EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018197

137/2018 DEKRETUA, urriaren 2koa, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen baitzaio Indesa 2010 SL sozietate publikoaren akzioak erosteko.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800137
Xedapenaren data: 2018-10-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201804991
Maila: Dekretua
Diputatuen Kontseiluko 712/2010 Erabakiaren bidez onartu zen Indesa SL eratzea, foru-sozietate publiko gisa eta Arabako Foru Aldundian gizarte gaietan eskumena duen departamenduari atxikia.
Aipatutako sozietatea hauen bitarteko instrumental propio eta zerbitzu teknikoa da: Arabako Foru Aldundia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta hala xedatzen duten udalen Tokiko Administrazioa, baita, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 4.1.n artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, botere esleitzailetzat hartutako erakunde, organismo eta entitateei atxikitutako erakunde, organismo eta entitateak ere.
Egun, foru-sozietate publikoaren kapitalean parte-hartzea dute zuzenean ala zeharka enkarguak berari egiten dizkioten botere esleitzaile guztiek, salbu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, nahiz eta bere estatutu sozialetan ahalmen hori aitortua izan.
Honako hau ezartzen du Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, hargatik eragotzi gabe ematen den egunetik aurrera izatea indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak nahitaez adieraziko du, non eta doako eskuratzea ez den, sozietatearen xedea eta EAEk, zuzenean nahiz zeharka, zenbateko partaidetza-ehunekoa izango duen sozietatean.
Hau da Indesa 2010 SL foru-sozietate publikoaren helburu soziala:
Sozietatearen helburu soziala da desgaitasuna duten Arabako pertsonentzako kalitatezko lan-aukerak sortzea, sozialki, ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez jasangarriak, laneratzea eta gizarteratzea erdiesteko baliabide gisa.
Sozietatearen helburu soziala izango da beherago zerrendatutako jarduerak garatzea, eta jarduera horiek egin beharko ditu, estatutu hauetan jasotako araubide juridikoarekin bat, Administrazio Publikoek edo aurreko paragrafoan aipatutako botere esleitzaileek, zeinen bitarteko instrumental propioa eta zerbitzu teknikoa baita, gomendiotan ematen dioten heinean:
– Zerbitzuak pertsonei: erresidentzietako garbiketa, ikuztegia eta jatetxea, eta Indesa 2010 SLren helburuak betetzeko egun egoki den edo etorkizunean izango den bestelako jarduera oro.
– Zerbitzuak gizarteari: eraikinen garbiketa, erresidentzietako edo ospitaleetako ikuztegia, gune berdeen mantenimendua, jatetxea, eta Indesa 2010 SLren helburuak betetzeko egun egoki den edo etorkizunean izango den bestelako jarduera oro.
– Zerbitzuak industriari, oro har: industria-jarduera espezializatuak edo propioak, ekoizpen-prozesuaren parte direnean zein jarduera edo zerbitzu osagarriak direnean, baina beharrezkoak industria-jarduera bere osotasunean aurrera eramateko. (Manipulatuak, mekanizatuak, muntaketak, salgaiak erostea, logistika, administrazioa, enbalajeak, eta Indesa 2010 SLren helburuak betetzeko egun egoki den edo etorkizunean izango den bestelako jarduera oro).
Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 2an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Indesa 2010 SL sozietate publikoaren 20 partizipazio erosteko; 1.000 euro guztira. Eragiketa horren ostean, % 0,01128koa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren parte-hartzea sozietate horretan.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazio zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatu eta dokumentuak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 2an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.