EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018217

EBAZPENA, 2018ko urriaren 31koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2018-2020ko diru-laguntzen deialdia argitaratzen da.

Xedapenaren data: 2018-10-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201805541
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2018ko urriaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2018-2020ko diru-laguntzen deialdia onartu du. Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera –maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartua–, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio berau argitaratzea.
Azaldutako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2018-2020ko diru-laguntzen deialdia argitaratzea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu du, 2018ko urriaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, eta Ebazpen honen eranskin gisara jaso da.
Bigarrena.– Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakiak ondoreak izango dituela Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa jar dakiokeela organo horri berari hilabeteko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 31.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KUALIFIKAZIO APALEKO GAZTE LANGABETUEN AKTIBAZIO SOZIOLABORALERAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO 2018-2020KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA
2017-2021 Gizarteratzeko IV. Euskal Planak emandako definizioaren arabera, gizarte-bazterketa «gizarte-eskubideak gauzatzeko ezintasuna edo gaitasunik eza da, batez ere lan egiteko eskubideaz baliatzeko ezintasuna, baina baita ere hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubidea, kultura, osasuna, etxebizitza duina izateko eskubidea edo gizarte-babesa jasotzeko eskubidea».
Hori horrela, haren neurri guztiak gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzea sustatzera bideratuta daude, eta arrisku-faktoreen intzidentzia –bai banakoena bai estrukturalena– murrizten duten jarduerak garatzera.
Eskubide sozialen Europako Zutarriari jarraikiz, etengabeko prestakuntza eta ikaskuntza herritarren eta bereziki gazteen enplegurako eskubide aktiboa babesten duten funtsezko ardatzak dira. Helburu estrategiko gisa ezartzen du ahultasun sozioekonomiko handieneko egoeran dauden pertsonak, haien adina edozein dela ere, kalitateko hezkuntza- eta prestakuntza-zerbitzuetara heltzen direla bermatzea, aukera-berdintasuna sustatzeko eta helduen mundura arrakastaz igaro daitezen.
Xede horrekin, besteak beste, ezartzen du ahultasun handieneko egoeran dauden gazteak 2. mailako profesionaltasun-ziurtagirietara hel daitezen laguntzea, era horretan enplegura igarotzea bultzatzearren. Horretarako, proposatzen du DBH bertan behera uzten duten hezkuntza-premia bereziko ikasleei eta sostengu premia handieneko gainerako kolektiboei –desgaitasun intelektuala duten pertsonei, bereziki– lanbide-heziketari lotutako prestakuntza-aukerak eskaintzea eta lan-mundura arrakastaz igarotzen direla erraztea.
Helburu berarekin, Hezkuntza Sailak egoera horretan dauden gazteak Oinarrizko Prestakuntza Zikloetarantz bideratzeko hezkuntza-politika bat hasi du, halaber. Nolanahi ere, ahalegin hori gorabehera, Lanbide Heziketa arautzen duen araudia aplikatzearen ondorioz (8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzekoa), ezin dute horietan parte hartu 17 urtetik gorakoek edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa egin ez dutenek. Sartu eta onartzeko baldintza hori dela eta, prekaritate eta ahultasun sozioekonomikoko egoeran daude ehunka gazte, eta ezin dira sartu aukera-berdintasuna eta helduen mundura arrakastaz igarotzea errazten dituzten hezkuntza-zerbitzuetara.
Horren guztiaren ondorioz, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, hautemandako arazo hori arindu nahian, prestakuntza-programa bat abian jarri nahi du, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta, prestakuntza-aukerak sortzeko; era horretan DBH amaitu ez duten eta, zenbait arrazoirengatik, oinarrizko gaitasunik ez dutenez enplegurako prestakuntza jarraitu ezin duten 16 eta 25 urte bitarteko gazteak, honako kolektibo hauen profila dutenak, lan-mundura arrakastaz igaro daitezen errazteko:
– Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapak behin baino gehiagotan errepikatu dituzten ikasleak, titulua eskuratu gabe 17 urte egin dituztenak, eta, Oinarrizko LHko matrikula egiteko adina gainditzen dutenez, prestakuntza-bide horretara jotzerik ez dutenak.
– 16 urte baino gehiago dituztela iritsi diren gazte atzerritarrak eta, ondorioz, Bigarren Hezkuntzan eskolatu ez direnez, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko baldintzak betetzen ez dituztenak.
– Oinarrizko LH hasi duten baina, zenbait arrazoi direla eta, bertan behera utzi dutenak, eta, hara itzuli nahi dutenean, arauzko prestakuntza-ibilbidea aldi baterako eten dutenez hara itzultzerik ez dutenak, eta horrenbestez, enplegagarritasuna handitzeko prestakuntza hartzeko aukerarik gabe gelditu direnak.
Horretarako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, bere mendeko erakunde autonomoari, agindu dio ezen, aurretik aipatutako estrategia eta 2018-2020rako Lanbideren Plan Estrategikoa aintzat hartuta, prestakuntza-programa bat diseinatu eta kudea dezan, haren 1. jardun-ardatza eta D1.3 gidalerroa oinarri hartuta. Horren helburua honako hau da: lan-merkatu inklusiboa lortzea, hura osatzen duten kolektibo eta talde guztientzat bidezko aukerak sortu eta eskaintzen dituena, gazteen enplegua sortzea eta gaztei lan-arloan eta beren buruari dagokionez garatzeko aukerak eskaintzea.
Programa hori egiteko lagungarri, Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretua du, zeinaren 2. artikuluak xedatzen baitu enplegurako lanbide-heziketa lanbide-heziketaren sistemetako bat dela, enpresen artean eta langileen artean, langabeak (lehentasunez) nahiz lanean ari direnak izan, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Halaber, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloarekin koordinazioan. Azken hori honako hauen arduraduna da: lanbide-heziketa osoaren planifikazio estrategikoa, diseinua eta ildoak prestatzearena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, azken horrek dauzkan ardurei dagokienez.
Gainera, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horiek barne hartzen dute dagozkion diru-laguntza deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barnean, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza dago.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde honetako administrazio-kontseiluak, 2018ko urriaren 30eko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2018-2020ko diru-laguntzen deialdia onartu du, honako baldintza hauen arabera:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xedea hau da: 2018-2020 aldirako, oinarrizko gaitasunetako, gaitasun soziopertsonaletako eta oinarrizko gaitasun tekniko eta profesionaletako ibilbideak sortzen dituzten prestakuntza-proiektuak finantzatzeko laguntzak arautzea, era horretan prestakuntzaren hartzaileen garapen pertsonala eta laneratze zein gizarteratzea, baita 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskura ditzaten ere, laguntzearren.
2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren diru-baliabideak 1.497.750 euro dira; horietatik 378.000 euro 2018ko ordainketa-kredituari dagozkio, 748.875 euro 2019ko konpromiso-kredituari, eta 370.875 euro 2020ko konpromiso-kredituari.
Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, testuinguru hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da argitara EHAAn.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan jasotako diru-laguntzen onuradun izan ahalko dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailaren mendekoak ez diren prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoak, betiere, deialdi hau argitaratu baino lehenago prestakuntzako entitateen erregistro autonomikoan edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan egiaztatuta edo izena emanda daudenak, diru-laguntza eskatzen den Prestakuntza Proiektuetako prestakuntza-ekintzei dagozkien prestakuntza-espezialitateak irakasteari dagokionez.
Profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko egiaztatzea deialdi hau argitaratu aurretik eginda beharko da.
Oinarrizko zeharkako gaitasunen espezialitateetako izen-ematea prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egin beharko da.
2.– Diru-laguntza eskuratzeko, prestakuntza-erakundeek diru-laguntza eskatzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko giza baliabideak eta materialak izan beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute diru-laguntzaren esleipenaren ondoren horiek izango dituztela, prestakuntza-ekintzak hasten direnerako. Prestakuntza-ekintza gauzatzeko azpikontratatzea debekatuta dago. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.
Instalazio eta baliabide horiek entitatearenak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dira, eta, eskabidean aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurraldeetan izan beharko dituzte eskura baliabide horiek.
Informazio hori egiaztatzeko, entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, eta adierazpen horretan zehaztu beharko da zer instalazio dituen edo izango dituen entitateak prestakuntza-ekintza bakoitza egiteko, bai eta instalazio horiek zer eskualde eta lurraldetan kokatuta dauden ere.
Edonola ere, erakunde eskatzaileak adierazpen horretan jasotako datuak egiaztatzeko dokumentazioa prest izan beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat.
3.– Ezingo dira izan onuradunak honako egoera hauetako batean diren erakundeak:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar horiek egunean dituela, bai diru-laguntza eman aurretik, bai ordainketak egiteko unean, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, 50.3 artikuluan.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, egoera hori egiaztatzeko agiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.
c) Eskatzaileak zigor- edo administrazio-zehapenen bat izatea, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe uzten duenik, eta horretarako ezgaitzen duen lege debekuren bat izatea, aurrez izandakoak barne:
– Sexu-bazterkeriagatik zigorren bat jaso izana, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoak, ezarritakoaren arabera.
– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Lan-arloko arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezartzen badu.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusten diren gainerako egoeraren batean egotea.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen ekintzak.
1.– Deialdi honen babesean diru-laguntza jaso ahal izango dute oinarrizko gaitasunetako, gaitasun soziopertsonaletako eta oinarrizko gaitasun tekniko eta profesionaletako ibilbideak sortzen dituzten prestakuntza-proiektuek, betiere ikasleen garapen pertsonala zein gizarteratzea eta laneratzea ez ezik, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea ere errazten badute (I. eranskinean jasota daude).
2.– Finantzatutako prestakuntza-ibilbideek kualifikazio apaleko gazte langabetuen enplegagarritasuna eta laneratzea handitzea dute helburu.
3.– Prestakuntza-ibilbideek 1.850 orduko iraupena izango dute, lantokiko prestakuntza barne. Bi bloke edukiko dituzte; lehenak 900 ordu izango ditu, eta bigarrenak 950 ordu. Bloke bakoitzak gaitasun profesionalak eskuratzeko prestakuntza eta oinarrizko zeharkako gaitasunak eskuratzeko prestakuntza izango du lotuta.
* era horretako prestakuntzara gutxienez bideratu beharreko ordu kopurua (ibilbidearen arabera eta I. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz).
** era horretako prestakuntzara gehienez bideratu beharreko ordu kopurua (ibilbidearen arabera eta II. eranskinean zehaztutakoari jarraikiz).
4.– I. eranskinean prestakuntza-ibilbide programagarriak daude, ondoren zehaztutako prestakuntza mota bakoitzeko ibilbidearen araberako ordu kopurua barne:
1) 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak lortu aurreko prestakuntza,
2) 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak,
3) Egiazta daitezkeen bestelako prestakuntza-modulu partzialak,
4) Aurretik aipatutako espezialitateak egiaztatzea bermatzen duen lantokiko prestakuntza, eta azkenik,
5) Oinarrizko zeharkako gaitasunei lotutako prestakuntza.
Prestakuntza gaitzailera (1., 2., 3. eta 4. motakoak), guztira eta gutxienez, 500 ordu bideratuko dira A blokean, eta 650 ordu B blokean; kopurua aldatuko da ibilbide programagarrien artean, I. eranskinean zehaztutakoaren arabera.
5.– Oinarrizko zeharkako gaitasunei lotutako prestakuntzaren iraupena (4. puntuan adierazitakoen 5. mota) zehaztuta dago, halaber, prestakuntza-ibilbide bakoitzari dagokionez, I. eranskinean; gehienez 400 ordu iraungo du A blokean, eta 300 ordu B blokean. Prestakuntza-ordu horiek funtsezko gaitasunak, gaitasun soziolaboralak eta gaitasun digitalak emateko izango dira, FCO (Prestakuntza osagarria), SSC (Gizarte- eta kultura-zerbitzuak) eta IFC (Informatika eta komunikazioak) lanbide-arloen barruan; enplegurako prestakuntzaren lanbide-arlo guztien zeharkako gaitasunak dira horiek. Oinarrizko prestakuntza hau bideratuta dago parte hartzen dutenak 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskura ditzaten gaitzera eta/edo haien enplegagarritasuna handitzera. II. eranskinean funtsezko gaitasunen (Gaztelania, Matematika, Ingelesa eta Euskara), gaitasun soziolaboralen eta gaitasun digitalen espezialitateen katalogo bat jasota dago. Prestakuntza-erakundeek, parte-hartzaile talde bakoitzaren kualifikazio-maila eta prestakuntza-beharrak zein diren kontuan hartuta, espezialitate horiek aukeratuko dituzte prestakuntza-ibilbide programagarri bakoitzerako finantzatu beharreko gehieneko ordu kopurura iritsi arte.
6.– Lantokiko lehen prestakuntza-modulua ibilbidearen lehen prestakuntza-blokea amaitzean egingo da, eta 150 ordu inguru izango ditu. Bigarren blokeari lotutako prestakuntza amaituta, lantokiko prestakuntza praktikoko bigarren modulua egingo da; 200 ordu inguru iraungo du. Prestakuntza praktikoaren ordu kopurua aldatuko da, proposatutako ibilbideetan parte hartzen dutenek egin beharreko profesionaltasun-ziurtagiriek eskatutako ordu kopuruaren arabera.
7.– Profesionaltasun-ziurtagiriak bereiz eman ahal izango dira profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duen prestakuntza-modulu bakoitzari dagokionez; era horretan, behar den malgutasuna emango zaio prestakuntza-prozesuari, eta ikasle gehiago sartu ahal izango dira, modulu bakoitza hastean bete gabeko plazarik balego. Erakundeak prestakuntza horiek bereiz edo ez ematea erabaki ahal izango du profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzeko lehen modulua hasten denean.
8.– Prestakuntza emateko modalitatea.
Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean eman beharko dira.
Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.
9.– Diru-laguntza jasotzen duten prestakuntza-ibilbideei 2018ko abenduaren 31 baino lehen ekin beharko zaie, diru-laguntza emateari buruzko behin betiko ebazpena jakinarazi ondoren, eta ibilbide osoa amaitu beharko da 2020ko azaroaren 16a baino lehen (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barne). 2019ko azaroaren 16a baino lehen amaitu beharko dira prestakuntza-ibilbideen A blokean jasotako prestakuntza-ekintza guztiak (lantokiko prestakuntza praktikoko modulua barne), eta prestakuntza-ibilbide bakoitzeko B blokean jasotako prestakuntza-ekintza bat gutxienez hasita egon beharko da.
10.– Prestakuntza-ekintzak onartzeko, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide kopurua 15 izango da, eta gutxienekoa 10. Horrela, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 partaide baino gutxiagok izena eman badute.
Nolanahi ere, diru-laguntza jasoko dutenez gain beste 2 parte-hartzaile sartzea onartuko da prestakuntza-ekintzetan, zentroak partaide kopuru hori hartzeko egiaztapena badu, betiere. Parte-hartzaile horiengatik ez da diru-laguntzarik emango.
11.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Ez da diruz lagunduko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua.
4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute 16 eta 25 urte bitarteko langabetuek, baldin eta DBH egin ez badute eta, zenbait arrazoirengatik, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak egiteko aukerarik ez badute, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda badaude. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden gazte langabeek ere parte hartu ahal izango dute.
5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Prestakuntza-proiektuaren diru-laguntzaren zenbateko osoa hura osatzen duten prestakuntza-ibilbideen diru-laguntzaren zenbatekoak batuta aterako da.
2.– Prestakuntza-proiektuen finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, parte-hartzaile bakoitzeko 5,00 euro/orduko modulu ekonomikoari jarraikiz.
Parte-hartzaile bakoitzeko 5,00 euro/orduko modulu ekonomiko hau honako modulu hauez osaturik dago:
A modulua. Langileen kostu zuzenak. 3,67 euro/ordu/parte-hartzaile.
B modulua. Funtzionamendu-gastuak. 0,88 euro/ordu/parte-hartzaile.
C modulua. Zeharkako gastuak. 0,45 euro/ordu/parte-hartzaile. Aurreko bi moduluen % 10 da.
Langileen zuzeneko kostuei dagokien modulu ekonomikoa 15 partaidez biderkatuko da beti.
Aurrekoarekin bat etorriz, prestakuntza-proiektuak zenbateko honekin onartuko dira:
Prestakuntza teorikoaren ordu kopurua * 15 partaide * 5,00 euro.
6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Deialdi honek aipatzen dituen diru-laguntzen eskaerak modu elektronikoan izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzarako aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F).
2.– Ibilbide osoetarako eskabidea egingo da, I. eranskinean jasotako lurralde bakoitzeko ibilbide-zenbakia aukeratuta.
3.– Diru-laguntzaren eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da.
3.1.– Oro har:
a) Eskaera egiten duen erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Bertan, diru-laguntza eskatzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko giza baliabideak eta materialak dituztela bermatuko dute, edo diru-laguntzaren esleipenaren ondoren horiek izateko konpromisoa hartu beharko dute, prestakuntza-ekintzak hasten direnerako. Gainera, prestakuntza-ekintzak egiteko erakundeak dituen edo izango dituen instalazioak zehaztuko dira, prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko direnak.
b) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Diruz laguntzea nahi den prestakuntza-proiektua.
3.2.– Gainera, balorazio-irizpideak egiaztatzeko, hala dagokionean:
a) 9.1 artikuluko C apartatuan aurreikusitako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu beharko, Hezkuntza Sailak datu horiek jada eman dizkiolako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
b) 9.1 artikuluko E apartatuan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, sintesi-adierazlea eta enplegagarritasun-indizea egiaztatzen dituena, III. eta IV. eranskin gisa argitaratutako ereduen arabera, hurrenez hurren.
c) 9.1 artikuluko D.1 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:
– Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina), prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako.
– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak).
– Deialdira aurkezten diren kooperatibek, aldiz, beste horiez gainera, sozietatearen kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina) aurkeztu beharko dute, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emandako langile bazkide guztiena, edo, azken horiek Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda badaude, ziurtagiri bat, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.
d) 9.1 artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:
– Prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietako lan-bizitzaren txostenak, administratzaileei dagozkienak barne, halakorik bada; eta, kooperatiba-sozietateen kasuan, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emandako langile bazkide guztiena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina).
– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak).
– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, langile bazkideak autonomoen araubidean izena emanda badaude, ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.
Nolanahi ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eskatu ahal izango dio 9. artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan adierazitako formuletan zerrendatutako kontratu-kodeen kontratu-modalitatearen bidez kontratatutako pertsonei buruzko informazioa, betiere prestakuntza-erakundeak eskabidean horretarako baimena ematen badu. Edonola ere, erakundeko kooperatiba-kideei eta administratzaileei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakundeak, halakorik balego.
4.– Eskaerak ez baditu baldintza guztiak betetzen, erakunde interesdunari jakinaraziko zaio 10 laneguneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.
5.– Diru-laguntzarako eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da eta deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.
2.– Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-proiektuak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak. Banaka baloratuko da ibilbide bakoitza.
3.– Eskabideak aztertzeko eta horien balorazioa egiteko batzorde bat osatuko da, izaera teknikokoa. Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzako Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduradunak eta Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko hiru teknikarik osatuko dute batzorde hori.
4.– Eskabideek deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak balioetsiko ditu 9. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, eta behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behin-behinean onartzea zein baztertzea proposatutako ekintzak zehaztuta. Hori Lanbideren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuko da, eta 5 egun balioduneko epea emango da erakunde interesdunek, LAN-F aplikazio informatikoaren bidez, alegazioak egiteko edo eskabideari uko egiteko, behin-behinean onartutako prestakuntza-ekintza guztiei edo batzuei dagokienez.
Behin-behineko ebazpenaren proposamenak ez du onuradun gisa proposatutako erakundeen aldeko inolako eskubiderik sortzen.
5.– Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.
6.– Behin betiko ebazpenean eman nahi diren diru-laguntzak jasoko dira, prestakuntza-ekintzen baloraziotik ondorioztatzen den lehentasun-hurrenkeran, eta diru-laguntzaren zenbatekoa, onartutako prestakuntza-ekintzak zein ukatutakoak eta uko egiteko arrazoiak ere zehaztuko dira. Ebazpenak prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaizkie Lanbideren web-orrian argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus
7.– Behin betiko ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, eskaerak aurkezteko lehen egunetik zenbatuta. Ebazpen bat espresuki jakinarazi gabe epe hori igarotzen bada, eskaera ukatu dela ulertuko da.
8.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaitu egiten dute administrazio-bidea eta horien aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
9.– Publizitate-printzipioa betetzearren, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jasotako zenbatekoak adierazita.
8. artikulua.– Laguntza zehaztea.
1.– Eskaerak aurkezteko eta akatsak 6. artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-proiektuen balorazio teknikoa egingo da, eskaerak eta aurkeztutako ekintzak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera antolatzeko.
2.– Prestakuntza-proiektu bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 5.2 artikuluan erreferentziatutako modulua erabiliko da.
3.– Deialdi hau finantzatzera bideratutako zuzkidura ekonomiko osoa ez bada aski prestakuntza-proiektu guztiak aurreko zenbakiari jarraikiz diruz laguntzeko, balorazio-fasean prestakuntza-ibilbideek lortu duten lehentasun-hurrenkerari jarraikiz emango dira diru-laguntzak.
9. artikulua.– Eskaerak baloratzeko irizpideak.
1.– Eskatutako prestakuntza-ibilbideak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan (V. eranskinean zehaztuta daude):
Irizpide guztiak prestakuntza-erakundearen mailan aintzat hartzen dira, hau da, IFK bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira.
A) 2018-2019 ikasturtean prestakuntza-zikloak emateko itundutako erakundeak:
– Oinarrizko Mailakoak: 5 puntu.
– Erdi Mailakoak: 5 puntu.
B) Helduen Etengabeko Hezkuntzan (HEH) Hezkuntza Sailaren mende ez dagoen unibertsitatez kanpoko zentro pribatua edo publikoa izatea: 10 puntu.
C) 2017-2018 ikasturtean, Hezkuntza Sailarekin, Oinarrizko Lanbide Heziketa egin duten ikasleak: gehienez 20 puntu.
D) Prestakuntza-erakundeen Gizarte Erantzukizuna. Gehienez 20 puntu.
D.1.– Lana sortzeko konpromisoa: gehienez 5 puntu.
2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra, enpresaren kotizazio-kontuetako kode guztietan altan dauden langileen batez bestekoa hartuko da aintzat.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2 c) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
D.2.– Lanaren kalitatearekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.
D.1 atalean zehaztutako batez besteko langileetatik, 2017ko abenduaren 31n lanaldi osoan eta mugagabeko kontratuarekin diharduten pertsonen ehunekoa hartuko da aintzat.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:
Lan-kontratuaren kodea duten pertsona kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / plantillaren batez bestekoa (D.1).
D.3.– Genero-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.
2017ko plantillan, kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa hartuko da aintzat, baldintza beretan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2 d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:
Lan-kontratuaren kodea duten emakume kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / lan-kontratuaren kodea duten gizonen kopurua (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak).
D.4.– Desgaitasuna duten pertsonentzako aukera-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.
2017ko plantillan kontratu mugagabearen diharduten eta desgaitasunen bat duten pertsonen kopurua hartuko da aintzat.
Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:
Lan-kontratuaren kodea duten pertsonen kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (130+139+230+239+330+339 + aldi baterako kontratua ez duten bazkide kooperatibistak + aitortutako desgaitasunen bat duten administratzaileak).
E) 2016ko ekitaldian langabeentzako enplegurako lanbide-heziketari buruzko laguntzen deialdietako prestakuntzaren kalitatearen eta inpaktuaren adierazleak, 2016ko ekainaren 15eko ebazpenaren bidez onartutako lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzentzako diru-laguntzen 2016ko ohiko deialdiaren arabera (EHAA, 2016ko ekainaren 16koa). Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.
Horren xedea da 2016ko ekitaldian enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena zuten Administrazioek onartu dituzten deialdietan, langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortu zuten kalitatea balioestea, bai eta haien eragina ere, enplegagarritasunari eta laneratzeari dagokienez.
E.1.– Sintesi-adierazlea: gehienez 10 puntu.
Aurrez aipatutako deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-erakunde batek lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batez bestekoa, diru-laguntza eskatzen den espezialitate berberei dagokienean (I. eta II. eranskinetan jasotzen dira).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, adierazle hori bere datu-basetik ateratzen da, ofizioz. Ez dira aintzat hartuko kontratazio-konpromisoa duten prestakuntzako diru-laguntzen ildoei dagozkien emaitzak, ezta Proiektu Bereziei dagozkienak ere.
Beste administrazio publiko batzuen diru-laguntzen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak III. eranskinean aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Prestakuntza-erakunde jakin batek Lanbideren deialdian parte hartu ez badu eta beste administrazio publikoen egiaztagiria aurkezten ez badu, 4 puntu emango zaizkio.
Adierazle hori lortu ezin izanaren kausa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egozten bazaio, berriz, dagokion lanbide-arloaren adierazleen batez bestekoa hartuko da sintesi-adierazle gisara.
E.2.– Enplegagarritasun-indizea: gehienez 10 puntu.
Deialdi horretan prestakuntza-ekintzak eman ezean, 8 puntu emango dira.
2016ko ekainaren 15eko ebazpenaren bidez onartutako lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzentzako diru-laguntzen 2016ko ohiko deialdian emandako lanbide-arloen prestakuntza-ekintzek lortutako enplegagarritasun-indizearen batez bestekoa hartuko da aintzat (EHAA, 2016ko ekainaren 16koa). Hau da, diru-laguntza eskatutako ibilbide bakoitzean jasotako lanbide-arlo berei dagozkien kontratazio-konpromisoei eta proiektu bereziei buruzko ekintzak ez dira aintzat hartuko (I. eranskinean jasota daude).
Adierazitako deialdian parte hartu zuten erakundeek ez dute datua jakinarazi beharko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jada baduelako. Horretan parte hartu ezean, IV. eranskinean jasotako ziurtagiria aurkeztuko dute.
F) Lanbide-arloko prestakuntza-emaile gisako esperientzia, lehentasunez langile langabetuei eskainitako prestakuntzarako laguntzen deialdietan, azken hiru urteetan. Lerro arrunteko esperientzia baino ez da kontuan hartuko, eta ez, ordea, kontratazio-konpromisokoa edo proiektu berezi edo espezifikoei dagokiena. Gehienez 20 puntu.
Bi lanbide-arlo dituzten ibilbideetan bi arloetako esperientziaren batez bestekoa kalkulatuko da.
2.– Berdinketa dagoenean, lehentasuna izango du E balorazio-irizpidean puntu gehien duen eskaerak. Berdinketa, halere, hautsi ezean, lehentasuna izango du D balorazio-irizpidean puntu gehien duenak. Eta C balorazio-irizpidean puntu gehien izatea izango da berdinketa hausteko azken irizpidea.
10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.
1.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko hautaketa bat egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaroetan parte hartzeko hautagaien artean.
Hautagaiek honela har dezakete parte ikastaroan:
a) Ikastaroan parte hartzea eskatuz, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulegoren batean eskaera bat aurkeztuta, bai eskaera organismo autonomo honen webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek ikastaroa egitea agin diezaiekete Lanbiden izena emanda daudenei, haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.
c) Lanbidek bertan izena emanda daudenak deitu ditzake profesionaltasun-ziurtagiri bat osatzeko faltan dituzten prestakuntza-moduluez osatutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.
2.– Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen azken hautaketa enpresa edo erakunde onuradunak egingo du, Lanbidek igorritako hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak inskribatutako hautagaietarako sarbidea izango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LAN-F). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.
Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan hautaproba bat egingo da. Hori erakundearen instalazioetan egingo da eta aurrez Lanbiderekin adostu beharko da, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutzen maila erreala zehazteko. Proba hori LAN-F aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da.
3.– Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Horri dagokionez, honako ibilbide hauek izango dute lehentasuna:
Bizkaiko eskaintza
2.– Zura.
3.– Elektrizitatea + Mekanizatua.
4.– Iturgintza + Elektrizitatea.
6.– Ibilgailuak.
Gipuzkoako eskaintza
2.– Elektrizitatea + Mekanizatua.
3.– Iturgintza + Elektrizitatea.
4.– Elektrizitatea + elektronika.
Arabako eskaintza
1.– Elektrizitatea + Mekanizatua.
2.– Ibilgailuak.
4.– Prestakuntza-modulu bat amaitzen denean plaza hutsak badaude, dela baten batek bertan behera utzi duelako, dela hasierako hautapenean plaza guztiak bete ez dituztelako, beste partaide batzuk sartu ahal izango dira, erreserba-zerrendatik edo hautaketa-prozesu berri batetik aterata.
5.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LAN-F kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbidek berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.
6.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean.
Iragarpen horiez gain, egoki iruditzen zaizkien beste bitarteko guztiak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek ikasleei alderdi horien berri emateko.
11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.
2.– Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripu eta erantzukizun zibileko polizak barne hartzen ditu ikasleak ikastaroetara joateagatik eta prestakuntza ematen den lekurako joan-etorrietatik eratorritako arriskuak.
3.– Klaseko lehen egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.
4.– Ikasleek modu jarraituan joan beharko dute eskoletara, eta prestakuntza-ekintzei probetxua atera beharko diete. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Eguneroko partea bereizita egingo da prestakuntza-modulu bakoitzerako.
5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatu arte, salbu eta enplegua aurkitu eta horrek galarazten badie prestakuntza-ekintzara joatea eta horri probetxua ateratzea, edo behar bezala justifikatutako bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie.
12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Ikasleak baztertzeko arrazoi izango da ekintza ez aprobetxatzea edo hori ondo garatzea eragozteko moduko portaera, baita higienearen eta osasungarritasunaren arauak ez betetzea ere.
2.– Ikasleak baztertzeko prozedura hau izango da:
Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du. Horren ostean, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendariak baztertzeko prozedura hasteari buruzko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, gehienez, hamabost eguneko epean ebatzi beharko du prozedura. Inguruabarrek hala eskatzen badute, kanporaketa hasteko erabakian behin-behineko neurriak hartu ahalko dira prestakuntza-jarduera behar bezala garatzea bermatzeko, hala nola erabakia jakinarazteko egunetik prozedura ebazten den arteko egunetan ikaslea aldi baterako ikastarotik kanporatzea. Ebazpenean egokia den errekurtsoen oin-oharra azalduko da.
13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako gaitasunak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren enpresa edo erakunde onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ibilbideetan jasotako prestakuntza-ekintzak. Organismo autonomo honen prestakuntzarako informatika-aplikazioa (LAN-F) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, 7 egun naturaleko epean egin beharko zaizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagozkion jakinarazpenak. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, Lanbidek ez badu LAN-F aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu.
2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak bereiz gauzatzen direnean, honako baldintza hauek bete beharko dira:
– Modulu bakoitzaren betearazpena eta justifikazioa banakakoa izango da.
– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.
– Hori hasten duten pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbide osoa osatu ahal izateko.
3.– Deialdi honetan profesionaltasun-ziurtagiriko moduluetarako prestakuntza ematen duten prestatzaileak Lanbidek egiaztatu beharko ditu. Era berean, prestatzaileen fitxategian sartu beharko dituzte, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzean ezarritako baldintzei jarraituz.
4.– Diru-laguntza jasotzen duten ikasleez gain beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, diru-laguntza jasotzeko eskubiderik gabe, deialdiaren ebazpenaren ondorengo hamabost egunen barruan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.
5.– Gazte langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, asteko ordu kopurua ezin izango da 40tik gorakoa izan. Muga horietan sartuko dira, dagokionean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagozkion lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.
6.– Prestakuntza-erakundeak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko moduko ordutegiak ezartzen saiatu beharko dira.
Prestakuntza-ekintza hasitakoan, behar bezala emango da, eta ezingo da aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikaturik eta Lanbidek onartu ondoren.
7.– Erakunde onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:
– Espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatiko batean,
– Ikastaroa behar bezala garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta
– Beharrezkoak diren babes-elementuak.
Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.
8.– Ikasle batzuek jarduera bertan behera uzten badute, beste ikasle batzuk sartu ahalko dira prestakuntzara haien ordez. Ordezkapen hori lehen bost irakastegunetan bakarrik onartuko da, ibilbideko prestakuntza-modulu bakoitza hasten denetik aurrera zenbatzen hasita.
9.– Prestakuntza emateaz arduratzen diren erakunde onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek horiei uko egiten badiete, horietara aurkezten ez badira edo ekintzak bertan behera uzten badituzte, horren zergatia adierazita.
10.– Tutoretza eta orientazio pertsonala.
Ikasleen tutoretza pertsonak behar duen hezkuntza integralera bideraturik egingo da.
Tutoretza-lanak partekatu beharko dituzte programaren irakasle guztiek. Irakasle-taldeak tutore-ekintzen plana osatuko du, gutxienez, honako alderdi hauek jasota:
a) Ikasleen autoestimua indartzea.
b) Pertsona arteko harremanak eta gizarte-trebetasunak.
c) Harreman programatua familiarekin edo legezko tutoreekin.
d) Banakako eta taldekako ikaskuntza-prozesua gidatzea eta laguntzea.
e) Ikasleei lanbide-ibilbidea jarraitzeko orientabideak eta laguntza ematea prestakuntza-aldia amaitu ondoren, dela laneratzearen bidez, dela kualifikazio handiagoko mailetako prestakuntzaren bitartez.
Ikasle-taldeek, gutxienez, irakasle bana izango dute, tutoretzaz eta tutore-ekintzen plana gauzatzeko koordinazioaz arduratuko dena. Bloke bakoitzean, egiteko hori ikasturte horretan eskolak ematen dituen irakasleren baten esku egongo da eta, ahal dela, bi blokeetan pertsona bera izango da tutoretza-lanak egingo dituena.
Tutoreak eredu izan behar du ikaslearentzat, irakasle taldearentzat eta familientzat. Jarduteko orientazioa emango du, irakasle-taldearekin batera, ikasleek estrategia metodologiko eta antolaketa-estrategiak eskuratu eta ahalmen pertsonal eta profesional eta autoikaskuntza-gaitasun hobeak izan ditzaten.
Ikasleen premiak direla-eta hala behar bada, esku-hartze psikopedagogiko eta/edo hezkuntza eta gizarte-laneko adituek esku hartuko dute.
11.– Ikasleen ebaluazioa moduluka egingo da, ikasketaren emaitzak egiaztatzeko eta, horren bidez, lanerako gaitasunez jabetu dela bermatzeko.
Ebaluazioa ikasleen premietara eta bilakaerara egokituta egongo da, batez ere, desgaitasunen bat dutenen kasuan; irisgarritasun-neurriak ezarriko dira, ebaluazio-proban parte hartzetik ez baztertzea bermatzeko.
Ebaluazioa sistematikoki garatuko da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan burutuko den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak eta horien aplikazioak emango duen denbora (LAN-F aplikazioan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu eta aplikazio informatikoan sartuko dira.
Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko emaitzak horiek ezaguerei zein gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan bilduriko trebetasun praktiko eta abileziei buruzkoak izango dira, eta, oro har, lanbide-gaitasunak eskuratu direla frogatzea ahalbidetu beharko dute.
Gaitasun-atalen egiaztapena lortzeko, ebaluazio positiboarekin gainditu beharko dira, gai kalifikazioarekin, gaitasun-atal bakoitzari loturiko prestakuntza-moduluak.
Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin (LAN-F aplikazioan emandako ereduaren arabera).
Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LAN-F informatika-aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez egiaztagarria» o «ez gai».
Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak hautaturiko tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LAN-F aplikazioaren bitartez.
Ikastaroa amaitzerakoan, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria (EPM) emango zaie, eta, ikasleak profesionaltasun-agiria osatu badu, hori emateko prozedura abiaraziko da.
Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio eta, dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen EPMak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.
Zentroak honako datu edo dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F informatika-aplikazioaren bidez:
● Ikastaldia hasi aurreko 7 egun balioduneko epearen barruan:
– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez jarriko da eredu hori onuradunen esku).
– Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.
● Amaitu ondorengo 7 egun balioduneko epearen barruan:
– Ikasleen emaitzak biltzen dituen online dokumentua, LAN-F aplikazioaren bidez, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez jarriko da eredu hori onuradunen esku).
– Ebaluazio-aktak, beteta.
12.– Diru-laguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, diru-laguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea dela ulertuko da, ez besterik.
Nolanahi ere, 12. apartatuan aurreikusita ez dagoenari dagokionez, zuzenean aplikatu beharko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa.
14. artikulua.– Lantokiko lanbide-praktiken modulua.
1.– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen dituen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.
2.– Prestakuntza-erakundeek lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat, salbu eta ikasleren bat urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak (Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituena) 5. bis artikuluan xedatzen dituen salbuesteko egoera batean ez badago.
3.– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatu eta lau hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira lanbide-praktikak. Epe hori 3.4 artikuluak dioenaren arabera baldintzatuta egongo da.
Ezohiko egoeretan eta justifikatuta dagoenean, Lanbidek baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahalko dute prestakuntza praktikoko prestakuntza lan-zentroan, haien administrazio-egoera edozein izanda ere.
4.– Prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean praktikak hasten dituzten ikasleek, azken ebaluazioaren emaitza negatiboa bada, praktikak egiten jarraitu ahalko dute. Prestakuntza-ekintza bertan behera uzteak, berriz, berari atxikitako lanez kanpoko lanbide-praktika amaitzea ekarriko du.
5.– Lanez kanpoko praktikak enpresen eta prestakuntza-erakundeen artean sinatutako hitzarmenen edo akordioen bidez arautuko dira. Praktikak hasi aurretik, hitzarmen horren berri emango zaie enpresako langileen legezko ordezkariei. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LAN-F aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.
6.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik. Hori Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baimendu behar du aldez aurretik.
7.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.
8.– Lanbidek praktiken hitzarmena baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta hori lan-zentroetako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin beharko da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahalko dira. Horregatik, zentroek sinatutako praktiketako hitzarmena formalizatu eta erantsi beharko dute LAN-F aplikaziora, gutxienez praktikak hasi baino 7 egun lehenago.
15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez haratago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du. Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren zentroa bisitatuko du eta idazki bidez jaso beharko du diru-laguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, kide kopurua eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...) edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ikastarora bi bisita egiten ahaleginduko da, gutxienez:
– Hasieran. Bisitaldi honetan prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, ikasleei ikastaroaren, horren edukien eta garapenaren eta beraien eskubide eta betebeharren inguruko datu guztiak emango dizkie eta ikasleek izan ditzaketen zalantza eta galderei erantzungo die. Egiaztatuko du, orobat, Lanbideren finantzaketak ekarritako komunikazioak betetzen direla.
– Ikastaroa amaitzean: zentroko baldintzak egiaztatuko ditu, ikasleei amaierako inkesta pasako die eta ikastaroaren balorazio orokorra eskatuko die. Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.
3.– Prestakuntza ematen duen zentroak Lanbidera bidali behar ditu, ikastaroaren lehenengo hilabetea bukatu baino lehen:
– Ikastaroaren funtzionamenduari buruzko txostena, homologazio-baldintzak eta ikastaroaren hasierako komunikazioan adierazitakoa betetzen direla egiaztatzen duena.
– Ikasleei aplikatutako kalitate-inkestak, ikasleek egindako oharrekin batera.
16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen kalitatearen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babespean emandako prestakuntza-ekintza guztien ebaluazioa egingo du, ebaluazio-sistema misto bat erabiliz. Ebaluazio-sistema mistoak bi iturri hauetatik bilduko du informazioa:
A) Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, Enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzuaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (BOE, 2009ko ekainaren 11koa) xedatutakoaren arabera. Galdetegi horiek ikasleek beteko dituzte telematikoki.
B) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren bukaeran egindako bisitaldian emandako puntuak, «Prestakuntza-zentro/erakundeak emandako heziketaren ebaluazioa» ereduzko agiriarekin bat etorrita.
Nolanahi ere, emandako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, sintesi-adierazle bat egin beharko da prestakuntza-erakundeak emandako ekintza bakoitzerako. Sintesi-adierazle hori aipatutako bi informazio-iturrietan lortutako emaitzetatik abiatuta aterako da, formula honi jarraikiz:
Sintesi-adierazlea = A x 0,6 + B x 0,4
A = ikasleek erantzundako galdetegietan lortutako batez besteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituenak, ezarritako moduan.
B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak LAN-F aplikazioan eskuragarri egongo den ereduaren arabera emandako guztizko puntuazioa.
Hala eta guztiz ere, beste informazio-iturri batzuk ere aintzat hartu ahalko dira, dagokionean, adibidez, prestakuntza-zentro edo erakundeei edo kanpo-erakundeei agindutako kalitatea ebaluatzeko ekintzetan lortutako emaitzak.
17. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Emandako diru-laguntza hiru zatitan ordainduko da prestakuntza-ibilbide bakoitzeko, era honetan:
a) Lehen ordainketa, lehen prestakuntza-blokeari dagokion % 50, lehen prestakuntza-ekintza hasitakoan.
Aurreratutako ordainketa 180.303,63 euro-tik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, EAEko Diruzaintza Nagusian aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea abala edo fidantza aurkeztu izanarena. Abalaren eredua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango du.
b) Bigarren ordainketa, lehen blokearen diru-laguntzaren likidazioaren zenbatekoa gehi bigarren blokeari emandako diru-laguntzaren % 50, lehen blokea 3.9 artikuluan aurreikusitako epeen barruan likidatutakoan, eta 18. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz justifikatuta.
Aurreratutako ordainketa 180.303,63 euro-tik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, EAEko Diruzaintza Nagusian aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea abala edo fidantza aurkeztu izanarena. Abalaren eredua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango du.
c) Hirugarren ordainketa, bigarren blokea amaitu eta likidatu ondoren, dagokion diru-laguntzaren gainerakoagatik, bigarren blokeko prestakuntza-ekintza guztiak 3.9 artikuluan aurreikusitako epeen barruan amaitu ondoren eta 18. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz justifikatuta.
2.– Ordainketak egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteta daudela.
Erakunde onuradunak berariaz ukatzen badu egiaztapen hori egiteko baimena, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Laguntzen likidazioa, prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten gazteen eta benetan egin dituzten eskola-orduen arabera egingo da, ezarritako modulu ekonomikoen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa.
2.– Likidazioa kalkulatzeko orduan, ordaindu beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lan-zentroan prestakuntza praktikoko modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza, ziurtagiriko gainerako prestakuntza-moduluak gainditu arren. Dagozkien praktikak gainditu ez dituzten ikasleen ehunekoa % 70tik gora dagoen prestakuntza-ekintzei dagokienez ez da zenbatekorik ordainduko.
3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:
– A modulua 15 ikaslez biderkatuko da –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleen kopurua 3.10 artikuluan aurreikusitako gutxieneko eta gehieneko mugen barruan badago–, eta emandako prestakuntza-orduez.
– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartu da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.
– Aurreko bi eragiketak aplikatzetik ateratako balioa % 10 handituko da, zeharkako gastuengatik.
4.– Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintza egin dela justifikatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LAN-F aplikazio telematikoaren bitartez, ekintza amaitu eta 15 eguneko epean:
– Erakunde onuradunaren ziurtagiria, laburpen-koadro batekin. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetako 1. puntuan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.
– Prestakuntza-orduetara joan direnean ikasleek sinatutako orriak, adierazitako orduak frogatzeko.
Ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, eskumeneko organoak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Bigarren epe hori bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, itzultze-prozedurari hasiera emango zaio.
19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere.
2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak; hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.
3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
– Finantzatutako ekimenaren gauzatzeari edo bideragarritasunari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik eratorritako diru-laguntzak edo laguntzak (deialdi honek diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak) eskatu direla edo eskuratu direla.
– Diruz lagundutako jardueraren xedeari edo izaerari nabarmen eragin diezaiokeen edozein gertaera jakinaraztea, baita diru-laguntza emateko aintzat hartu den inguruabarren baten aldaketa ere.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarriko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan gauzatu diren aztertzeko.
20. artikulua.– Lanbideren finantzaketatik eratorritako komunikazio-betebeharrak.
1.– Lanbideren finantzaketa jasotzen duten prestakuntza-ekintzen garapenari dagokionez, erakundeek berariaz aipatu beharko dute sortutako material didaktiko eta bestelakoetan Lanbideren finantzaketa/kofinantzaketa jaso izana, bai eta diruz lagundutako ekintzekin lotutako komunikazio, hedapen eta iragarki guztietan ere.
2.– Diruz lagundutako jarduketa guztiek bete beharko dituzte, bai eta horietatik eratorritako ekintzek ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan ezarritako eskakizunak. Eskuliburu hori LAN-F aplikazioaren bidez jarriko da erakunde onuradunen esku.
3.– Betebehar horiek betetzen ez badira, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua onartzen dituena) 31.artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Era berean, ez-betetzeak diru-laguntza itzultzea ekarri ahalko du, deialdi honen 23. artikuluan xedatzen denaren arabera.
21. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
22. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, finantzaketa-iturri desberdinetatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
23. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.
1.– Ezin izango da diru-laguntzaren ordainketa eskatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, diru-laguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko interesak eskatzea Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan zehazten diren kasuetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan zehazten diren kasuetan. Bereziki, ondorengoetan:
a) Jarduera egin dela eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete direla justifikatzeko obligazioa ez betetzea.
b) Laguntza bete beharreko baldintzak bete gabe jasotzea.
c) Jarraipen- eta kontrol-jarduerak ukatzea edo oztopatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.
e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.
f) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Ez-betetzea erabatekoa bada: diru-laguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako diru-laguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da. Era berean, osorik bete ez dela ulertuko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 35 lortzen ez badu, eta horiek honela neurtuko dira: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider ikasle parte-hartzaileak.
b) Ez-betetzea partziala bada: diru-laguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean ez betetzeak emandako diru-laguntza aldatzea edo hein batean itzultzea ekarriko du. Aurreko lerrokadan aipatutako adierazlea % 35 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako diru-laguntza 18. artikuluan aurreikusitako baldintzetan ordainduko da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo horiek aurkezteko epea bukatu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena egingo du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Borondatezko epetzat joko da epe hori.
Borondatezko epean ez badira zenbateko horiek itzultzen, haiek premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
24. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortzen diren datu pertsonalak.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, kentzeko eta garraiatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehatua hemen kontsulta dezakezu: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/
25. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra (azaroaren 17ko 38/2003) eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).
I. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-IBILBIDE PROGRAMAGARRIAK
II. ERANSKINA
OINARRIZKO KONPETENTZIA PROGRAMAGARRIEI LOTUTAKO PRESTAKUNTZAKO PRESTAKUNTZA-ESPEZIALITATEEN KATALOGOA
III. ERANSKINA
BALORAZIO-IRIZPIDEA (9.1.E1 art.)
SINTESI-ADIERAZLEA
IV. ERANSKINA
BALORAZIO-IRIZPIDEA (9.1.E2 art.)
ENPLEGAGARRITASUN-INDIZEA
V. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-EKINTZAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK