EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2018205

EBAZPENA, 2018ko urriaren 18koa, Kulturako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaie Villambrosan –Erriberagoitin– (Araba) kokatutako San Andres eliza monumentu-izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2018-10-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201805208
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipatutako eskumen hori baliatuta, uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Villambrosan –Erriberagoitin– (Araba) kokatutako San Andres elizak duen kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Villambrosan –Erriberagoitin– (Araba) kokatutako San Andres eliza monumentu-izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren arabera.
Bigarrena.– Jendaurrean jartzea, denboraldi batez, Villambrosan –Erriberagoitin– (Araba) kokatutako San Andres eliza monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedientea. Hala, 20 eguneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan egongo da ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian.
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Erriberagoitiko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere, jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak aurkez ditzaten.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAO Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 18a.
Kulturako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Deskribapena.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurua barne hartzen du. Horrela, eremuak muga hauek ditu:
Iparraldean, elizaren fatxadarekiko lerro paralelo bat, 16 metrora trazatua.
Mendebaldean, alde horretatik pasatzen den bide publikoaren kanpoaldeko ertza.
Hegoaldean, elizaren fatxadarekiko lerro paralelo bat, 50 metrora trazatua.
Eta, azkenik, ekialdean, jabegoaren alde horretako muga.
b) Justifikazioa.
Proposatzen den mugaketa justifikatuta dago Villambrosako San Andres elizaren ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu beharra dagoelako. Ondasun katalogatua behar bezala babesteko eta balioa emateko, ingurua ere mugatu behar izan da, eta horrek berekin dakar elizaren ondoko guneak babestea, hau da, inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea, elizaren izaera berezia iraunarazteko xedez. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Villambrosako San Andres eliza oinplano errektangularreko tenplua da, nabe bakarrekoa, harlangaitzez egina, iparraldean lau kontrahorma dituela. Lau isuriko habe-estalkia dauka.
Elizaren iparraldean, alboan, hilerria dago, horma batez itxia. Tenpluaren mendebaldean erdi-puntuko hiru arkuko kanpai-horma bat dauka, bi kanpairekin. Kanpai-hormaren ondoan elizpea zegoen (gaur egun jausita dago): bi arku beheratu, erdian sekzio karratuko zutabe bat, eta habe-estalkia. Sarrera dintelatua dauka.
Barrualdea nabe errektangular bat da, bi tarterekin. Lehenengo tartea, ganga tertzeletedun batez estalita dago. Gangaren nerbioak mentsulen gainean jarrita daude. Bigarren tartea kanoi zorrotzeko ganga batez dago estalita. Antzina, tarte horrek ere ganga tertzeletedun bat zeukan estalkitzat, nerbioen hondarrek erakusten dutenez. Nabearen oinetan goiko korua dago. Hutsune zirkular bat dauka mendebaldeko horman, koruaren gainean. Erretaula barrokoa dauka, baita ur bedeinkatu ontzia eta bataiarria ere, iparraldeko aldean. Alde horretan harlangaitzezko horma bat dago, espazio horri eutsi eta hura ixten duena. Hormaren lehen tartean sakristia dago; oinplano errektangularrekoa, sabai aizuneko estalkiarekin.