EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2018181

EBAZPENA, 2018ko irailaren 10ekoa, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiarena, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparruan Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskuaren atariko ebaluazioaren berrikuspena eta eguneratzea jendaurrean jartzeko dena (bigarren zikloa).

Organo emailea: URAREN EUSKAL AGENTZIA
Xedapenaren data: 2018-09-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201804575
Maila: Ebazpena
Uholde-arriskuen Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretuaren 5. artikuluak xedatzen du demarkazio hidrografiko bakoitzean uholde-arriskuaren atariko ebaluazio bat egingo dela, zehazteko lurraldeko zein eremutan uste den uholde-arrisku handia egon daitekeela edo litekeena den arriskua gauzatzea.
Demarkazio horretako plangintza hidrologikoa eta uraren kudeaketa modu koordinatuan egiten da estatuko administrazio orokorraren –Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren bitartez, erkidego arteko arroen eskuduna baita– eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean –haren barne-arroetan– Uraren Euskal Agentziaren bitartez, zeina administrazio hidrauliko eskuduna baita Euskadiko Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen arabera.
Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskuaren lehen atariko ebaluazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparruan, Uraren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren 2011ko abenduaren 14ko Ebazpenaz onartu zen behin betiko; onarpen hori abiapuntu izan zen, geroago Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskua kudeatzeko Plana onartzen duen urtarrilaren 15eko 20/2016 Errege Dekretuaren bidez onartzeko.
Uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretuaren 21.2 artikuluak xedatutakoari jarraituz, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografiko osoaren uholde-arriskuaren atariko lehen ebaluazioa berrikusi eta eguneratu da; lan hori lankidetzan egin dute Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak eta Uraren Euskal Agentziak, eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ere parte hartu du. Berrikuspen eta eguneratze hori jendaurrean jarri behar dira, gutxienez hiru hilabetez, 903/2010 Errege Dekretuaren 7.4 eta 21.1 artikuluen arabera.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea hiru hilabetez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroen esparruan Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskuaren atariko ebaluazioaren berrikuspena eta eguneratzea. Atariko ebaluazio hori uholde-arriskua kudeatzeko plangintzaren bigarren zikloari dagokio.
Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskuaren atariko lehen ebaluazioaren berrikuspenaren eta eguneratzearen agiriak epe horretan kontsultatu ahalko dira hona helbide honetan: http://www.uragentzia.euskadi.eus/informacion/evaluacion-preliminar-del-riesgo-de-inundacion-e-p-r-i/u81-0003431/es/ eta Uraren Euskal Agentziaren bulegoetan (Orio kalea, 1 eta 3, 01010 Vitoria-Gasteiz) jendeari arreta emateko ordutegian.
Kontsultatzeko jartzen diren Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren agiriak demarkazio osoari dagozkio, hau da, estatuaren eskumen-lurraldea eta Euskal Autonomia Erkidegoarena hartzen ditu, informazioa osoagoa izateko. Dena den, jendaurrean jartzeko aldia irekitzeko ebazpen honek Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroak bakarrik hartzen ditu, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa baitira.
Aipatutako epe horretan, ekarpenak egin eta egoki iritzitako oharrak eta iradokizunak formulatu ahalko dira, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen bideetako edozein erabilita, eta aurkezteko moduari dagokionez aintzat hartuta arau horren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak. Uraren Euskal Agentziari zuzendutako ekarpenak, oharrak eta iradokizunak posta elektroniko honetara bidali ahalko dira: epri@uragentzia.eus
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 10a.
Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
ERNESTO MARTINEZ DE CABREDO ARRIETA.