EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018201

AGINDUA, 2018ko urriaren 5ekoa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez 2018. urterako ematen baitira azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde-batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako diru-laguntzak.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-10-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201805105
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/07/17an argitaratutako 2018/06/28ko AGINDUA [201803697]

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak bigarren xedapen gehigarrian zehaztu zuen dekretu horren bidez sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei orduko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-dotazioen kontura ematekoak diren diru-laguntzak emateko prozedura.
Halaber, Dekretuaren 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun-irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.
Horretaz gain, aipatutako dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez bana daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztiori, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.
Bigarren xedapen gehigarriko 2. apartatuan agindutakoaren arabera, Lan eta Justiziako sailburuak, 2018ko ekainaren 28ko Aginduaren bidez, hasiera eman zion Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta lurraldeetako batzordeetan parte hartzeagatik sindikatuei dagokien diru-laguntza emateko prozedurari (azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaz arautu ziren haiek).
2018ko uztailaren 2an, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak erabaki hau hartu zuten: Lan eta Justiziako sailburuari proposatu zioten zati berdinetan bana zezala 2017 urterako abenduaren 22ko 5/2017 Legeak 3112 programan (11 zerbitzua) ezarritako diru-laguntza (lege haren bidez, 2018ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartu ziren), aurrekontuetan 520.000 euroko hornidura baitu.
Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 3. apartatutik 5. apartatura bitartean xedatutakoaren arabera, agindu honen bidez diru-laguntzak emango zaizkie Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde batzordeetako diren sindikatuei.
Hori guztiori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Diru-laguntza ematea.
1.– Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko eta lurralde-batzordeetako kide diren sindikatuentzako diru-laguntzak ematen dira 2018. urterako. Dekretu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.
2.– Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatutik 5. apartatura bitartean agindutakoaren arabera, eraginpeko alderdiek erabaki zutenez 520.000 euroko aurrekontudotazioa zati berdinetan banatzea, Hauteskunde Sindikalen Batzordeko sindikatu guztiek –ondoren aipatzen dira– 130.000 euro jasoko dituzte. 520.000 euroko diru-zenbatekoa abenduaren 22ko 5/2017 Legean ezarrita dago (lege haren bidez, 2018ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartu ziren).
– Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).
– Confederación Sindical de CC.OO. de Euskadi.
– Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).
– Union General de Trabajadores (UGT- Euskadi).
2. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko baldintzak.
Aurreko artikuluan ezarritako diru-laguntza jaso baino lehen, interesatuta dauden sindikatuek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea. Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du interesatuta dauden sindikatuek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa, behar den aldi guztietan, eta horretarako ez dute zertan izan sindikatuen baimenik.
Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, sindikatuak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
b) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da. Dokumentu horrek honako hauek egiaztatu beharko ditu:
b.1.– Lan eta Justizia sailak aurretik emandako diru-laguntzak justifikatu izana.
b.2). Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen, indarrean dauden xedapenek ezarritakoen, betetzea egunean duelako erantzukizunpeko adierazpena, araudiaren arabera zehazten den moduan.
b.3.– Erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen administrazio-zehapenik ez izatea edo horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik ez izatea adierazten duena, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne hartuta.
b.4.– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.1 eta 2. artikuluan xedatutako ezein inguruabarretan ez dagoelako erantzukizunpeko adierazpena.
b.5.– Erantzukizunpeko adierazpena, itzulketa prozeduren edota prozedura zehatzailearen egoerari buruzkoa, baldin eta halako prozedura hasi badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek izaera bereko diru-laguntza eman eta gero, eta prozedura horiek oraindik tramitatzeke badaude.
b.6.– Diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duelako erantzukizunpeko adierazpena, araudiaren arabera zehazten den moduan.
3. artikulua.– Ordaintzeko modua.
Dena batera ordainduko da diru-laguntza, agindu honetan ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.
4. artikulua.– Bateragarritasuna.
Laguntzak bateragarriak dira sindikatuek jaso ditzaketen beste laguntza, diru-laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaz araututako laguntzen helbururako barik, beste helburu baterako badira. Dekretu horren bidez, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu ziren.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek hartzen den egunetik izango ditu ondorioak, baina horrek ez du eragotziko pertsona interesdunei jakinarazpena egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eman bedi argitara, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 5a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.