EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018196

AGINDUA, 2018ko urriaren 3koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen artean Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabaltzeko eta ezartzeko laguntzak, bai eta laguntza horiek jasotzeko deialdia egin ere.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-10-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201804962
Maila: Agindua
Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren iritziz, balio estrategiko handikoa da Enpresen Gizarte Erantzukizuna (EGE) zabaltzea eta hedatzea. Gizarte-ekonomiaren ikurretako bat da gizarte-erantzukizuna, eta zehazkiago, mugimendu kooperatibistarena, lankidetzako printzipioetako bat baita. Agindu honen xedea da balio eta printzipio horiek zabaltzea eta hedatzea, gizarte-ekonomiako esparrutik beretik harago, uste dugulako EGEa garatzeko erabateko inplikazioa aurretiazko urrats erabakigarria izan daitekeela ohiko enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzea planteatzeko.
Lan eta Justizia Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoak gauzatu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuetan EGEa sustatzeko eta bultzatzeko onartutakoa.
Diru-laguntzen ildo honetan, EGEa sustatzeko eta bultzatzeko hiru lerro garatu dira: lehenik eta behin, ekitaldi honetarako, EGEaren esparruko prestakuntza-estrategiak aztertzea eta proposatzea hobetsi da, hurrengo ekitaldietan horiek irakasteko eta gauzatzeko.
Iraunkortasun-memoriak lantzea eta ezartzea izango da diruz lagunduko diren jardueren bigarren esparrua. Memoria horiek gizarte-kontabilitateko tresnatzat hartzen dira nazioartean. Hala, diru-laguntza horien xedea da une jakin batean enpresa bakoitzean dagoen gizarte-erantzukizunaren errealitate zehatzaren ezagutza sustatzea, memoria horien ezartze aurreratuak izan ditzakeen eragin ukigarri eta ukiezinen kontzientzia hartzeko.
Azkenik, enpresa jakinetan EGEa modu egokian aplikatzen duten kasu eredugarriak euskal gizartean zabaltzeko ahalegina ere lagunduko da diruz, agindu honetako deialdiaren eskutik. EGEak enpresarako izan dezakeen etekin ekonomikoa erakutsi nahi da horren bidez. Horrenbestez, alderdi hori ere aztergai izan daiteke agindu honen eskutik emango diren diru-laguntzen artean.
Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak azaldutakoa entzunda, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez arautu nahi dira Euskal Autonomia Erkidegoan Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabaltzeko eta ezartzeko Eusko Jaurlaritzak –Lan eta Justizia Sailaren bitartez– 2018ko ekitaldian emango dituen laguntzak, bai eta laguntza horiek jasotzeko deialdia egin ere.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak diru-laguntzatzat hartuko dira, eta horien gastuak honako jarduera hauek finantzatzera bideratuko dira:
EGEari buruzko prestakuntza-metodologiak lantzea.
Enpresetan EGEa ezartzea, GRI (Global Reporting Initiative) iraunkortasun-memoriak lantzearen bidez.
Enpresetan EGEa aplikatzeak dituen onurak aztertzea eta zenbatzea, eta EGEaren kultura zabaltzea, horretarako jardunbide egokiak identifikatuz.
Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2018ko abenduaren 31 baino lehen amaiturik egon behar dute.
3. artikulua.– Diru-baliabideak, esleipen-prozedura eta diru-laguntzaren muga.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun mila euro erabiliko dira (100.000). Nolanahi ere, horrela badagokio, kopuru hori handitu ahal izango da, aurrekontuetan aldaketak eginez gero, indarrean dauden legeen arabera. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek jasoko dute diru-laguntza. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.
4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskaerak baliabide elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.
2.– Eskaerak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan egongo dira: https://www.euskadi.eus/ ayuda_subvencion_RSE_2018/y22-izapide/eu
3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten honako erakunde hauek izan daitezke agindu honetan aurreikusten diren laguntzen onuradun:
1.– Unibertsitateak, enpresen elkarteak eta EGEaren sustapenean edo kudeaketa aurreratuan espezializatutako erakundeak 2.a) eta 2.c) artikuluetako jardueren kasuan.
2.– Euskadin egoitza duten enpresa txiki eta ertainak, 2.b) artikuluko jardueren kasuan.
6. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea sozietatearen edo elkartearen egoitza.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea. Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.
c) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.
d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).
2.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan aipatutako egoeren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
3.– Eskatzaileari diru-laguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena (erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero), diru-laguntzaren abonua jaso ahal izateko. Honako helbide honetan egin dezake hori: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
7. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.
1.– Erakunde onuradunek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dute aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztela, eta eskabidean jaso beharko da adierazpen hori, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Ondoren, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak egiaztatu egingo du erantzukizunpeko adierazpen horretan aitortutakoa.
2.– Eskabidea aurkeztean, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako diru-laguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da diru-laguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.
3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituztela.
4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabide-orria eskura izango da egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/rse_2018/y22-izapide/eu
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.
9. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.
Arau orokor gisa, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira bertan. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:
– Giza baliabideak eta baliabide materialak.
– Aurkeztutako proiektuan jasotako partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu xehakatua, eta partida horiek finantzatzeko plana.
– Diru-laguntza jaso dezakeen jardueraren garapenaren egutegia.
10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.
Diru-laguntza eskaerak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskariari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan.
11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, hauek izango dira diruz laguntzeko gastuak: diruz lagundutako proiektua egiteko beharrezkoak diren gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak balioztatu eta onartuko du plangintza hori.
2.– Hauek izango dira diru-laguntzen zenbatekoak eta ezarri beharreko mugak:
a) 2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.
b) 2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 75; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 3.000 euro jaso ahal izango ditu.
c) 2.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.
12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.
2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.
13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak. Ebazpen hori bakarra izango da, Agindu honetan aurreikusitako hainbanaketa aplikatzen bada.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzaren pean.
4.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskariak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpen baten bidez: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako diru-laguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.
14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, modu honetan:
a) Lehenengo, diru-laguntzaren guztizkoaren % 60, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.
b) Bigarren zatia, % 40a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.
2.– Diru-laguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu behar ditu:
Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.
3.– Egiaztagiri horiek diruz lagundutako jarduerak amaitzean aurkeztu beharko dira eta, beti ere, 2018ko abenduaren 31 baino lehen.
15. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.
Diru-laguntzaren helburua betetzat hartu delarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz beste edozein administrazio publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli egin beharko dituzte.
16. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.
Onuradunak betetzen ez baditu diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak diru-laguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako diru-laguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gain, legez egin litezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretuan ezarritakoa.
17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak erakunde onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli beharra adieraziko da, gehienez ere bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.
Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.
c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun Sailburuordetzari, hark, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, premiamendu-bideari ekin diezaion.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Minimis araua.
Agindu honen 2.b) artikuluaren babesean emandako laguntzek edo diru-laguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa, Itunaren 87. eta 88. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa (DOUE, L 352/1, 2013-12-24). Laguntza horiek minimis gisa sailkatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako laguntza guztizkoak ez du gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa, hiru ekitaldi fiskaleko ezein alditan. Uste da ezen muga horretatik behera laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari eta ez dutela lehia faltsutzen; hortaz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan.
Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu egin beharko ditu laguntza-eskabidea egiten duenak; modu horretara, minimis laguntza berriak Araudian ezarritako muga maximoa ez duela gainditzen egiaztatzeko. Bigarren eranskinean, minimis laguntzak deklaratzeari buruzko eta beste finantzatze-bide batzuei buruzko deklarazio-eredua jasotzen da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.
Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 3a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.