EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018180

AGINDUA, 2018ko abuztuaren 7koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, 2018ko ekitaldiko Euskal Turismo Sarien deialdia egin eta sariak arautzen dituena.

Xedapenaren data: 2018-08-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201804558
Maila: Agindua
Euskal turismoaren ikuspegi estrategikoak, 2030era begira jarrita, Euskadi destino kalitatezko, lehiakor eta jasangarri bihurtzea aurreikusten du, bisitan datozkigun pertsonek baloratuko dutena eta euskal gizarteari oparotasuna ekarriko diona.
Horretarako, bai gure enpresen aldetik bai eta destinoei begira ere lehiakor egingo gaituzten hazkunde jasangarriaren irizpideetan oinarrituriko ekimen berriztatzaileak behar dira arlo estrategikoetan, ez ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik soilik, baita euskal turismo-sektorearen lehiakortasunaren ikuspegitik ere.
Beraz, agindu honen xedea da Euskadin dagoen eskaintzari dagokionez kalitatezko produktu lehiakor eta berri bat sortzeagatik nabarmendu den esperientzia edo proposamen turistiko berriztatzailea saritzea, bai eta lurraldearen garapen jasangarriaren aldeko ekimenak gauzatzeagatik nabarmendutako destinoa ere.
Berriro ere, saritu nahi dira beraien enpresa-ibilbide edo ibilbide profesionala dela-eta Euskadiren garapen turistikoari lagundu dioten edo laguntzen dioten pertsonak edo kolektiboak.
Halaber, uste dugu sari hauek publikoki aitortzeak egindako lana esker-saritzeko eta, aldi berean, saritutako pertsonak, enpresak eta erakundeak motibatzeko balioko duela.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2018ko ekitaldiko Euskal Turismo Sariak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, eranskinean jasotzen diren baldintzetan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 7a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSE ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.
ERANSKINA
2018KO EUSKAL TURISMO SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1.– artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez, hiru sari arautu eta haiek emateko deialdia egiten da, EAEko politika turistikoan eta sektore turistikoko agenteen ibilbide profesionalean gidari diren berrikuntza- eta jasangarritasun-helburuak lortzeko orduan egin den ekarpena jendaurrean aitortzen duen aintzatespen berezia emate aldera.
2. artikulua.– Kategoriak.
Horrenbestez, sari bat emango da honako kategoria hauetako bakoitzean:
a) Berrikuntza: 2017. urtean hasi zen eta EAEn dagoen eskaintzaren gainean produktu lehiakor, berri eta kalitatezko bat sortzeagatik gailendu den esperientzia edo proposamen turistiko berritzailea.
b) Turismo jasangarria: ekimen arduratsua eta jasangarria, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan garatua, ikuspegi sozialetik (ekintzek zer neurritan aldezten dituzten tokian tokiko herritarrak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta lurraldearen garapena), ingurumen-ikuspegitik (jarduketek zer neurritan aldezten duten ingurumena, jarduerak garatzen diren eremuan) eta ikuspegi ekonomikotik (enplegu-sorrera, lan-bizitza eta familia bateragarri egitea, prozesuak eta prozedurak).
c) Ibilbide profesionala: esperientzia profesional luzea eta EAEren garapen turistikoen egindako ekarpena.
3. artikulua.– Onuradunak.
Kategoria bakoitzean hauek izan daitezke onuradunak:
a) Berrikuntza: mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) edo zerbitzu turistikoak eskaintzen dituzten edo euskadiko sektore turistikoan eragina duten elkarte sektorialak.
b) Turismo jasangarria: turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduerak egiten dituzten pertsona juridiko publikoak, fundazioak eta irabazi asmorik gabeko elkarteak.
c) Ibilbide profesionala: Euskadiko turismo-sektorean ibilbide profesional luzea duten pertsona fisikoak zein pertsona taldeak.
4. artikulua.– Hautagaitzak.
1.– Hautagaitza, zehazki, saria lortzeko bere burua aurkezten duenak edo hirugarren batek formalizatu ahalko du, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak berak barne.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Hautagaitza formalizatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskaria, behar bezala beteta.
b) Azalpen-memoria, aski eta modu arrazoituan jasotzen dituena hautagaiaren merezimenduak.
c) Promoziorako material grafikoa (mp4 formatuko bideoak edo/eta eskubiderik gabeko irudiak bereizmen handian), bai eta memorian identifikatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten bestelako agiriak ere.
Eskaria ez badago behar bezala beteta, edo ez badira eskariarekin batera aurkeztu aurreko atalean adierazitako agiriak, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak errekerimendua igorriko dio eskatzaileari, 10 eguneko epean zuzen dezan hutsunea edo aurkeztu nahitaezko agiriak. Halaber, berariaz jakinaraziko zaio hala egiten ez badu bere eskariari uko egin diola ulertuko dela.
4.– Hautagaitzak honako helbide elektroniko honen bidez aurkeztu beharko dira: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismoa/
5.– Hautagaitza formalizatzean, guztiz eta berariaz onartzen dira Agindu honetan ezarritako baldintzak.
5. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Aurkeztutako hautagaitzak baloratzeko epaimahai bat eratuko da, honako hauek osatua:
a) Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; epaimahai-burua izango da.
b) Ondorengo batzordekideak:
– Turismo eta Ostalaritzako zuzendaria.
– Basquetour Turismoko Euskal Agentziaren zuzendaria.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendaria.
– Vitoria-Gasteizko Udaleko Enplegu eta Ekonomia Garapen Saileko zuzendaria.
– Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganberako turismo-arloko burua.
– Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerentea.
c) Idazkaria: Turismo eta Ostalaritzako Zuzendaritzara atxikitako pertsona bat; ahotsa izango du, baina botorik ez.
2.– Epaimahaiaren jarduerak eta epaimahaikideen abstentziorako eta ezespenerako araubideak beren-beregi bete beharko dute urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena.
6. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Esleipen-proposamena egitean, epaimahaiak aintzat hartuko ditu kategoria bakoitzarekiko balorazio-irizpide espezifikoak.
1.– Berrikuntzaren kategorian: 2017. urtean hasi zen eta EAEn dagoen eskaintzaren gainean produktu lehiakor, berri eta kalitatezko bat sortzeagatik gailendu den esperientzia edo proposamen turistiko berritzailea.
Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira hautagaitzak:
– Esperientzia edo proposamen turistikoaren orijinaltasuna, egun dagoen eskaintza turistikoarekin alderatuta.
– Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak (IKT) erabiltzea.
– Eskainitako zerbitzuen kalitatea sustatzeko burututako ekintzak, betiere erabiltzaileen gogobetetzea lortzeko helburuarekin.
– Euskal Turismoaren 2017-2020 Marketin Planarekin bat egiten duena.
2.– Turismo jasangarriaren kategorian: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan garatu den ekimen arduratsu eta iraunkorra, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-alorretan kudeaketa iraunkorra burutzeagatik nabarmendutakoa.
Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira hautagaitzak:
– Gizarte-alorrean. Tokiko biztanleen aldeko ekintzak, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzera bideratutako jarduerak, baliabide kultural eta arkitektonikoen kontserbazioa, haien balio tradizionalena eta lurraldearen garapen jasangarriarena.
– Ingurumen-alorrean. Ingurumenaren aldeko ekintzak jarduera garatzen den esparruan (gutxieneko ingurumen-inpaktua, kontsumo arduratsua, natura-baliabideak zaintzea).
– Ekonomia-alorrean. Tokiko enplegua zuzenean zein zeharka sortzearen aldeko ekintzak, lana eta familia bateragarri egitea erantzunkidetasunez, enpresa turistiko berriak garatzea, eta inguruko produktuak eta zerbitzuak kontsumitzea.
3.– Ibilbide profesionalaren kategorian: ibilbide profesional zabala duten pertsonak edo kolektiboak, Euskadiko garapen turistikoari ekarpena egin edo egiten diotenak.
Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira hautagaitzak:
– Euskadi destino turistikoaren bikaintasunari eta kalitateari egindako ekarpena aitortzea.
– Ibilbidea ardura- eta profesionaltasun-eredu gisa aitortzea.
7. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.
1.– Epaimahaiak saria emateko proposamen bat egingo du, non hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak jasoko baitira.
2.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak ebazpena emango du hautagai-zerrenda aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, eta EHAAn argitaratuko da sailburuaren agindu bidez.
3.– Sariak edo sarietako bat eman gabe gera daiteke epaiak hala adierazten badu, baldin eta epaimahaiak uste badu proposatu diren hautagaiek ez dituztela betetzen ezarritako baldintzak.
4.– Salbuespen gisa eta epaimahai-buruak proposaturik, aipamen berezia egin ahalko zaio aurkeztu bai baina saririk lortu ez duen hautagai bati, epaimahaiaren ustez, oro har edo epaimahaiak baloratutako beste arrazoiren batengatik, euskal turismoaren sektoreari ekarpen garrantzitsua egiteagatik.
8. artikulua.– Aintzatespen publikoa.
Aintzatespen publikoaren ekitaldia Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak deitutako ekitaldi publiko batean egingo da.
9. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdiak izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak «Euskal Turismo Sariei buruzko Agindua» fitxategian sartuko dira (parte-hartzaileek horien tratamendua eta argitalpena baimenduta). Diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdietan parte hartzen duten pertsonei deialdien garapenaren berri ematea izango da fitxategien helburua. Turismoaren eta ostalaritzaren alorrean eskumena duen zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratzeko eskubidea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzaren aurrean egikaritu ahal izango da, eta zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak, berriz, esandako sailaren Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).