EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2018184

AGINDUA, 2018ko irailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez diru-laguntzak emateko deialdi bat egiten baita. Diru-laguntza horiek ikastetxe itunduetako Lanbide Heziketako irakasleak 2018ko ekitaldian enpresekin lankidetzan jardunez zientziaren eta teknologiaren arloetan egunean jartzeko dira.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-09-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201804638
Maila: Agindua
Zientziaren eta teknologiaren aurrerapenek gaitasun handiko irakasle berriak arintasunez garatzea eskatzen dute, hau da, ekoizpen-inguruneetako beharrei erantzungo dieten irakasleak garatzea. Oso espezializatuak dauden eta eskakizun teknologikoen etengabeko bilakaeratik eratorritako aldaketa azkarretara egokitzeko prestatuta dauden profesionalen beharrei erantzuna emateko, Euskadiko Lanbide Heziketako irakasleek etengabe eguneratu behar dituzte beren konpetentzia zientifiko eta teknologikoak, eta, horrez gain, daukaten ezagutza ikaskuntza-metodologia berrien bidez ikasleei transmititzeko gaitasuna hobetu behar dute etengabe.
Ildo horretan, LHko Euskadiko IV. Planak, Lanbide Heziketa Integratuaren ardatzaren baitan, hainbat helburu estrategiko ditu eta horien artean dago «lanbide-heziketa ekoizpen-sektoreen eta pertsonen enplegagarritasunaren egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzea, enpresetan gero eta handiagoa den prestakuntza- eta espezializazio-mailetara moldatzeko».
Helburu horretan aurrera egiteko, besteak beste, jarduketa hau planteatu da: «ikastegietako irakasleen prestakuntza bultzatzea, lanbide-heziketan aldaketa eta eraldaketa bultzatzeko beharrezkoak diren gaitasun eta jokabide berriak garatzea bilatuz». Horretarako, hau planteatu da:
● Irakasleen prestakuntza indartzea, gaitasun eta metodo berriak garatzera bideratuta, gero eta espezializatuagoa eta konplexuagoa den ikaskuntza-ingurune batera egokituta.
● Ikastetxeetako irakasleek euskal enpresa-errealitatea ezagutarazten laguntzen duten jarduerak ezartzea, euren lan egiteko moduetan eta ikasleekin dituzten harremanetan transmititu ahal izateko.
Gainera, Euskadiko Lanbide Heziketan ezartzen ari diren ikaskuntzako metodologia aktibo/kolaboratibo berriak STEAM (Science, Technology, Engineering, Art/Design, Mathematics) gaitasunak garatzera bultzatzen dute, ekoizpen-inguruneetako errealitateari lotutako erronka errealetan oinarritutako lanekin.
Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da irakasleek konpetentzia zientifiko eta teknologikoak eguneratzea ikastetxe eta enpresen arteko lankidetzatik eratorritako erronka errealak garatuz. Agindu honen bidez finantzatuko diren jarduerak Lanbide Heziketako irakasleak elkarlanean arituko diren enpresetako arazo errealetan oinarrituta egongo dira. Horrela, irakasleen ezagutza eta gaitasunak eguneratuko dira, eta, horrez gain, jakinaren gainean egongo dira ekoizpen-sektore desberdinak orain planteatzen ari diren eta etorkizunerako planteatzen ari diren erronka eta beharren inguruan.
Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 102.1 artikuluan ezartzen du etengabeko prestakuntza eskubidea eta betebeharra dela irakasle guztientzat, eta erantzukizuna, berriz, hezkuntza-administrazioentzat eta ikastetxeentzat.
Gainera, artikulu horretako 2. apartatuan zehazten da etengabeko prestakuntzako programetan, jakintzak eta metodoak berariazko zientzien eta didaktiken bilakaerara egokitzeko zeregina hartu beharko dela kontuan, baita irakaskuntzaren kalitatea eta ikastetxeen funtzionamendua hobetzera zuzenduta dauden alderdi guztiak ere.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak 3.2.g) artikuluan ezartzen du, lanbide-heziketako euskal sistemaren lehentasunezko helburuen artean, irakasleei eman behar zaiela gizartearen edo sektoreen beharrizan berriei egokitzen zaien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko oinarrizko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak eta bestelako tresna profesionalak.
Halaber, aipatutako 4/2018 Legeak 7.3 artikuluan esaten du berrikuntza aplikaturako ikaskuntzak ingurune estrategiko espezializatuak sor daitezen bultzatuko duela, ingurune horiek lagundu egingo baitute lanbide-heziketako ikastetxeek eta enpresek bat egitea eta lankidetzan jardutea, hainbat produkzio-sektoretan, batez ere ETE enpresa txiki eta ertainen eremuan.
Gainera, esandako 7. artikuluaren 6. apartatuan, ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak berrikuntza aplikaturako ikaskuntzaren eremua bultzatuko duela, bai lanbide-heziketa ikasten diharduten gazteen artean bai ikasketa horiek egiten dituzten biztanle aktibo landunen eta langabeen artean, eta, horrela, berrikuntzaren kultura sustatuko duela pertsona horiengan.
Ildo horretan, aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak, lanbide-heziketako irakasleei buruzko 31 artikuluan, esaten du lanbide-heziketan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeko, ezinbestekoa izango dela irakasleak prestatzea, ikasgela barruan lantzeko metodologia aktibo berriak ikasi eta gara ditzaten eta eduki profesional espezifikoak berengana ditzaten, irakasle horiek ingurune konplexuetan aritzeko dituzten gaitasunak areagotzeko. Ondorio horretarako, esandako 31 artikuluaren 2. apartatuan, ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak irakasleentzako prestakuntza-programak eratuko dituela, eta, horietan, aurreko paragrafoan zehaztutako arloei emango zaie lehentasuna, baina baita teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneetan aurrera egin ahal izateko ekintzak sustatzeari ere.
Halaber, aipatutako 31 artikuluaren 3. apartatuan zehazten da irakasleentzako etengabeko prestakuntzako programak egin ahal izango direla prestakuntza-zentroetan edo beren lan-prozesu edo -jardunbide aurreratu eta berritzaileengatik nabarmenak diren enpresetan.
Azkenik, apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak (Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari esleitzen dizkio, beste funtzio batzuen artean, hauek:
● Lanbide-heziketaren ikaskuntza-maila desberdinetan STEAM kultura bultzatzea.
● Irakasleen prestakuntzara zuzendutako ekintzak sustatzea, ingurune teknologikoki oso aurreratuetan behar bezala erantzuteko gai izan daitezen.
Agindu honen jarduerak 5414 «Berrikuntza Funtsa» programaren baitan daude. Programa horrek ekimen eta proiektu estrategikoen garapena sustatzen du, baldin eta bat egiten badute 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin eta Euskadi RIS3 espezializazio-estrategia adimendunarekin.
Kontuan hartu da honako hauek zer dioten: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa–; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.
Horregatik guztiagatik, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1.– artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da diru-laguntza batzuk arautzea, hain zuzen ere, Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu itunduetako irakasleak zientzia eta teknologiaren arloan egunean jartzeko jardueretarako lehiaketa-prozeduraren bidez eman beharrekoak. Egunean jartze hori 2018ko ekitaldian ikastetxe eta enpresen arteko lankidetza-proiektuen bidez egin nahi da.
2.– artikulua.– Jardueren esparru orokorra.
Deialdi honen xede diren jardueren helburua da Lanbide Heziketako irakasleak eguneratzea zientzia eta teknologiaren arloan, ikastetxe eta enpresen arteko lankidetzaren bidez. Lankidetza hori honetan oinarrituko da: irakasleek enpresan behatzea bai produktuen bai ekoizpen-prozesuen garapena eta horietan enpresak hobekuntza-aukera bihurtu nahi dituen erronkak detektatzea. Ikastetxearen eta enpresaren arteko berrikuntza-proposamen baten bidez ebazten saiatuko dira erronka horiek eta TKGUNE programa txertatuko da bertan. Hori guztia TKNIKAko (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa) Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloak koordinatuko du.
Horren guztiaren helburua da irakasleek konpetentzia zientifiko eta teknologikoak eguneratzea beren espezialitateari dagozkion ekoizpen-sektoreetan planteatzen diren erronka errealetan lan eginez. Ondoren, irakasle horiek ezagutza hori guztia ikastetxeko ikasleei eta gainerako irakasleei transmitituko diete; hartara, horrekin ekarpena egingo zaio Lanbide Heziketako irakasleen eta ikasleen STEAM gaitasunen garapenari.
3.– artikulua.– Jardueren baldintzak.
Agindu honen bidez finantzatuko diren jarduerek baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Parte hartuko duten ikastetxeek behaketak zer enpresetan egin nahi dituzten planifikatu beharko dute. Enpresa horiek langile 1etik 249ra bitarteko ETEak izan beharko dute.
2.– TKNIKAk (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa), Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mendekoak, baliozkotuko du ikastetxe bakoitzak proposatutako enpresen zerrenda, irakasleak zientziaren eta teknologiaren arloetan eguneratzen direla eta ezagutza transmititzen dela bermatuko baita. Baliozkotze horren bidez ziurtatuko da enpresa bat ez dela izango TKGUNE sareko ikastetxe bat baino gehiagoren plangintzan. Enpresa bat ikastetxe batek baino gehiagok proposatzen badute irizpide hauek jarraituko dira hurrenez hurren:
a) Lehentasuna izango du enpresarekin lehendik erlazio bat izan duen ikastetxeak, aurreko bi ikasturteetan, ondoko bi modalitateen batean: ikastetxeko ikasleek lantokiko prestakuntzako modulua egitea, ikastetxeko ikasleek Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala egitea, enpresako langileei etengabeko prestakuntza ematea.
b) Lehentasuna izango du ikastetxearen eta enpresaren arteko hurbiltasun geografikoak (eskualde berdina).
c) Baldintza-berdintasunak jarraitzen badu, eskaeran 14. artikuluko irizpideen arabera balioztatze onena jasotzen duen ikastetxeari esleituko zaio enpresa.
3.– Enpresako behaketetan, enpresarekin lankidetzan, ekoizpen-sektoreen problema erreal baten bidez, irakasleek konpetentzia zientifiko eta teknologikoak eguneratzea ekarri dezaketen, eta aldi berean enpresarako hobetzeko aukera bat izan daitekeen, erronkak detektatuko dira. Erronka horiek ikastetxe eta enpresaren arteko berrikuntza-proiektu baten bidez ebatziko dira. Proiektu hori dokumentu batean gauzatuko da eta, bertan, zehazki identifikatuko da ikastetxeko irakasleek garatu behar duten lana.
4.– Ikastetxe bati onartutako enpresa batean behaketa ezin bada egin, TKNIKAren beste baimen batekin ordeztu ahal izango da.
5.– Irakasleek Agindu honen xede diren jarduerak eskola-orduetatik kanpo egingo dituzte.
6.– Agindu honen xede diren jarduerak 2018ko ekitaldian garatuko dira, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15a arte.
4. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak izan ahal izango dira EAEn Lanbide Heziketako erdi-mailako edo goi-mailako prestakuntza-zikloak emateko ofizialki baimendutako ikastetxe pribatu itunduak, baldin eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 eta 14. artikuluetan ezarritakoa betetzen badute eta baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 eta 6 artikuluan.
2.– Ikastetxe parte-hartzaileek TKNIKAk (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa) koordinatutako TKGUNE sarekoak izan beharko dute.
3.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez.
Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako, ez du ikastetxe eskatzaileen baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.
Ikastetxe onuradunak berariaz egin diezaioke uko baimen horri. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege-dekretu horren bidez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zen.
4.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Nolanahi ere diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.
5.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat dutenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena betez.
5.– artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
400.000 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.
6.– artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Hasieran eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa ikastetxe bakoitzak aurkeztutako eta TKNIKAk baliozkotutako enpresa-zerrendaren arabera kalkulatuko da eta hurrengo atalen batuketa izango da:
1.– 150 euro baliozkotutako enpresa bakoitzeko.
2.– 400 euro * baliozkotutako enpresa-kopuruaren % 30, irakasleen irakaskuntzarako eta enpresaren intereserako diren ikastetxe eta enpresa lankidetza proiektuak diseinatzeko.
3.– 1.300 euro baliozkotutako enpresa-kopuruaren % 10, diseinatutako proiektuak gauzatzeko.
4.– Ikastetxe bakoitzeko emango den gehieneko zenbatekoa 45.000 eurokoa izango da.
7.– artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen diru-laguntzekin.
II. KAPITULUA
ESKABIDEAK, AUKERAKETA ETA PROZEDURA
8.– artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskabideak, kontsultak eta izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duenak.
3.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/erasmus-plus/y22-izapide/es
Eskabidea egin osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/
9.– artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira Euskadi.net egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/fp-empresa/y22-izapide/es)
3.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.
4.– Eskaerak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).
5.– Ikastetxe eskatzailea ez badago alta emanda Ogasun eta Finantzetako Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, izapide hori bide elektronikoa erabiliz egin beharko du:
https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml
Gune elektroniko horretan, bertan dauden datuak aldatu ere egin ahal izango ditu. Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea alta emanda dagoen erregistroan.
10.– artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1.– Eskabide-orria behar bezala beteta, agindu honen I. eranskinari jarraikiz.
2.– Lankidetza izan nahi den enpresen zerrenda, II. eranskineko ereduaren arabera eta hau adieraziz:
a) Izena, lurralde historikoa, udalerria, EJSN eta langile-kopurua eta, hala badagokio, enpresarekin aurretik izan duen harreman-mota, beti ere 3.2.a artikuluan aurreikusitako modalitateen artean.
b) Enpresetan behaketa zein hilabetetan egin den edo zein hilabetetan egitea aurreikusten den.
c) Irakasleen jakintza trukatze eta eguneratze zientifiko-teknologikoan lortu beharreko helburuak (adibidez: energiaren efizientzia, ekoizpen-prozesua, material berriak, sektore medikoa, zerbitzu berriak, errealitate birtuala, automatizazioa,...).
3.– Ikastetxeko ikasleei eta gainerako irakasleei ezagutza transmititzeko konpromisoa, II. eranskinean jasoa.
4.– TKGUNEren esparruan, 2016ko irailaren 1etik deialdi honetarako eskaerak egiteko epea itxi arte, enpresekin egindako lankidetza-proiektuak, TKGUNE aplikazioan behar bezala erregistratuta. Ikastetxearen ziurtagiria.
11.– artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
12.– artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzen dituen organoa.
Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria izango da agindu honetan araututako diru-laguntzen organo kudeatzailea.
13.– artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Jardueren balorazioa, 15. artikuluan xedatutako irizpideen arabera, honako hauek kide izango dituen batzorde batek egingo du:
– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria; lehendakaria izango da.
– Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloko TKNIKAko arduraduna.
– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanetan jardungo duena; hitza eta botoa izango ditu.
14.– artikulua.– Balioztatzeko irizpideak eta esleipeneko prozedura.
1.– Eskabideak banan-banan balioztatuko dira, deialdi honetako betebeharrak betetzen direla egiaztatu ondoren. Balioztapena TKNIKAk egingo du TKGUNE programaren jarraipen-aplikazioan dagoen informazioan oinarrituta. Balioztapen horretarako irizpide hauek erabiliko dira:
a) Ikastetxeak TKGUNE sarean parte hartu duen ikastaro-kopurua, ikastaro bakoitzeko 1 puntu.
b) Lankidetza-ibilbidea ikastetxeko enpresekin: 0,1 puntu azken bi ikasturteetan (2016-2017 eta 2017-2018) enpresekin egindako lankidetza-proiektu bakoitzeko.
c) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-proiektuetan izandako partaidetza-ibilbidea. 0,5 puntu 2017-2018 ikasturteko proiektu bakoitzeko.
2.– Eskabideak balioztatu ondoren, ordenatu egingo dira, 1. puntuko baremoaren arabera lortutako guztizko puntuazioa kontuan hartuta.
Berdinketa badago emandako puntuazioan, lehentasuna emango zaio 2017-18an TKGUNE sarean garatutako proiektu kopuru handiena duen ikastetxeari.
3.– Puntuaziorik onena lortu duten eskaerei soilik emango zaie diru-laguntza, deialdi honetara bideratutako aurrekontu-kredituak agortu arte.
15.– artikulua.– Ebazpenak, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publikotasun-prozedura.
Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta haiei buruz ebaztea, ikastetxe interesdunek azaldutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, ebaluazio-batzordeak proposatuta.
Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Ebatzitakoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta egun berean banan-banan jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei bide elektronikoak erabiliz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/
Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesdun guztiei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Adierazitako epea igarota, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da: lehena, emandako laguntza osoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 19.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainerakoa (% 60), berriz, justifikazioa 20.– artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.
17.– artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzeak, eta, hala egokituz gero, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzeak, berekin ekarri ahal izango du ebazpena aldatzea, betiere haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko aginduko da.
18.– artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:
a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.
b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.
c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako diru-laguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasota daude edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan.
d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein diru-laguntza jaso izana.
2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA, EBALUAZIOA ETA ZIURTAPENA
19.– artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost egun naturaleko epean berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
2.– Ikastetxeko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako jarduerak.
3.– Emandako diru-laguntza justifikatzea 20. artikuluan jasotakoaren arabera.
4.– Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
5.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.
6.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
7.– Jakinaraztea ekimena Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Funtsak finantzatu duela; horrela, enpresa parte-hartzaileak jakingo dute Funts horrek ematen duen babesa.
8.– Planifikatzea irakasle parte-hartzaileek eskuratutako ezagutza ikastetxeko ikasleei eta irakasleei nola transmitituko dieten eta ikasgelan egindako aplikazio praktikoak erregistratuko dituzte.
20.– artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Ikastetxe onuradunek 2018ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute eta https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/ helbidearen bidez, ikastetxearen jarduketa jasoko duen jarduketa-memoria bat eta memoria horrek justifikazio-memoria ekonomiko bat ere izango du.
2.– Memoriak honako atal hauek izan beharko ditu:
a) Enpresa-zerrenda eta horietan garatutako jarduera. Kasu bakoitzean, dagokiona adieraziko da: behaketa, proiektu-entrega, ikastetxe eta enpresaren arteko lankidetza. Informazio horrek bat egin beharko du 2018ko abenduaren 15ean TKGUNE aplikazioan sartutako informazioarekin. Beraz, bertan egindako eta memoria laburtuan adierazitako ekintza bakoitzaren zehaztasuna egiaztatu ahal izango da.
b) Era berean, memoriak ikastetxe eta enpresaren arteko lankidetza desberdinen bidez lortutako ikaskuntza eta transferentziaren deskribapen laburtu bat izango du. Informazio horrek koherentea izan behar du 2018ko abenduaren 15ean TKGUNE aplikazioan egindako ekarpenekin, hau da, bertan egindako transferentziaren zehaztasuna egiaztatu ahal izango da.
3.– Gainera, ikastetxeak justifikazio-memoria ekonomikoa ere sartu beharko du, diru-laguntzan dagokion amaierako zenbatekoaren kalkuluarekin. Horretarako, egindako behaketetan, enpresetan aurkeztutako proiektu-kopuruan eta egindako ikastetxe/enpresa lankidetzetan oinarrituta, kalkulua egingo du arau hauen arabera:
a) Behatutako enpresak TKNIKAk onartutako zerrendan egon beharko dute eta TKGUNE aplikazioan behar bezala erregistratuta. Gainera, behaketa bakoitzari eskainitako orduen kopurua adieraziko da eta orduko 30 euro zenbatuko dira, behaketa bakoitzeko 150 euro gehienez kontatu arte.
b) Enpresari entregatutako eta aplikazioan behar bezala erregistratutako proiektu bakoitzeko, proiektu bakoitzari eskainitako ordu-kopurua adieraziko da eta orduko 30 euro zenbatuko dira, gehienez 400 eurora arte. Gainera, kontuan izango da entregatutako proiektuak diruz lagunduko direla baliozkotutako enpresen % 30era arte gehienez.
c) Gauzatutako proiektu bakoitzeko, eta behar bezala aplikazioan erregistratua, ikastetxeko irakasleek horretan eman dituzten ordu guztiak adieraziko dira. Ordu-kopuru hori egokia den edo ez enpresarekin egiaztatu beharko da. Apartatu honetan proiektu bakoitza egiteko erabilitako ordu-kopuruaren % 25 kontuan hartuko da eta orduko 30 euro zenbatuko dira.
d) Amaierako diru-laguntza aurreko apartatuen batuketa izango da, betiere lortzen den zenbatekoa ez bada hasieran emandako diru-laguntza baino handiagoa. Kasu horretan, amaierako diru-laguntzak bat egingo du hasierakoarekin.
e) Era berean, adierazi beharko da Agindu honetako diru-laguntzaren xede den jarduera finantzatu duen beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuk jaso diren, zenbatekoa eta jatorria adieraziz.
4.– Jarduketa-memoria artikulu honetako aurreko apartatuetako edukiaren arabera egin beharko da eta erreferentziatzat hartuko da III. eranskineko eredua.
5.- Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak, Agindu honentako 16. artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketa egin baino lehen, justifikazio-memoria ekonomikoa aztertu eta ikastetxeak egindako kalkulua balioa egiaztatuko du.
21.– artikulua.– Jarraipena.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako jarduerei, TKNIKAren Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloaren bidez, haiek egiten direla bermatzeko.
2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, TKNIKAren Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloak komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.
22.– artikulua.– Ebaluazioa.
TKNIKAren Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloak, ikastetxeek bidalitako amaierako memorian eta beharrezkotzat jotzen duen beste edozein datu edo txostenetan oinarrituta, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari bidaliko dio, ikasturtearen amaieran, lortutako emaitzen ebaluazio-txosten bat. Bertan adieraziko dira ikastetxe parte-hartzaileek egindako jarduerak, onartutako jardueretan aurreikusitako helburuen betetze-maila, eta proposatutako helburuak ez badira bete gutxieneko mailan, berariaz jakinaraziko da datu hori.
23.– artikulua.– Datu pertsonalak.
Deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza izeneko fitxategian sartuko dira, eta fitxategi horren xedea izango da diru-laguntzetarako deialdi hau kudeatzea, eta deialdian parte hartzen duten pertsonei haren garapenaren berri ematea. Deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute datu hauek tratatu eta argitaratzeko.
Fitxategi horren arduraduna Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Hori guztia bat dator datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei buruzko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta diru-laguntza publikoen gaineko arauak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 18a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
ESKABIDEA
II. ERANSKINA
Ezagutza transmititzeko konpromisoa eta lankidetzarako enpresen zerrenda
III. ERANSKINA
JARDUKETA ETA EKONOMIARI BURUZKO JUSTIFIKAZIO-MEMORIA