EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018217

156/2018 DEKRETUA, azaroaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna SL» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko baimena emateko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800156
Xedapenaren data: 2018-11-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201805542
Maila: Dekretua
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna SL» erantzukizun mugatuko sozietateko kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak ehuneko berrogeita hamarreko partaidetza du sozietate horren kapitalean; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gainerako ehuneko berrogeita hamarrekoa.
«Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna SL» sozietatearen xedea edozelako arte-lan eta -sorkuntza motak eskuratu eta ustiatzea da, baita arte-erakusketak eta -erakustaldiak antolatzea ere.
Sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2018ko maiatzaren 31n egindako bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, Bazkideen Batzarrari kapital-gehikuntza bat proposatzea erabaki zuen, beharrezko baliabideak lortzeko xedez; horiei esker, 2018ko ekitaldian zehar, ekin ahal izateko Bilboko Guggenheim museoaren bilduma propioko eskuratze-programari. Proposamen horrek hau dakar: Eusko Jaurlaritzak sozietatean beste 831 partaidetza harpidetzea laurehun eta laurogeita hemeretzi mila laurehun eta hogeita hemeretzi euro eta hogeita hamaika zentimoan (499.439,31) guztira, «Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna SL» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eutsi diezaion.
831 partaidetza horiek harpidetzeko kreditu egoki eta nahikoa dagoenez, eta lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.
Horretaz gain, kapital-gehikuntzaren ondorioz, beharrezkoa da «Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna SL» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, sozietatearen kapitalari dagokiona, hain zuzen.
Hori dela eta, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko azaroaren 6an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna SL» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte har dezan laurehun eta laurogeita hemeretzi mila laurehun eta hogeita hemeretzi euro eta hogeita hamaika zentimoan (499.439,31), sozietatearen batzar nagusiak adostutako gehikuntza osoaren gainetik; horretarako, sozietatearen 831 partaidetza eskuratuko ditu –bakoitzaren balio nominala seiehun eta bat euro eta zentimo batekoa da (601,01)– eta guztiak batera ordainduko ditu.
Onartutako partaidetza sozialaren balio nominal osoa bazkideek ordainduko dute 2018ko azaroaren 15a baino lehen, eskudirutan eta Europako moneta erkidean.
Gehikuntzaren ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietate horren kapitalean izango duen partaidetza berrogeita hamabost milioi seiehun eta laurogei hemeretzi mila bostehun eta hogeita hamasei euro eta hamar zentimokoa (55.659.536,10) izango da, laurogeita hamabi mila seiehun eta hamar (92.610) partaidetzatan banatua. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak «Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna SL» sozietatean edukiko duen partaidetza kapitalaren ehuneko berrogeita hamarrekoa izango da, gainerako ehuneko berrogeita hamarra berriz, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio.
2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetzen ordezkariari onar dezan «Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna SL» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, kapital-gehikuntzari egokitu dakion, honela: «Sozietatearen kapitala, harpidetua eta ordaindua, honenbestekoa da: ehun eta hamaika milioi hirurehun eta hemeretzi mila eta hirurogeita hamabi euro eta hogei zentimo (111.319.072,20), hau da, sozietatearen 185.220 partaidetza, bakoitzaren balio nominala seiehun eta bat euro eta zentimo batekoa izanik eta 1etik 185.220ra zenbakiturik, biak barne».
3. artikulua.– Ahalmena ematea Ondare eta Kontratazioko zuzendariari, aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 6an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.