EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-10-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2018190

AGINDUA, 2018ko irailaren 12koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena. Honen bitartez, kudeaketa-plan esperimentala luzatzen da Billano lurmuturraren eta Bakioko Birjilandaperen artean kokatzen den itsasertzean lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko, eta lanpernak biltzeko zenbait debeku ezartzen dira.

Xedapenaren data: 2018-09-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201804787
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2014/11/24an argitaratutako 2014/11/12ko AGINDUA luzatzen du [201405017]

Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legeko 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, itsas jarduna antolatu eta arautzeko finkatzen diren neurriek, jasangarritasuna oinarri dutela, itsas baliabideak babestera eta kontserbatzera joko dute, eta itsasaldeko komunitateak garatzera. Halaber, lege horretako 6. artikuluaren arabera, itsas baliabideen ustiapena egokia eta arrazoizkoa izateko, baliabideok legez baimendutako bitartekoak eta aparailuak erabiliz ustiatu behar dira, eta oreka jasangarria bermatu behar da jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen babes eta kontserbazioaren artean.
Premisa horietatik abiatuz, Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak lanperna ustiatzeko bi plan esperimental ezarri zituen: bat, Donostiako Igeldoko itsasargiaren eta Orioko udalerriko Anarri lurmuturraren artean dagoen itsasertzeko tartean, eta beste bat, 2014ko azaroaren 12ko Aginduaren bidez, Gorlizeko Billano lurmuturraren eta Bakioko Birjilandaperen artean kokatzen den itsasertzeko tartean.
Plan hartan aurreikusten zen datuak biltzea, bai baimendutako biltzaileen aldetik, bai eta Aztiren aldetik ere. Arrantzaleek arrantza-koadernoetan eskatutako informazioa eman dute, baina AZTIk ezin izan ditu dagozkion laginketak egin. Horren ondorioz, informazio urria eskuratu da lanpernaren biomasari buruz.
Informazio hori beharrezkoa denez behin betiko kudeaketa-planari buruzko erabakiak hartzeko, AZTIk plan esperimentala luzatzeko aholkua eman du, beste urtebetez gutxienez.
Agindu honen helburua da lanpernak (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko plan esperimentala luzatzea, Billano lurmuturraren (43.º26´02.99´´N eta 2.º56´40.62´´O) eta Bakioko Birjilandaperen (43.º25´55.52´´N eta 2.º48´41.19´´O) arteko itsasertzean.
Plan hori aplikatzearen ondorioz, lanpernak harrapatzeko debekua ezartzen zaie bai aisialdiko arrantzaleei, bai eta espresuki baimenduta ez dauden arrantzale profesionalei ere.
102/1997 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoaren bidez, ahalmena ematen zaio arrantza gaietan eskumena duen sailburuari debekualdien eta gutxieneko neurrien taula orokorra aldatzeko, kirol-arrantzaleentzat debekatuta dauden espezieen kopurua handitzeko, eta biltzeko garaia, era eta tokiak finkatzeko, txosten eta irizpen teknikoen arabera.
Hori guztia kontuan izanik, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Billano lurmuturraren (43.º26´02.99´´N eta 2.º56´40.62´´O) eta Bakioko Birjilandaperen (43.º25´55.52´´N eta 2.º48´41.19´´O) artean kokatzen den eremuan lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko kudeaketa-plana luzatzea onartzea. Agindu honen eranskinean jasota dago kudeaketa-plan horren arauketa.
Bigarrena.– Billano lurmuturraren (43.º26´02.99´´N eta 2.º56´40.62´´O) eta Birjilandaperen (Bakioko udalerria, 43.º25´55.52´´N eta 2.º48´41.19´´O) artean lanpernak biltzea debekatzea bai aisialdiko arrantzaleei bai plana betearazteko baimenduta ez dauden profesionalei.
Hirugarrena.– Ahalmena ematea Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.
Laugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bosgarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 12a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
LANPERNAK USTIATZEKO KUDEAKETA-PLAN ESPERIMENTALA BILLANO LURMUTURRAREN ETA BAKIOKO BIRJILANDAPEREN ARTEAN DAGOEN ITSASERTZEAN
1.– Ustiatu daitekeen espeziea.
Planaren xedea lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzea da.
2.– Ustiapen-eremuak.
Billano lurmuturraren (43.º26´02.99´´N eta 2.º56´40.62´´O) eta Birjilandaperen (Bakioko udalerria, 43.º25´55.52´´N eta 2.º48´41.19´´O) arteko itsasertzaren zatia da ustiapen-eremua.
3.– Planaren indarraldia.
Kudeaketa-plan hau 2019ko maiatzaren 31ra arte egongo da indarrean.
4.– Jardueraren baldintzak. Baimenak.
Planaren ustiapen-eremuan, planaren aurreikuspenen arabera edo plana garatzen duten ebazpenen arabera baimendutako pertsonek baino ezin izango dituzte lanpernak bildu.
Ustiapen-eremuan lanperna biltzeko baimena eskatu ahalko dute oinezko itsaski-biltzaileen erroldan dauden pertsonek.
Baimen-eskaera bideratuko da Mundakako Kofradiaren bidez, edo zuzen-zuzenean Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzan.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak lanpernak biltzeko baimena eman ahalko die itsaski-biltzaileen erroldan ez dauden arrantzale profesionalei, baldin eta gomendagarria bada Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzean lanpernak (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko planak aplikatzearen bideragarritasuna aztertzeko proiektu pilotuan lortu nahi diren helburuak lortzeko.
Planean parte hartzeko baimena ematen badute, ebazpenek berariazko baldintza eta jarraibideak eduki ahal izango dituzte bai lanperna-bilketari buruz bai datuen aurkezpenari buruz.
Planean parte hartzeko baimenduta dauden itsaski-biltzaileek ez dute baimena berritu beharrik.
5.– Gehieneko ustiapen-kuota.
Ez da egokitzat jotzen gehieneko ustiapen-kuota ezartzea.
6.– Biltzeko aldia.
Planaren helburu esperimentala dela-eta, biltzeko aldia luzatu egingo da agindu hau argitaratzen denetik 2019ko maiatzaren 31ra arte.
7.– Gutxieneko neurria.
Ale solteentzat 40 mm-ko gutxieneko neurria ezartzen da; horretarako, lanpernak, tenkatu gabe dela, guztira zer luzera duen (L) neurtuko da, kapituluaren muturretik pedunkuluaren oinarriraino, eskema honi jarraituz:
Biltzerakoan lanpernak «multzoan» ateratzen badira, gutxieneko neurri horretara heldu beharko dute, gutxienez, multzo bakoitzaren pisuaren % 60 osatzen duten aleek.
8.– Bilketarako metodoak eta baldintzak.
Debekatuta dago lanpernak biltzea larunbateko 00:00etatik igandeko 24:00etara bitartean, baita jaiegunetan ere. Debeku hori salbuetsiko da astean zehar itsaski-bilketa ezin izan bada burutu arrazoi objektiboak direla-eta: baldintza meteorologikoak, itsasoaren egoera txarra, etab.
Oinez baino ez da onartuko itsaski-bilketa. Debekatuta dago urpean igeri egiteko ekipamendu edo sistema autonomoak edukitzea edo erabiltzea.
Marearteko zonan besterik ez da bilduko.
9.– Salmenta-oharra.
Arrantza-politika komunaren kontrolari eta gainerako garapen-arauei buruzko Kontseiluaren azaroaren 20ko 1224/2009 Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, «salmenta-oharra» agiria formalizatu beharko da eta erakunde ofizialei jakinarazi, ohiko bitartekoak erabiliz.
10.– Bildutakoaren jarraipena.
Arrantza-egunkaria emango zaie lanpernak biltzeko baimena duten pertsonei, bete dezaten. Kanpainan zehar, hilabete bakoitzaren amaieran bilketen egunkaria Arrantza Zuzendaritzara bidaliko da.
Egunkarian, bildutako kopuruaz gain, jasota utziko da zer tokitan bildu diren, egunean-egunean, lanpernak.
11.– Baliabidearen jarraipena.
Bilketa-sasoia amaitu ondoren, edo sasoiaren bitartean, baliabidearen egoeraren jarraipena egingo da, AZTI-Tecnaliak ezartzen duen metodologiari jarraituz. Beharrezkoa bada, Arrantza eta Akuikultura zuzendariak gebenaldia aginduko du, aztertu beharreko eskualdeetan.
Baliabidearen eta bildutakoaren jarraipena eginda zer emaitza lortzen den ikusi eta adierazleek horretarako aukera badela erakusten badute, kudeaketa-plan bat egingo da, berariaz, hurrengo bilketa-kanpainarako.
12.– Arau-hausteak.
Kudeaketa-plan honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, edo Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak baimenetan edo kudeaketa-plana garatzeko ebazpenetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, zehapenak ezarriko dira, aplikatzekoa den arrantza-araudiaren arabera.
13.– Lizentzia ezeztatzea eta etetea.
Lizentzia ezeztatu egingo da titularrak bete beharreko baldintzak betetzeari uzten badio.
Dagozkion zehapenez gain, lizentzia ezeztatu egingo da bi arau-hauste edo gehiago eginez gero itsaski-bilketa arloan.
Lizentzia ezeztatzeko espedienteak izapidetu bitartean, baimena etenda uzteko kautela-neurria hartu ahal izango da.
14.– Ustiapen-plana etetea.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, arrazoitutako ebazpenaren bidez, kudeaketa-plana eten eta planaren ustiapen-eremuan lanpernak biltzea debekatu ahal izango du, hala egitea komeni dela erabakitzen bada, espezieen kontserbazio-egoerari eta jasangarritasunari eragiten dieten baldintzak egonez gero.