EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2018177

EBAZPENA, 2018ko irailaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita «Bretxa»-ren hiri-eraberritzeko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa, Donostiako Udalak sustatua.

Xedapenaren data: 2018-09-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201804507
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko otsailaren 14an, Donostiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen «Bretxa»-ren hiri-eraberritzeko plan bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren izapideei ekiteko (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2018ko apirilaren 18an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideari ekin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia; Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea, eta Eguzkizaleak Elkartea. Era berean, Donostiako Udalari ere izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen diren agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen zituen ingurumen-arloko oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren txostena jaso da; espedientean dago horren emaitza.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko ondorioen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Aipatutako 6.2 artikuluan, zehazten da, besteak beste, etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko direla, zeinaren prozedura 29. artikulutik 32. artikulura arautzen baita; guztia ere, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Aztertuta geratu dira «Bretxa»-ren hiri-eraberritzeko plan bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta agiri teknikoak, eta kontuan hartu da ingurumen-agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Bretxa»-ren hiri-eraberritzeko plan bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), Donostiako Udalak sustatua, jarraian zehazten den moduan:
Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xede-eremuak 9.690 m
Planaren xede nagusia da eraikinen barneko merkataritza-erabilerak berrordenatzea eta indartzea, eta zuzkidura publikoen erabilera barne hartzea «Bretxako arrandegia» eraikinean.
Indarreko Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin bat (aurrerantzean, DHAPO), Planaren eremua hiri-lur finkatua da, bizitegi-erabilera orokorrekoa, zeinetan erabilera orokorreko bi gune ezberdintzen baitira: «Zabalguneko bizitegia» eta «Alde zaharreko bizitegia».
Kalifikazio xehatuan, DHAPOk ezartzen du G.00 kategoria «Komunitate-ekipamendua» Bretxako arrandegia eta merkatua eraikinentzat, eta E.10 kategoria «bide-komunikazioetako sarea» Bretxa plazarako eta eremu horretan barne hartutako kaleetarako.
Onartutako ordenamendu xehatua aldatu gabe, espazio horietarako helburu hauek garatzeko zehaztapenak proposatzen ditu planak:
Bretxa plaza merkatu-plaza gisa berreskuratzea. Horretarako ezabatzen da sotoko merkataritzarako egungo sarbidea, eta Aldamar kalera aldatzen; horrek plazaren espazioa liberatzea dakar. Bretxako merkatu eraikinaren iparraldeko fatxadaren ondoan dagoen pergolara lekualdatzen dira sotora sartzeko eraikinean lehendik dauden merkataritza-lokal batzuk, eta Bretxako arrandegi eraikinera beste batzuk.
San Juan kaleko baserritarren merkatuko pergola birkokatzen da, eta Bretxako merkatu eraikinaren iparraldeko fatxadara aldatzen.
Merkatu eta arrandegi eraikinen barneko aldea birgaitzea eta erreformatzea. Eraikin horien erabilera komertzial eta tertziarioei eusten zaie, eta, era berean, zuzkidura publikoen erabilerak sartzen dira Bretxako arrandegi eraikinean (anbulategia eta kirol ekipamendua).
Aldamar kaleko espaloia zabaltzeak eta Iñigo kalea oinezkoentzako bilakatzeak, San Juan kaleko pergola kentzearekin batera, dakarte eremu guztia oinezkoentzako bilakatzea eta alde zaharreko oinezkoen kaleen sarean barne hartzea.
B. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, etorkizunean baimentzeko kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak.
Planak edo programak zenbaterainoko eragina duen beste plan edo programa batzuetan, are hierarkizatuta daudenetan ere. Planak ez du aldatzen indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako ez egiturazko kalifikazioa ez kalifikazio xehatua; aitzitik, eraikinen barnean merkataritza-erabilerak berrantolatzeko eta indartzeko jarduketa zehatzak garatzera, Bretxako arrandegi eraikineko zuzkidura publikoen erabilera barne hartzera eta eremua oinezkoentzako atontzera mugatzen da. Beraz, ez da inongo bateraezintasunik hautematen aplikatzekoa den sektoreko eta lurraldeko planeamenduarekin.
Plana egokia den edo ez bereziki garapen jasangarria sustatzeko egindako ingurumen-oharpenak integratzeko. Planaren garapenari aplika dakizkioke Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren «1.2 Ingurumen-jasangarritasun Txostena» izeneko agirian zehaztutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriak. Hori dela eta, plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-oharpenak integratzeko.
Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsuak: planaren xede-eremuak ez du ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik, ez eta bere kultura-balioengatiko edo ingurumen-arriskuengatiko elementu nabarmenik ere. Eremuan dauden kultura-balioei dagokienez, Planaren helburuetako bat da ondare arkitektonikoa eta historikoa duten elementuak hautatzea, bai eta interes-mailaren arabera behar diren babes- eta kontserbazio-neurriak ezartzea ere.
Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
Kultura-ondareari dagokionez, gogoratu behar da Planaren eremua Donostiako Alde Zaharreko «Gune Arkeologikoa» delako gisa mugatutakoaren barnean dagoela, zeina Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean baitago. Ondorioz, aitortutako gune arkeologikoak babesteko araudia aplikatu beharko da, eta dagokion proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko du sustatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundian, hark onar dezan, inbentariatutako ondasunei eragin diezaiekeen lan-mota oro hasi aurreko pausu gisa.
Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriak:
Udalerriaren erdigunean dagoen lurzorua da eskuhartze-eremua. Ez dago natura-balioengatik edo ingurumen-arriskuengatik garrantzirik duen gunerik, baina bai kultura-ondareko elementuak.
Donostiako Ondare Urbanistikoa eta Eraikia Babesteko Plan Berezian katalogatuak daude Bretxako merkatu eta arrandegi eraikinak. Zehazki, C gradua delakoan barne hartuta daude, non barne hartzen baitira kanpoko inguratzailea babestu behar zaien elementuak; elementu horietan osorik eragin dezake babesak, edo elementu horien parte batzuetan. Eraikin horiek aipatutako Ondarea Babesteko Plan Berezian barne hartzearen ondoriozko baldintzak betetzen ditu Planak.
Beste ingurumen-eragin arin batzuk aurreikusita daude, zeinetarako aurreikusita baitago prebentzio- eta zuzentze-neurriak hartzea. Neurri horiek lotuta daude eraikinen eraberritzearen eta plaza urbanizatzeko obren ondoriozko eraikitze- eta eraiste-hondakinak sortzearekin, bai eta, neurri txikiago batean, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondoriozko zarata, hautsa eta abar areagotzeak eragindako giza habitataren kalitatea gutxitzearekin ere.
Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-agiri estrategikoan planteatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten planak ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
Kultura Ondarea babestea.
Euskal Kultura Ondarearen Zentroak emandako txostenean jasotako oharrekin bat, kalifikatutako eta inbentariatutako gune edo ondasun arkeologikoei eragin diezaiekeen lan-mota oro egiten hasi baino lehen, dagokion proiektu arkeologikoa aurkeztu beharko dio sustatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundiari, hark aurretik onar dezan.
Hondakinak sortzea eta kudeatzea:
Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzeko berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez onartzen da Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuarekin bat kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.
Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzeko otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegi bat errespetatuko da.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua eta/edo kontsumoa murriztea.
Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Ingurumen-agiri estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, honako hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, «Bretxa»-ren hiri-eraberritzeko plan bereziak ez du eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Kasu horietan, sustatzaileak berriro hasi beharko du ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 5a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.