EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018211

AGINDUA, 2018ko urriaren 24koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, nekazaritza, arrantza eta elikadurako sektorearen arlo zientifiko eta teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologoak prestatzeko 2019ko laguntzetarako deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2018-10-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201805395
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2007/11/13an argitaratutako 2007/10/23ko 200700185 DEKRETUA

2007ko azaroaren 13an, urriaren 23ko 185/2007 Dekretua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 218. zenbakian, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzei buruzkoa. Azaroaren 24ko 608/2009 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, eta haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan, merkatuetan, marketinean eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteen prestakuntza sustatzeko laguntzen esparrua ezartzea eta arautzea.
Dekretu horretako 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero, laguntza-eskabideak aurkezteko epea zabalduko da, sailburuaren agindu bidez. Bestalde, deialdiko aginduan honako hauek adierazi behar dira: aurrekontu-kreditu erabilgarria; deialdiko beka-kopurua eta bakoitzaren diru-zenbatekoa; ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotzen diren I+G+B-ko proiektuen zerrenda jasotzen duen eranskina; eta, deialdirako normalizatutako eskabide-eredua jasotzen duen eranskina. Deialdi honetan, gastu-espedientea aldez aurretik izapidetzea erabaki da, eta, hortaz, deialdiko laguntzak bideratzeko, beharrezkoa izango da kreditu egoki eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko aurrekontu orokorretan.
Deialdi hau ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen diru-laguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak agindu honetan ezarritako irizpideen arabera aplikatuko dira.
Hori dela bide, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdia.
1.– 2019ko ekitaldian, hamabi beka emango dira prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileentzako programaren barruan (doktoratu aurrekoak), eta hamar beka, berriz, teknologoak prestatzeko programaren barruan.
2.– Agindu honetako I. eranskinean jasota dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren iritziz 2019ko ekitaldiko deialdian bi laguntza-programa horietarako estrategikoak eta lehentasunezkoak diren I+G+B-ko proiektuen zerrenda.
Bigarrena.– Iraupena.
Prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileentzako laguntzak badira, kontratuak urtebete iraungo du, eta urtebeteko luzapenak egin daitezke. Ezein kasutan, hasierako kontratuan metatutako iraupena eta luzapenen iraupena ezingo da lau urte baino luzeagoa izan.
Teknologoak prestatzeko laguntzei dagokienez, nahiz eta dekretuan xedatzen den laguntzek ondoz ondoko bi urteko iraupena edo urtebetekoa izan dezaketela, kasu honetan, emango diren laguntza guztiek bi urteko iraupena izango dute.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
2019ko ekitaldian, urriaren 23ko azaroaren 185/2007 Dekretuak araututako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laugarrena.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.
1.– 2019ko ekitaldiko laguntza-eskabideak eskabide-orriaren eredu normalizatuan aurkeztu behar dira; eredu normalizatu hori agindu honen II. eranskinean argitaratuta eta webgune honetan eskuragarri dago: http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ Eskabidearekin batera, II. eranskin horretan adierazitako dokumentazioa eman behar da.
2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari helaraziko zaio eskabidea, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko da (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen duen edozein bulegotan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.
http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ helbidetik jaitsi ondoren, paperean bete ahal izango da, eta sinatuta eta zigilatuta bidali Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara.
Eskabidearen eta dokumentazioaren aurkezpen telematikoa ere badago gaituta, baita espedientearen ondorengo izapideak ere, webgunean ageri diren jarraibideekin bat.
3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena ematen du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan haren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duten agiriak, NAN/IFK nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu.
4.– Interesdunek laguntza eskatu ahal izango dute edozein programatan, eta I. eranskinean jasotako guztien artean 3na proiektu aukeratu ditzakete gehienez.
Bosgarrena.– Diru-zuzkidura.
1.– Laguntza horiek finantzatzeko aurrekontua, gehienez ere, 1.681.013,20 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan. Zenbateko horretatik, 425.222,60 euro 2019rako ordainketa-kredituei dagozkie, eta gainerako 1.255.790,60 euroak, 2020tik 2023ra bitarteko ekitaldietarako konpromiso-kredituei.
2.– Gehieneko aurrekontu orokor horretan, Gizarte Segurantzari atxikitzearen ondoriozko gastua dago sartuta (urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan xedatuta) eta 326.562,72 euro dira; horietatik, 71.191,16 euro 2019rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 255.371,56 euro, 2020tik 2023ra bitarteko ekitaldietarako konpromiso-kredituei.
Seigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
Ezin izango dira deialdi honetako prestakuntza-laguntzen onuradun izan honako arau hauetan jasotako egoeretakoren batean dauden pertsonak: Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan.
Gainera, 2019ko deialdian, laguntza-eskatzaileek egiaztatuta izan behar dituzte betekizun hauek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako:
a) Europar Batasuneko herritar izatea, edo Euskal Autonomia Erkidegoan bizilekua duen atzerritar.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea. Ondorio horietarako, eskatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gutxienez. Dena dela, onartu egingo dira, eskakizun hori bete ez arren inoiz EAEn erroldaturik egon baina ikasketak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin dituzten eskatzaileak.
c) Ikertzaileak prestatzeko laguntzen programan (doktoratu aurreko kontratutak), I. eranskinean proiektu bakoitzerako zehaztutako titulazioetako bat edukitzea, edo proiektuaren xedearen arabera antzeko edukia duen beste titulazioren bat, betiere urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 5.1.c) artikuluak ezartzen duen titulazio-eskakizunen esparru orokorraren barruan: goi-mailako unibertsitate-titulua, edota doktoregoan onartzea eskatzeko eskakizunak betetzea (Doktoretza-ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren arabera). Eranskinean proiektu bakoitzerako adierazitako titulazioez beste bat onartzen bada, hautaketa-batzordeak justifikatu beharko du haren onarpena titulazioaren eta proiektuaren edukiak oinarritzat hartuta.
d) Teknologoak prestatzeko beka-programan, I. eranskinean proiektu bakoitzerako zehaztutako titulazioetako bat edukitzea, , edo proiektuaren xedearen arabera antzeko edukia duen beste titulazioren bat, betiere urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 5.1.c) artikuluak ezartzen duen titulazio-eskakizunen esparru orokorraren barruan: goi- edo erdi-mailako unibertsitate-titulua, goi-mailako heziketa-zikloa edota bigarren zikloko lanbide-heziketa (II. LH). Eranskinean proiektu bakoitzerako adierazitako titulazioez beste bat onartzen bada, hautaketa-batzordeak justifikatu beharko du haren onarpena titulazioaren eta proiektuaren edukiak oinarritzat hartuta.
e) Titulu hori lortzeko ikasketak amaitu behar izan dituzte 2014ko ekainean edo geroago.
f) Teknologoak prestatzeko laguntzetarako, ez da onartuko lehendik antzeko bekarik lortu duenik, hau da, nekazaritzako, arrantzako eta elikadurako eskumena duen sailak emandako antzeko bekarik.
g) Ez dute izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
Zazpigarrena.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Prestakuntza jasotzen ari diren ikertzaileak (doktorego aurreko bekak):
a) Ikertzaileek jasoko duten urteko zenbateko gordina 18.574,22 euro izango da, lehen eta bigarren urtean, 19.833,38 euro hirugarrenean eta 24.555,72 euro laugarrenean.
b) Atxikipen-organo, -zentro edo -erakundeek jasoko dute, aldez aurretik, ikertzaileen ordainsari gordina eta Gizarte Segurantzaren kuotak, urtean urteko kotizazio- eta hobari-tasei dagozkienak.
c) Orobat, onuradunek laguntza osagarri bat izango dute; izan ere, laguntza bakoitzeko, gehienez 2.000 euro gehiago eskura dezakete urteko, gastuak ordaintzeko. Aldez aurretik justifikatuta, doktorego-ikastaroetan matrikulatzeko, zientzia-kongresuetan edo lan-saioetan parte hartzeko, beste ikerketa-zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko, beste ikastaro batzuk egiteko, eta abarretarako erabiliko dute diru-kopuru hori. Diru-laguntza honi urtean sobera geratzen zaion zenbatekoa ondorengoei gehi dakieke.
2.– Teknologoak.
Teknologoak prestatzeko laguntzek 12.000 euroko dotazio ekonomikoa izango dute urteko, bai eta Gizarte Segurantzaren kuota ere. Orobat, onuradunek laguntza osagarri bat ere jaso ahalko dute (laguntza bakoitzeko, gehienez, 1.000 euro gehiago eskuratu ahalko dituzte urtean), aldez aurretik justifikatuta, kongresu zientifikoetan edo lansaioetan parte hartzeko, beste ikerketa-zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko, beste ikastaro batzuk egiteko eta abarrerako gastuak ordaintzeko. Diru-laguntza honi urtean sobera geratzen zaion zenbatekoa ondorengoari gehi dakioke.
Zortzigarrena.– Ez-betetzeak.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzei buruzko urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 20. artikuluan baldintzak ez betetzeari buruz xedatutakoa aplikatzeaz gainera, jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta laguntzaren onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen badira, agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte edo diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritakoari jarraituz.
Bederatzigarrena.– Betebeharrak.
Onuradunek, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 15. artikuluan bildutako betebeharrak betetzeaz gainera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan adierazitakoa ere bete beharko dute (185/2007 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak arautzen dituena).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honetako laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2019. urteko aurrekontu orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurreratutako izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: 185/2007 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak arautzen dituena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 24a.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.