EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2018198

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko uztailaren 19ko bilkuran hartua, Sestaoko Udalaren 2016ko fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-07-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201805016
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko uztailaren 19an egindako bilkuran, honako hau
ERABAKI DU:
Sestaoko Udalaren 2016ko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 19a.
HKEEko lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEko idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
SESTAOKO UDALARen 2016KO FISKALIZAZIO-TXOSTENA
Laburdurak.
AHM: Arautze Harmonizatuari Meneratua.
AO: Administrazio Orokorra.
AP: Aleko prezioak.
BABA: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.
BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
BLH: Bizkaiko Lurralde Historikoa.
BPG: Barne Produktu Gordina.
DBLO: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera pertsonaleko datuen babesari buruzkoa.
DDBN: Diru-laguntzen Datu Base Nazionala.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
ED: Errege Dekretua.
EEP: Enpleguaren Eskaintza Publikoa.
EFPL: 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
EHAA: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
EIOZ: Eraikuntza, instalakuntza eta obren gaineko zerga.
FA: Foru Araua.
FD: Foru Dekretua.
GIZ: Gazteentzako Informazio Zentroa.
GLL: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak.
HAPB: Hiri Antolaketako Plan Berezia.
HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.
HHS: Hiriko Hondakin Solidoak.
HILBIZ: Hiri izaerako lursailen balio igoeraren gaineko zerga.
HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
JEZ: Jarduera ekonomikoen gaineko zerga.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
MINECO: Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa.
OHZ: Ondasun higiezinen gaineko zerga.
PGPN: Publikotasunik gabeko Prozedura Negoziatua.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.
TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.
TE: Toki Entitateak.
TMIZ: Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga.
UJP: Urbanizatzeko Jarduketa Programa.
XG: Xedapen gehigarria.
XI: Xedapen Iragankorra.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Sestaoko Udalaren 2016ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako hauek besarkatzen ditu: Udalaren ondarearen emaitza ekonomiakoaren kontua eta oroitidazkia ez ezik, aurrekontuaren likidazioa ere bai.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Sestaoko udalerriak 27.841 biztanle zituen 2016ko urtarrilaren 1ean eta honako mankomunitate eta partzuergo hauetako kide da: Nerbioi Itsasadarraren Ezkerraldeko Udalerrien Mankomunitatea (HHSen kudeaketa), Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoa (uraren ziklo osoaren kudeaketa) eta Bizkaiko Garraio Partzuergoa (garraio zerbitzua).
Gainera, 2016ko ekitaldi itxieran % 50eko partaidetza zuen hirigintzako sozietate Sestao Bai, SAn –Azpiegiturak, SAUrekin batera- eta Sestao Berri 2010, SAn –Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin batera-, eta Kontabilitate Nazionalari dagokionez, ez zuen horietako inoren gainean kontrolik. Berebat, partaidetza txikiagoak zituen beste sozietate batzuetan.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Langileria.
1.– Udalak aldi baterako kontratazioak egin ditu behin eta berriz Oinarrizko Lanbide Prestakuntza Zentroaren plantillaren egiturazko beharrei aurre egiteko. Horren ondorioz, 2017an zazpi langilek lan-kontratu mugagabe ez finkoko langile izaera hartu dute.
Kontratazioa.
2.– Udalak 3 zerbitzu eta 2 hornidura kontratatu ditu esleipen prozedurari dagozkion betekizunak saihestuta, guztira 4,9 milioi euroren zenbatekoan, SPKLTBren 86.2 artikuluak xedatutakoa urratuz. Kontratazio horietatik hiru, 4,7 milioi eurorenak, arautze harmonizatuari meneratutako kontratuentzat aurreikusitako izapidetzeari lotu behar zitzaizkiokeen; beste bat, 139.968 eurorena, prozedura ireki bitartez izapidetu behar zatekeen eta azkena, 101.097 eurorena, publikotasundun prozedura negoziatu bidez.
Epaitegi honen ustetan, Sestaoko Udalak, 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko Kontuei buruzko iritzia.
1.– Epaitegi honen iritzira egin behar ziratekeen doitzeek ondotik zehaztutako eragina dute Udalaren 2016ko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinaren, Egoera Balantzearen eta Funts Propioen gainean:
2.– Ez dago euskarri egoki edo behar adinakorik Egoeraren Balantzean jasotako ibilgetu ez finantzarioaren saldoak 2016ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duenik, ezargarriak zaizkion printzipio eta balorazio irizpideei jarraikiz. Udalak ez du ibilgetu hori amortizatzeko zuzkidurarik erregistratu.
Epaitegi honen iritzira, 1 eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Sestaoko Udalaren Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan 2016ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan, alde batetik, jarduera ekonomiko eta finantzarioa arautzen duten printzipioak betetzeari modu nabarmenean eragiten ez dioten hutsak adierazten dira; eta bestetik, kudeaketa hobetzeko agerian jartzen diren prozeduraren alderdiak.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra ez zen 2015eko abenduaren 31 baino lehenago behin betiko onartu, Bizkaiko Lurralde Historikoko Toki Entitateen Aurrekontuei buruzko abenduaren 2ko 10/2003 FAren 15.2 artikuluak agintzen duen moduan.
III.2.– Langileria.
– Udalaren LZk berariazko osagarriaren zati orokorra soilik zehazten du eta ez berariazko osagarri gehigarriak, zenbait lanposturen baldintza partikularrak ordaintzen dituena; kontzeptu honek 2016ko ekitaldian 212.738 euroren ordainketa eragin du.
– 2016ko irailean langile bat bitarteko funtzionario izendatu zen pilotako kirol-monitore posturako, jada aurrez lanpostu hori bitartekotasunez betea zuena; ez dago jasa inongo hautaketa prozedurarik bideratu zenik.
III.3.– Transferentziak eta emandako diru-laguntzak.
– Udalak ez du diru-laguntzen plan estrategikorik, eskuratu asmo diren helburu eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikusgarri diren kostuak eta finantzaketa iturriak zehaztuko dituena (DLOren 8.1 artikulua).
– Ez da betetzen informazioa emateko obligazioa DDBNri, DLOren 20. artikuluak arautzen duena.
III.4.– Kontratazioa.
– Kontratugilearen profila euskarritzen duen sistema informatikoak ez du bertan jasotzen den informazioaren hedapen publikoa zein unetan hasten den modu frogagarrian egiaztatzen utziko duen gailu egokirik (SPKLTBren 53.3 artikulua).
– 2016ko ekitaldian SPKLTBren 334. artikulua urratu zen, lizitazioen deialdia eta horren emaitzak Sektore Publikoaren Kontrataziorako Plataforman argitara ematera behartzen duena, dela kontratazio atalek zuzenean, dela administrazio eta erakunde publikoen informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko elkarlotura bidez.
Kontratazio espedienteak.
Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden hamaika kontratu nagusiak aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:
– 302.148 euroren zenbatekoan esleitutako kontratu batean (7. espedientea), balio-judizioen baitako kuantifikazioa duten esleipen irizpideak orokorrak dira eta puntuazioak esleitzeko molde zehatza eskaintzak balioztatzeko unean erabakitzen da.
– 255.796 euroan esleitutako kontratu baten pleguek (11. espedientea) adostu zitezkeen aldaketen irismena eta mugak zehazten zituzten berariaz adieraziaz gehienera aplika zitekeen kontratuaren prezioaren ehunekoa; ordea, onartzen zituzten berebat ehuneko hori gaindituko zuten aparteko aldaketak eta SPKLTBren 107. artikuluan finkatutako egoera eta mugetara egokituko ez zirenak. Gainera, kontratuaren balioetsitako balioa kalkulatzean ez ziren BABAn aurreikusitako aldaketak aintzat hartu (SPKLTBren 88.1 artikulua).
– 1,1 milioi euroren zenbatekoan esleitutako obra kontratu baten pleguek (1. espedientea) esleipenduna berariaz behartzen zuten Sestaoko 3 biztanle langabe kontratatzera. Nahiz onargarria den langabeziaren aurkako borroka indartuko duten egintzak bideratzea, herritartasunari buruzko eskakizunak ez bereizkeriaren printzipioa urratuko luke, kontratazio publikoan buru egin behar duena (SPKLTBren 1. artikulua).
– 1,1 milioi euroan esleitutako kontratu bat (1. espedientea) hiru aldiz luzatu zen eta horrek kontratua betetzeko epea % 81 gehitzea ekarri zuen. Aipatutako luzapen horietarik lehenengoa ez zen berariaz onartu eta gainerako biak luzatutako kontratua betetzeko epea amaitu ostean onartu ziren. Bestetik, nahiz berandutzea hein batean kontratistari egozgarriak ez zitzaizkion arrazoiengatik gertatu zen, atzeraldiaren beste zati bat berari egozgarriak zitzaizkion kausengatik gertatu zen eta faltei dagozkien zigorrak jarri behar zitzaizkiokeen (SPKLTBren 213.2 eta 212.4 artikuluak).
– 2016ko ekitaldian 1,2 milioi euroren gastuak egikaritu ziren, behin kontratuen iraunaldia amaitua zela (3. eta 5. espedienteak), harik eta lizitazio berriak ebatzi ziren arte. Kasuetako batean (3. espedientea) sorta ezberdinen kontratugileek uko egin zioten pleguetan bakoitzari zegokion azken luzapenari.
Administrazio kontrataziorik gabeko gastua.
– Udalak ez ditu gastuak exekutatzean prozedura negoziatu bitartez administrazio-kontratazioko nahitaezko espedienteak izapidetu 4 zerbitzu eta hornidura baten kontratuetan, guztira 256.623 euro egin dutenak.
III.5.– Beste batzuk.
Ondarea eta ondasun-zerrenda.
– Udalaren inbentarioa 1979koa da eta ez da orduz geroztik inbentarioaren urteko zuzenketa nahitaezkoa egin (1372/1986 EDren 33. artikulua, ekainaren 13koa, Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onartzen duena). Udalak ez du Lurraren Udal Ondarea osatzen duten ondasun eta baliabideen zerrendarik ere (Lurraren eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 112.3 artikulua).
Gardentasuna.
– Abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa, udalek aldika-aldika eta modu eguneratuan argitara eman beharko dute informazioa, zeinaren ezagutza garrantzizkoa den euren jardueraren gardentasuna bermatzeko, jarduera publikoaren funtzionamendu eta kontrolari dagokionez. Lege hau zuzen betetzeko Udalak web orrian argitaratu behar luke, besteak beste, urteko kontuak, aurrekontuaren egikaritzari eta aurrekontuaren egonkortasunaren eta finantzaren jasangarritasunaren helburuak betetzeari buruzko informazioa, tokiko ordezkarien ondasun eta jardueren urtek aitorpenak eta emandako diru-laguntza eta laguntzei buruzko datuak.
IV.– Finantza Analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: magnitude honek % 2 egin du behera aztergai izan dugun aldian, urteko % 1. Hona hemen bariazio azpimarragarrienak:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: diru-sarrera hauek % 3 egin zuten gora 2015eko ekitaldian aurreko ekitaldiarekiko, baina % 7 murriztu ziren 2016an; horrek aztertutako aldian % 5 inguruko bariazio garbi negatiboa izatea ekarri zuen. EIOZ kontzeptuan aitortutako sarreren fluktuazioak izan duen eragina kenduz gero, bilakaera antzekoa litzateke.
* Zerga zuzenak: sarrera hauek % 12 hazi dira 2015ean aurreko ekitaldiarekiko eta antzera egin dute behera 2016an; honenbestez, aztergai izan dugun aldi hasierako maila bertsutan dago magnitudea. Fluktuazio hori nagusiki ondasun higiezinen gaineko zergari lotzen zaio, kapituluko gainerako zergek ez baitute bariazio esanguratsurik jasan termino absolutuetan aztertutako aldian zehar.
* Tasak eta bestelako sarrerak: sarrera hauek % 10 egin dute behera aztergai izan dugun aldian, urteko % 5. Beheraldi hau ia bat dator bide publikoetako lur, lur azpi edo hegalen erabilera pribatibo eta ustiapen bereziagatiko tasaren sarrerek izandako beheraldiarekin, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen alde. Bilakaera hau gertatu da, nagusiki, udalerrian kontsumitzaile handientzako energia elektrikoa komertzializatzen duen enpresa baten fakturazioak behera egin duelako, aldi berean, Sestaon kokatutako siderurgia-enpresa baten jarduerari estu lotua dagoena.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: diru-sarrera hauek bilakaera negatiboa izan dute aztertutako aldian eta ez dira % 1 egitera iritsi, izan ere 2015ean aurreko ekitaldiarekiko izandako beheraldia (% 4) ia osotasunean 2016ko igoerarekin berdindu da. Bilakaera hori BFAtik eratorritako sarrerek izan dutenaren oso antzekoa izan da, batik bat itunpeko zergetan parte hartzeagatiko sarrerek (Udalkutxa); sarrera hauek kapituluko diru-sarrera guztien % 85 baino gehiago egiten dute.
Funtzionamendu gastuak: sarrera arruntak ez bezala, gora egin dute aztertutako aldian (% 3,6). Hona hemen alderdi esanguratsuenak aurrekontuko kapituluen arabera:
– Langile gastuak: 2015ean langileria-gastuek % 2 egin dute gora aurreko ekitaldiarekiko, besteak beste, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaindu izanaren ondorioz. 2016an kopuru bereko ordainketa egin da, kontzeptu berarekin, oraindik ordaintzeko zegoen gainerakoari dagokiona. Ekitaldi horretan, kapituluko gastuak beste igoera bat izan du, % 0,5 egin ez duena, aplikatutako % 1eko ordainsari igoera baino txikiagoa.
– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: aztergai izan dugun aldian % 2 inguruko urteko igoerak izaten dira eta azpimarratzekoa da bide garbiketa eta hiri hondakin solidoen bilketa kontratuari lotutako gastuek izan duten igoera, % 20 ingurukoa epealdian. Kontzeptu hori kenduz gero, kapituluko gastuen bilakaera negatiboa litzateke aztertutako aldian (% 2).
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: kontzeptu honi dagokion gastuak % 9ko igoera izan du aztertutako aldian eta bariazio horretan eragin berezia izan du Gizarte Larrialdietarako Laguntzei dagozkien gastuen bilakaerak.
Aurrezki gordina eta aurrezki garbia: bi magnitudeek saldo positiboa dute aztertutako aldiaren hiru ekitaldietan, nahiz murriztu diren: % 60 aurrezki gordina eta ehuneko horren gainetik aurrezki garbia. Bi magnitude hauek 2014ko ekitaldian sarrera arrunten gainean, hurrenez hurren, % 9 eta % 7 izatetik, 2016an % 4 baino gutxiago izatera aldatu dira.
Kapital eragiketen emaitza: magnitude honek saldo negatiboa izan du aztertutako aldi guztian eta bereziki handia izan da 2015eko ekitaldian, kapital transferentzia eta diru-laguntzek eragindako diru-sarrerek izan duten beheraldiaren ondorioz.
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: positiboa izan da aztertutako aldi guztian zehar, nahiz % 78ko beheraldia izan duen.
Diruzaintza geldikina: 2015ean % 10eko igoera izan badu ere aurreko ekitaldiarekiko, behera egin du berriz 2016an, aztertutako aldiaren hasieran zituen zifretara bilduz.
Zorpetzea: 2016an % 14 egin du behera 2015ekoarekiko eta % 12 azken ekitaldi honetan aurrekoarekiko, gauzatu diren amortizazioen ondorioz. Aztertutako aldian ez da beste zorpetze eragiketarik gauzatu.
Ondorioa: Udalak egoera ekonomiko osasuntsua erakusten du eta behar hainbateko baliabideak ditu ohiko jarduerari eusteko eta etorkizuneko inbertsioei zorpetu beharrik izan gabe aurre egiteko.
Aurrekontuaren egonkortasuna: Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzko abenduaren 12ko 18/2001 Legearen garapen-erregelamendua onartzen duen azaroaren 2ko 1463/2007, EDren 16.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, toki-erakundeei dagokienez, Udalaren Kontu-hartzailetzak txostena jaulki zuen aurrekontuaren egonkortasun, gastuaren arau eta zor publikoaren helburuak bete zirela egiaztatuz. Txostenak Udalari eta bere organismo eta mendeko entitateei dagokienez ondotik zehaztutakoa jasotzen du 2016ko ekitaldiko aurrekontuen likidazioari dagokionez:
– Aurrekontuaren egonkortasunari buruzko helburua bete da, eragiketa ez finantzarioen superabita eskuratu baita.
– Gastuaren araua bete da, izan ere 2015eko ekitaldiaren aldean zenbakarria den gastuaren bariazioak ez zuen Espainiako ekonomiaren epe ertaineko BPGren erreferentziazko hazkuntza tasa gainditu (% 1,8).
– Zor publikoaren helburua bete da, egiazko zor biziaren bolumena 2016ko abenduaren 31n finantzazkoak ez diren sarreren % 60 baino txikiagoa izan baita.
V.– Urteko Kontuak.
HERRI KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAREN TXOSTENAREKIKO ALEGAZIOAK SESTAOKO UDALA 2016
Epaitegiko txostenaren ondorioei alegazioak.
II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
Langileria.
«Udalak aldi baterako kontratazioak egin ditu behin eta berriz Oinarrizko Lanbide Prestakuntza Zentroaren plantillaren egiturazko beharrei aurre egiteko. Horren ondorioz, 2017an zazpi langilek lan-kontratu mugagabe ez finkoko langile izaera hartu dute.»
Udalbatza Osoak, 2015eko irailaren 8an egindako bilkuran, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak Udal honi egindako ordezkapena onartu zuen, Oinarrizko Lanbide Heziketako formazio zikloak emateko eskumena erabiltzeko, era honetan Sestaoko Oinarrizko Lanbide Heziketa Zentroa sortuz eta lehengo Lanbide Hastapenerako Zentroa oraingo Oinarrizko Lanbide Heziketa Zentro bihurtuz.
2017ko ekainaren 14ko Dekretu bidez, Oinarrizko Lanbide Heziketako Zentroko zenbait irakasleri mugagabeko langile izaera, ez finkoa, aldizkakoa onartzea erabaki zen Udal honekin zituzten lan-itunpeko kontratuen tenporaltasuna ez zegoelako justifikatuta. Horregatik, zegozkien lan-itunpeko kontratuak izenpetu ziren eta plaza eta lanpostu horiek Lanpostuen Zerrendan jaso ziren, kontuan hartu baitzen lanpostu horiek betetzen zituzten funtzioak egiturazko izaerako beharrak zirela.
Kontratazioa.
«Udalak 3 zerbitzu eta 2 hornidura kontratatu ditu esleipen prozedurari dagozkion betekizunak saihestuta, guztira 4,9 milioi euroren zenbatekoan, SPKLTBren 86.2 artikuluak xedatutakoa urratuz. Kontratazio horietatik hiru, 4,7 milioi eurorenak, arautze harmonizatuari meneratutako kontratuentzat aurreikusitako izapidetzeari lotu behar zitzaizkiokeen; beste bat, 139.968 eurorena, prozedura ireki bitartez izapidetu behar zatekeen eta azkena, 101.097 eurorena, publikotasundun prozedura negoziatu bidez.»
– 2015eko otsailean, Hirigintza, Obrak eta Zerbitzuen Udal Zerbitzu Teknikoek Proposamen Teknikoa egin zuten Kale Garbiketa eta Hondakinak Biltzeko Zerbitzua kontratatzeko izapidetzeei hasiera emateko. Proposamen teknikoarekin batera Udaleko Taldeen prozesu parte-hartzailea ireki zen Sestaoko Udalak bilatzen zuen zerbitzuaren helburua erabakitzeko. Horrekin batera eta kontratuaren izaera eta egin beharreko inbertsioen norainokoa kontuan hartuta, Udalak Eusko Jaurlaritzaren Ondare Sailaren aurrean tramiteak hasi zituen legez ezarritakoa baino iraupen luzeagoa tramitatzeko ezohiko baimena eman ziezaion. Eusko Jaurlaritzaren Ondare Sailak kontratazioren ezohiko iraupen epearen baimena emateko eta eskatzen ziren inbertsioak amortizatu ahal izateko eskumenik ez zuela Deklaratu ostean, Udalak egindako proposamen teknikoa berrikusi zuen, eta tramiteak apirilean amaitu ziren Prozedura Ireki bidezko Kontratazioa egiteko Baldintza Teknikoekin, Sestaoko udal mugartean Hiri Hondakin Solidoen Bilketa, Kale-Garbiketa eta Arratoi-garbiketa, Desinfekzioa eta Desinsektazio lanak egiteko zerbitzuaren arautze harmonizatuaren bidez, 4 urteko iraupenarekin eta gehienez ere bi urteko luzapenarekin.
2016ko apirila, maiatza eta ekaina bitartean, Udaleko Taldeek parte hartzeko tramiteei berriz ekin zitzaien zerbitzu emankizunaren norainoko erreala erabakitzeko.
Udaleko Taldeen partaidetza prozesua amaituta, aurrez Obra eta Zerbitzuak Batzordeko Irismena izanda, Udalbatza Osoak, 2016ko uztailaren 26an egindako bilkuran, kontratazio espedientea, Hirigintzako Zerbitzu Teknikoen Buruak egindako Oinarri Teknikoak eta Administrazio Baldintza Berezien Orria onartu zituen, arautze harmonizatuaren erabiliz eta prozedura irekiaren bidez Hiri Hondakin Solidoen Bilketa, Kale-Garbiketa eta Arratoi-garbiketa, Desinfekzioa eta Desinsektazio lanak egiteko zerbitzuaren adjudikazioa egiteko.
2016ko irailaren 30ean proposamenak aurkezteko epea amaituta, Kontratazio Mahaiak aurrez dokumentu administratiboak kalifikatuta eta proposamen teknikoak ireki ondoren, aurkeztutako proposamenak baloratzeko izapidetzeak hasi ziren udalaren intereserako proposamen onena erabakitzeko.
Adjudikazioa egiteko izapidetzeak amaituta, kontratazio arloko Errekurtso Bereziak jarri izanak adjudikatutako zerbitzu berria behar bezala hastea atzeratu du.
– Uztailaren 20ko 125/2016 Foru Dekretuz Bizkaiko Foruko Kontratazio Zentralaren konposizioa sartzea eta arautzea erabaki zen. Udalak Foru Aldundiaren eroste sistema zentralera atxikitzeak ikuspegi ekonomikotik eta administratibotik zituen abantailak balioetsi zituen, besteak beste, ondasunak erostean eta obrak eta zerbitzuak kontratatzean kostua murriztea, kontratazio publikoan gardentasun eta segurtasun handiagoa izatea, administrazio burokrazia gutxitzea, enpresaburuen aldetik bitarteko telematikoak, elektronikoak eta informatikoak sustatzea eta kontratazioaren bolumen handia kontuan hartuta, prezio lehiakorragoak lortze. Hala, «Bizkaiko Foru Aldundiko erosketa sistema zentralizatuari, Bizkaiko Foruko Kontratazio Zentralari, atxikitzeko hitzarmena» sinatu zuen, Udalaren Osoko Bilkurak 2017ko urtarrilaren 31ko saioan erabaki ondoren.
Hitzarmena formalizatutakoan, Udalak data desberdinetan hurrengo kontratuei dagozkien hitzarmen esparruak sinatu ditu: Bizkaiko Foru Aldundiaren, Foru sektore publikoaren eta Bizkaiko udalen instalazioetarako energia elektriko, gasolio eta gasaren hornidura. Bizkaiko Foru Aldundiaren 2017ko azaroaren 21eko hitzarmenaren bitartez, prozedura irekiz, erregulazio harmonizatuaz baliaturik, Iberdrola Clientes S.A.U. merkataritza konpainiari adjudikatu zitzaion atxikitako erakundeentzat energia elektrikoaren hornidura. Bizkaiko Foru Aldundiaren 2017ko azaroaren 6ko erabakiaren bidez, Repsol Comercial de Productos Petrolíferos S.A. merkataritza konpainiari adjudikatu zitzaion berogailuetarako C gasolioaren hornidura.
– 2014ko ekainaren 11ko datako Tokiko Gobernu Batzordearen Erabakiz, Sestaoko udal mugartearen barruko lorezaintza zerbitzua erregularizatzeko izapidetzeak hasi ziren, eta kontratazio espedientea, Administrazio Baldintza Berezien Orria, Obrak eta Zerbitzuak ataleko Udal Zerbitzu Teknikoen Buruak egindako Oinarri Teknikoak onartu ziren, Sestaoko Udal mugarteko Parkeak eta Lorategiak mantendu eta garbitzeko zerbitzuaren adjudikazioa egiteko. Proposamenak egiteko epea amaitu aurretik, Asociación Española de Empresas de Jardinería elkarteak zerbitzua emateko adjudikazioaren izapidetzeak aurkaratu zituen, Tokiko Gobernu Batzordeak 2014ko azaroaren 5eko datako Erabakia indarigabetuz. Lizitazio motaren norainokoa berrikusi ondoren, aurreko lizitazioan Elkarteak aurkaratzeko helburu izan zuena, Tokiko Gobernu Batzordeak 2015eko otsailaren 28ko datako Erabakiz, berriro hasi ziren kontratazioa egiteko administrazio espediente berria onartzeko izapidetzeak. Proposamenak aurkezteko epea amaitu aurretik, Asociación Española de Empresas de Parques y Jardines elkarteak Kontratazio arloko Errekurtso Berezia aurkeztu zuen, eta kontratua adjudikatzeko izapidetzeak indargabetu zituen Kontratazio arloko Administrazio Organoaren Ebazpenaren arabera. Geroago, 2015eko abuztuan, proposamen tekniko berria egin zen zerbitzua kontratatzeko, baina horren edukia ez zetorrenez bat Kontratazio arloko Administrazio Organoak emandako Ebazpenaren zenbait alderdirekin, lizitazioaren helburua berrikusi behar izan zen. Tarte horretan, Udaleko Brigadari agindutako esku-hartze esparrua berrikusi zen, eta grafikoki islatu zen bai Udal Brigadari emandako esparrua eta baita lorezaintza zerbitzua emateko kontratuaren adjudikatzailearena. 2016 urteko ekitaldian jarduera esparrua berrikusi da, eta baita kontratuaren helburuaren barruan jasotzen diren lanen norainokoa, datozen urteetan udalerriko zenbait zonalderen aldaketa urbanistikoa dela eta. Aldi berean lizitazio mota berrikusteari ekin zaio. Dena dela, 2017an zehar zenbait urbanizazio esparru jaso direla eta, beharrezkoa izan da kontratuaren xede den esku-hartze eremua berrikustea lorezaintza zerbitzua emateko.
– Udalaren haurrentzako parkeetan elementuak mantendu, konpondu eta ordezkatzeko kontratazioari buruzko administrazio prozedura ohiz izapidetzen ari zen bitartean, Udalak xedearen kontzeptua aldatzea planteatu zuen eta, bide horretatik, kaltetua zegoen edozein elementu ohiz erabiltzeko zaharberritzea sartu nahi izan zuen, alde batera utzita behar zuen konpontze-maila, ordezkatzea barne. Azaldutakoa ikusirik, parkeetako elementuetan prebentziozko mantentze-lanak eta mantentze-lan zuzentzaileak sartzeko Udal Zerbitzu Teknikoek egindako oinarri teknikoen irismena ikuskatu behar zenez, 2016. ekitaldian, salbuespenez eta espediente berria izapidetzen ari zen bitartean, merkataritza konpainia bati adjudikatu zitzaion haurrentzako eta adinduentzako joko zonak mantentzearen zerbitzua eskaintzea. Gaur egun haurrentzako jokoen eremuetako mantentze-lanei buruzko kontratua, prebentziozko mantentze-lanak eta mantentze-lan zuzentzaileak aurrez ikusten dituena, prozedura irekiaren bidez legez adjudikatuta dago.
II.2.– Urteko Kontuei buruzko iritzia.
«1.– Epaitegi honen iritzira egin behar ziratekeen doitzeek ondotik zehaztutako eragina dute Udalaren 2016ko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinaren, Egoera Balantzearen eta Funts Propioen gainean:»
– Zabor bilketaren eta estolderiaren tasa: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren diru-sarrerak, hau da, ur, zabor eta estolderiarenak, kudeatzean, urteen arteko irizpidea mantentzen da, beraz, ekitaldi bakoitzean aurrekontu bakoitza itxi baino lehen hiruhilekoetan bidali eta onartutako likidazioak egozten dira. Hortaz, kaxaren irizpidea jarraitzen da, ekitaldia ixtean azkeneko hiruhilekoaren likidazioa ezezaguna baita. Nolanahi ere, ekitaldi guztietan eskubideak homogeneoki egoztearen irizpidea jarraitzen da.
– Hegal, zoru eta zorupea hartzeagatik diru-sarrerak: biztanleei zerbitzu orokorrak ematen dizkieten enpresa hornitzaileen diru-sarrerak dira. Likidazioan onartu ziren datan eskubideak behar bezala onartuz aurrekontuan egotzi zen. Dena den, arrazoi jakinengatik, ezin dira ekitaldia ixten den abenduaren 31ra arte aplikatu, orduan zehazten baitira likida daitezkeen oinarriak eta, gero, Udalari jakinarazten zaizkio. Aurrekoari eutsiz, aurreko puntuan gertatutakoaren antzera, kaxaren irizpidea jarraitzen da, ekitaldia ixtean azkeneko hiruhilekoaren likidazioa ezezaguna baita. Nolanahi ere, ekitaldi guztietan eskubideak homogeneoki egoztearen irizpidea jarraitzen da.
– Sestao Bai SAn parte hartzearen balioa galtzea eta kredituen eta baloreen balioa galtzea: Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren iritziz, 2016ko abenduaren 31n Sestao Bai sozietate anonimoan partaidetza galera erregistratu beharko litzateke. Hala eta guztiz ere, sozietateak kapitala murriztu ondoren, 2017ko urtarrilaren 24an eskritura publikoa egin zela kontuan hartuta, galera 2017. ekitaldiko balantzean adierazi da. Zehatz-mehatz esanda, 2501 kontuan ageri da 2.373.677 euroko murrizketa.
Era berean, 2017. ekitaldiko kontuaren balantzean 2980 kontua 4.922.052,49 euroko saldo negatiboarekin sartu da, Sestao Bai egikaritze unitatearen lurzatiarengatik zenbatekoa kobratzeari dagokionez balio-galera hornitzeko. Hori «Sestao Bai» egikaritze unitatearen hirigintza jarduera amaitutakoan, hau da, egikaritze unitatea oso-osorik urbanizatu eta Sestao Bai SA sozietate publikoaren titulartasuneko lursailaren lurzatiak saltzen direnean gertatuko da.
– Ordainketa erreklamatzeagatik hornidura: nahiz eta prozedura Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazitakoa izan, puntu honetan bi zehaztapen egin nahi dira. Lehenik eta behin, txostenak aipatzen duen epaia 2016ko abenduaren 31n apelazio errekurtsoa ebaztearen zain zegoen. 2017ko maiatzean epai berria eman zen. Aldeak epaia gauzatzeko moduari buruz akordio batera iritsi ziren eta auzitegi aginpidedunak onartu zuen. Horren arabera, 2018. ekitalditik 2021. ekitaldira bitartean konpromiso-kredituei buruzko espedientea onartu behar da. Bigarrenez, horniduran kontuan hartu beharreko zenbatekoa zehaztu behar da, 336.825 euro balantzean baitzeuden «aurrekontutik kanpoko hartzekodunak» atalean, «Sestao Bai aurrerakina» kontzeptupean, txostenak berak 11. eranskinean jasotzen duen bezala, Sestao Baik zenbatekoa ordaindutako datan «La Naval» 19. banaketa eremuan UE-8 eta Sestao Bai egikaritze unitateen birpartzelazio proiektuen ondorioz hirigintza-eskakizunei aurre egiteko saldo hori izateagatik.
«2.– Ez dago euskarri egoki edo behar adinakorik Egoeraren Balantzean jasotako ibilgetu ez finantzarioaren saldoak 2016ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duenik, ezargarriak zaizkion printzipio eta balorazio irizpideei jarraikiz. Udalak ez du ibilgetu hori amortizatzeko zuzkidurarik erregistratu.»
Ondasunen udal inbentarioari (1979. urtean onartua) dagokionez, Udalak 1997az gero, aldi baterako hainbat enplegu plan kontratatuz, lan ezberdinak egin ditu eta, ondorioz, ondasun higiezinei buruz inbentarioa eguneratzen joan da, balorazioa barne.
Duela gutxi udal sistema informatikoetan aplikazio bat erosi eta instalatzeko hornidura kontratua adjudikatu da. Gero, Udalak erabiltzen duen kontabilitate informazioaren sistemarekin lotzeko konfiguratuko da.
Hala, inbentarioaren eta kontabilitatearen aplikazioen artean datuak erlazionatuko dira eta, bide batez, datuak eguneratzeko prozesuak optimizatuko dira. Izan ere, hori kontabilitate ondorea duten mugimenduetan oso garrantzitsua da.
Laburbilduz, aplikazio informatikoari esker, udal ondarearekin zerikusia duten prozesu guztiak kudea daitezke eta informazio sistema sortuko da inbentaria daitezkeen udalerriko ondasunei buruzko datuak etengabe eguneratuak egoteko. Hala, ez da bakarrik ondasun higiezinetara mugatuko.
Aipatu eguneratzea honako faseetan egingo da:
– Ondasun higiezinen inbentarioa egin eta balioztatzea.
– Administrazio emakiden, ibilgailuen, higigarri historiko-artistikoen, eskubide errealen eta balio higigarrien nahiz bideen inbentarioa egitea.
– Altzariak zehaztea.
Egiaz gauzatzeko, 2018-2019 eta 2020. urteetan zehar urte askotako gastu konpromisoa onartu da.
III.– Barneko kontrol sistema eta kudeaketa prozedurei buruzko gogoetak.
III.2.– Langileria.
«Udalaren LZk berariazko osagarriaren zati orokorra soilik zehazten du eta ez berariazko osagarri gehigarriak, zenbait lanposturen baldintza partikularrak ordaintzen dituena; kontzeptu honek 2016ko ekitaldian 212.738 euroren ordainketa eragin du.»
Gehigarriak deritzen berariazko osagarriak, Udalak onartutakoak, ez dira arduraldi bereziko osagarriak, HKEEk baieztatzen duen bezala.
Zenbateko horiek onartzen dituen Osoko Bilkuraren erabakian hitzez hitz honakoa adierazten da: «Berariazko osagarri gehigarria aplikatu ostean ordainsari ekonomikoei dagokienez, Udalak berraztertzeko aukera izango du, bereziki, ordaintzen diren gorabeherak aldatzen direnean edo beharrezkotzat jotzen den bestelako egoera batengatik ikuskatzea beharrezkoa denean.»
Lanpostuen zerrendan modu iraunkorrean lanpostuei atxikitzen zaizkien ordainsari osagarriak, egoera berezi zehatzen araberakoak ez direnak, ageri dira. Ondorioz, berariazko osagarriarekiko zenbateko gehigarriak ez dira lanpostuen zerrendan argitaratzen, bereziki onartzen baitira. Ildo horri eutsiz, egoera zehatzak ordaintzen dituzte eta behin-behineko ezintasunaren egoeratan edo egutegia aldatzen denean jasotzez uzten dira.
«2016ko irailean langile bat bitarteko funtzionario izendatu zen pilotako kirol-monitore posturako, jada aurrez lanpostu hori bitartekotasunez betea zuena; ez dago jasa inongo hautaketa prozedurarik bideratu zenik.»
2008ko ekainaren 30ean, bigarren alkateorde eta Sestaoko Udaleko Giza Baliabideen ordezkariaren dekretua 2008ko uztailaren 11ko 133. BAOn argitaratu zen eta horren bidez Sestaoko Udalean bitarteko langile funtzionarioak eta lan-kontratukoak kontratatzeko lan-poltsen osaera eta kudeaketa arautzeko irizpideak onartu ziren.
Aipatu ebazpenean behar izanez gero, lanbide kategoria eta espezialitateei dagokienez lan-poltsak erabiltzeko ordena zehazten da. Aurrekoaren harira, 5. irizpideak hala dio: «Lan-poltsen zerrenda Sestaoko Udalean zerbitzuak eskaini dituzten edo oraindik ematen ari diren pertsonek osatuko dute, kasu bakoitzean posturako lanpostuen zerrendan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Poltsaren ordena honako irizpideen arabera ezarriko da:
a) Lehenik eta behin, Sestaoko Udalean antzinatasun handienari erreparatuko zaio.
b) Berdinketaren kasuan, lehenengo izendapenaren edo Sestaoko Udalarekin sinatutako kontratuaren antzinatasun handiena kontuan hartuko da.
c) Oraindik berdinketak irauten badu, zozketa egingo da alkate edo eskuordetutako zinegotziaren eta Udaleko idazkariaren aurrean».
Udalaren poltsen osaera eta kudeaketari buruzko dekretuaren aurreko irizpideak (1etik 4ra) (2. agiri bezala erantsia ageri da) aplikatu ostean hautagairik ez zegoenez, 5. irizpideari eutsi zitzaion, pilotako monitore bezala bitarteko funtzionario izendatu zen pertsonak lehen Udalean zerbitzuak eskainiak zituen neurrian. Zehatz-mehatz esanda, 2010eko ekainaren 17tik irailaren 16ra, 2011ko uztailaren 1etik irailaren 15era eta 2015eko irailaren 16tik 2016ko irailaren 13ra eskaini zituen.
Era berean, espedientean ageri denaren arabera, aipatu lanpostuan bitarteko bezala izendatutako funtzionarioak pilotako kirol monitorearen lanposturako Sestaoko Udalaren lanpostuen zerrendan xedatutako baldintzak betetzen ditu.
Beraz, 2016. urtean pilota monitore bezala bitarteko funtzionarioa izendatu zenean, 2008ko ekainaren 30eko ebazpena, bitarteko langile funtzionarioak eta lan-kontratukoak kontrata daitezen lan poltsen osaera eta kudeaketa arautzeko Udal honetan onartuak dauden irizpideak xedatzen dituena, (2008ko uztailaren 11ko 133. BAO) bete zelakoan gaude. Izan ere, legez Udala bera antolatzeko emandako aginpidea eta ahalmena erabiliz onartu zen.
III.3.– Transferentziak eta amandako diru-laguntzak.
«Udalak ez du diru-laguntzen plan estrategikorik, eskuratu asmo diren helburu eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikusgarri diren kostuak eta finantzaketa iturriak zehaztuko dituena (DLOren 8.1 artikulua)».
Nahiz eta Sestaoko Udalak diru-laguntzei buruzko plan estrategikoa, hau da, epe zehatzean garatzeke diruz lagunduko den politika jasotzeko dokumentua ez izan, udal atal desberdinetan kudeatutako diru-laguntzek DLLOk 8. artikuluan eskatzen dituen baldintzak betetzen dituztela baiezta eta alega daiteke. Nolanahi ere, urteroko diru-laguntzen deialdietan oinarriek berariaz eta zehatz-mehatz zehazten dituzte diru-laguntzen helburuak eta xedeak, jarduerak egiteko epea eta deialdiaren kostua. Hala, diru-laguntzak emateko gehieneko zenbatekoa eta zehatza finkatzen dira, betiere udal aurrekontuan urtero aurrez ikusitako gehieneko kreditua kontuan hartuta, aurrekontuaren egonkortasun helburuak bete behar baitira. Era berean, honako printzipioak errespetatzen dira: publizitatea (deialdiak eta oinarri arautzaileak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Sestaoko Udaleko web orrian argitaratzea), lehia, berdintasuna eta diskriminaziorik eza (berariaz xedatzen baita lehia librea eta objektibotasuna, hau da, diru-laguntza jaso ahal izateko erakundeek bete behar dituzten baldintzak lehian parte hartu nahi duten erakunde guztientzat berdinak dira).
«Ez da betetzen informazioa emateko obligazioa DDBNri, DLOren 20. artikuluak arautzen duena.»
Gaiari eutsiz, Udalak Diru Laguntzei buruzko Datu Base Nazionalak eskatzen duen datu mordoa osatzeko ez du giza baliabide eta bitarteko materialik. Udalak hitzarmen desberdinak sinatuak ditu zerbitzu informatikoak eskaintzeko fundazioarekin udaletan teknologia berriak ezartzeko, baina orain arte eskatzen den informazioa osa dadin Udal honek behar duen programa ez du garatu, beraz, fundazioaren zerbitzuez gain, diru-laguntzak oso-osorik kudeatzeko eta, bide batez, DDBNri eskatutako informazioa bidaltzeko aplikazio informatikoa kontratatzearen aukera aztertzen ari da.
III.4.– Kontratazioa.
«Kontratugilearen profila euskarritzen duen sistema informatikoak ez du bertan jasotzen den informazioaren hedapen publikoa zein unetan hasten den modu frogagarrian egiaztatzen utziko duen gailu egokirik (SPKLTBren 53.3 artikulua).»
Sestaoko Udalaren kontratatzailearen profila kudeatzeko, Biscaytik fundazioak ematen duen euskarrira jo da.
Kale garbiketa eta hondakinen bilketa zerbitzua kontratatzeko espedientea izapidetzeari dagokionez, hastea Udalaren Osoko Bilkuraren erabakiz onartu zen 2016ko uztailaren 26an. Lizitatzaileak izan zitezkeenek kontsulta garrantzitsuak bidali zituztenez eta erantzunak kontratatzailearen profilean argitaratu zirenez, erantzunak argitaratzeari buruz hirugarrenentzat berme frogagarririk ez zegoela ohartarazi zen. Ondorioz, Sestaoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailarekin kontaktu egokiak hasi zituen Euskadiko kontratazio publikoaren plataforma ezartzeko. Izan ere, kontratuen publizitatea kudeatzeko tresna da eta denboraren zigiluz hornituta dago. Hala ere, konpromisoen formalizazioa denboran luzatu da, euskarri hori web orrian integratu behar baita eta hori, aldi berean, zerbitzu informatikoak eskaintzen dituen fundazioak kudeatzen baitu.
«2016ko ekitaldian SPKLTBren 334. artikulua urratu zen, lizitazioen deialdia eta horren emaitzak Sektore Publikoaren Kontrataziorako Plataforman argitara ematera behartzen duena, dela kontratazio atalek zuzenean, dela administrazio eta erakunde publikoen informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko elkarlotura bidez.»
Udalaren atzipena sektore publikoaren kontratazio plataformari eta informazioa elkartzeko gailu elektronikoekin konexio zerbitzuak zerbitzu informatikoak eskaintzen dizkigun fundaziotik pasatzen dira, hitzarmenak sinatu ostean. Dena den, orain arte zerbitzua ez da abian jarri.
Kontratazio espedienteak.
«302.148 euroren zenbatekoan esleitutako kontratu batean (7. espedientea), balio-judizioen baitako kuantifikazioa duten esleipen irizpideak orokorrak dira eta puntuazioak esleitzeko molde zehatza eskaintzak balioztatzeko unean erabakitzen da.»
7. espedienteari (sorospen zerbitzua eta kirol jardueren zerbitzua) dagokionez, gure ustez adjudikazio irizpideak HKEEk ez lituzke orokor modura kalifikatu behar, irakurtze hutsez ondoriozta daitekeen bezala.
«1.– Sorospen zerbitzua, zerbitzuaren justifikazio txostena ondoren adierazitako moduan aurkeztuko da:
A) Jardueraren antolaketa orokorrari buruzko azterlan teknikoa:
– Soroslearen jarduera protokolo orokorra.
– Istripuetan eta gertaeretan jarduera.
– Soroslearen jarduera kontrolatzeko formula.
– Udal arduradunekin koordinatzeko formula.
– Langileen ekipamendua.
– Langileek erabili beharreko bitartekoak.
B) Jardueren koordinazio ezin hobea eta zerbitzuaren estaldura berma daitezen, eskaintzaren kalitatea eta jarduera protokoloa ziurtatzeko neurriak. Gertaera desberdinen aurrean enpresaren erantzun mekanismoak.
C) Zerbitzuari atxikitako langileak prestatu eta trebatzeko ekimenak. Zerbitzuari langile berriak atxiki behar bazaizkio, langile berrien titulazioa eta esperientzia.
2.– Kirol jardueren zerbitzua, zerbitzuaren justifikazio txostena honako moduan aurkeztuko da:
A) Antolaketa eta programazio orokorraren zerbitzu teknikoa, baita jarduera bakoitzaren arabera zehaztuta ere:
– Helburuak.
– Metodologia.
– Atxikitako bitarteko materialak eta giza baliabideak.
– Jarraipen eta ebaluazio sistemaren aldizkakotasuna.
– Jarduera osagarriak.
– Zerbitzuaren antolaketari buruzko datu orokorrak.
– Ikastaro-egileen jarraipena.
– Gorabeherak kudeatzea.
– Zerbitzuaren arduradunei informazioa.
– Programazioaren edukiak.
B) Jardueren koordinazio ezin hobea eta zerbitzuaren estaldura berma daitezen, eskaintzaren kalitatea eta jarduera protokoloa ziurtatzeko neurriak. Gertaera desberdinen aurrean enpresaren erantzun mekanismoak.
C) Zerbitzuari atxikitako langileak prestatu eta trebatzeko ekimenak. Zerbitzuari langile berriak atxiki behar bazaizkio, langile berrien titulazioa eta esperientzia...»
Pleguan balioztapen irizpide aplikagarriak eta horien haztapena zehaztearen legezko eskakizunak kontratista hautatzean administrazioaren objektibotasuna, lizitatzaileen artean tratu berdina eta prozeduraren gardentasuna bermatzea ditu helburu. Horregatik, balioztapen irizpideak eta haztapen koefizienteak argi eta garbi zehaztu behar dira pleguetan, lizitatzaileek ezagut ditzaten. Gainera, ez dute desberdintasunik eta gardentasunik eza sortuko eskaintzak aurkeztu eta, ondoren, balioztatzen direnean.
Eskaintzei buruzko txostenean, Kirolen Udal Zerbitzuko zuzendariak egindakoan, balioztapen teknikoari atxikitako aukerako tartearekin bat, irizpideak justifikatzeko gogoeta teknikoen azalpena ageri da eta balioztatzen ari den atal bakoitzari esleitutako puntuak emateko aukera emango du.
Baldintza pleguan eska daitekeen zehaztapen-maila honakoa izango da: zein den ekonomikoki eskaintzarik abantailatsuena zehazteko kontratazio organoak erabiliko dituen irizpideak aldez aurretik ezagututa lizitatzaileei eskaintzak egiten uzten dizkiena. Hala, ez da utziko egindako eskaintzak haztatzeko orduan, organoak aukera osoa izatea. Nolanahi ere, aukerak iritzi teknikoetan oinarritu behar du eta aldez aurretik pleguetan azalduak ageriko dira. Hala, batetik, lizitatzaileek beren eskaintzak zentzuz egingo dituzte, gardentasun eta tratu berdinaren printzipioa bermatuta eta, bestetik, kontratazio organoak emandako konponbidea gainbegiratzen utziko du. Beraz, irizpideak ez dira erabateko hautamenez aplikatuko.
Iritziaren araberako irizpideak direnean deskribapena betiere eta halabeharrez subjektiboa izango da, bestela, formulen bidez ebalua daitezkeen irizpideekin arituko baikinateke. Nolanahi ere, jarduera bakoitzaren izaera berezia eta lizitatzaileen espezializazio maila ezin ditzakegu ahaztu adjudikazio irizpideak idaztean irismena balioztatzeko orduan. Irizpide bakoitzaren deskribapenean dauden alderdi guztiak haztatzea eskatuz gero, kiribil batean geundeke, azpiirizpide bakoitzak, aldi berean, bere deskribapena izan beharko bailuke. Horrez gain, kontuan hartu beharreko alderdi desberdinak aipatuko lirateke eta, era berean, haztatu beharko lirateke. Horregatik, ez da bidezkoa arau orokorra, betiere irizpide eta azpiirizpide bakoitzean dauden alderdi guztiak haztatzea eskatzen duena, zehaztea. Ildo horri jarraikiz, balioztatu behar dena nahikoa zehaztua egotea eskatu behar da.
Beraz, ezinbestez ondorioztatu behar dugu Kirolen Udal Zerbitzuko zuzendariak proposatutako balioztapenari egotz dakiokeen aukera teknikoaren mugen barruan jardun duela eta ABBPn definitutako adjudikazio irizpideak ez dituela aldatu, irizpideak aipatu dituenean arrazoitzeko erabili baititu eta balioztatzeko orduan elementu berriak ez baititu sartu. Izan ere, eskaintzak prestatzean ezagutuko balira, prestatzeko orduan eragina izango lukete. Azkenik, lizitatzaile baten kalterako ez du diskriminazio ondorerik izan.
Balioztapen txostena nahikoa gardena eta objektiboa izan da eta kontratazio mahaiak lehenengo eta kontratazio organoak gero erraz ulertu dute. Arrazoituta eta bereizita justifikatu ditu espedientearen barruan lehian aritu den lizitatzaile bakoitzari emandako puntuak, bidegabekeria arrastorik azaldu gabe eta proportzionaltasunaren eta berdintasunaren printzipioak urratu gabe.
«255.796 euroren truke adjudikatu den kontratuaren pleguek (11. espedientea) ados zitezkeen aldaketen irismena eta mugak zehazten zituzten eta berariaz aipatzen zen eraginpeko kontratuaren prezioaren ehunekoa, baina ehuneko hori gainditzen zuen ohiz kanpoko aldaketak onartzen ziren eta SPKLTBk 107. artikuluan xedatutako kasu eta mugetara ez ziren egokitzen. Gainera, kontratuaren balio zenbatetsia kalkulatzean, ABBPn aurrez ikusitako aldaketak ez ziren kontuan hartu (SPKLTBren 88.1 artikulua).»
Alde batek kontratuen xedea aldatzeko ahalmena, ius variandi izenekoa, administrazio kontratuetan herri administrazioek duten eskubiderik garrantzitsuenetarikoa da eta kontratu zibilekiko administrazioekin egiten diren kontratuek duten espezialitateen adierazpenik argiena ere bai. Oro har, aldaezinak dira. Ildo horri eutsiz, kontratu publiko oro adjudikatu ondoren hitzartutakoa behar bezala betetzeko kontratua gauzatzen hasi arren, interes publikoa dela-eta, xedeari aldaketak sar dakizkioke.
Azaldutakoarekin bat, kontratu pribatuaren bidez aseguruak kudeatzeko aholkularitza eta artekaritza zerbitzuak eskain daitezen prozedura irekiz izapidetutako lizitaziorako onartu ziren administrazio baldintza berezien pleguko hogeigarren klausulak honakoa xedatzen zuen: «...Aseguru pribatuen artekaritza zerbitzuei buruzko kontratuak honako xedea du: adjudikazioduna izango den artekaritzak edo artekariak Udalerako aholkularitza profesional eta objektiboaren jarduera ematea, bidezkoa bada, kontratatutako polizen estaldura hobetzeko eta, bide batez, Udal aseguratuaren edo polizaren onuradunen beharrei hobe egokitzeko. Eta aholkularitza trebatu horren barruan, betiere Sestaoko Udalak eskatuz gero, artekariak polizen estalduraren edozein alderdi hobetzeko gomendioak formulatzea sartuta egongo da (aseguru eta berraseguru pribatuen artekaritzari buruzko 26/2006 Legearen 6., 26. eta 29. artikuluak).»
Sektore publikoan aseguru pribatuen artekaritza eta kontratazio araudien kontratu aldaketari buruzko erregulazioa sistematikoki integratuta, plegu horren babesean, aurrez ikusten da eta, ahalbidetu, gainera, artekaritzaren xede diren polizak ondoren aldatzea honako kasu, baldintza, muga eta prozeduran:
– Ohiko aldaketa egiteko prozedurari ekingo zaio, Udalbatzak eskatu ostean, artekariak kontratatutako poliza baten edo batzuen estalduraren edozein alderdi hobetzeko gomendioa formulatzen badu, baina betiere prima gehitzean ustezkoaren arabera «pertsonen aseguruen» edo «ondare kalteei buruzko aseguruen» urteko primaren % 10 gainditzen ez bada. Halaber, halakoetan, kontzeptu horiengatik izendatutako guztizko aurrekontu zenbatekoak ez dira gehituko.
– Alkate jauna edo, hala badagokio, Tokiko Gobernu Batzarra izango dira formulatutako proposamena onartzeko organo eskudunak, Barne eta Kontratazio Atalak, Kontu-hartzailetzak eta Idazkaritzak txostena egin ondoren. Bidezkotzat jotzen bada, Udaleko Lege Zerbitzuei txostena eska dakieke.
a) Klausula honek xedatzen duenerako, ohiz kanpoko aldaketatzat jotzen da atal honetan deskribatutako muga ekonomikoak gainditzen dituena. Kasu horretan, aldaketa bidezkoa al den zehazteko legezko alderdiak aztertzeaz gain, aldez aurretik kreditu aldaketa izapidetu beharko da.
b) Aurrekoa alde batera utzi gabe, kontratazio pleguetan eta iragarkian berez aurrez ikusitako kasuez gain, halaber, kontratua alda daiteke 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 107. artikuluan xedatutako kasu eta baldintza berezietan.
Kontratu pribatu baten aurrean gaudela erantsi behar da, beraz, kontratazioaren xede diren prestazioak betetzeko denboraldian administrazio baldintza berezien pleguan dagoen klausulen irismenari buruzko edozein gogoeta SPKLTBk 20. artikuluan xedatutakoarekin bat interpretatu beharko da: «...2. Kontratu pribatuak, prestatze eta adjudikazioari dagokionez, arau bereziak izan ezean, lege honek eta bere garapen xedapenek arautuko dituzte eta, modu osagarrian, administrazio zuzenbideko gainerako arauak aplikatuko dira edo, bidezkoa bada, zuzenbide pribatuko arauak, subjektu edo erakunde kontratatzailearen arabera dagokionari jarraikiz. Ondore eta iraungitzeari dagokionez, kontratu horiek zuzenbide pribatuko arauak beteko dituzte. Hala eta guztiz ere, kontratu hauei kontratuen aldaketari buruz I. Liburuko V. Tituluan ageri diren arauak aplikatuko zaizkie...»
Administrazio baldintza berezien pleguak, kontratazio honen gidariak, SPKLTBk xedatutakoarekin bat, honakoa zehaztu du:
– Kontratua aldatzeko aukera eta aldaketa erabiltzeko baldintzak (SPKLTBren 106. artikulua) bakarrik pertsona eta kalteen polizei mugatuta.
– Kontratua aldatzeko aurrez ikusitako ehunekoak.
– Ezingo dira inolaz ere prestazio osagarriak edo helburu berriak sartu, kontratuaren xedea alda badezakete.
– Aurrez ikusiak ez dauden kontratuaren aldaketak SPKLTBk 107. artikuluan adierazten dituen zehaztapenekin bat gauzatuko dira, betiere interes publikoaren arrazoiei erantzuten badiete eta espedientean behar bezala justifikatzen badira. Gainera, ez diete kontratuaren funtsezko baldintzei eragingo.
Beraz, azaldutakoa ikusirik, kontratua aldatzeari buruzko klausula baldintza pleguan argi eta garbi formulatu dela ondoriozta dezakegu eta lizitatzaile guztiei behar bezala jakinaren gainean egotea eta modu berean interpretatzea uzten die.
«Obra kontratu baten pleguek (1. espedientea), 1,1 milioi euroren truke adjudikatutakoak, adjudikaziodunei berariaz Sestaoko bizilagunen artean 3 langabetu kontratatzera behartzen zizkieten. Nahiz eta langabeziaren aurka borrokatzeko gauzatze baldintzak zehaztea onargarria izan, biztanle izatearen eskakizunak ez-diskriminazioaren printzipioa urratuko luke eta horrek kontratazio publikoan nagusi izan behar du.»
Azkeneko urteetan, kontratazio publikoan gizarte alderdiak integratzea, bai kontratista hautatzeko irizpide bezala, bai kontratuak adjudikatzeko irizpide modura, bai lehentasun edo erreserba klausula modura, baita gauzatzeko baldintza berezi bezala ere, Europa, Estatu, Erkidego eta tokiko tresna desberdinen bidez aztertu eta arautu da.
SPKLTBk 118. artikuluan xedatutakoaren babesean, kontratazio organoek kontratua gauzatzearen inguruan baldintza bereziak sar ditzakete, betiere Erkidegoaren zuzenbidearekin bateragarriak badira eta lizitazio iragarrian, pleguan eta kontratuan ageri badira. Gauzatze baldintzak, nagusiki, ingurumenaren edo gizartearen arlokoak izan daitezke, lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzeko, merkatuan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak deuseztatzeko, langabeziari aurre egiteko, lantokian prestakuntza bultzatzeko edo Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Itunak 145. artikuluan xedatzen duen enplegurako estrategia koordinatuari erreparatuz bestelako helburuetarako. Horrez gain, produkzio katean zehar oinarrizko lan eskubideak errespetatzen direla bermatuko da eta, horretarako, Nazioarteko Lan Erakundeak xedatzen dituen oinarrizko konbentzioak betetzea eskatuko da.
Arestian azaldutakoari eutsiz, Sestaoko Udaleko kontratazio organoek administrazio baldintza berezien pleguan sartu dituzten baldintza berezien barruan, Sestaoko udalerriko langabetuak kontratatzearen eskakizuna dago. 2016. urtean udalerrian langabezia tasa % 20,71 zen eta gizarte politika aktibatu nahi zen, Sestaoko udalerriko biztanleak gizarteak baztertzeko arrisku larrian baitaude; batetik, langabeziaren eta lanik ezaren mailak oso handiak dira eta, bestetik, diskriminazio larria jasaten dute. Udalak politika aktibo hori aldez aurretik ematen den desberdintasunaren aurrean jarduteko helburuan oinarrituta burutu du. Are gehiago, testuinguruak zona eta pertsona zehatzekiko diskriminaziozko tratua betikotzen du, aukera berdintasunik ez baitute izan. Beraz, beharrezkoa da eta justifikatuta dago alde gutxietsiaren alde ekintza positiboak definitzea.
«1,1 milioi euroren truke adjudikatutako kontratua (1. espedientea) hirutan luzatu zen, beraz, gauzatze epea % 81 gehitu zen. Lehenengo luzapena ez zen berariaz onartu eta beste biak gauzatze epe luzatua amaitutakoan onartu ziren. Bestetik, berandutzea zati batean kontratistari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik gertatu arren, atzerapenaren beste zati bat beraren errua izan zen eta zigorrak jartzea bidezkoa zen (SPKLTBren 213.2 eta 212.4 artikuluak).»
2016ko ekainaren 20an, 2016ko irailaren 9an eta 2016ko urriaren 31n 6 asteko hiru luzapen eman ziren, hurrenez hurren, eta jabeak, zuzendaritza eskudunak eta adjudikaziodunak sinatutako aktetan islatzen dira.
HKEEk, bere txostenean, atzerapenaren zati bat kontratistari egozten dio eta, horregatik, zigorra jaso behar izan zuen. Hala eta guztiz ere, baieztapen horrek zehaztapenak eskatzen ditu.
La Paz multzoko 11. zenbakian fatxada konpontzeko obrak lanen ohiko jardunean kualitatiboki eragin zuen, obra aginduei buruzko liburuaren 29. aktan ikus daitekeen bezala. Hori obra zuzendaritzak, Udal Zerbitzu Teknikoek eta kontratak sinatu zuten eta honakoa ageri da:
«...Atzerapenaren arrazoiak euskarriari mozteko barandaren edota altzairuzko begiratokiaren soldadurarekin zerikusia duten lanen konplexutasunean oinarritzen dira [egitura eramailea edo platabanda]. Baranda eta euskarriaren arteko lotura xehetasunez aztertu ondoren, egitura eramailearen eta baranda edota begiratokiaren artean trantsizio platabanda fabrikatzea gomendatzen zuen. Begiratokien kasuan, laserrarekin ebakita, platabandari hutsuneak egin behar zaizkio 60 x 10 mm-ko pletinak sartzeko eta, gero, pletinak platabandari soldatzeko. Lotura are gehiago zailtzen da zoruan, barandaren ondoan, sartuta dagoen luminaria gauzatzearekin. Izan ere, hobekuntza kontratistak eskaini zuen, baina proiektuan ez zegoen planeatuta.
Beraz, aipatu loturaren azterketa zehatza egin ostean, zuzendaritza eskuduna eta kontratista baranda/begiratoki eta egituraren artean lotura platabandak egitearen aldekoak dira, eraikuntza sistema horrek lotura behar bezala egitea bermatzen duelakoan eta, aldi berean, proiektuan adierazitako baldintzetan hori gauzatutakoan ikusgai geldituko delakoan. Beraz, obraren lan programan aurrez ikusia ez dagoen zeregina bete behar da eta, ondorioz, denbora atzerapena dakar...»
Lan programan aurrez ikusia ez dagoen zeregina izan zen atzerapenaren arrazoia eta ez, HKEEk interpretatutakoarekin bat, materialen hornidurarik ez izatea (ikus 1. oharra dokumentuaren amaieran).
Era berean, argitu behar da lan berriak egiteko kontratuaren xedea ez dela aldatu eta obraren prezioa gehitu ere ez.
«2016ko ekitaldian 1,2 milioi euroko gastuak gauzatu ziren kontratuaren indarraldia amaitutakoan (3. eta 5. espedienteak) eta lizitazio berriak ebatzi zirenera arte. Kasu batean (3. espedientea) bakoitzerako pleguetan aurrez ikusitakoari jarraikiz, lote desberdinen kontratistek azkeneko luzapena sinatzeari uko egin zioten.»
5. espedientea, etxeko laguntza zerbitzua eskaintzeko kontratua da.
Kontratu horretan indarralditik kanpo zerbitzuak eskaintzeagatik ez da gasturik izapidetu. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazten dituen gastuek kontratuaren indarraldiko azken bi hilabeteetan eskainitako zerbitzuei erantzuten dizkiete.
Tokiko Gobernu Batzarrak, 2017ko ekainaren 28an egindako saioan, etxeko laguntza zerbitzua eskaintzeko zerbitzua bukatzea eta likidatzea onartu zuen, 2014ko maiatzaren 1etik 2017ko apirilaren 30era indarrean egon ondoren.
Ondorioz, kontratuaren esparruan ordaindu behar ziren zerbitzuak indarraldian eskainitakoak izan behar ziren.
Dena den, zerbitzua eskaini eta egiaz ordaintzearen artean denbora igaro zen. Lantzen ari garen espedientean zerbitzuak hilero ordaintzen dira, zerbitzuak eskainitakoan adjudikaziodunak aurkeztu behar duen fakturaren aurka eta nahasitako zerbitzu teknikoek (Gizarte Zerbitzuek eta Kontu-hartzailetza) aldeko txostenak egin ondoren. Izan ere, lehenengoek zerbitzuak behar bezala eta kontratuko baldintzekin bat eskaini direla jakinarazi behar dute. Bigarrenak, berriz, likidazioarekin ados dagoela azaldu behar du.
Horregatik, 2017ko martxoan eta apirilean adjudikaziodunak eskainitako zerbitzuak (guztira 192.844,90 euro) 2017ko apirilaren 30a (kontratuaren indarraldiaren amaiera) baino beranduago ordaindu ziren, baina kontratuaren indarraldian eskainitako zerbitzuekin bat zetozen. Zerbitzu horiek hurrengo datetan ordaindu ziren: 2017ko maiatzaren 12an 109.446,01 euro 2017ko martxoan eskainitako zerbitzuengatik eta 2017ko maiatzaren 31n 83.398,89 euro 2017ko apirilean eskainitako zerbitzuak ordaintzeko.
Azkenik, adjudikazio berriaren ebazpenera arte gastu horiek burutzearen inguruko Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren baieztapena ez da zehatza, etxeko laguntza zerbitzua eskaintzeko kontratuaren adjudikazio berria fiskaltzen ari den kontratua amaitu baino lehen jada ebatzia baitzegoen. Zehatz-mehatz esanda, 2017ko apirilaren 12ko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz egin zen. Horretan Sestaoko Udalak erabiltzaile modura izendatzen dituen pertsonei etxeko laguntza zerbitzua eskaintzeko kontratua adjudikatzen zen eta 2017ko maiatzaren 1ean hasi behar zuen kontratuak (ikus 2. oharra dokumentuaren amaieran).
Administrazio kontratazioaren espedienterik ez duen gastua.
«Udalak prozedura negoziatuen bitartez nahitaezko administrazio kontratazioaren espedienteak ez ditu izapidetu guztira 256.623 euro gastatzeko 4 zerbitzu eta hornidura batean.»
– 2016. urtean zigor espedienteak kudeatzeko zerbitzua eskain zezaten espedientea izapidetzeari ekin zitzaion. Administrazio baldintza berezien pleguetan zerbitzua eskaintzeari atxikiak zeuden langileen subrogazioa nahitaez sartu behar al zen jakiteko sakonki aztertu ziren horiek. Era berean, 2016. urterako Sestaoko Udalaren langile eta lanpostuen zerrendan administrazio orokorreko teknikariaren lanpostua eta zigor espedienteen teknikari kudeatzailearen postua sartzen ziren, hurrenez hurren. Azkenik, Udalaren Osoko Bilkurak, 2017. urterako langile eta lanpostuen zerrenda onartzeko erabakiaren bitartez, aipatu plaza eta postua deuseztatzea onartu zuen, beraz, 2017ko urtarrilaren 25eko Tokiko Gobernu Batzarraren erabakiz zigor espedienteak kudeatzeko zerbitzua adjudika zedin kontratazioaren administrazio espedientea onartzea xedatu zen.
– II.1.3 atalari dagokion alegazioan azaldutako moduan, Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren erosteko sistema zentralizatuari atxikitzeko hitzarmena formalizatu zuen, 125/2016 Foru Dekretuak, uztailaren 20koak, Bizkaiko Foruaren Kontratazio Zentrala sortu eta arautzen duenak, aurrez ikusitakoaren arabera. Gero, zegokion hitzarmen esparrua sinatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren, foru sektore publikoaren eta Bizkaiko udalen instalazioetan gas hornidurarako.
– Gazteleku-Gazteen Egoitza zerbitzuari dagokionez, 60.000 euro ordaindu zitzaizkion Gazteleku, Gazteen Egoitza zerbitzuko merkataritza konpainia adjudikaziodunari 2016ko urtarril, otsail eta martxoan «Gazteleku-Gazteen Egoitza eta gazteen informazio zentroa» zerbitzua kudeatzeagatik.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak baieztatzen duenaren aldean, denboraldi horretan zerbitzua ez zen kontratu estaldurarik gabe eskaini. Nolanahi ere, zerbitzuaren kudeaketa aldi horrek kontratazioa arautzeko erabili zen administrazio baldintza berezien pleguko 3 b klausulako laugarren paragrafoari erantzuten zion eta hala xedatzen zuen: «(...) Hala eta guztiz ere, kontratistak kontratu honen xede den zerbitzua eskaintzen jarraitu beharko du baldintza berdinetan, amaitutakoan kontratazio berrirako prozedura egokia hasia badago. Ustezko honetan kontratua kontratista berriak lanei ekiten dienean amaituko da.»
2015eko maiatzaren 6an Tokiko Gobernu Batzarrak Sestaoko Udalaren «Gazteleku-Gazteen Egoitza eta Gazteen Informazio Zentroa» zerbitzua kudeatzeko kontratazio espedientea izapidetzen jarraitzea erabaki zuen eta adjudikaziodunari jakinarazi zitzaion kudeatzen jarraitu behar zuela kontratua behin betiko adjudikatu arte. 2016ko martxoaren 16an Tokiko Gobernu Batzarrak Sestaoko Udalaren «Gazteleku-Gazteen Egoitza eta Gazteen Informazio Zentroa» zerbitzuaren kudeaketa kontratua beste merkataritza enpresa bati adjudikatzea onartu zuen. 2016ko martxoaren 21ean alkate jaunak zerbitzuaren aurreko adjudikaziodunari, Tokiko Gobernu Batzarrak 2016ko martxoaren 16an hartutako erabakiaren babesean, zerbitzuak 2016ko martxoaren 31n eskaintzez utzi behar zituela jakinarazi zion.
Ondorioz, 2016. urteko lehenengo hiru hilabeteetan zerbitzuaren aurreko adjudikaziodunak Sestaoko Udalaren «Gazteleku-Gazteen Egoitza eta Gazteen Informazio Zentroa» zerbitzua eskaintzen jarraitu zuen Udalak merkataritza konpainia horrekin 2012ko maiatzaren 11n sinatu zuen kontratuaren estaldurapean, Tokiko Gobernu Batzarrak 2012ko apirilaren 25ean adjudikatzea erabaki ondoren.
– 2015eko azaroaren 13an, Sustapen Ministerioak Sestaoko Udalari Kueto gizarte zentroari zegozkion birgaitze obrak eta proiektu aldatua entregatu zizkion. Hala, lanak gauzatzean lanean ari zen merkataritza konpainiaren zaintza lanak amaitutzat jo ziren. Udal Zerbitzu Teknikoek, ordea, entregatutako obretan urritasunak antzeman zituzten hurrengo instalazioetan:
* Suteen kontrako babes instalazioak (alarma sistema) ez zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordezkaritzaren ikuskapenik pasa.
* Suteen kontrako babes instalazioak (eskuz itzaltzeko bitartekoak) ez zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordezkaritzaren ikuskapenik pasa.
* Gas naturalaren instalazio hartzaileak ez zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordezkaritzaren ikuskapenik pasa.
* Berokuntzaren instalazioak ez zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordezkaritzaren ikuskapenik pasa.
2016ko martxoaren 9an Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak Udalari gas instalazioan urritasunak zuzentzea eskatu zion.
2016ko apirilaren 8an Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak Udalari suteen aurkako babes instalazioari buruzko dokumentazio osagarria aurkeztea eskatu zion. 2016ko apirilaren 11n Udalari urritasun desberdinak zuzentzea eskatu zion.
Sustapen Ministerioaren kontura egindako birgaitze obren ondorioz instalazioetan urritasunek, nahitaez egin beharrekoek, 2016ko abuztuaren 1era arte Kueto gizarte zentroko adinduentzako egoitzaren kudeaketa zerbitzua abian jartzea saihestu zuten, beraz, eraikina jarduerarik gabe egon arren, salbuespenez, eraikinean adinekoentzako egoitzaren kudeaketa zerbitzua abian jarri arte zaintza zerbitzua luzatu zen eta obra gauzatu zen bitartean egondako enpresari eman zitzaion.
– 2016ko martxoaren 8ko Alkatetzaren Dekretuz 2016ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era udal estrategia koordinatu eta kontrolatzeko zerbitzua kontratatu zen eta zenbatekoa guztira 15.645,30 eurokoa izan zen, BEZa barne.
Lanak garatzeko epea amaitu zenean, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bitartez zerbitzua adjudikatzeko eta adjudikatu beharreko zerbitzuari buruz administrazio baldintza berezien plegua onartzeko kontratazioaren administrazio espedientea has zezan proposamena formulatu zen. Proposamenaren inguruan Udaleko Kontu-hartzailetzak kontratuaren xedeari buruzko txostena egin zuen eta berraztertzea, baita kontratazio espedientearen hasiera eta administrazio baldintza berezien plegua onartzeko proposamen berria formulatzea ere zehaztu zuen. Nolanahi ere, ez zuen aurrera egin, Gobernu Taldeak prozedura izapidetu gabe uztea erabaki baitzuen eta ordura arte zerbitzuak eskaintzen zituen merkataritza enpresa adjudikaziodunaren zerbitzurik gabe gelditu zen.
III.5.– Bestelakoak.
Ondarea eta inbentarioa.
«Udal inbentarioa 1979koa da eta harrezkero ez dira nahitaezko urteko zuzenketak egin (1372/1986 Errege Dekretua, ekainaren 13koa, Tokiko Erakundeen Ondasunei buruzko Araudia onartzen duena; 33. artikulua). Halaber, Udalak ez du LUOren ondasun eta baliabideei buruzko inbentariorik (Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 112.3 artikulua).»
II.2.2 atalari dagokion alegazioan adierazitako moduan, Udalak 1997az gero, aldi baterako hainbat enplegu plan kontratatuz, lan ezberdinak egin ditu eta, ondorioz, ondasun higiezinei buruz inbentarioa eguneratzen joan da, balorazioa barne. Dena den, gaur egun urte askoko gastu konpromisoa onartu du ondasun higiezinen inbentarioa eta bere balioztapena, administrazio emakiden inbentarioa eta ibilgailu, historiko-artistiko, eskubide erreal, balio higigarri, bide eta altzariei buruzkoa egunera ditzaten bitarteko materialez hornitzeko.
Gardentasuna.
«19/2013 Legeak, abenduaren 9koak, gardentasun, informazio publikorako atzipen eta gobernu onari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, udalek aldizka eta modu eguneratuan informazioa argitaratu behar dute, jarduera publikoaren funtzionaltasun eta kontrolarekin zerikusia duen jardueraren gardentasuna bermatzeko ezagutzea garrantzitsua bada. Lege hori behar bezala betetzeko, Udalak web orrian argitaratu beharko lituzke, besteak beste, urteko kontuak, aurrekontua gauzatzeari buruzko informazio eguneratua eta aurrekontu egonkortasun eta finantza iraunkortasunaren helburuen betetze-maila, tokiko ordezkarien ondasun eta jardueren urteko aitorpenak eta emandako diru-laguntza eta laguntzei buruzko datuak.»
19/2013 Legeak, abenduaren 9koak, gardentasun, informazio publikoaren atzipen eta gobernu onari buruzkoak, II. kapituluan publizitate aktiboaren arloan udalerriek dituzten betebeharrak xedatzen ditu. Ildo horri eutsiz, lege horrek bederatzigarren azken xedapenean araututakoaren arabera, «autonomia erkidegoetako eta tokiko erakundeetako organoek gehienez bi urte izango dituzte lege honek dituen betebeharretara egokitzeko». Hori egia izan arren, egia da ere bai zortzigarren xedapen gehigarriak honakoa adierazten duela: «autonomia erkidegoetako legegintzako batzarrek beren arautegietan arautuko dute legearen xedapenak aplikatzeko modu zehatza».
Horren harira, Eusko Legebiltzarrak 2016ko apirilaren 7an Euskadiko Tokiko Erakundeei buruzko Legea onartu zuen. ETELk bosgarren xedapen iragankorrean publizitate aktiboaren arloan betebeharrak bereizita aplikatzea arautzen du eta udalerriak tamainaren arabera sailkatzen ditu. Ildo horri jarraikiz, 5. puntuan hala dio: «20.000 biztanletik gorako udalerriek eta erakunde instrumentalek gehienez bi urte izango dituzte, legea indarrean sartzen denetik, gardentasunari buruzko eskakizunak oso-osorik betetzeko». Beraz, 2018ko apirilaren 8ra arte Sestaoko udalerriak legeak zituen legezko aginduak ez zituen oso-osorik bete behar (ikus 3. oharra dokumentuaren amaieran).
Udalak, 2018ko martxoaren 12ko Dekretu bidez, bitarteko funtzionario bat izendatu zuen Gardentasuna, Gobernu Irekia eta Herritarren Partaidetza jarduerak abian jartzeko aldi baterako Programaren Tekniko lanpostua betetzeko.
Oharrak dokumentuaren amaieran: