EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018214

EBAZPENA, 2018ko urriaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zadorra ibaiaren uholdeak prebenitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena. II. fasea. Gamarraren, Abetxukoren eta Gamarra Nagusiaren arteko jarduketak, Uraren Euskal Agentziak Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araban) sustatuak.

Xedapenaren data: 2018-10-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201805476
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/03/07an argitaratutako 2018/02/16ko IRAGARPENA [201801263]

AURREKARIAK
2018ko otsailaren 16an, Uraren Euskal Agentziak jendaurrean jarri zuen Zadorra ibaiaren uholdeak prebenitzeko proiektua. 2. fasea. Gamarraren eta Abetxukoren arteko jarduketak eta bere ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Izapide horri buruzko iragarkia 2018ko martxoaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.
Organo substantiboak adierazi duenez, jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, hiru alegazio jaso dira; horiek edukia espedientean jasota dago.
Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Uraren Euskal Agentziak, 2018ko martxoaren 1ean, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien.
Organo substantiboak adierazi duenez, jasotako alegazioak eta inplikatutako administrazio publikoen erantzun-txostenak kontuan hartu dira ingurumen-inpaktuaren azterketan, zehazki, landare-berritu, harri-lubetaren zati bat kendu eta, haren ordez, uholde-ibilguaren eta Zadorra ibaiaren berezko ibilguaren arteko kontaktu-puntuetan bolo-arrapalak jartzeko proiektua idazteko orduan.
2018ko uztailaren 2an, Uraren Euskal Agentziak Zadorra ibaiaren uholdeak prebenitzeko proiektua. II. fasearen ingurumen-inpaktuaren ohiko adierazpena eskatu zuen. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluarekin bat etorriz.
Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu da:
– Zadorra ibaiaren uholdeak prebenitzeko proiektuaren dokumentu teknikoa. II. fasea. Gamarraren eta Abetxukoren arteko jarduketak. 2018ko ekaina.
– «Zadorra ibaiaren uholdeak prebenitzeko proiektua - II. fasea. Gamarraren eta Abetxukoren arteko jarduketak» izeneko ingurumen-inpaktuaren azterketa. Ingurumen-inpaktuaren azterketan jasota daude haren laburpena eta Natura 2000 Sareko tokietan planaren ondorioen gaineko ebaluazio egokiaren ondorioei buruzko txosten bat (6. eranskina).
– Jendaurrean jartzeko egindako jardueraren emaitzei buruzko dokumentua.
– Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzei buruzko dokumentua.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.
Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Zadorra ibaiaren uholdeak prebenitzeko proiektua. Ebazpen honen xede den proiektua arau horren I.B) eranskinaren 2.3 epigrafean dago sartuta.
Bestalde, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. eta hurrengo artikuluetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arruntaren pareko bezala ulertu behar da.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuz, Uraren Euskal Agentziak, organo substantiboa denez, Zadorra ibaiaren uholdeak prebenitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazio-prozedura egiteko beharrezkoa dena xedatu du. II. fasea: Gamarraren eta Abetxukoren arteko jarduketak, espedienteari ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehituz, kontsulta publikoak eginez eta inplikatutako administrazio publikoek eta pertsona interesdunek prozeduran parte hartuz.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.
Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zadorra ibaiaren uholdeak prebenitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau formulatzea. II. fasea: Gamarraren eta Abetxukoren arteko jarduketak, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean garatzekoak, Uraren Euskal Agentziak sustatuak, aldeko baiespena dutenak.
Proiektua Vitoria-Gasteizko hirigunean Zadorra ibaiak uholderik ez eragiteko bideratutako jarduketen multzo baten barruan dago. Obren lehenengo fasea 2014an egin zen: Gamarra Nagusiaren eta A 1 autobiaren artean uholde-ibilgu bat eraiki zen eta 80 m-ko tarte batean ibilguaren sekzioa handitu zen, Gamarra Nagusiko zubitik ibaian behera eginda.
Bigarren fasea aurrekoaren jarraipena da; ibaiaren hurrengo tarteari eragiten dio, Abetxukoko zubitik ibaian behera eginda. Proiektu honek Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean (UAKP) zehaztutako egiturazko jarduketa batzuk garatzen ditu Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE ES091-ARPS-ZAD-01).
Proiektuak hiru helburu hauek ditu:
– Uholdeak gertatzeko arriskua gutxitzea.
– Ibaia eta bere ertzak ekologikoki leheneratzen laguntzea.
– Zadorra ibaiaren parkeko gune berde bat erabilera publikorako egokitzea, oinezkoen eta txirrindularien ibilbideei segida emanez, hiriaren eraztun berdea osatzen dute eta.
Proiektuan jarduketa hauek jasota daude:
Ibilgua egokitzea. Gamarra Nagusiko zubitik ibaian behera eginda uholde-ibilgu bikoitz bat garatzen da, Zadorra ibaiaren ibilgu nagusiak maila ertaina duenean bakarrik funtziona dezan, horrela handituko baita uholdeak datozenean urak husteko duen gaitasuna.
Uholde-ibilgu honen luzera 615 m-koa da, guztira. Bi adar dira, gune zabal batean bat egiten dutenak, eta azkenean ibilgu nagusian amaitzen da.
Adarrik sakonenak emari ia-ia etengabea izango du eta 100/150 mm-ko harrizko ohea izango du, lur begetalez estalita egongo dena. Sakonera gutxien duen adarrak, ordea, 30 cm-ko lodiera duen lur begetalezko estaldura bat izango du. Ibilgu naturalarekiko kontaktu-puntuetan lotura-arrapala batzuk sortzen dira, eta garraio-bolo naturalen bidez osaturik daude arrapala horiek.
Babesteko lubeta. Libeta sinusoidal bat egiten da, ibilguaren ezkerreko ertzarekin paraleloa dena, 1.800 m-ko luzera duen tarte batean. Libetak bi funtzio ditu: uholdeetako ur-xaflari eustea eta Zadorrako hiribideko lantegiek sortzen duten inpaktu akustiko eta ikusizkoa murriztea. Libetaren altuera aldatzen da Zadorrako hiribideko ertzean: 1,0 m-tik 1,5 m-era bitartekoa da. Gehienez ere 3 m-ko altuera du ibilgutik hurbilen dagoen lekuan. Ezpondek sekzioen araberako aldapa aldagarria dute, 2,4H/1V-tik 4,3H/1V-ra bitartekoa. Hasieran, tarte txiki batek 1/1 aldapa du.
Libetak buztinen nahasketazko nukleo bat du eta nahasketa hori uholde-ibilguetako hondeaketa-lanetan lortutako materialetik dator. Geruza horren gainean, 30 cm-ko lodiera duen lur begetala jartzen da gailurrean, eta 80 cm-koa, lubetaren oinetan. Lubetaren ezponda babesteko, harri-lubeta bat jartzen da.
Oinezkoentzako bideen sarea.
Proiektuan aurreikusita dago gune berdearen sarbideak egokitzea eta ezkerraldeko ertzean dago bidea leheneratzea, oinezkoek eta txirrindulariek erabil dezaten, lubetaren atzealdean trazadura berri bat jarriz.
Ibaialde kalearen ondoko alde degradatua leheneratzeko lanei loturik, ibaiaren eskuineko ertzean bide berriak egiten dira, parkea Basaldea ingurunearekin eta Abetxukoko zubitik ibaian behera eginda dauden baratzekin lotzeko eta bertatik paseatzeko.
Bideek ibilgu berriarekin bat egiten duten lekuan aurreikusita dago fabrikako obra trapezoidal bat egitea, hormigoi armatuzkoa, presa-zubiaren lanak egingo dituena. 0,50 x 0,85 m.–ko irekiera izango du, ura pasatzen uzteko eta uholde-ibilguetan gutxieneko emari bat onartzeko.
Ingurumen- eta paisaia-egokitzapena.
Proiektuan, Zadorra ibaiaren ingurunearen ingurumen- eta paisaia-egokitzapena sartuta dago, proiektuaren gai den ibai-tartearena. Ibaiaren ezkerreko ertzeko ibaiertzetako landaretza sendotzen da, ibilgu naturalaren eta uholde-ibilguaren artean baso bat sortuz.
Gainera, Abetxuko ondoko parkean lan egiten da, ibilguaren eskuineko ertzean, zubitik ibaian gora eginda. Ingurune horren paisaiaren birsortze bat egin nahi da, hondakin geldoen isurketa kontrolik gabearen ondorioz gaur egun degradatuta dagoen zona bat eremu berdera egokituz. Hondakin horiek gehienbat eraikuntzatik datoz. Alde hori Abetxukoko pasabidearen eskuineko estribuaren ondoan dago eta Ibaialde kalearekin kontaktuan. Jarduketa hau egin nahi da: hondeaketa-soberakin batzuk erabiltzea landareztatuko diren bi plataforma sortzeko, eta oinezkoentzako bideak egitea.
Abetxukoko zubi zaharra egokitzea. Lubeteak kendu eta zubi zaharraren egitura utziko da (egitura hori bat dator zubiaren erdiko baoarekin). Zubia jardinera handi baten itxurako aurri finkatu bat izango da eta ibaiaren ohean isolatuta egongo da; horrek biodibertsitatea sustatuko du, aurreikusitako birlandatzeaz lagundurik.
Bigarrena.– Baldintza batzuk ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintza horiek:
A) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.
Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.
B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, non obrak egiteko gainerako izapideetan aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa duten, aldaketa horiek ere ingurumenaren ikuspuntutik justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.
Proiektua Zadorra ibaiaren Kontserbazio Bereziko Eremuan (ES2110010) garatzen da, Natura 2000 Sarearen barruan dago eta Arabako Lurralde Historikoko bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituen martxoaren 17ko 35/2015 Dekretuaren bidez deklaratua izan zen.
Proiektuaren jarduera-esparruan, bisoi europarrarentzako (
Era berean, Zadorra ibaia zapardak (
Aipagarriak dira, baita ere, interes komunitarioko habitatak, Zadorra ibaiari lotuak, eta kultura-ondarearen elementuak, esaterako, Abetxukoko eta Gamarrako zubi katalogatuak eta Gamarrako herriko Balizko Arkeologia Gunea.
Obren fasean sortzen dira inpaktu nagusiak, eta uholde-ibilguak sortzeko eta harri-lubetak eta bolo-arrapalak egiteko hondeaketa-lanetatik datoz batez ere, eta Zadorra ibaiaren uren kalitateari, landarediari eta lotutako faunari eragin diezaiekete.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren barruan, Natura 2000 Sarean izango duen eraginaren ebaluazio egokiari eta sare hori kontserbatzeko helburuei buruzko txosten bat dago. Ondorio gisa esaten da proiektuak ez diola kalterik eragingo lekuari eta ez dela eragin globalik sortuko, gune hau Natura 2000 Sarean sartzea eragin zuten balioen kontserbazio-egoera arrisku larrian jarriko duenik.
Proiektuak honelako obren beste inpaktu batzuk sorraraziko ditu: zarata, atmosfera-kutsadura eta hondakinen sorrera.
D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumenaren gaineko inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.
Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.
Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira:
D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
Arabako Lurralde Historikoko mendiei buruzko martxoaren 26ko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan xedatzen dena gorabehera, eta, hala badagokio, mendien kudeaketaren gainean eskumena duen Arabako Foru Aldundiko organoak ezartzen duena eragotzi gabe, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezarriko dira.
D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, bertako landarediari eragitea saihestuko da.
D.1.2.– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Egoera onean dauden espezie interesgarrien aleak dituzten lekuetan, eta batez ere
Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta in situ balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko. Bestalde, zuinketa eta lanak egiteko fasean, aipatutako eremuetan, ebazpen honen D.9 apartatuan aipatzen den ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan, Lanen Zuzendaritzari laguntzeko.
Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.10 apartatuko lan-programan jasoko dira.
D.1.3.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honen D.9 apartatuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
D.1.4.– Jarduera-eremua interes bereziko area da Mehatxatutako Espezieen EAEko Katalogoan jasotako fauna-espezie hauentzat: bisoi europarra (
Era berean, Zadorra ibaia zapardak (
Espezie horietako banakoei eragin diezaiekeen edozein ekintza egin aurretik, lege eta dekretu hauetan ezarritakoa hartuko da kontuan: Natura Ondare eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua; Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoa arautzeko uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua. Hala badagokio, hartuko da kontuan, baita ere, foru-organo eskudunak ezarritakoa, aipatutako fauna-espezieak kudeatzeko planen ardura duen administrazioa den aldetik.
D.1.5.– Kontratistaren instalazioen eremuak lanen enpresa esleipendunak egokituko ditu, egitekoak diren jarduketek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ingurumenean.
D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Ur-gaietan eskumena duen organoak ezarriko duena errespetatuta, jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasun- eta polizia-guneetan eragina duten obretarako, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira.
D.2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.
D.2.2.– Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko.
D.2.3.– Ibaian isuri barreiatuak izango direla aurreikusten den eremuetan, ura iragazteko gailuz eratutako hesiak, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitakoak, instalatuko dira.
D.2.4.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
Ebazpen honen D.10 apartatuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.
D.2.5.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.
D.2.6.– Hormigoi-upelak berariaz egokitutako eremuetan garbituko dira (ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusita daude). Hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honen D.5 apartatuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.
D.2.7.– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
D.3.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.
D.3.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material zatikatua isur dezaketen eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.
D.3.2.– Obrak egiteko eremuen irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak izango dira, solidoak atxikitzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentuen arabera. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.
Ebazpen honen D.10 apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.
D.3.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohirik eta zatikirik ez barreiatzeko.
D.4.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
D.4.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketa, eraispen, zamalan eta garraio lanetan, baita erabilitako makinariaren mantentze lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, erabilitako ekipoen zaraten kontrolean... ere.
D.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
D.4.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horren 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.
D.4.4.– Egunez bakarrik lan egingo da.
D.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
D.5.1.– Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
D.5.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.
Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.10 apartatuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.
Amiantoa duen hondakinik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak beteko ditu sustatzaileak, eta, horrelako hondakinak eskuztatzeko, berriz, dekretu honetan ezarritako eskakizunak beteko dira: martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua, amiantoaren eraginaren pean egoteko arriskua dagoen lanetan bete beharreko gutxieneko segurtasun- eta osasun-baldintzak ezartzen dituena.
D.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak bi dekretu hauei jarraikiz kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua.
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
D.5.4.– Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko hondeatutako lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.
Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.
D.5.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
D.5.6.– Sortutako olio erabilia Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ebatzitakoari jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
D.5.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
D.5.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egin beharko da, eta indarreko legedian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.
D.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
D.6.1.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako prebentzio-neurriak garatuko dira, eta, hala badagokio, organo eskudunak ezartzen dituenak.
D.6.2.– Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako eginkizunak gorabehera, ustiatze-lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek erabaki dezan zer neurri hartu behar diren.
D.7.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak.
D.7.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurunea leheneratzeko lanek honako hauek hartuko dituzte barnean: urbanizatu gabeko lekuetan, lurra alde geomorfologiko eta edafikotik leheneratzea eta landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea; eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.
Ibilgu berrien alboetako ezpondak ahalik eta era naturalenean diseinatuko dira luzera osoan. Horren ondorioz, ezponda horietan ez da jarriko harri-lubetazko edo hormigoizko babes artifizial zurrunak, eta, behar izanez gero, bioingeniaritzako konponbideak ezarriko dira.
D.7.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzeko lanak erraztearren.
D.7.3.– Ibai-ertzak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan proposatutakoaren arabera leheneratuko dira, eta, horrela, landarezko zerrenda jarraitu bat (zuhaixkak zein zuhaitzak) egokiro finkatu ahal izango da, beharrezkoa da-eta ibaiaren funtzio ekologikoari eusteko.
D.7.4.– Oneratze-lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak -hala nola,
Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.
D.7.5.– Ingurua zaharberritu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.
D.8.– Garbiketa eta obra bukatzea.
Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honen D.5 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.
D.9.– Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaingoan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan, aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketako zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.
Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.
Beraz, langileek jarduera onen sistema bat erabili beharko dute, besteak beste, helburu hauek ahalik eta gehien ziurtatzeko: obraren okupatze-mugak kontrolatzea, natura-interes handiko landaretza-guneen gaineko eragina kontrolatzea, ibilguen gaineko eragina kontrolatzea, hondakinen isurketak saihestea, olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea, proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak saihestea.
D.10.– Lan-programaren diseinua.
Lanak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondoko gaiei buruz, gutxienez.
Lanak egiteko programari erantsiko zaizkie, eta lanen zuzendariak berariaz onartuko ditu –aurrez, txosten bat egingo du aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak–. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:
– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, eta hor jasota egongo dira hondeaketa-lurrak behin-behinean biltzeko eremua, sarbide-bideak, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura.
– Xehetasun-kartografia bidez, zehatz-mehatz mugatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrez behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak.
– Lanen ondorioz kutsatzen den ura biltzeko eta tratatzeko gailuei buruzko xehetasunak. Ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako dekantazio-putzuaren kokapen zehatza, neurriak eta tratamendu-gaitasuna.
– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauek errespetatuta: eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua; Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua.
E) Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.
Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.
E.1.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, bidali egingo zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.
Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.
E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.
E.3.– Uren kalitatearen kontrola.
Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.10 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.
Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezko diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.
E.4.– Leheneratzearen arrakastaren kontrola.
Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.
E.5.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan. Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.
G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.
G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.5 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.
G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen E.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.
Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; epea ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean hasiko da. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Laugarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio, aldez aurretik, noiz hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarrena.– Uraren Euskal Agentziari eta Vitoria-Gasteizko Udalari ebazpen honen berri ematea.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 16a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.