EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018180

AGINDUA, 2018ko abuztuaren 7koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, 2018. urteko euskal merkataritzako sariak emateko deialdiaren oinarriak arautzen dituena.

Xedapenaren data: 2018-08-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201804559
Maila: Agindua
Merkataritzaren Gida Planean biltzen diren ekimen eta orientazioen artean, berrikuntza eta esperimentazioa daude, helburu dutenak lurraldeetako merkataritza dinamizatzeko tresna efikazagoak bilatzea eta auzoei eta bereziki kalteberak diren guneei buruzko kasu pilotuak sustatzea, gertuko merkataritzaren rol sozialaren garrantzia azpimarratzeko.
Agindu honen helburu nagusia da gizarteak eta erakundeek aitortzea merkataritzak egiten duen lana. Merkataritzari, sektore gisa, eta sektore horrek egindako ekarpenari (ekonomikoa, soziala eta lurralde-orekakoa) eskerrak emateko, merkataritza-esparruan garrantzitsuak diren eta, besteak beste, ondoren adierazitako bertuteengatik nabarmendu diren bost pertsona fisiko edo juridiko aintzatesten dira: egin duten ibilbideagatik, berrikuntzarako duten gaitasunagatik, ekintzailetzagatik edota beste hainbat enpresarekin batera lan egiteagatik, beren eta kokatuta dauden tokiko inguruaren dinamizazioaren lehiakortasuna hobetzen laguntzen duten sinergiak lortzeko.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Eranskinean jasotzen denaren arabera, 2018ko Euskal Merkataritzako Sariak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 7a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.
I. ERANSKINA
2018. URTEKO EUSKAL MERKATARITZAKO SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Merkataritzako Sariak deitu eta arautzea. Sari horien bidez, merkataritzari, sektore gisa, eta sektore horrek egindako ekarpenari (ekonomikoa, soziala eta lurralde-orekakoa) eskerrak emateko, merkataritza-esparruan garrantzitsuak diren eta, besteak beste, ondoren adierazitako bertuteengatik nabarmendu diren bost pertsona fisiko edo juridiko saritzen dira: egin duten ibilbideagatik, berrikuntzarako duten gaitasunagatik, ekintzailetzagatik edota beste hainbat enpresarekin batera lan egiteagatik, beren eta kokatuta dauden tokiko inguruaren dinamizazioaren lehiakortasuna hobetzen laguntzen duten sinergiak lortzeko.
2. artikulua.– Sarien kategoriak.
Agindu honek bost sari arautuko ditu, horietako bakoitza honako kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati dagokiona:
a) Enpresa-lankidetza: helburua da lankidetzaren esparruan negozioa mantentzeko, garatzeko eta hazteko funtsezkoak izan diren jarduketak gauzatzeagatik nabarmentzeaz gain, gainerako merkatarientzat eredugarriak izan diren saltokiak saritzea.
b) Merkataritza-berrikuntza: helburua da negozioaren ardatz nagusitzat berrikuntza beren gain hartzeagatik nabarmentzeaz gain, berrikuntza esparru guztietan –produktuak kudeatzeari nahiz merkaturatzeari dagokienez– aplikatzen duten eta beraz, beren sektorean lidergoa lortu duten saltokiak saritzea.
c) Ibilbide profesionala: helburua da ibilbide enpresarial eta profesional luzea izan dutelako bereizten diren merkatariak saritzea, hau da, urteetan merkatuaren abagune aldakorretara egokitzen jakin dutenak eta, ondorioz, euren enpresek arrakastaz irauten dutenak.
d) Merkataritza-inguruneen dinamizazioa: helburua da ekintzak saritzea, betiere ekintza horien emaitzek, objektiboki kuantifikatutakoek, balorazio positiboa ekartzen badute aintzatestekoak diren jarduketa horien eragin-eremuan kokatutako merkataritzarako.
e) Ekintzailetza: helburua da bere eragin, originaltasun, ekimen, ahalegin eta abarrengatik bereizi diren eta merkataritzaren sektorean ikusgaitasuna eta aitorpen berezia izan duten ekintzaileak saritzea.
Adierazitako eremu horietako bakoitzean, aipamen edo aintzatespen publiko bat ezarriko da. Sari horien pertsona edo erakunde onuradunek inprimaki profesionaletan adierazi ahal izango dute sari hori jaso dutela, eta beren establezimenduetan jarri ahal izango dute agerian.
3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.
a), b), c) eta e) kategorietan, Euskal Autonomia Erkidegoan irabazi-asmoko merkataritza-jarduera gauzatzen duten merkataritza-enpresen jabe diren pertsonak, fisikoak edo juridikoak, izan daitezke onuradunak.
«d) Merkataritza-inguruneen dinamizazioa» kategorian, jarduera berezi edo berritzaileei ekin edo bultzada-gaitasun handia izan duten proiektuak bultzatzen dituzten elkarteak sarituko dira, betiere beraien jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan bada.
4. artikulua.– Hautagai-zerrendak.
Hauek osa dezakete hautagai-zerrenda:
a) Sariaren hautagaiak.
b) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.
c) Euskomer, Merkataritzaren Euskal Konfederazioa.
d) Euskaldendak, Euskadiko Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Konfederazioa.
e) EAEko hiri-merkataritzako plataformak.
f) EAEko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberak.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Hautagai-zerrenda ondorengo dokumentu hauek aurkeztuta osatuko da:
a) Eskaera-inprimakia, behar bezala beteta.
b) Azalpen-memoria, hautagaiaren merezimenduak behar bezala arrazoituta biltzen dituena.
c) Sustapen-material grafikoa (mp4 formatuko bideoak eta/edo irudiak, egile-eskubiderik gabekoak eta bereizmen handikoak) eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu.
Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo ez badira aurreko apartatuan zerrendatutako agiri guztiak aurkeztu, Merkataritza Zuzendaritzak eskatzaileari eskatuko dio 10 eguneko epean akats hori zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela ohartarazita.
4.– Helbide elektroniko honen bidez aurkeztu beharko dira hautagaitzak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/ems-2018/y22-izapide/eu
5.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du erabat eta berariaz onartzen direla Agindu honetan ezarritako baldintzak.
5. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Aurkezten diren hautagaiak balioesteko, hauek osatutako epaimahaia sortuko da:
a) Turismo eta Merkataritzako sailburuordea, epaimahaiburua izango dena.
b) Bokal hauek:
● Merkataritzako zuzendaria.
● Euskalit Kalitaterako Euskal Fundazioko ordezkari bat.
● EAEko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberetako ordezkari bat.
● Euskomer Merkataritzaren Euskal Konfederazioko ordezkari bat.
● Euskaldendak Euskadiko Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Konfederazioko ordezkari bat.
● HIRIA 3.1 Euskadiko Hiriburuetako Merkataritza Elkarteen Federazioko ordezkari bat.
c) Idazkaria: Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari lotutako tokia betetzen duen pertsona bat, hitzarekin baina botorik gabe.
2.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak arautuko ditu epaimahaiak gauzatzen dituen jarduketak eta mahaikideen abstentzio- eta errekusazio-araudia.
6. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio espezifikoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak:
a) Enpresa-lankidetzaren jarduketaren garrantzia: negozioa mantentzeko, garatzeko eta hazteko funtsezkoak izan diren eta gainerako merkatarientzat eredugarriak izan diren jarduketak.
b) Garrantzia merkataritza-berrikuntzan: negozioaren ardatz nagusitzat berrikuntza beren gain hartzeagatik nabarmentzeaz gain, produktuak kudeatzeari nahiz merkaturatzeari dagokienez, beren sektorean lehen postua lortu duten saltokiak.
c) Ibilbide profesionalaren garrantzia: ibilbide enpresarial eta profesional luzea izan dutelako bereizten diren merkatariak, hau da, urteetan merkatuaren abagune aldakorretara egokitzen jakin dutenak eta, ondorioz, euren enpresek arrakastaz irauten dutenak.
d) Aliantza horizontalen eta lankidetza-egituren bidez bultzatutako merkataritza dinamizatzeko udal-estrategiak garatzea, zenbait ekintzaren bidez gauzatuta, betiere ekintza horien emaitzek, objektiboki kuantifikatutakoek, balorazio positiboa ekartzen badute aintzatestekoak diren jarduketa horien eragin-eremuan kokatutako merkataritzarako.
e) Garrantzia ekintzailetzaren esparruan: bere eragin, originaltasun, ekimen, ahalegin eta abarrengatik bereizi diren eta merkataritzaren sektorean ikusgaitasuna eta aitorpen berezia izan duten ekintzaileak.
7. artikulua.– Sarien epaitza eta ebazpena.
1.– Epaimahaiak saria emateko proposamena egingo du, eta proposamen horretan, hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak agertuko ditu.
2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, proposamen hori aurkeztu eta hilabeteko epean, gehienez ere, ebazpena emango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, eta EHAAn argitaratuko da, sailburuaren agindu bidez.
3.– Sariren bati buruzko epaitza eman gabe utzi ahal izango da epaimahaien iritziz proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen Agindu honetan ezarritako baldintzak.
4.– Salbuespen gisa, eta, epaimahaiburuak proposatuta, aipamen berezia eman ahalko zaio epaimahaiaren saririk eskuratu ez duen baina euskal merkataritzaren sektoreari egiten dion ekarpen handiagatik nabarmendu behar den hautagaiari, bai arrazoi orokorrengatik bai epaimahaiak balioetsitako beste arrazoi batzuengatik.
8. artikulua.– Aintzatespen publikoa.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak horretarako egindako deialdiaren bitartez gauzatuko da aintzatespen publikoaren ekitaldia.
9. artikulua.– Datu pertsonalak.
Pertsona fisikoen deialdiak izapidetzean bildutako datu pertsonalak Datuak babesteko erregelamendu orokorraren arabera tratatuko dira: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa. Erregelamendu hori oinarritzat harturik, deialdia izapidetzean bildutako datu pertsonalak tratatzeko eta publikatzeko baimena eman dutenez deialdian parte hartu dutenek, datuok «Euskal Merkataritzako Sarien Agindua» izeneko fitxategian gordetzeko besterik ez dira erabiliko. Fitxategiaren helburua, hain zuzen, sarien deialdia kudeatzea izango da, bai eta parte-hartzaileei sarien garapenaren berri ematea ere. Merkataritza Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurkatzeko eskubideak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan erabili ahalko dira, helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.