EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018197

139/2018 DEKRETUA, urriaren 2koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Mutrikun, GI-3230 errepidea 1,200 eta 1,800 KPen artean zabaldu eta hobetzeko proiektua (3-EM-103/2017) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Xedapenaren zenbakia: 201800139
Xedapenaren data: 2018-10-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201804993
Maila: Dekretua
Gipuzkoako Foru Aldundiak, «GI-3230 errepidea 1,200 eta 1,800 KPen artean zabaldu eta hobetzeko proiektua (3-EM-103/2017)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
2018ko otsailaren 26an, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabeteko epean, prentsan eta 2018ko martxoaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (56. zk.). Geroago, 2018ko maiatzaren 22an egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
GI-3230 errepidearen zati honek, proiektu honen helburu dena, trazadura bihurria eta galtzada estua ditu (4,00 m-ko zabalera justu-justu gainditzen du), eta horrek zailtasunak eragiten ditu ibilgailuen zirkulazioan.
Errepideak eguneko batez besteko intentsitate txikia du. Hala ere, GI-638 errepidea 1,200 eta 3,610 KPen artean (Deba-Mutriku) hobetzeko obrek, zeinen lizitazioa 2018ko urte honetan aurreikusita baitago, trafikoaren handiagotze nabarmena eragingo dute.
GI-638 errepidearen proiektuak aldi luze batean errepidea zirkulaziorako ixtea aurreikusten du, Ondarbeltz hondartza eta Mutrikurako sarbidearen artean. Honek Deba eta Mutriku arteko trafikoa GI-3230 errepidetik desbideratzeko beharra eskatzen du. Hori dela eta, ezinbestekoa da honen egungo baldintzak hobetzea, ez dute eta bi ibilgailuren arteko gurutzaketa bermatzen, aurretik errepidearen zabaltze eta hobetze lan hauek egiten ez badira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2018ko urriaren 2ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «GI-3230 errepidea 1,200 eta 1,800 KPen artean zabaldu eta hobetzeko proiektua (3-EM-103/2017)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 2an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.