EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2018182

EBAZPENA, 2018ko irailaren 7koa, Hezkuntza Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena. Honen bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko Hezkuntzako sailburuaren 2017ko otsailaren 21eko eta 2018ko otsailaren 26ko Aginduen bidez deitutako hautaketa-prozeduretan hautatutako izangaien praktikaldia.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-09-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201804600
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/02/23an argitaratutako 2017/02/21eko AGINDUA [201700977]
  • Ikus 2018/02/27an argitaratutako 2018/02/26ko AGINDUA [201801028]
  • Ikus 2018/09/19an argitaratutako 2018/09/05eko AGINDUA [201804571]

Hezkuntzako sailburuaren 2018o irailaren 5eko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako praktiketako funtzionarioak izendatu dira, hain zuzen, Hezkuntzako sailburuaren 2017ko otsailaren 21eko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduran gainditu ez zituzten edo ikasturte batez praktikaldia atzeratu zituzten hautatutako izangaiak, bai eta sailburu beraren 2018ko otsailaren 26ko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduretan hautatutako izangaiak ere.
Aipatutako deialdiekin bat etorriz, praktikak arautu eta Kalifikazio Batzordeen osaera eta eskumenak zehaztu behar dira.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Batzordeek kalifikatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen eta Maisu-maistren kidegoetan praktiketako funtzionario izendatutako izangaien praktikak. Hona batzorde horien osaera eta jardute-prozedura:
1.1.– Kalifikazio Batzorde hauek eratuko dira, eta kide hauek osatuko dituzte:
A) Bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoa.
EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauek osatua:
– Hezkuntzako ikuskari bat Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du, eta Batzordeburu gisa jardungo du.
– Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.
– Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan, eta Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.
B) Lanbide heziketako irakasle teknikoen kidegoa.
EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauek osatua:
– Hezkuntzako ikuskatzaile bat Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du, eta Batzordeburu gisa jardungo du.
– Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bateko zuzendari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.
– Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoan kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan, eta Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.
C) Maisu-maistren kidegoa.
EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauek osatua:
– Hezkuntzako Ikuskari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du, eta Batzordeburu gisa jardungo du.
– Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendari bat; Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.
– Maisu-maistren kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan, eta Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.
1.2.– Kalifikazio Batzordeen osaera Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ eta http://www.irakasle.eus
1.3.– Kalifikazio Batzordeko kideei aplikatuko zaie Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa.
1.4.– Maisu-maistren kidegoaren kasuan, izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko zuzendariak proposatuta, kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle arituen tutoretzapean eramango da aurrera praktikaldia. Irakasle horiek ikastetxean destinoa duten Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen artean aukeratuko dira, eta, ahal izanez gero, izangaiak praktikak egiten dituen espezialitatean habilitazioa dutenen artean.
1.5.– Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoen kasuan, izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko zuzendariak proposatuta, Kalifikazio Batzordeek izendatutako irakasle arituen tutoretzapean eramango da aurrera praktikaldia. Irakasle horiek ikastetxean destinoa duten karrerako funtzionarioen artean aukeratuko dira, eta izangaiak praktikak egiten dituen espezialitate berekoak izango dira; ahal izanez gero, Katedratikoen kidegokoak izango dira, edo, bestela, izangaiak praktikak egiten dituen espezialitateri dagokion Didaktika Departamentuko buruak, betiere karrerako funtzionarioak badira.
Espezialitateko Katedratiko edo Departamentuko bururik ez balego, tutore izendatuko dira tutorizatu behar den praktiketako funtzionarioaren kidego eta espezialitateko karrerako funtzionarioak.
Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoan sartzeko izangaien kasuan, izangaiaren espezialitateko karrerako funtzionariorik ez balego, irakasle-tutore hori ez da praktiketako funtzionarioaren espezialitate berekoa izango, baina moduluak eman beharko ditu hark praktikak egiten dituen heziketa-zikloan edo, bestela, praktiketako irakasleak heziketa-zikloa ematen duen lanbide-familiako beste edozein heziketa-ziklotan.
Praktiken tutoretza egiteko lehenago aipatutako baldintzak betetzen dituzten karrerako funtzionariorik ez badago, ikastetxeko zuzendariak ikastetxeko ikasketaburu diharduen pertsona proposatuko du, betiere karrerako funtzionarioa bada. Hori posible ez balitz, karrerako funtzionario-irakasle den edozein irakasleari proposatuko zaio; Kalifikazio Batzordeari adieraziko dio aipatutako proposamena.
1.6.– Praktikaldian esleitutako tutoretza aurrera eramatea eragozten duen gorabeheraren bat gertatuko balitz, ikastetxeko zuzendariak beste tutore bat proposatuko du, azaldutako irizpideen arabera, eta Kalifikazio Batzordeak izendatuko du.
1.7.– Baldin eta praktiketako funtzionarioak Maisu-maistren kidegokoak badira eta destinoa eskola unitario edo osatugabe batean badute – Haur Hezkuntzako mailan edo Lehen Hezkuntzako ikasturteetan ziklo bakoitzeko unitate bat gutxienez ez duena–, ikastetxeko ikuskariak praktiketako irakaslearen ebaluazioa egingo du, eta ebazpen honen I. eta II. eranskinak kontutan izango ditu. Horretarako, beharrezko duen informazioa eskatu ahal izango dio zuzendaritzari edo beste edozeini. Egoera hori Kalifikazio Batzordeari jakinaraziko zaio.
1.8.– Irakasle-tutoreak ondorengo gai hauei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkie praktiketako funtzionariei praktikaldian zehar:
– Irakasle-praktikaren planifikazioa.
– Irakasle-praktikaren garapena.
– Ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.
– Koordinazio didaktikoa.
– Tutoretza- eta orientabide-planak.
– Hezkuntza-premia espezifikoak eta aniztasunari arreta ematea.
– Familiekiko harremanak adingabeko kasuetan.
Gainera, gomendatzen da irakasle-tutoreak praktikaldian dagoen funtzionarioaren gelara bisitaldia egin dezan (hilabetean behin, gutxienez), irakaskuntza-praktikako behaketa-hezigarria egiteko, horren hausnarketa sustatzeko eta hori hobetzeko lagungarriak diren orientabideak proposatzeko.
Praktikaldia amaitzean, irakasle-tutoreak txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. Ebazpen honen II. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.
1.9.– Zuzendaritza-taldeak ondorengo gai hauei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkio praktiketako funtzionariei praktikaldian zehar:
– Ikastetxearen hezkuntza-proiektua eta curriculum-proiektua.
– Ikastetxearen urteko plana eta urteko memoria.
– AJA (ROF) eta elkarbizitza-plana.
– Ikastetxeko gobernu- eta koordinazio didaktikoko organoen funtzionamendua.
– Hezkuntza erkidegoaren parte-hartzea.
Praktikaldia amaitzean, ikastetxeko zuzendariak txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. Ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan.
2.– Izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko erreferentziako ikuskariak koordinatuko du praktiketako funtzionario-irakasleak ebaluatzeko prozesua, ezarritako prozeduraren arabera.
Ikastetxeko zuzendariaren eta irakasle-tutorearen txostenak jasoko ditu, eta balorazio-txosten bat emango du, izangaiak egindako irakasle-lanari buruz. Horretarako, ikastetxeko zuzendariaren eta irakasle-tutorearen txostenak eta I. eta II. eranskinetan adierazitako adierazleak izango ditu kontutan.
Aldez aurretik eta ezarritako prozeduraren arabera, ikastetxeko erreferentziako ikuskariak jasoko du izangaiaren praktikaldiari buruz beharrezko informazio guztia, eta irakasle-praktikaren saioren bat ere ikusi ahal izango du.
Ikastetxeko erreferentziako ikuskariak Kalifikazio Batzordeari bidaliko dizkio txosten guztiak.
Gainera, Batzordeak izangaiei azken memoria bat eskatu ahal izango die; horretan, egindako irakasle-praktika autoebaluatuko dituzte, eta izandako zailtasunak eta jasotako laguntzak baloratuko.
3.– Kalifikazio Batzordeak izangaien azken ebaluazioa egingo du, irizpide hauen arabera:
a) Praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruz zuzendariak, irakasle-tutoreak eta ikastetxeko ikuskariak egindako txostenak, ebazpen honen I. eta II. eranskinen arabera.
b) Izangaiaren azken memoria, Kalifikazio Batzordeak eskatuz gero.
c) I. eta II. eranskinetan adierazitako adierazleekin edo praktikaldiaren araudian dauden baldintzekin erlazionatuta dagoen dokumentazio osagarria.
Destinoa eskola unitario edo osatugabeetan duten Maisu-maistren kidegoko praktiketako funtzionarioen ebaluazioa egin behar denean, ikastetxeko erreferentziako ikuskariak praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruz egingo duen txostena izango da kontutan bereziki.
Egoki iritziz gero, izangaiaren praktiken garapenari buruzko txosten osagarri bat eskatu ahal izango dio Kalifikazio Batzordeak ikastetxeko Hezkuntza ikuskariari, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan azaltzen diren alderdietan oinarrituta. Eskaera berariaz egingo da, eta ezarritako prozeduraren arabera, baldin eta ezezko edo gutxiegi balorazioak baditu zuzendariaren, irakasle-tutorearen edo ikuskariaren txostenak aipatutako eranskinetan ezarritako adierazleren batean.
Edozein kidegotako praktiketako funtzionarioen kalifikazioa «ez gai» izango da izangaia nahikotasun-mailetara heltzen ez bada dagozkion eranskinetan ezarritako adierazle guzti-guztietan.
4.– Emandako txostenak kontuan hartuta, Kalifikazio Batzordeak izangaiaren azken ebaluazioa egingo du, eta Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko dio praktiketako funtzionarioen zerrenda, dagokion kalifikazioekin.
5.– Praktikaldien kalifikazioa «gai» edo «ez gai» izango da. «Ez gai» kalifikazioa eman zaien praktiketako funtzionarioek, Langileak Kudeatzeko zuzendariak aldez aurretik jakinarazi eta gero, alegazioak jarri ahal izango dizkiote kalifikazio horri bost eguneko epean, berau jakitera eman eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Porzedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 76. artikuluan xedatutakoaren arabera. Epe hori pasa ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak emango du ebazpena, eta dagokion Kalifikazio Batzordeari eta interesdunari bidaliko zaie.
Bigarrena.– Kalifikazio Batzordeak hamar eguneko epean eratu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta biharamunetik hasita. Kalifikazio Batzordeak osatzeko, kide guztiek egon beharko dute, Langileak Kudeatzeko zuzendariak baloratu beharko dituen zirkunstantzia berezirik gertatu ezean. Batzordea osatzeko ekitaldiaren akta egingo da, eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaio.
Hirugarrena.– Kalifikazio Batzordeek «gai» edo «ez gai» kalifikazioen behin betiko akta erredaktatu ahal izateko, batzordeburuak eta gainontzeko batzordekideen erdiak egon beharko dute. Edonola ere, batzordea eratu ondoren ezinbesteak bultzaturik edo ustekabeko arrazoiengatik batzordekideetako batzuk edo batzordeburua ezin badira agertu, Langileak Kudeatzeko zuzendariari eman beharko zaio horren berri, eta behar dena erabakiko du.
Laugarrena.– Praktikak, oro har, amaitutzat joko dira eta ebaluatu egin ahal izango dira sei hilabetez zuzeneko irakaskuntza egin eta gero, eguneko 2/3eko lanaldiarekin gutxienez.
Salbuespenezko kasuetan, praktiketako funtzionarioa aldi baterako ezintasun egoeran, amatasun-bajan edo aurreikusi gabeko eta salbuespenezko beste egoeraren batean badago eta horren ondorioz ezin badu praktikaldia ohiko eran egin –Kalifikazio Batzordeak baloratuko du–, praktikaldiak zuzeneko irakaskuntzako hiru hilabete eta egun bat iraun beharko du gutxienez, eta aldi horrek jarraitua izan beharko du. Salbuespenezko kasu horietan, eguneko 2/3eko lanaldia egin beharko da gutxienez. Kasu horietan, lehentasuna emango zaio ikastetxeko ikuskariak irakasle-praktikaren garapenaren saioren batera joateari.
Kalifikazio Batzordeak egingo duen azken aktan, ebaluazioa egin behar zaien praktiketako irakasle guztiak eta beren kalifikazioak agertuko dira. Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio praktikak ebaluatzeko akta horiek.
«Ez gai» kontsideratzen den praktiketako funtzionarioak praktiketako funtzionario gisa hasi beharko du «ez gai» izan den ikasturtearen hurrengoan; praktikaldia behin bakarrik errepikatuko da. Hurrengo urtean deituko balitz kidego eta espezialitate bererako hautaketa-prozedura, sartu den promozio horretan, bere espezialitatean hautatutako azken izangaiaren hurrengo tokia beteko du zerrendan.
Lanean hasten ez denak edo bigarrenez «ez gai» kalifikazioa jasotzen duenak karrerako funtzionarioaren izendapena jasotzeko eskubide guztiak galduko ditu. Ebazpen arrazoitu baten bidez, eskubide horien galera adieraziko du deialdia egin duen agintariak.
Bosgarrena.– Praktikaldian eta kasu berezietan, praktiketako funtzionarioei azterketa medikoak egiteko eskatu ahal izango du Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, Kalifikazio Batzordearen proposamenez, irakaskuntzan behar bezala jarduteko baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.
Seigarrena.– Langileak Kudeatzeko zuzendariari eskuduntzak ematen zaizkio praktikaldi hau aurrera eramateko behar diren argibideak emateko.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 7a.
Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
I. ERANSKINA
Zuzendariaren txostenerako adierazleak.
(Ikastetxearen kudeaketan parte-hartzea).
1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldean laguntzea, ikastetxeak berak eta haren hezkuntza-jarduerek behar bezala funtzionatzeko.
2.– Ikastetxeko kide bakarreko organoek proposatutako hezkuntza-jarduerak diseinatzen eta egiten laguntzea.
3.– Kide anitzeko organoen hitzarmenetan parte-hartzea eta horiek betetzea.
4.– Sail, ziklo eta talde-ikasgeletako taldearen erabakiak betetzea, ikasleen ikaskuntzako ebaluazio eta kalifikazioari dagozkionak bereziki.
5.– Irakasleen Klaustroan eta hezkuntza komunitatean integratzea.
6.– Ikastetxearen hobekuntzan kolaborazio- eta ekarpen-jarrera.
7.– Ikastetxeko eskola- eta hezkuntza-ekintzetan parte-hartzea.
8.– Eskolaz kanpoko eta osagarriak diren hezkuntza- eta irakaskuntza-ekintzak ikasleekin batera burutzeko zereginetan parte-hartzea, OOGn onartuak eta Ikastetxeko Planean islatuak.
(Talde-lanerako kolaborazio- eta ahalmen-espiritua).
9.– Talde-lanerako ahalmena.
10.– Ikasteko, praktika onak partekatzeko, errespetutik baliogarriak diren proposamenak egiteko eta lankideen lanaren baloraziorako jarrera irekia.
11.– Irakasleen batzarretan eta lan-taldeetan era aktiboan parte-hartzea eta laguntzea.
(Eskola-komunitatearekin harremana).
12.– Bizikidetza positiborako eta ikaskuntzako giro onerako ekarpena.
13.– Ikasle eta familiekin harremanak eta komunikazioa izateko gaitasuna.
(Eginkizunak, eginbeharrak eta betebeharrak betetzea).
14.– Ikastetxean egoteko ordutegi pertsonala betetzea.
15.– Talde-ikasgelan emateko ikasgaien ordutegiak betetzea.
16.– Ikastetxeak jarritako edozein kargu edo erantzukizun behar bezala betetzea.
17.– Irakasle-funtzioa behar bezala betetzea.
II. ERANSKINA
Tutorearen txostenerako adierazleak.
(Ikastetxearen kudeaketan parte-hartzea).
1.– Ikastetxearen antolakuntza- eta kudeaketa-dokumentuak ezagutzea.
2.– Irakasle-taldearen partaidea den aldetik, lan-batzarretan eta ikasleak hezteko prozesuan era aktiboan koordinatzea eta laguntzea.
(Ikaslearen gela/motibazioaren gela/metodologia/giroaren planifikazioa eta kudeaketa).
3.– Hezkuntza eta irakaskuntza ekintzetako plangintza eta programazioa talde-ikasgelan garatzeko xedez, indarreko curriculum eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuari jarraikiz.
4.– Talde-ikasgelaren programazioa sailean edo zikloan ezarritako irizpideei egokitzea, etaparen curriculum-proiektuaren arabera, ondorengo gai hauetan:
– Estrategia metodologiko egokiak aplikatzea.
– Hezkuntza-etapari edo espezialitateari egokitutako ebaluazio-prozedurak aplikatzea.
– Ikasleen aniztasuna aintzat hartzea, hezkuntza-premia bereziak dituztenak batez ere.
– Espezialitatearen programa, behar bada.
5.– Ikasleen testuinguruari eta adin eta ezaugarriei egokitzea.
6.– Ikasleen aniztasunaren gaia talde-ikasgelan tratatzea.
7.– Gelako antolakuntza inklusiboa.
8.– Praktika-metodologiko erangikorrak eta ikasleen ezaugarrietara egokitzea.
9.– Ikasleak ikaskuntzarako motibatzea.
10.– Talde-ikasgelan sortutako gatazkak konpontzeko trebezia.
(Ebaluazioa, ikaslearen jarraipena eta tutoretza).
11.– Prestakuntzazko eta bildumazko ebaluazioaren diseinua eta aplikazioa programatutako irakatsi eta ikasteko prozesuetan.
– Gutxieneko ezagutzak, gaitasunen garapen maila, ebaluazio-, kalifikazio- eta sustapen mugatu-irizpideak.
– Tresnak eta ebaluazio-prozedurak erabiltzea, ikasleen ebaluazio objetiboa egiteko eskubidea ziurtatzeko.
– Talde-ikasgelako ikasleek lortutako emaitzak eta ikasleek banan-banan lortutako ikaskuntza maila aztertzea.
– Ikasleek egiten duten aurrerapenari jarraipena.
– Ikasleei eta familiei horren berri ematea (eta, behar denean, talde-ikasgelako tutoreari).
– Hobetzeko erabaki diren proposamenak: aldaketak metodologian; ekintzak egokitzea; materialak eta baliabide didaktikoak aukeratzea; ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak adostea.
12.– Tutore-lana eta egotzitako funtzioak betetzea.
(Eskola-komunitatearekin harremana).
13.– Ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua hobetzeko, familiekin koordinatzea.
(Praktika, autoebaluazioa eta heziketari buruzko gogoetak).
14.– Etengabeko hobekuntzarako irakaskuntzari buruzko gogoetak.
15.– Ikaskuntzarako eta berrikuntzarako jarrera irekia.
16.– Prestakuntza prozeduretan parte-hartzea eta laguntzea.