EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018195

AGINDUA, 2018ko irailaren 12koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Fundación Hurkoa Fundazioaren estatutuen aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak.

Xedapenaren data: 2018-09-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201804934
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko ekainaren 12an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko Fundación Hurkoa Fundazioaren estatutuen aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak. Fundazioaren patronatuak erabaki zuen aldaketa horiek egitea, 2018ko maiatzaren 28an. Espedientean jasotako agiriak erantsi zitzaizkion eskabide-idazkiari.
Bigarrena.– 2018ko uztailaren 9ko idazki baten bidez, Fundazioen Erregistroak eskatu zion fundazioari zuzen zitzala atzemandako akatsak, eta 2018ko uztailaren 27an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskatutako dokumentazioa.
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio agindu bidez ebaztea fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea. Hala aurreikusten da xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.
Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta lehenengo xedapen iragankorrean; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan. Horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación Hurkoa Fundazioaren estatutuen aldaketak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin baitziren; aldaketa horiek bat datoz 2018ko ekainaren 8an Guadalupe María Inmaculada Adanez notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 1.095). Eskritura hori 2018ko uztailaren 26an egiletsitako eskritura publikoaren bidez zuzendu zen (protokolo-zenbakia: 1.462).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 12a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.