EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018212

152/2018 DEKRETUA, urriaren 30ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Mutrikun, GI-638 errepidea hobetzeko eta 1,200 eta 3,610 KPen artean oinezkoen pasabidea egiteko proiektua (2-EM-28/2016) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Xedapenaren zenbakia: 201800152
Xedapenaren data: 2018-10-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201805436
Maila: Dekretua
Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-638 errepidea hobetzeko eta 1,200 eta 3,610 KPen artean oinezkoen pasabidea egiteko proiektua (2-EM-28/2016)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
2018ko martxoaren 2an, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hamabost eguneko epean, prentsan eta 2018ko martxoaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (54. zk.). Geroago, 2018ko uztailaren 24an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
Deba eta Mutriku arteko GI-638 errepidea 4 kilometroko luzera baino zertxobait gehixeago duen errepidea da, oso estua eta bihurgunetsua, altuera handiko itsaslabar batean guztiz sartuta, eta Deba ibaiaren bailaratik Mutrikura iristeko benetan bide bakarra dena, bai ibilgailuentzat bai eta oinezkoentzat ere.
Ibilgailuentzako bideari dagokionez, egungo plataformak duen zabalera urriak, erradio oso txikia duten bihurguneak daudela ere kontuan hartuta, ibilgailu astunen arteko gurutzaketa eragozten du. Horrek, bihurguneen ikuspen eskasia ere kontuan hartuta, istripu arrisku handiko egoerak sortzen ditu, bai aurrez aurreko talka, bai eta atzeko talka arriskuak.
Oinezkoentzako bideari dagokionez, lehen azaldutako ezaugarriak direla eta, bai eta bazterbidearen gabezia eta itsaslabarrera erorketak saihesteko helburuarekin ia ibilbide osoan dagoen babes-barrera kontuan hartuta ere, oinezkoek galtzadatik ibili beharra dute, eta honek muturreko harrapatze arriskua dakar.
Ondorioz, bide honetako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, ezinbestekotzat eta premiazkotzat hartzen da proiektuak jasotzen dituen lanak egitea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 30eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «GI-638 errepidea hobetzeko eta 1,200 eta 3,610 KPen artean oinezkoen pasabidea egiteko proiektua (2-EM-28/2016)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.