EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2018219

150/2018 EBAZPENA, urriaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, milurtekoko ekosistemen ebaluazioa egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan.

Xedapenaren zenbakia: 201800150
Xedapenaren data: 2018-10-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201805591
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako Lankidetza-hitzarmena, milurtekoko ekosistemen ebaluazioa egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan, testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 15a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 15EKO 150/2018 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA MILURTEKOKO EKOSISTEMEN EBALUAZIOA EGITEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN
Donostian, 2018ko uztailaren 23an.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Ignacio María Arriola López, Lehendakariaren azaroaren 26ko 29/2016 Dekretuaren bitartez egindako izendapenaren arabera daukan kargua betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz, 2018ko apirilaren 24an Gobernu Kontseiluaren Akordioaren bitartez emandako baimenaren arabera.
Bestetik, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektore Nekane Balluerka Lasa andrea, bere kargua betez, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean eta hura ordezkatuz, azaroaren 27ko 250/2016 Dekretuaren bitartez ekitaldi honetarako baimenduta dagoena (2017ko urtarrilaren 11ko EHAA, 7. zk.) eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegiaren 29.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz (2009ko maiatzaren 26ko EHAA, 98. zk.).
Bildutako alderdiek beren burua behartzeko lege-ahalmena eta eskumena aitortu diote elkarri, eta
HAUXE ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ingurumena babesteko eskumena dauka.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Ingurumen Sailburuordetzaren bitartez, natura-ondarea babesteko arloan, garapen jasangarria bermatzeko eta sustatzeko eta ingurumenari buruzko informazioa emateko, parte hartzeko, sentsibilizatzeko, hezteko eta prestatzeko arloetan jarduten du.
Bigarrena.– Gobernu Kontseiluak, 2014ko abenduaren 2an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-politika islatzen duen eta Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren arloan hartutako konpromisoa jasotzen duen Euskadiko IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 onartu zuen. Hala, Eusko Jaurlaritzak gizartearen aurrean hartutako konpromisoen funtsa osatzen duten 15 plan estrategikoetako batean kokatzen da aipatutako programa. Konpromiso horiek «Euskadi 2020: Giza Garapen jasangarrian aurrera egitea» izeneko programan daude jasota.
Aipatutako programak gure lurraldeko ingurumenaren egoerari buruzko ikuspegia jasotzen du, eta, besteak beste, lehentasunezko jardun hauek ezartzen ditu:
– Gure herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea.
– Lurraldeko jasangarritasuna areagotzea.
– Politiken koherentzia bermatzea, ingurumen-integrazioa areagotuta.
– Euskadiren nazioarteko proiekzioa eta erantzukizuna sustatzea.
Hori guztia bideratzeko, sail eta erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatuko da, ingurumen-aldagaia politika guztietan integratze aldera, eta agente sozioekonomiko guztiei zabalduko zaie ingurumena hobetzeko erantzukizuna.
Hirugarrena.– Biosfera-erreserbak Unescok bere Man & Biosphere programaren barnean sortutako figurak dira, eta hiru helburu dauzkate: natura kontserbatzea, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa, ezagutza zientifikora eta jasangarritasunerako hezkuntzara zuzendua.
Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen bitartez (urriaren 31ko 15/1997 Legeak aldatu zuen), Eusko Jaurlaritzak erregimen juridiko berezi bat ezarri zuen Urdaibaiko Biosfera Erreserbarako, integritatea babeste aldera, nahiz gea, flora, fauna, paisaia, urak eta atmosfera, hots, azken batean, ekosistemen multzoa, lehenera zedin sustatzeko. Izan ere, naturaren, zientziaren, hezkuntzaren, kulturaren, aisiaren eta sozioekonomiaren aldetik interesgarriak dira.
Lege horrek berak ezartzen du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Organoari atxikita egongo dela.
Azaroaren 27ko 139/2016 Dekretuaren bitartez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartu zen. Dekretu horren 1.3 kapituluan, «helburuak, gidalerroak eta jasangarritasun-adierazleak», honako helburu hau ezartzen da garapen jasangarriaren inguruan dituen helburuen artean: «hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzea, eta ikasteko aukerak sustatzea, guztientzat eta adin guztietan». Eta laguntza logistikoaren helburuen artean honako hau: «jakintza-esparru guztietan ikerkuntza bultzatzea eta sustatzea...», baita honako hau ere: «Urdaibaiko gizarte-, natura- eta kultura-ondarearen inguruko interpretazioa, balioespena eta jasangarritasunaren arloko hezkuntza sustatzea...».
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ustez ezinbestekoa da ingurumenari eta ingurumen-hezkuntzari eta Biosferaren Erreserbei buruzko nazioarteko programa eta ekimenetan parte har dadin sustatzea.
Laugarrena.– UPV/EHUk, Unibertsitate Hedakuntzaren esparruan, Erakunde arteko Katedra batzuk sortu ditu. Katedra horiek nortasun juridikorik gabeko unibertsitate-egiturak dira, Euskal Herriko Unibertsitateak eratuak; haien arauak bai egitura bakoitza sortzeko akordioan ezarritakoak eta bai «Nortasun juridikorik gabeko egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko araudian» ezarritakoak dira. Katedra horiek bi helburu dituzte: ikertzea eta jakintza gizartean dibulgatzea.
Eremu horretan, eta Unescorekin batera, UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco katedra garatu da.
UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedraren helburu nagusia honako hau da: jasangarritasunari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko ikerketa eta azterlan espezializatuak sakon aztertzea diziplinarteko ikuspegi batetik, natura-zientziak eta gizarte-zientziak barne hartuta.
Katedrak sustatzen dituen ikerketa eta gainerako jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan eta bereziki Urdaibaiko Biosfera Erreserban (aurrerantzean, UBE) garapen jasangarriarekin lotura duten arazoak ulertzera eta konpontzera bideratuta daude. Lortu nahi da lurralde hori esperientziak probatzeko eta frogatzeko lekua izatea. UBEren garapen jasangarriaren arloko Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntza Planean (PICE-IGHP) 2015-2025 ikus daitekeenez. Plan horretan, beste hainbat gairen artean, «Koordinazio eta Lankidetza Programa» izeneko 3.5.1 zenbakian Unesco Katedraren eta UBEren arteko lankidetza-akordioa nabarmentzen da ikerketa-jarduera koordinatzeko (A.1.1.5 ekintza). Plan horretan, halaber, «Jarraipena eta Ebaluazioa» helburuaren barnean koordinazio-esparruko akordioak aurreikusten dira etorkizunerako.
Gai horiei buruzko ikerketan lortutako ezagutzak eta emaitzak gizarte osoari eta administrazio eskudunei ez ezik tartean sartutako jarduera-sektoreei eta -adarrei ere helaraztea Katedrak azpimarratu nahi duen beste alderdietako bat da.
Katedraren beste helburu bat da lankidetza zientifikoa eta garapen jasangarriko emaitzen zein esperientzien transferentzia sustatzea, Katedren Sarearen eta Biosfera Erreserben Mundu Sarearen bidez (biak Unescorenak), baita EHUk eta bertako ikertzaileek parte hartzen duten sareen bidez ere.
Bosgarrena.– Kofi Annan Nazio Batuetako idazkari nagusiak 2000. urtean deitutako bilkuran adierazten da «Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioa (ME) egiteko Nazioarteko Programa Zientifiko » bat behar dela. Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioari 2001. urtean ekin zitzaion eta haren helburua ekosistemetako aldaketek giza ongizatean zer ondorio eragiten dituzten ebaluatzea zen, baita ekosistemen kontserbazioa eta erabilera jasangarria eta ekosistema horiek giza ongizateari egiten dioten ekarpena hobetzeko beharrezkoak diren ekintzetarako oinarri zientifikoak ebaluatzea ere. Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioan mundu osoko 1.360 aditu baino gehiagoren lana dago. Ebaluazio horren ondorioak bost liburuki teknikotan eta sei laburpen-txostenetan bilduta daude eta puntako balioespen zientifikoa ematen dute munduko ekosistemen egoerari eta ekosistema horietako joerei buruz, baita ematen dituzten zerbitzuei buruz (hala nola, ura, elikagaiak, baso-produktuak, uholdeen kontrola eta ekosistemen zerbitzuak) eta ekosistemen erabilera jasangarria leheneratzeko, kontserbatzeko edo hobetzeko aukerei buruz ere.
Seigarrena.– Nazio Batuen ekimenari jarraikiz, 2011n, Eusko Jaurlaritzak bere proiektua sortu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Milurtekoko Ekosistemak Ebaluatzeko Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedrarekin batera.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta, Lurralde Politika Sailak ikusten du beharrezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegorako «Milurtekoko Ekosistemak Ebaluatzeko Nazio Batuen Nazioarteko Programa Zientifikoa» garatzen jarraitzea eta, horretarako, ezinbestekoa da bi erakundeen arteko lankidetza.
2011-2013 aldian, «Euskal Autonomia Erkidegoko Milurtekoko Ekosistemak Ebaluatzeari buruzko Eusko Jaurlaritzaren proiektuaren» lehenengo fasea aipatutako nazioarteko programaren kontzeptu- eta metodologia-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea izan zen. 2014ko ekitaldian Eusko Jaurlaritzaren proiektuaren jarraipena aztertu zen, hau da, lehentasunezko ekintzak identifikatzea honako xede honekin: alde batetik, ekosistemen gaineko giza inpaktuak ekiditea edo murriztea, eta bestetik, kapital naturalaren kontserbazioari eta erabilera jasangarriari eragiten dieten politikak nahiz ekintzak agerian jartzea. Hala, gaitasun politiko eta instituzionalarekin batera, herritarrei Euskal Autonomia Erkidegoko balio naturalen balioa nabarmendu nahi zaie.
Nazio Batuen programa horren barnean, Europan, Ingurumen Ekintzako 2020rako Programaren helburuen artean sartzen dira, «Kapital Naturala, gure bizi asegurua» goiburuarekin, ingurune naturala, neurri handi batean paisaia zatikatzearen ondorioz degradatu dena, kontserbatu eta leheneratzea. Horretarako ekosistemen zerbitzuak mantendu eta hobetu behar dira eta degradatutako ekosistemak leheneratu behar dira lurralde-antolamenduan azpiegitura berdea txertatuz. Ekintza horiei esker, aurre egin ahal izango zaie klima-aldaketaren erronkei eta konektibitate funtzional handiagoa sortu ahal izango da ekosistemen artean Natura 2000 eremuen barruan eta eremu horien artean eta lurraldeko gainerako eremuekin.
2030erako Biodibertsitate Estrategia ere kontuan hartu behar da eta Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuak izenekoek jarritako ibilbideari jarraitu, honako honetan bateratzen direnak: Millennium Development Goals and post 2015 Development Agenda.
Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko 3/1998 Lege orokorraren 6. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak 2014an EAEko 2020rako Ingurumenari buruzko Esparru Programa onetsi zuen, eta haren helburuan («Kapital naturala babestu, kontserbatu eta lehengoratzea, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak zainduz») zenbait jardun adierazten dira ekosistemen zerbitzuak bultzatzeko, degradatutako eremuak lehengoratzen, ebaluazio- nahiz balorazio-sistemetan eta haien gaineko inpaktuak identifikatzen.
Zazpigarrena.– Bi erakundek interes berdinak dituztenez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, ingurumena babesteko dituen berezko eskumenak betez, uste du komenigarria dela UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedrarekin lankidetzan jardutea.
Adierazitakoagatik guztiagatik, bi erakundeen artean aipatutako lankidetza gauzatzeko helburuz, dokumentu honetan biltzen den lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki dute bi alderdiek. Hona hemen hitzarmenaren
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da arautzea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza, Euskal Autonomia Erkidegoko Milurtekoaren Ekosistemen Ebaluazioari buruzko proiektua garatzeko -garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedraren bidez-.
Programak helburu hauek ditu:
●Ekosistemen zerbitzuei dagokienez:
○ Ezagutza hobetzea.
○ Natura 2000 Sarearen ekarpena aztertzea.
○ Lehentasunezko ekintzak identifikatzea.
○ Ingurumen-arloko alderdiak beste politika batzuetan integratzea.
○ Biodibertsitatearen galeragatiko konpentsazio-ekintzak balioestea.
● Urdaibairi dagokionez:
○ Ekosistemen zerbitzuak ebaluatzeko metodologia Biosferaren Erreserban eta MaB programan aplikatzea.
○ Urdaibaiko Biosfera Erreserbari buruzko lan zientifikoak identifikatzea, natura-, gizarte- eta ekonomia-inguruneari buruzko informazioa sartuz.
○ Eremuko bilakaera sozioekonomikoa aztertzea.
● Nazioartekotzeari dagokionez.
○ Nazioarteko aintzatespena jarraitu behar den adibide gisa.
○ Egindako azterlanen hedapena.
○ Adituak erakartzea eta prestatzea.
Garatu behar diren jardun zehatzak eta jardun horien irismenak hitzarmen honen eranskinean zehaztuta daude.
Bigarrena.– UPV/EHU-ren konpromisoak.
UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco katedra behartuta dago Hitzarmen honen xede diren jardunak betetzera, erantsitako eranskinean ezarritakoaren arabera. Horretarako:
– Proiektuan sortutako informazioa, dokumentuak eta kartografia Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sisteman eta GeoEuskadin txertatuko dituzte.
– Natura 2000 Sareari buruzko hainbat txosten tekniko egingo ditu, tokiko biztanleriarekin egindako lanaldiei buruzkoak, beste politika batzuetan integratzeari dagokionez izandako aurrerapenei eta lortutako hobekuntzei buruzkoak, eta abar.
– Urdaibaiko Biosferaren Erreserban egindako azterlanen zerrenda Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sisteman sartzen eta zerrenda hori eguneratuta edukitzen lagunduko du, azterlan horiek eskuragarriago egoteko; eta azterlan horiekin eta beste azterlan berri batzuekin, eremu horretako egungo egoera sozioekonomikoa eta ingurumen-arlokoa aztertzen lagunduko du.
– Tokiko erakundeekin, esate baterako HAZI landa, itsasertz eta elikagaien sustapenerako elkartearekin eta nazioarteko erakundeekin (Unesco, SGA Network eta Amsterdamgo Unibertsitatea, besteak beste) lankidetza handiagoa izaten lagunduko du.
– Jarduerak garatzen lagunduko du, langile kualifikatuak emanez.
Ekitaldi bakoitzaren bukaeran, UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedrak memoria ekonomikoak eta justifikatzeko memoriak igorriko ditu. Lehendabizi, behin behineko memoria bat, hilabeteko epean aurkeztuko da jardun bakoitza amaitzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Eta behin betiko memoria, jardunen emaitza osoa bilduko duena, hasitako urteko abenduaren 31 baino lehen.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren konpromisoak.
Eusko Jaurlaritzak, dagokion Sailaren bitartez, honako konpromiso hau hartu du:
– Denbora horretan proiektuan lan egingo duten pertsonen eskura jartzea behar duten laguntza Eusko Jaurlaritzako teknikarien bitartez. Teknikari horiek egiaztatuko dute urte horietan guztietan lortutako esperientzia handia dutela. Administrazio horrek azterlan-arloetan dituen bulegoak erabili ahal izango dituzte, eta, arduradunen laguntzarekin, ingurumen-babes handiena duten eremuetan sartu ahal izango dira.
– Hitzarmenaren garapena sustatzea eta UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedra proiektuko jardunen jarraipenean parte hartzea.
– UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedra proiektuak sentsibilizaziorako eta hedapenerako antolatutako jardueretan laguntzea, egindako lana nazioartean onartzeko eta eremu babestuen kontserbazioa eta eraginpean hartutako eremuetako garapen sozioekonomikoa bateragarri egitearen alorrean erreferente bat izateko.
Horretarako, elkarlanean arituz, hainbat hedapen-ekintza egingo dira sare sozialetan, argitalpenetan, biltzarretan, solasaldietan eta abarretan.
Laugarrena.– Finantzatzeko tresna.
Hitzarmen honen xede diren jarduerak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak finantzatuko ditu. Aurrekontuen Legean jasota dagoen urte anitzeko diru-laguntza izendunaren bidez egingo da. Eta horiek aurrekontuan esleitu beharko dira aldez aurretik. Finantzaketa hori hitzarmen hau onartu ondoren formalizatuko da.
2018ko ekitaldirako, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak urte bakoitzean 95.000 euroko gehieneko zenbatekoa emango du hitzarmen honetan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko. Diru-laguntza hori izenduna izango da eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorretan esleituko da. Aurrekontu horiek abenduaren 22ko 5/2017 Legearen bidez onartuko dira.
Era berean, ekarpen ekonomiko hori bera aurreikusten du hurrengo ekitaldi ekonomikoetarako, hau da, 2019rako eta 2020rako.
Beraz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak gehienez ere zenbateko hori, 95.000 euro, hartuko du bere gain. Zenbatekoa behin betikoa da, eta ezingo da eguneratu, ezta doitu ere. Hori horrela, ez da finantzatuko aurrekontu-desbideratzerik, klausula honetan adierazitako zenbatekoa handitzea dakarrenik.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekarpen ekonomiko hau bateragarria izango da beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk –izan Estatukoa, izan Europar Batasunekoa edo izan nazioartekoa– eman litzakeen helburu bereko diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere, diruz lagundutako jardueren kostua gainditzen ez bada eta aldi berean jaso daitezkeen diru-laguntzen araudiak gaiari buruz ezar dezakeenaren kalterik gabe.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Proiektua eta proiektuan biltzen diren ekintzak betetzen ote diren jakiteko jarraipena egiteko jarraipen-batzorde tekniko bat eratuko da. Batzorde hori Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzako bi ordezkarik (horietako bat Batzordearen buru izango da) eta UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedrako beste bi ordezkarik osatuko dute.
Hona hemen haien eginkizunetako batzuk:
a) Hitzarmen honen helburua betetzen dela ziurtatzea.
b) Egiten diren jardun guztiei buruzko informazioa jasotzea, diru-laguntza honetako edukiak betetze aldera.
c) Eranskinean jaso diren jarduera edo proiektu berriak gehitzeko beharra edo haien iraupena luzatzeko beharra balioestea. Premia horiek hitzartutako xedapenen eraginpean egongo dira.
d) Aurreikusitako ekintzak ondo betetzeko balio izango duen beste edozein. Emakumeen eta Gizonen benetako Berdintasunerako Lege Organikoan (martxoaren 22ko 3/2007) ezarritakoaren arabera, jarraipen-batzordearen osaera orekatua izan beharko da emakumeen eta gizonen arteko proportzioari dagokionez.
Seigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen honen indarraldiak sinatzen den unetik hasi eta 2020ko abenduaren 31ra arte iraungo du. Hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hitzarmena lau urte gehiagoz luzatzea edota hitzarmena edozein unetan azkentzea, hitzarmena amaitu aurretik, urriaren 1eko 40/2015 Legearen arabera, eta hitzarmenaren indarraldia behar adinako kreditu egokia izatearen mende egongo da.
Zazpigarrena.– Izaera.
Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta administrazio-zuzenbidearen bidez interpretatu eta garatuko da.
Hitzarmen honen interpretazioak, aldaketek, ondorioek eta ebazpenak sor ditzaketen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardurapekoak izango dira.
Zortzigarrena.– Suntsiaraztea.
Alderdi sinatzaileetako edozeinek hitzarmena ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoia da. Hitzarmena suntsiarazteko, beste alderdiari gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko zaio, idatziz.
Hitzarmen hau sinatzen duten alderdientzat hauek izango dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak: hitzarmeneko klausulak eta hitzarmenaren izaeraren ondorioz indarrean dagoen legerian dagoen beste edozein klausula ez betetzea.
Nolanahi ere, alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren salaketa jakinarazten duten unean hasita dauden ekintzak bukatzeko. Edonola ere, hitzarmenaren suntsipenagatik ez da kalte ordainik izango.
Bederatzigarrena.– Aldaketak.
Hitzarmen honi edozein aldaketa egiteko, aurrena Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eta UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedrari jakinarazi beharko zaie eta haiek oniritzia eman beharko diote eta, horrez gain, bi erakundeetako dagozkion organoek onartu beharko dute.
Alderdiek, ados daudela adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, goiburuan aipatutako leku eta datan.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA ANDREA.
HITZARMENAREN ERANSKINA
Lan-egitasmoa 2018-2020
AURKIBIDEA
1.– Sarrera. Lortutako mugarriak.
UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedra 2004. urtean sortu zen eta urte hartatik aurrera Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzen da gizarte jasangarriago baten eta naturaren garrantzia aitortzen duen gizarte baten alde. Horretarako, prestakuntza espezializatuko, ikerketako, hedapeneko eta nazioartekotzeko hainbat jarduera garatzen ditu diziplinarteko ikuspegi batetik, natura-zientziak eta gizarte-zientziak barne hartuz. Unesco Katedrak praktikan jartzen duen lan-metodologia zientziaren alorraren, agente sozialen eta politikoen eta gizartearen, orokorrean, arteko lankidetzan oinarritzen da, jarduera guztiak benetako arazoak konpontzen laguntzera bideratuta baitaude.
Lan-metodologia horri esker ezagutza zientifikoak eta benetako kudeaketa-premiak elkartu daitezke, gizartearen eskaerak kontuan hartuta. Unesco Katedra nazioartean ezagutzen da oso metodologia arrakastatsua eta baliagarria jarri duelako praktikan Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuen Ebaluazioa izeneko proiektuaren bitartez.
Proiektu horrek, gaur egun arte, Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioa Nazio Batuen Nazioarteko Programa Zientifikoaren esparru kontzeptuala eta metodologikoa aplikatu eta garatu du eta kapital naturalari buruzko ezagutza zientifikoa eta ekosistemen zerbitzuak sortu ditu gure lurraldean. Proiektu hori garatuz, ekosistemek euskal gizarteari eskaintzen dizkieten ekosistemen zerbitzu garrantzitsuenetako batzuk identifikatu, ebaluatu eta kartografiatu dira hainbat eskalatan. Gainera, alde batetik, ekosistemen zerbitzuen adierazle sorta bat definitu da, ekosistema horiek denboran izan duten bilakaera neurtzea ahalbidetzen dutenak, eta, bestetik, lurraldearen funtzio-aniztasunaren adierazle bat definitu da udal-mailan. Bestalde, ekosistemen egoera-aldaketaren zuzeneko eta zeharkako bultzatzaileak bereizi eta kalkulatu dira, baita bultzatzaile horiek zerbitzuek gizarteari eskaintzen dioten fluxuarekiko harremana ere. Era berean, gizarteak ekosistemen zerbitzuei buruz duen ikuskera aztertu da eta emaitzak lurraldearen garapen jasangarrian integratzeko ahalegina egin da. Proiektu hori nazioarteko erreferentzia bat da lantzeko erabiltzen den eskala xehatuarengatik eta administrazioetako teknikariek eta arduradun politikoek ikertzaileekin batera lan egiten dutelako.
Ikerketa horretan, txostenen eta argitalpenen helburu den ikerketaren emaitza zehatzez gain, mugarri garrantzitsuak lortu dira, eta mugarri horiek oso oinarri garrantzitsuak dira emaitzak hainbat kudeaketa-arlotan aplikatzeko eta garapen jasangarria lortzeko estrategiak definitzeko bidean jarraitzeko. Mugarri horiek honako hauek dira:
– Ikertzailez, administrazioko teknikariz eta arduradun politikoz (hainbat administrazio-mailatakoak eta sailetakoak) osatutako diziplinarteko eta diziplinaz haraindiko lantalde bat sortzea.
– Tresna eta emaitza baliagarriak sortzea kontserbazioarekin, lurraldearen kudeaketarekin eta beste politika batzuekin lotutako erabakiak hartzeko.
– Ekosistemen zerbitzuen kontzeptua hezkuntza-eremuetan eta interes sozialeko beste eremu batzuetan hedatzea gure kapital naturala mantendu behar dela argudiatzen laguntzen duen ikuspegi aberasgarri gisa.
– Nazioarteko aintzatespena: Egindako lanaren eta proiektuaren interesaren aintzatespen gisa, 2010. urtean Euskadi onartu zuten eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) babesten duen Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioaren Ebaluazio Azpiglobalen Sarean (Sub-Global Assessment Network-SGA) integratu zen. Era berean, lan egiteko eredu eta metodologia hori nazioartean aintzatetsi da natura-dibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuak kontserbatzen laguntzeko gobernantza-mekanismo gisa baliagarria delako, hori erakusten du proiektuak gaiari buruzko nazioarteko ospe handiko ekitaldietara hitzaldi gonbidatu asko izateak (adibidez, ENCA/EPA interest group on ecosystem services, SGA Meeting Dubai 2014, RegioResources 21).
Nabarmendu behar da nazioartean jardunbide egoki gisa aintzatetsi dela UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedrak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbak ezarritako eta eutsitako lan egiteko modua edo formula, zientzia kudeaketara hurbiltzea ahalbidetzen duena, alegia. Biosfera Erreserben eta Unesco Katedren arteko lan-eredu hori, eduki zientifikoa eta prestakuntza-arlokoa duena, esportatu behar den eredu interesgarri gisa aintzatetsi dute nazioartean Unescoren MAB programak (Biosfera Erreserben munduko 4. Biltzarra, Peru 2016), eta Unescoren munduko ondareari buruzko Konbentzioak (Turkia, 2016). Ildo horretan, garrantzitsua da nabarmentzea Biosferaren Erreserbak kudeaketaren jardunbide egokiak praktikan jartzeko lurraldeko laborategitzat hartzen direla nazioartean. Jardunbide egoki horiek, ondoren, dagokion lurralde osora nahiz Erreserben Nazioarteko Sareko beste erreserba batzuetara esportatuko dira Unescok erreserba horiek interesgarritzat hartzen dituenean.
Egungo egoerak aukera bikaina eskaintzen du metodologiak eta emaitzak kudeaketan aplikatzeko aukeran sakontzeko, baita, era horretan, tokiko eta eskualdeko eremutik ez ezik, nazioarteko hainbat ekimenetatik ere ingurumen-kudeaketan ezartzen diren premiei erantzuteko ere. Funtsean, proposamen hau garatuz, Euskadiko 2030erako Biodibertsitate Estrategiak planteatutako helburuei erantzun nahi zaie. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programa garatzen lagunduko dute. Programa horren helburu estrategikoa honako hau da: «Gure kapital naturala babestea, kontserbatzea eta lehengoratzea, ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak gerizatzeko». Proposamen hori garatuz, gainera, Europako 2020rako Biodibertsitate Estrategian1eta Ingurumen Ekintzako Europa 2020ko Estrategian2 bilduta dauden eta ekosistemen zerbitzuak kontserbatzearekin eta leheneratzearekin lotuta dauden helburuei erantzun nahi die eta Millennium Development Goals and post 2015 Development Agenda4 izenekoarekin bat egiten duten Nazio Batuen3 Garapen Jasangarriko Helburuak deiturikoek ezarritako ibilbidearekin jarraitu nahi dute.
2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiak dituen lehentasunezko lau helburuen artean lurraldearen eta natura-ondarearen eraginkortasuna eta efizientzia lortzea daude, eta Estrategia horren ildotik, Unesco Katedrak, lan egiteko bere metodologiaren eta moduaren bitartez, lurraldearen kudeaketa jasangarriago bat ahalbidetzen du, zientzia gizartera eta kudeaketara hurbilduz eta Euskadi nazioarteko erreferente gisa jarriz moldaerazko kudeaketaren aplikagarritasunari dagokionez.
Horregatik guztiagatik, proposatu da 2018-2020 aldirako lankidetza-akordio bat ezartzea UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedraren eta, Ihoberen bitartez, Eusko Jaurlaritzaren artean. Horretarako, funtsezko hiru lan-ardatzi jarraituko zaie eta metodologia parte-hartzaileak eta integratzaileak aplikatuko dira:
● Ekosistemen zerbitzuak eta zerbitzu horiek kudeaketan aplikatzea.
● Urdaibaiko Biosferaren Erreserba.
● Sortutako ezagutza nazioartekotzea eta hedatzea.
2.– Ikerketaren helburuak eta garapena.
2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiak proposatzen du Euskadik hemendik 2030. urtera bitarte honako ikuspegi edo asmo hau izan behar duela: «Euskadik ingurune naturalaren kontserbazio-egoera hobetuko du, ingurune naturalaren degradazioa geldituta agente guztien erantzunkidetasunaren bidez; eta aldi berean, herritarrek ekosistemen zerbitzuen aberastasuna balioetsiko dute, ingurune naturalak gizakiari ongizatea ematen baitio. Hori guztia funtsezkoa da etorkizuneko belaunaldiei biodibertsitate integratu bat uzteko erresilientziadun lurralde batean».
Ikuspegi hori lortzen laguntzeko, jarraian, Unesco Katedrak 2018-2020 aldian, Eusko Jaurlaritzarekin, Ihoberekin eta inplikatutako beste agente garrantzitsu batzuekin elkarlanean arituz garatu behar dituen lan-ildoak aurkeztuko ditugu, goian ezarritako lanerako funtsezko hiru ardatzei jarraikiz. Proposatutako lan-ildoak elkartuta daude 2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiak ezarritako helburuekin. Garatu behar diren lanak identifikatutako kudeaketa-premietara egokituko dira eta funtsezko agenteek proposatutako ekarpen garrantzitsuak txertatuko dira. Beraz, nabarmendu behar da proposatutako lanak eta epeak orientagarriak direla eta garatu behar diren jarduerak urtero berrikusiko direla identifikatutako premietara behar bezala egokitzeko.
2.1.– Ekosistemen zerbitzuak eta haiek kudeaketan aplikatzeko aukera.
Gaur egun, ekosistema asko eta haien zerbitzu asko degradatuta daude, neurri handi batean azken hamarkada hauetan lurzoruaren erabileretan izan diren aldaketen emaitza gisa; izan ere, erabilera horien ondorioz ingurumenaren ikuspegitik garrantzi handia zuten habitatak galdu eta zatitu egin dira. Horregatik, Europako politiken ildotik, EAEko 2020ko IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoa honako hau da: «Gure kapital naturala babestea, kontserbatzea eta lehengoratzea, ekosistemek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak gerizatzeko». 2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiak jomuga eta jarduteko ildo espezifikoak proposatzen ditu helburu hori lortzeko, hala nola Habitaten eta espezieen galera eta narriadura geldiaraztea eta haien kontserbazio egoera hobetzea, funtzio anitzeko lurralde erresiliente baterantz aurrera egiteko. Halaber, 2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiak nabarmentzen du garrantzitsua dela gobernantza koherentea eta parte-hartzailea izatea, eta onartzen du biodibertsitatea eta natura-ondarea babesteko eta hobetzeko irizpideak beste politika batzuetan integratu behar direla, hala nola nekazaritzari eta lurraldearen antolamenduari buruzko politiketan.
Proiektu honek laguntzen du helburu horiek lortzen ondoren proposatuko diren lan-ildoen bitartez. Lan-ildo horien helburua biodibertsitatea, natura-ondarea, ekosistemen zerbitzuak eta azpiegitura berdea ekosistemetan eragina duten politiketan integratzeko informazioa eta beharrezkoak diren tresnak sortzea da, ingurune naturalaren kontserbazio-egoera hobetzen lagunduz. Horretarako, inplikatutako administrazioetako teknikariekin eta politikariekin batera lan egiten da, baita identifikatutako agente garrantzitsuekin ere. Gainera, Euskadiko 2000 Naturaguneak modu egokian eta eraginkorrean kudeatzen laguntzeko eta Europako Natura 2000 Sarea aukera-tresnatzat hartzeari euskarria emango dioten tresnak emateko, behean deskribatuko diren lan-ildo asko Natura Sarean oinarritzen dira eta Natura Sareko eremu askotako kasu-azterlan espezifikoak ematen dituzte. Horrela, atal honetarako proposatzen diren lan-ildoak honako hauek dira:
1) Ekosistemen zerbitzuen ezagutza hobetzea eta lehentasunak ezartzea haiek leheneratzeko eta kontserbatzeko azpiegitura berdearen bitartez.
2) Euskadiko Natura 2000 Sareak Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuei egiten dien ekarpena aztertzea.
3) Ekosistemen zerbitzuak agroekosistemen mailan aztertzea eta lehentasunezko ekintzak identifikatzea ekosistemen zerbitzuen ekarpena bermatzeko eta hobetzeko.
4) Ingurumen-alderdiak beste politika batzuetan integratzeko aukera hobetzea.
5) Biodibertsitatea eta Euskadiko Ekosistemen Zerbitzuak galtzeagatiko konpentsazio-neurriak aplikatzeko aukerak balioestea.
2.1.1.– Ekosistemen zerbitzuen ezagutza hobetzea eta lehentasunak ezartzea haiek leheneratzeko eta kontserbatzeko azpiegitura berdearen bitartez.
Biodibertsitate Estrategiak jarritako helburuak lortzeko, ezinbestekoa da ekosistemen zerbitzuak mantentzea eta hobetzea eta degradatutako ekosistemak leheneratzea azpiegitura berdea lurraldearen antolamenduan sartuz. Horrek, gainera, klima-aldaketa arintzen eta klima-aldaketara egokitzen lagunduko du, baita konektibitate funtzional handiagoa sortzen ere ekosistemen artean Natura 2000 eremuen barruan eta eremu horien artean eta lurraldeko gainerako eremuekin.
Beraz, 2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiaren 1. helburuarekin bat etorriz, lan-ildo honen azken helburua honako hau da: biodibertsitatearen eta ekosistemen zerbitzuen galera garbirik izango ez dela bermatzea, eta azken batean, azpiegitura berde bat sortu nahi da, espezieen eta ekosistemen arteko konektibitatea ahalbidetzeaz haratago, paisaia erresiliente bat sortuko duena. Azpiegitura berdea prozesu biologikoak eta geologikoak arautzeko gai diren funtzio anitzeko eremuak daudela bermatzeko estrategikoki diseinatutako eta kudeatutako sare bat da, landa-eremuetan nahiz hiri-eremuetan dagoena. Azterlan horrek, beraz, eskatzen du ekosistemen zerbitzuek kartografiari dagokionez egindako lanekin eta azpiegitura berdea identifikatzearekin jarraitzea. Era horretan, 2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiaren ibilbide-orria betetzen da, eta azpiegitura berdea funtzio anitzeko eremuen eta lurralde-antolamenduaren esparruan elkarri lotuta dauden eremuen sare gisa diseinatzea ahalbidetzen da. Azpiegitura berdea funtzio anitzeko eremuak, hots, dibertsitate natural handia eta ekosistemen zerbitzu ugari dituztenak kartografiatuz identifikatuko da. Bermatuko da ikerketa-lan hori Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen esparruan (LAG) garatzen ari diren lanarekin koordinatuko dela eta bateratuko dela.
2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiaren 2. helburuak, hots, Europako Natura 2000 Sarea aukera-tresna gisa bultzatzeak duen garrantzia kontuan hartuta, Natura Sarearen barnean azterketa pilotu bat egiteko eremu bat (Salburua edo Txingudi) proposatzen da ekosistemen zerbitzuen egoera kartografiatzeko eta aztertzeko. Era berean, hiri-eremu eta hiri-periferiako eremu horiek kontuan hartuko dira zerbitzu ekosistemikoen azterketa eta eremu horiek biztanleriaren ongizatean duten eragina analizatzeko.
Erabiliko den metodologia orain arte garatutakoa izango da, baina ekarpen metodologiko berri batzuk sartuko dira. Ekarpen horiek bibliografiatik eta estatuko eta nazioarteko beste ebaluazio edo programa batzuetatik bilduko dira (adibidez, MAES: Mapping and Assessment of Ecosystems and their Services5).
Bestalde, jasangarritasun partekatu bat lortzera begira landa-eremuak eta hiri-eremuak elkarrekin lotzeak duen garrantzia kontuan hartuta, irekita uzten da ekosistemen zerbitzuei buruzko azterlanak hiri-eremuetan eta hiri-periferiako eremuetan egiteko aukera. Hala badagokio, erabilitako materiala TEEB proiektuak: Manual for Cities: Ecosystem Services in Urban Management6 garatutakoan oinarrituko da, besteak beste.
Azkenik, proiektuan garatutako ekosistemen zerbitzuen adierazleei dagokienez, Katedrak inplikatutako agenteekin koordinatuta lan egingo du agente horiek Eusko Jaurlaritzan dauden mekanismo ofizialetan sar daitezen errazteko (Eustat, Udalmap, GeoEuskadi, Lurdata).
Entregatu behar diren dokumentu gisa proposatzen direnak:
● «Ekosistemen zerbitzuen ezagutza hobetzea eta lehentasunak ezartzea haiek leheneratzeko eta kontserbatzeko azpiegitura berdearen bitartez» izeneko urteko memoria. Bertsio bat entregatuko da euskadi.eus-en argitaratzeko.
● Egindako mapa guztiak Eusko Jaurlaritzan entregatuko dira dagokion deskribapen metodologikoarekin, GeoEuskadin eskuragarri egon ahal izateko, eta GeoEuskadi lanerako tresna gisa geratuko da egon daitezkeen erabiltzaileen eskura (adibidez, hainbat administraziotako, kontsultoretzako eta elkartetako teknikariak).
● Azpiegitura berde bat diseinatzeko proposamen bat egitea, lurralde-antolamenduaren esparruan funtzio anitz dituzten eta elkarri konektatuta dauden guneen sare bat izan dadin.
● Natura Sareak aztertzeko hautatutako kasuari buruzko txosten teknikoa.
● Ekosistemen zerbitzuen adierazleei buruzko fitxa metodologikoak –estatistika ofizialean sartzeko administrazioak eskatzen dituenak– emango dira.
2.1.2.– Euskadiko Natura 2000 Sareak Euskadiko ekosistemen zerbitzuei egiten dien ekarpena aztertzea.
Biodibertsitatearen galera oso arazo garrantzitsua da Europar Batasuneko eremu osoan. Arazo hori Natura 2000 Naturaguneen Europako Sarearen esparruan konpontzeko ahalegina egiten da, sare horren helburua fauna eta flora basatien biodibertsitatea eta Europako Erkidegoko intereseko habitatak mantentzea baita. Natura 2000 Sarea Europako azpiegitura berdearen oinarria da eta Europako biodibertsitatearen etengabeko galera geldiarazten laguntzeko tresna nagusia da. Euskadin Natura 2000 Sare indartsua dago, lurraldearen % 20tik gora hartzen duena. Sarearen barruan kontserbatzeko neurrien oinarriak lan tekniko eta zientifiko zorrotzak izango dira.
Horregatik, 2016an proposatu zen Natura 2000 Sareak Euskadiko ekosistemen zerbitzuen ekarpenari ematen dion laguntza aztertu behar zela. Orain arte egindako azterlanak Euskadiko Natura 2000 Sareak dibertsitate naturalari eta arautzeko ekosistemen zerbitzuei egiten dien ekarpen garrantzitsua nabarmendu du, eta Sarean dauden zerbitzu kulturaletarako potentzialtasun handia erakusten du.
2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiaren 2. helburuak, hots, Europako Natura 2000 Sarea aukera-tresna gisa sustatzeak duen garrantzia kontuan hartuta, proposatzen da azterlanarekin jarraitu behar dela eta nazioarteko aintzatespena lortu behar dela hura argitaratuz. Izan ere, egiaztatu da Europan ez dagoela antzeko azterlanik, eta horrek esan nahi du Natura Sarea sustatzeko eta Euskadi Europako erreferente gisa jartzeko tresna garatzeko aukera bat dela.
Entregatu behar diren dokumentu gisa proposatzen direnak:
● Euskadiko Natura 2000 Sareak Euskadiko ekosistemen zerbitzuei egiten dien ekarpenaren azterketari buruzko txostena.
● Nazioarteko argitalpen bat.
2.1.3.– Ekosistemen zerbitzuak agroekosistemen mailan aztertzea eta lehentasunezko ekintzak identifikatzea ekosistemen zerbitzuen ekarpena bermatzeko eta hobetzeko.
Lan-ildo honen bitartez, nekazaritza eta basogintza biodibertsitatearen kontserbazioan sartzea eta baliabideen erabilera jasangarria hobetu nahi dira. 2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategian adierazten denez, gizarte-sarea konektatu behar da ingurune naturalean oinarritzen diren erabilerek ingurunearen egoera ona errespetatu eta kontserba dezaten, biodibertsitatearen kontserbazioarekin bateragarriak diren tokiko praktikak sustatuta. Gizakiaren jarduerek eta biodibertsitatearen babesak bat egingo dutela bermatu behar da, beraz.
Lehentasunezko abiapuntu gisa proposatzen da nekazaritza eta basozaintzako ekosistemen zerbitzuen kartografiak eta ebaluazioa egitea. Lehentasunezko ekosistemen zerbitzuak identifikatu ondoren, nekazaritzako eta basoko sistemetarako zerbitzu horien artean dauden sinergiak eta trade-offak aztertuko dira. Harreman horiek aztertzeak balio du sustatu behar diren indarguneak identifikatzeko, baita kontuan hartu behar diren desadostasun-eremuak ikusteko ere. Harreman horiek maila desberdinetan aztertuko dira. Lan-eskalak detektatutako premien eta beharrezkoa den oinarrizko informazioaren eskuragarritasunaren arabera definituko dira. Kudeaketa-eskalako datuen ebazpena aplikatu nahi da (operational scale). Proposatzen da azterlan hau nekazaritza nagusitzen den intereseko eremuren batean egitea.
Lan hau garatzeko, HAZIrekin lankidetza estuan arituko gara, HAZI nekazaritza-sektoreko funtsezko agentea delako, eta inplikatutako agente publikoen eta pribatuen laguntza eta partaidetza bilatuko da, azterketa egiteko hautatutako tokiko biztanleria azpimarratuz.
Azterlan honetarako lehentasunezko ekosistemak honako hauek dira:
– Agro-ekosistemak. Zerbitzuen arteko bateraezintasunak eta sinergiak zein diren jakin behar da, kontsiderazio ekologikoak, sozialak eta ekonomikoak kontuan hartuta. Nekazaritzako ekosistemek, elikagaiak eta materialak produzitzeaz gain, erregulatzeko zerbitzu garrantzitsuak ematen dituzte, hala nola polinizazioa. Gainera, landa-paisaia batzuk zerbitzu kultural garrantzitsuen iturri dira, hala nola landazabal atlantikoa edo Arabako Errioxako mahastiak.
– Baso-sistemak. Baso-sistemak, modu jasangarrian kudeatuta, ekosistemen zerbitzu askoren hornitzaileak dira. Zur-produkzioaren eskaerak ez du ekarri behar ekosistemen funtsezko zerbitzuen degradazioa. Kudeaketa-planetan balio berriak sar daitezke.
Azterlan honetan, nekazaritzaren eta basoaren jardueretan azken urte hauetan aplikatu diren lanak hartuko dira kontuan ingurumen-hobekuntza, ekosistemen zerbitzuen hornidura eta azken batean jasangarritasuna sustatzeko eta haren alde egiteko. Horrela, ezagutza zientifikoa aplikatuko da nekazaritzaren eta basoaren sektoreak egindako aurrerapenak ikusteko eta politika horiek hobetzen lagunduko duten neurri zehatzak proposatzeko.
Proposatu da tokiko biztanleriarekin lanaldi bat egitea dibertsitate naturalari eta dibertsitate horrek ematen dizkigun onurei balioa emateko, azterketaren alorrean lortutako emaitzen aurrerapena erakusteko, eta metodologia parte-hartzaileen bitartez gizartearen ikuskera biltzeko, azterlanari eta kudeaketarako konponbideak bilatzeari ekarpena egiteko.
Azterlan horren emaitzen arabera, gomendioak emango dira ekosistemen zerbitzuen hornidura arlo horietan hobetzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko, nekazaritza-sailean eraginez bereziki, sail horrekin lankidetza estuan lan egingo baita. Horrela, Euskadiko Biodibertsitate Estrategiari laguntzen zaio, biodibertsitatea eta natura-ondarea babesteko eta hobetzeko irizpideak beste politika batzuetan, hala nola nekazaritzan, sartzen lagunduz.
Entregatu behar diren dokumentu gisa proposatzen direnak:
● Sinergiak eta trade-offak eskualdean aztertzea.
● Sinergiak eta trade-offak tokian aztertzea.
● Tokiko biztanleriarekin egindako lanaldiari buruzko txosten teknikoa.
● Nekazaritza- eta baso-sistemetan gauzatzen diren lan-ildoak hobetzen laguntzeko gomendioak biltzen dituen dokumentua, biodibertsitatea eta ekosistemen zerbitzuen hornidura sustatzeko eta faboratzeko.
2.1.4.– Ingurumen-alderdiak beste politika batzuetan integratzeko aukera hobetzea.
2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiaren barnean, ekintza garrantzitsuenetako bat ingurumen-alderdiak beste politika batzuetan integratzeko aukera hobetzea da. Horretarako, ezinbestekoa da erakundearteko laguntza eta lankidetza biodibertsitatearen kontserbazioari dagokionez. Horregatik, Unesco Katedrak proposatzen du ikertzaileen eta hainbat sailetako teknikarien eta politikarien arteko baterako lanean sakontzea proiektuaren emaitzak planetan eta araudietan aplikatzeko.
Ikerketen emaitzak politikaren eta kudeaketaren hainbat alderditan aplikatzeko bideak bilatzea da helburua. 2014-2016 aldian aplikagarritasunaren emaitza garrantzitsuak lortu dira, eta emaitza horiek Urdaibaiko Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planari (EKZP), Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialari (LPP) eta Euskadiko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroei (LAG) egindako ekarpenetan gauzatu dira. Emaitza horiek baliagarriak eta garrantzitsuak direnez, ildo horretan lan egiten jarraitzea espero da eta lana beste sektore batzuetara, hala nola nekazaritzara edo turismora hedatzeko aukera aztertuko da. Baina, gainera, haratago joatea eta eskuratutako ezagutzak eta esperientziak bilduko dituen Lurralde-, sektore- eta hirigintza-antolamenduko planak ekosistemen zerbitzuen ikuspegitik diseinatzeko oinarrizko gidaliburu bat egitea proposatu da. Gidaliburu horrek ondare naturalari buruzko kontsiderazioetarako eta ekosistemak eta haien zerbitzuak planak diseinatzeko faseetan kontuan hartzeko balio izango du. Erabiltzaile potentzialak honako hauek izango dira: Eusko Jaurlaritza, Aldundiak, Udalak, Mankomunitateak, Partzuergoak, kontsultoretza-enpresak (ingurumen-kontsultoretzak, arkitektura-kabineteak, antolamendu-kabineteak...). Gidaliburu horren bitartez, biodibertsitatearen eta ekosistemen zerbitzuen ikuspegia kudeaketa-tresna askotan integratzeko oinarrizko printzipioak proposatuko lirateke. Era berean, zerbitzu ekosistemikoen aplikagarritasunari buruzko gidaliburu hori ekoefizientziaren eta diseinu jasangarriaren arloetako premia espezifikoetara egokituko da.
Entregatu behar diren dokumentu gisa proposatzen direnak:
● Lan-ildo horren emaitza gisa, ingurumen-alderdiak beste politika batzuetan integratzean lortutako aurrerapenei eta hobekuntzei buruzko txostena.
● Lurralde-, sektore- eta hirigintza-antolamenduko planak ekosistemen zerbitzuen ikuspegitik diseinatzeko oinarrizko gidaliburua.
2.1.5.– Biodibertsitatea eta Euskadiko ekosistemen zerbitzuak galtzeagatiko konpentsazio-neurriak aplikatzeko aukerak balioestea.
Biodibertsitatea galtzeagatiko konpentsazio-neurriak saihestu, gutxitu edo zuzendu ezin diren inpaktu edo ondorio negatiboengatik biodibertsitateari ordainez ematea helburu duten ekintzak dira. Oso garrantzitsua da arintze-hierarkia aplikatzea konpentsazio-neurriak aplikatu aurretik. Hierarkia hori honako hau da: ingurumen-inpaktuak behar bezala prebenitzea, saihestu ezin diren inpaktuak gutxitzea eta zuzentzea, eta, azkenik, geratzen diren inpaktu garrantzitsuak konpentsatzea.
Administrazioko teknikariekin batera egindako lanaren emaitza gisa, proposatzen da interesgarria izango litzatekeela batzorde espezifiko bat sortzea Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako teknikariekin eta ikertzaileekin, gaia sakonago aztertzeko eta biodibertsitatea galtzeagatiko konpentsazio-neurriei buruzko araudi baten proposamena egiten lagunduko duten irizpide teknikoak izango dituen dokumentu bat egiteko. Obra publikoetako eta ingurumeneko langileekin –ingurumen-inpaktuaren ebaluazioez arduratzen direnekin– izandako aurretiko bileretan, ikusi da konpentsazio-neurriak Legearen bidez jasota badaude ere, gaur egun oso zaila dela neurri horiek aplikatzea, ez delako deskribatzen nola aplikatu behar diren eta ez direlako nahitaez bete behar. Horregatik, uste dugu oso baliagarria dela dokumentu hau egitea, dimentsio handiko eta ertaineko obra publiko eta pribatuen garapenean gertatzen den biodibertsitatearen eta ekosistemen zerbitzuen galera konpentsaziorik gabe ez geratzeko. Euskadin konpentsazio-neurriak aplikatzeko proposatu den moduetako bat konpentsatu behar diren eremu potentzialen zerrenda bat edo sare bat egitea da (ingurumena leheneratzeko esku hartzeko eremuak). Biodibertsitatea kontserbatzeko eta leheneratzeko egin litezkeen jardunak konpentsatzeko neurriak sustatzeko eremu egingarri sorta bat sartuko litzateke sare horretan. Garrantzitsua da konpentsatu behar diren eremuak publikoak izatea eta/edo eremu babestuetan egotea. Hortaz, jardun-ildo honen bitartez, erantzunkidetasuna sustatuko litzateke eta Natura 2000 Sarea indartu liteke bere kontserbazio-egoera hobetuz.
Entregatu behar den dokumentu gisa proposatzen dena:
● Biodibertsitatearen galeragatik nazioartean proposatu diren konpentsazio-azterlanen arabera Euskadin egikaritu behar den benetako proiektua balioesteko txostena.
● Biodibertsitatearen galeragatiko konpentsazio-neurriei buruzko araudi-proposamena egiten lagunduko duten irizpide teknikoak bilduko dituen dokumentua.
2.2.– Urdaibaiko biosfera erreserba.
Biosferaren Erreserben munduko Sarearen helburua garapen jasangarriari buruzko ezagutza hobetu ahal izateko lekuen sare gisa zeregin aktiboa izatea da, besteak beste. Sare hori osatzen duten lurraldeak, hortaz, proiektu eta programa aitzindariekin probak egingo diren lekuak izango dira, giza garapenaren eta naturaren kontserbazioaren arteko txertatze egokiari buruzko jardunbide egokiak esportatzeko.
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak (UBE) natura-ondare garrantzitsu bat dauka, gizakiaren eta ingurumenaren artean ehunka urtean izandako garapen orekatuaren ondorio. Urdaibaiko Biosfera Erreserba, horrela deklaratu zutenetik, berrikuntzaren eta ikerketaren adibide aitzindaria izan da, eta lurraldearen kudeaketa jasangarrirako eta egokitzailerako ikasteko eredu izaten jarraitu nahi du. UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedrak sortu zenetik lotura estua izan du Urdaibaiko Biosfera Erreserbarekin, zientzia kudeaketan aplikatzen lagundu du eta horrekin kudeaketa jasangarria eta egokitzailea garatzen lagundu du. Biosfera Erreserben eta Unesco Katedren arteko lan-eredu hori, eduki zientifikoa eta prestakuntza-arlokoa duena, nazioartean aintzatetsi dute Unescoren MAB programak eta Unescoren munduko ondareari buruzko Konbentzioak (2016).
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak ikerketa-arloan duen zeregin aitzindaria dinamizatzeko eta indartzeko asmoz, proposatu da, alde batetik, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako garapen jasangarriaren arloko Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntza Planaren Ikerketa Zientifikoko Programa (IGHP) garatzea; eta beste alde batetik, Urdaibain ikerketa espezifikoa garatzea Urdaibaiko ekosistemek ematen dituzten zerbitzuei buruz, esate baterako, Urdaibaiko Biosfera Erreserban dagoen bilakaera sozioekonomikoa eta ingurumen-arlokoa aztertzea...
2.2.1.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbari buruzko informazio zientifikoa biltzea.
Eusko Jaurlaritzak, 2015eko ekainaren 2an egindako gobernu-kontseiluan Garapen jasangarriaren arloko Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntza Urdaibaiko Biosfera Erreserban (IGHP) onartu zuen. Plan horren helburua baliabideak eraikitzea da honako hauek lortzeko: 1) giza jarduerak natur ingurunean eragiten dituen ondorioei buruzko ikerketak garatzea; 2) prestakuntza, gaikuntza eta sentsibilizaziorako jardunak garatzea; 3) aurrera egin ahala lortzen diren emaitzak hedatzea eta sareetan truke eta komunikazio jarioa areagotzea. Planak UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedra proposatu du Ikerketa Zientifikoko Programaren dinamizatzaile gisa. Programa horren helburua Urdaibaiko ikerketa-jardueraren koordinazioa lortzea eta jarduera hori Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren kudeaketa eta garapen jasangarriaren premietara egokitzea da. IGHP planaren helburuen artean honako hauek daude:
● Urdaibaiko Biosfera Erreserban egiten diren ikerketei buruzko argitalpenak biltzea erreferentziei eta iturriei buruzko datu-base bat eguneratuta edukitzeko.
● Urdaibaiko Biosfera Erreserban ikerketaren alorrean egun dauden premiak eta/edo lehentasunak identifikatzea.
● Ikertzaileen arteko topaguneak sustatzea baterako lana ahalbidetzeko.
● Ikerketaren eta kudeaketaren arteko zubiak sustatzea.
Entregatu behar diren dokumentu gisa proposatzen direnak:
● Urdaibaiko Biosfera Erreserban egiten diren ikerketei buruzko argitalpenak biltzea Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema eguneratuta edukitzeko.
2.2.2.– Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako bilakaera sozioekonomikoa eta ingurumen-arlokoa aztertzea.
Urdaibaiko Biosfera Erreserban izandako bilakaera sozioekonomikoaren eta ingurumen-arlokoaren azterketa, lurzoruaren erabilerei lotuta, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko lehenengo Plana (EKZP) 1993. urtean onartu zenetik gaur egun arte. Helburu nagusia babesaren figura ezartzeak eragin duen ondorioa zehaztea da eta haren deklarazioak eremu horretako natura kontserbatzen eta garapen ekonomikoa lortzen lagundu ote duen. Ikerketa horretarako metodologia paisaiaren aldagaien eta eskuragarri dauden aldagai sozioekonomikoen azterketan oinarritzen da. Lortutako emaitzak balioetsi ahal izateko, Biosfera Erreserbatik hurbil dagoen, babestuta ez dagoen eta antzeko ezaugarriak dituen eremu batekin alderatu da.
Orain arte lortutako emaitzek erakusten dute erreserba deklaratu izanak ez duela eskualdeko garapen ekonomikoa geldiarazi, baizik eta ondorio positiboak ekarri dituela pertsonen bizi-kalitatean, natura kontserbatzen lagundu baitu. Emaitza horiek garrantzitsuak direnez, proposatu da garrantzitsua dela azterlanarekin jarraitzea eta nazioartean hedatzea argitaratuz. Era berean, ahaleginak egingo dira antzeko azterlanak egiteko beste eremu interesgarri batzuetan, esate baterako Salburuan edo Txingudin.
Gainera, aztertuko da Urdaibaiko Biosfera Erreserban aukerarik ote dagoen ekosistemen zerbitzuen balioespen ekonomikoa egiteko metodologiak aplikatzeko.
Entregatu behar diren dokumentu gisa proposatzen direnak:
● Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren azterketa sozioekonomiko eta ingurumen-arloko azterketa sakona egitea, dagoen azterketa eta informazio gehigarria oinarritzat hartuta, eta metodologia hedatuz eta hobetuz ikuspuntu eta ikuspegi berriak sartuz diziplina anitzeko talde baten bitartez. Testuinguru horretan, ekonomiaren alorreko adituekin lankidetzan arituko gara proposatzen diren ingurumen-analisiak, analisi ekonomikoak eta analisi sozialak sustatzeko. Diziplina anitzeko taldea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko (Urdaibai Bulego Teknikoa, Ingurumen Saila, Ihobe, eta abar), Bizkaiko Foru Aldundiko, Arabako Foru Aldundiko eta interesgarritzat hartzen diren Administrazio Publikoko beste sail batzuetako langileen inplikazioen arabera sortuko da.
– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bilakaerari eta/edo balioespen sozioekonomikoaren eta ingurumen-arlokoaren gaineko azterlanari buruzko urteko memoria.
2.2.3.– Idazkaritza Teknikoaren rola ikerketa-lanei dagokionez.
● Idazkaritza Tekniko gisa jardutea Urdaibaiko Biosfera Erreserbari buruzko ikerketa-lanei dagokienez.
2.3.– Nazioartekotzea.
2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiaren hirugarren helburuak biodibertsitatea gizartearentzat onura-iturria, bai zuzenekoa bai zeharkakoa, dela onar dadila du jomuga. Horrek esan nahi du natura errespetatzera bideratutako kultura bat sustatzea, aberastea eta partekatzea, zerbitzu ekosistemikoak nabarmenduz. Azken batean, gizarte zibilak, erakunde pribatuek eta botere publikoek biodibertsitatea babesteko neurriak gauzatzeak duen garrantziari ematen dioten ulermen eta parte-hartze mailaren araberakoa izango da 2030erako EAEko Biodibertsitatearen Estrategiak aplikatzen denean izango duen arrakasta. Horretarako, ezinbestekoa da ekosistemen zerbitzuek herritarrei ekartzen dieten onura sozioekonomikoari buruzko kontzientzia hobetzea; horretarako, teknikariei, erakunde publikoetakoak izan edo pribatukoak izan, prestakuntza eguneratua eskaini behar zaie, zabalkunderako eta herritarren kontzientziaziorako kanpainak egiteaz gain. Gainera, partaidetzarako guneak izatea funtsezkoa da komunikazioa, elkarrizketa eta ezagutza-sorkuntza errazteko. Horrela, gainera, sektore askotako agenteak (ikerketa, enpresa pribatuak eta publikoak, sozietateak, hezkuntza-elkarteak, etab.) elkartu ahal izango dira.
Horregatik guztiagatik, orain arte egin diren lan-ildoekin jarraituz eta lan-ildo horiek indartuz, hedapenerako eta prestakuntzarako estrategia garrantzitsu bat garatuko da naturaren ezagutza eta kultura sustatzeko eta proiektuaren emaitza gizarteratzeko gizartearen partaidetza sustatzen den bitartean. Gainera, orain arte egin den nazioartekotze-prozesu garrantzitsuari esker, Euskadi bat dator Europako eta nazioarteko politikekin ekosistemen zerbitzuen alorrean, eta, gaur egun nazioartean ospea dauka ekosistemen zerbitzuen eta gobernagarritasunaren alorrean izan duen rol aitzindariarengatik. Horregatik, proposatu da nazioartekotze-estrategia garrantzitsu horri eusten jarraitzea, nazioarteko prestigioari eusteko eta prestigio horri esker naturaren ezagutza eta kultura sustatzeko tokian-tokian honako ekintza hauen bitartez:
1) Sortutako ezagutza hedatzea hedapen- eta prestakuntza-estrategia baten bitartez.
2) Ezagutza partekatzea eta nazioartean garrantzia izaten jarraitzea nazioartekotze-estrategia baten bitartez.
2.3.1.– Sortutako ezagutza hedatzea hedapen- eta prestakuntza-estrategia baten bitartez.
Komunikatzeko eta prestatzeko estrategia honako honetan oinarrituko da:
● Prozesuen eta emaitzen berri ematea nazioarteko eta estatuko estamentuei.
● Prozesuen eta emaitzen berri ematea EAEko erakundeei.
● Erabakiak hartzen dituztenak gaitzea egon litezkeen aukera hoberenak hautatu ahal izateko.
● Kudeatzaileak gaitzea lan teknikoak eraginkortasunez gara ditzaten.
● Euskadiko herritarrak errespetuan heztea eta sentsibilizatzea eta ekosistemei balioa ematea, gizakiaren ongizatearekin duten harremana azpimarratuz.
Hedapenerako eta prestakuntzarako estrategia gisa orain arte egin diren eta hemendik aurrera sustatzen eta indartzen jarraituko diren jarduera motak honako hauek dira:
● Eztabaidarako eta gizarte-partaidetzarako foroak.
● Prestakuntza-estrategia: ikastaro espezializatuak administrazioko teknikariei (IVAP/HAEE) eta hezitzaileei (Ingurugela), baita unibertsitate-irakaskuntzan ere (Ingurumeneko eta jasangarritasuneko masterra; beste master batzuetan parte hartzea). Aldi honetan espero da prestakuntza-estrategia indartzea, herritarrei online ikastaro bat eskainiz, bigarren hezkuntzako irakasleei ikastaro espezifiko bat emanez Ingurugelarekin batera, lanbide-eremuetara hurbilduz lanbide-heziketako ikastetxeetan hitzaldi teknikoak emanez.
● Jardunaldiak, mintegiak eta hitzaldiak: proiektua ezagutzera emateko nazioarteko eta estatuko hitzaldiak antolatzea eta hitzaldi horietara bertaratzea.
● Interneten parte hartzea proiektuaren webgunearen bitartez (hiru hizkuntzatan: gaztelania, euskara eta ingelesa).
● Proiektuak presentzia izatea sare sozialetan: proiektuaren facebook profila.
● Prentsan agertzea.
● UPV/EHUko garapen jasangarriari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko Unesco Katedraren Forum Jasangarritasuna aldizkaria.
● Dibulgaziozko argitalpenak egitea (adibidez, Ihitza).
● BID-REX proiektuan parte hartzea proiektuak elkarrekin erlazionatzeko aukera gisa.
2.3.2.– Ezagutza partekatzea eta nazioartean garrantzia izaten jarraitzea nazioartekotze-estrategia baten bitartez.
Ekosistemen zerbitzuen eta gobernagarritasunaren alorrean Euskadik nazioartean garrantzia izaten jarraitzeko, eta ezagutza partekatzeko eta handitzeko helburua betetzeko, nazioartekotze-estrategia bat garatuko da:
● Argitalpen zientifikoak egitea.
● Garrantzi handiko nazioarteko sareetan eta ekimenetan parte hartzea (SGA, ESP, IPBES, ENCA, MAES).
● Gaiaren inguruan garrantzitsuak diren nazioarteko biltzarretara eta bileretara bertaratzea.
● Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari laguntzea biodibertsitateari eta ekosistemen zerbitzuei buruz ezartzen dituen nazioarteko lankidetzetan, aurreko urteetako dinamikari jarraikiz (ENCORE, ICLEI, FLANDRIA).
Halaber, proposatu da garrantzi bereziko helburua izatea Urdaibaiko Biosfera Erreserba nazioartekotzea eta ikusgai egitea:
● garrantzi handiko nazioarteko eta estatuko foroetan eta sareetan parte hartzea (MAB, EUROMAB eta IBEROMAB batzordeak).
Entregatu behar diren dokumentu gisa proposatzen direnak:
● Nazioartekotzeko jardueren urteko memoria.
● Argitalpen zientifikoak.
3.– Lantaldea eta nahitaezko aliantza berriak.
Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)
Ametzaga, Ibone
Fernández de Manuel, Beatriz
Onaindia, Miren
Palacios, Igone
Peña, Lorena
Unzueta, Jasone
Unesco Etxearen eta inplikatutako Administrazioetako teknikarien laguntzarekin (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Arabako Foru Aldundia).
Nazioarteko lankidetzak eta aliantzak
● Unesco. Unescoren zati gisa, ekosistemen zerbitzuen alorreko lankidetza estrategikoak ditugu, baita Unescok proiektuari ematen dion laguntza ofiziala eta garbia ere. Laguntza estrategikoen artean Salvatore Arico, Meriem Bouamrane eta Miguel Clüssener-ena (MaB programa) nabarmendu behar dira.
● SGA Network. 2009. urteaz geroztik, Ebaluazio Azpiglobalen sareko kide gara. Sare hori Nazio Batuek abian jarritako Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioari jarraipena emateko sortu zen.
● ESP. Ekosistemen zerbitzuetan adituak direnen sarea. Unesco Katedra ESP sareko kide da 2011. urteaz geroztik.
● CEM, Nottingham. Roy Haines-Yoing eta Marion Potschin doktoreek zuzentzen dute. Euskadiko lantaldeak haiekin lan egin du etorkizuneko lekuak mapatzen.
● INTA- Ernesto Viglizzo. Nekazaritzako ekosistemen zerbitzuetan aditua.
● Amsterdamgo Unibertsitatea – Peter Verburg-en ikerketa-taldea. Haiekiko elkarlana funtsezkoa izan da kultura-zerbitzuak mapatzeko.
● ENCA/EPA interest group on ecosystem services (IG ES). Oso garrantzi handia du Europan kudeaketan aplikatzeko duen aukerarengatik.
● Litekeena da Flandriarekin elkarlanean aritzea, harremana: Joke Schauvliege, Flemish Minister of Environment.
Gainera, estatuan honako elkarlan estrategikoa hauek daude:
● Sozio-ekosistemen laborategia. Madrilgo Unibertsitate Autonomoa. Espainiako Milurteko Ekosistemen (EME) Ebaluazioaren arduraduna,
● CSICen Instituto Pirenaico de Ecología. Paco Comín. Hezeguneetako ekosistemen zerbitzuetan elkarlanean aritzea.
Beharrezkoak diren aliantza berriak:
AZTI (ezinbestekoa kostaldeko ekosistemen zerbitzuei buruzko ildo berriari ekiteko), URA, Eustat, HAZI, Udalak (hiriburuak), Aldundiak, Lehendakaritza.
4.– Kronograma.
Lanak 2018. urtetik 2020. urtera bitarte egingo dira. Zereginak datuen eskuragarritasunaren arabera eta teknikaren eta kudeaketaren alderdietatik dauden premien bilakaeraren arabera banatuko dira.
Jarraian, gutxi gorabeherako kronograma bat azalduko dugu:
5.– Entregatu behar diren dokumentuak.
Lanak 2018. urtetik 2020. urtera bitarte egingo dira. Zereginak datuen eskuragarritasunaren arabera eta teknikaren eta kudeaketaren alderdietatik dauden premien bilakaeraren arabera banatuko dira, gorago deskribatutako lan-metodologia integratzaileari eta egokitzaileari jarraikiz.
Jarraian, hitzarmen hau indarrean dagoen aldian espero diren eta entregatu behar diren dokumentuen gutxi gorabeherako kronograma bat aurkeztuko da:
6.– Aurrekontua.
Proposatutako jarduerek eskatzen dute espezialisten egungo taldeari eustea, orain arte egin diren lanetan eratu den taldeari, alegia. Lantalde horri eusteko behar diren baliabideak honako hauek dira: ikerketako bi doktore kontratatzea, kudeaketarako eta komunikaziorako pertsona bat kontratatzea. Kostu horiei hainbat materialetan beharrezkoak diren gastuetatik eratorritakoak gehitu behar zaizkie (softwarea, laginketa, bidaiak, bilerak, foroak eta biltzarrak).
Goian deskribatutako jarduerak garatzeko, ezinbestekoa izango da Eusko Jaurlaritzak 95.000 euroko gutxieneko zenbatekoa ematea urtean.
7.– Testuan aipatutako web-helbideak.
1) European Biodiversity Strategy 2020.
http://ec.europa.eu/environment/nature/biodiversity/comm2006/2020.htm
2) Environment Action Programme to 2020.
http://ec.europa.eu/environment/newprg/
3) Sustainable development Goals.
http://sustainabledevelopment.un.org/?menu=1300
4) Post-2015 Development Agenda. United Nations.
http://www.un.org/en/ecosoc/about/mdg.shtml
5) MAES. Mapping and Assessment of Ecosystems and their Services.
http://ies.jrc.ec.europa.eu/news/468/155/
6) TEEB Manual for Cities: Ecosystem services in urban Management.
Http://www.teebweb.org/publication/teeb-manual-for-cities-ecosystem-services-in-urban-management/
7) An experimental framework for ecosystem capital accounting in Europe.
http://www.eea.europa.eu/publications/an-experimental-framework-for-ecosystem