EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2018181

EBAZPENA, 2018ko irailaren 7koa, EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez erabakitzen baita garraioaren eta mugikortasun efizientearen aldeko inbertsioen 2018ko ekitaldiko laguntza-programaren deialdia finantzatzeko baliabide ekonomikoak areagotzea eta diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea berriro hastea.

Organo emailea: ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
Xedapenaren data: 2018-09-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201804579
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/05/02an argitaratutako 2018/04/20ko EBAZPENA [201802373]
  • Ikus 2018/07/06an argitaratutako 2018/06/26ko EBAZPENA [201803529]

AURREKARIAK
Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2018ko apirilaren 20ko Ebazpenaren bidez, garraioaren eta mugikortasun efizientearen aldeko inbertsioen 2018ko laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartu, deitu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu ziren (2018ko maiatzaren 2a, 83. zk.).
Bigarrena.– Diru-laguntza programa horren deialdiaren 3. oinarrian ezartzen denez, garraioaren eta mugikortasun efizientearen aldeko inbertsioen 2018ko laguntza-programara bideratutako diru-saila zortziehun mila eurokoa da (800.000), EEEren aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituarekin bat etorriz.
Aurrekoaz gain, diru-laguntza programa horren deialdiaren 3. oinarrian ezartzen denez, diru-laguntza eskatzeko epearen hasiera eta amaiera hauexek dira: oinarriak EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eta horretarako dagoen aurrekontua bukatzean amaituko da epea. Nolanahi ere, aurrekontua bukatu ala ez, diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea 2018ko urriaren 31n amaituko da.
Hirugarrena.– Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2018ko ekainaren 26ko Ebazpenaren bidez (2018ko uztailaren 6ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 130. zk.), diru-laguntzak eskatzeko epea amaitu zela jakinarazi zen jendaurrean, garraioaren eta mugikortasun efizientearen aldeko inbertsioen 2018ko laguntza-programara bideratutako aurrekontua 2018ko ekainaren 26an bukatu baitzen.
Laugarrena.– Diru-laguntza programa indarrean dagoenez geroztik, hasieran aurreikusitakoa baino eskaera kopuru handiagoa aurkeztu da; ondorioz, aurrekontua bukatu da, eta beraz, garraioaren eta mugikortasun efizientearen aldeko inbertsioen 2018ko laguntza-programa itxi behar izan da, deialdiaren oinarrietan aurreikusitakoa baino lehenago.
Beraz, dagoen eskari handiaren aurrean, eta EEErentzat horrelako jarduerei jarraipena ematea interes handikoa denez gero, betiere 2030eko Euskadiko Energia Estrategian ezarritako helburuak lortu nahian, energiaren aurrezpenari eta energia berriztagarriak ustiatzeko teknologien ezarpenei dagokienez, egokitzat jotzen da honako proposamen hau egitea:
a) 2018ko apirilaren 16ko saioan EEEren Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiaren arabera, programa horretara bideratutako diru-baliabideak areagotzea, berrehun mila euroko kantitatean (200.000).
b) Garraioaren eta mugikortasun efizientearen aldeko inbertsioen 2018ko laguntza-programara eskaera berriak aurkezteko epea berriro irekitzea.
Adierazitako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Garraioaren eta mugikortasun efizientearen aldeko inbertsioen 2018ko laguntza-programara bideratutako diru-saila areagotzea, berrehun mila euroko kantitatean (200.000). Programa hori Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2018ko apirilaren 20ko Ebazpenaren bidez deitu zen (2018ko maiatzaren 2ko EHAA, 83. zk.).
Hori horrela, garraioaren eta mugikortasun efizientearen aldeko inbertsioen 2018ko laguntza-programara bideratutako baliabide ekonomikoak milioi bat eurokoak izango dira guztira (1.000.000).
Bigarrena.– Garraioaren eta mugikortasun efizientearen aldeko inbertsioen 2018ko laguntza-programara eskaera berriak aurkezteko epea berriro irekitzea, 2018ko urriaren 31 arte, edo, hala badagokio, diru-laguntza programa horretarako bideratutako aurrekontua amaitu arte.
Hirugarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzeko eskatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke EEEko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Bilbon dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Bilbao, 2018ko irailaren 7a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
IÑIGO ANSOLA KAREAGA.