EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2018210

EBAZPENA, 2018ko urriaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabaki bat argitara emateko dena. Erabaki horren bitartez, baliabide ekonomikoak gehitzen dira Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2018ko ekitaldian finantzatzeko. Agindu horren bidez, hain zuzen ere, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira.

Xedapenaren data: 2018-10-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201805353
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/03/07an argitaratutako 2018/02/27ko EBAZPENA [201801234]

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2018ko urriaren 23ko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, zenbait baliabide ekonomiko gehitu ditu, zehazki Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2018an finantzatzera bideratzeko (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira). Gauzak horrela, Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoarekin bat (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.
Azaldutakoa dela bide, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2018ko urriaren 23ko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez gehitzen baitira zenbait baliabide ekonomiko Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2018an finantzatzeko (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira). Erabakia ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Jakinaraztea argitara ematen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabaki horrek ondorioak izango dituela onartzen den egunetik.
Hirugarrena.– Aditzera ematea argitaratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki horren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakiokeela organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daitekeela, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 24a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT BALIABIDE EKONOMIKO GEHITZEN BAITIRA LAN ETA GIZARTE GAIETARAKO MINISTERIOAREN 1998KO URRIAREN 16KO AGINDUAN EZARRITAKO LAGUNTZAK 2018AN FINANTZATZEKO. AGINDU HORREN BIDEZ, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN LANERATZEKO LAGUNTZA ETA DIRU-LAGUNTZA PUBLIKOAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK EZARTZEN DIRA
2018ko martxoaren 7an eman zen argitara (EHAA, 47. zk.), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariaren 2018ko otsailaren 27ko Ebazpenaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2018ko otsailaren 27ko bilkuran hartutako erabakia (2018ko otsailaren 27ko bilkuran hartua), zeinaren bidez esleitzen baitira zenbait baliabide ekonomiko Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduan ezarritako laguntzak 2018an finantzatzeko (agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira). Horren zenbatekoa 33.700.000 eurokoa da eta 32110-Enplegua programaren kontura finantzatuko da.
Baliabide ekonomiko horien xedea da, argitaratutako Administrazio Kontseiluaren erabakian adierazi bezala, agindu arautzailearen 4.B) artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako diru-laguntzak finantzatzea, desgaitasuna duten pertsonek betetako lanpostuen soldata-kostuak estaltzeko, betiere enplegu-zentro berezietako lanpostuak ez suntsitzeko helburua duen laguntza-lerroaren barruan, eta, horrela, saihestu egingo da enplegua suntsitzea, krisi-garaian gehienbat talde eta sektore ahulenei eragiten baitie.
Halaber, aurreikusita dago zenbateko hori, hala badagokio, gehitu egin ahal izango dela, horretarako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, indarreko legeen arabera, eta aldaketa horiek iragarri egin beharko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.
Gaur egun, kreditu erabilgarria ez da nahikoa soldata-kostu horietarako diru-laguntzak finantzatzeko; izan ere, 2018ko ekitaldian eman beharrekoa kontuan hartzen badugu, ezin izango da guztiz gauzatu desgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan dauzkaten lanpostuetarako euskarria.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2018ko urriaren 23an egindako bilkuran, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Baliabide ekonomikoak gehitzea Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren 1998ko urriaren 16ko Aginduaren 4.B) artikuluko 2. paragrafoan ezarritako laguntzak finantzatzeko. Agindu horren bidez, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko laguntza eta diru-laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 8.292.000 eurorenak izango dira, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokion 32110-Enplegua Programaren 2018ko ordainketa-kredituaren kargura finantzatuko dira.
Horren ondorioz, aipatutako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kredituaren zenbateko osoa 41.992.000 eurokoa da.
Bigarrena.– Zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua eman dezala.