EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018203

AGINDUA, 2018ko urriaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2018-2019 ikasturteko lanbide-heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko laguntzak emateko.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-10-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201805159
Maila: Agindua
Geroko erreferentziak:
  • 2018/10/26an argitaratutako 2018/10/16ko AGINDUAK zuzendutakoa [201805265]
  • Ikus 2018/12/26an argitaratutako 2018/12/03ko EBAZPENA [201806328]
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak ezartzen duenez –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua–, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, ezertan eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikuluan eta bera gara dezaten lege organikoetan xedatutakoa, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritza».
Bestalde, bizialdi osoko ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen II. kapitulua Lanbide Heziketako Euskal Sistema Integratuari buruzkoa da. Lege horren 21.1.a) artikuluan adierazitako helburuen artean, honako hau ezartzen da: Jarduera profesionaletan aritzeko gaitzea, sustapen profesionalerako aurreikuspen pertsonalak nahiz ekoizpen-sistemaren kualifikazio-beharrak bete daitezen.
Horretarako, 21. artikuluaren 2.e) apartatuan ezartzen da Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren neurriak hartuko dituela, prestakuntza-eskaintzan ekintzailetza-konpetentziaren garapen-programak txertatzeko.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 3. artikuluko 2.c) apartatuan, lanbide-heziketako euskal sistemaren lehentasunezko helburuen artean, honako hau zehazten da: berrikuntza, sorkuntza, ekintzailetza-gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKTak) erabilera sustatzea, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan.
Halaber, aipatutako 4/2018 Legearen 8. artikulua ekintzailetzako ikaskuntzaren eremuari buruzkoa da, eta, 2. apartatuan, honako hau ezartzen du: ekintzailetzaren ikaskuntza-proiektuetan ikasleengan konpetentzia berriak garatzea izango da xedea, tartean, sormenezkoak zein kontzeptuzkoak, ekintzailetzaren kultura sustatzera orientatuak eta jarduera erreal baten arabera finkatutako esperientzia praktikoetan oinarrituta antolatuak.
Ildo beretik, 4/2018 Legearen 9. artikuluak 2. apartatuan ezartzen du EAEko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren arloan eskumena duen sailak berariaz bultzatuko duela honako hau: berrikuntzaren eta ekintzailetzaren eremuan ikaskuntza- eta sustatze-ekintzak sartzea, arlo horiek garatzeko beharrezkoa den prestakuntza ematea, bai eta bi eremu horiei lotutako proiektuak martxan jartzea ere.
Testuinguru horretan, Ikasenpresa programa (Erdi-mailako edo Goi-mailako heziketa-zikloko 2. mailako ikasleek parte hartzen dute eta «Enpresa eta Ekimen Ekintzailea» moduluari atxikita dago) kultura ekintzailea sustatzera bideratuta dagoen hezkuntza-programa bat da, eta ikasleek ekinez ikasten dute ekintzaile izaten.
Horretarako, enpresa-simulazioko proiektuak erabiltzen dira ikasteko tresna gisa, eta, horrela, ikasleek aukera dute hainbat konpetentzia garatzeko, pertsona profesional, enplegagarri, aktibo eta ekintzaile edo intraekintzaile izateko eta lan-merkatu aldakor eta ezegonkorrari aurre egiteko. Era berean, ikasleak sentsibilizatu ere egin daitezke, autoenplegua aukera gisa ikus dezaten.
Ikasenpresak hezkuntza-testuinguru berritzailea sortzen eta ikasteko metodologia nagusiki praktikoa erabiltzen du. Horrek ikasleak behartzen ditu konfort-zonatik irtetera eta ondoren lan-merkatuan aurkituko dituen egoerei edo arazoei aurre egitera.
Ondorioz, kontuan harturik zer dioten Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa–, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Agindu honen xedea da kultura ekintzailea sustatzeko diru-laguntzen deialdia egitea 2018-2019 ikasturtean Erdi-mailako edo Goi-mailako heziketa-zikloko 2. maila egiten ari diren eta ikasgelan enpresa-simulazioko proiektu bat egiten ari diren ikasleentzat, ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunpekoetan.
2.– Laguntza horiek itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege honek ezarritakoa aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua –bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak emandako laguntzen eta diru-laguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak– betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Helburu horretarako, 450.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partidaren kontura.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdian parte hartu ahalko dute 2018-2019 ikasturtean Erdi-mailako edo Goi-mailako heziketa-zikloko 2. maila egingo duten ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako zikloak emateko baimendutako ikastetxe publiko zein pribatu batean.
2.– Lehenengo apartatuan zehaztutakoaz gainera, ikasle onuradunek 30 urte baino gehiago ez dute izango 2018ko abenduaren 31n.
3.– Ezingo dute laguntzarik jaso honako egoera hauetan dauden ikasleek:
a) Diru-laguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenek.
b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik dutenek, eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenek ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenari jarraikiz.
4. artikulua.– Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.
1.– Honako baldintza hauek beteko dituen enpresa-simulazioko proiektua izango da diruz lagungarria:
a) Enpresa-simulazioko proiektua ikasle bakar batek garatu dezake edo ikasle batzuek lankidetzan.
b) Ikasle batzuen lankidetzaren bitartez egiten bada, parte hartuko duten ikasleak identifikatu egingo dira eta haietako ikasle bat izendatuko da denen ordezkari, deialdi honen ondorioetarako. Edozein momentutan, ordezkaria alda daiteke eta baita ikasle parte-hartzaileen zerrenda, baldin eta ikasle berriek deitutako diru-laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen badute.
c) Edozein modutan, proiektu bakoitzerako diru-laguntza bakarra izango da, bakarka zein lankidetzan egiten bada.
d) Enpresa-simulazioko proiektua ikastetxearen lankidetzarekin egingo da, objektibotasun, gardentasun eta aukera-berdintasuneko baldintzetan.
2.– Enpresa-simulazioko proiektua garatzeko beharrezkoak diren berariazko software edo materialak erosteko gastuak bakarrik izango dira diruz lagungarriak, baldin eta 2018ko abenduaren 31ra bitartean egiten badira. Edozein kasutan, esandako gastuek Diru-laguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 31. artikuluan ezartzen dena bete beharko dute.
3.– Ezingo da inbertsio-gasturik ordaindu emandako laguntzarekin.
5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Proiektu bakoitzeko gehienez 2.000 euro esleitu ahal izango da.
2.– Ikaslea egiten ari den heziketa-zikloaren araberako (Erdi-mailakoa ala Goi-mailakoa izan) laguntzen banaketa proportzio honi jarraituz egingo da:
– Laguntzen % 55 Erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat.
– Laguntzen % 45a Goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat.
3.– Aurreko prestakuntza-mailetako bati esleitutako diru-laguntzen kopurua ez bada betetzen, soberakina beste mailako ikasleen artean banatuko da, baldintzak betetzen dituen eskaerarik egonez gero.
6. artikulua.– Parte hartzeko eskabidea.
1.– Eskabidea nahitaezkoa izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera egingo da: https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/fomento_emprendimietno/y22-izapide/es. Eredu hori bat dator I. eranskinarekin. Eskabidea ikasle eskatzaileak bete beharko du, adin nagusikoa bada. Ikasle adingabeen kasuan, horien aitak, amak edo legezko tutoreak beteko du.
2.– Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu behar dute eskatzaileek honako eskakizun hauek betetzen dituztela:
a) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik ez izatea, eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ez izatea.
b) Adieraztea eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari ordezkaritza ematen baitzaio eskabidea izapidetu dezan, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.
3.– Laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala xedatuta baitago diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
4.– Behin eskabidea betez gero, inprimatu egin behar da eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskatzaileak eta haren aitak eta amak edo legezko tutoreak izenpetu behar dute, adingabeko edo tutoretza pean dauden ikasleen kasuan.
5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
6.– Inprimatu eta sinatu ondoren, eskabidea ikaslearen ikastetxeko zuzendariari aurkeztuko zaio, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako bulegoetan, hamabost egun naturaleko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
Aipatutako eskabideari egindako enpresa-simulazioko proiektua erantsiko zaio, II. eranskineko edukiekin bat, Ikasenpresaren irakasle arduradunaren egiaztagiriarekin batera.
7.– Ikastetxeak epe barruan izapidetuko ditu ikastetxean matrikulatutako ikasleen eskabideak, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.
Ikastetxeek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.
7. artikulua.– Ikastetxe itunduak. Eskabideak aurkeztea.
1.– Ikastetxe itunduek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.
Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean.
2.– Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari, justifikazioari eta gainerako izapideei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/fomento_emprendimiento/y22-izapide/es
Eskabidea egin ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3.– Ikastetxeko ikasleen eskabideak aurkezteko epea sei egun natural izango dira, 6.6 artikuluan eskabidea aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.
4.– Ikastetxeko ikasleen eskabideekin batera, ikasle eskatzaileen zerrenda aurkeztu behar da; horretarako, III. eranskineko inprimakia bete behar da.
8. artikulua.– Ikastetxe publikoak. Eskabideak aurkeztea.
1.– Ikastetxe publikoek eurentzat jarritako atariaren bidez egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta gainerako izapideak, emate- edo ukatze-ebazpena izan arte. Ikastetxe publikoetarako ataria hauxe da: Herri-ikastetxeak/Deialdiak (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).
2.– Ikastetxeko ikasleen eskabideak aurkezteko epea sei egun natural izango dira, 6.6 artikuluan eskabidea aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Ikastetxeko ikasleen eskabideekin batera, ikasle eskatzaileen zerrenda aurkeztu behar da; horretarako, III. eranskineko inprimakia bete behar da.
9. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, ikastetxe eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
10. artikulua.– Instrukzio- eta kudeaketa-organoa.
Teknologiaren eta Ikasketa Aurreratuen zuzendariak bideratu eta kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.
11. artikulua.– Hautaketa egiteko eta puntuazioa emateko irizpideak.
1.– Deialdiko laguntzak eskuratu ahal izateko, eskabidea epe barruan eta behar bezala aurkeztuta, agindu honen 3. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute ikasleek, agindu honetan xedatutako baldintzetan.
2.– Deialdiko laguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira, honako lege hauetan xedatutakoaren arabera: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49. artikuluan; testu bategin horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak emandako laguntzen eta diru-laguntzen erregimena arautzen du.
Hortaz, artikulu honen 3. apartatuko hautaketa-irizpideak aplikatuta, eskaeren arteko lehentasuna ezarriko da eta, aginduaren 2. artikuluan ezarritako kreditu erabilgarriarekin eta 5. artikuluan zehaztutako mugarekin bat, balorazio handiena lortu duten eskaerei esleituko zaizkie laguntzak, kreditu erabilgarria agortu arte.
3.– Hautaketa-irizpideak honako hauek dira:
1) Zehaztutako negozioaren ideia eta balio-proposamena. Negozio-ereduaren diseinua egiten du: (gehienez 3 puntu)
– Negozioaren ideia eta balio-proposamena zehaztea.
– Negozio-eredua jasota dagoen agiria eranstea (Canvas).
2) Garatutako enpresa-simulazioko plana: (gehienez, 10 puntu).
– Heziketa-zikloarekin lotuta dago edo aldez aurreko esperientzia du arlo horretan: 1 puntu.
– Industria arloa da (elektrizitatea eta elektronika, energia eta ura, fabrikazio mekanikoa, instalatze- eta mantentze-lanak, garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak). 2 puntu.
– Aniztasunaren eta bazterketa-arriskuan dauden gizataldeen gizarteratzea sustatzen du edo pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako alderdiren bat du: 2 puntu.
– Arlo berritzaileekin dago lotuta (bioteknologia, nanoteknologia, ikerketa aplikatua, zerbitzu aurreratuak): 5 puntu.
3) Merkatuaren azterketa egitea eta balizko bezeroen tipologia eta kopurua identifikatzea: (gehienez, 3 puntu).
– Zuzenduko den merkatuaren ezaugarriak identifikatzen ditu: (puntu 1).
– Lehia aztertzen du: (puntu 1).
– Balizko bezeroak aztertzen ditu: (puntu 1).
4) Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa: (gehienez, 3 puntu).
– Enpresaren hasierako ebaluazioa: hasierako balantzea, altxortegiko aurrekontua: (puntu 1).
– Enpresaren etorkizunaren proiekzioa da: (puntu 1).
– Finantza-arloko beharrak identifikatzen ditu eta finantzazio-plana aurkezten du: (puntu 1).
5) Balio horizontalak aurkeztutako enpresa-simulazioko planean daude jasota: (gehienez 3 puntu).
– Garapen jasangarriaren printzipioak jasotzen ditu: puntu 1.
– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioak jasotzen ditu: puntu 1.
– Diskriminaziorik ezeko printzipioak jasotzen ditu: puntu 1.
6) Hauxe da enpresa-simulazioko planean aurkeztutako forma juridikoa: (gehienez, 3 puntu).
– Autonomoa edo ondasun-erkidegoa, puntu 1.
– SL, SA.: 2 puntu.
– S. Coop., lan-sozietatea: 3 puntu.
7) Ikasenpresa programaren ikastetxeko irakasle arduradunarekin enpresa-simulazioko plana egiaztatzea (gehienez, 5 puntu).
12. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideok:
a) Batzordeburua: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, edo haren ordezkoa.
b) Kideak:
– Tknika – Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko ekintzailetzaren eta aldaketaren kudeaketaren arloko zuzendaria, edo haren ordezkoa.
– Tknikako ekintzailetzaren eta aldaketaren kudeaketaren arloko pertsona bat.
– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikari bat; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.
2.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, eta horrek laguntza ematea proposatzen den eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, baita horren zenbatekoa ere. Proposamena Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak aurkeztuko dio, instrukzio-organo gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari, ebazpena eman dezan.
3.– Gainera, erreserbako zerrenda bat egingo du eskaerekin, lortutako puntuazioaren arabera, txikienetik handienera; eskaera horiek ezarritako baldintzak bete dituzte, baina ez dute laguntza jasotzeko moduko ordena-zenbakirik lortu. Horrela, esleipendunen batek emandako laguntzari uko egingo balio, erreserbako zerrendako eskaerek haren lekua hartu ahalko dute, zerrendako ordenaren arabera.
13. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.
1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, balorazio-batzordeak proposatuta, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio.
2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako laguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar dira onuradunaren izena, zer ikastetxe den, zenbateko diru-laguntza eman zaion eta enpresa-simulazioko proiektuaren izena. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.
4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; halere, eta jendea jakitun izan dadin, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, eta adieraziko dira ikastetxea eta emandako laguntzaren zenbatekoa.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondoreetarako.
14. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Esleitutako laguntzen zenbatekoa ordainketa bakarrean emango da, laguntza onartu ondoren, 15.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2.– Ordainketari dagokion zenbatekoa ikasle onuradunen ikastetxeei igorriko zaie.
3.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetako laguntzen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluko eskakizunak.
2.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo bost egun naturaleko epean berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
3.– Onuradunek laguntzaren zenbatekoa erabiliko dute simulazio-proiektua garatzeko gastu guztiak edo horien zati bat ordaintzeko.
4.– Emandako diru-laguntza justifikatzea, 17. artikuluaren arabera.
5.– Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
16. artikulua.– Ikastetxeen betebeharrak. Laguntzak justifikatzea.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 12. artikuluan ezarritako betebeharrez gain:
1.– Ikastetxeek Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan frogatu beharko dute ikasleei laguntzak ordaindu dizkietela, agindu honen 14. artikuluan ezarritakoarekin bat, V. eranskineko ereduari jarraituz, ordainketaren banku-egiaztagiria erantsita, 2018ko abenduaren 30a baino lehenago.
2.– Gainera, ikastetxeek Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan frogatuko dituzte ikasle onuradunek kasuan kasuko ikastetxean aurkeztu dituzten laguntzen likidazioak, agindu honen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Hori frogatzeko, VI. eranskineko ereduari jarraitu beharko zaio, eta 2019ko otsailaren 20a baino lehenago aurkeztu.
3.– Ikastetxeek 5 urtez gordeko dituzte ikasle onuradunek aurkeztutako justifikazioak, gainerako ordainagiri, faktura eta gastu-frogagirien kopiekin batera.
17. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea.
1.– Onuradunek 2019ko urtarrilaren 31 baino lehenago izandako gastuen justifikazioa aurkeztu beharko dute, 2018-2019 ikasturtean matrikulatuta dauden Lanbide Heziketako ikastetxean. Horretarako, kasuan kasuko Lanbide Heziketako ikastetxean aurkeztuko dute memoria ekonomikoa, V. eranskineko ereduari jarraituz, emandako laguntzari egotz dakizkiokeen legez onartutako ordainagiriekin, fakturekin eta gastu-frogagiriekin batera.
2.– Onuradunak ezin badu jasotako laguntzaren besteko edo gehiagoko gasturik frogatu, behartuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari behar bezala justifikatu gabeko zenbatekoa itzultzera.
18. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.
1.– Diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli egin beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):
a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat badago.
b) Laguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.
c) Laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.
d) Laguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.
e) Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta ezartzen horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak, hargatik eragotzi gabe bideratu beharreko beste ekintza guztiak. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
19. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.
Agindu honi jarraikiz emandako laguntzak ezin izango dira bateratu eskatzaileak xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik lor ditzakeen beste laguntza batzuekin.
20. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatzen bada, eta laguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta 3. artikuluko betebeharrak konplitzen badira, laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Horretarako, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren laguntzen zenbatekoak doituko dira.
21. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuta daude («Lanbide Heziketako ikasleen kudeaketa» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi horren arduraduna Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
22. artikulua.– Ikuskatzea.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak datuak benetakoak direla egiaztatzeko egintzak abiarazteko eta abiaraztea eskatzeko ahala izango du, bai eta agindu honetan araututakoa betearazteko ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta diru-laguntza publikoei buruzko arauak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 16a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
ESKABIDEA
II. ERANSKINA
ENPRESA-SIMULAZIOKO PLANAREN EREDUA
III. ERANSKINA
ikasle eskatzaileen zerrenda osoa
IV. ERANSKINA
Memoria ekonomikoa
V. ERANSKINA
Ikasleei ordainketa egin delako Justifikazioa
VI. ERANSKINA
Ikasleek aurkeztutako justifikazioaren laburpena