artikuluan eta Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4. artikulua.– Onuradunen betekizunak.
1.– Entitate eskatzailea dagokion erregistroan legez eratuta eta inskribatuta egon behar da.
2.– Entitate eskatzaileak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak, indarrean dagoen legediak agindu bezala, onuradun izateko eta izaera hori diru-laguntzaren likidaziora arte mantentzeko.
3.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.
4.– Edozein kasutan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluaren arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra edo erakunde autonomiadunak ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Ezingo dira onuradun diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordaintzeke dituztenak.
5.– Era berean, entitate eskatzaileak orokorrean Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bete beharko ditu.
5. artikulua.– Diruz lagunduko diren programak edo jarduerak.
1.– Honako eremu hauetan egiten diren jarduera zehatzak eta urteko programak lagundu ahal izango dira:
a) Gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jarduerak.
b) Gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukearekin loturiko lurraldez gaindiko sustapen, zabalkunde edo prestakuntza jarduerak.
2.– Deialdi honen ondorioetarako, gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jardueratzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europar Batasuneko gazte-taldeen artean egiten direnak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Jardueren hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko gazteak izatea.
b) Interes orokorreko gaiak izatea, garrantzitsuak parte hartzaileentzat. Jardueren gai-kontzeptuak argia behar du izan, parte hartzaileek batera lantzeko erakargarria. Gaia adostasunez aukeratu behar da, eta parte hartzaileen interesak eta beharrak bildu behar ditu. Gaia gazte-trukaketaren eguneroko jardueretan islatu behar da.
c) Ikaskuntza ez-formalaren metodoak aplikatzea. Jarduerek gaitasunak eskuratzea edo hobetzea izango dute helburu (ezagutza, trebetasunak eta jarrerak), hartara garapen pertsonala, gizarte-heziketakoa eta profesionala lortzeko, ikaskuntza ez-formal eta informalaren bitartez. Jardueren abiapuntuan, sormena, parte hartze aktiboa eta ekimena (gogo ekintzailea) sustatuko dituen ikaskuntza-prozesua egongo da. Ikaskuntza-prozesu hori mugikortasun edo elkartrukerako jarduera osoan zehar planifikatu eta aztertu behar da: hausnarketarako espazio bat eskaini behar zaie parte hartzaileei, ikaskuntzarekin loturiko esperientziez eta emaitzez gogoeta egiteko.
d) Parte hartzaileen inplikazio aktiboa proiektuan. Eguneroko jarduera-programak eta lan-metodoek ahalik eta inplikaziorik handiena sorrarazi behar dute parte hartzaileen artean, eta ikaskuntza-prozesurako akuilua izan. Parte hartzaileak inplikatuta egongo dira, baita ere, proiektua prestatzeko eta ebaluatzeko faseetan.
e) Parte hartzaileen garapen soziala eta kulturala sustatzea. Jarduerek lagundu egin behar diete parte hartzaileei beren buruan ziurtasuna izaten, horrela esperientzia, jarrera eta jokamolde berriei aurre egiteko; eta lagundu behar diete beren garapen soziala edo pertsonala sendotuko duten trebetasunak, gaitasunak eta ezagutza eskuratzen edo lantzen.
f) Kultura-artekotasuna. Mugikortasun eta elkartrukerako jarduerek gazteek beste kultura batzuenganako duten sentiberatasun positiboa areagotu behar dute, eta ingurune eta kultura ezberdinetatik datozen gazteen arteko elkarrizketa eta kultura-arteko elkarguneak bultzatu behar dituzte. Horretaz gainera, laguntza eman behar dute aurreiritziak, arrazismoa eta bazterkeriak prebenitzen eta horiei aurre egiten, eta, aldiz, tolerantzia eta dibertsitatearen ulerbideak zabaltzen.
g) Europartasuna eta nazioartekotasuna. Mugikortasun eta elkartrukerako jarduerek balio behar dute gazteen hezkuntza-prozesua indartzeko eta haiek bizi diren ingurumari europarrarekiko eta nazioartekoarekiko kontzientziazioa handitzeko.
h) Iraupena. Trukaketa-jarduera bakoitzaren iraupena (bai joanekoa, bai harrerakoa) 6 eta 21 egun artekoa izango da, egun jarraituak alegia. Horretan ez dira zenbatuko prestakuntza-egunak, trukaketaren destinorainoko bidaia, ezta jarduerak ebaluatzeko fasekoak ere.
i) Parte hartzaileen kopurua. Talde bakoitzetik gutxienez 6 partaide egongo dira, eta gehienez 15. Dena den, gehienezko kopurua beti izango da 60koa. Talde bakoitzak, gainera, monitore bat izango du gutxienez; monitore-kopurua, baina, gehienez ere bat lau pertsonako izango da, salbu eta parte hartzaileren baten beharrizan espezifikoak direla-eta monitore gehiago behar direla justifikatzen bada.
3.– Deialdi honen ondorioetarako, gazte-taldeen arteko mugikortasun eta elkartrukearekin loturiko sustapen, difusio edo prestakuntza jardueratzat hartuko dira EAEn egiten diren mintegi, prestakuntza-ikastaro edo zabalkunde-kanpainak, baldin eta hartzaileen artean etorkizunean bestelako mugikortasun edo elkartruke proiektuak egiteko xedea badute. Jarduera horiek lurraldez gaindikoak izango dira, hau da, Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko hartzaileak izango dituzte jomuga. Hori dela eta, ustekabe hutsez Lurralde Historiko bateko baino gehiagoko parte hartzaileak egoteak berak ez du esan nahi jarduerak lurraldez gaindikotzat har daitezkeenik.
4.– Eskaera batean berez izaera aldetik ezberdinak diren jarduera bat baino gehiago sartzen badira, banaka-banaka adierazi beharko da zeintzuk diren jarduera bakoitzaren helburuak, hartzaileak eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua. Horretarako, izaera aldetik ezberdintzat joko dira, xede edo hartzaile ezberdinak dituzten jarduerak ez ezik, finantzabide propio eta bereizi bat edo gehiago dituztenak ere.
6. artikulua.– Bazterketak.
Agindu honen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira jarduera hauek:
a) Ikasketa akademikoetarako bidaiak.
b) Etekin ekonomikoa bilatzen duten elkartruke-jarduerak.
c) Turismotzat jo daitezkeen elkartruke-jarduerak.
d) Jaialdietan parte hartzea edo bertaratzea.
e) Opor-bidaiak.
f) Hizkuntza-ikastaroak.
g) Ikuskizun-birak.
h) Eskola-elkartrukeak.
i) Kirol-lehiaketak.
j) Erakundeen arauzko bilerak.
k) Bilera politikoak.
l) Auzolandegiak.
m) Autofinantzaketa kostu osoaren % 30 baino txikiagoa denean, hau da, erakunde eskatzaileak jarduerara bideratuko dituen diru-sarrera propioak jarduera horren aurrekontu osoaren % 30 baino txikiagoa denean. Diru-sarrera propiotzat hartuko da administrazio publikoak partaide ez dituzten entitate pribatuek emandako diru-ekarpenak.
n) Gainfinantzaketa ezabatze aldera eskatutako diru-kopurua zuzentzearen ondorioz kopuru hori erabat desagertzen denean. Gainfinantzaketatzat hartuko da aurreikusitako gastuak gainditzen duen aurreikusitako diru-sarreren zatia (eskatutako diru-laguntza guztiak barne).
o) Funtsezko ezaugarriak zehaztugabe dituzten jarduerak. Hau da, helburuak, jarduera-programa, non egingo diren, egikaritze-egutegia, hartzaileak edo aurrekontua zehaztugabe dituzten jarduerak.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta aurrekontua.
1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira: diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak eta deialdi honetan ezarritako epean, emakida ebazpenean edo litezkeen aldaketetan egiten direnak. Diruz lagun daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da, inola ere, merkatuko balioaren gainetikoa izan ahal izango.
2.– Gazteen arteko mugikortasun eta elkartrukerako jardueretan, honako gastu hauek baino ez dira diruz lagunduko:
a) Eskaera egiten bada bakarrik gazteak Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetara bidaltzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira EAEko gazte taldeari dagozkion bidaia-gastuak, jarduerak prestatzeko eta egitekoak, eta proiektua gauzatzen den tokiko ostatu eta mantenu gastuak.
b) Eskaera egiten bada bakarrik Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak hartzeko, diruz laguntzeko modukotzat joko dira gazte haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak, eta ostatu eta mantenu gastuak ere.
c) Eskabide berean EAEko gazte-talde bat kanpora bidaltzeko eta Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak hartzeko laguntza eskatzen denean, diruz laguntzeko modukotzat joko dira bai EAEko gazte-taldea bidaltzeko bidaia-gastuak bai Europar Batasuneko beste eskualde eta estatu batzuetako gazteak Euskadin hartzeko gastuak, alegia, haientzako jarduerak prestatzeko eta gauzatzeko gastuak eta ostatu eta mantenu gastuak.
d) Aurreko hiru kasuetan, honako muga hauek hartuko dira kontuan:
d.1.– Bidaia-gastuak direla eta, jatorrizko herrialdetik jarduerak egiten diren tokirainoko joan-etorriko bidaia hartuko da aintzat, eta bitarte eta tarifa merkeenak erabiliko dira.
d.2.– Jarduera prestatzeko eta egiteko gastuak, ostatu eta mantenu gastuak direla eta, 100 euroko gehienezko muga jarriko da parte-hartzaileko eta gaueko, jarduerak dirauen bitartean.
3.– Zergei loturiko diru-zenbatekoak laguntzeko modukotzat joko dira, eskatzaileak berak benetan ordaintzen dituenean eta berreskuratu edo konpentsatu ezin badira.
4.– Ez da laguntzarik emango entitate eskatzailearen zeharkako gastuetarako edo egitura-gastuetarako.
5.– Halaber, ez da laguntzarik emango inbertsio-gastuekin lotutako diru-kopuruak ordaintzeko.
6.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko zereginaren % 50 azpikontratatu ahal izango du gehienez, beti ere ere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoa jarraituz.
7.– Erakunde onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioari dagokionez, lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.
8.– Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, Balorazio Batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu gastuok, diru-laguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
8. artikulua.– Diru-laguntzen izapidetzea.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko telematikoak erabili beharko dituzte prozedura horren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko.
2.– Izapideak elektronikoki egiteko argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daitezke, helbide honetara sartuta:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/gazte_elkartrukaketa/y22-izapide/eu
3.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea, 10. artikuluan adierazitako erantzukizunpeko adierazpenak barne, euskadi.eus gune elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuan beteko da. Eskabidearen edukia I. Eranskinean dago jasota.
2.– Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Proiektuari buruzko memoria zehatza, programa edo jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua barne, euskadi.eus guneko honako helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/gazte_elkartrukaketa/y22-izapide/eu Memoriaren edukia II. eranskinean dago jasota.
b) Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.
c) Erakundearen inskripzioari buruzko ziurtagiri eguneratua, eta, izaera juridikoaren arabera, dagokion erregistroan inskribatutako azken estatutuen kopia.
Entitate eskatzaileak dokumentu horiek aurretik aurkeztu baditu Administrazio honetan, eta indarrean egonez gero, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz berretsiko ditu. Horretarako nahikoa izango da dokumentu horiek zein Zuzendaritza edo Sailetan aurkeztu ziren adieraztea.
3.– Gainera, Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean sartu aurretik, hau da, 2016ko apirilaren 15aren aurretik, agindu honetako 1. artikuluan jasotako jarduerak egiten ez dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, dagokien foru-aldundiak emandako eskumen berriaren egonkortasun finantzarioari buruzko txostena erantsi beharko dute, bai eta alkateak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari eskatu behar dion bikoiztasunik ezaren inguruko txostenaren eskaera ere, 3.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Halaber, proiektua hobeto baloratzeko entitate eskatzaileek egokitzat jotzen duten beste edozein dokumentu ere aurkeztu ahalko da.
5.– Espedientea osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eskatu ahal izango dizkio Gazteria Zuzendaritzak entitate eskatzaileari, eta entitateak aurkeztutako datuak egiaztatzeko behar diren frogak egin ahalko ditu.
10. artikulua.– Entitate eskatzaileen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.
1.– Eskaera aurkezteak organo kudeatzaileri baimena ematea ekartzen du, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen automatikoki egiaztatzeko, eskatzaileak baimen hori emateari berariaz uko badio salbu. Kasu horretan, onuradunak Ogasun administrazio-erakundeek eta Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da diru-laguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.
2.– Eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik, eta ez izatea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.
– Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrean egunean egotea.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.
Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, gerta daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak aparte utzi gabe. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak diru-laguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.
4.– Administrazioak diru-laguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota egon beharko da.
Erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko du alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, honako helbidean https://www.euskadi.eus/y22-tresnak/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, interesdunari modu telematikoan eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar egun baliodunen epean. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez.
12. artikulua.– Diru-laguntzak emateko eta kuantifikatzeko prozedura.
1.– Deialdi honi lehiaketa bidez emango zaio ebazpena. Diru-laguntzak emateko, ezarritako epearen barruan aurkeztu diren eskaera guztiak alderatu egingo dira eta lehentasun-hurrenkera baten arabera sailkatuko dira, 14. artikuluan ezarritako hautaketa- eta balorazio-irizpideei jarraituz. Nolanahi ere, laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da 40 puntutik gora jasotzea. Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak eskatutako zenbatekoaren ehuneko jakin bat ematea proposatuko du; hain zuzen, ezarritako irizpideak aplikatu ostean lortzen diren puntuen araberakoa izango da ehuneko hori. Ehunekoa lortzeko formula hau aplikatuko da:
100 x (puntu kopurua-40) / 20
Lortutako puntu-kopurua 60 edo gehiago denean, eskatutako zenbateko osoa ematea proposatuko da. Dena den, beti bete beharko da 15. artikuluan diru-laguntzen zenbatekoa eta mugei buruz ezarritakoa.
Lortutako emaitza zenbaki hamartarra bada, hurbilen duen zenbaki osoarekin biribilduko da.
2.– 2. artikuluan deialdiari esleitutako hornidura ekonomikoa ez bada nahikoa artikulu honen aurreko puntuan aurreikusitakoaren arabera hasieran kalkulatutako laguntzak osorik ordaintzeko, laguntza horiek murriztu egingo dira. Hala egiten bada, azkenean ezartzen diren zenbatekoek, aipatu hornidurarekin lotuta, bete egin beharko dute horiek aurrera eraman ahal izateko hasieran kalkulatutako zenbatekoan kopuru orokorrarekiko zuten proportzioa.
3.– Diru-laguntzak emateko egiten duen proposamenean, Balorazio Batzordeak laguntzeko jarduerak eta baztertzekoak aipatuko ditu banaturik. Eskabide berean izaera ezberdinetako jarduerak badaude eta denak laguntzen ez badira edo denak baztertzen ez badira, hots, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamenean zehaztu egingo du zein jarduerak jasoko duen laguntza eta zeinek ez.
13. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkeztu diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
– Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteriako arduraduna.
– Bokala: Silvia Torre Goikoetxea, gazteriako teknikaria. Ordezkoa: Agurtzane Iriondo Goti, gazteriako teknikaria.
– Bokala: Igor Gereta Ramírez, gazteriako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: Lourdes Ramírez de Ocáriz, gazteriako teknikaria.
2.– Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: 14. artikuluan aipatzen diren balorazio- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteriako zuzendariari.
14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Eskabideek lortzen duten puntuazioa, 12.1 artikuluan aipatua, jarraian adierazten diren irizpideak aplikatzearen ondorioz eskuratutakoa izango da:
1.– Entitate eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa, % 30 gainditzen duen diru-sarrera propioen ehunekorik handiena baloratuz. Gehienez ere 10 puntu.
2.– Programa edo jardueraren egokitasuna. Programa edo jardueraren xedeak argi zehaztuta dauden eta gazte onuradunen beharren azterketan oinarrituta dauden hartuko da kontuan. Gehienez ere 15 puntu.
3.– Proiektuaren diseinuaren eta ezarpenaren kalitatea. Proposatzen den proiektuaren fase guztien (prestakuntzaren, jardueren eta ebaluazioaren) argitasuna, zehaztasuna eta kalitatea hartuko dira aintzat, bai eta nahi diren emaitzak lortzeko metodologia egokia erabil dadila ere, edota proiektuaren xedeen, proposatzen diren jardueren eta jarduerak egiteko aurrekontuaren artean koherentzia egotea ere. Era berean, gazte parte-hartzaileen babesa eta segurtasuna ziurtatuko dituzten neurri zehatzak egotea ere kontuan hartuko da, eta proiektua bera zein proiektuaren emaitzak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duen azken ebaluazio-prozesua egotea. Gehienez ere 25 puntu.
4.– Euskararen erabilera programa edo jarduera garatzean, bai giza-baliabideen alorrean bai baliabide materialen alorrean. Gehienez ere 12,50 puntu.
5.– Generoaren ikuspegia, hots, proiektuaren garapenean sistematikoki aintzat hartzea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta beharrizan ezberdinak, ezberdintasunak ezabatzera eta berdintasuna sustatzera zuzendutako helburu eta jarduketa zehatzak txertatuz. Gehienez ere 12,50 puntu.
6.– Programa edo jarduerako parte hartzaileen eta onuradunen kopurua eta soslaia. Kontuan hartuko da jardueretan parte hartzen dutenen kopurua eta onuradunen kopurua; aukera gutxi duten gazteek parte hartzen duten, eta, trukaketa-jardueren kasuan, talde elkartuen eta parte hartzaileen kopuruaren arteko oreka. Gehienez ere 15 puntu.
7.– Proiektuaren inpaktua eta hedapena. Proiektuak parte-hartzaileengan, erakundeetan eta garatuko den inguruan eduki dezakeen inpaktua baloratuko da, edota emaitzak hedatzeko nahiz ustiatzeko aurreikusten diren neurrien egokitasun eta kalitatean. Gehienez ere 10 puntu.
15. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
1.– Onartutako aurrekontuan diruz lagun daitekeen gastuaren % 70era artekoak izan ahalko dira deialdi honen babespean ematen diren diru-laguntzak, baina inola ere ezingo dute ehuneko hori gainditu.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, deialdi honen babesean entitate eskatzaile bakoitzari emandako diru-laguntzen guztizkoa ezingo da izan 50.000 eurotik gorakoa.
16. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako laguntza edo diru-sarrerak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere 6.m) artikuluan aurreikusitako autofinantzaketa errespetatuz eta gainfinantzatzea ez badakar. Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekotik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.
17. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzea.
Gazteriako zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
18. artikulua.– Ebazpena.
1.– Gazteria-arloan eskumena duen zuzendariak deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi eta gero.
2.– Ebazpen hori entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik. Ebazpen horrek administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete gazteria-arloan eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean Ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita. Era berean, emandako diru-laguntzen eta erakunde onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek horren berri izan dezaten.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako sei hilabeteko epe hori amaituta erakunde interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskatutako diru-laguntza ezetsitzat jo ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
19. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten entitateek, orokorrean, honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak, batez ere honako hauek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
c). Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta diru-laguntzei dagokienez, Gazteria Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo zaio, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.
d) Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko gazteria-arloan eskumena duen Zuzendaritzaren babesa berariaz eta argi aipatzeko, diruz lagundutako jarduera dela-eta diru-laguntza jaso dutela jakinarazten dien ebazpena jasotzen dutenetik aurrera egiten dituzten programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen dituzten gainerako material grafiko zein soinudunetan, zeintzuk Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan editatuak izan beharko baitute. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren liburu, liburuxka edo kartelen ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Konpromiso honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta diru-laguntza jasotzen duten erakundeak, baita diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.
e) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo kudeatzaileari.
f) Diruz lagundutako jarduketa, programa edo zerbitzuetan gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.
20. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo zatia, hau da, emandako diru-laguntzaren ehuneko berrogeita hamar, 19.a) artikuluan ezarritako epea igaro ostean, baldin eta onuradunak diru-laguntzari berariaz uko egiten ez badio epe horretan.
b) Bigarren ordainketa, likidazioaren ondorio den zenbatekoa, 2020an, emandako diru-laguntzaren erabilera Gazteriako zuzendariaren aurrean justifikatu ostean, hurrengo artikuluan ezarritako moduan.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, diru-laguntza ordainketa bakar batean ere eman ahal izango da, 18. artikuluan aipaturiko Gazteriako zuzendariaren ebazpenaren ondoko bi hilabeteetan, betiere eskabidearekin batera aurkezten bada jardueraren aurrekontuaren exekuzioa egiaztatzen duen dokumentazioa, agindu honen 21. artikuluan xedatutako eran justifikatuta.
21. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Behin diruz lagundutako jarduerak bukatu eta gero, eta betiere 2020ko urtarrilaren 5a baino lehen, diru-laguntzen entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Justifikazio-kontu erraztua, honako informazioa jasoko duena: buruturiko jarduera edo egitarauari buruzko txosten zehatza, diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontua eta diruz lagundutako jarduerari dagokion gastuen zerrenda sailkatua. Diru-sarreren eta gastuen gauzatutako aurrekontuan zehaztuta jasoko dira diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo diru-laguntzak. Era berean, gastuen zerrenda sailkatuan hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, zenbatekoa eta igorpen- eta ordainketa-data jasoko dira. Justifikazio-kontu erraztuaren eredua euskadi.eus guneko honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/gazte_elkartrukaketa/y22-izapide/eu Justifikazio-kontu erraztuaren edukia III. eranskinean dago jasota.
b) Egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko, idatzizko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.
2.– Justifikazioak bitarte elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, diru-laguntzaren zuriketarako inprimaki-eredua erabilita. Inprimakia eskuragarri dago euskadi.eus egoitza elektronikoan, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/gazte_elkartrukaketa/y22-izapide/eu
3.– Diru-laguntza eman den xederako erabili dela egiaztatze aldera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ausaz begiratuko ditu bere ustez beharrezkoak diren gastu-ziurtagiriak, bai eta onuradunei eskatu ere.
22. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, gazteria-arloan eskumena duen zuzendariak bidezko likidazio-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura erabiliz (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).
23. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako ez-betetze kasuak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina).
2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta diru-laguntzetan aplikagarriak diren berandutze interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
3.– Itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da, eta kontuan edukiko da erabateko burutzapenerako gutxi falta izan den eta onuradunak konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez. Honela, helburu partzialen edo proiektuaren jarduera zehatzak ez betetzeak, beraiei zuzendutako diru-laguntzaren zatia itzultzea ekarriko du.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honen izapidetzan bere kudeaketarako jasoko diren datu pertsonalak fitxategi batean sartuko dira, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoari jarraituz. Gazteria- Zuzendaritza izango da fitxategi horren arduraduna eta interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailera zuzendu ahal izango dira, honako helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
EAEko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetan azaltzen diren laguntzak ebazteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko aurrekontu orokorretan kreditu egokiak eta nahikoak daudela egiaztatu beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 7a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
I. ERANSKINA
ESKABIDEA
II. ERANSKINA
MEMORIA
III. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-KONTU ERRAZTUA