EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018201

146/2018 EBAZPENA, urriaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena. Honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lansarien 2018. urterako igoerak onesten dituen erabakia argitaratzea xedatzen da.

Xedapenaren zenbakia: 201800146
Xedapenaren data: 2018-10-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201805099
Maila: Ebazpena
2018ko martxoaren 9an egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lansarien 2018. urterako igoerak onesten dituen erabakia onartu du. Horrenbestez, erabakia herritarren artean zabaltzeko asmoarekin, hauxe
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura diharduten langileen lansarien 2018. urterako igoerak onesten dituen erabakiaren testua. Ebazpen honen eranskinean dago.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 9KO 146/2018 EBAZPENAREN ERANSKINA
GOBERNU KONTSEILUAREN 2018KO URRIAREN 9KO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITIRA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZURA DIHARDUTEN LANGILEEN LANSARIEN 2018. URTERAKO IGOERAK
Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak 19.1 artikuluan ezartzen duenez, hura indarrean jarri ondoren sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz ematen diren oinarrizko xedapenak gorabehera, 2018. urtean lan-kontratukoak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetako langileen urteko guztizko lansariek % 1,5eko igoera izan dezakete 2017ko ekitaldian ezarritakoen aldean. Lansari horiek, betiere, homogeneotasunaren arabera kalkulatuko dira, erkaketaren bi aldietarako, bai langileen kopuruari eta antzinatasunari dagokienez, bai lanaldi-araubideari dagokionez.
Justiziako langileez denaz bezainbatean, aipatutako legeak 19.3 zenbakian xedatzen du langile horien ordainsariei berariazko araudia aplikatuko zaiela.
Halaber, lege horren 19.5 artikuluan berariaz xedatzen da lan-kontratukoak ez diren langileen oinarrizko lansariak honako hauek izango direla: administrazio publikoetako oinarrizko lansarien erregimeneko arauen arabera ekitaldian zehar indarrean daudenak.
Gainera, lege horren 19.8 artikuluan ezartzen da lansari osagarriak % 1,5 gehitu ahal izango direla; nolanahi ere, aldaketak gerta daitezke programa bakoitzari atxikitako langile kopurua aldatzearen ondorioz eta programari ezarritako helburuen betetze-mailaren eta programa aplikatzearen banakako emaitzen arabera.
Aurreko apartatuetan xedatzen denaz gain eta 19.10 artikuluan adierazitakoaren arabera, 2018ko urtarrilaren 1ean lan-erregimenean dauden Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, organismo autonomoetako, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako langileen soldata-masan % 1,5eko igoera egin daiteke 2017ko ekitaldian ezarritakoaren aldean.
Era berean, 19.14 artikuluan xedatzen da lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta horiekin berdinetsitakoen 2018ko ekitaldiko lansarietan % 1,5eko igoera egin daitekeela 2017ko abenduaren 31n indarrean dauden lansarien aldean, eta 19.15 artikuluak gauza bera ezartzen du behin-behineko langileen lansariez.
Ertzaintzako langileen lansariak aipatutako legearen 20. artikuluak arautzen ditu. Horren arabera, Gobernu Kontseiluari dagokio zehaztea bai kategoria-maila bakoitzari dagokion lanpostu-mailako osagarriaren urteko zenbatekoa (maila horiek Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak arautzen ditu 74.1.a artikuluan), bai haien ordainsarien guztirako zenbatekoa.
Bestalde, Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen Legean aipatutakoaz gainera ezinbestekoa da aipatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean, 2018ko irailaren 19ko bilkuran, «2018ko lansarien proposamena» gaia aztertzean 2018ko ekitaldiko soldata-igoerei buruz egindako planteamenduak.
Uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 5.1.g) artikuluan ezartzen duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoaren zerbitzuko funtzionarioen lansari-araubidea eta gainerako langileen lansari-baldintzak ezartzeko arauak eta jarraibideak urtero ezartzea.
Orobat, kontuan edukita 19. artikuluak ezartzen duela aurrean aipatutako igoerak sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz ematen diren oinarrizko xedapenak gorabehera gertatuko direla, aurrean aipatutako arauetako aurreikuspenak honako hauetan ezarritako aurreikuspenekin lotu behar dira: 6/2018 Legea, uztailaren 3koa, Estatuaren 2018. urteko aurrekontu orokorrei buruzkoa; 18. artikuluan aipatzen diren baimenak, hots, sektore publikoko langileen lansarien gehikuntza gehigarriei dagozkienak (% 0,25eko gehikuntza 2018ko uztailaren 1etik aurrera, aipatutako araudian ezartzen diren aurreikuspenak eta baldintzak betez gero). Aipatutako aurreikuspenak eta baldintzak bete direnez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen Aurrekontu Legean ezartzen diren aurreikuspenak betearazi behar ditu.
Aurreko guztiaren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta eztabaidatu ondoren, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du
ERABAKIA
Lehenengoa.– Baimena ematea 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera % 1,5eko igoera orokorra aplikatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, haren organismo autonomoen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen zerbitzura diharduten funtzionario eta estatutupekoen 2017. urteko guztirako lansariei.
Bigarrena.– Baimena ematea 2018ko uztailaren 1etik aurrera % 1,75eko igoera orokorra aplikatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, haren organismo autonomoen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen zerbitzura diharduten funtzionario eta estatutupekoen 2017. urteko guztirako lansariei.
Hirugarrena.– Aurreko apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, lan-kontratukoak ez diren langileek jasoko dituzten oinarrizko lansariak honako hauek izango dira, lansari-kontzeptu bakoitzaren arabera:
a) Langile bakoitzaren kidegoa edo eskala sailkatuta dagoen taldearentzako soldata eta hirurtekoak (zenbatekoak hamabi hilekori dagozkie):
b) Soldatari eta hirurtekoei dagokien hilekoa, 2018. urteko ekaineko eta abenduko aparteko ordainsari bakoitzean (kopuruak letra honetan zehazten dira). Aparteko ordainsari horiek aipatutako legearen 19. artikuluan zehazten dira.
Laugarrena.– Uztailaren 6ko 6/89 Legeak, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoak, 79.1.a) artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz, lanpostu-mailako osagarriaren urteko zenbatekoa, 12 hilekori dagokiena, honako hau izango da (mailaka xehatuta):
Bosgarrena.– Gainerako lansari osagarriei ere (2017ko abenduaren 31n indarrean egon direnei) igoera aplikatuko zaie: % 1,5ekoa 2018ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte eta % 1,75ekoa 2018ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte. Hala ere, aldaketak gerta daitezke programa bakoitzari atxikitako langileen kopuruaren aldaketaren ondorioz eta programari ezarritako helburuen betetze-mailaren eta programaren aplikazioaren banakako emaitzaren arabera.
Seigarrena.– Uztailaren 17ko 4/1992 Legeak, Euskal Herriko Poliziari buruzkoak, 74.1.a) artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, Ertzaintzaren kategoria-maila bakoitzari dagokion lanpostu-mailako osagarria honako hau izango da 2018ko ekitaldian:
Zazpigarrena.– Lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta horiekin berdinetsitakoen 2017ko ekitaldiko lansariei (2017ko abenduaren 31n indarrean egon direnei) honako igoera hauek aplikatu zaizkie: % 1,5ekoa 2018ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte eta % 1,75ekoa 2018ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte. Horrez gainera, antzinatasunagatik dagokiena ere aplikatuko zaie. Urriaren 28ko 14/1988 Legeak, goi-kargudunen lansariei buruzkoak, 2. artikuluan ezartzen duenaren arabera, lansari horien zenbateko gordinak honako hauek izango dira 2018ko ekitaldian:
Zortzigarrena.– Behin-behineko langileen 2017ko ekitaldiko lansariei (2017ko abenduaren 31n indarrean egon direnei) honako igoera hauek aplikatuko zaizkie: % 1,5ekoa 2018ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte eta % 1,75ekoa 2018ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte. Horrez gainera, antzinatasunagatik dagokiena ere aplikatuko zaie eta, betiere, beren lansariak erreferentziatuta dauden kategoriari dagokion diru-kopuru osoa errespetatuko da.
Bederatzigarrena.– Justiziako langileez denaz bezainbatean, langile horien ordainsariei berariazko araudia aplikatuko zaie.
Hamargarrena.– Baimena ematea Ertzaintzako langileen lansariei (2017ko abenduaren 31n indarrean egon direnei) honako igoera hauek aplikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legeak 20. artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz: % 1,5eko igoera 2018ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte eta % 1,75ekoa 2018ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte.
Hamaikagarrena.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, organismo autonomoen eta Osakidetza Euskal Osasun Sistema zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren zerbitzura diharduten langile lan-kontratudunen lansariei (2017ko abenduaren 31n indarrean egon direnei) honako igoera hauek aplikatzeko: % 1,5eko igoera 2018ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte eta % 1,75ekoa 2018ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte.
Hamabigarrena.– Zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako langileen soldata-masaren igoera ezin da izan % 1,5etik gorakoa 2018ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte, ez eta % 1,75etik gorakoa ere 2018ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte, erreferentzia modura 2017ko abenduaren 31n indarrean egon diren lansariak hartuta.
Aurreko paragrafoan ezartzen dena 2018ko soldata-masaren gehieneko muga da; negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko da nola banatuko den eta zenbat aplikatuko zaion bakoitzari.
Hamahirugarrena.– Osagarri pertsonalei eta iragankorrei beren araudia aplikatuko zaie, eta zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei berena. Horien banako zenbatekoei (2017ko abenduaren 31n indarrean egon direnei) honako igoera hauek aplikatuko zaizkie gehienez: % 1,5ekoa 2018ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte eta % 1,75ekoa 2018ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte.
Gainera, erabaki honetan xedatzen denetik salbuetsita daude lansari-kontzeptu hauek: aplikatzen zaien araudiari jarraituz lansari-igoera orokorraren bidez eguneratu ezin diren lansari-kontzeptuak.
Hamalaugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.