EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2018218

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko ekainaren 28ko bilkuran hartua, «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa, 2016» txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-06-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201805561
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko ekainaren 28an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
«Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa, 2016» txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 28a.
HKEEko lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEko idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoa, 2016
Laburdurak
BABA: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAETB: 1/2011 Legegintza Dekretua, maiatzaren 24koa, Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruz indarrean dauden lege xedapenen bateratutako testua onartzen duena.
EASL: 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoa.
EEP: Enpleguaren Eskaintza Publikoa.
EGPS: Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte-politiken Saila.
EHJAN: Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorena.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
EM: Erresonantzia Magnetikoa.
INSALUD: Osasuneko Institutu Nazionala.
KEB: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.
MA: Marko Akordioa.
SPKLTB : 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
TGEEZ: Transfusio eta Giza ehunen Euskal Zentroa.
TVCP/HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
UO: Unibertsitate Ospitalea.
ZEI: Zerbitzu Erakunde Integratua.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) bera arautzen duen 1/1988 Legean eta Lanerako Urteko Programan ezarritakoari jarraikiz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoaren (aurrerantzean, Osakidetza) urteko kontuen fiskalizazio txostena mamitu du, 2016ko ekitaldiari buruzkoa.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: aplikagarria den arautegia honako alor hauetan betetzen dela egiaztatzea: aurrekontua, zorpetzea, finantza-eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak, diru-laguntzak eta laguntza publikoak ematea eta zuzenbide publikoko diru-sarrerak.
– Kontularitzakoak: Kontuak aplikagarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu diren aztertuko dugu.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren efikaziari eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi ere, azaleratutako hutsak «Kudeaketaren alderdiak eta Gomendioak» idazpuruan xehetasunez jaso ditugu.
Berebat, Osatek, SA ere fiskalizatu dugu, Osakidetzak kapital sozialaren % 100eko jabetza duen sozietate publikoa.
Gainera, kanpo enpresek egindako Osakidetza eta Osatek, SAren urteko kontuen eta aurrekontua eta legea betetzen dutelako auditoria txostenak euskarritzen dituzten lan paperak ere aztertu ditugu. Berebat, aplikagarria den legezko araudia bete izanari buruz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako txostenak ere aztertu ditugu.
Fiskalizazio lanak sektore publikoari ezargarriak zaizkion auditoriako printzipio eta arauen arabera gauzatu dira eta kasu bakoitzean beharrezko iritzitako hautazko probak, prozeduren azterketa eta auditorian ohiko diren gainerako teknikak baliatu dira txostenean jasotako iritzia euskarritzeko.
Osakidetza osasun gaietan eskumena duen EAEko Administrazio Orokorreko Sailari atxikia dago; berezko lege-nortasuna du eta jarduteko gaitasun osoa du osasun zerbitzuak emateko, bere baitako diren zerbitzu erakunde publikoen bitartez, berezko lege-nortasunik ez duten arren, kudeaketarako autonomia dutenak.
2016ko abenduaren 31n, Erakunde Zentral, Larrialdi eta Transfusio eta Giza-ehunen Euskal Zentroaz gain, 13 zerbitzu erakunde integratu «ZEI», osasun mentaleko 3 zentro eta 2 ospitale daude:
– Nagusiak: Araba, Donostialdea, Bilbo Basurto eta Ezkerraldea-Gurutzetako ZEIak.
– Eskualdekoak: Arabako Errioxa, Debagoiena, Bidasoa, Goierri-Urola Garaia, Debabarrena, Barrualde-Galdakao, Barakaldo-Sestaoko ZEIak eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako osasun mentaleko sarea.
– Egonaldi luzekoak: Gorliz, Santa Marina eta Leza (Arabako Errioxako ZEIan).
– Lehen mailako atentzioa: Tolosaldea eta Uribeko ZEIa.
II.– Iritzia.
II.1.– Osakidetza.
II.1.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa
1.– Osakidetzako zerbitzu erakundeek kontratu txiki modura izapidetu dituzte produktu edo ondasun higigarrien erosketak, zeinetan kontratazioaren xedea zatikatu den; horrek publikotasun eta lehia printzipioa urratzen du (SPKLTBren 86. art.), Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol txostenetatik eratortzen den moduan, ezargarria den legediari kontratu mota hau egokitzeari dagokionez. Sendagaien horniketari dagokionez, akats hau azaleratu da guztira aztertu diren 21,9 milioi euroetatik 8,7 milioi euroren erosketetan, hau da, % 39,9tan; eta gainerako hornigaietatik produktu homogeneoen erosketetan, aztertutako 105 milioi euroetatik 82,9 milioi euroren erosketetan, hau da, horien % 81,1etan.
2.– Zenbait zentrotarako bi angiografo digital biplano hornitu eta egokitzeko lanen espedientean, 2 milioi euroan esleitu zenean, ez da egoki justifikatzen premiazko larrialdi egoerarik dagoenik, kontratazio atalak aurreikus ezin zitzakeen gertakarien ondorioz publikotasunik gabeko prozedura negoziatua baliatuta esleitu dena. Prozedura hau baliatzeko interpretazio murrizgarria egin behar da eta kontratazio publikoaren oinarrizko printzipioekiko salbuespena da (SPKLTBren 170.e artikulua) (41. espedientea).
Epaitegi honen iritzira, aurreko 1. eta 2. paragrafoetan zehaztu diren ez-betetzeak alde batera, Osakidetzak zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.1.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Egoeraren balantzeak ez ditu barne hartzen Insaludetik datorren langileria estatutario sanitario ez fakultatiboaren erretiro osagarriak, ez Tuberkulosiaren kontrako Patronatuaren langileria funtzionarioarenak, ez eta 1994ko abenduaren 31 baino lehenago erretiratu zen Basurtoko Ospitaleko hainbat langilerena ere. Obligazio hauek erregistratzeko Osakidetzak kutxa irizpidea darabil nagusiki eta 2016an gastu modura ekitaldian ordaindutako 6,8 milioi euroak jaso ditu.
Ezargarria den finantza informazioko arau-esparruari jarraiki, pentsio osagarriek eta antzeko beste batzuek sortutako pasiboak azterketa aktuarialen bitartez zenbatetsi behar dira eta sortzapen printzipioaren arabera erregistratu. Osakidetzak aditu independenteek egindako azterketa aktuariala du; azterketa honek bere pasibo aktuarialak 99 milioi euroan kuantifikatu ditu 2016ko abenduaren 31n; Osakidetzak, ordea, ez du dagokion zuzkidura erregistratu.
Epaitegi honen iritzira, 1. paragrafoan adierazitako salbuespenaren ondorioak alde batera, Osakidetzaren urteko kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta 2016ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
Iritzian eraginik izan gabe, txosten hau jaulki dugun datan EHJANen maiatzaren 9ko 225/2018 zk. epaia ezagutu da, irailaren 28ko 246/2017 epaiaren aurkako apelazio-errekurtsoaren gainekoa, lanbide garapenerako deialdiei dagokienez, 2011ko abenduaren 29ko 1930 eta 1931 eta maiatzaren 8ko 558/2014 ebazpen bidez onartutakoak; 246/2017 epaiaren indarrez aurrez aipatutako ebazpenen deialdi ohiko eta ez-ohikoak bertan behera utzi ziren. «Osakidetzak kasazioko errekurtsoa aurkeztu du 225/2018 Epaiaren aurka 2018ko ekainaren 28an».
II.2.– Osatek, SA.
II.2.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Epaitegi honen ustetan, Osatek, SAk zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Osateken urteko kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2016ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta 2016ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honek besarkatzen ditu bai ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak betetzea nabarmen eragiten ez duten hutsak, bai prozedurazko alderdiak ere, kudeaketa hobetzeko azaleratu ditugunak.
III.1.– Osakidetza.
III.1.1.– Langileria gastuak.
2016an indarrean dauden 21 antolakundeen egiturazko plantilla guztira 26.494 lanpostuk osatzen dute. KEBek 6 erakundetako 6.564 lanpostuetako 307 langile finko eta bitartekoen ordainsariak, % 4,5 egiten duena, eta behin-behineko langile estatutarioen 31 espediente aztertu ditu. Hona hemen azaleratu diren ez-betetzeak:
– Gainditu egin da 9 espedientetan zerbitzu eginkizunetarako finkatutako 2 urteko epemuga eta 18 espedientetan maila jasoagoko egitekoetarako finkatutako urtebeteko muga.
– Aldi baterako osagarriei dagozkien arautegi berariazkoak badiren arren, hala nola, mediku zaintzak, maila jasoagoko egitekoak, txandak, gaueko txandak, jaiegunak eta kokalekua, autokontzertazioa eta abar, oro har, arauak hausten jarraitzen da, egiaz gauzatutako zerbitzuen egiaztatzea egiten ez delako eta zerbitzu horiek ez dituelako organo eskudunak onartzen.
III.1.2.– Kontratazioa.
Aztertutako espedienteen zerrendan honako gorabehera hauek azaleratu dira:
– Guztira 7,1 milioi euroren zenbatekoan esleitutako 11 espedientetan –3 obratakoak, 4 zerbitzuetakoak eta 4 hornidurakoak– prezioaren irizpidea eskaintza tipoari puntuak bermatzen dizkion formula batez puntuatzen da, baita eskaintzak lizitazio tipoa berdintzen duenean ere, eta horrek desitxuratu egiten du irizpide hau eta eragina du balio judizio bidezko irizpide bidez balioztatu beharreko ehunekoaren proportzioan (SPKLTBren 150. artikulua) (35 48,49,50,51,57,69,70,74,75,77 espedienteak).
– 16 espedientetan –2 obratakoak, 7 zerbitzuetakoak eta 2 hornidurako eta obretako mistoak– 33,2 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoetan, eskaintza ekonomikoen balorazioan mugak edo atalaseak ezartzen dira eta horietatik gora merkatze gehigarriak aurkezteari sustagarria kentzen diote, eskaintza onuragarriagoa hautatzea zailduz (36,37,39,40,41,44,52,53,54,58,59,60,64,65,71,72 espedienteak).
– Guztira 4 milioi euroan esleitutako 3 espedientetan –1 obretakoa eta 2 zerbitzuetakoak– balio-judizio baten baitako kuantifikazioa duten eskaintzen esleipen irizpideen garapena ez da behar hainbatekoa Pleguetan (SPKLTBren 150. artikulua) (52, 62, 73 espedienteak).
– Guztira 40 milioi euroan esleitutako 14 espedientetan, zerbitzuko 4tan eta hornidurako 10etan, aurreikusitako aldaketek ez dituzte baldintzak betetzen, muga kuantitatiboarena izan ezik, hau da, modu argi, zehatz, zalantzarik gabe aurreikusgarriak, zehaztapenez eta objektiboki egiaztagarriak izateko baldintzak (SPKLTBren 106. artikulua) (37, 38, 40, 50, 51, 52, 54, 56, 66, 67, 68, 72, 74, 77 espedienteak).
– 2 espedientetan, 1 obretakoa eta 1 zerbitzuetakoa, guztira 968 mila euroren zenbatekoan esleitutakoetan, balio judizioetara meneratutako irizpideen balorazio txostena ez da arrazoituta aurkezten (SPKLTBren 150 eta 151.4 art.) (73,75 espedienteak).
Bestetik, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako kontrol txostenak aztertzean ikusi da aztertutako 71,8 milioi eurotatik 7,3 milioi eurotan zatikapena egin dela produktu homogeneoak erostean, eskaintzarik eskatu gabe, hau da aztertutakoen % 10,2an.
Orobat, 13 zerbitzu erakundetan guztira 4,4 milioi euroren zenbatekoan kontratu txiki modura izapidetutako inbertsioetan ikusi da zatikatu egin dela kontratazioaren xedea 3 zentrok gauzatutako erosketetan, 842.487 euroren zenbatekoan, eta horrek urratu egiten ditu legez kontratatzeko ezarritako prozedurak. Guztizkotik % 75 «Erabilera klinikoa duen makineria» kontukoa da.
III.1.3.– Bestelakoak.
Aintzat harturik uztailaren 5eko 15/2010 Legearen 3. xedapen gehigarria aldarazten duen abenduaren 3ko 31/2014 Legeak eskatutakoa, merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurkako borroka-neurriak ezartzen dituena, eta uztailaren 26ko 11/2013 legeak erabakitakoa, ekintzaileari laguntza emateko neurriei eta hazkuntza eta enpleguaren sorrera bultzatzeko neurriei buruzkoa, 2016ko urtean hornitzaileei ordaindutako 894 milioi euroren zenbatekoak 8 egunean gainditu du batez beste legeak finkatzen duen 30 eguneko epea. 2016ko abenduaren 31n ordaintzeko dagoen 110 milioi euroren zenbatekoari dagokionez, ez du aurrez aipatutako legezko epea gainditu.
III.2.– Osatek, SA.
III.2.1.– Aurrekontua eta aldaketak.
– 2016ko langile gastuen aurrekontuaren zenbatekoa, aurreko ekitaldietan bezalaxe, ez zaie Sozietatearen egiazko beharrei egokitzen eta horren ondorioz ekitaldi amaieran 2,4 milioi euroren aurrekontuko aldaketa onartu behar izan da, hasiera batean sobera aurrekontu egindako funtzionamenduko gastua langile gastura aldatuz. Langile gastuak eta aurrekontuko plantilla aurrekontuan zuzen jasotzea gomendatzen dugu, 2016an indarrean zeuden kudeaketa gomendioetatik eratorritako egiazko beharrizanetara egokituaz.
III.2.2.– Langileria gastuak.
Ordainsariak
– Produktibitate-osagarriaren kontzeptuak 2016an 3,4 milioi euroren gastua eragin du, hau da, soldata eta ordainsarien zenbatekoaren % 31,98. Miaketa informatuen kopurua, zeinetatik aurrera osagarria jasotzen duten, 1.599 izan da erradiologoen kasuan eta 10 txandako gainerako langileria zuzenari dagokionez, eta ez da 2001az geroztik gaurkotu, baliatutako ekipoak prestazio eta eraginkortasun handiagokoak izan arren; ezaugarri hau aintzat hartu beharrekoa da, 2001ean onartutako ordainsarien sisteman arautu zen moduan. 2016an erradiologoen miaketa informatuen kopurua batez bestean 3.093koa izan da eta gainerako langileria zuzenarena 18 txanda bakoitzeko; honenbestez, aurrez aipatutako zifrak gaurkotzea gomendatzen dugu eta produktibitate-pizgarriaren kalkulua egiazko batez besteko zifretara doitzea.
– 2016an ordaindutako ordainsariei dagokienez, 2015eko fiskalizazio txostenean azaleratu genituen zuzendu beharrekoek bere horretan diraute: lurraldeko arduradunei gainerako erradiologoen aldean miaketa bakoitzeko ordaindutako zenbatekoan dagoen aldea, erradiologo baten oinarrizko soldata hitzarmeneko tauletara ez egokitzea eta teknikariei oinarrizko soldataren % 2ren urteko ekoizpen osagarria ordainsari finko modura ordaintzea; horrek praktikan indarreko ordainsari tauletan finkatutako ordainsaria gainditzen duen kopurua jasotzea dakar.
– Osateken hitzarmenak «Antzinatasun» kontzeptuan izaera kualitatibo eta kuantitabo aldetik hobekuntzak jasotzen ditu; baita zenbait plusetan ere, EAEko Administrazio orokor eta erakundeen administrazioari, eta Osakidetzari zehazki, ezargarria zaionarekiko. Gomendagarria litzateke ahal den neurrian nominako kontzeptuak berdintzea eta oro har, indarreko Hitzarmenaren baldintzak, 2007an izenpetu zena.
Aldi baterako kontratuen altak
– Bestetik, badira 2016ko abenduaren 31n produkzioaren gorabeheren ondorioz luzatu diren aldi baterako kontratuak eta horiek desitxuratu egiten dute hasierako kontratu mota. Gainera, aldi baterako kontratuak kateatzeak harik eta lanpostua arauz betetzen den arte lotura mugagabe ez finkoa eragin dezake, egun Sozietatearen egiturazko plantillan existitzen ez dena.
III.2.3.– Kontratazioa.
– Guztira 70.438 euro egin duten 3 aseguru poliza kontratatzeko ez da espedienterik lizitatu eta kontratu txiki modura izapidetu dira; sorten arabera lizitatu zitezkeen, baina.
IV.– Urteko kontuak.
IV.1.– Osakidetza.
IV.2.– Osatek, SA.
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ETA OSATEK-EN 2016 ALDIKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZEI EGINIKO ALEGAZIOAK
I.– Sarrera.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Osatek SA sozietatearen 2016. urteko fiskalizazioaren emaitzei erantzuteko, erreferentziazko gaiaren inguruan erakunde horiek egin nahi izan dituzten eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoan zentralizatu diren alegazioak eta justifikazioak aurkezten dira txosten honetan.
II.– Iritzia.
II.1.– Osakidetza.
II.1.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
1.– Osakidetzako zerbitzu erakundeek kontratu txiki gisa izapidetu dute hainbat produkturen erosketa edo ondasun higigarriren hornidura, kontratuaren objektua zatikatuz. Era horretan, ez dituzte bete publizitatearen eta lehiaren printzipioak (SPKLTB, 86. Artikulua); hori da Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Kontrol-txostenetatik ondoriozta daitekeena, kontratu mota horiek aplikatu beharreko araudira egokitzeko beharrari dagokionez. Sendagaien hornidurari dagokionez, gabezia hori 8,7 milioi euroko erosketetan hauteman da, aztertu egin diren 21,9 milioi euroen artean; % 39,9 osatzen du horrek. Gainerako hornidurei dagokienez, produktu homogeneoen 82,9 milioi euroko erosketa zatikatu da, aztertu diren 105 milioi euroei artean, hau da, erosketen % 78,9.
Alegazioa
Alegazioa geroago ageri da, A.4 - Kontratu Txikiak atalean.
2.– Zenbait zentrotarako bi angiografo digital biplanoren hornidura eta egokitzapen-obren espedientean, 2 milioi eurotan esleitu zenean, ez da behar bezala justifikatzen kontratazio-organoari aurreikusi ezinak zitzaizkion gertaeretatik eratorritako premia larria zegoenik, haren arabera esleitu diren arren publizitaterik gabe prozedura negoziatuaren bidez. Interpretazio murriztailekoa da prozedura horren aplikazioa, eta salbuespenezkoa da kontratazio publikoaren oinarrizko irizpideen baitan (SPKLTBko 170.e artikulua) (41. espedientea).
Alegazioa
SPKLTBko 170. artikuluak xedatzen du prozedura negoziatu bidez eslei daitezkeela kasu hauetan:
e) Baldin eta kontratazio-organoak ezin aurreikusi dituen eta berari egotzi ezin zaizkion gertaerek eragindako premiazko larrialdi batek eskatzen badu kontratua lehenbailehen betetzea, 112. artikuluak arautzen duen presazko tramitazioa aplikatuz lortu ezin delako.
Aginduaren hitzetatik argi eta garbi ondoriozta daiteke negoziatutako prozedura aplikatu ahal izateko jarraian zerrendatzen diren baldintza guztiak eta bakoitza bete behar direla egoera zehatz bakoitzean, metatze-efektua baitute horiek:
– Kontratazio-organoak ezin aurreikusi dezakeen gertaera batetik sortutako beharra.
– Kontratazio-organoari egotzi ezinezkoa.
– Presazko prozeduraren bitartez lortu ezinezkoa.
Aztergai dugun kasuan, kontratazio-organoak aurreikusi ezin dituen eta horri egotzi ezin zaizkion gertaerek eragindako premiazko larrialdiak izan, badira, eta honakoen ondorio izan daitezke:
– horiek konpontzeko saiakera egin arren, une zehatz eta kritiko batean funtzionamendu zuzena oztopatu duten matxurak.
– inola erabili ezinik geratu ezin ziren ekipamenduak izatea, asistentzia- zein antolamendu-jarduketan hariek dituzten ondorio larriengatik.
– administrazioaren planifikazio edo programazio faltaren ondorioz sortu ez diren egoerak izatea.
Horregatik, premia larriko prozeduraren bitartez egindako izapidetzeak legeak ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela ebazten da, eta beraz, lehiaren printzipioak bermatzen direla hornidura mota horretan parte har dezaketen enpresa guztiei luzatutako gonbidapenaren bidez.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko kontsiderazioak.
III.1.– Osakidetza.
III.1.1.– Langileria-gastuak.
– 9 espedientetan zerbitzu eginkizunetarako ezarritako 2 urteko epemuga gainditu da; eta 18 espedientetan, maila jasoagoko egitekoetarako finkatutako urtebeteko epea.
Alegazioa
Horren harira, gogora ekarri behar dugu zein den aldi baterako eta bitarteko izendapenen iraupenaren arrazoia, bai eta zerbitzu-eginkizunena, aldi-baterako barne-igoerena eta abarrena ere: zerbitzu-erakundeetan sortzen diren beharrei erantzutea, eskariari egokitzen zaion kalitateko osasun-arreta bat emateko. Horrenbestez, zerbitzu horiek ematen jarraitzeko beharrezko iraunaldia izaten dute, horretarako ezartzen diren lanpostuak araudiaren arabera betetzen diren arte, guztia indarreko legedia betez.
Edonola ere, eta zerbitzu-eginkizunen iraupenari buruzko oharrari erantzunez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari aurreko txosten batean esandakoa berretsi nahi dugu: osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legeak (Osakidetzako estatutupeko langileei zuzenean aplikatu behar zaien araudiak, alegia) zerbitzu-eginkizunak arautzen ditu 39. artikuluan, inolako epemugarik ezarri gabe. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea araudi osagarria izango litzateke berariazko araudiak xedatzen ez dituen puntuetan, eta kasu honetan ez da horrelakorik gertatzen.
Ildo horretan, epai batzuek Osakidetzaren ikuspegiarekin bat egiten dute, besteak beste, Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiaren 90/08 Epaiak, zeinak honako hau adierazten duen:
«Alderdi demandatzaileak alegatutakoaren kontra, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 26.3 artikulua ez da aplikagarria Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoaren deialdietan. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 2. artikuluak Funtzio Publikoa Eraberritzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen eskema bera erabili zuen. Hala, osasun-langileak bere aplikazio-esparrutik baztertu zituen, eta agindu horretako 3. zenbakian xedatu zuenez, aipatutako legea ezarriz osasun-langileen berezitasunetara egokitzeko arau bereziak eman zitezkeen. Baina hamabigarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera, Gizarte Segurantzako estatutupeko langileak «apirilaren 25eko 14/1986 Legean ohartemandakoen arauera eta honetan adierazitako printzipioen esparruan, Eusko Legebiltzarraren Legez zuzenduko da. Bien bitartean, aipatu langilego hori, lege honetako II, IV, V eta VI Idazpuruetan eta bakoitzari dagokion Estatutuan dauden oinarrizko erabakietan agindutakoak zuzenduko du». EFPLaren hamabigarren xedapen gehigarriak lege horretako II. tituluan agertzen den arauketara bideratzeak zuzenbide intenporal eta behin-behinekotasun kutsu nabarmena du, «legedia bereziaz» adierazitakoak barne.
Bada, legedia berezi hori Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea argitaratuz ezarri zen (1997ko uztailaren 21eko EHAA). Geroago, Osasun-zerbitzuetako Estatutupeko Langileen Esparru Estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legea eman da, Euskal Autonomia Erkidegoan ere aplikagarria, oinarrizko legediaren parte diren alderdietan....».
Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioek Osakidetzan zerbitzuak emateko zerbitzu-eginkizunak egiten direnean, administrazio publikoen arteko lankidetzaren esparruan egin dira. Horretarako, euskal herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko urriaren 13ko 190/2004 dekretuak 51.1 eta 51.3 artikuluetan espresuki xedatzen duena bete da, eta kasu horiek bi urteko epemuga luzagarriarekin baimendu dira.
Laburbilduz, araudiak epemugak ezartzen dituenean, muga horiek zorrotz bete dira.
Bestalde, kontuan hartu behar da aldi baterako beteta dauden zerbitzu-eginkizunetako lanpostuak bere garaian deialdi baten xede izan direla lekualdatze-lehiaketa bidezko mugikortasun-prozesuetan edo, kasua bada, EPE bidezkoetan, erregelamenduaren arabera hornitzeko, izaera finkoarekin.
– Badira aldi baterako osagarriei buruzko berariazko araudiak (guardia medikoak, maila altuagoko egitekoak, txandakotasuna, gauekotasuna, jaiegunak, kokalekua, autokontzertazioa etab). Hala eta guztiz ere, ez dira beti betetzen, gehienbat benetan eman diren zerbitzuak egiaztatzeko dokumentazioa falta baita eta organo eskudunek ez baitituzte onartzen.
Alegazioa
Zerbitzuak egiaztatzeko dokumentazio faltagatik eta organo eskudunek onartu ez dituztelako betetzen ez diren ordainketa-kontzeptuei dagokienez esan behar dugu jarduera hori jasotzen duen tresna Giza Baliabideen Kudeaketarako Sisteman integratuta dagoen karteldegia edo txanda-planifikatzailea dela, eta horrekin kudeatzen direla denborak.
Karteldegi horretan, alde batetik, jardueraren datu teorikoa jasotzen da –hau da, programatuta dagoena–, eta, bestetik, karteldegi erreal deritzonean, benetan gauzatutako jarduera eta gainerako gertakariak (absentziak eta presentziak) jasotzen dira, nominan eragiten dutenak. Pentsatzekoa denez, zentro bakoitzak kudeatzen ditu karteldegietako aldaketak, jarduteko prozeduren eta barne-protokoloen barruan. Horrela, benetan egindako jarduera beti ordaintzen da nominan.
Enplegatuaren atariko proiektuaren baitan eta bertan definitu diren izapideen eta baimenen bideari jarraituz, gaur egun lanean ari gara kudeaketa-prozesu egokia zehazteko, eta horren bidez, karteldegian jasotzen den jarduera hori identifikatzeko, nominan ordain dadin. Karteldegiak jarduera erreala jasotzen du, eta, beraz, irtenbide formal posibleek ez dute laguntza-zerbitzuaren kalitatea urritu behar, ez eta aipatutako kudeaketa-tresna horrek denborak kudeatzeko duen sistema ere.
Adierazitakoa alde batera utzita, beste batzuetan jakinarazi dugun bezala, berretsi egiten dugu Giza Baliabideen Zuzendaritzak hainbat prozesu zehatz burutu dituela kontrol-elementuak aintzat hartuta (Ordainsariak kudeatzeko prozesu korporatiboa –nominak eta gizarte-segurantza– ISO 9001:2008 arauaren ziurtagiria).
Prozesu horren baitan hainbat adierazle definitu dira, Osakidetza osoan zein zerbitzu-erakunde bakoitzean. Adierazle horiek Zuzendaritza Nagusiak, batzordeak eta erakunde bakoitzak aztertzen ditu. Adierazleak zerbitzu-erakundeei bidaltzen zaizkie hiru hilean behin, horiek aztertzeko, arrazoitzeko eta beharrezko diren neurriak hartzeko, adierazleak zuzentzeko eta aurrerantzean halakoak saihesteko hobekuntzak ezartzeko helburuarekin. Beraz, adierazle horien azken helburua da zerbitzu-erakunde bakoitzak egiaztatzea ordainketak ondo egiten ari direla, eta benetan egindako jardueragatik ordaintzen dela.
III.1.2.– Kontratazioa.
– 33,2 milioi euroren truke esleitu ziren 16 espedientetan (obratakoak 2, zerbitzutakoak 5, hornidurakoak 7 eta hornidura eta obratako mistoak 2), eskaintza ekonomikoen balioespenean mugak edo atalaseak ezartzen dira, eta haietatik aurrerago beherapen gehiagorik aurkeztea sustagarririk gabe geratzen da, eskaintzarik onuragarriena aukeratu ahal izatea zailduz (36, 37, 39, 40, 41, 44, 52, 53, 54, 58, 59, 60, 64, 65, 71, 72. espedienteak).
Alegazioa
Prezio-irizpidea arrunta da lizitazio guztietan; izan ere, «eskaintza ekonomikoki onuragarriena» kontzeptutik ezin bereizi daitekeela ulertzen da.
Prezioari dagokionez, eskaintzarik baxuenari punturik gehien eman beharrean eskaintza ekonomikoen media aritmetikora gehien hurbiltzen den eskaintzari punturik gehien emango liokeen balorazio eredu bat jartzeko aukera onartzen dute hainbat administraziotako zerbitzu teknikoek. Bi noranzkoetan batez bestekotik aldendu ahala, puntuazioa proportzionalki igo edo jaitsiko da alderantzizko norakoan. AKABek 8/97 txostenean adierazten du SPKLTBko 150. artikuluak ez duela ezartzen baloratzeko arau zehatzik eta ostera, aipatutakoa bezalako formulak erabiltzeko aukera ematen duela pleguan berariaz jasotzen direnean formula horiek.
Prezio-irizpideari puntuazioa esleitzeko sistema proportzionalak erabili behar dira, eta haien artean atalase jakin baten azpitik eskaintzek ez dutela onura ekonomiko aipagarririk erakartzen irizten direnak ere bai, lizitatzaileak lehia «irrazionaleko» egoeran aurkitzeko zorian egongo bailirateke bestela.
Valentziako Administrazio Kontrataziorako Batzorde Nagusiaren 1/2001 Irizpenak, maiatzaren 21ekoak, lehiaketetan eskainitako prezioaren balorazio-irizpideari buruzkoak, zera ondorioztatzen du: «edozein kasutan ere, eskaintza merkeenek ezin izango dute hain merkeak ez diren eskaintzek baino puntuazio baxuagorik jaso». Hala ere, jarraian onartzen denez, hainbat balorazio-teknika ezar daitezke, besteak beste, tarteetan, indize zuzentzaileetan edo kontratazio-organoak komenigarritzat jotzen dituen beste edozein indizetan oinarritzen direnak, betiere horien emaitza lehen baldintza denean.
Balear Uharteetako Administrazio Kontrataziorako Batzorde Aholkulariak, 5/98 Txostenean, ekainaren 26koan, lehiaketak esleitzeko irizpidetzat prezioa balioesteari buruzkoan, esaten zuen «indarrean dagoen irizpidea da eskaintzarik baxuenari puntuazio hoberena ematea, zeinahi delarik hori egiteko erabiltzen den formula, ezohiko baxutasuna duten eskaintzei eman behar zaien entzute-eskubidea errespetatuz».
Hori guztia dela eta, bide batez, ondorioztatzen da aipatu premisak bete egiten direla.
Izan ere, eraginkortasunari ez zaio prezioaren ikuspegi hutsetik begiratu behar, kalitatearen eta prezioaren arteko ikuspegitik baizik. Puntu guztiak eskaintza merkeenari ematen bazaizkio, eskaintzen arteko diferentzia modu desegokian areagotzen da proportzionaltasunaren ondorioz; beraz, sistema kutsa dezake, eta beste irizpide batzuetan lortutako puntuazioari kalte egin diezaioke.
Esan den moduan, irizpide objektiboek irizpide subjektiboek (kasu honetan, prezioaren) baino garrantzi handiagoa izatea saihesten du aukera horrek, eta horrela hesitzen da, aurreikus litekeen moduan, lizitatzaileek portaera arriskutsuegiak hartzea, are beherapen handiagoak eginez eskaintza ekonomikoak (irizpide objektibo nagusia bihurtzean) puntuazio altuagoak erakarriko lituzkeelako gainerako balioespen-irizpideek baino.
Are gehiago, haren xedea da aurreikusten den haztapenaren helburuari eustea, eta bidenabar egokia da hura jasotzea osasunarena bezain sentibera den sektore batean non haztapen oker batek desitxuratu baititzake eskakizun teknikoak –normalean, prestazioa zuzen egikaritu ahal izateko funtsezkoenak izaten direnak– eta desegin baitezakete nahitaezko kalitate/prezio harremana, horrek erakar dezakeelarik lehia desitxuratzea.
– 4 milioi euroren truke esleitutako 3 espedientetan (horniduretako batean eta zerbitzuetako bitan), esleipen-irizpideen garapena, haren zenbatespena balio-epai baten mendekoa izanik, urria da Azalean zein Pleguetan (SPKLTBko 150. artikulua) (52, 62, 73. espedienteak).
Alegazioa
52, 62 eta 73 espediente horietan ezartzen diren balioespen-irizpideek argi eta garbi azaltzen dituzte puntuatu nahi diren helburu zehatzak zein diren, eta azpimarratu behar da, ezaugarri teknikoak baloratzeko erabiliko diren esleipen-irizpideak baloratzeko eta haztatzeko metodoak xehatuta eta zerrendatuta ematen direla, kontratuaren xedearekin zuzenean lotuta daudela, eta lagungarriak direla Eskaintza Onuragarrienaren deklarazioa zuhurtasunez emateko. Hautatutako irizpide bakoitzaren definizioak argi adierazten du zein den lortu nahi duen helburua. Ebaluazio kualitatiborako kontuan hartuko diren elementuak zehaztuta daude; azpi-irizpideak deskribatzen ditu eta bakoitzari nolako puntuazioa eman ahal izango zaion adierazten du (hain zuzen ere 62. espedientean). Puntuazioen progresibotasuna erabakitzen duten mekanismoak eta parametroak zein diren ezartzen du, puntuazioa iritziaren araberakoa izan ez dadin.
Abiapuntuko premisatzat hartuz esleipeneko irizpideak direla aintzat hartu behar diren elementuak kontratista aukeratzeko orduan, eta interes publikoa hobekien asetzen duten eskaintzak hautematera eta Kontratazio Publikoaren alorrean burutzen ditugun jarduketak hobetzera bideratzen direla, Osakidetza aspalditik ari da hori lantzen eta gaur egun modu xehatuagoan garatzen dira bai esleipen-irizpideak eta bai haien haztapena.
– 40 milioi euroren truke esleitutako 14 espedientetan (zerbitzutakoak 4 eta horniduretakoak 10), aurreikusten diren aldaketek ez dituzte betetzen modu argi, zehatz eta zalantzagabean aurreikus litezkeenak, zehaztasunez eta egiaztagarritasun objektiboz, izateko baldintzak, muga kuantitatiboari dagozkionak ez badira (SPKLTBko 106. artikulua) (37, 38, 40, 50, 51, 52, 54, 56, 66, 67, 68, 72, 74, 77. espedienteak).
Alegazioa
Osakidetzak beharrezko neurriak hartu ditu hautemandako gabezia hori zuzentzeko.
– 968 mila euroren truke esleitutako 2 hornidura-espedientetan (obretakoa bat eta zerbitzutakoa bestea), balio-epaien araberako irizpideen balorazio-txostenak ez dira modu argudiatuan aurkeztu (SPKLTB 150 eta 151.4 artikuluak.) (73, 75. espedienteak).
Alegazioa
Osakidetzak, Kontratazio Publikoaren alorrean ditugun jarduketak hobetze aldera eta esleipenen zio diren helburuak aintzat hartuz, beharrezko neurriak hartu ditu hautemandako gabezia hori zuzentzeko.
– Bestalde, KEBak egindako Kontrol Txostenen berrikuspenean, zatikapena hauteman da produktu homogeneoen erosketan, eskaintzen eskaririk gabe. Zatikapen hori 7,3 milioi euroko erosketetan hauteman da, aztertutako 71,8 milioi euroen artean; hau da, erosketen % 10,2an.
– Era berean, 13 zerbitzu-erakundetan kontratu txiki gisa izapidetutako inbertsioetatik –4,4 milioi euroko guztizko kostuarekin–, kontratuaren objektua zatikatu dela hauteman da erakunde horien 3 zentrotan eta 842.487 euroko zenbatekoari dagokionez. Beraz, ez dira errespetatu legeak ezartzen dituen kontratazio-prozedurak. «Erabilera klinikorako makineria» delako kontuan gertatu da kasu horien guztien % 75.
Alegazioa
Alegazioa jarraian ageri da, A.4 - Kontratu Txikiak atalean.
Kontratu Txikiak
Alegazioa
Kontratu txikien bidez erositako sendagaien kontratazioari dagokienez, Auzitegiaren txostenean azaltzen den moduan, bilakaera positiboa nabarmendu behar da kontratu txikien zenbatekoa murriztu egin delako: 2012ko 72,1 milioi eurotatik 2016ko 21,9 milioi eurotara.
Horren harira, aldez aurreko ohartarazpen hauek egin behar dira:
KEBak 21.858 mila euro aztertu ditu, zuzeneko eskaeratzat jotzen dituenak. Txostenaren arabera, zenbateko horren 2.303 mila eurok lege-babesa dute kontratua indarrean egoteagatik; ondorioz, legeak babesten dituen eskaerak lirateke, Osakidetzaren eta esleipendun laborategiaren artean indarrean dagoen kontratu baten bidez. Kontratuz kanpoko gisa oker egotzitakoak dira, kontratua egon, badagoen arren. Horiek ez ziren kontuan hartu behar, eta ez lirateke kontratu txiki gisa izapidetutzat jo beharko. Hori % 11 da, 21.858 euroko zenbatekoari dagokionez.
Diferentzia hori kontuan izanda, 19.555 mila eurotik abiatuta egin beharko litzateke azterketa (21.858-2.914); hau da, 24.000 eurotik gorako (KEBak zifra horretatik aurrerakoak jotzen baititu intzidentziatzat) erosketa-maila izan duten espezialitate farmazeutikoen azterketa zenbateko txikiago batetik abiatuta egin beharko litzateke. Azken finean, 8.739 mila euroko zifra nabarmen handiagoa da benetakoa baino (nahiz eta ezin daitekeen erabat zehaztu, esan liteke, proportzioan, 19.555 eurotik abiatuz gero, 7.818 euroko zifra aterako litzatekeela). I. eranskinean 2.303 mila euroko guztizko balioa duten eskaeren zerrenda jasotzen da; Aldabide-SAPen garapen informatiko baten bidez erauzi dira horiek, kasuistika detektatu ahal izateko.
Espezialitate farmazeutikoko zenbatekoa 24.000tik gorakoa duten 8.739 mila euroko guztizkotik % 58,29 merkaturatze esklusiboko sendagaien edota biologikoak eta ez kimikoak diren sendagaien erosketari dagokio.
Esklusibotasunak esan nahi du sendagai batek hornitzaile bakarra duela eta, beraz, sendagaiak patologia jakin bat tratatzen duen hornitzaile bakar horri eskatu zaizkiola; halakoetan, ezinezkoa da lehia-printzipioa urratzea. Nabarmendu behar dugu halako kasuetan hornitzaile bakarra dagoela, eta sendagaiaren prezioa Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak ezartzen duela. Gogoan izan behar dugu Espainian sendagaien prezioak ez direla askeak eta aipatutako Ministerioak ezartzen dituela. Hain zuzen, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (aurrerantzean, AEMPS) sendagaiei buruzko onlineko informazio-zentroa (CIMA) du bere webgunean. Horretan, sendagai bakoitzaren titularrak nor diren zehazten da, eta, beraz, azalpen hauetarako hain funtsezkoa den datu hori egiazta daiteke (http://www.aemps.gob.es/cima/fichasTecnicas.do?metodo=detalleForm).
Best alde, sendagaiak biologikoak eta ez kimikoak izateak konplexutasun handiagoa dakar bai sendagaiok erabiltzean bai haien jarraipena egitean, eta horrek espedientearen izapidetzea baldintzatzen du. AEMPSek berak ere sendagai horiek ordezkaezinak direla ezartzen du eta, 2009-04-24ko oharrean (II. Eranskinean dago erantsita) adierazten du ezen, pazienteen osasuna babeste aldera, sendagai biologikoak ezingo direla ordeztu sendagaia emateko momentuan sendagaia agindu duen medikuak berariaz baimenik ematen ez badu. Gainera, konplexutasun tekniko hori dela-eta, sendagai biologikoak komertzializatzeko baimena EMAk, Europako osasun-agentziak, bakarrik eman dezake, eta ez agentzia nazionalek.
III. eranskin atxikian, sailkapen horren araberako sendagaien zerrenda azaltzen da eta, adibide gisa, hornitzaile bakarra duen sendagai baten egiaztagiri bat ere azaltzen da, CIMAtik aterata (Carbaglu da azido karglumikoa printzipio aktiboa duen sendagai bakarra).
Txostenean aipatzen diren farmako ia guztiak ospitalean erabiltzekoak dira; hau da, konplexutasun tekniko handiko sendagaiak dira eta patologia larrietarako, patologia ezgaitzaileetarako, diagnostikatzen oso zailak diren patologietarako, asistentzia-eskaria aurrez zehaztea ezinezkoa den patologietarako dira aproposak eta pazienteentzako eta gero kontsumitzeko aproposak. Orobat, oso garestiak dira.
Zerbitzu-erakundeek egiten duten erosketen kudeaketaren helburua asistentzia-premiak berehala asetzea da. Sendagaiak funtsezko hornigaiak dira asistentzia-zerbitzuek behar bezala funtziona dezaten; ezin zaio zerbitzua emateari utzi kontratazio-espedientea prestatu eta lizitazioa egin bitartean; izan ere, konplexutasun tekniko handiko prozedurak dira eta espezifikotasun zehatzak dituzten merkatu farmazeutikoko kanpo-elementuen eraginpean daude. Konplexutasun horri erantsi behar diogu sendagaiak, oro har, hainbat modu farmazeutiko edo galenikotan eman ohi direla (konprimatuak, kapsulak, disoluzioan, injektagarriak, etab.); sendagaien dosifikazioa, eszipientea, iraungitze-data eta egonkortasuna ez dela guztietan berbera eta erabiltzeko baldintza eta modu desberdinak daudela. Bestalde, hornitzaileek hainbat baldintza logistiko eskaintzen dituzte eta hori ere aztertu behar izaten da.
Teknikariek egiten duten aldez aurretiko azterketa hori guztia konplexua da eta lan handia eskatzen du eta luze jotzen du izapidetzeko. Denbora hori kontratazio-espedientearen barruan kontatzen da, baina ez du eraginik kontratu txikiko erosketak murrizteko.
Ondorioz, kalitateko osasun-asistentzia bermatu ahal izateko, nahitaezkoa da espedienteak hasi aurretik egin beharko diren ekintzak zehaztea, kontrataziorako baldintza tekniko, ekonomiko eta logistiko egokienak zehaztu ahal izateko.
Atal honetan Osakidetzak sendagaien kontratazioan egiten duen ahalegin handia nabarmendu behar da; hala, aurrekontuen egonkortasunarekin eta gastuen kontrolarekin lotutako helburuaren arabera, funts publikoen erabilera eraginkorra bermatzen da, baita erosketa integratuaren hobekuntza etengabea ere, teknikarekin eta prezioarekin zerikusia duten baldintza hoberenak lortzeko tresna gisa.
Hurrengo laukian Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren intzidentziak laburtzen dira, baita farmaziako urteko gastuarekin duten erlazioa ere, ehunekoetan; hala, aipatutako esfortzua ikus daiteke, kontratazioaren bilakaera positiboa baita. Nabarmendu behar da 2016. urtean zehar intzidentziak % 3 besterik ez zirela izan sendagaien guztizko gastuari dagokionez.
Aurretik aipatutako ohartarazpenak kontuan hartuz, Osakidetzak alegazio hauek egiten ditu:
Sendagaiak erosteko eginiko 24.000 eurotik gorako erosketen guztizko 8.739 mila euroetatik, gutxienez 868 mila euro (% 10) eskabidea egiten den egunean indarrean dagoen kontratu baten babesean dagoen kodea duten sendagaiei dagozkie. Ondorengo agiriak frogagiri gisa erabil daitezke:
IV. eranskina (sendagaien zerrenda, Aldabide-SAP esparru-kontratuaren zenbakia eta kontratuaren hasiera- eta amaiera-data).
Espedienteen eta Osakidetzak eta hornitzaileek sinatutako kontratuen agiriak eskuragarri daude Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusian.
Sendagaiak erosteko eginiko 24.000 eurotik gorako erosketen guztizko 8.739 mila euroetatik, 30,27 mila euro Barakaldo-Sestao ESIri esleitu zaizkio Harvoni (704630) espezialitateagatik, kontratuz kanpoko eskaerarik ez dagoenean espezialitate horretarako, zenbateko horrekin eta erakunde horretarako. Frogatzat balio beza ondorengo laukiak non agertzen baita espezialitate horretarako eskaera bakarra, 24.000 euroko zenbatekora iristen ez dena eta Barakaldo-Sestao ESIari ez dagokiona:
Ezezaguna da kalkulu-akats horren munta eta 8.739 mila euroko zenbateko globalean horrek duen eragina.
Sendagaiak erosteko eginiko 24.000 eurotik gorako erosketen guztizko 8.739 mila euroetatik, 39,97 mila euro Bidasoako ESIri esleitu zaizkio Prolastina (656186) espezialitateagatik, benetako zenbatekoa 36,93 denean. Frogatzat balio beza ondorengo laukiak, espezialitate horretarako eta erakunde horretarako kontratuz kanpoko eskaerak azaltzen dituenak:
Ezezaguna da kalkulu-akats horren munta eta 8.739 mila euroko zenbateko globalean horrek duen eragina.
– Beste produktu batzuei dagokienez, hautemandako 82,9 milioi euroetatik, ez da publizitate- eta lehia-irizpidea errespetatu 72,9 milioi euroko erosketetan, eta lehiari dagokionez, hori ez da errespetatu 10 milioi euroko erosketetan.
– Era berean, 13 zerbitzu-erakundetan kontratu txiki gisa izapidetutako 4,4 miloi euroko inbertsioen erosketa aztertu da. Aztertutako ibilgetuen kontuetan erregistratutako alten % 9,06 osatzen dute gutxi gorabehera. Egindako lanetik ondorioztatzen da kontratuaren objektua zatikatu dela, eta kontratu txikien % 19,1ak lehiaren printzipioa alde batera utzi duela. Kontratuok zerbitzu-erakundeen 3 zentrori dagozkie eta 842.487 euroko zenbatekoa dute. Horietako % 75 «Erabilera klinikoko makineria» kontuan gertatu da.
Alegazioa
Hala, adibidez, erosketa zentralizatuari dagokionez, 2016ean zazpi espediente esleitu dira (21.122.429 euro); horietako hiru Administrazio Kontseiluaren Akordioan lehenbiziko aldiz sartutako produktuei dagozkie. Akordio horren bidez, inbertsio estrategikoak eta ondasunen eta zerbitzuen erosketak, kontratazio zentralizatutakoak, eta erosketa integratuen programa zehazten dira, 5.601.897 euroko zenbatekoz.
Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian, lizitazioen kopurua handitzeaz gain (konplexutasun handikoak batzuk), KEAOan jarritako helegiteen hazkundeari aurre egiteaz gain (bost espediente izapidetu ziren 2016an eta bakarra 2015ean), eta katalogoaren kudeaketa hobetzeaz gain (oinarri tekniko egokien planifikazioa eta eraketa hobetzeko ezinbesteko oinarria), informazio-sistemen hobekuntzan aurrera egin da, eskaera zuzen bidez egindako erosketen benetako inpaktuaren jarraipen egokia egin ahal izateko.
Bestetik, EK indarrean duten eskaera zuzenen zerrenda txostena diseinatu da, informazioa ateratzean erroreak zuzentzeko; horren bidez, erakundeei jakinarazten zaie zer eskaera (espedientearen babesa eta esparru-kontratua indarrean izan arren) ez diren geratu azken horretara loturik.
Baina eragin positibo gehien izaten ari den neurria, hain zuzen ere, eskaera horiek aurrerago EKrekin lotzeko aukera ematen duen prozesu informatikoa abian jartzea izan da.
2016an hedatu zen prozesua erakundeetara, eta hori aldian-aldian exekutatzeko formulak gaitzen ari dira; beraz, pentsatzekoa da horren aplikazioaren emaitzak adierazgarriagoak izango direla hurrengo urteetan. Hala ere, ekitaldi osoko eskaerak esleitu ahal izan baziren ere EKra 2015ean, lauhileko mugapen bat ezarri da 2016an, ezinezkoa izan dadin kontratu txikiak argitaratu eta gero haiek EKra esleitu ahal izatea.
2016 ekitaldian, esparru-markoa indarrean zuten material-eskaera hauen zenbatekoak ezin izan dira dagokien espedientearekin lotu:
Laukiak artikulu multzoen banaketa erakusten du. EXPTE zutabeak adierazten du eskaerekin lotu beharreko esparru-kontratuak erakundeen (ZENTROAK) berezko espediente bati loturik ote zeuden, edo espediente zentralizatu bati (OSC1).
EK indarrean duten eskaera zuzenen zerrendatik atera da datu hori, 2018ko maiatzaren 17an. Inputatu gabeko eskaeren guztizkoari dagokio 2.967.524 zenbatekoa, baina KEBak irizpidetzat darabilen 24.000 euroko mugapena erabiliko balitz, 2.525.894 eurokoa izango litzateke zenbatekoa.
Beraz, uste dugu 2,5 milioi euroko zenbatekoa kendu egin beharko litzatekeela erosketa txikiari dagozkion intzidentzietatik.
Azkenik, erosketa txikiko zenbatekoak murriztea zailtzen duten arrazoiak azaldu nahi ditugu jarraian:
1.– Esparru-kontratua, hura esleitu ostean hasi izana. Hainbat pausu jarraitu behar dira: materialen kode berriak irekitzea edo gaur egun erabiltzen direnak aldatzea erreferentzia aldatuz, zentroetako biltegi guztietan parametrizatzea eta Info erregistroan prezioak eguneratzea eta, gainera, inplanteen kasuan, kontsignan dauden stock-ak eguneratu egin behar dira.
2.– Kontratuaren egikaritzapenaren jarraipena. 2015ean Aldaka-inplanteen eta Bihotz-balbulen espedienteak esleitu izanak kontratuaren egikaritzapenaren jarraipen-txostenetan kontrolatu behar ziren esleipendunen kopuruan 25 gehiago izatea erakarri zuen, eta horren ondorioz ugaritu egin ziren 2016an hobekuntza teknologikoekin zerikusia zuten produktu-ordezkapenak, ondoriozko produktu-katalogoaren eta eraginpean zeuden EKetako eguneratzeekin (17 intzidentzia aldaka-inplanteetan eta 3, bihotz-balbuletan).
3.– Batzuetan, kontratua amaitzen denetik hurrengoa esleitzen den arteko epeak agerian uzten du zenbait artikuluren kasuan ezin dela horien erosketa atzeratu.
Hori gertatzen da, noizean behin, artikulu baten erosketari izaera estrategikoa aitortzen zaionean, eta horren izapidetzea atzeratzen denean.
Horren adibidea da 4104-Kanpoko Jostura mekanikoa 4105- Barneko Jostura mekanikoa azpimultzoko zenbateko ia guztiaren kasua; erosketa estrategikotzat jo zen 2015ean, baina horren konplexutasunagatik eta Fixaplus, SL enpresak aurkeztu zuen kontratazio-gaietako errekurtso berezia zela-eta, ezin izan zen esleitu 2016ko urrira arte (G/113/20/1/0667/OSC1/0000/032016). Horregatik 774 mila euroko zenbatekoa erosketa txiki moduan izapidetu zen Donostialdea ESIn.
Beste horrenbeste gertatzen da 4711-12 Disekzio-kauterizazio artaziak, behin erabiltzekoak eta berriz erabiltzekoak azpimultzoko materialekin, KEBek Donostialdea ESI, Barrualde ESI eta Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzeta ESIri buruz egindako txostenetan 1.453 mila eurotan balioesten direnetan. 2016ko akordioan Bisturi harmonikoen terminalak espedientean jaso zen, bi azpimultzo horietan sailkatutako produktuekin. Espediente konplexu horrek bisturi harmoniko-hodi zigilatzaileentzako energia-sorgailuen erosketa edo, behar izanez gero, lagapena jasotzen zuen. 2016an ez zenez lortu, 2017an erosketa zentralizatuen zerrendatik ateratzea erabaki zen.
Bestalde, edozein espedienteren izapidetzea oso konplexua eta luzea izaten da, erosketa integratuen kasuan zein zentroaren berezko erosketetan. Hainbat zerbitzu koordinatu behar izaten dira eta, batzuetan, diziplinarteko Batzorde Teknikoetan, Kontratuen Legeak ezartzen dituen epeen barruan, gehienetan laburregiak diren arren.
4.– Eskaera eta espedientea modu egokian batera erregistratzea oztopatzen duten arazoak, erosketa txiki gisa erregistratuz, erosketa txikia ez den arren. Adierazi dugun bezala, intzidentzia horietako batzuk aurrerago zuzendu daitezke SAP transakzio berriaren bidez; beste batzuk, ordea, ez. Hauek nabarmentzen dira:
4.1.– Partekatutako esleipenetan, SAPek hornitzaile finkotzat jotzen du esparru-kontratu mekanizatua duen azken hornitzailea, eta gainerako esleipendunei egiten zaizkien eskaera guztiak ez zaizkio esparru-kontratuari lotzen.
4.2.– Eskaeraren eskuzko mekanizazioa da beste arrazoietako bat, ez baitira kontratu-zenbakia eta materialaren posizioa jasotzen. Datu horiek artikuluarekin erlaziona daitezke eskaera modu automatizatuan egiten denean soilik.
4.3.– Eskaeraren guztizko zenbatekoak esparru-kontratuak baimentzen duen zenbatekoaren muga gainditzen du, eta intzidentzia izapidetzeko epean zehar egiten diren eskaerak erosketa txiki gisa erregistratuta geratzen dira, kontratua luzatzeko aldaketa egiteko denborarik eman gabe. Intzidentzia hori nekez aurreikus daiteke batzuetan; izan ere, aipatzen ari garen arazo teknikoen ondorioz, eskaerak aurrerago egokitu behar izaten dira.
5.– Esleipenduna ez den hornitzaile bati egindako material-eskaera zuzenei dagokienez, intzidentziaren bat gertatzean egiten dira, esleipendunaren stock-a hausten denean-denbora mugatu batez beste hornitzaile bati erosi behar zaio-, edo hornitutako materialaren kalitatean arazoak daudenean –pazientearen arretan arriskua sor dezakete–.
2016 ekitaldian zehar, adibidez, intzidentzia adierazgarri hauek gertatu dira:
G/112/20/1/1574/OSC1/0000/112014 espedientea Inkontinentzia Produktuak
5.– Sortaren (oihal xurgatzaileak) esleipenduna: Dispomedis SL (2143968 90X60cm, 2143964 60X40cm). Kontratuaren indarraldia: 2015/05/08 – 2017/05/07.
Lehen kexek oihalaren xurgatze urriarekin zuten zerikusia. Aurrerago, esleipena egin eta hilabete gutxira, hainbat kexa egon ziren esleipenduna entrega-epeetan etengabe berandutzen zelako; beraz, erakundeek eskaera zuzenak egin behar izan zizkieten bestelako hornitzaileei, biltegian stock hausturak saihesteko eta ospitaleetan zein osasun-zentroetan zerbitzuak ematen jarraitu ahal izateko. Gainera, eskaera horiek esleitutako prezioa baino altuagoa zutenez, galera ekonomikoak eragin zizkioten Osakidetzari. Kontratua 2017an amaitzen zela kontuan hartuz, eta baldintza horietan ezin jarrai zitekeela gogoan hartuz, kontratua deuseztatzeko eta kalte-galerak eskatzeko izapideak hasi ziren. (Memoriaren data kontratazioan: 2016ko maiatzaren 12a).
Enpresak uko egiten zion proposatutako kontratu-indargabetzeari, eta ez zetorren bat indargabetze horretan aipatzen diren gertaerekin, bertan jasotzen den kalifikazio juridikoarekin eta administrazioari eragindako ustezko kalte-galeren kalte-ordainerako zenbatekoarekin. Gaia Aholku Batzorde Juridikora eraman zen, eta horrek, 2016ko abenduaren 23an, kontratuaren indargabetzea ebatzi zuen.
Bestelako hornitzaileei egindako eskaera zuzenen zenbatekoa 2016-01-01etik 2016-12-31ra arteko epean: 197.595 euro (BEZa gabe).
Dispomedis SLrekin egindako kontratua 2017-01-18an amaitu zen eta une horretan bertan abiarazi zen plegu berriaren prestaketa-lana espediente berria lizitatu ahal izateko: G/110/20/1/1367/OSC1/0000/072017, 2017-12-07an esleitu zena. Espediente horretan jaso zen 2143966 OIHAL XURGATZAILEA 60x75cm-koa produktua, ordura arte Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzeta ESIan kontratu txiki bidez erosten zena (125.451 euro), 80.000 euro baino gehiagoko produktu-erosketa moduan, KEBaren txostenean hala jasota.
6.– Kontratuen indarraldian, halaber, honako hauek ere gertatzen dira: enpresek bat egiten dute, kontratuak lagatzen dituzte, izaera juridikoa aldatzen dute, etab. Horrek berekin dakar SAP – EGINBIDE sistemetan aldaketak egin behar izatea, eta, horregatik egiten dira eskaera batzuk kontratutik kanpo. 2016an 8 intzidentzia izan ziren horrelakoak kontratu zentralizatuetan.
G/110/20/1/0303/OSC1/0000/012013 espedientearen kasua da hori (puntzio-lantzetak eta odoleko glukosa zehazteko zerrenda erreaktiboak).
2015eko abenduaren 7an abian jarri zen Roche Diabetes Care Spain SL legezko entitate berria, diabetesa zaintzeko produktu-sorta merkaturatzen hasten dena; beraz, Roche Diagnostics SL hasierako esleipendunaren kontratua esleitzen zaio entitate berriari. Enpresak Osakidetzari jakinarazten dionez, Roche Diagnostics enpresari eskaerak egiteko azken eguna 2015eko abenduaren 3a da. Hala ere, kontratuaren segida 2016ko otsailaren 12an formalizatzen da; hori dela eta, bitarte horretan eskaera zuzenak egiten dira.
Bi zerrendak, 2108192 eta 2108216 kodeekin, 4516 Zerrenda erreaktiboak azpitalde homogeneoaren barnean sartu dira.
Roche Diabetes Care Spain SL enpresari egindako eskaera zuzenen zenbatekoa 2016-01-01etik 2016-02-11ra arteko epean: 77.478 euro (BEZik gabe). (Ikus VII. eranskina). Gure ustez, BEZik gabeko zenbateko hori azpitalde horren erosketa txikitik kendu egin beharko litzateke.
III.2.– Osatek SA.
III.2.1.– Aurrekontua eta aldaketak.
– Langileen gastuaren 2016ko aurrekontuaren zenbatekoa, aurreko ekitaldietan bezala, ez dator bat gizartearen benetako beharrekin. Ekitaldia ixtean, beraz, 2,4 milioi euroko aurrekontu-aldaketa onartu da, eta langileen gastura transferitu da hasieran aurrekontuan sartu zen gehiegizko funtzionamendu-gastua. Langileen gastuentzako aurrekontu egokia egitea gomendatzen da, baita aurrekontu-plantilla egokia egitea ere, eta 2016an indarrean zeuden kudeaketa-mandatuetatik eratorritako benetako beharretara egokituz egin behar da azken hori.
Alegazioa
Langileen gastuentzako aurrekontuaren zenbatekoa baimentzen den gehienezkoa da, onartutako plantillaren arabera. Osatek 2008tik eskatzen ari da plantilla handitu dadila benetako beharrei egokitzeko, baina orain arte ez da baimenik eman. Hori dela eta, beharrezko aurrekontu-aldaketak izapidetu behar izaten ditugu urtero.
III.2.2.– Langileen gastuak.
Ordainsariak
– Produktibitate-osagarriaren kontzeptuak 2016an 3,4 milioi euro baino gehiagoko gastua ekarri du, hau da, soldaten eta ordainsarien zenbatekoaren % 31,98. Miaketa informatuen zifra honetatik gora jasotzen da osagarria: erradiologoen kasuan, 1.599tik gora, eta gainontzeko langile zuzenentzat, txandako 10etik gora. Zifra hori ez da 2001etik eguneratu, erabilitako ekipamenduek prestazio eta eraginkortasun handiagoak izan arren. Alderdi hori, hain zuzen, kontuan hartu behar da, 2001ean onartu zen ordainsari-sisteman erregulatu zen bezala. Erradiologoen miaketa informatuen batez bestekoa 3.093 izan da 2016an, eta gainontzeko langile zuzenena, txandako 18. Hori dela-eta, lehen aipatutako zifrak eguneratzea gomendatzen da, eta produktibitateagatiko pizgarriaren kalkulua benetako batez besteko zenbakietara egokitzea.
Alegazioa
Kategoria bakoitzari dagozkion zenbatekoak hitzarmenean eta erradiologoen kategorietan zehaztu daude, horietako bakoitzak sinatutako eranskinetan.
Ordainsari finkoaren eta aldakorraren arteko banaketaren ehunekoa (% 31,98) urteroko ehunekoaren antzekoa da (% 32 2015ean).
Osagarria jasotzeko behar diren miaketa informatuen gutxieneko zifrei eta 2001etik eguneratu ez izanari dagokienez, datu hori ez da zuzena, 2001. urtetik aurrera sinatutako hitzarmenetan bi aldiz eguneratu baitira. Hala, erradiologoak ez diren langileen kasuan, 8 miaketa izatetik 10 izatera igaro dira gaur egun, eta langile erradiologoen kasuan, 1544 izatetik 1599 izatera.
– 2016an ordaindutako ordainsarien kasuan, 2015eko fiskalizazio-txostenean hautemandako alderdiak mantentzen dira: lurraldeetako buruei miaketa bakoitzarengatik ordaindutako zenbatekoan dagoen aldea, gainontzeko erradiologoekin alderatuz; erradiologo baten oinarrizko soldataren desegokitasuna hitzarmeneko taulekin bat ez etortzeagatik; eta langile teknikoei ordainsari finko modura oinarrizko soldataren % 2 ordaintzea, urteko ekoizpen osagarri kontzeptuan. Azken horrek praktikan ordainsari finkoa jasotzea dakar, indarreko ordainsari-tauletan finkatutakoa gaindituko lukeena.
Alegazioa
Lurraldeetako buruei miaketa bakoitzarengatik ordaindutako zenbatekoan dagoen aldeari dagokionez –gainontzeko erradiologoekin alderatuz–, eta langile teknikoei– urteko ekoizpen osagarri kontzeptuan– ordainsari finko modura oinarrizko soldataren % 2 ordaintzeari dagokionez, Kontuen Auzitegiko Epaiketa Sekzioak Behin Behineko Likidazio Akta eman duela aipatu behar da, alderdiei horiei dagokienez. 2015eko fiskalizazio-txostenean ere aipatu ziren, eta hau ondorioztatzen zen: «... jarduketen islaren arabera, Fiskaltzak baloratutako jarduketen irismena ez dela funts publikoen kontabilitateraino hedatzen; izan ere, agerian geratu den moduan, ezin da interpretatu, kontabilitateari dagokionez, zilegi ez denik», eta «.. emandako dokumentazioaren arabera, justifikaturik geratu dela Lurraldeetako buruek eta Unitateetako buruek jasotzen duten pizgarriaren % 26,82ko gehikuntza, erradiologoekin alderatuz». Jarraian aipatzen duenez, «gehikuntza hori ez da soilik 2015eko ekitaldian gertatu; izan ere, 2001. urtetik 2017. urtera ikus daitekeenez, desberdintasunak egon dira pizgarridun miaketaren unitate-kantitateetan, erradiologoen eta Unitateetako buruen artean...». Pizgarrien kantitatea horiek, gainera, «2001. urtetik eman diren hitzarmenak sinatzean adostutako akordioetan dute babesa..., horiek ondo aztertu ondoren».
Azkenik, Behin Behineko Likidazio Aktak egiten duen bezala, aipatu behar da Osatek SAren Hitzarmen kolektiboek, hots, enpresaren Zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien artean adostutakoek, Gobernuak negoziazio kolektiboaren esparruan hartutako gidalerroak betetzen dituztela.
Hori dela eta, gabezia ezabatzea eskatzen dugu.
– Osateken hitzarmenak izaera kualitatibo eta kuantitatiboko zenbait hobekuntza barne hartzen ditu «Antzinatasun» kontzeptuan eta zenbait gehigarritan, EAEko Administrazio Orokor eta Instituzionalarentzat eta, zehazki, Osakidetzarentzat aplikatu daitekeenari dagokionez. Gomendagarria izango litzakete, ahal den neurrian, nomina-kontzeptuak eta, oro har, 2007an sinatu zen eta indarrean den hitzarmenaren baldintzak homogeneizatzea.
Alegazioa
«Antzinatasun» kontzeptuan eta zenbait gehigarritan egon diren izaera kualitatibo eta kuantitatiboko zenbait hobekuntzen erreferentziei dagokienez, osagarriok enpresaren hitzarmen kolektiboan zehazten dira, langileen ordezkarien eta enpresen arteko negoziazio askearen emaitza gisa. Hitzarmenak ez du loturarik ordezkari sindikalen, EAEko Administrazio Orokor eta Instituzionalaren eta Osakidetzaren arteko negoziazioarekin. Hala, aurreko puntuan adierazitakoa errepikatzen da, hots, sinatutako hitzarmenek Gobernuak hartutako gidalerroekin bat egiten dutela.
Aipatutako Behin Behineko Likidazio Aktak egiten duen bezala, aipatu behar da OSATEK SAren Hitzarmen kolektiboek, hots, enpresaren Zuzendaritzen eta langileen ordezkarien artean adostutakoek, Gobernuak negoziazio kolektiboaren esparruan hartutako gidalerroak betetzen dituztela.
Aldi baterako kontratuei alta ematea
– 2016ko abenduaren 31n, ekoizpena dela-eta denboran luzatutako aldi baterako kontratuak ere badaude, eta horiek hasierako kontratu mota indargabetzen dute. Gainera, aldi baterako kontratuen kateaketak harreman mugagabe ez-finko bat bilaka daiteke, harik eta lanpostua erregelamenduz betetzen den arte, sozietatearen egiturazko plantillan egun halakorik ez baitago.
Alegazioa
Aldi baterako kontratazio hauek, 2008. urteaz geroztik enpresak plantilla handitzeko baimenik ez ematearen ondorio dira. Halaber, arreta-jardueraren igoerarekiko eta langile-hornidurarik gabeko instalazio berrien irekierarekiko proportzionalak dira.
III.2.3.– Kontratazioa.
– Ez da kontratazio-espedienterik lizitatu 70.438 euroko gastua ekarri duten 3 aseguru-poliza harpidetzeko. Poliza horiek kontratu txiki gisa izapidetu dira, eta sorten arabera lizita zitezkeen.
Alegazioa
70.438 euroko zenbatekoaren truke harpidetutako polizak arrisku hauek estaltzeko dira:
– Erantzukizun zibil profesionala, (20.062,36 euro).
– Ekipamendu elektronikoak (47.833,14 euro) eta
– Merkataritza-jarduera (2.542,06 euro).
Ekipamendu elektronikoei dagokiena, horren zenbatekoa dela-eta (47.833,14 euro), publizitaterik gabe negoziatutako prozedura baten bidez izapidetu zen, G/211/10/1/0004/O701/0000/112016.
Beste biak prozedura txiki gisa izapidetu ziren, horien zenbatekoek Osateken erosketa txikietarako barne kontratazio-jarraibideetan ezartzen den muga gainditzen ez zuelako eta arrisku-estaldura desberdinak zituztelako.