EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2018210

151/2018 DEKRETUA, urriaren 23koa, zeinaren bidez sortzen eta arautzen baita trafiko-istripuen biktimen Euskal erregistroa.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800151
Xedapenaren data: 2018-10-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201805343
Maila: Dekretua
Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du trafiko-istripuak direla heriotza-kausa nagusietako bat. Gaur egungo joerek adierazten dute ezen, premiazko neurririk hartu ezean, 2030. urterako trafiko-istripuak bosgarren heriotza-kausa izango direla. Hori dela eta, Europan zein Euskal Autonomia Erkidegoan 2020. urterako errepideetan hildakoen kopurua erdira murriztea helburu gisa jarri da eta lesio larriak dituzten biktimen kopurua murrizteko helburu bat ezartzeko konpromisoa hartu dute, betiere, termino horren inguruko definizioa adostu ondoren.
Erronka hori jasota dago indarrean dagoen Euskadiko Segurtasun Publikoko Plan Orokorrean (2014-2019) eta Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan (2015-2020). Bigarren plan horren ekimenetako bat Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa sortzea da, trafiko-istripuek zer kausa, zer inguruabar eta zer ondorio izan dituzten jakiteko behar den informazioa eduki ahal izateko eta horrela, batzuen eta besteen gainean eraginez, istripuak murrizteko.
Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, VI. tituluan Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro Nazionala sortzen du, eta trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatuta dituzten autonomia-erkidegoei aukera ematen die beren lurraldeen barruan, Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro propioak sortzeko.
Estatuko erregistroaren araudia Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean jasota dago eta Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro Nazionalari informazioa komunikatzeari buruzko Barne Ministerioaren urriaren 27ko INT/2223/2014 Aginduak osatzen du araudi hori. Agindu horrek trafiko-istripuen biktimei buruzko informazioa erregistro horri nola komunikatu arautzen du, trafiko-istripuak trafikoari buruzko araudia aplikagarria den eremuko bide eta lurretan gertatzen direnean. Informazio horren barruan sartzen dira gure autonomia-erkidegoko bide edo lurretan gertatzen diren trafiko-istripuak, eta horiek, Estatuko araudiaren arabera, autonomia-erkidegoak bidali behar ditu Estatuko erregistrora, ezarrita dauden epeetan eta edukiekin. Halaber, jasota dago udal korporazioen trafiko-istripuei buruzko informazioa trafiko arloan eskumena daukaten autonomia-erkidegoen bidez bidali behar dela.
Estatuko araudiak informazioa eraginkortasun handiagoz bildu eta transmititzeko lankidetza eta kooperazio mekanismoak ezartzeko aukera jasotzen du, baita Trafiko Istripuen Biktimen Erregistroen arteko konexioa egiteko aukera ere.
Era berean, Bide-azpiegituren segurtasunaren kudeaketari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/96/EE Zuzentarauak ezartzen du hildakoak eragin dituen istripu bakoitzeko txosten bat idazteko beharra, eta, txostena egiteko, kontuan hartuko da Trafikoko Istripuen Biktimen Erregistroetan dagoen informazioa.
Hortaz, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako 2015-2020 Plan Estrategikoak ezarritakoa betetzeko eta trafikoaren eta bide segurtasunaren arloan indarrean dagoen ordenamendu juridikoarekin bat etorrita, dekretu honen bidez Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa sortu eta arautzen da, Trafiko Zuzendaritzari atxikita eta haren eginkizunak dira, besteak beste, trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko azterlanak eta ikerketa-lanak egitea eta biktimak eragin dituzten trafiko-istripuei buruzko estatistika egin ahal izateko informazioa ematea.
Horregatik, aldez aurretik dagozkion izapideak egin ostean, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 23an egindako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa sortzea eta arautzea.
2. artikulua.– Erregistroaren izaera eta helburua.
1.– Euskadiko Trafiko Istripuen Biktimen Erregistroak izaera administratiboa du.
2.– Erregistroak jasoko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean, hiru barruko zein hiriarteko bideetan, biktimak eragin dituzten trafiko-istripuei buruzko datu beharrezkoak, fidagarriak, osatuak eta eguneratuak, istripuen kausak, inguruabarrak eta haien ondorioak zein izan diren zehazteko.
3.– Erregistroaren helburuak hauek dira:
a) Informazioa ematea, horretan oinarrituta trafiko-istripuen biktimei buruzko estatistika bat egin ahal izateko.
b) Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko azterlanak eta ikerketak egiteko informazioa ematea, baita hildakoak eragin dituzten istripuen eta istripu larrien batez besteko kostu soziala kalkulatzeko ere.
c) Hartutako neurriak ebaluatzeko eta jarduera-programak lantzeko behar den informazioa ematea eta, bide batez, laguntza ematea bide-segurtasunaren arloko politiken eraginkortasuna behar bezala gainbegiratzen eta ebaluatzen dela bermatzeko eta gizarteko gaitz hori murrizteko neurri eraginkorragoak hartzeko.
d) Trafiko-istripuen biktimei buruzko oinarrizko adierazleak ematea, beste lurralde-eremu batzuekin konparatzeko aukera emango dutenak.
3. artikulua.– Atxikipena eta horren ardura daukan organoaren eginkizunak.
1.– Erregistroa Segurtasun Sailean trafikoaren eta bide segurtasunaren arloan eskumena daukan Zuzendaritzari atxikitzen zaio eta horrek izango du erregistroaren ardura.
2.– Erregistroaren ardura daukan organoa denez, eginkizun hauek izango ditu:
a) Erregistroa antolatzea eta kudeatzea.
b) Erregistroko datuen konfidentzialtasuna, segurtasuna eta osotasuna bermatzeko neurriak hartzea.
c) Nazioartean homologatuta dauden jarraibideen arabera, trafiko-istripuen biktimei buruzko informazioa lortzea, integratzea, prozesatzea, aztertzea, alderatzea eta ebaluatzea, baita datuen kalitatea kontrolatzea eta horiek 2.3 artikuluan ezarritako helburuetara egokitzen direla kontrolatzea ere.
d) Aldiro argitalpenak eta txostenak egitea. Horietan informazio disoziatua bakarrik agertuko da eta, hala badagokio, agregatua.
e) Barruko edo kanpoko eragileekin eta inplikatutako erakundeekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko mekanismoak ematea, erregistroaren helburua betetzeko aukera emango duen informazioa trukatzeko.
4. artikulua.– Informazio-iturriak.
1.– Informazio-iturriak hauek dira:
a) Istripuen, haietan inplikatutako pertsonen, bidearen, ibilgailuen, inguruabarren eta eragin-faktoreen inguruko informazio zehatza, trafikoaren zaintzaz eta kontrolaz arduratzen diren agenteek, hau da, Ertzaintzak hiriarteko bideetan eta Udaltzainek hiri barrukoetan, jasotakoa.
b) Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) hildako pertsonen inguruan duen fitxategiak ematen duen informazioa. Horri esker, istripua izan eta hogeita hamar eguneko epean trafiko-istripuaren ondorioz hildako pertsonen kopurua zehatzago jakin daiteke.
c) Osasun-zentroak, istripua izan eta hurrengo hogeita hamar eguneko epean hil diren pertsonei buruzko datuak ezagutzeko, baita istripua izan duten pertsonen ospitaleko altei, lesioen larritasun mailei eta lesio motei buruzkoak ere.
d) Errepideen titularrengandik datorren informazioa, 10.3 artikuluan aipatzen diren datuen ingurukoa.
e) Interesekoak izan daitezkeen beste iturri batzuk.
2.– Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroan datu garrantzitsuak bakarrik agertuko dira, trafiko-istripuen kausak eta inguruabarrak eta haien ondorioak zehaztu ahal izateko behar den informazioa ematen dutenak.
3.– Erregistroko idazpenetan inplikatuei buruz agertzen diren identifikazio-datuak edo inplikatuen osasunarekin lotutakoak erregistroaren helburua betetzeko behar-beharrezkoak direnak baino ez dira izango, aurreko paragrafoan ezartzen denaren arabera.
4.– Aurreko apartatuan aurreikusitako datuen zehaztasuna, definizioa eta edukia, Segurtasun Saileko titularraren agindu baten bidez ezarriko dira, betiere 2. artikuluan zehaztutako helburua betetzeko beharrezkoak badira.
5. artikulua.– Eredua eta datuen euskarria.
Erregistroa euskarri digital batean inplementatuko da eta haren diseinuak eta egiturak bermatuko dute datuak bitarteko elektronikoak erabiliz trukatu eta tratatu ahal izango direla.
6. artikulua.– Agintaritzaren agenteek biktimak eragin dituzten trafiko-istripuei buruzko inprimakia betetzea eta Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistrora bidaltzea.
1.– Trafikoa zaintzeaz eta kontrolatzeaz arduratzen diren agintaritzaren agenteek, nork bere eskumenen eremuaren barruan, biktimak eragin dituzten trafiko-istripuei buruzko informazioa Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistrora bidali behar dute inprimaki baten bidez eta horretan Segurtasun Saileko titularraren agindu baten bidez onartzen diren datu, aldagai eta irizpideak agertu behar dira.
Inprimaki horien edukia bat etorriko da, gutxienez, Estatuko araudiak Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro Nazionalera informazioa bidaltzeari buruz ezartzen duenarekin.
2.– Informazioa emango da Euskadiko Autonomia Elkartearen Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 10.2 artikuluan ezartzen duen betebeharra kontuan hartuta, edo momentu bakoitzean aipatutako estatistika arautzen duen legearen dagokion artikulua kontuan hartuta.
3.– Inprimaki hori bidaliko da Estatuko araudiak Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro Nazionalera informazioa bidaltzeari buruz ezarritako epeetan.
4.– Datu horiek bide elektronikoak erabiliz igorri behar dira, Erregistroaren arduradunak ezartzen dituen protokolo informatikoen arabera, eta aplikagarria den araudia bete behar da, hau da, administrazio publikoen arteko datuen transmisioarekin eta informazio sistemen arteko elkarreragingarritasunarekin lotutakoa eta informazioaren segurtasunaren, zaintzaren eta normalizazioaren arloko gomendioekin eta irizpideekin lotutakoa.
7. artikulua.– Gainerako informazio-iturriek biktimak eragin dituzten trafiko-istripuekin lotutako datuak betetzea eta Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistrora bidaltzea.
1.– Laugarren artikuluko 1. apartatuan aipatu diren gainerako informazio-iturriek biktimak eragin dituzten trafiko-istripuei buruzko datuak Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistrora bidaliko dituzte, eta, horretarako, Segurtasun Saileko titularraren agindu baten bidez onartzen diren irizpideak eta epeak bete beharko dituzte.
2.– Informazioa emango da Euskadiko Autonomia Elkartearen Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 10.2 artikuluan ezartzen duen betebeharra kontuan hartuta, edo momentu bakoitzean aipatutako estatistika arautzen duen legearen dagokion artikulua kontuan hartuta.
3.– Datu horiek bide elektronikoak erabiliz igorri behar dira, Erregistroaren arduradunak ezartzen dituen protokolo informatikoen arabera, eta aplikagarria den araudia bete behar da, hau da, administrazioa publikoen arteko datuen transmisioarekin eta informazio sistemen arteko elkarreragingarritasunarekin lotutakoa eta informazioaren segurtasunaren, zaintzaren eta normalizazioaren arloko gomendioekin eta irizpideekin lotutakoa.
8. artikulua.– Informazioa Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro Nazionalera igortzea.
1.– Erregistroaren ardura daukan organoak igorriko du Euskal Autonomia Erkidegoan biktimak eragin dituzten trafiko-istripuei buruzko informazioa Trafiko Istripuen Biktimen Erregistro Nazionalera, Erregistro horren araudi erregulatzailean jasota dauden edukiekin eta epeen barruan.
2.– Erregistroaren ardura daukan organoa ahaleginduko da informazioa eraginkortasun handiagoz biltzeko eta transmititzeko lankidetza eta kooperazio mekanismoak ezartzen, baita Trafiko Istripuen Biktimen Erregistroen arteko konexioa egiten ere.
9. artikulua.– Trafiko istripuen biktimei buruzko estatistika.
1.– Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroan jasota dagoen informazioa erabiliko da Euskadiko Plan Estatistikoan aurreikusita dagoen trafiko-istripuen biktimei buruzko estatistika egiteko.
2.– Estatistika horren emaitzari esker, hartutako neurriak ebaluatu eta jarduera-programak landu ahal izango dira.
10. artikulua.– Errepideen titularrei informazioa bidaltzea.
1.– Erregistroaren ardura daukan organoak, bide elektronikoak erabiliz, Lurralde Historikoetan errepideen arloko eskumena daukaten organoei helaraziko die biktimak eragin dituzten trafiko-istripuei buruzko informazioa, beren titulartasunekoak diren bideetan gertatutako trafiko-istripuei buruzkoa, hain zuzen, baina datu pertsonalik gabe, istripu ugariko bide-zatiak eta segurtasuna hobetzeko aukera handiak dituzten bide-zatiak identifika ditzaten, eta errepideen arloko eskumenaren ondorioz esleituta dituzten eginkizun batzuk burutu ahal izateko informazio hori behar badute, eginkizun horiek gauzatu ditzaten.
2.– Era berean, bidearen gainerako titularrei ere helaraziko die biktimak eragin dituzten trafiko-istripuei buruzko informazio hori, beren titulartasuneko bideei dagokienean.
3.– Istripua gertatu den lekuari buruzko informazioaren kalitatea hobetzeko helburuarekin, bidearen titularrek leku horretako azpiegiturari buruzko datuak osatu beharko dituzte. Horretarako, agintaritzaren agenteek bete ez dituzten datuak beteko dituzte eta, hala badagokio, datu okerrak zuzenduko dituzte.
Aldaketa eta zuzenketa horiek, bidearen titularrek egoki deritzoten edozein txosten gehigarrirekin batera, Erregistroaren ardura daukan organora helaraziko dira eta gehienez ere hilabeteko epean istripu bakoitzari buruzko fitxategi elektronikoa jasotzen den mementotik hasita.
11. artikulua.– Konfidentzialtasuna eta segurtasun-neurriak.
1.– Erregistroaren ardura daukan organoak segurtasunaren arloko araudiarekin bat datozen eta ezinbestekoak diren neurri tekniko eta antolakuntzako neurri guztiak betetzen direla zainduko du. Halaber, datuen babesari buruzko legeria betetzen dela bermatzeko hartu beharreko neurriak hartuko ditu.
2.– Erregistroaren informazio-sistemak bete beharko ditu Segurtasun Eskema Nazionalaren segurtasun-neurriak eta Euskal Autonomia Erkidegoan Administrazio Elektronikoaren arloan indarrean dagoen segurtasun-estrategiarenak.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erregistroa abian jartzea.
Erregistroak guztiz operatibo egon behar du gehienez ere hiru hilabeteko epean, dekretu honen 6.1 eta 7.1 artikuluetan aipatzen den agindua indarrean jartzen den egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 23an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.