EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018195

AGINDUA, 2018ko irailaren 10ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Residuo Cero fundazioaren eratzea inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

Xedapenaren data: 2018-09-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201804933
Maila: Agindua
Aztertuta geratu da Galdakaoko Residuo Cero fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko espedientea. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko martxoaren 18an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, Residuo Cero fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Álvaro Saiz Ruiz jaunak sortu zuen fundazio hori). Eskabideari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.
Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak, 2018ko ekainaren 4ko idazki baten bidez, interesdunei eskatu zien zuzen zitzatela bidalitako dokumentazioan aurkitutako akatsak, eta 2018ko abuztuaren 22an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskatutako dokumentazio hori.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2018ko irailaren 10ean aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Laugarrena.– Fundazioaren estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioak xede hauek ditu:
«Jarduerak sustatzea, gauzatzea, laguntzea eta finantzatzea, honako xede orokor hauek erdiesteko: gizarte-laguntzak ematea eta gizarteratzea sustatzea; gizatasuneko, hezkuntzako, kulturako, zientziako, osasuneko eta laneko helburuak; sendotze instituzionala eta garapenerako lankidetza; boluntariotza eta gizarte-ekintza sustatzea; ingurumenaren defentsa eta gizarte-ekonomia sustatzea; arrazoi fisikoak, jatorrikoak, sozialak edo kulturalak direla-eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak bultzatzea eta haiei arreta eskaintzea; tolerantzia sustatzea eta informazio-gizartea garatzea; ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa, eta elikagaiak, ura eta beste material batzuk murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea.»
Bosgarrena.– Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Santi Brouard plaza 1, Galdakao (Bizkaia). Fundazioak bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du bere jarduna.
Seigarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da. Hasieran, fundazioaren sortzaileak 7.500 euro eman zituen. Gainerakoa ordaintzeko, gehienez ere bost urteko epea egongo da.
Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago xedatuta fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, honako hauek izango dira:
– Lehendakaria: Álvaro Saiz Ruiz jauna.
– Idazkaria: Coro Ibarra Asensio andrea.
– Diruzaina: Ainhoa Crespo Gadea andrea.
– Bokala: Juan Marcos de Miguel Sagnier jauna.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluak ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 9.,artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetan eta F-432 erregistro-zenbakiarekin–: Galdakaoko (Bizkaia) Residuo Cero fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek zortzigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek ere espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2018ko martxoaren 28an Jose Pablo Iracheta Undagoitia notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 349). Eskritura hura datuak zuzendu eta sartzeko eginbideen bidez zuzendu zen. Eginbide haiek notario berak eman zituen, 2018ko uztailaren 19an eta abuztuaren 9an hurrenez hurren.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 10a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.