EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2018193

EBAZPENA, 2018ko irailaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Oriamendi inguruko lurzoru urbanizaezinean karabana eta autokarabanentzako kanpinaren Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategiakoa, Viveros Oriamendi SL eta Donostiako Udalak sustatua.

Xedapenaren data: 2018-09-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201804869
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko abenduaren 9ko Ebazpenaren bidez egin zen Donostiako Oriamendi inguruko lurzoru urbanizaezinean karabana eta autokarabanentzako kanpinaren Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua, bai Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.
2017ko irailaren 4ko Iragarkiaren bidez, Donostiako Udalak 45 egunez jendaurrean jarri zituen Plana eta ingurumen-azterketa estrategikoa, baita azterketa horren laburpen ez-tekniko bat ere, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko, eta iragarki hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2017ko irailaren 11n.
Donostiako Udalean jendaurrean jartzeko izapidetze-epea beteta, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Donostiako Udalak 2017ko irailaren 6an egin zien kontsulta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta: Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusia, Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta Kudeaketa eta Plangintzako Zuzendaritza Nagusia, guztiak ere Gipuzkoako Foru Aldundikoak; Natura Ingurune eta Ingurumen Plangintza Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Osasun Publikoaren Zuzendaritza, guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak; Ihobe; Uraren Euskal Agentzia; Ekologistak Martxan, eta Aranzadi Zientzia Elkartea.
Ebazpen honen eranskinean jasotzen da ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako ingurumeneko kontsulta-izapidearen emaitza.
2018ko maiatzaren 15ean, ingurumen-adierazpen estrategikoa osatu du Donostiako Udalak, otsailaren 27ko 3/1998 Legean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat.
Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:
– Lurzoru urbanizaezinean autokarabanentzako kanpinaren Plan Bereziaren azken proposamena (Oriamendi inguruan).
– Lurzoru urbanizaezinean autokarabanentzako kanpinaren Plan Bereziaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Oriamendi ingurua.
– Jendaurreko erakustaldiaren eta entzunaldiaren emaitza deskribatzeko hainbat dokumentu, baita jasotako txostenak aintzat hartzeko moduari buruzko idazkia ere.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.
Horrela, bada, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak eskatzen du Donostiako Oriamendi inguruko lurzoru urbanizaezinean karabana eta autokarabanentzako kanpinaren Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) egitea eta onartzea, eta Donostiako Udalak du plan hori behin betiko onartzeko eskumena, arau horretan xedatutakoarekin bat etorriz. Halaber, etorkizunean karabana eta autokarabanentzako kanpina izango den eremuaren ordenamendu xehatua egiten du Planak, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin behar zaio proiektu horri.
Orobat, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko a) letran jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen Hiri Antolamendurako Plan Bereziak. Bada, holako kasu baten aurrean gaude, ingurumen-inpaktuaren azterketa egin behar zaion proiektu baten baimenerako marko bat ezartzen baitu Planak.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Donostiako Udalak, organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 9ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta Plana aplikatzeak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen, azkenik onartuko den Planean sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.
Hona arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostena aztertu da, eta xedapen hauek guztiak ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskadiko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea Donostiako Oriamendi inguruko lurzoru urbanizaezinean karabana eta autokarabanentzako kanpinaren Plan Bereziarentzat (aurrerantzean, Plana), Viveros Oriamendi SLk eta Donostiako Udalak sustatua. Hau da adierazpenaren edukia:
A) Planaren xedea da hirigintza-parametroak definitzea karabana eta autokarabanentzako kanpin berri bat ezartzeko, Goiaztxiki bidean, Oriamendi inguruan, Donostiako udalerrian, betiere, eremu horretarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko zehaztapenak errespetatuz (2010eko ekainaren 25ean behin betiko onartu zen plan nagusi hori).
Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, lurzoru urbanizaezin gisa sailkatua dago Planaren xede den eremua, D.30 Landako abeltzaintza eta landazabala kategorian. Aipatutako plan orokorraren 81. artikuluak baimentzen ditu kanpamendu turistikoak gune horietan, baina, betiere, arlo horretan indarrean dauden xedapenetan, indarreko hirigintza-plangintzan eta berau garatzeko sustatutako edo berak finkatutako plangintzan ezarritako irizpideei egokitzen badira. Bestalde, «lotura ekologikorako korridorea» eta «eremu degradatua» izateko baldintzatzaile gainjarriak ematen dizkio Donostiako HAPOk gune horri. Ondorioz, plangintza orokorrarekin bat dator kanpin-proiektua, baldin eta plangintza horren zehaztapenak errespetatzen badira eta eremuko lotura ekologikoa bermatzen bada, betiere.
Planaren eremuak 20.000 m
Egun, 640 m
Planean kanpinerako aurreikusitako guneak bat egiten du 20069-00299 lurzatiarekin, zeina, hondakin geldoen isuriak jasateagatik, jasoa baitago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan.
Urumea ibaiaren arroakoa da gunea, eta ez du ez azaleko uren sarerik ez bestelako ur-punturik. Iragazkortasun baxua du, eta akuiferoak hondatzeko arrisku oso txikia. Natura 2000 Sareko espazioekin eta babestutako bestelako espazio naturalekin ere ez du bat egiten, eta ez du Europaren intereseko habitatik.
Dagoen landarediari dagokionez, toki antropizatuetako espezieen presentzia adierazi behar da (formazio erruderalak eta nitrofiloak, sasitzak...); halaber, gune hori inguratzen dute berau kontserbatzeko intereseko harizti azidofiloek, izan ere, eremu horretako paisaia natural propioa da. Dirudienez, formazio horiei ez die eragingo proposatutako kanpinak. Fauna dela-eta, berriz, ez dago intereseko espezie babesturik.
Airearen kalitateari eta zaratari dagokienez, aurkeztutako informazioarekin bat, akustikaren kalitate-xedeak beteko dira jarduera berrietarako. Bestalde, guneko airearen kalitatea oso ona da, oro har.
Laburbilduz, landa- eta hiri-ingurunearen arteko trantsizio-gune batean dago autokarabanentzako kanpina kokatu nahi den area; artifizialdutako paisaiaren ingurumen-unitate bat da hein handi batean, nahiko degradatua, zeinetan agertzen baitira flora-espezie oportunistak, natura-balio handirik gabeak.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren xedea da Plan honen esparrukoa den proiektua etorkizunean betearaztearen ondorioz sortutako ingurumen-efektuak kalkulatzea, eta efektu horiek ekidin, zuzendu edo konpentsatzeko beharrezkoak diren zehaztapenak sartzea. Plana betearaztearen ondorioz, efektu hauek sor litezke, besteak beste:
Hauen gaineko efektu negatiboak sor ditzakete kanpinaren eraikuntza-fasean egin behar diren jarduketek: betelana, lurzoruaren kalitatea, paisaia, gunean dauden habitatak eta airearen kalitatearekin, akustikarekin, hondakinak sortzearekin, isurien arriskuarekin eta abarrekin lotutako eragozpenak. Funtzionamendu-fasean, baliabideen kontsumoa handituko da funtsean, baita hondakinak sortzea, kutsadura akustikoa eta atmosferikoa eta abar ere. Halaber, lursailaren drainatzeko gaitasuna aldatuko da haren zolatzea eta okupazioa dela eta.
B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko abenduaren 9ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.
Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.
C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.
D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimenduzkoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.
Gainera, aurreikusitako landareztatze-lanentzat, espezie autoktonoak bakarrik erabiltzeari buruz Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak egindako proposamena hartu beharko du Planak.
E) Ingurumen-jarraipenaren plana.
Azterlanak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Planaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk antzemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, bai Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako, bai funtzionamendu-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.
F) Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.
Planaren ondoriozko planen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta 2016ko abenduaren 9ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan adierazitako ingurumen-irizpideak. Eragina izan behar du, besteak beste, jada artifizialdutako lurzoruen erabileraren lehenespenean, baliabideen erabilera jasangarrian eta lurraldearen gaineko eskuhartzeen paisaia-integrazio egokian.
Planaren eremuak bat egiten du lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokaleku batekin (kodea: 20069-002990), eta, beraz, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada.
Bigarrena.– Plana onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako entzunaldi-izapidearen emaitza, Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoari dagokionez.
Eranskin honetan aztertzen da ukitutako administrazio publikoek eta herritar interesdunek emandako txostenen edukia, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren helburu den Planaren alderdiei dagokionean, hau da, Planaren esparruan, etorkizunean burutuko diren proiektuetatik erator litezkeen ingurumen-efektuei loturiko alderdiei dagokionean.
Ingurumen-adierazpen estrategikorako eskabideari lotutako espedientean, honako organismo hauen txostenak daude jasota:
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila.
– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
– Uraren Euskal Agentzia.
– Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa, Ihobe.
Jarraian laburbiltzen dira aipaturiko txostenean ageri diren gairik aipagarrienak, eta azaltzen da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozeduran nola hartu diren aintzat.
– Espezie autoktonoak soilik erabiliko dira landareztatzeko. Uste da egokiak direla ingurumen-azterketa estrategikoan aipatutako espezie autoktonoak, eta, beraz, proposatutako espezie aloktonoak baztertu behar dira. Planean berariaz jasoko da hautu hori.
– Planaren eremuak bat egiten du lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako kokaleku batekin (kodea: 20069-002990), eta, beraz, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da, baldin eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada. Kasu horietan sartzen da kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat dagoen edo egon den lurzoru batean ezartzea edo handitzea jarduera bat.