EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018213

EBAZPENA, 2018ko urriaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-inpaktuari buruzko txostena Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Zeanuriko udalerrian Barazar, Saldropo eta Altzusta-Zubizabale auzuneetarako ur-hornidura berria ezartzeko sustatu duen proiektuarentzat.

Xedapenaren data: 2018-10-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201805447
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko apirilaren 23an, Zeanuriko udalerrian Barazar, Saldropo eta Altzusta-Zubizabale auzuneetarako ur-hornidura berria ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskabidea osatu zuen Bilboko Ur Partzuergoak, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen) 45. artikuluarekin bat etorriz.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2018ko uztailaren 6an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera.
Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Kultura Zuzendaritzari (bi horiek Bizkaiko Foru Aldundikoak); URA Uraren Euskal Agentziari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari.
Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzarenak eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarenak (bi horiek Eusko Jaurlaritzakoak); Kultura Zuzendaritzarenak eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarenak (bi horiek Bizkaiko Foru Aldundikoak), eta Uraren Euskal Agentziarenak. Kontsulten emaitza espedientean jasota dago. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Horrenbestez, ingurumen-arloko indarreko legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Zeanuriko udalerrian Barazar, Saldropo eta Altzusta-Zubizabale auzuneetarako ur-hornidura berria ezartzeko sustatu duen proiektuari. Ondoren, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehaztuko da, eta, beraz, baita ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez ere.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.
Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Zeanuriko udalerrian Barazar, Saldropo eta Altzusta-Zubizabale auzuneetarako ur-hornidura berria ezartzeko sustatu duen proiektuarentzat, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
Proiektu honen helburua da ur-hornidura berria ezartzea Barazar, Saldropo eta Altzusta-Zubizabale auzuneetarako, Zeanurin; hornidura berria grabitate bidez egingo da Mugarritxiketako depositutik, Dimatik. Horretarako, kanalizazio nagusi bat proiektatuko da depositu horretatik Barazarko gasolindegiaren atzeko eremuan dagoen deribazio-kutxatilaraino.
Era berean, proiektuan, Barazar eta Altunosteko ura biltzeko instalazioak, bai eta Barazar, Rekarte eta Laurtunduko deposituak ere, zerbitzutik kanpora uzteko egin behar diren lanak definitzen dira.
Hornidura berriari dagokionez, kanalizazio berriaz gain, beste bi jarduketa ere proiektatu dira:
– Elormendi auzuneko (Dimako udal mugartekoa) sare berrira konektatzeko deribazioa.
– Dagoen deribazio-kutxatilatik Laurtunduko depositurako hargunerako kanalizazioa ordeztea, haren diametroa bikoiztuta.
Dauden harguneak zerbitzutik kanpo uzteko lan eta instalazioei dagokienez, proiektuan Saldropo, Barazar eta Laurtunduko deposituak eraistea dago aurreikusita.
A) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
1.– Proiektuaren ezaugarriak eta kokapena:
Proiektuaren bidez hornidura-sistema berri bat osatu gura da Zeanuriko Barazar, Saldropo eta Altzustako auzuneetarako (Bizkaia).
Batetik, Barazar eta Altunosteko harguneak zerbitzutik kanpo uzteko lanen plangintza egin da, bai eta Barazar, Rekalde eta Laurtunduko deposituak eraisteko ere. Hain zuzen ere, gaur egun, depositu horietatik egiten da auzune horietarako hornidura.
Bestetik, hoditeria-sistema berri bat martxan jartzea aurreikusi da, gaur egun dauden hodiak ahalik eta gehien aprobetxatuta, ur-banaketa depositu bakar batetik egin ahal izateko, Diman kokatutako (Bizkaia) Mugarritxikieta depositutik, hain zuzen ere. Mugarritxikietako depositu horretatik, irteera-hodi berri bat proiektatuko da, Barazarko gasolindegiaren ostean dagoen deribazio-kutxatilaraino. Dauden sareak aprobetxatuko dira, Laurtunduko depositurako deribazio-kutxatilatik aurrerako tartean (neurria handituko da) eta Dimako (Bizkaia) Elormendiko auzunerako deribazio berrian izan ezik. Horrek guztiak dakar 3 km-ko hodi berria egin beharra, eta horietatik 2,7 km dauden baso-pistetan jarriko dira.
Azterlanean aurreikusitako kanalizazioak Undabe eta Laurtuondo errekatxoak gurutzatzen ditu, Bizkaiko Lurralde Historikoko Bisoi Europarraren Kudeaketa Planaren aplikazio-eremuaren barruan. Undabe gurutzatzeko zubiaren taulari atxikitako hodi bat erabiliko da; Laurtuondo, berriz, errekaren azpitik hodi bat sartuta gurutzatuko da. Proiektuaren eremuan dagoen landarediari dagokionez, gehienbat basoak dira, baina larre eta labrantza-eremu txiki batzuk ere badaude. Errekatxo bi horien bazterretan, erreka ertzetan ohikoa den landaredia duten tarte txiki batzuk daude, Batasunaren intereseko habitat gisa hartutakoak (91EO «haltzadiak eta lizardiak»).
Eraitsi nahi den deposituetako bat, Rekalde-Saldropokoa, Gorbeia (ES2110009) Batasunaren Garrantzizko Lekuko (BGL) Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta Gorbeiako parke naturalaren barruan dago, abeltzaintza-basogintza bultzatzeko gune batean, Hegazti Nekrofagoen Interes Bereziko Eremu baten barruan.
2.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Hona hemen nabarmenenak:
– Gerta liteke uren kalitatea murriztea obrak egitean, makinen joan-etorriagatik eta ustekabeko isuriengatik. Prebentzio- eta zuzentze-neurri egokiekin minimizatzen dira uren kalitatea murrizten duten afekzioak, eta aldi baterako, itzulgarri, berreskuragarri eta bateragarri gisa hartzen da inpaktua.
– Faunaren eta fauna-intereseko eremuen gaineko eragina: lanak egiteko azalerak okupatzearen ondorioz, sortutako zaraten ondorioz eta makinen joan-etorriek eragindako emisio posibleen ondorioz, Bisoi Europarraren Kudeaketa Planaren aplikazio-eremuaren barruan habitataren kalitatea murrizteak eragindakoa, nagusiki. Egokitzat jotzen da Rekalde-Saldropoko depositua 83/2015 Foru Dekretuak ezarritako ugaltze-sasoitik kanpo eraisteko plana. Horrela, Hegazti Nekrofagoen Interes Bereziko Eremuetako lasaitasuna gorde nahi da, eta, aldi berean, eraginik ez izan Gorbeia Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan (ES211009) kokatutako proiektuaren inguruan ugaltzen izan litezkeen mehatxatutako gainerako komunitateetan.
– Landaredia naturalaren gaineko eragina: zehazki deribazio-kutxatilatik Laurtunduko depositura doan hodi-zatian; izan ere, Laurtuondo errekatxoaren bazter bietan kokatutako 91EO «haltzadiak eta lizardiak» lehentasunezko habitata osatzen duen arboladian eragina izan dezake, errekatxoa zeharkatzeko aurreikusten den zuloa egitean. Neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondoren (erreka-bazterren landareztatzea, obretan solidoak sartzea eragozteko hesiak ezartzea eta beste batzuk), eragina bateragarria dela jotzen da.
– Kultur ondarearen gaineko eragina: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak baieztatu du, proiektuaren eremuan, badirela ondare arkitektoniko eta arkeologiko kalifikatu eta inbentariatuak, bai eta Presuntzio Arkeologikoko Eremuak ere. Hori dela eta, obrak hasi baino lehen, beharrezkotzat jo dute prospekzio arkeologikoko azterlan bat egitea, bai eta hodiak lurperatzeko behar diren zangak irekitzeko lanen kontrol arkeologikoa egitea ere.
Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:
Natura-ondarea babesteko neurriak:
– Europar bisoiaren (Mustela Lutreola) Kudeaketa Planen eremuan eta Hegazti Nekrofagoen Interes Bereziko Eremuetan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek egiteko unean, betiere kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.
– Ahal den neurrian, proiektuaren eremu osoan ez da zuhatzik kenduko, 91EO «haltzadiak eta lizardiak» lehentasunezko habitata osatzen duen arboladian batez ere.
– Lurzorua okupatzea dakarten lanak egin behar izanez gero, proiekturako behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makinak uzteko, materialak bolada batean biltzeko edo pilatzeko, sortutako hondakin-tipologia ezberdinak kudeatzeko edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jardun gauzatzeko, ingurumen-eragin txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira gune horiek. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaredia, lehentasunezko intereseko habitatak), ezta ibilguetatik hurbil dauden lur-sailetan, hezeguneetan eta urak har ditzakeen eremuetan ere.
– Obren Zuzendaritzak onartu beharko du eremu horiek non dauden zehatz, egokitzapen-lanak hasi baino lehen. Kasu bakoitzean, aurretik in situ balizatu beharko da.
– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar) lehengoratuko dira. Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak:
– Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isuririk egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunean ere, eta ez dute jasoko solido-arrasterik edo zuhaitz-ebaketen edo -inausketen hondarrik.
– Halaber, erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko eremu bat egokitu beharko da. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat eduki beharko du, lurzorua eta urak ez kutsatzeko.
– Ur-hodia instalatzeko zanga induskatzeko jarduketak modu selektiboan egingo dira, lurzoruaren horizonteak xehetasunez bereiziz eta bilduz, gero lurzoruaren jatorrizko profila lanak abiarazi aurreko egoerara lehengoratzeko.
– Indusketetan, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta horiek berehala birbanatu edo, posible ez bada, pilatu egingo dira. Pilaketa errekaren uholde-arrisku handieneko gunetik kanpo egin beharko da. Landare-lur hori berrerabili egingo da landaredia leheneratzeko lanetan edo landatutako laborantza-guneetan.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:
– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoei, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez, obren fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.
Hondakinak kudeatzeko neurriak:
– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.
– Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Obrak hasi aurretik, prospekzio arkeologikoko azterlan bat egingo da, bai eta hodiak lurperatzeko behar diren zangak irekitzeko lanen kontrol arkeologikoa ere.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
– Lurrak mugiaraztea eragiten duten obra-leku bakoitzeko lanak amaituta, jarduketen eraginpeko lursailaren oneratze edafiko eta geomorfologiko bat egingo da.
– Lehengoratze edafikoaren lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.
– Baso-lanetarako erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propagulu edo haziak hedatzeko arriskurik ez izateko.
– Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-gunetik.
Jardunbide egokien sistema bat hartzea.
Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.
– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landarediaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.
– Hondakinen eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.
– Proiektuak ukitutako biztanleguneetan bizi direnei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Garbiketa eta obra-akabera.
Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Zeanuriko udalerrian Barazar, Saldropo eta Altzusta-Zubizabale auzuneetarako ur-hornidura berria ezartzeko proiektuarentzat.
Laugarrena.– Ebazpen hau Bilbao-Bizkaiko Uren Partzuergoari eta Zeanuriko Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 22a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.