EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2018213

153/2018 DEKRETUA, urriaren 30ekoa, Doako Laguntza Juridikoarena.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800153
Xedapenaren data: 2018-10-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201805444
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/07/06an argitaratutako 2012/06/19ko 201200110 DEKRETUA indargabetzen du

Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeari erantzun operatiboa emateko, lege hori zegoen egoeran eta baldintzetan, Doako Laguntza Juridikoari buruzko ekainaren 19ko 110/2012 Dekretua eman zen.
Dena den, lege-mailako erregulazioa sakon aldatu da azken urteotan, irismen desberdineko arau batzuen bitartez; besteak beste: otsailaren 22ko 3/2013 Errege Lege Dekretua, Justizia Administrazioaren eremuan tasen araubidea eta doako laguntza juridikoaren sistema aldatzen dituena; urriaren 5eko 42/2015 Legea, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea aldatzen duena; ekainaren 21eko 2/2017 Legea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea aldatzen duena, eta ekainaren 11ko 3/2018 Legea, Europako Ikerketa Agindua arautzeko xedez Europar Batasunean zigor arloko ebazpenak elkarri aitortzeari buruzko azaroaren 20ko 23/2014 Legea aldatzen duena.
Aldaketa horien funtsa izan dira, besteak beste, doako laguntza juridikorako eskubidearen ezaugarriak eta irismena zehaztea; ex lege onuradun diren pertsonen eremu subjektiboa handitzea; doako laguntza juridikoaren batzordeen osaera; doako laguntza juridikoaren eduki material gisa sartzea gatazkak konpontzeko bitartekotzara edo judizioz kanpoko beste bide batzuetara jotzeko aukerari buruzko informazioa; laguntza-jarduera honek duen zerbitzu publikoaren izaera finkatzea, jarduera indartuz, aginte publikoek behar bezala diruz laguntzen dutela bermatuz eta zerbitzua eman behar duten profesionalei dagozkien kalte-ordainak ordaintzea onartuz.
Eta, duela gutxi, baliagarriak izan dira Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legea guztiz egokitzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko urriaren 26ko (EB) 2016/1919 Zuzentaraura (legelari baten laguntzarako eskubidea benetan bermatzeko, zigor-arloko prozesuetan susmagarri eta akusatu direnei eta atxilotzeko Europako aginduaren indarrez bilatzen diren pertsonei doako laguntza juridikoa emateari buruzko Zuzentaraua). Aldaketen artean, ofizioz izendatutako profesionalak aldatzeko aukera dago, elkargo profesionalek eta Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak parte hartzen duten prozedura baten bitartez.
Egia esan, nahiz eta Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen agindu guztiak ez izan oinarrizkoak, aldaketak hain dira garrantzitsuak ezen komeni baita Legea garatzeko arauak eduki substantibo berrietara egokitzea; alegia, eskubidearen kudeaketa-prozedurak eta eskubidea baliatzekoak benetan eraginkorrak izan daitezen.
Arauaren eraginez sortzen den berritzeko behar honi gehitu behar zaio erregelamendu-testu berria idazteko komenigarritasuna, zeren, ordeztu nahi dugun arauak antolakuntza aldetik eta zehaztasunaren aldetik izan dituen lorpenak atxikita ere, komeni baita orain arte indarrean egon den dekretuak benetako aplikazio praktikoan erakutsi dituen disfuntzionalitateak zuzentzea; eta komeni da halaber murrizteko eta sinplifikatzeko moduko dokumentu-tresneria batek Administrazioari, kasuan kasuko elkargo profesionalei eta zerbitzua ematen duten profesionalei ezartzen zien kudeaketa-karga gutxitzea ere. Joera da, horrenbestez, murrizteko eta sinplifikatzeko moduko orain arteko dokumentazioaren konplexutasuna gutxitzea.
Dekretu honek une oro errespetatzen ditu Estatuko araudiaren oinarrizko edukiak, eta zenbait berrikuntza dakartza doako justiziaren sisteman eraginkortasun handiena bilatzeko asmoz, betiere herritarren oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia eta interes legitimoak estu eta zorrotz gordeta.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailburuaren agindu bidez egingo dira doako laguntza juridikoa emateagatiko oinarri ekonomikoen eta konpentsazio-moduluen eguneratzeak (III. eranskina), arau-maila hori da-eta egokiena kontzeptu horiek azkar eta zuzen doitzeko berez aldakorra den egoera ekonomiko eta sozialera.
Eraginkortasunaren aldeko ahalegin horrek arrazoitzen du Doako Laguntza Juridikoaren Aholku Kontseilua desagertzea, eta hori, berez, gauza ona da, zeren, eraginkortasuna murriztu barik, sistemari balio erantsi urria ekarri dion administrazio-erakunde formal bat kentzea baita, zeinak, bere izatez, gastu bat eska baitzezakeen.
Beste berrikuntza bat, antolakuntza alorrekoa, doako laguntza juridikoaren batzordeen osaera da, aurrerantzean ez baita egongo bertan Ministerio Fiskalaren ordezkaririk. Hori dela eta, beharrezkoa izan da batzordeak birmoldatzea, kide anitzeko organo horien funtzionamendu egokia bermatzeko eta bertako presidentziari buruzko araubide berria zehazteko.
Sistema osoaren arintasuna bultzatuko du, halaber, ez bakarrik jada produkzioan dauden eta proiektatuta dauden aplikazio informatikoen garapenak, baita herritarrei eta kasuan kasuko elkargo profesionalei eta zerbitzua ematen duten langileei ezarritako kudeaketa-karga sinplifikatzeak eta gutxitzeak ere, zeren eta orain arte bost izan baitira doako laguntza juridikoaren sistema kudeatzeko behar ziren dokumentu-eranskinak, eta aurrerantzean bi baizik ez baitira izango.
Azkenik, zigor-arloko jurisdikzioan doako laguntza juridikoa izapidetzeko eta eskaera egiteko prozedura bereziak arautzeak hiru helburuok bete daitezela bermatuko du: laguntza emateko prozedura arintzea eta segurtatzea; horretarako jartzen diren baliabide publikoen kontrol ekonomiko zehatza bermatzea, eta, aldi berean, doako laguntza juridikoaren zerbitzua ematearekin lotutako zeregin profesional oro behar bezala ordaindu ahal izatea.
Ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren oniritzia jaso ondoren, Lan eta Justiziako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak urriaren 30ean egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honen helburua da doako laguntza juridikorako eskubidea, Espainiako Konstituzioaren 119. artikuluan jasoa, aitortzeko prozedura arautzea, bai eta bertan parte hartzen duten organo eta erakundeen funtzionamendu eta elkarlanerako araubidea ere.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Dekretu hau aplikagarria da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean jurisdikzioa duten epaitegi eta auzitegietan, edozein motatako prozesuen inguruan Administrazioak doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu behar duen kasuetarako, bai eta administrazio-prozeduren kasuetarako ere, edozein dela ere administrazio eskuduna, baldin eta legez doako laguntza juridikorako eskubidearen barruan badaude.
Bereziki, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan, administrazio autonomikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten tokiko administrazioetan, korporatiboetan eta instituzionaletan sortzen diren administrazio-prozeduretan, eta Estatuaren Administrazio Orokorreko organoetan atzerritartasun-arloko administrazio-prozeduren inguruan doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko, alor horren gaineko Estatuaren araudia aplikatuko da.
Halaber da aplikatzekoa araudi hau gatazkak konpontzeko prozesuetan –adiskidetzea, bitartekaritza edo arbitrajea, adibidez– baldin eta prozesu horietara hedatu badira Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen onurak, edo aplikagarri den araudiak berariaz hori aurreikusten badu.
2.– Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeak berekin dakar titularrentzat Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluko prestazioen artean haiek aukeratzen dituztenen eduki materiala, edo, mugaz gaindiko auzien kasuetan, Legearen VIII. kapitulukoak.
3. artikulua.– Eskubidearen titularrak.
Doako laguntza juridikorako eskubidearen titular dira Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2. artikuluan espresuki adierazitako pertsonak eta erakundeak eta lege mailako xedapenetan berariaz adierazitakoak.
II. KAPITULUA
DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN BATZORDEEN ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDUA
4. artikulua.– Doako laguntza juridikoaren batzordeak.
1.– Beren lurralde-eremuan doako laguntza juridikoa aitortzeko eskumena daukaten kide anitzeko organoak dira doako laguntza juridikoaren batzordeak. Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailera adskribatuta egongo dira, eta ongi funtzionatzeko beharrezko dituzten giza baliabideak nahiz baliabide material eta ekonomikoak izango dituzte eskura, aurrekontuetan zehaztutakoaren arabera.
2.– Batzordeek egoitza bana izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako hiriburuetan, beren eginkizunak eta eskumenak bete ditzaten dagozkien lurralde-eremuetan. Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak erabakiko du egoitzak zein tokitan egongo diren zehazki.
3.– Doako laguntza juridikoaren batzorde batek jasotzen dituen gaien bolumenak justifikatzen badu, doako laguntza juridikoaren batzordeen ordezkaritzak sortu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez. Ordezkaritzek batzordeen osaera berbera izango dute, bai kide-kopuruari dagokionez, bai kideen jatorriari dagokionez.
5. artikulua.– Osaera.
1.– Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 10. artikuluan agindutakoaren arabera, honako titular hauek, edo haien ordezkoak, izango dira doako laguntza juridikoaren batzordeetako kideak:
a) Dagokion lurralde historikoko abokatuen elkargoko dekanoa edo hark izendatutako legelari bat.
b) Dagokion lurralde historikoko prokuradoreen elkargoko dekanoa edo hark izendatutako prokuradore bat.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionario bat, A taldeko plaza betetzen duena eta Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak izendatua, doako laguntza juridikoaren batzordean idazkari arituko dena eta hitza eta botoa izango duena.
d) Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusira adskribatuta dagoen legelari bat, beraren sailak izendatua.
2.– Doako laguntza juridikoaren batzordeburua txandaka aukeratuko da, sei hilean behin, kide guztien artean, artikulu honen 1. apartatuan ezarritako hurrenkeraren arabera, idazkaria izan ezik.
3.– Batzordeak osatzeko, gizonen eta emakumeen arteko oreka bilatuko da, Gizon eta Emakumeen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoarekin bat.
6. artikulua.– Bertaratzeagatiko kalte-ordaina.
Doako laguntza juridikoaren batzordeen bileretara joanez gero eta bilera horretako idazkariak behar bezala justifikatuta, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango da, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuagatik kalte-ordainei buruzko araudian adierazten den moduan, baldintzetan eta zenbatekoetan. Kalte-ordain hori ez dute jasoko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionario moduan parte hartzen dutenek.
7. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– Doako laguntza juridikoaren batzordeen funtzionamendua dekretu honetan ezarritako arauen menpe egongo da. Arau horiek bete ezean, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean eta, oro har, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoentzat zehaztutakoa ezarriko da.
2.– Erabakiak hartzeko, botoen gehiengoa lortu beharko da. Botoetan berdinketa denean, lehendakariak erabakiko du, kalitateko botoa baitu.
8. artikulua.– Deialdia eta bilkurak.
1.– Bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeari dagokionez, organoaren eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da, gutxienez, hiru batzordekide bertaratzea eta horien artean batzordeburua eta idazkaria egotea.
2.– Deialdia eta bilkurak egiteko araubidea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17. artikuluan jasotakoa izango da. Hala ere, doako laguntza juridikoaren batzordeak bilkura-egutegi bat ezarri ahalko du, unean uneko deialdia egin beharrik gabe, eta hartzaileak batzordekide guztiak direla ulertuko da.
3.– Hamabost egunean behin bilduko dira gutxienez, eztabaidatu beharrezko gai-kopurua dela-eta batzordeak bilkuren periodikotasuna alda badezake ere.
9. artikulua.– Funtzioak.
1.– Honako hauek dira doako laguntza juridikoaren batzordeen funtzioak:
a) Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzea edo ukatzea, ebazpen bidez, aldez aurretik abokatuen elkargoetako orientazio juridikorako zerbitzuek hartu dituzten erabakiak berretsiz edo aldatuz, eta eskubidea aitortzen bada, beraren eduki materiala eta ebazpenaren ondorioak zehaztea.
b) Eskubidearen aitorpena errebokatzea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 19.1 artikuluan xedatutako eran.
c) Doako laguntza juridikorako eskubidea onartzen ez duten ebazpenak errebokatzea eta akatsak zuzentzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 109. artikuluan xedatutako eran.
d) Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzen duten ebazpen deusezak berrikustea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 106. artikuluan xedatutako eran.
e) Beharrezkoak diren egiaztapenak egitea eta informazioa eskatzea, bereziki Administrazio Publikoari; ziurtagiri telematikoak eskatzea eta administrazio publikoen datu-baseetarako irispidea erabakitzea, bereziki kasuan kasuko zerga-administrazioarena, Katastroarena, Gizarte Segurantzarena, eta jabetza-erregistroena eta merkataritza-erregistroena edo bide telematiko bidez eskura daitekeen beste edozein erregistrorena, aldez aurretik interesdunak onespena edo baimena emanda.
f) Hartzen diren ebazpenen ondorioz egin behar diren jakinarazpenak gauzatzea, horretarako ezarritako sistema informatikoen bitartez; bai interesdunentzako jakinarazpenak, bai izendatzen diren profesionalentzat eta elkargo profesionalentzat.
g) Doako laguntza juridikoaren batzordeak adostutako behin betiko ebazpenen aurkako aurkaratze-idazkiak jaso, eta dagokion organo judizialean izapidetu.
h) Sostengaezintasunari buruzko txostenak izapidetzea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean adierazitakoa betez.
i) Doako laguntza juridikoko elkargo-zerbitzuen ardura duten profesionalen jarduerek eragindako arazoak, kexak eta salaketak helaraztea profesionalen elkargoei.
j) Deklaratzea ea doako laguntza juridikorako eskubidearen onuradunaren egoera ekonomikoak hobera egin duen, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
k) Doako laguntza juridikoari buruzko espedienteak bost urtez artxibatzea eta zaintzea, eskubidea eman edo ukatzen duen ebazpena ematen den egunetik zenbatuta; bost urteok igarotakoan, espedienteak garbitzeko eta ezabatzeko eskatuko da. Halaber artxibatu eta zainduko ditu bere bilkuren aktak, behin betiko kontserbatzeko.
l) Doako laguntza juridikoari buruzko araudiak zehazten dituen bestelako eginkizunak betetzea.
2.– Funtzio horiek betetzean, doako laguntza juridikoaren batzordeek objektibotasunez, inpartzialtasunez, berdintasunez, gardentasunez, efizientziaz, sumariotasunez eta bizkortasunez jardungo dute, herritarrek zerbitzu arina eta kalitatezkoa jaso dezaten.
3.– Eskatzen dizkieten datu estatistikoak emango dizkiete doako laguntza juridikoaren batzordeek Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailari.
10. artikulua.– Doako laguntza juridikoaren sistema informatikoa eta bulego birtuala.
1.– Prozeduren kudeaketa administratiboa dagokien profesionalen elkargoen eta Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailaren aplikazio informatikoak erabiliz egingo da, horiek osatzen baitute doako laguntza juridikoaren sistema informatikoa.
2.– Aplikazio informatikoak bide telematikoz egongo dira elkarrekin konektatuta ingurune seguru batean, abokatuen eta prokuradoreen elkargoek egindako kudeaketaren arteko datuen autentikotasuna bermatzeko, bai espedienteei buruzko datuei dagokienez, bai espedienteen kudeaketa ekonomikoari buruzko datuei dagokienez.
Sistema honetan, hartzen dituzten erabakiak sartuko dituzte doako laguntza juridikoaren batzordeek, erabakietako eduki osoa sartu ere, bai eta organo judizialen aurrean jartzen diren aurkaratzeei buruzko ebazpenak ere, jasota gera daitezen eta elkargo profesionalak eta prozesuan parte hartu duten profesionalak jakitun egon daitezen.
3.– Abokatuen elkargoek eta Eusko Jaurlaritzak, aurrekontuko kopuruak aintzat hartuta, doako laguntza juridikoaren sistema informatikoa garatuko dute, zeinak bulego birtual baten gisa jardungo baitu. Bertan, eskatzaileek doako laguntza juridikorako eskaera eta hari buruzko izapideak egin ahal izango dituzte, ingurune seguru batean, espediente elektroniko bat sortuz alegia; gainera, beren espedienteen izapidetze-egoera ezagutu ahal izango dute, herritarrek zerbitzu publikorako irispide elektronikoa izateari buruzko araudiari jarraituz.
4.– Sistema informatikoak automatikoki sartuko du sexuaren aldagaia, esan nahi baita datu estatistikoak sexuaren arabera bereizita emanda eta ustiatuta; hartara, aukera emango du emakumeen eta gizonen arteko egoera desberdinak aztertzeko, doako laguntza juridikorako irispideari eta prestazioari dagokionez.
III. KAPITULUA
DOAKO LAGUNTZA JURIDIKORAKO ESKUBIDEA AITORTZEKO PROZEDURA
1. ATALA
PROZEDUREN ARAU KOMUNAK
11. artikulua.– Alderdi orokorrak.
1.– Hauek dira kapitulu honetan doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko arautzen diren prozedurak:
a) Prozedura orokorra.
b) Prozedura bereziak.
2.– Hauek dira doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozeduraren arau komunak:
a) Prozedura biak eskabide batez hasiko dira, I. eta II. eranskinetan ezarritako ereduei jarraituz, prozedura motaren arabera.
b) Eskabidean, interesdunek onespena eman diezaiekete abokatuen elkargoko orientazio juridikoko zerbitzuari eta doako laguntza juridikoaren batzordeari, informazioa bil dezaten eskatzailearen eta haren familia-unitatearen errentari eta ondare aitortuari buruz.
c) Eskabidea egiteko ereduak baimen horri buruzko beharrezko informazioa jasoko du, eta jakitun ipiniko du eskatzailea baimenaz beraz eta baimena ez aurkezteak edo datuak ezkutatzeak izan ditzakeen ondorioez.
d) Familia-unitatea osatzen dute legez bananduta edo dibortziatuta ez dauden ezkontideek eta seme-alaba adingabeek, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko araudiaren arabera; ezkontideak eta izatezko bikotekideak baliokidetzat joko dira. Familia-unitatea familia ugaria bada, hori egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztuko da.
e) Ez da beharrezkoa izango dokumentuak jasotzea edo ziurtagiri telematikoak eskatzea baldin orientazio juridikoko zerbitzuak edo doako laguntza juridikoaren batzordeak nahikoa informazioa badute eskatzaile berak aurretik doako laguntza juridikoaren beste espediente batean aurkeztu duelako, salbu eta aurretik aurkeztutako informazio horren arabera eskabideari ezezkoa eman bazaio edo igorri zenetik sei hilabete baino gehiago igaro badira. Ondorio horietarako, onura egiaztatzeko baliagarriak izango dira orobat onura eskatzen den lurraldeaz beste lurraldeetako batzordeek emandako ebazpenak, baldin eta eskaera egin aurreko sei hilabeteko epean eman badira.
f) Eskaeran, espresuki adieraziko da doako laguntza juridikorako eskubidearen zer prestazio aitortzea eskatzen den, hau da, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak jasotzen dituen guztiak ala horietako batzuk. Zer prestazio eskatzen diren adierazten ez bada, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak jasotzen dituen guztiak direla ulertuko da.
g) Eskaeran behar bezala jakinaraziko zaio eskatzaileari zer betekizun –formari buruzkoak eta funtsari buruzkoak– dauden doako laguntza juridikoaren onuradun izateko, eta laguntza aitortzeak, ukatzeak edo errebokatzeak zer ondorio dituen ere bai.
h) Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak emango ditu eskaera-inprimakiak, zeinak eskatzaileen esku egongo baitira bulego judizialetan, abokatuen elkargoen orientazio juridikoko zerbitzuetan, doako laguntza juridikoaren batzordeen egoitzetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus).
Abokatuen elkargoek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte doako orientazio juridikoko zerbitzuetako profesionalek interesdunei inprimakiak emateko eta ongi betetzen dituztela ziurtatzeko, eta, beharrezkoa bada, laguntza emateko ere bai.
i) Eskabidea aurkezteko edozein bide erabil daiteke, baita herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzko araudiak jasotakoak ere; eskatzen den eskubidea aitortzeko espediente elektronikoa izapidetzeko aukera izango da.
Kasu horretan, bide hori erabiliz eskaera egiten duenari bide beretik bidaliko zaizkio komunikazioak eta jakinarazpenak, Administrazioan informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera.
Espedientea hasten duen inprimakian, gailu elektroniko bat, mezularitza arrunteko zerbitzu bat edo posta elektronikoko helbide bat identifikatu ahal izango du eskatzaileak, eta horiek erabiliko dira bera komunikazio-egintza batez jakitun ipintzeko.
12. artikulua.– Alderdi bereziak.
1.– Zigor-arloko jurisdikzioan, ez da beharrezkoa izango hurrengo atalak aipatzen duen izapide orokorra, salbu eta kereila bat jarri nahi duten pertsonen kasuan eta prozesuan akzio penala edo zibila egikaritu nahi duten alderdi akusatzaileen kasuan.
Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ere ez da izango beharrezkoa izapide hori atzerritarren kasuan espainiar lurraldean sartzea ukatzen zaienean edo euren jaioterrira itzultzen edo Espainiako lurraldetik kanporatzen direnean eta asiloaren arloko prozedura guztietan.
2.– Gainerako kasuetan, aurreko paragrafoan aipatzen ez direnetan, atxilotua edo presoa edo ikertua ustez baldin badago Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2. artikuluaren aplikazio-eremu subjektiboan, ez da beharrezkoa izango dekretu honen 13.2 artikuluan aipaturiko dokumentazioa aurkeztea, ezertan eragotzi gabe interesdunak eskaera sinatzeko duen betebeharra.
Horretarako, atxilotuari edo presoari laguntza ematen dion profesionalak dekretu honetako II. eranskineko eredu normalizatuan eskatzen diren datu eta baimenak adierazi beharko ditu eredu horretan bertan. II. eranskin hori dagokion abokatu-elkargoari entregatuko zaio, legelariak jardun duen prozedurako datu guztiekin batera.
Atxilotuak edo presoak edo ikertuak uko egiten badio eskabidea betetzeari, laguntza eman dion abokatuak hasiera eman diezaioke doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozedurari; horren berri jasoko du eta behar bezala arrazoitutako eta funtsatutako txosten bat aurkeztuko du, zeinean beren-beregi jasoko baititu kasuaren inguruabarrak eta adieraziko baitu haren iritziz eskatzaileak merezi duen ala ez doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzea.
3.– Aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatuko da halaber adingabeen erantzukizun penaleko prozeduretan. Kasu horietan, interesdunaren sinadura legezko tutoreena edo egitatezko zaintzaileena izango da, edo, bestela, interes kontrajarriak badaude, adingabearena edo haren defentsa judizialarena –halakorik badago–, edo, azken horrek uko egiten badio sinatzeari edo sinatzeko ezintasun agerikoa badago, Ministerio Fiskalarena.
4.– Prozedura orokorra izapidetzearen salbuespena aplikagarria izango da halaber presoek espetxe-zaintzako epaitegien aurrean has ditzaketen espetxe-zaintzako espedienteetan.
5.– Hurrengo atalean arautzen den izapidetze orokorretik kanpo gelditzen dira halaber genero-indarkeriaren biktimak, terrorismoarenak eta pertsonen salerosketarenak, biktima-izaerarekin lotura duten edo horren ondorio diren prozesu guztietan; orobat adingabeak eta desgaitasun intelektuala edo buruko gaixotasuna duten pertsonak, abusu edo tratu txarren biktima direnean, istripuetako biktimak, eta terrorismoaren biktimen eskubideen sustapena eta defentsa helburutzat duten elkarteak ere, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2. artikuluko g), h) eta i) letretan ezarritakoaren arabera.
6.– Bestalde, organo judizial batek ikertu bati buruz ofiziozko txandako izendapen-eskaera bat egiten duenean, eskaera hori behar besteko dokumentutzat joko da doako laguntza juridikoaren onura egiaztatzeko, eta, balioztatu ahal izateko, artikulu honetan aipatzen diren gainerako espedienteekin batera izapidetuko da, dekretu honen 26. artikuluan xedatutakoaren arabera. Eta, hori guztia gorabehera, izendatutako legelariak uste badu bere defendatuak ez duela onura hori merezi, doako laguntza juridikoari buruzko eskabidea prozedura normalizatuaren bidez egiteko eskatuko dio.
2. ATALA
PROZEDURA OROKORRA
13. artikulua.– Hasiera.
1.– Interesdunaren eskariz hasiko da doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozedura. Dekretu honen I. eranskinean dago eskabidea egiteko eredu normalizatua eta harekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.
2.– Hasierako eskabidearekin batera, eskubidea zor zaionaren egoera juridikoa, familiarra, ekonomikoa eta ondare-egoera egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu behar dira, salbu eta dokumentuok une horretan bertan aurkeztea ezinezkoa bada, kasu horretan eten egingo baita dagokion prozedura-epea.
3.– Eskabide-inprimakian, gainera, interesdunak aukera izango du bere onespena emateko eskatzen zaizkion datuak bide telematikoak erabiliz lor daitezen.
14. artikulua.– Eskabidea aurkeztea.
1.– Doako laguntza juridikoa jasotzeko eskabideak behar bezala beteta aurkeztuko dira, aginduzko dokumentazioarekin batera, prozesu nagusiaz arduratzen den edo arduratuko den organo judiziala dagoen tokiko abokatuen elkargoko orientazio juridikoko zerbitzuetan, edo eskatzailearen egoitzari dagokion organo judizialaren aurrean. Azken kasu horretan, organo judizialak lurraldearen arabera eskumena duen orientazio juridikoko zerbitzuari igorriko dio eskabidea.
2.– Adingabeen epaitegiei esleitutako prozeduretan, doako laguntza juridikorako eskabide bakarra egingo da, alde batera utzita zenbat pieza irekitzen diren.
Profesionalek uste badute haien defendatu adingabeari ez zaizkiola zor Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean jasotako eskubideak, horren jakitun ipiniko dute haren legezko ordezkaria edo adingabea bera.
Prozedura horietan, artikulu honen lehenengo apartatuan organo judiziala aipatzen denean, Adingabeen Fiskaltzaz ari dela ulertuko da, guardiako laguntzak ez diren jarduketetarako. Izendapena egin eta gero, Adingabeen Epaitegiak ofiziozko abokatua eskatzen badu Adingabeen Erantzukizun Penalari buruzko abenduaren 4ko 5/2000 Lege Organikoaren 16.3, 22.1.b) eta 22.2 artikuluan xedatutakoaren babespean, legelari-zuzendaritza beraren izendapena errepikatuko litzateke, arrazoi legitimoak direla-eta beste batez ordezkatzea dagokionean salbu.
Tutoretza amaitutzat jotzeko foru-aginduen aurkako errekurtsoa jarri nahi duten adingabeek eskubidea izango dute adingabeen arloan espezializatutako ofiziozko legelariengana jotzeko.
Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 10.2.e) artikuluan xedatutakoaren arabera, adingabeek zuzeneko legitimazioa izango dute beren kabuz edo Ministerio Fiskalaren bitartez doako laguntza juridikoa jasotzeko eskabideak egiteko baldin eta helburua bada lege-laguntza eskatzea eta defentsa judiziala izendatzea, bai eta akzio judizial eta administratiboei ekiteko ere. Bereziki, zuzeneko legitimazioa izango dute doako laguntza juridikoaren onura eskatzeko, interes kontrajarriak izan ditzaketenean haien egitezko zaintza edo tutoretza dutenekiko.
3.– Familia-prozeduretan edo ezkontzaz kanpoko seme-alaben neurriei buruzkoetan, bikotekideek interes kontrajarriak dituztela ulertuko da. Horregatik, doako laguntza juridikorako eskabidea banaka egingo dute, eta bikotekide bakoitzak bete beharko ditu baldintza ekonomikoak, dagokion izendapena egin ahal izateko. Izendapen hori soilik eskubidearen onuradunarentzat izango da. Horrek guztiak ez du eragozten kasu bakoitzean litis expensas eskatzeko aukera.
4.– Eskatzaileak uste badu salbuespenezko aitorpen kasuen babesean egon daitekeela, txosten bat aurkez dezake justifikatuz zergatik pentsatzen duen aitorpen hori zuzenbidearen araberakoa dela, eta txostena doako laguntza juridikoaren batzordera bidaliko da.
5.– Behin eskabidea orientazio juridikoko zerbitzuaren aurrean aurkeztuta, prozesua edo prozedura abiatu bada, zerbitzuak eskatzaileari jakinaraziko dio prozedura eteteko asmoa badu berariaz eskatu behar diola hartaz arduratzen den organo judizialari edo administratiboari.
6.– Abokatuen elkargoek lehentasuna emango diote urgentzia arrazoituta dutela egiaztatzen duten doako laguntza juridikoa jasotzeko eskabideak izapidetzeari; organo judizialak edo prozesuan parte hartzen duen alderdietako edozeinek egin behar du urgentziaren arrazoiketa hori.
15. artikulua.– Adingabetasunari buruzko eztabaidak.
Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren edo jurisdikzio zibilaren esparruan, adingabe atzerritarraren adinari dagozkion foru-aginduen aurka errekurtsoa aurkeztu nahi denean, adingabetasuna eztabaidatzen zaion atzerritarraren interesak defendatzen dituen legelariak has dezake doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozedura, atal honetan adierazitako prozeduraren arabera.
16. artikulua.– Hutsak zuzentzea eta eskabidea hobetzea.
1.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertuko dute orientazio juridikoko zerbitzuek, eta aski ez dela irizten badiote edo uste badute eskabidean akatsak daudela edo ez dagoela behar bezala betea, errekerimendua egingo diote interesdunari, ikusitako akatsak eta hutsuneak zehatz adierazita, hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzan edo dagokion dokumentazioa aurkeztu, argitu edo hobetu dezan, eta ohartaraziko zaio eskatutako hori egiten ez badu eskabidean atzera egin duela uler daitekeela.
2.– Epe hori igaro eta zuzenketarik ez badago, orientazio juridikoko zerbitzuak eskabidea ezetsi edo artxibatuko du, dokumentazioa falta delako, eta doako laguntza juridikoaren batzordeari bidaliko dio espedientea, hark dagokiona ebatz dezan.
3.– Batzordeak formazko akats funtsezkoak ikusten baditu espedientearen izapidetzean, orientazio juridikoko zerbitzuari itzuliko dio, zuzentzeko.
17. artikulua.– Behin-behineko izendapenak egitea eta doako laguntza juridikoaren batzordeari igortzea.
1.– Eskabidea eta egiaztagagiriak aztertu ondoren eta akatsik egonez gero horiek zuzendu ondoren, orientazio juridikoko zerbitzuak irizten badio eskatzaileak doako laguntza juridikorako eskubidea lortzeko legezko baldintzak betetzen dituela, abokatuaren behin-behineko izendapena egingo du, zerbitzu horrek eskabidea jaso edo akatsak zuzendu ondoren gehienez ere hamabost eguneko epean, eta, prokuradorearen esku-hartzea nahitaezkoa denean, berehala emango dio horren berri prokuradoreen elkargoari, ordezkari arituko den prokuradorea izenda dezan hurrengo hiru egunetan.
Prokuradoreen elkargoak berehala emango dio izendapenaren berri abokatuen elkargoari.
Elkargoek behin-behineko izendapenaren berri emango diete esku hartu behar duten profesionalei, eta, prozesua hasita badago, baita organo judizialari ere.
2.– Abokatua izendatzeko, elkargoetako zerrendetan errotazio-txanden edo ausazko txanden arabera egokitzen dena aukeratuko da, elkargo bakoitzean izendapenerako ezartzen den banaketa objektibo eta ekitatiboaren sistema erabiliz.
3.– Hiru eguneko epean, behin-behineko izendapenaren berri emango diote interesdunari. Komunikazioan adieraziko zaio, halaber, behin-behinean izendatutako profesionalek egindako lanaren zerbitzu-sariak eta eskubide ekonomikoen kostuak ordaindu beharko dituela, doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzen ez bazaio.
4.– Behin-behineko izendapenak egin ondoren, orientazio juridikoko zerbitzuek hiru eguneko epea izango dute gehienez ere laguntza juridikoaren batzordeari espediente osoa emateko, eskabidea egiazta eta ebatz dezan. Laguntza juridikoaren batzordeak sarrera-erregistroa emango die aurkezten diren espedienteei helarazpenaren unean bertan.
5.– Orientazio juridikoko zerbitzuak uste badu eskatzaileak ez dituela betetzen doako justiziaren onura merezi izateko baldintzak, edo uzia argi eta garbi sostengaezina dela edo oinarria falta zaiola, bost eguneko epean jakinaraziko dio ez dela egokia abokatuaren behin-behineko izendapena, aurreko paragrafoetan aurreikusitakoa. Gainera, doako laguntza juridikoaren batzordeari helaraziko dio espedientea, behin betiko ebazpena emateko eta artxibatzeko.
6.– Kasu hauetan, abokatuen elkargoak ez du legelariaren behin-behineko izendapenik egingo:
a) Abokatuaren parte-hartzea nahitaezkoa ez bada, ebazpen judizialak kontrakoa ebazten duen kasuetan izan ezik.
b) Uste badu eskatzaileak ez dituela betetzen Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen2., 3. eta 4. artikuluetan zehaztutako nahitaezko baldintzak.
c) Uste badu eskabidea Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 5. artikuluaren esparru-eremuan egon litekeela.
d) Egiaztatzen badu aitorpen-eskabidea gai judizial beragatik doako laguntza juridikoaren batzordearen aurrean izapidetu zen beste baten kopia dela, salbu eta prozedura hasi gabe duten demandatzaileen kasuan.
e) Lurralde-eskumenik eza egiaztatzen badu aitorpen-eskabidean.
f) Ikusten badu demandatzaileak demanda aurkeztu eta gero egin zuela eskabidea, edo demandatuak bere erantzuna egin eta gero aurkeztu zuela.
g) Argi eta garbi sostengaezintzat edo oinarririk gabekotzat jotzen badu doako laguntza juridikoaren eskabidea arrazoitzen duen uzia.
7.– Era berean, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 5. artikuluaren xedatutakoari dagokionez, orientazio juridikoko zerbitzuak laguntza juridikoaren batzordeari bidaliko dio espedientea, eskatzaileak eskubidea salbuespenez aitor diezaioten adierazten dituen arrazoiekin batera, doako laguntza juridikoaren batzordeak dagokion ebazpena eman dezan eta zehaztu dezan Legearen 6. artikuluko prestazioen artetik zein aitortzen zaizkion eskatzaileari.
8.– Orientazio juridikoko zerbitzuak, eskabidea jasotzen denetik hasita edo, akatsak badaude, zuzentzen direnetik hasita hamabost eguneko epean, aurreko paragrafoetan zehaztutako jardueretatik bat ere egin ez badu, eskatzaileak berriro ere aurkez diezaioke eskabidea doako laguntza juridikoaren batzordeari, hamabost eguneko epean.
Kasu horretan, doako laguntza juridikoaren batzordeak espedientea eta eskabideari buruzko txostena eskatuko dizkio orientazio juridikoko zerbitzuari, eta aginduko du, baldintza ekonomikoak eta uzia aztertuta hala dagokionean, behin-behineko abokatu bat izendatzea, eta, nahitaezkoa bada, baita prokuradore bat ere, dekretu honetan zehaztutako prozeduraren arabera.
9.– Elkargo profesionalek beharrezko neurriak hartuko dituzte genero-indarkeriaren, familia barruko indarkeriaren eta sexu-erasoen biktimei behin-behineko abokatua izendatzea bermatzeko, eta, haien parte-hartzea nahitaezkoa bada, baita prokuradore bat izendatzea ere, parte hartu behar duten epaiketa azkarretako agerraldi edo ikustaldien aurretik, behar beste denborarekin.
10.– Elkargo profesionalen betebeharra izango da doako laguntza juridikoko zerbitzuetan alta emanda dauden elkargokideen datu-basea mantentzea eta eguneratzea.
18. artikulua.– Abokatuak eta prokuradoreak izendatzeko errekerimendua.
1.– Baldin eta, prozesu- edo administrazio-legeriaren arabera, prozesuaz arduratzen ari den organo judizialak edo espedientea izapidetzen ari den administrazio-organoak irizten badio, kasuaren inguruabarrak edo urgentzia direla eta, beharrezko dela alderdien defentsa- eta ordezkaritza-eskubideak berehala ziurtatzea, eta haietakoren batek adierazten badu baliabide ekonomikorik ez duela –hori beharrezkoa balitz doako laguntza juridikorako eskubidea lortzeko–, ebazpen arrazoitu bat emango du elkargo profesionalei eskatuta behin-behinekoz izenda ditzatela abokatua eta prokuradorea, izendapenak lehenago egin ez badira.
2.– Justizia Administrazioko legelariak edo administrazio-organoak biderik azkarrena erabiliz komunikatuko diete ebazpen hori abokatuen eta prokuradoreen elkargoei, eta aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera izapidetuko da gero eskabidea.
3.– Beharrezkoa izango da Justizia Administrazioaren legelariak dekretu honetako I. eranskineko eredu normalizatua aurkeztea ebazpen horren komunikazioarekin batera, interesdunak behar bezala betea, non berariazko onespena agertuko baita dagokion abokatuen elkargoak haren datu ekonomikoak lor ditzan eta, hala badagokio, baita familia-unitatea osatzen duten pertsonen onespena ere, elkargo berarentzat, bide telematikoen bitartez.
Eskabide horiek ahalik eta azkarren eta urgentziarik handienarekin izapidetuko dira, eta horretarako nahikoa izango da eskatzailearen datuak edo familia-unitatearenak, hala badagokio bide telematikoen bidez lortzea, salbu eta lortutako datuetatik ezin bada jakin zein den haren egoera ekonomikoa eta ondare-egoera.
4.– Profesionalen behin-behineko izendapena egin bada eta batzordeak edo organo judizizlak doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea ukatzen badu, batzordeak ukapenaren berri emango die legelariari eta prokuradoreari, erabaki horren arabera jardun dezaten.
19. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.
1.– Espedientea jaso eta gero, doako laguntza juridikoaren batzordeak gehienez ere hogeita hamar eguneko epea izango du espedientea ebazteko, eskatzaileak aurkeztutako datuen zuzentasuna eta benetakotasuna egiaztatzeko beharrezko argibideak jaso eta gero.
2.– Aurreko paragrafoan zehaztutakoa betetze aldera, eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioan azaldutako datu ekonomikoen egiaztapena eskatu ahal izango die doako laguntza juridikoaren batzordeak zerga-administrazioei, Katastroari, Gizarte Segurantzari, jabetza-erregistroei eta merkataritza-erregistroei edo beste edozein erregistro, instituzio edo erakunderi, betiere ebazpena emateko ezinbestekoa dela uste badu.
Informazio hori eskatzeko komunikazioak doako laguntza juridikoaren batzordeko idazkariak egingo ditu, eta bide telematikoz egingo dira administrazio publikoen edo organo judizialen artean, justiziako profesionalen artean edo elkargo profesionalen artean egiten direnean, eta bide horietaz egin daitezke, halaber, hartzaileak direnean datu edo informazio horiek laga behar dituzten beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk. Beti errespetatuko da datu pertsonalei buruzko arautegia.
Halaber, interesdunari errekerimendu bidez eskatu ahal izango dio eskabidea aztertzeko ezinbesteko datuak eta dokumentuak aurkezteko hamar eguneko epean, eta argi eta garbi adieraziko dio zein diren aurkeztu beharreko datuak eta dokumentuak. Era berean, jakinaraziko dio errekerimenduari kasurik egin ezean eskabidea artxibatu daitekeela.
3.– Artikulu honetan aurreikusitako kasuetan, beharrezko dokumentuak aurkezteko epea eten egingo da eskabidea eta eskatzaileari eskatutako txostena edo dokumentuak eskatzen direnetik jaso arte. Nolanahi ere, etenaldi hori hiru hilabetekoa izango da gehienez ere.
4.– Doako laguntza juridikoaren batzordeak datuak egiaztatzeko egin ditzakeen errekerimenduak eragotzi gabe, eskatzaileek alegazioak egin ahal izango dituzte orientazio juridikoko zerbitzuaren behin-behineko ebazpenaren aurka, doako laguntza juridikoaren batzordeak eskaerari behin betiko ebazpena eman baino lehen. Eskubide hori bera izango dute auzian kontrako alderdi direnek edo espediente horretan eskubide edo interes legitimo baten titular direnek ere.
5.– Doako laguntza juridikoaren batzordeak auziaren kontrako alderdiari edo alderdiei entzungo die, bai eta akzioa noren kontra egikaritu nahi den, alderdi horiei ere, baldin eta datuak eman ditzaketela uste badu edo alderdiek hala eskatzen badute.
6.– Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozeduraren instrukzioa bizkortasun- eta sumariotasun-printzipioen menpe egongo da beti.
7.– Doako laguntza juridikoaren batzordeek erabateko lehentasuna emango diete eta urgentziaz izapidetuko dituzte doako laguntza juridikorako eskabideak eskatzailea egoera bereziki ahulean egon daitekeen kasuetan eta adingabeen kasuetan eta desgaitasun intelektual edo buruko gaixotasuna duten pertsonen kasuetan, abusu edo tratu txarren biktima direnean. Berdin izapidetuko dira ikertuen eskabideak delituak azkar epaitzeko prozeduraren eremuan.
20. artikulua.– Ebazpena: edukia eta ondorioak.
1.– Behar diren egiaztapenak egin ondoren, doako laguntza juridikoaren batzordeak ebazpen bat emango du doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko ala ukatzeko, gehienezko 30 eguneko epean espedientea jasotzen denetik zenbatuta, eta, aitortzekotan, zein prestazio aitortzen dituen zehaztuko du. Jakinarazpenak hiru eguneko epean egingo zaizkie eskatzaileari, abokatuen eta prokuradoreen elkargoei, alderdi interesdunei eta prozesuaren ardura duen organo judizialari edo, prozesuari hasiera eman ez bazaio, epaile dekanoari. Doako laguntza juridikoaren batzordeko idazkariak egingo ditu jakinarazpenok. Jada bidean dagoen prozeduran edo hastekoa den prozeduran aurkako alderdiari entzunaldia eman bazaio espedientean, hari ere jakinaraziko zaio lehen aipaturiko ebazpena.
2.– Ebazpenak eskubidea aitortzen badu, berekin dakar elkargo profesionalek behin-behinean egindako izendapenak ere onartzea.
Izendapen horiek aurretik egin ez badira, doako laguntza juridikoaren batzordeak berehala eskatuko die elkargoei profesionalak izenda ditzaten, eskubidearen titularraren defentsaz arduratzeko eta, hala badagokio, hura ordezkatzeko.
3.– Prozedura hasita ez badago, izendatutako profesionalek aitorpen-ebazpena erantsi beharko diote jarduerak hasteko idazkiari, kontrako alderdiak edo alderdiek aukera izan dezaten Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 20. artikuluan zehaztutako eskubidea baliatzeko; horren berri eman beharko dute hala eskatzailearentzako jakinarazpenean nola elkargo profesionalei egindakoan.
4.– Doako laguntza juridikoaren eskatzaileak gerora sortutako arrazoiengatik lortzen badu aitorpena Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 8. artikuluaren ildotik, ebazpenaren ondorioek ez dute atzeraeraginik izango.
5.– Eskaera ezetsiz gero, ebazpena irmoa denean indarrik gabe geratuko dira egindako izendapenak, halakorik egin bada, eta behin-behinean izendaturiko profesionalen parte hartzeagatik sortu diren ordainsari eta eskubide ekonomikoak ordaindu beharko ditu eskatzaileak.
Behin ebazpen ezeslea irmoa denean, dagokion organo judizialari jakinaraziko zaio, eta aditzera emango da izendapena indarrik gabe gelditu dela eta eskatzaileak aukera duela bere konfiantzako beste profesional batzuk izendatzeko, edo aurreko berberak baina modu pribatu eta partikularrean.
Doako laguntza juridikoa ukatzen bada legelari-laguntza nahitaezkoa duen prozedura baterako eskabide batean non laguntza jasotzen duena eta akzio penala zuzentzen zaion pertsona pertsona bera diren, ikertuen kasuan adibidez, haren defentsak jarraituko du nahitaezkoa izaten.
6.– Doako justiziarako sistema informatikoaren bidez, hartu diren ebazpenen berri zehatza jasoko du doako laguntza juridikoaren batzordeak, eta horrek bide emango die elkargo profesionalei eta, hala badagokio, parte hartu duten profesionalei berei, ebazpenok ezagutzeko.
21. artikulua.– Ebazpen espresurik eza.
1.– Ebazpen espresua emateko betebeharra eragotzi gabe, hogeita hamar eguneko epean doako laguntza juridikoaren batzordeak ez badu ebazpenik eman, abokatuen eta prokuradoreen elkargoek aurrez hartutako erabakiak berretsiko dira, kasu jakin bakoitzari dagozkion ondorioekin.
2.– Zehaztutako epean elkargo profesionalek ez badute inolako erabakirik hartzen, eskabidea baietsitzat joko da. Hala gertatzen bada, interesdunak eskatuta, prozesuaz arduratzen den organo judizialak edo, eskabidea prozesua hasi baino lehen egiten bada epaile dekano eskudunak, eskubide osoa aldarrikatuko du, eta abokatuaren eta, beharrezkoa bada, prokuradorearen behin-behineko izendapena egiteko eskatuko die elkargo profesionalei. Horrek guztiak ez du eragotziko presuntziozko baiespen horren kontrako aurkaratzeek lekarketen ondoriorik.
3.– Interesdunak bere uzia oinarritu badu Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 5. artikuluan zehaztutako salbuespenezko kasuetan eta doako laguntza juridikoaren batzordeak ez badu ebazpen espresurik eman, eskabidea baietsita geratuko da, eta, beraz, eskubidea aitortua.
22. artikulua.– Ofiziozko berrikuspena.
1.– Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, doako laguntza juridikoaren eskatzaileei eskubidea aitortzeko erabakigarriak izan diren adierazpenak okerrak edo faltsuak badira edo datu garrantzitsuak ezkutatu badira, doako laguntza juridikoaren batzordeak eskubidearen aitorpena errebokatuko du. Beraz, doako laguntza juridikoaren batzordeak ofizioz berrikusteko ahalmena izango du.
Aurreko paragrafoan aipaturiko errebokazioa ebazpen arrazoitu baten bidez egin ahal izateko, doako laguntza juridikoaren batzordeak entzunaldia emango dio interesdunari, hamar eguneko epean.
2.– Doako laguntza juridikoaren batzordeak edozein unetan deklaratu ahal izango du, bere kabuz edo interesdunak hala eskatuta, doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu zuen ebazpena deuseza edo deuseztagarria dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 106. eta 107. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.
3.– Eskubidea errebokatzeak berekin dakar onuradunak ordaindu behar izatea ofizioz izendatutako profesionalen parte-hartzeagatik sortutako ordainsariak eta diru-eskubideak.
4.– Doako laguntza juridikoaren batzordeek eskumena dute eskubidea ukatzen duten ebazpenak errebokatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera.
5.– Doako laguntza juridikoaren batzordeek edozein unetan zuzendu ditzakete, ofizioz edo interesdunek eskaturik, beren egintzetako oker materialak, egitezkoak edo aritmetikoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluak dioenari jarraituz.
23. artikulua.– Organo judizialak eskubidea errebokatzea epaian.
1.– Baldin eta, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 19.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, doako laguntza juridikoaren onuradunak egikaritutako uziaz arduratzen den organo judizialak egikaritze horretan ikusten badu eskubide-abusua, ausarkeria, fede txarra edo lege-iruzurra dagoela, prozesuari amaiera ematen dion ebazpenean deklaratuko du haren existentzia, eta doako justiziarako eskubidea errebokatuko du.
2.– Errebokazio hori doako laguntza juridikoaren batzordeari jakinaraziko zaio, administrazio eskudunak berreskura ditzan auzitan dohainik aritzeko eskubidearen aitorpenaren ondorioz onuradunak eskuratutako prestazio guztiak.
3.– Baldin eta, behin eskubidea errebokatu ondoren, ofiziozko txandan parte hartzen duen profesionalak bere ordainsariak edo eskubideak jaso baditu, behartuta egongo da dagokion elkargo profesionalari itzultzera diru-funts publikoen kontura jaso dituen diru-kopuruak, edo benetan kobratutakoaren arabera dagokion zati proportzionala, elkargoak Administrazioari itzul diezaion.
24. artikulua.– Ebazpena aurkaratzea.
1.– Eskatutako eskubidea aitortzen edo ukatzen duten doako laguntza juridikoaren batzordeen ebazpenak, baita aurretik aitortutako eskubidea errebokatzen dutenak ere, aurkaratu ahal izango dira, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 20. artikuluan adierazitako eran.
2.– Eskatzaileek eta eskaera egiten den prozeduran aurkako alderdi direnek izango dute ebazpen horiek aurkaratzeko legitimazioa.
3.– Eskabidearen presuntziozko baiespena edo ezespena aurkaratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.4 artikuluan adierazitakoa bete beharko da.
4.– Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Zentralak Eusko Jaurlaritzan doako justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzara bidaliko ditu izapidetutako aurkaratzeei dagozkien ebazpen judizialak, jakinarazpena egin eta bost eguneko epean. Ebazpen horiek doako laguntza juridikoaren sistema informatikoaren bidez jakinaraziko zaizkie elkargo profesionalei.
25. artikulua.– Diru-itzulketa: kostuak ordaintzeko kondena, prozeduraren errendimendua lortzea eta egoera ekonomikoa hobetzea.
1.– Prozesuari amaiera ematen dion ebazpenak kostuei buruzko erabakia hartu badu eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortu zaionaren edo legez onartua duenaren aldekoa bada, haren defentsan eta ordezkaritzan sortutako kostuak kontrako alderdiak ordaindu beharko ditu. Diru-itzulketa aginduko da halaber litis expensas kondenetan, kondenak gertatzen diren baldintzetan.
Kasu horretan, kontuan izanik doako justiziaren onuradunak ez duela haren izenean diharduten profesionalen aldeko diru-ordainketarik egin, eta ez dela haien aldeko krediturik sortu, profesional horiei zuzenean ordainduko zaizkie kostuak pagatzeko manamendu eta aginduak.
2.– Prozesuari amaiera ematen dion ebazpenean doako laguntza juridikoaren eskubidea lortu edo legez aitortua duena kostuak ordaintzera kondenatzen denean, haren defentsan sortutako kostuak eta aurkariarenak ordaindu beharko ditu baldin eta prozesua amaitu eta hurrengo hiru urteetan haren egoera ekonomikoak hobera egiten badu. Bitartean, geldiarazi egingo da Kode Zibileko 1967. artikuluaren preskripzioa.
Egoera ekonomikoa hobetu duela iritziko da haren diru-sarrerek eta diru-baliabideek, kontzeptu guztiengatik, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 3. artikuluan aurreikusten den moduluaren bikoitza gainditzen dutenean edo lege horren arabera eskubide hori aitortzeko kontuan hartutako inguruabarrak eta baldintzak funtsean aldatu direnean.
Doako laguntza juridikoaren batzordeak deklaratu behar du onuradunaren egoera ekonomikoak hobera egin duen ala ez, doako laguntza juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 36.2. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta erabaki hori aurkaratu ahalko da, testu beraren 20. artikuluan dioenaren arabera.
3.– Prozesuari amaiera ematen dion ebazpenak ez badu kostuei buruzko erabaki espresurik jasotzen, eta auzian irabazle doako laguntza juridikorako eskubidearen onuraduna gertatzen bada, hark ordaindu beharko ditu beraren defentsan sortutako kostuak, betiere auzian lortu duenaren herena baino gehiago ez badira. Gehiago baldin bada, herena ordainduko du, diru-partidak proportzionalki hartuz.
4.– Behin profesionalek diru-sariak eta eskubideak ordain diezazkietela lortu ondoren, behartuta egongo dira dagokion elkargo profesionalari itzultzera prozesuan parte hartzeagatik diru-funts publikoen kontura jaso dituzten diru-kopuruak. Benetan jasotako diru-kopurua profesional horiek kobratutako modulua baino txikiagoa bada, zati hori baino ez dute itzuli beharko. Gorabehera horien zerrenda bere hiruhileko justifikazioan sartuko du elkargoak, eta haren konpentsazioa egingo du.
3. ATALA
PROZEDURA BEREZIAK
26. artikulua.– Zigor-arloko eta atzerriko espedienteen izapideak, dokumentazioa aurkeztu beharrik ez duten kasuetan.
1.– Dekretu honen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, zigor-arloko jurisdikzioan, atxilotua edo presoa edo ikertua ustez baldin badago Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2. artikuluaren aplikazio-eremu subjektiboan, ez da beharrezkoa izango dokumentazio orokorra aurkeztea.
2.– Kasu horietan, II. eranskina bete beharko da, eta dagokion abokatuen elkargoari entregatuko zaio, legelari-laguntzatik hilabeteko epe luzaezinean, legelariak jardungo duen prozedurako datu guztiekin batera. Laguntza ematen dion legelari-zuzendaritzak ahala izango du ordezkari gisa jarduteko, Prozedura Kriminaleko Legea onartzen duen 1882ko irailaren 14ko Errege Dekretuaren 768. artikuluaren arabera.
3.– Inprimaki horretan, laguntza jasoko duen pertsonak onespena emango dio gaikuntza horri, baina, dena delakoagatik, eskatzaileak ez badu ahalduntze hori egiten edo ez badu eskaera sinatzen edo horretarako ezintasun agerikoa badago, laguntza eman dion abokatuak hasiera eman diezaioke doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozedurari. Horren berri jasoko du behar bezala arrazoitutako eta funtsatutako txosten bat aurkeztuz, zeinean beren-beregi jasoko baititu kasuaren inguruabarrak eta adieraziko baitu haren iritziz eskatzaileak merezi duen ala ez doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzea.
4.– Hala ere, legelariak uste badu haren laguntza jasotzen duenari ez zaizkiola zor Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak jasotako eskubideak, horren jakitun ipiniko du haren defendatua, eta jakinaraziko dio doako laguntza juridikoaren onurari buruzko eskaera egin dezakeela, dekretu honen I. eranskinean adierazitako eredua erabiliz; halaber aditzera emango dio ezen, hori egin ezean edo onurarik jaso ezean, defentsa-lanetatik eratorritako gastu eta kostu guztiak ordaindu beharko dituela.
27. artikulua.– Izapideak, instrukzioa eta ebazpena.
1.– Dekretu honen II. eranskinak zigor-arloko eta atzerriko auzietarako jasotzen duen eskabidea doako laguntza juridikoaren batzordeari helaraziko zaio, hark espedientea baliozta eta ebatz dezan.
2.– Mota horretako espedienteak modu bereizian eta identifikagarrian bidaliko zaizkio doako laguntza juridikoaren batzordeari, prozedura orokorrekoetatik bereizita alegia.
3.– Doako laguntza juridikoaren batzordeak espedientea jaso, egiaztapenak egin, balioztatu eta ebazpena emango du.
28. artikulua.– Espedienteak izapidetzea, eskubidea lege-aginduz aitortzen den kasuetan.
1.– Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 2. artikuluaren arabera, onuradun hauek salbuetsita egongo dira izapidetze-prozedura orokorretik:
a) Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileak eta zerbitzu komunak.
b) Gizarte Segurantzaren sistemaren onuradun diren langileak lan-arloko jurisdikzioan, bai epaiketako defentsa-lanetarako bai lan-eskubideen eraginkortasunari begira akzioak egikaritzean, konkurtso-prozesuetan edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioan gauzatzen diren arlo sozialeko eta gizarte segurantzako auzietan. Baina espedientearen izapidetze normalizatua ere aukeratu dezakete, haien nahia bada Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluko prestazio guztiak eskuratzea, zeren haiek gozatu ahal izango baitituzte, baldintza ekonomikoak betez gero.
c) Genero-indarkeriaren biktimak, terrorismoarenak eta gizakien salerosketarenak, biktima-izaerarekin lotura duten edo horren ondorio diren prozesu guztietan; halaber adingabeak eta desgaitasun intelektuala edo buruko gaixotasuna duten pertsonak, abusu edo tratu txarren biktima direnean. Baita aurreko horien eskubide-hartzaileak ere, biktima hilez gero eta baldin parterik ez badute izan egitateetan.
d) Istripu baten erruz ohiko laneko zereginak edo profesionalak egitea guztiz eragozten dieten behin betiko ondorioak egiaztatzen dituzten eta, gainera, eguneroko oinarri-oinarrizko jarduerak egiteko beste batzuen laguntza behar duten eskatzaileak, baldin eta auziko objektua bada jasandako kalte pertsonal eta moralengatiko kalte-ordaina erreklamatzea.
e) Terrorismoaren biktimen eskubideen sustapena eta defentsa helburutzat duten elkarteak, Terrorismoaren biktimak aitortu eta osorik babesteko irailaren 22ko 29/2011 Legean adieraziak.
2.– Aurreko kasuetan, legelari-laguntzarekin eta dagokion II. eranskina sinatua aurkeztearekin batera, espediente bat hasiko da, zeina bide telematikoz doako laguntza juridikoaren batzordera pasako baita, hark baliozta dezan. Doako laguntza juridikoaren batzordearen bilera bakoitzaren aurretik, espediente horien zerrenda berezitua bidaliko diete orientazio juridikorako zerbitzuek batzordeei, bileraren gai-zerrendan sar daitezen.
3.– Parte hartzen duten profesionalek konpentsazio-moduluak jaso ahal izateko, aski izango da profesional horiek beren elkargoari jakinaraztea onuradunaren izenean jardun dutela, laguntza eskatu zaien prozedura eta izapideak egokiro identifikatuz.
29. artikulua.– Genero-indarkeriaren kasuen berezitasunak.
1.– Biktimentzako eskubide-aitorpena izapide eta gertaera guztietara hedatuko da instantzia berean, baita betearazpenera ere, salbu eta absoluzio-epaiaren irmotasuna edo, delitu-egintzak ez egiaztatzeagatik, behin-behineko edo behin betiko largespena ematen bada. Orobat, biktima-izaera nagusituko da doako justiziaren onuraren ondorioetarako baldin eta, prozesu berean, biktima ikertua ere bada; izendaturiko legelari-zuzendaritzak bi posizio prozesal horietan jardungo du biktimari laguntza ematen, salbuespenak salbuespen.
2.– Kasu horretan absoluzio-epai irmoa edo prozeduraren largespena, doako justiziarako eskubidea galduko da, eta ez da ordurarte gozatutako doako prestazioen kosturik ordaindu beharko, ezertan eragotzi gabe eskatzaileak eduki dezakeen interesa onura aitortua izan dadin, auzitan jarduteko aski baliabiderik ez duelako, aurretik lege-aginduz lortu duen aitorpeneko prozedurekin jarraitu ahal izateko. Horretarako, kasu horretan badago, dekretu honen I. eranskina beteko du.
3.– Etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren biktimentzako berehalako laguntza juridikoa dela eta, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean edo dekretu honetan jasotzen ez den guztiari dagokionez, Genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak eta elkargo profesionalen eta Administrazio Publikoaren artean sinatzen diren hitzarmenek aginduko dute.
IV. KAPITULUA
DOAKO AHOLKULARITZA ZERBITZUAK, LEGELARI-LAGUNTZA, DEFENTSA ETA ORDEZKARITZA ANTOLATZEA
30. artikulua.– Zerbitzuak kudeatzea.
1.– Abokatuen eta prokuradoreen elkargoen ardura izango da doako aholkularitza, legelari-laguntza, defentsa eta ordezkaritza zerbitzuak arautu eta antolatzea. Horretarako, kontuan hartuko dira eraginkortasunaren irizpidea, tratu- eta aukera-berdintasuna, funtzionaltasuna, arintasuna, irisgarritasuna, kalitatea eta gardentasuna, eta, gainera, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko dira. Administrazioak, bere aldetik, beharrezkoak diren baliabide eta azpiegiturak jarriko ditu, aipaturiko printzipio horiek eta eskatzaileen aholkularitza-lanetan konfidentzialtasuna eta pribatutasuna bermatzeko.
2.– Elkargo profesionalek administrazioekin elkarlanean jardungo dute, bereziki Eusko Jaurlaritzan justizia-alorraren eskumena duen sailarekin, doako laguntza juridikorako laguntza ematen duten zerbitzuen funtzionamenduan, dekretu honetan eta aplikagarria den gainerako arauetan agindutakoa zuzen betetzen dela bermatzeko.
3.– Era berean, elkargo profesionalek izendatzen diren profesionalen jarduna egokia dela begiratuko dute, eta behar beste neurri hartuko dituzte herritarren eskubide hauen eraginkortasuna eta errespetua bermatzeko: profesional adituen eskutik aholkua jaso eta defendatuak eta ordezkatuak izatekoa eta laguntza hori kalitatezko laguntza profesionala izatekoa.
4.– Alde horretatik, elkargo profesionalek egoki irizten dieten batzorde edo taldeak eratu ditzakete beren barnean, beren eskumen-autonomia baliatuz, jarduteko protokoloak onartzeko; doako aholkularitza, legelari-laguntza, defentsa eta ordezkaritza zerbitzuen funtzionamendua antolatu, zuzendu eta ikuskatzeko, eta zerbitzu horiek koordinatzeko doako laguntza juridikoaren sisteman parte hartzen duten erakunde eta organoekin.
31. artikulua.– Orientazio juridikoko zerbitzuak.
1.– Abokatuen elkargoek orientazio juridikoko zerbitzu bana izango dute, funtzio hauek izango dituena, Gobernu Batzordeak esleitzen dizkionez gainera:
a) Doako laguntza juridikoa eskatzen dutenei aurretiazko aholkularitza ematea, haien uziak argitzeko eta bideratzeko.
b) Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko beharrezko baldintzak betetzeari buruzko argibideak ematea.
c) Idatziz nahiz bide telematikoen bitartez eskabideak formalizatzen laguntzea eta izendapen-proposamenetan laguntza ematea, dekretu honen 35.4 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuz eta profesionalen izendapenetan gertatzen diren uko egiteak jasoz.
d) Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko aginduzko agiriak interesdunari eskatzea, bai eta akatsak zuzentzeko edo hutsuneak betetzeko eskatzea ere.
e) Eskabidean dagoen uzia aztertzea, argi eta garbi sostengaezina bada edo oinarririk ez badu ere edo eskubide-abusua bada ere.
f) Espedienteak izapidetzea, dekretu honen III. kapituluan zehaztutakoa betez, eta, beharrezkoa den kasuetan, prokuradoreen elkargoekin koordinatzea profesionalen izendapenari dagokionez.
g) Informazioa ematea gatazkak konpontze aldera prozesu judizialaren ordez dauden sistemei buruz, sistema horiek aplikagarri direnean.
2.– Doako laguntza juridikorako eskubidea eskatzen duten pertsonek doan jasoko dute zerbitzu hau.
3.– Abokatuen elkargoek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte orientazio juridikoko zerbitzuak herritarren irispidean jartzeko eta zerbitzu horien kokapenaren eta funtzioen berri emateko.
4.– Abokatuen elkargoek orientazio juridikoko zerbitzuak antolatzeari buruzko informazioa emango diete Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailari eta doako laguntza juridikoaren batzordeei (funtzionamendu-arauak, egoitzak eta herritarrak artatzeko ordutegiak), eta edozein aldaketaz jakitun jarriko dituzte, herritarrei arreta eraginkorra emateko helburuarekin.
5.– Elkarlanaren printzipioak, lankidetzarenak, koordinazioarenak, laguntzarenak, leialtasunarenak eta gardentasunarenak gidatuko dituzte abokatuen elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuen eta doako laguntza juridikoaren batzordeen arteko harremanak.
32. artikulua.– Prestakuntza eta espezializazioa.
1.– Eusko Jaurlaritzan justizia-alorreko eskumena duen sailak, Legelarien Euskal Kontseiluak eta Prokuradoreen Euskal Kontseiluak doako laguntza juridikoaren zerbitzuak emateko prestakuntza- eta espezializazio-betekizun orokorrak adostuko dituzte urtero.
2.– Txanda espezializatu guztietan besteak beste, genero-indarkeria, etxekoa, adingabeak, espetxekoa, atzerritarrak edo sortzen diren bestelakoak prestakuntza espezializatua eskatuko da, bai txandotan sartzeko, baita bertan jarraitzeko ere.
3.– Eusko Jaurlaritzan justizia-alorraren eskumena duen sailak, aurrekontuetan dituen diru-kopuruak aintzat hartuta, ofiziozko txandako espezialitateetan adskribatuta dauden elkargokideentzako prestakuntza (hasierakoa eta etengabekoa) finantzatzeko laguntza emango du, horrela defentsarako eta ordezkaritzarako eskubide konstituzionala bermatuko duen kalitatea eta gaitasun profesionala segurtatuz.
33. artikulua.– Txanda-banaketa eta txanda espezializatuak.
1.– Elkargo profesionalek sistema objektibo eta ekitatiboak ezarriko dituzte ofiziozko profesionalak izendatzeko txandak eta baliabideak banatzeko, eta beti bermatuko dituzte Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean jasotako herritarren hizkuntza-eskubideak. Sistema horiek publikoak izango dira abokatu eta prokuradore guztientzat, eta doako laguntza juridikoaren eskatzaileek kontsultatu ahal izango dituzte.
2.– Jurisdikzio-alor eta ordenei buruzko txanda edo zerrenda orokorrez gainera, hauek izango dira doako laguntza juridikoan espezializatutako txandak:
a) Legelari-laguntza genero-indarkeriaren biktimei, gizakien salerosketarenei eta adingabe eta desgaitasun intelektuala edo buruko gaixotasuna duten pertsonei, abusu edo tratu txarren biktima direnean.
b) Legelari-laguntza adingabeei, adingabeen zigor-arloko jurisdikzioan.
c) Legelari-laguntza atzerritartasunaren alorrean.
d) Elkargoek ezartzen dituzten besteren batzuk, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailaren oniritziz eta legelarien erroldak horretarako bidea ematen duenean.
34. artikulua.– Guardiako txanda.
1.– Abokatuen elkargoek legelari-laguntzarako zerbitzua bermatuko diote atxilotuari, salatuari edo ikertuari, edo delitutzat har daitezkeen egintzak polizia-atestatuan egozten zaion pertsonari. Horretarako, guardiako txanda iraunkor bat antolatuko dute, eta bertako kideek komisarien edo organo judizialen eskariz jardungo dute, haiek eskatu orduko alegia, aplikagarria den legeria prozesalean ezarritako eran. Elkargoek txandaren funtzionamendua zuzena dela gainbegiratu eta kontrolatuko dute, eta Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailari jakinaraziko dizkiote bai emandako zerbitzu horiek eta bai izan diren aldaketa guztiak ere.
Prozedura Kriminaleko Legea onartzen duen 1882ko irailaren 14ko Errege Dekreturen 520.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, izendatutako legelari-zuzendaritzak ahalik eta azkarren joko du atxilotua dagoen zentrora, eta betiere guardiako enkargua edo abisua jaso duenetik aurrera legez ezarritako epearen barruan. Atxilotuari edo ikertuari laguntza emateak berekin dakar pertsona horri laguntza iraunkorra ematea, baita jarduketa horretatik segitzen den prozeduran ere, defentsa bakarra alegia.
2.– Abokatuen elkargoek guardiako txanda iraunkorrak antolatuko dituzte, legelariak 24 orduz doako laguntza juridikoaren zerbitzu emateko prest izango dituztenak, eta dagokion legeria prozesalaren arabera behar diren beste laguntza emango dituzte.
3.– Prokuradoreen elkargoek zerbitzu bat sortuko dute izendatutako prokuradorearen berri emateko organo judizialei eta hala eskatzen duten alderdiei, eta zigor-arloko epaiketa azkarretako zer ikustalditan edo agerralditan parte hartu behar duten jakinarazteko, horiek egin aurretik behar beste denborarekin.
4.– Lurralde bakoitzeko abokatuen elkargoek zehaztuko dute, zeinek bere eskumenen eremuan, zenbat profesional ariko diren laguntza ematen barruti judizial bakoitzeko guardia-zerbitzu iraunkorrean eta espezialitate bakoitzean, une bakoitzean dauden beharrak kontuan hartuta; gainera, zerbitzua bermatzeko beharrezkoak diren errefortzuak jarri ahal izango dituzte.
35. artikulua.– Ofiziozko txanda.
1.– Abokatuen eta prokuradoreen elkargoek banaketa-sistema ekitatiboak ezarriko dituzte, ofiziozko profesionalak izendatzeko. Sistema horiek publikoak izango dira abokatu eta prokuradore guztientzat, eta doako laguntza juridikoaren eskatzaileek kontsultatu ahal izango dituzte.
2.– Abokatuak eta prokuradoreak euren elkargo profesionalek kudeatutako ofiziozko txandarako zerrendetan izena emanda daudenen artetik izendatuko dira.
Zerrendak jurisdikzio-ordenen arabera antolatuko dira. Halaber, zerrenda bereiziak egingo dira txanda espezializatuetarako.
3.– Abokatuek ofiziozko txandako zerrendetan izena emateko edo bertan jarraitzeko, beharrezkoa den prestakuntza, espezializazioa eta esperientzia dutela egiaztatu behar dute. Profesionalek zerrenda batean baino gehiagotan eman dezakete izena aldi berean, betiere zerrenda horietako bakoitzean sartzeko behar diren baldintzak betetzen badituzte.
4.– Abokatua libreki aukeratzeko eskubidea ezartzen da jurisdikzio zibilean, lan-arloko jurisdikzioan eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan. Jurisdikzio horien menpeko prozesuetan, eskatzaileak nor aukeratu dagokion zerrendakoen artetik, hura izendatuko da abokatu, behin-behinekoz eta behin betiko, baldin eta gehieneko kupoa agortu ez badu. Gehienezko kupoak Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak zehaztuko ditu, ebazpen bidez, abokatuen elkargoekin negoziatu ondoren.
5.– Eskatzaileak ez badu berariaz adierazten profesional bat aukeratzeko borondatea, edo eskatzaileak aukeratutako profesionalak bere kupoa agortu badu edota defentsatik salbuesten badute, txandako izendapena egingo da, 2. apartatuan zehaztutakoaren arabera. Eskatzaileak inoiz ezingo du profesionala aukeratu, behin txandaren arabera dagokiona izendatu ondoren.
6.– Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeak berekin dakar ofiziozko abokatua izendatzea, halakorik eskatu bada, bai eta, aginduzkoa bada, ofiziozko prokuradorea izendatzea ere, edo, aginduzkoa ez bada ere, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Organo judizialak auto arrazoitu baten bidez espresuki haren parte hartzea eskatzen badu, prozesu judizialean aldeen berdintasuna bermatzeko.
b) Delitu arinak direnean, zigor-arloko prozesua noren aurka zuzentzen den hark abokatuaren laguntza jasotzeko eskubidea egikaritu badu eta organo judizialak hala erabaki badu, kontuan hartuta dena delako arau-haustearen garrantzia eta laguntza juridikoa eskatu duenaren baldintza petsonalak.
36. artikulua.– Izendapenari uko egitea. Izendatutako profesionala ordeztea.
1.– Abokatua edo prokuradorea izendatzeari uko egiteak beti eregingo die bi horiei aldi berean, eta asmo horren berri eskaera egiteko unean berean adierazi behar da.
2.– Uko egite horren berri doako laguntza juridikoaren batzordeari eta abokatuen eta prokuradoreen elkargoei emango zaie, eta ez du ekarriko doako laguntza juridikorako eskubidea onartzean aitortutako gainerako prestazioak galtzea.
3.– Profesionalak zer gai edo auzitarako izendatu zituzten, gai horretan jarduten hasita daudela egiten bazaio uko izendapenari, profesionalek doako justiziaren onuradunari eskatu ahal izango diote ukoa benetan gauzatzen den artean egindako izapideengatik dagozkien diru-kopuruak ordaintzeko.
4.– Doako laguntza juridikoaren onuradunak eskubidea izango du profesional berriak izendatu daitezen eskatzeko, behar bezala justifikatutako eskabidearen bitartez, eta horrek ez ditu jada erabakita dauden profesionalen izendatzeak baliogabetuko.
5.– Izendapena egin duen elkargo profesionalean egin beharko du eskabidea. Eskabidea jasotakoan, elkargoak ordeztu nahi den profesionalari helaraziko dio, bost egunerako, eta, jarraian, ebazpen arrazoitua emango du hamabost eguneko epean.
6.– Ordezkapena justifikatzen duen kausa dagoela adierazten duen ebazpena jakinaraziko die elkargo profesionalak doako laguntza juridikoaren batzordeari, eskatzaileari eta, berehalakoan, izendatzen den profesional berriari.
7.– Doako laguntza juridikoaren batzordeak uko egin ahalko dio ordezkapen-eskabidearen izapidetzeari, eta diharduten profesionalen izendapena berretsi, baldin eskabidea funtsatzen bada aurretik uko egindako auzi eta profesional beraren inguruko kausa batean eta ez badago ordezkapena justifika lezakeen gertaera edo inguruabar berririk.
8.– Doako laguntza juridikoaren onuradunak aurkaratu ahal izango ditu profesional berri bat izendatzeko eskubideari uko egiten dioten ebazpenak, dekretu honen 24. artikuluan ezarritako eran.
37. artikulua.– Legelari-laguntza bakarra.
1.– Abokatu edo prokuradore bakarra izendatuko da lege prozesalen arabera defentsa edo ordezkaritza bakar baten pean auzitan jardun behar duten eskatzaile guztientzat.
Profesionalei uko egiteko arrazoirik edo profesionalen desenkusarik ezean, izendatutako profesionalak beren funtzioetan jardungo dute harik eta prozedura dagokion auzialdian amaitu arte, eta, hala badagokio, epaiak betearazi arte, betiere epaia eman eta hurrengo bi urteetan hasten bada betearazpena.
Familia-prozesuetan, epaiaren betearazpena gertatzen bada urtebete igarota epaiaren irmotasunetik, dagokion moduluaren zenbaketa egingo da.
2.– Genero-indarkeriaren delituen biktima-izaeraren ondorioz has daitezkeen prozesuetan, legelari-zuzendaritzak berak eman behar dio laguntza biktimari, betiere horrela haren defentsa-eskubidea behar bezala bermatzen bada. Horretarako, aintzat hartuko dira profesionala adskribatuta dagoen txandak edo espezialitateak, eta planteatu beharreko akzioek biktima-izaera horrekin zuzenki eta estuki duten lotura ere.
Eskubide hori bera izango dute kausadunek, biktima hilez gero.
Abokatua defentsa-lanetik desenkusatzen bada eta elkargoak desenkusa onartzen badu, gainerako prozeduretatik at geratuko da, eta beste legelari bat izendatuko da.
3.– Oro har, zigor-arloko prozeduretan, abokatu bakar batek emango du legelari-laguntza atxiloketa egin denetik hala gertatzen den kasuetan, edo lehenengo agerralditik, eta profesional horrekin gauzatuko dira prozeduraren fase guztiak.
Zigor-arloko prozeduran izendaturiko legelariaren laguntza, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraituz, pertsonala eta besterenezina izango da, elkargo profesionalek antolamendu-autonomiaren barruan aurreikusten dituzten salbuespenak salbuespen. Ildo horretatik eta Herritarrek Justiziaren aurrean dituzten eskubideen Gutunean xedatutakoarekin bat, legelariak modu jarraituan emango du prestazio hori, eta bertatik bertara hartuko du parte atxiloketan eta ondoko jarduketetan eta zitatzen duten prozesu-egintza guztietan: prozeduraren eta hartzen diren ebazpenen gaineko informazio zehatza eta xehea emango dio herritarrari, eta berehalako aholkularitza emango dio bertatik bertara, ahal bada haren jarduteko moduak jurisdikzio-organoaren aurrean izan ditzakeen ondorioei buruz.
4.– Desenkusa batean dautzan arrazoiak direla-eta prozedura berean bi profesionalek edo gehiagok parte hartzen badute, denek jaso behar dute ordainsaria.
38. artikulua.– Eskubide eta betebehar orokorrak.
1.– Doako laguntza juridikoaren txandetan izena emanda dauden profesionalek irizpide-askatasunez eta -independentziaz jardungo dute, doako laguntza juridikoaren elkargo-zerbitzuen funtzionamendua gobernatzen duten arau deontologiko eta arauen mende.
2.– Izendatutako abokatuak zigor-arloan baino ezingo dira defentsatik desenkusatu. Horretarako, abokatuak arrazoi pertsonala eta zuzena izan behar du, zeina kasuan kasuko abokatuen elkargoko dekanoak aztertu beharko duen. Desenkusa hiru eguneko epean formulatu beharko da, izendapena jakinarazten denetik edo desenkusa justifikatzen duten egitateak gertatzen direnetik zenbatuta, eta aurkeztu eta bost eguneko epean ebatzi beharko da. Dekanoek elkargoko ofiziozko txandako batzordeen esku delegatu ahalko dute eskumen hori. Aurkeztutako desenkusa onartuz gero, beste profesional bat izendatuko da, doako justiziaren onuradunaren benetako babes judiziala bermatzeko.
39. artikulua.– Eskubide eta betebehar espezifikoak.
1.– Ofiziozko txandan izendaturiko profesionalek beren lan profesionalari zor zaion errespetua eta begirunea jasoko dute izendatzen dizkieten bezeroen aldetik eta parte hartzen duten prozeduretako organo judizial, segurtasun-kidego eta gainerako erakunde publikoen aldetik. Hortik segitzen denez, baldintza egokiak izango dituzte beren lan profesionala egiteko: bulego duin eta nahikoak izango dituzte, eta, justiziapekoen eskubideak segurtatzeko beharrezkoa denean, bulego horietan pribatutasuna eta esklusibotasuna bermatuko dira. Era berean, helburu horiei begira, profesionalek parte hartzen duten erakundeetan beharrezkoa den guztia izango da eskura alferreko atzerapenak eta itxarote desegokiak eragozteko, parte hartu behar duten legelariek eta gainerako profesionalek jarduteko ezarri zaizkien orduei dagokienez.
Izendatutako profesionalen lanari eta irizpide-askatasunari eta -independentziari zor zaion errespetuaz jardungo du bezeroak profesionalekiko harremanetan.
Ofiziozko txandan izendaturiko profesionalek diru-sari duin eta egokia jasotzeko eskubidea izango dute, ematen dituzten zerbitzuen ordainetan.
2.– Izendatutako profesionalek honako informazio hau eman behar diete doako laguntza juridikoaren onuradunei:
a) Haien eskubidearen eduki materiala zein den.
b) Eskubidearen iraunaldia.
c) Doako laguntza juridikoaren onura ez aitortzeak zer-nolako ondorioak dituen, dela behin betiko ukoagatik, dela errebokazioagatik, egoera ekonomikoa hobetzeagatik edo Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean jasotako beste edozein arrazoirengatik.
d) Gatazkak konpontze aldera prozesu judizialaren ordez dauden sistemei buruzko informazioa, sistema horiek aplikagarri direnean.
e) Informazioa ematea prozeduraren egoeraz, jarduketez eta prozedura-epeak eteteaz.
Bezeroak hala eskatzen badu, informazioa idatziz eskuratu beharko zaio.
3.– Profesionalaren betebeharra da kalitateko zerbitzua ematea, behar den kualifikazio profesionalaz, irispideari eta etengabeko prestakuntzari buruzko araudiarekin bat eta kasuak kasuko elkargo profesionalak ezartzen duen araudiarekin bat, betiere haien gaineko arau deontologikoak begiratuz.
4.– Profesionalek men egin beharko diote Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak ezarritako diziplina-araubideari eta dagokien elkargo-araudiari.
5.– Artikulu honetan eta 38. artikuluan ezarritakoekin batera, dekretu honetan araututakoaren ondorioz sortzen diren gainerako betebeharrak izango dituzte profesionalek.
40. artikulua.– Uziaren sostengaezintasuna.
1.– Prozesu baterako izendatutako abokatuak sostengaezina irizten badio baliarazi nahi den uziari, doako laguntza juridikoaren batzordeari jakinaraziko dio, izendapenetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean. Horretarako, behar bezala arrazoitutako txosten bat aurkeztu beharko du, eta bertan azaldu bere erabakia arrazoitzeko arrazonamendu juridikoak. Txostenarekin batera, hala badagokio, erabaki hori egiaztatzeko eta funtsatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko du.
Epe hori igarotzen bada horrelako komunikaziorik izan gabe, eta abokatuak uzia ebaluatzeko dokumentazioa faltagatik etendura eskatu gabe, abokatuak nahitaez hartu behar du bere gain defentsa.
Nahitaez defendatu beharko du salatua edo ikertua. Zigor-arloan, kondenatutakoen kasuan ez dago uzia sostengaezintzat jotzerik eta, beraz, ez da izapidetzeko onartuko.
Ez da sostengaezintasunari buruzko txostenik izapidetzeko onartuko halaber baldin eta, prozedura batean, doako laguntza juridikoaren onuraren hartzailea pasiboki legitimatutako alderdi baldin bada, demandatua delarik, exekutatua edo hirugarren batzuek prozesu-posizio pasibo batera errekeritua.
2.– Sostengaezintasunari buruzko eskaera Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 32. artikulutik 35.era bitartean xedatutakoaren arabera izapidetuko da, aurreko paragrafoan adierazitako salbuespena salbu.
Sostengaezintasunari buruzko eskabideak ezetsiz batzordeek ematen dituzten ebazpenak eskatzaileari eta ofiziozko profesionalei jakinaraziko zaizkie, bai eta abokatuen elkargoei eta kasuan kasuko organo judizialari ere.
3.– Doako laguntza juridikoaren batzordeek erregistro berezi bat izango dute, gertatu diren uzien sostengaezintasunari buruz izapidetu diren espedienteak jasoko dituena.
41. artikulua.– Kexak eta erreklamazioak.
1.– Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 41. artikuluaren arabera, doako laguntza juridikoaren batzordeek beren lurralde-eremuko elkargo profesionalei jakinaraziko dizkiete doako laguntza juridikoaren elkargo-zerbitzuez arduratzen diren profesionalen jarduketen ondorioz jartzen diren kexak edo salaketak, ezertan eragotzi gabe egin beharreko bestelako jardun judizialak, hala badagokio.
2.– Diziplina-espedienterik irekiz gero, elkargoek batzordeei jakinaraziko dizkiete espediente horien ondorioz hartutako ebazpen eta neurriak. Ebazpen horien kontrako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute batzordeek.
42. artikulua.– Ondare-erantzukizuna.
1.– Partikularrek lesio edo kalterik jasoz gero beren ondasun eta eskubideetan, Administrazioak erantzungo du, Konstituzioan jasotako printzipioetan eta haiek garatzen dituzten arauetan xedatutakoaren arabera.
2.– Doako laguntza juridikoaren zerbitzuen funtzionamenduari dagokionez, eta beren eskumen- eta jardun-esparru esklusiboan, administrazio publikoetarako ezarrita dauden ondare-erantzukizunari buruzko printzipio berberek gobernatuko dituzte orientazio juridikoko zerbitzuak eta abokatuen eta prokuradoreen elkargoak.
Elkargo profesionalek abokatu edo prokuradorearen behin-behineko izendapenei buruz hartutako erabakiak deuseztatu edo aldatuz gero, bai doako laguntza juridikoaren batzordeek ebazpena emateko unean hala erabakita, bai 24. artikuluan adierazitako aurkaratzeak ebazten dituzten organo judizialek hala erabakita, deuseztatze edo aldaketa hori ez da berez joko erantzukizuna profesionalen elkargoei egozteko titulutzat.
3.– Eusko Jaurlaritzan doako laguntza juridikoaren arloaren eskumena duen sailak erantzukizun zibileko aseguruaren kostua ordainduko du Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 26. artikuluan zehaztutako ondare-erantzukizunak sortutako gorabeherei aurre egiteko eta doako laguntza juridikorako zerbitzutik eratortzen diren erantzukizunak bermatzeko. Asegurua ordaintzeko, gehienez ere 4.155 euro pagatuko ditu. Diru-kopuru hori eguneratu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailburuaren aginduz.
V. KAPITULUA
DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN ELKARGO-ZERBITZUEN KONPENTSAZIO EKONOMIKOA ETA IKUSKAPENA
43. artikulua.– Kontu bereiziak.
Abokatuen eta prokuradoreen elkargoek kontu bereizietan sartuko dituzte, «Eusko Jaurlaritzaren ekarpena doako laguntza juridikoa ekonomikoki konpentsatzeko» izenburuaren pean, dekretu honetan zehaztutako helburuak betetzeko igorritako kopuruak.
44. artikulua.– Elkargo-zerbitzuengatiko konpentsazio ekonomikoa.
1.– Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak, aurrekontuetan dituen diru-kopuruan aintzat hartuta, kapitulu honetan araututako jarduketa profesionalak eta gastuak konpentsatuko ditu ekonomikoki:
a) Ikertu, atxilotu edo presoei legelari-laguntza emateko guardiako txandan egindako jarduketa profesionalak, bai eta guardiako txandagatik legelari-laguntza arautzen den kasu berezietako jarduketa profesionalak ere.
b) Dagozkion profesionalek ofiziozko txandan egindako doako defentsako eta ordezkaritzako jarduketak, doako justiziaren onura ematearen barruan sartzen direnak.
c) Elkargoen doako laguntza juridikorako zerbitzuaren nahitaezko kudeaketak abokatuen eta prokuradoreen elkargoei sortzen dizkien funtzionamendu operatiboen gastuak.
d) Pertsona juridikoentzako legelari-laguntza, pertsona juridiko horiek zigor-arloko prozedura batean ikertuak direnean eta dagokion organo judizialak legelariaren esku-hartzea eta laguntza eta ordezkaritza eskatzen dituenean, betiere doako laguntza juridikorako eskaera dekretu honen 26. artikuluko 2. apartatuari jarraituz izapidetzen bada.
2.– Eusko Jaurlaritzan justizia-arloko eskumena duen sailak izapidetuko du ordainketa, dekretu honetako III. eranskineko baremo edo moduluen arabera kalkulatuta edo, hala dagokio, gerta litezkeen urteko eguneratzeen arabera, zeinak V. kapitulu honetan adierazten diren.
45. artikulua.– Guardiako txandagatiko konpentsazio ekonomikoa. Likidazioa eta ordaintzeko modua.
1.– Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak, aurrez elkargo profesionalak jakitun ipinita eta aurrekontuetan dituen diru-kopuruak aintzat hartuta, abokatuen elkargoek antolatzen dituzten 24 orduko guardia-zerbitzuak ekonomikoki konpentsatzeko urteko diru-kopuruak zehaztuko ditu agindu bidez; konpentsazio hori guardia horretan ematen diren prestazioetatik bereiz ordainduko da. Abokatuen elkargo bakoitzak erabakiko du nola banatu diru-kopuru hori zerbitzua ematen duten profesionalen artean.
2.– Elkargo profesionalek hiru hilabetean behin likidazioak bidaliko dizkiote sailari, elkargoaren ziurtagiriz eta dekretu honen 48. artikuluak agintzen duen dokumentazioarekin batera. Izapide hori eginda, sailak hiru hilean behin emango ditu elkargoen aldeko ordainketa-aginduak, ordaindutakoa profesionalen artean bana dadin.
46. artikulua.– Guardiako txandagatiko konpentsazio ekonomikoa. Likidazioa eta ordaintzeko modua.
1.– Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak konpentsazio ekonomikoa emango du ofiziozko txandan adskribatuta dauden profesionalek egindako doako defentsa eta ordezkaritzarako jarduketengatik, bai eta bitartekaritza-jarduketengatik ere. Jarduketen konpentsazio ekonomikoa emango da baldin eta jarduketa horien hartzaileek doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpena eskuratzen badute.
2.– Egindako jarduketengatik ofizioz izendaturiko profesionalei dagokien konpentsazioaren zenbatekoa zehazteko, dekretu honen III. eranskineko oinarri ekonomiko eta moduluak erabiliko dira, zeinak urtero eguneratu ahal baitira Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailburuaren aginduz, elkargo profesionalak aurrez jakitun ipinita.
3.– Hara zer ulertzen den konplexutasun berezia duen prozeduratzat: iraupena, zailtasuna, gaiak lan handia eskatzea, lurraldea, nor dagoen inplikaturik, jurisdikzio-organoetan diligentzia asko egin beharra edo bestelako arrazoiak direla-eta, aurretiaz elkargo eskudunak emandako txosten arrazoitu batez eta salbuespenez, Eusko Jaurlaritzan doako justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzak balekotzat hartu eta baimentzen duena.
Aurreko kasu horretan, III. eranskinaren araberako konpentsazio ekonomikoa ordainduko zaie profesionalei egindako jarduketengatik.
4.– Ofizioz izendatutako profesionalei prozeduraren hasieran sorraraziko zaie jarduketarengatik dagokien konpentsazio ekonomikoa, zer prozedura edo izapidetarako izendatu dituzten, bada horretan gertatzen denean III. eranskinean zehazten diren jarduketa prozesaletatik lehenengoa.
Bigarren auzialdian, berriz, apelazioko edo deuseztatzeko errekurtsoetako ahozko ikustaldian esku hartzeko unean sorraraziko zaie, edo, halakorik ezean, alegazioen minuta aurkeztean; lan-arloko jurisdikzioan, erregutze-errekurtsoa aurkezten denean. Kasazio-errekurtsoari dagokionez, errekurtsoa formulatzen denean sorraraziko zaie.
5.– Auzi berean izendapenak bata bestearen atzetik egiten badira, zigor-arloko gai berezietako auzietan salbu, izendaturiko profesional bakoitzak egin dituen jarduketengatiko konpentsazioa sortuko du. Bigarren profesional bat izendatzen zaion prozedura horretarako konpentsazioa jadanik sortuta badago, kasuan kasuko elkargoak egoki irizten dien jarduketak egin beharko ditu diru-kopuru hori bion artean birbanatzeko.
6.– Heriotza, gerora agertutako ezintasuna edo desgaikuntza direla-eta izendapen berriak daudenean, legelari bakoitzak izan duen jardunagatik dagokion modulua jasoko du.
7.– Profesionalek sei hileko epean, gehienez, justifikatu beharko dituzte ordaindu behar zaizkien diru-kopuruak, prozedura edo intzidentea dela-eta konpentsazioa sortu duen izapidea edo jarduketatik aurrera.
8.– Profesionalek elkargo bakoitzaren sistema informatikoaren bitartez aurkeztuko dute egindako jarduketaren justifikazioa.
9.– Elkargo profesionalek Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailari bidaliko dizkiote hiruhileko likidazioak, elkargoaren ziurtagiriaren bidez eta dekretu honen 48. artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera.
Izapide hori egin ondoren, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak, likidazioa aurkeztu eta hurrengo hiruhilekoan, elkargoen aldeko ordainketa-aginduak egingo ditu.
47. artikulua.– Funtzionamendu-gastuengatiko konpentsazio ekonomikoa. Likidazioa eta ordaintzeko modua.
1.– Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 37. eta 38. artikuluen arabera, abokatuen eta prokuradoreen elkargoek konpentsazio ekonomiko bat jasoko dute kostu hauek direla eta: doako laguntza juridikorako elkargo-zerbitzuen ezarpena, arreta eta funtzionamendu operatiboa, herritarrei prozesuaren aurretik aholkularitza eta orientazioa emateaz arduratzen diren unitateena, eta eskatutako uzien behin-behineko kalifikazioena.
2.– Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak diru-kopuru bat banatuko du abokatuen elkargoen artean funtzionamendu- eta azpiegitura-gastuak ordaintzeko. Kopuru hori kalkulatzeko, 45. artikuluko guardiako txanden kontzeptuan eta 46. artikuluko ofiziozko txanden kontzeptuan aurreko urtean sortutakoa hartuko da oinarritzat, eta jarraian adierazten diren tarteen araberako ehuneko aldagarri bat aplikatuko da. Ehuneko horiek dagokien tartera ekarriz lortuko da elkargo bakoitzak jaso beharreko diru-kopurua.
Lehenengo tarteari, bi milioi euro arte, ehuneko hamabi aplikatuko zaio. Bigarren tarteari, bi milioi eta bat eurotik lau milioi euro arte, ehuneko bederatzi aplikatuko zaio. Hirugarren tarteari, lau milioi eta bat eurotik sei milioi euro arte, ehuneko zortzi aplikatuko zaio.
Kopuru horretatik gora, tarte bakarra izango da: sei milioi eta bat eurotik gora, ehuneko sei aplikatuko da.
3.– Prokuradoreen elkargoek funtzionamendu- eta azpiegitura-gastuak ordaintzeko jasoko dituzten diru-kopuruak kalkulatzeko, honako baremo mailakatu hau aplikatuko zaio aurreko urtean jarduketen kontzeptuan sortutakoari.
Hirurogei mila euro arte, hogeita hamar mila euroko kopuru finkoa ordainduko da. Hirurogei mila eta bat eurotik ehun eta hogei mila euro arte, ehuneko hogeita lau aplikatuko da, eta ehun eta hogei mila eta bat eurotik gora, ehuneko hamahiru aplikatuko da.
4.– Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren hasieran, behin dekretu honen 48.6 artikuluan adierazitako informazio justifikatzailea jaso eta gero, aurreko paragrafoetan azaldutako diru-kopuruen ehuneko ehuna ordainduko zaie abokatuen eta prokuradoreen elkargoei.
48. artikulua.– Ziurtapena eta justifikazioa egiaztatzeko dokumentuak.
1.– Konpentsazioa jasotzeko eskubidea ematen duten jarduketetan, profesionalek doako laguntza juridikoaren espedientea identifikatu beharko dute, zein prozeduratarako izendatu zituzten zehaztu, eta emandako zerbitzuaren konpentsazioa justifikatzeko beharrezkoak diren gainerako datuak aurkeztu.
Abokatuen eta prokuradoreen elkargoek bide telematikoz aurkeztuko dute ofiziozko txandan emandako zerbitzuen ziurtapena, txanda horiek xeheki zerrendatuz, eta ongi zehaztuz parte hartu duten legelarien elkargokide-zenbakia, egindako jarduketak eta profesional bakoitzari ordaindu beharreko diru-kopuruak.
Berrespen-agiria nahi eta nahi ez aurkeztu beharko da bide telematikoaren bitartez baldin Abokatuen eta prokuradoreen elkargoetako sistema informatikoak posible egiten badu; hartara, informazio hori doako justiziarako sistema informatikoan gehituko da.
2.– Jasotako funtsen aplikazioaren hiru hilean behingo justifikazioak barnean hartuko du dokumentu hauek aurkeztea Eusko Jaurlaritzan doako justiziaren kudeaketaz arduratzen den duen zuzendaritzan:
a) Guardiako txanden zerrenda zehatza, edo, hala badagokio, legelari bakoitzak atxilotuari emandako legelari-laguntzen jarduketei dagokiena, honako datu hauek ere adieraziz: jarduketa-eguna, atestatu-zenbakia (edo telefonema), atxiloketa-zentroa, atxilotuen izenak eta delitu mota.
b) Legelari bakoitzak bereganatu dituen doako justiziako gaien zerrenda zehatza, hauek adierazita: orientazio juridikoko zerbitzuak egokitu dion espediente-zenbakia, onuradunaren izena, prozedura mota eta zenbakia, organo judiziala eta identifikazio-zenbaki orokorra.
c) Bidegabe jasotako diru-kopurua dela iritzita, kopuru hori itzultzen duten legelarien zerrenda, datu hauek adieraziz: orientazio juridikoko zerbitzuak egokitu dion espediente-zenbakia, onuradunaren izena, prozedura mota eta zenbakia, organo judiziala, identifikazio-zenbaki orokorra, itzulitako diru-kopurua, konpentsazioa likidatu den hiruhilekoa eta dirua itzultzeko arrazoiak.
3.– Nolanahi ere, elkargo profesionalek behar bezala antolatuta gordeko dute profesional bakoitzari buruzko informazioa: jasotako diru-kopuru gordina, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura atxikitako zenbatekoa eta legelariari azkenean entregatu zaion likidatutako kopuru garbia. Informazio horrekin, zerrenda bateratu bat egingo da, eta hiru hilean behin igorriko zaio Eusko Jaurlaritzan doako justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzari, paragrafo honetako egiaztagiriekin batera. Zerrenda bateratu horrek barnean jasoko ditu: ordaindutako kopuru gordin osoa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura atxikitako zenbatekoa eta lurralde historiko bakoitzeko legelariei azkenean entregatu zaien likidatutako kopuru garbia.
4.– Prokuradoreen elkargoek doako ordezkaritza-jarduera profesionalen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, aurreko paragrafoetan adierazitako baldintzen arabera, aplikagarri zaizkien neurrian.
5.– Abokatuen eta prokuradoreen elkargoek bost urtez gorde beharko dituzte doako laguntza juridikoen ziurtagiriak. Eusko Jaurlaritzan doako justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzak agiriak eskatu ahal izango dizkie elkargoei, edozein unetan.
6.– Urte bakoitzeko lehen seihilekoan, aurreko urtean funtzionamendu- eta azpiegitura gastuak ordaintzeko jasotako diru-funtsen aplikazioa justifikatu beharko dute abokatuen eta prokuradoreen elkargoek. Horretarako, ziurtapen bat aurkeztuko dute zeinean jardueratik eratorritako gastuak egiaztatuko diren, eta, horrekin batera, doako laguntza juridikorako elkargo-zerbitzuen garapena eta betearazpena eta emaitzak azaltzen dituen txosten labur bat.
49. artikulua.– Berrespen-agirien iraungitze-epea.
1.– Kasuan kasuko modulua sortzen duen jarduketaren egunetik sei hileko epean egin behar dira berrespen-agiriak, edo lehen jarduketa prozesaletik sei hilera.
2.– Guztiarekin ere, hurrengo sei hilabeteetan ere onartuko dira epez kanpo aurkeztutako berrespenak, zio prozesalak edo behar bezala funtsatutako zioak direla medio, eta akastunak edo behar bezala beteta ez daudenak zuzendu.
3.– Hiruhileko natural bakoitzean aurkezten diren berrespen-agiriak hiruhileko horretan zenbatuko dira, lehen aipaturiko iraungitze-epea eragotzi gabe.
4.– Doako laguntza juridikoaren batzordearen ebazpena berrikusteko prozedura eskatu behar izanez gero, iraungitze-epearen zenbaketa hasiko da doako laguntza juridikoaren batzordeak onura aitortzen duen ebazpena berrikusteko jakinarazpena egiten duenetik.
VI. KAPITULUA
PERITUAREN DOAKO LAGUNTZA
50. artikulua.– Prestazioaren edukia.
Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak izapidetuko du Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6.6 artikuluaren bigarren eta hirugarren paragrafoek zehazten dituzten profesionalen jardunak sortutako zerbitzu-sarien ordainketa, honako kasu hauetan izan ezik:
a) Peritu-jarduketa kontulari banatzaile erabakitzaileari buruzkoa bada.
b) Prozesuari amaiera ematen dion epaiak kostuei buruzko erabakia badakar doako laguntza juridikorako eskubidearen titularraren alde.
c) Auzia doako laguntza juridikorako eskubidearen titularrak irabazi, epaiak kostuen inguruko pronuntziamendu espresurik sartu ez, eta titular horrek prozeduran lortutako onurak haren defentsak sortutako kostuak baino hiru aldiz handiagoak badira.
51. artikulua.– Administrazio autonomikoaren perituak.
Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6.6 artikuluak zehazten duen perituaren doako laguntza Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko funtzionario, erakunde edo zerbitzu teknikoek eman behar dutenean, Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen saila arduratuko da peritaziorako beharrezkoak diren jakintzak dituen Administrazioko pertsona edo erakundea bilatzeaz, betiere doako laguntza juridikoaren onuradunaren alderdiak proposatutako peritu-froga onartu den prozesuaz arduratzen ari den organo judizialak errekerimendua egiten badu aldez aurretik.
52. artikulua.– Peritu pribatuak.
1.– Teknikari pribatuek perituaren doako peritu-laguntza eman ahal izateko, honako baldintza hauek beharko dira, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6.6 artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera:
a) Dena delako alorreko teknikaririk ez egotea jurisdikzioko organoetan edo administrazio publikoetan, edo, arlo horretarako teknikariak egon arren, organo judizialak eskatzen duen unean bertan libre ez egotea, edo Administrazioa prozeduran alderdi interesdun izatea.
b) Organo judizialak ebazpen arrazoitu bidez peritu baten jarduera beharrezkoa dela ebaztea.
Organo judizialak ebazpen arrazoitu baten bidez erabaki ahal izango du teknikari pribatuek ematea doako peritu-laguntza espezializatua baldin eta laguntzaren hartzaileak badira abusuen edo tratu txarren biktima diren adingabeak edo desgaitasun psikikoa duten pertsonak, kontuan hartuta kasuaren gorabeherak eta adingabearen edo desgaitasuna duen pertsonaren interes gorena. Laguntza hori berehala eman ahal izango da.
2.– Peritu-froga egin aurretik, kostu ekonomikoaren aurreikuspen bat bidaliko diote Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6.6 artikuluaren bigarren paragrafoaren araberako teknikari pribatuek Eusko Jaurlaritzan doako justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzari, nahitaez hauek jasoko dituena:
a) Peritu-txostena egiteko aurreikusitako denbora eta horren kostua orduko;
b) Txosten hori egiteko behar diren gastuak;
c) Froba egitea erabaki zuen ebazpen judizialaren kopia.
Kostuaren hasierako aurreikuspena automatikoki onartuko da baldin eta bidaltzen denetik hilabetera zuzendaritzak ez badio eragozpenik jarri kuantifikazioari.
3.– Zerbitzu-sarien minuta kostu ekonomikoaren aurreikuspenaren araberakoa izango da, zeina aurreko paragrafoan adierazi bezala onartuko baita. Ordainketa egin ahal izateko, peritu-froga eskatu zuenari doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzen dioten egiaztagiriak aurkeztuko ditu profesionalak, eta, horrekin batera, prozesuaren kostuei buruz organo judizialak emandako erabakia.
4.– Peritu-txostenak familia-gaietan egin behar badira, txostenok dekretu honen III. eranskinean ezarritako baremo ekonomiko aplikagarrian den kontulari banatzailearen moduluan txertatuko dira. Alderdietako bat ez bada doako laguntza juridikoaren onuradun, izendatutako kontulari banatzaileak zerbitzu-sarien minutaren erdia ordainaraziko du, eta lehen aipaturiko moduluaren erdia sorraraziko du.
5.– Prozesuari amaiera ematen dion epaian kostuak ordaintzera kondenatzen bada doako laguntza juridikorako eskubidearen titularra, eta prozesua amaitu eta hurrengo hiru urteetan haren egoera ekonomikoak hobera egiten badu, teknikari pribatuek egindako peritu-txostenak ordaindu beharko ditu.
Betebehar hori bete dadin, dekretu honetako 25.2 artikuluan aipatzen den prozeduran zehaztutakoa aplikatuko da.
VII. KAPITULUA
DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOA EUROPAR BATASUNEKO MUGAZ GAINDIKO AUZIETAN
53. artikulua.– Doako laguntza juridikoa Europar Batasuneko mugaz gaindiko auzietan
1.– Europar Batasuneko mugaz gaindiko auzietako doako laguntza juridikoa Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen VIII. kapituluko edukiaren arabera arautuko da.
2.– Administrazioak beharrezkoak diren baliabideak jarriko ditu, organo judizialaren eskariz edo Eusko Jaurlaritzan doako justiziaren kudeaketaz arduratzen den zuzendaritzaren eskariz onuradunak aurkezten dituen eta auzia ebazteko nahitaezkoak diren dokumentuak itzultzeko.
LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Prozeduren araubide iragankorra.
Dekretu hau indarrean jarri aurretik doako laguntza juridikoa jasotzeko egin diren eskabideek egin ziren unean indarrean zegoen araudia beteko dute.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Guardiako txanda.
Eusko Jaurlaritzan justizia-arloaren eskumena duen sailak abokatuen elkargoei honako diru-kopuru hauek emango dizkie, 2018ko azken hiruhilekoagatik, legelarien artean banatzeko.
– Araba: 127.466 euro.
– Gipuzkoa: 318.666 euro.
– Bizkaia: 424.887 euro.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ofiziozko txanda.
Ofiziozko txandaren 2018ko laugarren hiruhilekoari dagokion likidazioa dekretu honen III. eranskinean adierazitakoaren arabera egingo da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak Indargabetzea.
Indarrik gabe geratzen da ekainaren 19ko 110/2012 Dekretua, Doako Laguntza Juridikoari buruzkoa, bai eta dekretu honetan zehaztutakoaren kontra doazen maila bereko edo txikiagoko bestelako xedapenak ere.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau 2019ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
I. ERANSKINA
Prozedura orokorreko ESKABIDE eredua
II. ERANSKINA
Prozedura berezietako ESKABIDE eredua
III. ERANSKINA
OFIZIOZKO TXANDAGATIKO KONPENTSAZIO EKONOMIKORAKO MODULUAK ETA OINARRIAK