EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018195

AGINDUA, 2018ko urriaren 2koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez merkataritzaren alorrean autonomoen, enpresen eta udalerrien ekintzailetza sustatzera bideratutako 2018ko laguntza-programarako arauak ezarri eta deialdia egiten baita.

Xedapenaren data: 2018-10-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201804939
Maila: Agindua
Euskadiko merkataritzan eskariaren zein eskaintzaren aldetik egon den aldaketa sakonaren eta sortu den eszenatoki berriaren ondorioz, sektoreak eskatzen du sail honek merkataritza-ekintzailetza babestuko duen laguntza-lerro bat sor dezan, etengabeko eraldatzea dakarren kanpoko hainbat faktorek –teknologia berriak, ekonomiaren globalizazioa, merkantzien eta pertsonen mugikortasun berria eta ingurumen-jasangarritasuna– baldintzatutako ingurune gero eta lehiakorrago batean.
2017-2020 aldirako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Plan Estrategikoan, Jaurlaritzak turismoan, merkataritzan eta kontsumoan sustatu beharreko jarduera publikoko arlo lehenetsiak zehazten dira, betiere XI. legegintzaldirako gobernu-programan oinarrituta. Izan ere, plan estrategiko hori da sailaren politika publikoen plangintza egiteko lanabesa eta administrazio honi arlo horretan dagozkion jarduerak antolatzeko eta koordinatzeko bitarteko egokia.
Barne-merkataritzari dagokionez, plan estrategikoaren helburuetako bat hau da: sektore-lehiakortasuna sustatzea elkarteekin elkarlanean jardunez eta ikuspegi berritu eta eraginkor baten bidez. Plana gauzatzeko, sektorea finkatu eta berritu egin behar da, pertsonei zein enpresa-kulturari dagokienez, lehiakortasuna hobetzea hartuta xede nagusitzat.
Horretarako, hainbat lan-ardatz eta jarduketa-lerro zehaztu dira, horietako bakoitzaren helburuaren arabera. I. eremu edo ardatzean («Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea») helburutzat hartzen dugu merkataritzaren irudia eta pertzepzio soziala eraldatzea, prestigio profesionala ematea, eta modernizazio materiala zein enpresatan gazteen sarrera sustatzea eta laguntzea, pixkanaka modu lehiakorrean eguneratzen joateko bidetzat hartuta.
Ekintzailetzak izan behar du merkataritza-parkea berritzeko oinarria, bide pizgarri orokorrak integratuz, saltoki berritzaileak sustatzeari laguntza espezifikoa emanez. Programa honek ekintzailetzako merkataritza-proiektu berezien inkubagailua izan behar du, saltegi berrientzat zein hedatzen ari diren saltegientzat.
Udaletako Ekonomia Garapeneko sailekin, eskualde-garapenerako agentziekin eta izaera pribatuko ekimenekin batera, negozio profesional berriak sustatu behar dira, haientzako finantza- eta aholkularitza-euskarriak eskainiz. Programa honek ekintza bakoitzerako diseinu berezia egitea ahalbidetzen du, sektore edo eskualdeko agenteak zein erakundeetakoak batuz eta koordinatuz.
XI. Legegintzaldi honetako Euskadi 2020 gobernu-programan, I.1 ardatzaren barruan, 31. konpromisoan («Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea») hazkunde irmoa aipatzen da, enplegu gehiagokoa eta hobekoa, eta han jasotzen da toki-merkataritzari lagundu egin behar zaiola, enplegua finkatzeko eta herri nahiz hiriak dinamizatzeko, hiriko espazioak zorrotz kudeatuta. Era berean, gobernu honen apustua da ekintzailetza eta talentua bultzatzea eta euskal merkataritza-sarea berritzea, baita pertsona ekintzaileen prestakuntza eta trebakuntzaren hobekuntza sustatzea ere. Horretarako, behar-beharrezkoa da udalekin eta bestelako agente sektorial inplikatuekin lankidetzan aritzeko ezarriko diren jarduketak abiaraztea.
Laguntzak ematean, lehentasuna eman behar zaie laguntzon behar gehien dutenei. Horregatik, lehentasuna eman behar diegu honako jarduketa hauei: gizarte- edo merkataritza-bazterketa pairatzeko arrisku-eremuetan garatzen direnei, eta Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko langabezia-maila baino handiagoa duten eremuei, edo enpresa-jarduera hastea edo lan-merkatuan sartzea zailago zaien kolektiboei zuzendutako jarduketei. Gure herrien eta hirien erdiguneko merkataritza-esparruak jada «eginda» dauden eremuak dira, merkataritza-dentsitate handikoak eta merkataritza-ekipamendu askokoak. Merkataritza-eskaintzaren beherakadak, nagusiki, hurbileko ingurune kalteberei eragiten die. Hauek dira hirigintzaren erronkak, auzoetan nagusiki: gutxieneko merkataritza-zuzkidurak bermatzea; gizarte kohesioarentzako eta auzoen habitateko bizi-kalitaterako eskaintza nahikoari eustea; gizarte-funtzioa optimizatzen duten merkataritza-lurzoruen kokapena eta mota; lurzoru horiek erabiltzea bultzatzeko formulak bilatzea.
Aberastasuna sortzeko eta enplegu iraunkor eta kalitate onekoa sortzeko helburuz taxutu behar ditugu politikak, jakinik gero eta eszenatoki lehiakorrago eta profesionalago batean mugitu beharko dugula, produktu nahiz zerbitzuen bikaintasuna, berezitasuna eta kalitatea gero eta determinatzaileagoak izango direlarik zer erosi aukeratzerakoan, bai eta, ondorioz, lortzen diren emaitzetan ere. Era berean, sektore ahulenei eta ingurune babesgabeei erreparatu behar diegu, nola ikuspuntu ekonomikotik hala ikuspuntu sozialetik. Horregatik, programa honen apustua da hurbileko merkataritza berritzailearen alde egitea, hiri-bilbea sortuko duena gure auzo, herri eta hirietan.
EAEko 2018ko maiatzaren 22ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2018-2021 aldirako egindako berdintasun-gaietarako agenda politikoa jaso eta bat egiten du aipatutako XI. legealdiko Gobernu-programako konpromisoekin; emakumeen ahalduntzeari buruzko I. ardatzeko emakumeen autonomia ekonomikoari buruzko 4. programan helburu bezala ezartzen dira enplegua edo autoenplegua sustatzen duten emakumeen kopurua handitzea, baita emakumeen sustatutako enpresa-proiektuen kopurua handitzea ere. Ezin zitekeen bestela izan; beraz, laguntza-agindu honek leku bat gordetzen du, hain zuzen, jarduera komertzial ekintzaileak sustatzeko, non emakumezkoak diren sustatzaile.
Horretarako, 2018ko ekitaldian abiaraziko dugu agindu berri hau, autonomo, enpresa eta udalerrien ekintzailetza sustatzera bideratutako laguntza-programa arautu eta horietarako deialdia egiten duena.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Eranskinetan jasotako terminoetan onartzea merkataritzaren alorrean autonomoen, enpresen eta udalerrien ekintzailetza sustatzera bideratutako 2018ko laguntza-programarako deialdiaren oinarri arautzaileak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztirako, hauek aplikatuko dira: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta, prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 2a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da merkataritza-ekintzailetza bultzatzea, jarduketa hasten duenari zein handitzen duenari eta udalen jarduketa-proiektuak gauzatzen laguntzeko, betiere berrikuntzaren eta berezitasun komertzialaren eta jarduketa gauzatuko duten hiri-inguruneetan merkataritza-enpresak ezarri eta kokatzera bideratutako estrategiak garatzeko testuinguru batean, esku hartuz ez EAEko erdiguneetan soilik, baizik baita auzoetan ere –auzo berrietan, zaharkituetan zein degradatuetan.
2.– Aipatu programarekin bat etorriz, laguntza ekonomikoak emango dira ekintzailetza sustatzeko ekintzak abiarazteko jarduketa-proiektuak ezarri eta garatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoan enpresak eratu eta abiarazteko gastuetarako, eta enpresak sortu eta hazteko inbertsioetarako.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluan adierazitako helbururako, ondoren zehazten diren baliabide ekonomikoak erabiliko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
a) 1.200.000 euro udalen jarduketa-proiektuetarako.
b) 500.000 euro merkataritza-enpresen ekintzailetzarako.
c) 500.000 euro merkataritza-enpresen ekintzailetzarako non titularrak soilik emakumezkoak izango diren edo enpresaren partaidetza emakumeena izango den % 50ean.
b) eta c) apartatuei dagokienez, bi apartatu horietako edozeinen dotazioa handitu ahalko da, beharrezko izanez gero, beste apartatuaren soberakinaren kontura.
2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du diru-kopuru horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraikiz. Hori gertatzen bada, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.
3.– Aipatu laguntzei aurre egin behar dien aurrekontuak ez badu kreditu egoki eta nahikorik lortu nahi den helbururako, laguntzak ukatu egingo dira administrazio-ebazpen bitartez. Era berean, diru-laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, gertaera horren berri emateko, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak administrazio-ebazpena emango du eta bertan adieraziko zer egunetan agortu den aipatu kreditua. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den beste laguntza-eskabiderik.
4.– Diru-laguntzen eskabide-espedienteak ordena bati jarraikiz ebatziko dira, arau honetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.
5.– Merkataritza-enpresen titularrak soilik emakumezkoak direnean edo emakumeek dutenean enpresaren partaidetzaren % 50, eskabideak modu ordenatuan ebatziko dira, c) apartatuan esleitutako zenbatekoari egotzita. Apartatu horren aurrekontua agortzen bada, merkataritza-enpresen titularrak soilik emakumezkoak direnean edo emakumeek dutenean enpresaren partaidetzaren % 50, eskabideak modu ordenatuan ebatziko dira, b) apartatuko saldoari egotzita, gainerako merkataritza-enpresen eskabideekin batera.
3. artikulua.– Laguntzen modalitatea.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta agindu honetan zehazten diren jarduerak finantzatzeko erabiliko dira.
4. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste zeinahi laguntzarekin, betiere helburua berbera baldin bada.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoak ezingo du, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntzak batuta, aurkeztutako aurrekontuaren % 100 gainditu.
Gehiegizko finantzaketa gertatuko balitz, eman beharreko diru-laguntza murriztu egingo da diruz lagundutako proiektua egikaritzeko aurreko lerrokadan ezarritako osoko kostuaren mugaraino.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzak honako erakunde onuradun hauek eskatu ahalko dituzte:
a) UDALAK:
1) 15.000 biztanletik gora dituzten udalerriak. Zerrenda agindu honetako II. eranskinean dago jasota.
2) 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak, hirigune historikoa eta udalerriko merkataritza-establezimenduen kopurua dela-eta biziberritze komertzialerako potentzialtasuna badituzte. Halako udalak agindu honetako III. eranskinean jasota daude.
3) Beren eskualde-ingurunean ekonomia eta merkataritza arloko erreferentziazko gunetzat jotzen diren udalerriak. Aipatu udalak agindu honetako IV. eranskinean jasota daude.
4) Euskal Autonomia Erkidegoko eskualde-buruak, 100 merkataritza-establezimendu baino gehiago dituztenak. Halako udalak agindu honetako V. eranskinean jasota daude.
5) 10.000 biztanletik gora dituzten udalerriak,100 merkataritza-establezimendutik gora dituztenak eta, 2018ko urtarrilaren 1ean, langabezia-tasa Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa baino altuagoa dutenak. Halako udalak agindu honetako VI. eranskinean jasota daude.
b) MERKATARITZA-ENPRESAK
Negozio-bolumenari dagokionez jarduera nagusia merkataritza duten autonomoek, enpresa ertain eta txikiek –ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak barne hartuta– jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak.
Arau honetan ezarritakoari dagokionez, merkataritza-jardueratzat hartuko da merkatuaren esku jartzea xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, beren horretan eta eraldaketa-prozesu handirik gabe, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek kontsumorako ondasunak zuzenean saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira.
Enpresa horiek berariaz errespetatu beharko dituzte enpresa ertain eta txikien definizioari buruz Batzordeak emandako 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritako betekizunak edo bestela gomendio hori ordezten edo aldatzen duten xedapenak.
Era berean, ezingo dira laguntzen onuradun izan armak ekoiztera, merkaturatzera edo finantzatzera dedikatzen direnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.
2.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten enpresak ezingo dira diru-laguntza honen onuradun izan. Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio diru-laguntza emango duen organoari zuzenean egiazta ditzan ziurtagiri telematikoen bidez Diru-laguntzen Erregelamenduaren uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusita dauden egoerak; kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko.
Hala ere, erakunde eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako adostasuna, eta, hori egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Betebehar horien egiaztapena diru-laguntza eman aurretik eta ordainketak egin aurrerik egingo da.
3.– Ez dira diruz lagunduko zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakunde edo enpresak, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean daudenak ere –esaterako Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egoteagatik– edo Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak jaso dituztenak.
4.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak enpresa onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek edo beste edozein administrazio publikok emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea eta egunean izatea diru-laguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
II. KAPITULUA
UDALENTZAKO LAGUNTZAK
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.
Ekintzailetza bultzatuz eta sustatuz merkataritza-sektorean eragin positiboa izango duten jarduketa-proiektuak finantzatuko dira; merkataritza-desertizazioa pairatzeko arriskua duten inguruetan edo EAEko 2018ko urtarrilaren 1eko langabezia-tasa (% 12) gainditzen duten udalerri, auzo edo barrutietan gauzatuko dira proiektuok.
Honako hauek hartzen dira jarduketa-proiektutzat:
– Merkataritzako bideragarritasun-azterlanak.
– Merkataritza-ekintzailetza bultzatzen duten inbertsioak.
Jarduketa-proiektuak gauzatu ahalko dira 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko ekainaren 30era arte, eta 2018an hasi beharko dira.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
Jarduketa-proiektuaren zenbateko osoaren % 70 lagunduko da diruz, eta gehienez ere 120.000 euro emango dira jarduketa-proiektu bakoitzeko.
8. artikulua.– Laguntzen baldintzak.
1.– Nahi beste udal-proiektu aurkez daitezke.
2.– Diruz lagunduko den jardueraren gehienezko azpi-kontratazio portzentajea % 100ean jartzea. Azpi-kontratazio horrek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar ditu.
3.– Oro har, udalarentzako diru-itzulketaren bat ekarriko duten jarduketak edo inbertsioak ezin izango dira diruz lagundu.
4.– BEZa ez da diruz laguntzekoa izango.
III. KAPITULUA
MERKATARITZA-ENPRESENTZAKO LAGUNTZAK
9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.
1.– Diruz lagundu ahalko dira merkataritza-enpresa berrien (2017ko uztailaren 1etik EJZn alta emanda) edo merkataritza-enpresak handitzeko egindako gastuak eta inbertsioak, hau da fakturatutako edo aurrekontuan sartutako zenbateko garbia, Balio Erantsiaren Zerga kenduta geratzen den balioa; gastu edo inbertsio horiek 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eginak edo egitea aurreikusitakoak izango dira.
Diruz lagun daitezkeen gastuak honako hauek izango dira:
a) Eraketa-gastuak: erregistroa, notariotza, aholkularitza, proiektu teknikoak.
b) Abiarazteko gastuak: lokalaren alokairua, bideragarritasun-azterlanak, markak erregistratzea, irudi korporatiboaren diseinua.
c) Enpresa sortzeko eta handitzeko beharrezkoak diren aktibo finkoetako inbertsioak: instalazioen egokitasuna; altzariak eta ekipamendua erostea, informatikoa barne, eta soluzio teknologikoak inplementatzea, betiere beharrezkotzat jotzen bada diruz laguntzekoa den ekimena garatzeko.
d) Garraio-elementuak diruz lagundu ahalko dira diruz lagundutako enpresaren jarduera horietan garatzen bada edo jarduera garatzeko ezinbestekoak badira.
2.– Ibilgetua leasing bidez eskuratuz gero, fakturatutako edo aurrekontuan sartutako kuotak lagundu ahalko dira diruz, diruz laguntzekoa den aldiari dagozkion interesik edo gasturik gabe.
3.– Diru-laguntzaren xede diren ekipamenduak, altzariek edo tresneriek berriak izan beharko dute, enpresaren/establezimenduaren aktibora bildu beharko dira eta enpresan gutxienez urtebete, fakturazio dataz geroztik, eman beharko dute jardunean.
4.– Instalazio elektrikoak, argiztapena, isolamendua eta girotzea, ur sanitarioaren eta energiaren kontsumoak, eta energia-etiketatzeari lotutako etxetresna elektrikoen eskuraketa xede dituzten edo horiei lotuta dauden inbertsioak, energia-eraginkortasunaren irizpideak kontuan izanik egin beharko dira, eta etxetresna elektrikoen kasuan zorrotzenak izan beharko dute. Era berean, eta hala dagokionean, ingurumen-inpaktuak saihesteko edo gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalegina egingo da.
5.– Diruz lagundutako webguneek eguneratuta egon beharko dute gutxienez ere urtebetez.
6.– Oro har, ez dira diruz laguntzekoak:
a) lursailak, eraikinak edo lokalak erostea.
b) pertsonal-gastuak.
c) negozioa mantentzeko gastu orokorrak.
d) onlineko publizitate-gastuak ez dira diruz lagunduko (Google adwords, gizarte-sareetako publizitatea, beste webgune batzuetako publizitate-gastuak, merkatu-segmentu espezifiko edo espezializatuetara bideratuak izan ezik, ezta gizarte-sareen kudeaketa (community managers) edota Interneteko presentzia handitzeko edo posizionamendua hobetzeko bestelako gastuak ere.
10. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
Diruz laguntzeko onartutako zenbatekoaren % 70 izango da diru-laguntza, eta gehienez 20.000 euroko diru-laguntza emango da eskabide bakoitzeko.
11. artikulua.– Laguntzen baldintzak.
Eskabide bat aurkeztuko da merkataritza-enpresa edo establezimendu bakoitzeko, eta bertan jasoko dira deialdiko xede diren gastuak, egindakoak zein egitea aurreikusitakoak.
Hainbat establezimenduren enpresa titularrak badira, establezimendu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu ahalko da; gehienez hiru eskabide ahalko dira aurkeztu deialdi bakoitzeko.
Enpresa batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu establezimendu baterako, euretariko batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta hala egiten ez badu, lehenengo erregistratu dena onartuko da, eta gainerakoei ezezkoa emango zaie.
Era berean, establezimendu edo enpresa bat baino gehiago dituen enpresa titular batek hiru eskabide baino gehiago aurkezten baditu, kopuru horretatik aurrerako eskabideetan atzera egiteko eskatuko zaio, eta hala egiten ez badu, erregistratu diren lehenengo hiruak onartuko dira, eta gainerakoei ezezkoa emango zaie.
Diruz lagunduko den jardueraren gehienezko azpi-kontratazioaren portzentajea % 100ean jartzea. Azpi-kontratazio horrek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar ditu.
IV. KAPITULUA
PROZEDURA
12. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, eskaera, jakinarazpen eta gainerako kudeaketa guztiak elektronikoki gauzatuko dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50. zk.) bat etorriz, bereziki aipaturiko dekretuaren 28.3 artikuluarekin erlazionatutako zuzenketen ondorioetarako, eta, bat etorriz baita ere E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin.
Eskabidera sartzea eta berori betetzea Internet bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/laguntza_diru-laguntza/2018/EMCO-2018/y22-izapide/eu webgune horretan kokatutako funtzionalitateen bitartez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bide elektronikotik izapideak egiteari buruzko zehaztapenak, eta eskabide-eredua bera, eskura daude aipatutako egoitza elektronikoan. Era berean, eredu horien edukiak eranskinetan daude jasota.
Espedientera sartzea eta gainerako izapideak beste helbide honetan egin ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/nire-kudeaketak
Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko gaitasun legala duen pertsona edo erakundearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatu bezala Administrazioak eska litzakeen guztiak ere aurkeztu beharko dira.
Baldin eta enpresa titularrak ordezkari bidez jardun nahi badu, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango dio, haren izenean bide elektronikoz jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, dela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez (https://euskadi.eus/y22-izapide2/eu/edukiak/informazioa/egoitza_ordezkarien_erregistro/eu_egoitza/egoitza_ordezkariak.html), dela eskabidera lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua behar bezala beteta erantsiz. Azken hori hemen dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/
Ordezkariak (fisikoa zein juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.
2.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak konpromisoa hartu du Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritako babes-mailarekin tratatzeko datu guztiak.
3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da.
4.– Hizkuntzaren arloko herritarren eskubideak eta botere publikoen eginbeharrak kontuan harturik, erakunde eskatzaileak bi hizkuntza ofizialetako edozein aukeratu ahalko du Administrazioarekin harremanetan jartzeko (Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5. eta 6. artikuluak).
5.– Diru-laguntza kobratzeko, pertsona edo erakunde onuradunaren egoitza sozialaren edo bankuaren datuak aurretik adierazi ez baldin badira edo aldatu nahi badira, informazio hori «Hirugarrenen Erregistro Telematikoa» bide telematikoaren bitartez eman beharko da, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako eredu eta prozedura erabiliz (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/r51-341/eu/).
6.– Erakunde eskatzaileak berariaz horretarako prestatu diren eskabide-eredu eta inprimakiak bete beharko ditu. Horiekin batera, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, puntu hauek direla-eta:
a) Betetzen dituela deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako betekizunak.
b) Pertsona edo erakundea ez dagoela Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 13. artikuluan aipatzen dituen gainerako egoeretan (egoera horiek eragotzi egiten dute pertsona edo erakunde onuradun izatea).
c) Ez daukala diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
d) Ez daukala inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasitakorik.
e) Inbertsio hori bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzak.
f) Ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.
g) Betetzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 2.3 artikuluan ezarritako betebeharrak onartzeko konpromisoa hartzen duela.
Merkataritza-enpresen kasuan, honako hauek hartuko aintzat:
i) Enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) jotzeko behar diren baldintzak betetzen dituela:
– 250 pertsonari baino gutxiagori lana ematea eta aurreko ekitaldiko abenduaren 31n gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena edukitzea, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra edukitzea.
– 250 langile edo gehiago, 50 milioi eurotik gorako negozio-bolumena eta 43 milioi euro baino gehiagoko balantze orokorra duen enpresa batek haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea.
j) Ez dituela armak ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.
Goian aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, administrazio- zein zigor-araubidearen arabera dagokion zehapena jasoko du.
7.– Erakunde eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu behar dute eskaerarekin batera:
a) UDALAK
1) Aurkeztutako jarduketa-proiektu bakoitzaren kostua eta eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa.
2) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi diren jarduketa-proiektuen azalpen-txostena, merkataritza-ikuspegitik egina. Txosten horretan, gutxienez, ondorengo informazioa jaso beharko da:
– Garatu beharreko jarduketa bakoitzaren gauzatze-proiektua, zera adierazten duena:
● Inbertsioen kasuan, aipamen berezia inbertsio horrek eskualdeko merkataritza-ekintzailetzaren gainean duen eraginari.
* Lortu nahi diren helburuak.
* Gauzatu beharreko ekintzak.
* Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.
3) Aurrekontu zehatzak, baita partidaz partida ere, kasuan kasu.
4) Gauzatze-egutegia.
5) Dokumentazio grafikoa, proiektuaren izaera dela-eta beharrezkoa bada.
6) Udalerriko jarduketa-eremuaren sektore komertzialaren bilakaera jakinarazten duen txostena, udalerriko merkataritza-desertizaziorako arriskua azaltzen duena.
b) MERKATARITZA-ENPRESAK
1) Enpresaren titularraren NANaren fotokopia (pertsona fisikoa bada).
2) Enpresaren IFKren fotokopia (pertsona juridikoa bada).
3) Enpresaren eratze-eskriturak eta horretan egindako aldaketak.
4) Ordezkaritza emanez gero, pertsona edo erakunde eskatzailearen lege-ordezkaritzaren ahalordea.
5) Baldin eta ez badute ordezkaritzarik eman eta ez badute Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabili nahi, ordezkaritza emateko inprimaki arautua erantsi beharra egongo da (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eta, horrekin batera, ordezkatuaren egiaztagiriak (NANa, pertsona fisikoei dagokienez, eta ahalorde-eskriturak, pertsona fisikoen kasuan).
6) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiri historikoa.
7) Beren establezimenduetan gauzatutako edo gauzatzea aurreikusitako jarduketen fakturak edo aurrekontuak.
Indarreko dokumentazioa aurkeztu beharko dute enpresek, baldin eta azken bi ekitaldietan EAEko Administrazioan Merkataritzaren eskumena duen sailari ez badiote inolako laguntzarik eskatu edo, eskatu arren, orduan aurkeztutako agiriak era batera edo bestera aldatu egin badira. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat etorriz.
Enpresa batek hainbat establezimendutarako eskabideak aurkezten baditu, eskabidea egiteko aurkeztu behar den dokumentazio komuna lehenengo eskabidean bakarrik aurkeztu beharko du, ez eskabide guztietan.
8.– Eskaeran jasotako datuen egiazkotasuna espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiaztatu ahal izango da.
13. artikulua.– Zuzentzea.
Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak ikusten badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edota zehaztasun faltaren bat dagoela, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, haiek zuzen ditzan; halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Epe hori igarotakoan, zuzendu ezean, ebazpena emango da adierazteko eskatzaileak eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
14. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.
1.– Diruz laguntzekoak diren jarduketak garatuko diren lurralde historikoko Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoari dagokio aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezko irizten dien argibide eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
2.– Eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamen bat aurkeztuko dio Merkataritzako zuzendariari, non berariaz adieraziko baita eskatutako diru-laguntza emango den ala ez, eta zenbatekoa izango den.
15. artikulua.– Laguntza emateko ebazpena.
1.– Merkataritzako zuzendariak, aurreko artikuluan aipatutako proposamenak aurrean dituela, sei hilabeteko epean –laguntza-eskabidea aurkeztu zen hurrengo egunetik zenbatuta–, ordenan ebatziko ditu eskabideak, espedientea osaturik geratzen den momentuaren arabera, agindu honetako 2. artikuluko 4. apartatuan xedatuarekin bat etorriz.
2.– Erakunde eskatzaileei diru-laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gainera, onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Laguntza emateko ebazpenak honakoak adierazi behar ditu: erakunde onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako proiektu bakoitzari emandako laguntzaren zenbatekoa, proiektuaren kostu zenbatetsia eta egikaritzeko epea. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Merkataritza eta Turismoko sailburuordeari, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako epean eta moduan.
4.– Ebazpena emateko epea amaitu, eta erakunde interesdunari ezer jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza onetsi egin dela esan nahiko du, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita.
16. artikulua.– Gastuak eta inbertsioak justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako proiektua gauzatu ostean, erakunde onuradunak ondoren zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko du, justifikazio-kontu gisa, dagokion lurralde historikoko Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72.3 artikuluari dagokionez, ezartzen duenaren arabera (Errege-dekretu horrek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen du). Hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) UDALAK:
– Likidazio-ziurtagiriak, partiden arabera banakatuta.
– Jarduketaren amaierari buruzko udal-ziurtagiriak.
– Jatorrizko fakturak edo faktura konpultsatuak eta horien ordainketa-egiaztagiriak; baldin eta espedientearen izapidetzea elektronikoa izan bada, bitarteko elektronikoak erabiliko dira horretarako.
– Dokumentazio grafikoa.
– Azken egoeraren argazkiak, eskabidean aurkeztutakoekin bat datozenak.
– Jarduketa-proiektuko gastuak eta diru-sarrerak.
– Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jasotako laguntzei buruzko adierazpena, zeinetan honako hauek jasoko baitira: erakunde finantzatzailea eta onartutako edo jasotako zenbatekoa, baldin eta aldaketarik izan bada eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenarekiko.
– Merkataritza Zuzendaritzak eskatutako beste edozein dokumentazio, beharrezkoa bada justifikatutako ekintzak behar bezala egiaztatzeko.
Udalek aurkeztutako jarduketa-proiektuak gauzatzeko epemuga 2019ko ekainaren 30a izango da. Justifikazio-dokumentazioa aurkezteko epea 2 hilabetekoa izango da, onartutako azken proiektua egikaritzen denetik aurrera.
b) MERKATARITZA-ENPRESAK
– Jatorrizko fakturak edo faktura konpultsatuak –diruz lagundutako kontzeptuen arabera sailkatuta– eta horien ordainketa-egiaztagiriak; baldin eta espedientearen izapidetzea elektronikoa izan bada, bitarteko elektronikoak erabiliko dira horretarako.
Eraketa-gastuak.
Abiarazteko gastuak.
Inbertsioak.
Garraio-elementuak.
– Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jasotako laguntzei buruzko adierazpena, zeinetan honako hauek jasoko baitira: erakunde finantzatzailea eta onartutako edo jasotako zenbatekoa, baldin eta aldaketarik izan bada eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenarekiko.
– Merkataritza Zuzendaritzak eskatutako beste edozein dokumentazio, beharrezkoa bada justifikatutako ekintzak behar bezala egiaztatzeko.
Merkataritza-enpresek justifikazio-dokumentazioa aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 20an amaituko da.
2.– Aurkeztutako proiektuaren edo proiektuen justifikazioan, aurkeztutako eta diru-laguntza emateko kontuan izandako aurrekontuari dagokionez beheranzko % 25ekoa baino desbideratze txikiagoa badago, diru-laguntza birkalkulatu egingo da, betiere hasierako esleipena kalkulatzeko erabili ziren irizpide berberak aplikatuz.
Beheranzko desbideratzea % 25ekoa edo handiagoa bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu egin daiteke, emandako diru-laguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla justifikatzen denean izan ezik. Bigarren kasu horretan, aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.
Kasu bietan ere, alegazioak aurkeztu ahal daitezen, entzunaldiaren izapidea eskainiko da, eta agindu honetako 19. artikuluan aurreikusitako espedientea izapidetuko da.
3.– Lurralde historiko bakoitzeko Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoek egiaztatuko dute gastu justifikatuen azterketaren eta aurkeztutako euskarri materialaren bitartez gauzatu direla laguntzaren xede izan diren jarduketak, eta, azken batean, laguntzak ondo betetzen dituela agindu honetan ezarritako betekizunak. Halaber, Lurralde historiko bakoitzeko Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoek kasu guztietan ikuskatuko dute lagundutako inbertsio-proiektua, jarduketa egikaritu dela eta diruz lagundutako proiektuaren arabera egokia dela egiaztatzeko, eta dagokion agirian edo txostenean emango dute lortutako emaitzaren berri.
4.– Aipatutako alderdi guztiak behin egiaztatu dituztenean, Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoek txosten bat egingo dute eta Merkataritzako Zuzendaritzari igorriko diote; bertan, dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatuko da, egindako gastuaren arabera.
17. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Laguntzak honako formula honen arabera ordainduko dira:
Emandako diru-laguntzaren % 70 aldeko ebazpena eman ostean ordainduko da, 19.a) artikuluan aurreikusitako epea igarota, ukorik izan ez bada.
Diruz lagundutako jarduera guztiak bukatu ondoren ordainduko da gainerakoa, betiere erakunde onuradunak agindu honetako 16. artikuluan zehaztu dokumentazioa aurkeztu ostean.
18. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.
Merkataritzako Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea, agindu honetan bertan beste organo batzuei berariaz izendatzen zaizkien gaietan izan ezik.
19. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jardueren garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.
d) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla eta, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea
e) Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe.
f) Merkataritza Zuzendaritzari jakinaraztea diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa.
g) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzea, eta aipatutako 4/2005 Legeak administrazioarekin kontratuak egiten dituzten enpresei ezartzen dizkien betebeharrak beren gain hartzea.
h) Udalek diruz lagundutako jarduera guztietan berariaz adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoaren Sailak emandako babesa, Merkataritzako Zuzendaritzak Ikusizko Nortasunaren Eskuliburuaren bidez zehaztutako eran. Era berean, zuzendaritza horri jakinaraziko diote jarduera bakoitzaren amaiera-data.
20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan egindako aldaketa orok diru-laguntza hori emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du, betiere diru-laguntzaren onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira.
Ondorio horietarako, Merkataritza Zuzendaritzak dagokiona aldatzeko ebazpena emango du, non emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko baitira.
21. artikulua.– Ikuskapena.
Merkataritza Zuzendaritzak diruz lagundutako proiektuak aurrera nola doazen eta nola garatzen ari diren ikusteko egoki deritzen ikuskatze eta egiaztapenak egingo ditu. Horretarako, eskatzen dizkien argibide osagarri guztiak eman beharko dizkiote enpresa onuradunek zuzendaritza horri.
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
Erakunde onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak, Merkataritzako zuzendariak, behar den ebazpena emanez eta ez-betetze horri buruzko espedientea egin ondoren, onartutako diru-kopuruak eskuratzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, bai eta legezko interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, edo zati baten diru-itzulketa, 38/2003 Legeak, 37. artikuluan zehazten duenaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.
Ez-betetzearen espediente hori egoitza elektroniko honen bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nire-kudeaketak/
II. ERANSKINA
15.000 BIZTANLETIK GORA DITUZTEN UDALERRIAK
1.– Araba:
Laudio.
Vitoria-Gasteiz.
2.– Bizkaia:
Amorebieta-Etxano.
Barakaldo.
Basauri.
Bermeo.
Bilbao.
Durango.
Erandio.
Ermua.
Galdakao.
Gernika-Lumo.
Getxo.
Leioa.
Mungia.
Portugalete.
Santurtzi.
Sestao.
3.– Gipuzkoa:
Arrasate.
Bergara.
Donostia.
Eibar.
Errenteria.
Hernani.
Hondarribia.
Irun.
Lasarte-Oria.
Pasaia.
Tolosa.
Zarautz.
III. ERANSKINA
15.000 BIZTANLE BAINO GUTXIAGO DITUZTEN UDALERRIAK, MERKATARITZA BIZIBERRITZEKO POTENTZIALTASUNA DUEN HIRIGUNE HISTORIKOA DUTENAK
1.– Araba:
Agurain.
Alegria-Dulantzi.
Bastida.
Laguardia.
2.– Bizkaia:
Balmaseda.
Berriz.
Elorrio.
Etxebarri.
Lekeitio.
Markina-Xemein.
Mundaka.
Ondarroa.
Plentzia.
Ugao-Miraballes.
Urduña.
Valle de Trápaga-Trapagaran.
3.– Gipuzkoa:
Alegia.
Andoain.
Antzuola.
Aretxabaleta.
Astigarraga.
Azkoitia.
Azpeitia.
Beasain.
Bergara.
Deba.
Elgoibar.
Eskoriatza.
Getaria.
Lazkao.
Legazpi.
Lezo.
Mutriku.
Oiartzun.
Oñati.
Ordizia.
Orio.
Soraluze-Placencia de las Armas.
Urretxu.
Zestoa.
Zumaia.
IV. ERANSKINA
ESKUALDEAN EKONOMIAREN ETA MERKATARITZAREN ALDETIK ERREFERENTZIAZKO JOTZEN DIREN UDALERRIAK
1.– Araba:
Amurrio.
2.– Bizkaia:
Sopela.
Zalla.
3.– Gipuzkoa:
Zumarraga.
V. ERANSKINA
ESKUALDEKO UDALERRI NAGUSIAK, 100 MERKATARITZA-ESTABLEZIMENDU BAINO GEHIAGO DITUZTENAK
1.– Araba:
Laudio (Kantauri Arabarra).
Vitoria-Gasteiz (Arabako Lautada).
2.– Bizkaia:
Bilbo (Bilbo Handia).
Bermeo (Gernika-Bermeo).
Durango (Durangaldea).
Mungia (Plentzia-Mungia).
Ondarroa (Markina-Ondarroa).
Zalla (Enkartazioak).
3.– Gipuzkoa:
Arrasate/Mondragón (Debagoiena).
Beasain (Goierri).
Donostia / San Sebastián (Donostialdea).
Eibar (Deba Beherea).
Irun (Bidasoa Beherea).
Tolosa (Tolosaldea).
Zarautz (Urola Kostaldea).
VI. ERANSKINA
10.000 BIZTANLETIK GORA, 100 MERKATARITZA-ESTABLEZIMENDUTIK GORA ETA 2018KO URTARRILAREN 1EAN EAEKO BATAZ BESTEKO LANGABEZIA TASA (% 12) BAINO ALTUAGOA DUTEN UDALERRIAK
1.– Araba:
Amurrio.
Laudio.
Vitoria-Gasteiz.
2.– Bizkaia:
Barakaldo.
Basauri.
Bermeo.
Bilbao.
Erandio.
Portugalete.
Santurtzi.
Sestao.
Valle de Trápaga-Trapagaran.
3.– Gipuzkoa:
Eibar.
Errenteria.
Irun.
Pasaia.