EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018195

AGINDUA, 2018ko irailaren 25ekoa, Hezkuntza sailburuarena. Honen bidez, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-09-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201804938
Maila: Agindua
Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako heziketa-zikloen helburua da ikasleei, etorkizuneko profesionalak diren aldetik, kalitatezko arte-irakaskuntza ematea, eta lanbide-heziketa bermatzea, irudi, produktu eta inguruen diseinuarekin zerikusia duten jarduerak behar bezala burutu ahal izan ditzaten.
Arte plastikoetako eta diseinuko erdi eta goi-mailako heziketa-zikloekin zerikusia duten ikasketa guztiak biltzen ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzak.
Heziketa-zikloak antolatu dira Arte Plastikoarekin eta Diseinuarekin lotutako heziketa-munduaren eta lan-munduaren arteko zubi izan daitezen, eta, era berean, tresna baliagarriak izan daitezen arte- eta plastika-irakaskuntzaren eremuko heziketa hasi, eguneratu edo hobetu nahi duten guztientzat.
Esparru honetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa-zikloen ohiko eskaintza publikoa Vitoria-Gasteizko I-D arte AGDEn, Bizkaiko Ibarrekolanda BHIn, Gipuzkoako Usandizaga-Peñaflorida-Amara BHIn eta Gipuzkoako CIFP Easo Politeknikoa LHIIn zentralizatuta dago; horiei gehitzen zaie ikastetxe pribatuen eskaintza. Izan ere, ikastetxe horiek beste espezialitate batzuetara eta beste lurralde batzuetara zabaltzen dute eskaintza.
Ikastetxe horiek egiten duten lana ikusita eta horien sostenguan laguntzeko asmoz, honen bidez diru-laguntzetarako deialdia egiten zaie Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxe pribatuei, agindu honetan adierazten diren baldintzetan.
2018ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan kokatzen dira laguntza hauek, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 30eko Aginduak onartu zuen (Gobernu Kontseiluan onartu zen Agindua). Bada, Planaren ardatz estrategikoen eta diru-laguntza ildoen artean dago jasota arte plastikoak ematen dituzten zentro pribatuei finantzaketa ematen jarraitzea.
Hori guztia dela eta, abenduaren 22ko 5/2017 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez (Legearen bidez EAEko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), non aurrekontu partida adierazten den diru-laguntza hauek finantza daitezen.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da titulartasun pribatuko Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deialdia egitea, 2017ko irailetik 2018ko abuztura bitarteko ikasturteko langile-kostuak finantzatzeko.
Horretarako, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleen ordainsari gordinak finantzatu ahal izango dira.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Helburu horretarako, gehienez ere, 60.000,00 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.
3. artikulua.– Onuradunak.
Agindu honetan erregulatzen diren diru-laguntzen onuradunak izan ahalko dira arte plastikoen eta diseinuko eskola profesionalak ematen dituzten zentro pribatu eta baimenduen titularrak (pertsona fisikoak eta juridikoak), zentroek behar bezalako baimena badute eskola horiek 2017-2018 ikasturtean emateko.
4. artikulua.– Onuradunen betekizunak eta ziurtagiriak.
1.–Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege orokorraren 13. artikulua aplikatuz, diru-laguntza lortzeko eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. artikuluan onuradun ez izateko aurreikusten den inguruabar batean ere ez egotea.
b) Inor (pertsona zein erakunde) ezin izango da agindu honetan araututako diru-laguntza eta laguntzen onuradun izan, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, balin eta zehapen penala edo administratiboa izatearen diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu badu, edo horretarako gaitasunik gabe utzi duen legezko debekua badu, sexua bereiztearren egoera horretan daudenak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen arabera.
c) Zentroko titularrak egunean eduki behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak, eta ordainduta eduki behar ditu itzuli beharreko diru-laguntzak.
Aipatutako betekizunak betetzea beharrezkoa izango da hala onuradun izateko eta izaera hori diru-laguntzaren likidaziora arte mantentzeko.
2.– Zentro eskatzaileen titularrek diru-laguntza esleitzea eskatzen badute, erakunde kudeatzaileak behar beste aldiz eskatu ahalko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko agiriak, horien baimenik behar izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua ezarriz. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahalko dio uko baimen horri. Hala eginez gero, araudian aurreikusita dauden baldintzetan aurkeztu beharko ditu ziurtagiriak.
3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6. eta 51.1. bis artikuluak ezarriz, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2. artikulua ezarriz ere, erakunde eskatzaileak erantzukizun-adierazpen bat sinatuko du, zeina eskaera-orrian sartuta dagoen. Bertan, formalki adieraziko du betebeharrak betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko betekizunak, betiere indarrean den legedian jasotzen direnak eta diruz lagundutako jarduera indarrean egon bitartean betetzen jarraituko duela, eta:
– Ebazpenean kontuan hartutako inguruabarren edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen duela.
– Egunean dituela diru-laguntzen itzulketaren ziozko betebeharrak.
– Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren ildotik.
– Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera entregatutako agirietan emandako datuak.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko izapideak.
1.– Izapidetze elektronikoa betez (honako hauek arautzen dute: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; eta Ebazpena, 2006ko otsailaren 9koa, Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzeko dena), eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak betetzeko xehetasunak egoitza elektronikoan eskuratu daitezke:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/arte_diseinu/y22-izapide/eu
2.– Zentro interesdunen titularrek bitarteko elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte prozeduraren izapide guztiak.
Eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/arte_diseinu/y22-izapide/eu
3.– Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ondoko izapideak –dokumentazioko akatsak zuzentzea, espedientearen egoera berrikustea– https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/ atariaren bidez egingo dira.
4.– Eskabidearekin (I. eranskina) batera agiri hauek aurkeztu beharko dira derrigorrez, 2017-2018 ikasturteko datuekin:
a) Irakasleen zerrenda (II. eranskina).
b) Ikasleen zerrenda (III. eranskina).
c) Amaierako proiektuan matrikulatutako ikasleak (IV. eranskina).
d) Kostu ekonomikoa (V. eranskina).
e) Ikasleentzako urteko batez besteko kostua (VI. eranskina).
f) Ikasleen matrikulen bidezko diru-sarrerez gainera ikastetxeak urtean jasotzen dituen beste diru-sarrera batzuk, xehakatuta.
g) Finantzatutako jarduera egin dela eta diruz lagundutako gastuak benetakoak izan direla egiaztatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira:
– Baimendutako eskola edo zentroko irakasleen izenen zerrenda, banaka adieraziz bakoitzaren kostua (VII. eranskina). Aipatutako langileen kontratuen edo Gizarte Segurantzako alta-agirien kopiak erantsiko dira, edo langile horiek lan-egoera normalizatua dutela egiaztatzeko dokumentu baliokideak.
– 2017-2018ko ikasturteko balorazio-memoria. Memoria horrek, gutxienez, honako hauek jaso beharko ditu: 2017-2018ko ikasturtearen garapen orokorraren inguruko balorazioa, prestakuntza-plana (hezkuntza-komunitateko kide guztiei irekita egongo da, eta irakasleen jarduera nahiz ikasleen emaitzak hobetzeko xedea edukiko du), azpiegiturak, zerbitzuak eta baliabideen hornidura, urteko kudeaketa-programa, emandako eskolen eskariaren bilakaera, xedeen lorpen-maila eta etorkizunera begirako asmoak.
Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/
Egiaztagiriak 2017-2018 ikasturtean egindako gastuenak izango dira, eta dagokion gobernu-organoek berretsita aurkeztuko dira.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.
Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Ikastetxe eta eta Plangintzako zuzendariari egokituko zaio deialdi honetan jasotzen diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
9. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Diru-laguntza emango zaie onuradunei eta diruz lagun daitekeen jarduerari eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eskabideei.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, berriz, kontuan hartuko da zenbat ordu finantza daitezkeen, 17. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako hainbanatu egingo da, onuradun bakoitzak finantzatzeko moduan, guztira, dituen ordu kopuruaren proportzio berean.
3.– Nolanahi ere, laguntzak ez du inoiz gaindituko 1. artikuluan diruz laguntzeko aurreikusten den gastuaren % 20. Ondorio horietarako, irakasle ez diren langileen gastuen eta ekipamendu- eta funtzionamendu- gastuen batura ez da izango zentroak aurkeztutako urteko batez besteko kostu osoaren % 25 baino gehiago (V. eranskina).
10. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak egindako proposamena ikusita, Hezkuntzako sailburuordeak emango du diru-laguntzen gaineko ebazpena. Ebazpen hori emateko epea sei hilabetekoa da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banaka eta elektronikoki. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.
Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraiki izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
Gainera, ebazpen hori egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.
2.– Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, eskabidea ukatutzat joko da.
3.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik aurrera.
11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Esleitutako laguntza igorpen bakarrean abonatuko da, 13.a) artikuluan ezarrita dagoen epea igaro ondoren, berariazko ukorik ematen ez bazaio.
2.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.
12. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea eta itzulketa-prozedura.
1.– Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango du, bai eta diru-laguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak ere, baldin eta honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.
b) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera ez gauzatzea.
c) Interesatu zitzaizkion xede jakinetarako aplikatu izana ez justifikatzea.
d) Oro har, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluan, agindu honetan edo emate-ebazpenean ezarritako betebeharrak; kasu horietan, jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzuli beharko dira, bai eta diru-laguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak ere, eta, hala dagokionean, zehapenak ezarri ahal izango zaizkie.
2.– Dirua itzultzeko, egokiak izan daitezkeen bestelako ekintzen kalterik gabe, horretarako arau hauetan ezarritako prozedura jarraituko da: Diru-laguntzei buruzko Lege orokorra; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
3.– Itzultzeko prozedura dela-eta, honela jokatuko da:
a) Hezkuntzako sailburuordeak emango du prozedurari ekiteko ebazpena. Prozedura hasten denean, oraindik egin gabe egon litezkeen ordainketak eten egingo dira.
b) Goian aipatutako ebazpenak oinarri dituen arrazoiak azalduko ditu, eta 15 eguneko epea emango du egokitzat jotzen diren alegazioak egin daitezen.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe amaitu ondoren, prozedurari amaiera emango zaio, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izango da.
Ez-betetzerik hautemanez gero, ebazpenean adieraziko da laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta, kasua bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola bidezkoak diren diru kopuruak, gehi diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak, laguntza ordaindu zenetik sortutakoak, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
d) Itzuli beharrekoa borondatez ordaintzeko epean itzultzen ez bada, horren jakitun jarriko da Ogasun eta Ekonomia Saileko arduraduna, legezko araudi aplikagarrian xedatutakoaren arabera joka dezan.
13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, honako hauek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar egunen buruan interesdunek espresuki eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Laguntza emateko edo gozatzeko betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela egiaztatzea.
d) Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak esleitu diren laguntzen inguruan egokitzat ikusten dituen egiaztapenak egiten laguntzea, eskatzen den informazio osagarri guztia aurkeztuz.
e) Erakunde emaileak egingo dituen egiaztapen-jardueren mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egingo dituen kontrol-jardueren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura jaso dituen diru-laguntzei dagokienez. Horietaz gain, Kontu Publikoen Euskadiko Auzitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituen gainerako jarduerak onartzea.
f) Jatorria beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batean duten eta xede berbera duten diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana komunikatzea erakunde emaileari.
g) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein inguruabar, objektibo nahiz subjektibo, aldatuz gero, horren berri ematea erakunde emaileari.
h) Eskuratutako fondoak itzultzea diru-laguntza emateko jarri ziren baldintzak ez baldin badira betetzen.
14. artikulua.– Beste laguntza batzuk jasotzeko aukera.
1.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak bateragarriak dira beste batzuekin, baldin eta beste erakunde publiko edo pribatu batek ematen baditu helburu bererako.
2.– Alabaina, xede bererako lortu diren diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, kostu osotik gorakoa bada, diru-laguntzaren zenbatekotik gorako soberakina kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.
15. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerarik balego helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke; betiere, laguntzen xedeari dagokionez 1. artikuluan ezarritakoa eta onuradun izateko agindu honen 4. artikuluan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Horretarako, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du; ebazpen horretan, doitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.
16. artikulua.– Datu pertsonalak.
Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2016/679 Araudian (EB), 2016ko apirilaren 27koan, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari lotuta pertsona fisikoak babesteari buruzkoan eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duen horretan (Datuen babeserako erregelamendu orokorra), Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean, eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok «Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza-zentro profesionalentzako diru-laguntzak» izeneko fitxategi batean sartuko dira, Fitxategi honen helburua deialdi hau kudeatzea eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein espediente administratiboa kudeatzea izango da. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
17. artikulua.– Baremoak.
I. baremoa.– Parametro orokorrak.
Diruz laguntzeko orduak izango dira:
1.– Hezkuntza Sailak deialdi honetan lehentasunezko interesekotzat jotzen duen Arte Plastiko eta Diseinuko ziklo bakoitzeko (Argazkigintza eta Lorategiko elementuak), 150 ordu lagunduko dira diruz; betiere, eskatzailearen titulartasuneko zentroan abian bada eta 8 ikasle edo gehiago matrikulatzen badira.
2.– Lehentasunezkoa ez den bestelako Arte Plastikoetako eta Diseinuko ziklo bakoitzeko: 100 ordu, baldin eta 8 ikasle baino gehiago matrikulatuta badaude.
3.– Euskaraz emandako Arte Plastikoetako eta Diseinuko ziklo bakoitzeko: 50 ordu.
4.– Arte Plastiketako eta Diseinuko zikloetan matrikulaturiko ikasle bakoitzeko (azken proiektuan matrikulaturiko ikasleak kenduta) diruz lagunduko da:
● Lehentasunezko zikloetako ikasleengatik: 1,5 ordu.
● Gainerako zikloetako ikasleengatik: 1 ordu.
1., 2., 3. eta 4. puntuetako datuak egiaztatzeko, «Ikasleen zerrenda» beteko da.
5.– Azken proiektuan matrikulaturiko ikasle bakoitzeko: 4 ordu.
5. puntuko datuak egiaztatzeko, «Azken proiektuko ikasleak» agiria beteko da.
II. baremoa.– Irakaskuntzaren kostua.
Orduko batez besteko kostua ateratzeko, ondoko eragiketa egingo da: ekonomia-ekitaldiko guztizko kostua, Arte Plastiketako eta Diseinuko zikloei buruzkoa, zati Arte Plastiketako eta Diseinuko zikloetako asteko irakastorduak. I. baremoa aplikatzetik ateratako irakastordu diruz lagungarri bakoitzeko, ehuneko (%) bat aplikatuko da, kostuaren arabera, eta ondoko taula aintzat hartuta:
II. baremo honetako datuak egiaztatzeko, «Irakasleen zerrenda» (II. eranskina) eta «Kostu ekonomikoa» (V.eranskina) agiriak beteko dira.
III. baremoa.– Ikasleen kostuaren araberakoa.
Kalkulatzeko, kontuan hartuko dira, matrikula eta hilekoak direla-eta, 1. eta 2. mailako ikasleek duten batez besteko kostua; dena den, hortik kanpo geratuko dira amaierako proiektuaren matrikulak eta ikasturte urterako matrikulatuta ez daudenak.
Guztirako batez bestekoa kalkulatzeko, dituzten batez besteko kostuak guztira dauden zikloen artean banatuko dira. Azkenik, matrikulak eta hilekoak guztira dituzten prezioak gehitu, eta koefiziente bat aplikatuko zaie I. eta II. baremoak aplikatuta guztira diruz lagun daitezkeen orduei, betiere taula honen arabera:
III. baremo honetako datuak egiaztatzeko, « Ikasleentzako urteko batez besteko kostua» (VI. eranskina) agiria beteko da.
IV. baremoa.– Diruz lagundu beharreko ordu bakoitzeko kantitatea kalkulatzea.
Finantza daitekeen ordu bakoitzeko diru-laguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: eskueran dagoen partidaren guztizkoa (2. artikulua) zati erakunde eskatzaile guztien ordu finantzagarrien guztizkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen kontra aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetako diru-laguntzak honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta oinarrizko araudia, hau da, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege orokorra eta horren araudia onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 25a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
Eskabidea
II. ERANSKINA
IRAKASLEEN ZERRENDA ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO IKASTETXEAK II. BAREMOA BETETZEKO
III. ERANSKINA
IKASLEEN ZERRENDA I. BAREMOA BETETZEKO. 1., 2., 3. ETA 4. PUNTUAK
IV. ERANSKINA
AZKEN PROIEKTUA EGITEKO IZENA EMAN DUTEN IKASLEAK I. BAREMOA BETETZEKO
V. ERANSKINA
IKASTETXEKO KOSTUA II. BAREMOA BETETZEKO
VI. ERANSKINA
IKASLEENTZAKO URTEKO BATEZ BESTEKO KOSTUA III. BAREMOA BETETZEKO
VII. ERANSKINA
EMANDAKO DIRU-LAGUNTZAREN JUSTIFIKAZIOA