EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018176

AGINDUA, 2018ko uztailaren 13koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Colegio Oficial de Agentes de la Propiedad Inmobiliaria de Álava - Higiezinen Jabetza-agenteen Arabako Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketak.

Xedapenaren data: 2018-07-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201804485
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Colegio Oficial de Agentes de la Propiedad Inmobiliaria de Álava - Higiezinen Jabetza-agenteen Arabako Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko egindako eskabidearen espedientea.
EGITATEZKO AURREKARIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean sartu zen Colegio Oficial de Agentes de la Propiedad Inmobiliaria de Álava - Higiezinen Jabetza-agenteen Arabako Elkargo Ofizialaren estatuak aldatzeko eskabidea, eta espedientea tramitatu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.
Bigarrena.– Lehiaren Euskal Agintaritzaren nahitaezko txostena jaso ondoren, estatutu-aldaketa legearekin bat datorrela egiaztatu da.
Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten.
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.
Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.
Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6. eta 7., 38..eta 39. artikuluan xedatuta dagoena betetzen da.
Oinarria: Aztertu dira manu horiek eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako arauak; horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Colegio Oficial de Agentes de la Propiedad Inmobiliaria de Álava - Higiezinen Jabetza-agenteen Arabako Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Elkargo horren estatutuen aldaketa argitaratzeko eta estatutuak agindu honen eranskinean jartzeko agintzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 13a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
COLEGIO OFICIAL DE AGENTES DE LA PROPIEDAD INMOBILIARIA DE ÁLAVA – HIGIEZINEN JABETZA-AGENTEEN ARABAKO ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
IZENA, NORTASUN JURIDIKOA, HELBIDEA, IRAUPENA, LURRALDE-EREMUA, XEDEA ETA EGINKIZUNAK
1. artikulua.– Izena.
Elkargoaren izen osoa Colegio Oficial de Agentes de la Propiedad Inmobiliaria de Álava - Higiezinen Jabetza-agenteen Arabako Elkargo Ofiziala da, eta estatu hauetan «elkargoa» esango zaio, aurrerantzean.
Honako hauek dira laburdura ofizialak: HJAEO (euskaraz) eta COAPI (gaztelaniaz).
2. artikulua.– Nortasun juridikoa.
Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da. Nortasun juridiko propioa dauka, bai eta jardute-ahalmen osoa ere, bere eginkizunak betetzeko.
Estatutu hauetan elkargoaren ordezkaritza-organoak eta -pertsonak eta eginkizunen edukia eta mugak zehaztuta daude.
3. artikulua.– Elkargoaren helbidea.
Elkargoaren helbidea Arabako Lurralde Historikoan dago.
Gaur egun, hau da elkargoaren helbidea: Gasteiz hiribidea 26, behea.
Batzar Nagusiak erabaki behar du elkargoaren helbidea aldatzea, aldaketa Vitoria-Gasteizko udal-mugartean egiten bada ere.
4. artikulua.– Iraupena.
Elkargoaren iraupena mugagabea da.
5. artikulua.– Lurralde-eremua.
Elkargoaren jardun-eremua Arabako Lurralde Historikoa da.
6. artikulua.– Xedeak.
Honako hauek dira elkargoaren xedeak:
a) Higiezinetako agenteen jardunaren antolaketa haien eskumenen eremuan sustatzea.
b) Elkargokideen interes profesionalak defendatzea, haiek espresuki eskatzen dutenean; eta lanbidea sustatzeko ontzat hartzen den guztia sustatzea.
c) Elkargoko higiezinetako agenteen jarduna eta lanbide-elkartasuna gidatzen dituzten printzipio deontologikoak eta etikoak sustatzea, babestea eta betetzea.
d) Erakunde publiko edota pribatuekin harremanetan jartzea eta egotea, baldin eta erakundeok elkargokideen jardute-eremuan eskumenak badituzte.
e) Lanbide-jardunari lotutako interesak betetzea, bai eta partikularren interesak ere, pertsona horiek elkargokideen laguntza eskatzen dutenean, haien gaiak ebazteko.
f) Etengabeko prestakuntza, elkargokideen jardunean ematen diren zerbitzu profesionalen kalitatea ere etengabe hobetzeko.
g) Arabako HJAEOko kideak diren higiezinetako agenteak ordezkatzea.
h) Elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea.
i) Eta, orokorrean, elkargokideen eskumeneko gai guztietan esku hartzea, elkargoaren edo elkargokideen interesak babesteko.
7. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Honako hauek dira elkargoaren eginkizunak:
a) Etika profesionala eta herritarren eskubide eta interesei zor zaien errespetua zaintzea.
b) Higiezinetako agenteen jarduna elkargoaren jardute-eremuan eta lege-esparru aplikagarrian antolatzea.
c) Elkargokideen lanbide-jarduna lege-esparru aplikagarriaren araberakoa izatea eta elkargokideen eskubide eta betebeharrak behar bezala betetzea zaintzea.
d) Higiezinen jabetzako agenteen lanbide-jardunean diziplina-ahala baliatzea.
e) Lanbide-zenbatekoak, ordainsariak edota zerbitzu-sariak kobratzeaz arduratzea, elkargokideek eskatzen baldin badute, betiere estatutuon IV. tituluaren 7. kapituluan ezarritako eskakizunen eta helmenaren arabera.
f) Txostenak, irizpenak edota peritu-txostenak prozedura judizialetan, administrazio-prozeduretan edo arbitraje-prozeduretan egitea, baldin eta agintaritza judizialak, administrazio-agintaritzak edo arbitraje-agintaritzak eskatzen badu, eta betiere lanbidearen berezko zerbitzuak haien xedea ez badira.
g) Elkargokideei zerbitzu egokiak ematea, ahalmen ekonomikoa, teknikoa eta giza baliabideak kontuan hartuta, eta Gobernu Batzordeak erabakitakoaren arabera. Edonola ere, elkargoak elkargokideei etengabeko prestakuntza-zerbitzuak eskaini beharko dizkie, higiezinen jabetza-arloan.
h) Bitartekaritza bidez edo zuzenbideko edo ekitateko arbitraje bidez, elkargokideen artean sortzen diren lanbide-gatazketan parte hartzea, baita elkargokideek hirugarrenekin dituzten gatazketan ere, baldin eta esku hartzen duten alderdi guztiek hala eskatzen badute. Elkargoak arbitraje-auzitegi bat sortu ahalko du, erakundea arautzen duen araudi erregulatzaileari jarraikiz.
i) Elkargokideek egiten dituzten lan profesionalak ikus-onestea, elkargokideek edo lege aplikagarriek hala eskatzen badute. Ikus-onespenaren bidez ziurtatuko da lanaren egilea nor den eta egilea elkargokidea dela. Indarreko araudiarekin bat, ikus-onespena ez da nahitaezkoa.
j) Administrazio publikoarekin lankidetzan jardutea interes komunak lortzeko.
k) Gobernu Batzordeak eta Batzar Nagusiak erabakita, kide izanik zein ez, administrazio-, unibertsitate-, gizarte-, ekonomia- eta lanbide-erakunde edota instituzioetan edo beste erakunde mota batzuetan parte hartzea, elkargoaren organoek eta erakunde edo instituzio horien arau erregulatzaileek ezarritako helmenarekin eta edukiarekin bat etorrita, betiere arau erregulatzaileek parte-hartze hori onartzen badute.
l) Etorkizuneko higiezinetako agenteen prestakuntzan parte hartzea, teknika-, etika- eta giza gaitasunen arloan, elkargoko organoek ezarritako baldintzei eta arau aplikagarriei jarraikiz.
Ll) Administrazio-organoek edo organo judizialek eskatuta, edota alderdi batek eskatuta, txostenak eta estatistikak egitea; eta txostenak zein estatistikak borondatez egitea; betiere elkargoaren baliabide fisikoak, teknikoak, giza baliabideak, eta hala dagokionean, baliabide ekonomikoak kontuan hartuta, eta lanbidearen berezko zerbitzuak horien xedea ez badira.
m) Identifikatzen diren jardunbide desleialak agintaritza eskudunei jakinaraztea eta, lehia desleiala aitortzen duen ebazpen judizialik egonez gero, diziplina-neurriak hartzea. (LEAk proposatu duen aldaketa).
n) Urteko memoria-txostena, diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontuak eta dagozkien kontuak eta likidazioak egitea.
ñ) Higiezinei buruzko web-orriak eta web-atariak sortzea, leihatila bakarra ezarrita, elkargokide guztien, bezeroen, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen mesederako; horrez gain, erabiltzaileek arreta bereziko zerbitzu bat erabili ahalko dute, informazioa eskatzeko eta kexak zein erreklamazioak bide telematikoz aurkezteko.
o) Lanbidearen interesentzat onuragarriak diren eta elkargoaren helburuak betetzera bideratuta dauden gainerako eginkizunak.
p) Indarrean dagoen legeriak agintzen dion edozein eginkizun.
2.– Honako hauek elkargoaren eginkizun eskuordetuak dira:
a) Administrazio publikoaren berezko eginkizunak betetzea, araudi aplikagarrian hala ezarrita badago.
b) Administrazio publikoaren berezko eginkizunak betetzea, administrazio eskudunak akordio edo hitzarmen baten bidez hala xedatzen duenean, akordio edo hitzarmen horretan ezarritako edukiari eta helmenari jarraikiz.
II. TITULUA
ELKARGOKIDEAK
1. KAPITULUA
ELKARGOKO HIGIEZINEN JABETZAKO AGENTEEN LANBIDE-JARDUNAREN EDUKIA ETA GAUZATZEA
8. artikulua.– Elkargoko higiezinen jabetzako agenteen lanbide-jardunaren edukia eta gauzatzea.
Higiezinen jabetzako agenteen lanbide-jardunaren edukia lege-araudi aplikagarrian ezarrita dago.
9. artikulua.– Merkataritza-sozietateen bidez elkargokideak diren higiezinen jabetzako agenteen lanbide-jardunaren gauzatzea.
1.– Araudi aplikagarrian bestela ezarri ezean, elkargoko higiezinen jabetza-agenteen lanbide-jarduna pertsona fisikoek egingo dute, hargatik eragotzi gabe jardun hori sozietate zibilen edo merkataritza-sozietateen bidez egitea.
2.– Bigarren kasuan, sozietate zibilak edo merkataritza-sozietateak honako eskakizun hauek bete beharko ditu:
a) Sozietate horretako kideren edo bazkideren batek elkargoko higiezinen jabetzako agente jardulea, pertsona fisikoa, izan beharko du.
b) Sozietatearen xedeak eta higiezinen jabetzako agenteen jarduna erregulatzeko indarreko araudian ezarritakoak guztiz bat etorri beharko dute.
c) Sozietatearen izenean, hasieran edo amaieran baina merkataritza-siglen aurrean, «Higiezinen jabetzako agentzia» edo «HJA» jasota egotea.
d) Administrazio-organoko kideren batek elkargoko higiezinen jabetzako agente jardulea izan beharko du.
e) Elkargoari sozietatearen eratzearen, xedearen, desegitearen, kideen edo bazkideen eta administratzaileen identitateen berri berehala ematea, bai eta alderdi horien edozein aldaketaren berri ere.
2. KAPITULUA
ELKARGOKO KIDE IZATEA
10. artikulua.– Elkargokideen izena.
1.– Elkargokide jarduleek «Elkargoko higiezinen jabetzako agente» izena erabili ahalko dute, beren lanbide-jardunean.
Honako hauek elkargoko higiezinen jabetzako agenteen eta haien elkargo ofizialen enblema ofizialak dira:
– Armarri ofiziala, instituzio ordenara egokitzeko indarreko moldaketa ofizialak ezarrita.
– Lanbide-logotipoa, higiezinen jabetzako agenteen akronimoaz osatuta, urdin kolorekoa. Logotipoak lau barra gorri ditu, eskuinera makurtuta, «A» letraren gainean.
2.– Elkargokide bat jada elkargokide ez bada, edo elkargokidetza etenda baldin badauka, edo elkargokide jardulea izateari uzten badio, elkargokideak ezin izango ditu armarri ofiziala edo korporazioaren logotipoak erabili.
11. artikulua.– Elkargokideen egoera.
1.– Elkargokideak «jarduleak» edo «ez-jarduleak» izan daitezke, estatutuotan ezarritako edukiari jarraikiz.
2.– Elkargokide «jardule» eta «ez-jardule» guztiek eskubide eta betebehar berberak izango dituzte, honako salbuespen hauekin:
a) Elkargokide ez-jarduleek ezin dute lanbide-logotipoa erabili, ezta armarri ofiziala ere. Lanbide-logotipoa higiezinen jabetzako agenteen akronimoaz osatuta dago, eta urdin kolorekoa da; lau barra gorri ditu, eskuinera makurtuta, «A» letraren gainean.
b) Gobernu Batzordeko kidea izan ahal izateko, elkargokideak «jardule» izan behar du, estatutuotan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain.
c) Gai orokor guztiei buruzko borondatea osatzeko, eta, bereziki, Batzar Nagusiaren akordioak hartzeko, Gobernu Batzordeko kideak izendatzeko hauteskundeetan eta Gobernu Batzordearen zentsura-prozeduran, honela egingo da botoen zenbaketa: elkargokide «jardule»en botoak balio bikoitza izango du zenbaketan, elkargokide «ez-jardule»en botoen aldean.
3.– Kide «jardule»a izatetik kide «ez-jardule»a izatera aldatzeko, nahitaezkoa da elkargoko Gobernu Batzordeari idatziz horren berri ematea, eta beren-beregi adierazi beharko da elkargoko higiezinen jabetzako agenteen lanbide-jarduna eten dela, bai eta harremanetarako helbide berria ere. Kide «ez-jardule» izateko egoera elkargoan jakinarazpena jaso zen hilabeteko azken eguna eta gero hasiko da elkargoan ondorioak izaten. Kide «ez-jardule» izateko egoera eraginkorra izan eta hilabetera, elkargoak fidantzaren zati proportzionala itzuliko dio interesdun «ez-jardule»ari, elkargoak zehaztutako zenbatekoan eta moduan.
4.– Agente «ez-jardule» izatetik agente «jardule» izatera aldatzeko, interesdunak egoera horren berri eman beharko dio Elkargoko Gobernu Batzordeari. Horrez gain, nahitaezko fidantza gordailutu beharko du, eta jarduera gauzatzeko bulegoaren kokapena jakinarazi. Erantzukizun zibileko asegurua, banakakoa edo kolektiboa, sinatu beharko du. Ez du berriro ordaindu beharko elkargoko bazkide-kuota, baina gordailututako fidantzaren zati proportzionala osatu beharko du (hau da, bere garaian elkargoan sartu zeneko fidantza osatu). Gobernu Batzordeak onartzen duen egunean ondorioak izaten hasiko da kide «jardule» izateko egoera.
12. artikulua.– Elkargoan sartzea.
1.– Espainiako herritartasuna duten pertsona guztiek estatutuotako 13. artikuluko eskakizun objektiboak betetzen badituzte, elkargoan sartzeko eskubidea dute, eta elkargoak ezin izango die sarrera ukatu.
2.– Europar Batasuneko estatuetako pertsonei dagokienez, elkargoan sartzeko eskaera Europako Erkidegoaren araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiz onartuko da, eta eskatzaileek 13. artikuluko gainerako eskakizunak bete beharko dituzte.
3.– Munduko gainerako estatuetako pertsonei edo aberrigabeko pertsonei dagokienez, honako alderdi hauek kontuan hartuko dira, eskaera onartzeko erabakian: Espainiako organo eskudunak eskatutako titulua eta eskatzailearen titulua baliokideak diren; horretan, elkargoak ezin izango du elkarrekikotasun-printzipiorik aurkatu; eta eskatzaileak 13. artikuluan ezarritako eskakizunak aurrez betetzen dituen.
13. artikulua.– Elkargokide izateko eskakizunak.
1.– Elkargoan sartzeko, gaitasun orokor batzuk egiaztatu behar dira. Zehazki, honako hauek:
a) Adinez nagusia izatea eta ezintasun-kausarik ez izatea.
b) Gradu-, lizentzia-, diploma-, ingeniaritza-, arkitektura-, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulua edukitzea, edo Ministerio eskudunak emandako higiezinen jabetzako agente aritzeko titulu ofiziala edukitzea.
c) Lanbidea gauzatzea galarazten duten zigor-aurrekaririk ez izatea; horretarako, zigor-aurrekariei buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko du, egoera hori egiaztatzeko.
2.– Honako eskakizun hauek bete behar dira, elkargoan benetan sartzeko:
a) Interesdunak Colegio Oficial de Agentes de la Propiedad Inmobiliaria de Álava - Arabako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialeko buruari eskaera zuzendu beharko dio, eta elkargoaren helbidean entregatu edo hara bidali beharko du.
b) Fidantza osatzea eta ordezkagiria aurkeztea, fidantza ezarritako zenbatekoan eta moduan osatu dela egiaztatzeko. Oro har, Gobernu Batzordeak ezartzen ditu modua eta zenbatekoa.
c) Elkargokide izateko kuota ordaintzea, eta ordainagiria edo ordainketa egin izanaren egiaztagiria aurkeztea.
d) Lanbide-bateraezintasunik edo lanbidean jarduteko debekurik ez izatea ziurtatzen duen zinpeko aitorpena.
e) Erantzukizun zibila, banakakoa edo kolektiboa, hitzartzea.
f) Bulegoaren irekiera, helbidea eta telefono-zenbakia jakinaraztea, baita helbide elektronikoa ere, halakorik balego.
3.– Higiezinen jabetzako agenteen beste elkargo batzuetako kide izan diren pertsonek elkargoan sartzeko eskaera egiten baldin badute, elkargokide izateko eskaeran aitortu beharko dute, eta dagokion elkargoko gobernu-batzordearen ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute. Aitorpenean adierazi beharko da ez dagoela elkargokide izatea eragozten duen kausarik. Eskatzailea iraganean elkargoko kidea izan balitz, eta berriro ere sartu nahi badu, aurreko kidetzaren ondorioz sortu diren betebehar ekonomikoak egunean eduki beharko ditu, indarrean jarraitzeko lege-epea preskribatuta egon ezean.
4.– Higiezinen jabetza-agenteen Arabako Elkargo Ofizialean edo beste elkargo batean desgaituta egon diren pertsonek sartzeko eskaera egin nahi baldin badute, desgaikuntza-zigorrak beteta edo preskribatuta egon beharko du.
5.– Gobernu Batzordeak hilabeteko epean ebatziko ditu elkargoan sartzeko eskaerak, eskaera egiten denetik zenbatuta. Epe hori ez da balioduna izango, eskaerak uztailean edo abuztuan aurkezten badira; halakoetan, epea irailaren 1etik aurrera zenbatzen hasiko da. Eskabidea osatuta ez badago, eta osatu egiten den arte, epea etenda egongo da, eta osatu eta gero jarraitu egingo du zenbaketak.
6.– Behin hilabeteko epea amaituta, aurreko zenbakian adierazitako salbuespenak eginda, erantzunik eman ez baldin bada, sartzeko eskaera onartutzat hartuko da.
7.– Elkargoan «ez-jardule» sartu nahi direnek aurreko puntuetan adierazitako eskakizunak bete beharko dituzte, 2. zenbakiko e) eta f) letretan ezarritakoa izan ezik. Eskaeran harremanetarako helbidea eta telefonoa adierazi beharko dituzte beti.
14. artikulua.– Elkargokide izateari uztea.
1.– Elkargo bakoitzaren estatutuetan ezarritakoa gorabehera, honako kausa hauek osatzen direnean, pertsona batek elkargokide izateari utziko dio:
a) Heriotza.
b) Desgaitasun fisikoa edo mentala, jardunean aritzeko oztopoa baldin bada.
c) Lanbidean jarduteko desgaikuntza-zigor osagarria berekin ekartzen duen kondena irmoa.
d) Nahitaezko diziplina-espedientearen amaieran etendura- edo kanporatze-zehapen irmoa ezartzea.
e) Borondatezko uko-egitea edo baja, Elkargoko Gobernu Batzordeari zuzenduta, eta elkargoan jasotzen den egunetik bertatik izango ditu ondorioak. Gobernu Batzordeak baiesteko ebazpena emango du beti, egun horren ostean antolatzen den hurrengo bilkuran.
2.– Elkargokide ez izateko erabakia Elkargoko Gobernu Batzordeak hartuko du, arrazoiak emanda, eta elkargokideari jakinarazi beharko zaio.
3.– Higiezinen Jabetzako Agenteen Kontseilu Nagusiari bajak jakinarazi beharko zaizkio.
3. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
15. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.
1.– 11. artikuluan ezarritako salbuespenak eginda, honako hauek dira elkargokideen eskubideak:
a) Elkargoak ematen dituen zerbitzuak erabiltzea.
b) Elkargoko organoetako hautesleak eta hautagarriak izatea, baldin eta kargu horiek hauteskundeen bidez hautatzen baldin badira, eta, izendatuta izanez gero, kargu horietan jardutea eta behar bezala betetzea. Elkargokide «ez-jardule»ak ezin dira Gobernu Batzordeko kideak izan. Kide «ez-jardule»en botoaren balio bikoitza izango du kide «jardule»en botoak.
c) Antolatzen diren batzarretan esku hartzea eta botoa ematea.
d) Liburuak, kontabilitatea eta Estatutuak Elkargoko helbidean aztertzea.
e) Elkargoaren interesak aztertzeko, kudeatzeko eta defendatzeko sortu diren batzorde eskuordetuetan edo lantaldeetan esku hartzea, Gobernu Batzordeak edo Batzar Nagusiak hala eskatzen baldin badu.
f) Elkargoko estatutuon eta lege-arauen ondorioz sortzen diren gainerakoak.
2.– Eskubide horiek lege- eta estatutu-arauekin bat eta elkargoko organoek modu baliodunean hartu dituzten akordioekin bat etorrita gauzatuko dira.
16. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.
1.– 11. artikuluan ezarritako salbuespenak eginda, honako hauek dira elkargokideen betebeharrak:
a) Elkargokide izateagatik sortzen diren betebehar ekonomikoak bere gain hartzea eta behar bezala betetzea.
b) Elkargoaren giro eta bizikidetza onak izaten laguntzea.
c) Elkargoa nahita gutxiesten duen adierazpen publikorik ez egitea.
d) Antzekoak diren beste erakunde batzuekin loturak sortzen laguntzea.
e) Estatutuotan edo elkargoko organoetan, beren eskumenen eremuan, era baliodunean hartutako akordioetan ezarritako arauak betetzea.
f) Beste elkargokide batzuek askatasunez egiten dituzten iritziak errespetatzea eta elkargoaren jarduerak ez oztopatzea.
g) Ahal den neurrian, elkargoari eta elkargokideei laguntzea, ezarrita dituen zerbitzuetan.
h) Informazioa isilpean gordetzeko betebeharra edota behar bezalako konfidentzialtasuna betetzea, arau aplikagarriekin bat etorrita.
i) Higiezinen arloko bitartekaritzan, lehia askean eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsan aplikagarria den edozein arau urratzen bada, horren berri ematea elkargoari eta agintaritza judizialei zein administratiboei.
j) Etika profesionala eta kasu zehatz bakoitzeko jarduketan aplikagarria den araudia betetzea lanbide-jardunean.
k) Jarduera zuzenean eta pertsonalki egitea, eskuordetu ezina delako.
l) Elkargoko estatutuon eta lege-arauen ondorioz sortzen diren gainerakoak.
2.– Betebehar horiek lege- eta estatutu-arauekin eta elkargoko organoek modu baliodunean hartu dituzten akordioekin bat etorrita gauzatuko dira.
17. artikulua.– Elkargokideen erantzukizuna, elkargoaren zorretan.
Honako hauek dira elkargokideek elkargoaren eragiketetan duten erantzukizun ekonomikoaren mugak: elkargokideek elkargoaren eragiketetan egin behar dituzten nahitaezko ekarpenen zenbatekoa, eragiketok elkargoak era baliodunean erabaki baditu; borondatezko ekarpenen zenbatekoa, horrelako betebeharra euren gain hartu badute; eta espresuki eta zehatz-mehatz hartutako konpromisoen zenbatekoa.
III. TITULUA
ELKARGOKO ORGANOAK
18. artikulua.– Elkargoko organoak.
Honako hauek dira elkargoko organoak:
Elkargokideen Batzar Nagusia.
Gobernu Batzordea.
Lehendakaritza.
1. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN BATZAR NAGUSIA
19. artikulua.– Organo gorena. Osaera.
1.– Batzar Nagusia da elkargoko organo gorena.
2.– Elkargokide guztiek (jarduleek eta ez-jarduleek) osatzen dute. Guztiek dute bilera-deia jasotzeko eta bilerara joateko eskubidea, zuzenean edo ordezkatuta. Horretaz gain, hitza hartzeko eta botoa emateko eskubidea ere badute.
20. artikulua.– Eskumenak.
1.– Elkargokideen Batzar Nagusia elkargoko organo gorena da, eta berari dagokio legeetan eta estatutuotan ezarritako eginkizunak betetzea.
2.– Zehazki, honako hauek dira Batzar Nagusiaren eginkizunak:
a) Elkargoko estatutuak onartzea eta aldatzea.
b) Elkargoaren kontuak eta aurrekontua onartzea edo zentsuratzea.
c) Elkargoaren ondare-elementuak besterentzea edo eskuratzea. Ondare-elementuok elkargoaren balantzean egon beharko dute.
d) Jaraunspenak, legatuak eta dohaintzak onartzea edo baztertzea.
e) Elkargoaren helbidea finkatzea.
f) Elkargoa edozein lanbide- edo administrazio-erakundetara atxikitzeko baimena ematea (kide gisa edo beste figura bat ezarrita), eta haietatik bereizteko baimena ematea.
g) Elkargoaren mendeko arbitraje-auzitegia sortzea edo desegitea, eta funtzionamendu-arauak zehaztea.
h) Gobernu Batzordeko kideak hautatzea, estatutuotan ezarritako hauteskunde-prozeduraren arabera.
i) Gobernu Batzordearen jarduna zentsuratzea, zentsura-mozioa barne, estatutuotan ezarritako prozeduraren arabera.
j) Elkargoa bereizteko logotipoak edo ikurrak onartzea.
k) Elkargokideak direnei zein ez direnei gorazarre egitea.
l) Gobernu Batzordeak proposatuta, elkargoaren diru-sarreren eta finantzen zenbatekoa finkatzea, estatutuotan ezarritakoaren arabera.
Ll) Administrazioarekin edo beste pertsona fisiko edo juridiko batekin lankidetza-hitzarmenak onartzea edo azkentzea, estatutuotan aurreikusitako kasuetan.
3.– Batzar Nagusiaren eskumenak ezin dira eskuordetu.
21. artikulua.– Deialdia.
1.– Batzar Nagusiak ohiko eta ezohiko bilerak egin ahalko ditu.
2.– Batzar Nagusiaren ohiko bilkura gutxienez urtean behin egingo da, egutegiko urte bakoitzeko lehen lau hilabeteetan. Bilera horretan urteko aurrekontua eta aurreko aurrekontuaren gauzatzea onartuko dira; horrez gain, Gobernu Batzordearen kudeaketaren berri emango da, eta gai-zerrendan sartutako gaiak jorratuko dira.
3.– Gobernu Batzordeko buruak egingo ditu Batzar Nagusiaren ohiko zein ezohiko bilera-deiak. Horretarako, iragarki bat jarriko du elkargoaren egoitzan, eta jakinarazpen idatzia bidaliko die elkargokide guztiei. Jakinarazpena elkargokideen helbideetara bidaliko du (elkargoan adierazi duten helbidera), gutxienez bilera egin eta hamabi egun lehenago.
4.– Deialdiaren jakinarazpenean bileraren lekua, eguna eta ordua adierazi beharko dira, gai-zerrendarekin batera. Jorratu behar diren gaiei buruzko informazioa bermatzeko behar diren dokumentu guztiak erantsi beharko zaizkio deialdiari. Dokumentuak bidali beharrean, elkargoko egoitzako idazkaritzan erabilgarri jarri ahalko dira.
5.– Elkargokide guztien % 20 ordezkatzen duten elkargokideek ere Batzar Nagusiaren bilera-deia egin ahalko dute. Hala denean, haiek proposatuko dute gai-zerrenda. Batzar Nagusiaren bilera-dei hori egin ahal izateko, interesdunek Gobernu Batzordeko buruari bidali beharko diote Batzar Nagusiaren bilera-deiaren eskaera. Guztiek sinatu beharko dute eskaera, eta buruari hilabeteko epea emango diote deialdia egin dezan. Bilera eskatu duten elkargokideek proposatutako gaia gai-zerrendan sartu beharko du, gutxienez. Epe hori amaitu bada, eta buruak Batzar Nagusiaren bilera-deia egin ez badu, elkargokide interesdunek egin ahalko dute, hamabost eguneko epean, aurreko astearen amaieratik hasita.
6.– Gobernu Batzordeko buruak Batzar Nagusiaren bileretan ere buru-lana egingo du; eta bera ez dagoenean, buruordeak egingo du. Gobernu Batzordeko idazkariak Batzar Nagusiaren bileretan ere idazkari-lana egingo du. Batzar Nagusiaren bilera-deia aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera egin baldin bada, edo Gobernu Batzordeko burua, buruordea edo idazkaria ez baldin badaude, Batzar Nagusiak berak erabakiko du buru- eta idazkari-lana nork egingo duen, betiere elkargokide «jardule»en artean hautatuta.
22. artikulua.– Batzar Nagusiaren bileretara joatea.
1.– Elkargokide guztiak joan ahal dira Batzar Nagusiaren bileretara, baita botoa emateko eskubidea ez dutenak ere. Zuzenean joan ahal dira, edo, bestela, beste elkargokide batek ordezkatuta; horretarako, espresuki emango diote bera ordezteko baimena, idatziz. Ordezkaria onartzeko, bilera hasi baino lehen Batzarreko buruari eman beharko diote ordezkaritza-baimena.
2.– Elkargoan zerbitzua egiten duten langileak eta haien aholkulari juridikoa ere joan ahalko dira. Ez dute botorik izango, baina hitz egin ahalko dute, hitz egiteko gonbidapena egiten bazaie.
3.– Elkargokideak aholkulari edo notario batekin batera joan ahalko dira bileretara. Hark ez du botoa emateko edo hitz egiteko eskubiderik izango, batzarreko buruak hitz egiteko gonbidapena espresuki egin ezean. Aholkulariarekin batera joan nahi izanez gero, elkargokideak batzarreko buruari esan beharko dio, bilera hasi aurretik. Buruak bertaratuei emango die aholkulari edota notario horien berri.
4.– Batzarreko buruak gonbidatzen dituen gainerako pertsonak ere bilerara joan ahalko dira; haiek ez dute boto-eskubiderik izango, baina, eskatuz gero, hitz egin ahalko dute. Buruak gonbidatuen berri eman beharko die bertaratuei.
5.– Administrazio publikoak ordezkari bat bidali ahalko du batzarraren bileretara, baina aurrez buruari jakinarazi beharko dio. Ordezkari horrek hitz egiteko eskubidea izango du, baina ez botoa ematekoa.
23. artikulua.– Batzar Nagusia eratzea.
1.– Batzar Nagusia balio osoz eraturik egongo da lehenengo deialdian, gutxienez kideen erdiak gehi bat bertaratzen direnean.
2.– Bigarren deialdian, Batzar Nagusia balio osoz eraturik egongo da, bertaratuen kopurua edozein izanda ere.
3.– Lehen deialdian beharrezko quoruma osatzen ez baldin bada, bigarren deialdia egin beharko da, eta bigarren deialdiko bileraren eguna hamabost eguneko epean jarri beharko da, lehen deialdiko egunetik zenbatuta. Lehen eta bigarren deialdiak egintza-batasunean egin ahalko dira; hala denean, Batzar Nagusia bigarren deialdian eratu ahalko da, betiere ordu erdiko epea igaro bada, lehen eta bigarren deialdietako bilera-orduen artean.
24. artikulua.– Erabakiak hartzea.
1.– Bileran bertaratuen eta kide ordezkatuen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak, estatutuotan ezarri diren gehiengo indartuak aplikatzeko kasuetan izan ezik. Inork ez du kalitateko botoa izango; beraz, berdinketa gertatzen denean, erabakia ez da hartutzat joko.
2.– Elkargoaren estatutuak aldatzeko, bileran bertaratutako edo ordezkatutako elkargokideen bi herenek aldeko botoa eman beharko dute.
3.– Gobernu Batzordearen zentsura-mozio bat aurrera joan ahal dadin, prozedura arautzen duten estatutu-arauetan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, elkargokide bertaratuen eta ordezkatuen bi herenek aldeko botoa eman beharko dute. Gainera, gutxienez elkargokide guztiak gehi bat ordezkatu beharko dituzte, eta buruak hauteskundeetan lortu zituen botoen erdiak gehi bat ere ordezkatu beharko dituzte. Prozedura horretan, elkargokide «ez-jardule»en botoaren balio bikoitza izango du elkargokide «jardule»en botoak.
4.– Elkargoa desegiteko, bileran dauden edo ordezkatuta dauden kide guztiek aldeko botoa eman beharko dute, eta, gutxienez, elkargokide guztien bi herenak ordezkatu beharko dituzte.
5.– Bozketak, oro har, irekiak izango dira, baina, bertaratutako edo ordezkatutako elkargokideetako batek bakarrik botoa isilpean emateko eskatzen baldin badu, botoaren sekretua bermatzeko moduan antolatu beharko da bozketa.
25. artikulua.– Batzar Nagusiaren aktak eta akordioen ziurtapenak.
1.– Elkargoak akta-liburua eduki beharko du, eta bertan jasoko dira bileren aktak. Batzarreko idazkariak idatziko ditu.
2.– Batzar Nagusian hartu diren akordioak ziurtatzeko ahala izango du idazkariak, eta buruaren oniritzia beharko du.
2. KAPITULUA
GOBERNU-BATZORDEA
26. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Gobernu Batzordeak elkargoaren kudeaketa arrunteko eginkizun guztiak bete behar ditu, legeetan eta estatutuotan agindutakoekin batera.
2.– Zehazki, honako hauek dira Gobernu Batzordearen eginkizunak:
a) Elkargokideak onartzeko erabakia hartzea, legeetan eta estatutuotan ezarritakoari jarraikiz.
b) Elkargoa egintza eta kontratu guztietan ordezkatzea.
c) Elkargoan zerbitzu egiten duten langileak kontratatzea, lan-kontratua eginda edo zerbitzuak emateko akordioaren bidez. Aurrez, Batzar Nagusiak baimendu beharko du, lankidetza-hitzarmenak egiteko prozedurekin bat etorrita.
d) Elkargoaren funtzionamendua antolatzea, zuzentzea eta gainbegiratzea.
e) Araudiak onartzea, estatutuok behar bezala bete ahal izateko.
f) Batzar Nagusiari elkargoaren diru-sarreren eta finantzen zenbatekoa proposatzea; elkargoaren kuoten edo elkargokideen betebehar ekonomiko guztien sorrera eta ordaintzeko modua erabakitzea; eta elkargokideen ordainketa-betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko neurriak hartzea.
g) Urteko aurrekontua egitea eta egikaritzea, elkargoaren ordainketa eta diru-sarrera bakoitza kontabilizatuta, kontabilitate-araudi aplikagarrietan ezarritakoari jarraikiz.
h) Urteko memoria-txostena egitea, legean eskatutako informazioa eta estatistikak jasota.
i) Elkargoa beste lanbide- edo administrazio-erakunde batzuetan ordezkatzen duten pertsonak izendatzea, erakunde mota guztiak kontuan hartuta.
j) Banku-kontuak elkargoaren izenean irekitzea edo ixtea, funtsak erabiltzea edo aplikatzea, balioak gordailutzea edo ateratzea, elkargoaren aldeko abalak ematea eta kentzea; eta, oro har, behar diren banku-eragiketa, merkataritza-eragiketa edo eragiketa zibil guztiak egitea.
k) Elkargoaren interesak epaiketa batean edo epaiketatik kanpo defendatzea, bai eta elkargokideen interesak ere defendatzea, haiek espresuki eskatzen baldin badute. Interesak epaiketa batean edo epaiketatik kanpo defendatu ahalko ditu, egokien irizten dion moduan, eta abokatuen edo prokuradoreen aldeko ahalordeak eman ahalko ditu.
l) Zehapen-ahala baliatzea, elkargokideei dagokienez.
Ll) Kontsultak, txostenak edota irizpenak egitea, hirugarren interesdunek, administrazio publikoak, botere judizialak edo norberaren ekimenez eskatuta. Prozedura-legeetan ezarritakoa bete beharko da, baina lanbidearen berezko zerbitzuak ezin dira horien xedea izan.
m) Elkargokideen prestakuntza- eta lanbide-garapena zaintzea.
n) Elkargokideen esku-hartzeetan etika- eta lege-xedapenak betetzen diren ziurtatzea, eta, bereziki, babes publikoko etxebizitzen arloan –edo araudian ematen zaien izenaren araberako etxebizitzen arloan– zaintzea kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen betetzea; horretarako, administrazio publikoarekin batera jardungo du, botere publikoek garai bakoitzean ezartzen duten etxebizitza-politika behar bezala bete dadin.
ñ) Administrazio publikoarekin batera jardutea, hark eskatutako lanetan, eta elkargoaren giza eta ekonomia-baliabideak kontuan hartuta.
o) Administrazioari interes orokorreko ekimenak proposatzea etxebizitzaren eta hirigintzaren arloan, bai eta elkargokideen lanbide-garapena bermatzeko interes partikularreko ekimenak ere.
p) Gobernu Batzordearen eta elkargoaren zerbitzuen funtzionamendua onartzea.
q) Elkargokideen baja erabakitzea, kuota ordaintzen ez baldin badute.
r) Batzar Nagusiarenak ez diren eta elkargoak bete behar dituen gainerako eginkizun guztiak.
27. artikulua.– Gobernu Batzordearen osaera.
1.– Bederatzi kidek osatuko dute Gobernu Batzordea. Hona hemen kideen karguak: burua, buruordea, idazkaria, diruzaina, kontu-hartzailea eta lau kide. Burua izan ezik, gainerako kargudun guztiak Gobernu Batzordeak berak hautatuko ditu; eta agintaldian aldatu ahalko dira.
2.– Gobernu Batzordeko kideak estatutuotan ezarritako prozeduraren arabera hautatu ahalko dira, agintaldi baterako; eta agintaldi bakoitzaren gehieneko iraupena lau urtekoa izango da. Gobernu Batzordeko kide guztiak, burua izan ezik, berriro hautatu ahalko dira hurrengo agintaldietan, ondoz ondoko edo txandakako agintaldiak izanda ere.
3.– Burua berriz hautatu ahalko dute hurrengo agintaldirako, hau da, bigarrenerako. Ondoz ondoko bi agintalditan buru aritu ondoren, ezin izango da berriro hautagai izan; behintzat, agintaldi bat iragan arte.
4.– Buruak elkargokide jardulea izan beharko du, eta, gutxienez, zortzi urteko antzinatasuna eduki beharko du, elkargokide jardule gisa. Gobernu Batzordeko gainerako kideek ere elkargoko kide «jardule»ak izan beharko dute, eta bi urteko antzinatasuna eduki beharko dute, elkargokide gisa. Elkargoan sartzeko eskaera onartzeko erabakia hartu zen egunetik hauteskundeak egiteko eguna arte zenbatuko da antzinatasuna.
28. artikulua.– Gobernu Batzordeko kide aritzeko kargua doakoa izatea.
1.– Gobernu Batzordeko kideek ez dute ordainsaririk jasoko, ezta beste sari mota bat ere, batzordeko kideak izateagatik. Era berean, elkargoak ez die zenbatekorik ordainduko, elkargoaren jarduera-eremuan zerbitzuak, hitzaldiak edo prestakuntza-ikastaroak emateagatik, edozein izanda ere.
2.– Gobernu Batzordeko kideei itzuliko zaizkie batzordekide aritzeagatik izaten dituzten gastuak, betiere aurrez egiaztatuta. Horretan ez da sartuko inolako dietarik (hau da, bidaia- edo janari-dietarik ere ez); ezta, elkargoan aritzeko, jarduera partikular eteteagatik lortu gabeko irabaziak konpentsatzeko kalte-ordainik ere. Gobernu Batzordeak edozein unetan erakutsi ahalko dizkio edozein elkargokideri, eskatzen baldin badu, elkargokideen ordaindutako egoera eta zenbatekoa.
3.– Gobernu Batzordeak espresuki eta urtero Batzar Nagusiari jakinarazi beharko dizkio Gobernu Batzordeko kideei aurreko urtean ordaindutako eta itzulitako kopuru guztiak. Ordaindutako eta itzulitako kopuruak bereizita kontabilizatu beharko ditu, eta izenak argi adieraziko ditu, Irabazien eta Galeren kontuan erraz identifikatu ahal izateko.
4.– Salbuespen gisa, Gobernu Batzordeari nolabaiteko malgutasun ekonomikoa emate aldera, justifikatu gabeko ordezkaritza-gastuei lotutako partida bat esleitu ahalko da urtean. Partida hori hurrengo ekitaldiko gastuen aurrekontuan sartu beharko da, eta Batzar Nagusiak onartu beharko du.
29. artikulua.– Gobernu Batzordeko kideen erantzukizuna.
1.– Gobernu Batzordeko kideek lege-ordezkari ordenatu baten arduraz beteko dute kargua. Besteak beste, erantzule solidarioak izango dira, elkargoaren ondareari maltzurkeriaz, gaitasun-gehiegikeriaz, zabarkeria larriaz edo eginkizunak behin eta berriro urratzeagatik kalte egiten bazaio. Ez dute erantzukizunik izango kaltea eragin duen akordioaren aurkako botoa eman zuten batzordekideek, edo akordioa ezagutu eta hilabeteko epean akordioarekin ados ez egoteko jakinarazpen idatzia egin zutenek, bilera horretan egon ez arren.
2.– Erantzukizun-egintza estatutuotan ondorio horietarako ezarritako prozeduraren arabera egingo da.
30. artikulua.– Gobernu Batzordearen funtzionamendua.
1.– Gobernu Batzordeak bi hilabetez behin bilduko da, gutxienez; eta, edonola ere, buruak erabakitzen duen bakoitzean.
2.– Buruak egingo ditu bilera-deiak, kideei jakinarazpen bana bidalita. Gutxienez, hiru egun lehenago jakinarazi beharko du; eta deialdian gai-zerrenda jaso beharko du.
3.– Gobernu Batzordea era baliodunean eratutzat joko da, baldin eta gutxienez batzordeko hiru kide bertaratu badira. Kide horietako batek batzordeko burua izan behar du, baina, gaixorik baldin badago, edo kausa larri bat izaten baldin badu, buruordeari eskuordetu ahalko dio.
4.– Batzordekideek zuzenean joan beharko dute bilerara. Ezin izango da ordezkaririk izendatu, buruarena izan ezik, idatziz eta espresuki egina. Gaixotasuna edota kausa larria direla-eta, buruak bileran bertaratzea buruordeari eskuordetu baldin badio, buruordeak ezin izango ditu buruaren eskuordetzeak egikaritu.
5.– Kide bertaratuen gehiengoz hartuko dira erabakiak; edo, hala dagokionean, kide ordezkatuen gehiengoz. Buruak kalitateko botoa edukiko du, berdinketa gertatuz gero.
6.– Gardentasuna bermatze aldera, Gobernu Batzordeak elkargokide guztiei jakinaraziko die bileretan hartutako erabakien informazio-laburpena.
31. artikulua.– Aktak eta akordioen ziurtapenak.
1.– Gobernu Batzordeak akta-liburu bat osatuko du: Batzar Nagusiaren akta-liburu bera izan ahalko da, edo beste bat. Bertan batzordearen bileren aktak jasoko dira, eta idazkariak idatziko ditu.
2.– Idazkariak Gobernu Batzordearen akordioak ziurtatzeko ahala edukiko du, eta buruak oniritzia emango die.
3. KAPITULUA
BURUA
32. artikulua.– Burua.
1.– Gobernu Batzordeko buruari, bere karguari lotutako eginkizunez gain, elkargoaren ordezkaritza gorena dagokio, elkargoaren barruan eta elkargotik kanpo. Horrez gain, elkargoan eragina izan dezaketen gainerako gaiak sustatu eta gainbegiratu beharko ditu.
2.– Honako hauek dira buruaren eginkizunak, bereziki:
a) Elkargoa administrazio publikoaren, beste erakunde profesional batzuen eta beste erakunde batzuen aurrean ordeztea, erakunde horien kidea izan zein ez, bai eta jendarteko iritziaren aurrean ere.
b) Elkargoa epaiketa batean edo administrazio-prozedura batean ordeztea.
c) Elkargoaren izenean, elkargoa behartzen duten kontratu publiko eta kontratu pribatu guztiak sinatzea.
d) Batzar Nagusiak edo Gobernu Batzordeak hartzen dituzten akordioak betetzea edota betearaztea.
e) Elkargoaren zerbitzu guztien behar bezalako funtzionamendua zuzentzea, ordenatzea eta gainbegiratzea.
f) Batzar Nagusietan buru-lana egitea, batzarrak lan horretarako beste pertsona bat hautatu ezean, estatutuotako 21.6 artikuluan ezarritako kasuen arabera; eta Gobernu Batzordeko bileretan ere buru-lana egitea.
4. KAPITULUA
BESTE XEDAPEN BATZUK
33. artikulua.– Buruordea.
Buruordeari dagokio buruaren funtzioak ordeztea, burua bertaratu ez bada, gaixorik jarri bada, edo dimisioa aurkeztu badu. Buruak dimisioa aurkezten duenean, buruordeak berehala sustatu beharko du hauteskunde-prozesua, beste buru bat hautatzeko.
34. artikulua.– Idazkaria.
Honako eginkizun hauek idazkariari dagozkio:
a) Batzar Nagusiaren bileretan idazkari-lana egingo du, Batzar Nagusiak beste idazkari bat izendatu ezean, estatutuotako 21.6 artikuluan ezarritako kasuan izan ezik.
b) Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen bilera-aktak idaztea, bai eta hartutako akordioen ziurtapenak igortzea ere.
c) Elkargokideei Gobernu Batzordeak hartutako akordioak jakinaraztea.
35. artikulua.– Diruzaina.
Honako eginkizun hauek dagozkio diruzainari:
a) Elkargoaren funts ekonomikoak zaintzea.
b) Ordainketa-igorpenak egitea eta beharrezko gordailuak egitea.
c) Kobratze-ziurtagiriak igortzea.
d) Kuoten kobrantza betetzea eta elkargokideen gainerako betebehar ekonomikoak betetzea.
e) Elkargoaren kontabilitatea antolatzea eta ziurtatzea.
f) Elkargoaren aurrekontuak eta urteko kontuak onartzea.
g) Elkargoak bere gain hartu nahi dituen ordainketa-betebehar guztiei aurre egiteko finantzen eskuragarritasunari buruzko informazioa ematea.
h) Elkargoaren ordainketak eta kobrantzak erritmo egokian egiten diren ziurtatzea.
i) Elkargoaren diru-sarrera eta ordainketa guztietan esku hartzea, sinadura emanez.
36. artikulua.– Kontu-hartzailea.
Kontu-hartzaileak diruzainaren jardun osoa orokorrean gainbegiratu beharko du arreta bereziz; eta diruzainak egindako aurrekontuari buruzko iritzia ere eman beharko du.
37. artikulua.– Eskuordeko batzordeak.
1.– Gobernu Batzordeak eskuordeko batzordeak sortu ahalko ditu, egoki irizten badie. Horrez gain, batzordeen osaera eta funtzionamendua erabakiko ditu.
2.– Gobernu Batzordeko kide batek eskuordeko batzordeetako buru-lana egingo du. Gobernu Batzordeko kideak ez diren elkargokideek parte hartu ahalko dute batzorde horietan, bai eta elkargokideak ez direnek ere.
3.– Eskuordeko batzordeen xedea informazioa ematea izango da beti, eta inoiz ez erabakiak hartzea.
IV. TITULUA
PROZEDURAK
38. artikulua.– Arau orokorra.
1.– Colegio Oficial de Agentes de la Propiedad Inmobiliaria de Álava - Higiezinen Jabetza-agenteen Arabako Elkargo Ofiziala administrazio-zuzenbidearen mende dago, zuzenbide publikoko korporazioa delako.
2.– Estatutuotan espresuki araututa ez dauden gaietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoari edota aplikagarriak diren araudi berezietan ezarritakoari jarraitu beharko zaie elkargoaren prozeduretan.
39. artikulua.– Prozedura bereziak.
Honako prozedura hauek berariaz erregulatzen dira:
a) Gobernu Batzordeko kideak hautatzekoak.
b) Gobernu Batzordea zentsuratzekoak.
c) Gobernu Batzordeko kideen erantzukizunari buruzkoak.
d) Gobernu Batzordeko kideen kargu-uzteak.
e) Elkargokideen zehapen-prozedurak.
f) Botoa eteteko prozedurak eta, ez ordaintzeagatik, elkargoan baja ematekoak.
g) Elkargokideen arteko gatazkak eta elkargokideen eta erabiltzaileen artekoak ebaztekoak.
h) Elkargokideen eta hirugarrenen kontsulta-prozedurak, eta kexei eta erreklamazioei erantzutekoak.
i) Txandaren arabera izendatzeko prozedurak.
j) Administrazioarekin hitzarmenak edo akordioak egiteko prozedurak.
k) Beste lanbide- edo administrazio-erakunde batzuetara atxikitzeko prozedurak, erakunde mota edozein izanda ere.
l) Elkargoaren egintzak deuseztatzeko edo deuseztatu ahal izateko prozedurak.
Ll) Elkargoko estatutuak aldatzeko prozedurak.
1. KAPITULUA
GOBERNU-BATZORDEKO KIDEAK HAUTATZEKO PROZEDURAK
40. artikulua.– Hautatzeko modua.
1.– Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko modua sufragio unibertsal aske, sekretu eta zuzena izango da.
2.– Elkargokide ez-jarduleek emandako botoen balioa baino balio bikoitza izango dute elkargokide jarduleen botoek.
41. artikulua.– Hauteskunde-deialdia.
Gobernu Batzordeak gobernu-batzordeko karguak betetzeko hauteskunde-deialdia egingo du honako kasu eta egun hauetan, gutxienez:
a) Irten behar duen Gobernu Batzarraren agintaldiko azken hilabetean.
b) Heriotza, dimisioa, kargu-uztea edo edozein kausa dela eta, Gobernu Batzordeko bost kidek edo gehiagok batzordekideak izateari utzi badiote.
c) Heriotza, dimisioa, kargu-uztea edo edozein kausa dela eta, batzordeko buruak Gobernu Batzordeko burua izateari utzi badio. Halakorik gertatu eta berehala aitortu beharko da prozesuaren hasiera.
d) Gobernu Batzordeak erabakitako edozein unetan.
e) Batzar Nagusian zentsura-mozio batek aurrera egin badu.
f) Ebazpen judizial irmoz, hauteskunde-prozesua bertan behera uzten baldin bada; eta hauteskunde-prozesu deuseztatuaren ondoriozko gobernu-batzordea une horretako gobernu-batzordea denean, deuseztatze-ebazpen judiziala irmoa izan bezain laster.
42. artikulua.– Hauteskunde-prozesua deitzeko erabakia.
1.– Erabakiak hartzeko sistema orokorrari jarraikiz hartuko da Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko deialdia egiteko erabakia, aurreko artikuluaren e) eta d) kasuetan izan ezik. Azken kasu horretan, hauteskunde-deialdia egiteko erabakia hartu ahal izateko, gutxienez, Gobernu Batzordeko bi herenek aldeko botoa eman beharko dute, batzordeko buruak erabakiaren aurka bozkatzen badu. Batzordeko buruak hauteskunde-deialdiaren aldeko botoa ematen baldin badu, erabakiak hartzeko sistema orokorrari jarraituko zaio.
2.– Deialdia egiteko erabakiaren jakinarazpenean hauteskundeak egiteko eguna jasoko da, eta deialdia egiteko erabakiaren eguna eta, gutxienez, bi hilabete iragan eta geroko egun bat izan beharko du.
3.– Hauteskunde-deialdia egiteko erabakia banaka jakinaraziko zaie elkargokideei. Horrez gain, Arabako Lurralde Historikoan zabalkunde handia duen egunkari batean argitaratuko da, betiere azken banakako jakinarazpena bidali eta gero, eta hautagaitzak aurkezteko epea adierazita.
4.– Hauteskunde-deialdia egiten denetik Gobernu Batzordeko kideek kargua hartu arte, irten behar duen gobernu-batzordeak «jarduneko» batzordea izango da.
43. artikulua.– Hauteskunde-mahaia osatzea.
1.– Hauteskunde-deialdia egiteko erabakia hartu eta berehala, hauteskunde-mahaia osatzeko erabakia hartuko da.
2.– Hauteskunde-mahaia hiru kidek osatuko dute: antzinatasun handieneko elkargokideak (mahaiburu-lana egingo du); antzinatasun handieneko hurrengo elkargokideak eta antzinatasun txikieneko elkargokideak.
44. artikulua.– Hautagaitzak aurkeztea.
1.– Gobernu Batzordeko kide izateko hautagaitzak elkargoaren egoitzan aurkeztuko dira. Bi ale aurkeztuko dira: bata elkargoak gordeko du; eta bestea aurkezleari itzuliko zaio.
2.– Hautagaitzan zehaztu beharko da buru ala kide izateko den.
3.– Bi asteko epea emango da hautagaitzak aurkezteko, eta iragarkia egunkarietan iragartzen denetik zenbatuko da.
45. artikulua.– Diru-laguntzen modalitatea.
1.– Hautagaitzen zerrendak irekiak izango dira, eta Gobernu Batzordeko kideak izateko hautagaitzak aurkeztu ahalko dira.
2.– Hori horrela bada ere, batzordeko burua izateko hautagaitza aurkeztu nahi duenak zortzi hautagairen zerrenda aurkeztu beharko du, kideak izan daitezen, batzordeko kide guztiak betetze aldera. Hautagaien zerrenda osoa aurkeztu ezean, ez da onartuko burua izateko hautagaitzarik, ezta osatu gabeko zerrendako hautagaien hautagaitzarik ere.
46. artikulua.– Hautagaitzak aldarrikatzea.
1.– Horretarako ezarri den epe barruan aurkeztutako hautagaitzak elkargoaren iragarki-taulan iragarriko dira, epea amaitu eta hurrengo egunean.
2.– Astebeteko epea zabalduko da, hautagaitzen aurkako alegazioak aurkeztu ahal izateko. Epea hautagaitzak iragartzen direnetik zenbatuko da. Hautagaitzak onartzeko eskakizunak hautagaitzetan bete ez baldin badira, hauteskunde-mahaiak aurkatu beharko ditu.
3.– Astebeteko epea amaituta, hauteskunde-mahaiak beste aste bateko epea edukiko du, aurkeztutako alegazioak ebazteko eta onartutako hautagaitzak aldarrikatzeko.
4.– Hauteskunde-mahaiaren erabakia errekurritu ahalko da, administrazioarekiko auzibidean, baina errekurtsoa aurkezteak ez du etengo hauteskunde-prozesua.
47. artikulua.– Aldarrikatu diren hautagaitzak jakinaraztea.
Hauteskunde-mahaiak elkargokide guztiei banaka jakinaraziko dizkie aldarrikatutako hautagaitzak, eta bozkatzeko papera eta gutun-azala erantsiko dizkio jakinarazpenari (kolore ezberdinetakoak izango dira, elkargokide jarduleentzako dokumentuak eta elkargokide ez-jarduleentzat direnak). Era berean, postaz bozkatzeko jarraibideak bidaliko dizkie.
48. artikulua.– Postaz bozkatzea.
1.– Hautesleek botoa emateko eskubidea baliatu ahalko dute, botoa postaz bidalita.
2.– Postaz bozkatzeko eskubidea baliatzeko, hautesleek boto-papera sartuko dute horretarako ezarri den gutun-azalean. Gutun hori beste gutun-azal batean sartuko dute, NAN agiriaren fotokopiarekin batera (fotokopiak sinatuta egon beharko du); eta elkargoaren egoitzara bidaliko dute, hauteskunde-mahaiari zuzenduta. Postaz bidalitako botoak ez dira onartuko, hauteskunde-mahaiari zuzenduta ez badaude.
3.– Elkargoko Idazkaritzak hauteskunde-mahaiko buruari emango dizkio berari zuzendutako gutun-azalak, itxita; eta hark zainduko ditu, hautaketa amaitu arte. Une horretan gutun-azalak irekiko dira, eta igortzailearen identitatea ziurtatuko da. Ondoren, hautetsontzian sartuko da botoa duen gutun-azala.
4.– Botoa balioduna izango bada, bozketa egin aurreko eguneko 13:00a baino lehen jaso beharko da elkargoaren egoitzan.
49. artikulua.– Boto-paperak.
1.– Zenbat hautagaitza jaso diren alde batera utzita, boto-paperak bakarra izan behar du, eta buru izateko zenbat hautagai izan, hainbat zutabe edukiko du; gero, beste zerrenda batean, gainerako hautagaiak jasoko dira.
2.– Hautagaitza bakoitza dagokion zutabean txertatuko da, eta elkargoan aurkeztu zireneko hurrenkeraren arabera antolatuko dira. Honela: elkargoan gordailutu zen lehen hautagaitza ezkerraldeko lehen zutabean egongo da; eta hurrengoak elkarren ondoan egongo dira, eskuinaldeko azken zutabera heldu arte, eta han jasoko dira kide izateko aurkeztu diren hautagai askeak.
3.– Kide aritzeko hautagaiak, buru batek aurkeztuak, buruari dagokion zutabean jasoko dira, buru izateko hautagaiaren izenaren azpian. Boto-paperetan nabarmenduko dira buru izateko hautagaien izenak.
4.– Boto-papera bi koloretan inprimatuko da: kolore batekoak elkargokide «jardule»ek erabiliko dituzte; eta besteak, elkargokide «ez-jardule»ek.
50. artikulua.– Bozketa.
1.– Bozketa-egunean hauteskunde-mahaia 10:00etan bilduko da, hautetsontziak prestatzeko, boto-paperak egiaztatzeko eta abarretarako.
2.– Bozketa 11:00etan hasi eta 19:00etan amaituko da, jarraian, eta elkargoaren egoitzan egingo da.
3.– Bozketa-aretoan bi hautetsontzi egongo dira: bata, elkargokide jarduleentzat; eta bestea, ez jarduleentzat.
4.– Hautesleak mahaira joango dira, eta nortasun-agiri nazionala eta botoa duen gutun-azala soinean eraman beharko dituzte. Mahaiburuak hauteslea identifikatu, eta botoa duen gutun-azala hautetsontzian sartuko du. Horrez gain, boto-egitatea erregistratuko da.
5.– Bozketa-aretoko toki batean boto-paperak eta gutun-azalak dituen leku bat osatuko da, eta hautesleek, pribatutasuna bermatuta, botoa hautatu ahalko dute.
6.– Honako pertsona hauek baino ezin izango dira bozketa-aretoan egon: hauteskunde-mahaiko kideak, botoa ematen ari den elkargokidea, buru izateko hautagaiak eta kontu-hartzaileak.
7.– Hautesle bakoitzak markatu behar ditu hautatu nahi dituen Gobernu Batzorde berriko kideen izenak. Hautesle bakoitzak hautatu ahalko ditu kide izateko dauden kargu baino kide gutxiago, eta bururik ez hautatzea ere erabaki dezake, baina, buru bat baino gehiago edo dauden karguak baino kide gehiago hautatzen baldin baditu, boto-papera deuseztatuko da.
51. artikulua.– Hauteskundeetako kontu-hartzaileak.
1.– Buru izateko hautagaiak bozketa-aroetan egon ahalko dira, bai bozketa-jardueran, bai botoen zenbaketan. Beren hautagaitzetako kontu-hartzaile arituko dira. Bestalde, elkargokide bat hautatu ahalko dute, kontu hartzeko lanetan bera ordezteko. Are gehiago, buru berak hainbat ordezkari izan ahalko ditu, bata bestearen ondoren, baina ez aldi berean. Edonola ere, bozketa-areto bakoitzean hautagaitza oso bakoitzeko ezin da egon kontu-hartzaile bat baino gehiago.
2.– Elkargoko buru izan nahi duten hautagaiek hauteskunde-mahaiko buruari eman beharko diote bozketan, haien ordez, kontu-hartzaile arituko diren elkargokide ordezkarien zerrenda.
3.– Batzordekide izan nahi duten hautagai askeak ere, hau da, burua duen zerrenda batean jasota ez daudenak, bozketa-aretoan egon ahalko dira, bai bozketa-jardueran, bai zenbaketan. Hala ere, mota horretako kide edo beraren ordezkari bat baino gehiago ezin izango da egon bozketa-aretoan. Hauteskunde-mahaiko burua, bozketa hasi aurretik, bozketa-denbora banatuko du, honela: batzordekide izateko zenbat hautagai dauden, hainbat aldi. Hautagaitza elkargoan aurkeztu duen lehen hautagaiak (batzordekide izateko hautagaiak) zenbaketan egoteko eskubidea edukiko du; hurrengoak hautetsontziak ixteko aldia barne hartzen duen aldian edukiko du esku hartzeko eskubidea; eta, horrela, bata bestaren segidan; eta, azkenik, hautagaitza aurkeztu zuen azken hautagaiak goizeko lehen aldian egoteko eskubidea edukiko du.
52. artikulua.– Zenbaketa.
1.– Behin bozketa amaituta, hauteskunde-mahaiko buruak hautetsontziak irekiko ditu, eta botoak zenbatuko ditu. Zenbaketa amaituta, hauteskunde-mahaiko buruak Gobernu Batzorde eratu berriko kideak aldarrikatuko ditu. Buru izateko hautagaitza aurkeztu dutenen artean, boto-kopuru handiena lortu duen hautagaia Gobernu Batzordeko burua izango da. Batzordeko zortzi kideak izango dira hautagai aurkeztuen artean boto-kopuru handiena lortu dutenak.
2. KAPITULUA
GOBERNU-BATZORDEAREN ZENTZURA EGITEKO PROZEDURA
53. artikulua.– Gobernu Batzordeko zentsura onartzeko organo eskuduna.
1.– Batzar Nagusia da Gobernu Batzordearen zentsura onartzeko organo eskuduna.
2.– Gobernu Batzordearen zentsura batzordeko kide guztiei helduko zaie, eta ezinezkoa izango da kide batzuk soilik zentsuratzea.
54. artikulua.– Zentsura azaltzea.
1.– Hauteskundeetan Gobernu Batzordeko buruak lortu zituen botoen bi herenak ordezkatzen dituzten elkargokideek Gobernu Batzordeari eskatu ahalko diote Batzar Nagusiaren bilera-deia egitea, bertan Gobernu Batzordearen zentsura eztabaidatu eta bozkatzeko. Eskatzaileak ordezkatzen dituzten botoen zenbaketan kontuan hartuko da elkargokide «ez-jardule»ek emandako botoen balio bikoitza izango dutela elkargokide «jardule»en botoek.
2.– Eskatzaile guztiek eskaera sinatuko dute, identifikazioa ere adierazita; eta bertan azaldu beharko dituzte eskaera oinarritzeko zioak. Elkargoaren egoitzan entregatu beharko dute, bi ale aurkeztuta: bata, elkargoaren eskura utziko da; eta bestea, zigilatuta itzuliko zaio aurkezleari.
3.– Gobernu Batzordeko buruak Batzar Nagusiaren bilera-deia berehala egin ahalko du, eta, edonola ere, 30 eguneko epean, eskaera elkargoaren egoitza sartu zenetik zenbatuta. Bilera-deia egiten ez baldin badu, ekimena sustatu dutenek egokitzat hartutako akzioei ekin ahalko diete; baina, horrez gain, zentsura-eskaera egin ondoren antolatzen den Batzar Nagusiaren lehen bileran zentsura eztabaidatu eta bozkatuko da, gai-zerrendan jasota egon ez arren.
4.– Batzar Nagusiak deituta, Gobernu Batzordearen zentsura eztabaidatzeko eta bozkatzeko bileraren gai-zerrendako lehen gaia hauxe izango da: elkargokide izateko ordainketa-betebeharrak egunean ez dituzten elkargokideen boto-eskubidea etetea. Botoa emateko eskubidea eteteko prozesuaren ondoren, botoa emateko eskubidea indarrean izaten jarraitzen duten zentsura-proposamenaren sinatzaileek jarraitu beharko dute hauteskundeetan Gobernu Batzordeko buruak lortu zituen botoen bi herenak ordezkatzen, Gobernu Batzordearen zentsura eztabaidatu ahal izateko.
55. artikulua.– Gobernu Batzarreko zentsura onartzea eta zentsuraren ondorioak.
1.– Gobernu Batzordearen zentsura-mozio bat aurrera joan ahal dadin, elkargokide bertaratuen eta ordezkatuen bi herenek aldeko botoa eman beharko dute. Gainera, gutxienez elkargokide guztiak gehi bat ordezkatu beharko dituzte, eta buruak hauteskundeetan lortu zituen botoen erdiak gehi bat ere ordezkatu beharko dituzte.
2.– Gobernu Batzordearen zentsuraren bozketan, elkargokide ez-jarduleek emandako botoen balioa baino balio bikoitza izango dute elkargokide jarduleen botoek.
3.– Gobernu Batzordearen zentsura onartzen baldin bada, Gobernu Batzorde berria hautatzeko prozesua hasi beharko da. Zentsuratu diren batzordekideek ezin izango dute hautagaitza aurkeztu, hauteskunde horretan; baina hurrengoetan, ordea, bai.
4.– Batzar Nagusiak Gobernu Batzordearen zentsura onartzen ez baldin badu, zentsura-prozesua ezin izango da berriro erabili bi urteko epean, Batzar Nagusiaren bileran onartu ez zen egunetik zenbatuta; edo Gobernu Batzorde berri bat eratu arte.
3. KAPITULUA
GOBERNU-BATZORDEKO KIDEEN ERANTZUKIZUN-PROZEDURA
56. artikulua.– Gobernu Batzordeko kideen erantzukizuna.
1.– Gobernu Batzordeko kide guztiak beren eginkizun-eremuko egiteen eta ez-egiteen erantzuleak izango dira, elkargoari horren ondorioz kalte egiten zaionean.
2.– Gobernu Batzordeko kideak erantzuleak izango dira, baldin eta kaltea doloz, zabarkeria larriarengatik edo eginkizunak behin eta berriro alde batera uzteagatik sortu baldin bada.
3.– Erantzukizuna guztiena izango da; zehazki, kaltea eragin zuen erabakiaren aurka espresuki bozkatu ez zuten kideena. Erabakia hartu zen bilera horretan egon ez ziren batzordekideek ez dute erantzukizunik izango, baldin eta erabakia ezagutu eta hilabeteko epean erabakiaren aurka espresuki egiteko idazki bat bidali bazuten.
57. artikulua.– Erantzukizun-prozeduraren hasiera.
1.– Indarreko Prozesu Legean aginduz ezartzen den auzitegiak eskumena edukiko du Gobernu Batzordeko kideen aurkako erantzukizun-demandak ezagutzeko. Prozesu Legean foroa hautatzeko eskubidea ematen baldin bada, auzitegi eskuduna izango da elkargoaren egoitzan dagoen lekuan ratione materiae den auzitegia.
2.– Erantzukizun-akzioa Batzar Nagusiak erabakiko du, aldeko botoa emanda, elkargokideen erdiak gehi bat ordezkatuta. Hala denean, Batzar Nagusiak batzarkide bat izendatuko du, prozedura judizialean Batzar Nagusia ordezka dezan.
3.– Erantzukizun-akzioa Batzar Nagusiaren edozein bileratan eztabaidatu eta bozkatu ahalko da, eta ez da beharrezkoa izango gai-zerrendan jasota egotea.
4.– Erantzukizun-akzioa bide judizialean ere aurkeztu ahalko da, baldin eta elkargokideek gutxienez elkargokide guztien ehuneko hamabost ordezkatzen badute.
58. artikulua.– Erantzukizunaren ondorioak.
1.– Epai irmo batean Gobernu Batzordeko kide bakarraren erantzukizuna aitortuta ere, erakunde judizialak egokitzat jotzen duenaz gain, Gobernu Batzorde osoa automatikoki desegingo da, eta hauteskunde-prozesua hasiko da.
2.– Aurreko zenbakian adierazitako epaia Gobernu Batzorde berri baten agintaldian ematen baldin bada, Gobernu Batzorde berriko kide guztiek kargua utziko dute, baldin eta auzitegiak haien erantzukizuna aitortu badu.
3.– Epaia eman eta hurrengo hauteskunde-prozesuan ezin izango da aurkeztu erantzuletzat hartutako gobernu-batzordekiderik; ondorengo hauteskunde-prozesuetan, ordea, aurkeztu ahalko dira, epaia eman zuen auzitegiak bestela agindu ezean.
4.– Batzar Nagusiaren erantzukizun-demanda edo elkargokide guztien % 15 ordezkatzen duten elkargokideen erantzukizun-demanda jaso duen Gobernu Batzordeak (edo batzordekideek) judizioz kanpo ebatzi ahalko dute gatazka, baldin eta demandatzaileak ados jartzen badira; baina judizioz kanpoko edozein konponbidek berekin ekarriko du kide demandatuek euren kargua uztea.
4. KAPITULUA
GOBERNU-BATZORDEKO KIDEEK KARGUA UZTEKO PROZEDURA
59. artikulua.– Kargua uztea.
1.– Honako kasu hauetan Gobernu Batzordeko kideek kargua utzi ahalko dute beren agintaldian:
– Heriotza.
– Euren borondatez, buruari arrazoiak azaltzeko idazki bat bidalita.
– Gobernu Batzordeko buruak hala erabakitzen baldin badu, eta erabaki hori berresten duen gehiengoa gobernu-batzordekideen bi herena bada, eta Batzar Nagusiaren bilerako bertaratuen edo ordezkatuen gehiengoa ere bi herena bada.
– Batzar Nagusian zentsura-mozioak aurrera egin badu.
– Auzitegi eskudun batek erantzukizuna aitortu badu, edo, demandatzaileekin judizioz kanpo ados jarrita, demanda kendu bada.
– Elkargoan baja hartu badu, edo elkargokide «ez-jardule» egoerara aldatu bada.
– Arau-hauste astuna edo oso astuna egiteagatik edo bi arau-hauste arin egiteagatik, elkargoaren edo administrazio publiko eskudunaren zehapena agintaldian jaso baldin badu; betiere, baldin eta zehapena irmoa bada, errekurtsorik jarri ezin bazaio, edo errekurtsoa behar den epean eta forman aurkeztu ez bada.
2.– Gobernu Batzordeko buruak kide bati agindu ahalko dio kargua uztea, honako kausa hauetako bat gertatzen denean:
– Gobernu Batzordeko bileretara arrazoirik eman gabe behin eta berriro joaten ez bada.
– Batzordekidea izanik, agindutako lanak betetzen ez baditu.
– Gobernu Batzordearen erabakiak betetzen ez baditu.
– Elkargoko kide izateko bete behar dituen ordainketa-betebeharrak egunean ez baditu.
– Gobernu Batzordeko kide izatea bere onurarako erabili badu.
– Kide horrek, gobernu-batzordekide izanik, guztien ohorea kaltetzen duela, edo Gobernu Batzordearen eginkizunen garapena oztopatzen duela jotzen denean, edozein arrazoirengatik.
3.– Gobernu Batzordeko kide baten kargu-uztea proposatzen baldin bada, kide horrek ezin izango du botorik eman, eta beraren botoa ez da zenbatuko Gobernu Batzordeko edota Batzar Nagusiko bi hereneko gehiengoetan.
5. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ZEHAPEN-PROZEDURA
60. artikulua.– Arau-hauste motak.
1.– Elkargoko arau-hausteak oso astunak, astunak edo arinak izan daitezke.
2.– Elkargokidearen zerbitzuan jarduten duten langileen arau-hausteak, elkargoaren ondoreetarako, elkargokideak berak eginak izango balira bezala zenbatuko dira.
3.– Arau-hauste oso astunak:
a) Lanbide-betebeharrak ez betetzea, lanbide-jarduerak eskatu edo hitzartu dituzten pertsonei kalte larria egiten dienean.
b) Lanbide-sekretua urratzea.
c) Elkargoko higiezinen jabetzako agente izena lanbide-jardunean erabiltzea, elkargokide izateko egoera etenda duen bitartean, edo bateraezintasun- edo debeku-kausa ezarrita duen bitartean.
d) Lanbide-jardunean aritu bitartean, dolozko delituak egitea, parte-hartzea edonolakoa izanda ere.
e) Bi urteko epean, gutxienez, bi arau-hauste astun egitea. Bi urteko epean bost arau-hauste arin egiteagatik osatzen diren arau-hauste astunak salbuesten dira mota horretatik.
f) Posta-sekretua edo Gobernu Batzordeari erreserbatutako dokumentuen sekretua urratzea, edo arrotzei jakinaraztea bertan jasotako datu erreserbatuak.
g) Kontraprestazioaren bidez edo kontraprestazio barik, elkargokidetza hirugarrenei lagatzea, hirugarren horiek higiezinetako jardueran elkargoko higiezinen jabetzako agenteen itxuraz –elkargoko kide jarduleen edo ez-jarduleen itxuraz– jardun dezaten. Elkargokidetza benetan laga dela joko da, baldin eta elkargokideak jardueraren kudeaketan zuzenean parte hartzen ez badu. Zehapen-esparruan, Gobernu Batzordeak elkargokideei eskatu ahalko die jarduera horretan ari diren egiaztatzeko behar dituen dokumentu guztiak erakusteko.
h) Irailaren 28ko 1294/2007 Errege Dekretuaren 1.1.b) artikuluan –Higiezinen jabetza-agenteen elkargo ofizialen estatutuak eta horien kontseilu orokorra onartzen ditu– aipatzen diren tituluak ez dituzten hirugarrenei «higiezinen jabetzako agente» izena bidegabe erabiltzeko baimena ematea, edota elkargokide izatea bereizten duten ikurren bidegabeko erabilera baimentzea.
i) Lehia desleialeko egintzak egitea, jurisdikzio eskudunak aitortuta.
j) Zabarkeria barkaezina edo dolozko jarduna elkargoko jarduerak edo betebeharrak egitean, hirugarrenei kalte egin bazaie.
k) Ez ordaintzea elkargoko organo eskudunek erabakitako kuotak edo derramak.
4.– Arau-hauste astunak:
a) Lanbide-betebeharrak ez betetzea, lanbide-jarduerak eskatu edo hitzartu dituzten pertsonei kalte egiten dienean.
b) Asegurua egiteko betebeharra ez betetzea.
c) Administrazioak nahitaez ezartzen dituen zerbitzu-prestazioak egiteari uko egitea, arrisku larria, hondamendia edota zoritzar publikoa gertatzen direnean, zerbitzua emateko kausa arrazoitua egon ezean.
d) Beste elkargokide, elkargoko erakundeen edo kideen batzuen edo lanbide-jardueran ezagutzen dituen pertsonen edo erakundeen duintasuna era larrian iraintzea edota haiei fisikoki eraso egitea.
e) Lehia desleialeko egintzak edonola babestea, jurisdikzio eskudunak aitortzen duenean.
f) Elkargoko organoen funtzionamendu arrunta oztopatzen edo asaldatzen duten egintzak edota haien akordioak eta erabakiak ez betetzea eragiten duten egintzak.
g) Etxebizitza babestuen mendeko ondasun higiezin baten eragiketa batean bitartekaritza-lana egitea, alderdiei ondorioen gaineko informazioa eman gabe, honako kasu hauetan:
– Alderdietako batek Agenteari aurrez jakinarazi badio higiezina erregimen horren mende dagoela; edo
– Salerosketa denean, edota peritu-txosten ofiziala edo judizioz kanpokoa denean, etxebizitzaren eroslearen eskrituran, etxebizitzan sartzeko plakan edo higiezinaren erregistro-finkan jasota baldin badago ondasun higiezina babes-erregimenaren mende dagoela.
– Alokairua denean, higiezinean sartzeko plakan babes-erregimenaren mendekotasuna adierazita egotea.
– Gobernu Batzordearen ustez, arlo horretako administrazio eskudunak babes-erregimenaren mendeko higiezinak egiaztatzeko prozedura arina erabilgarri izan arren, prozedura ez erabiltzea.
h) Bi urteko epean gutxienez bost arau-hauste arin egitea.
i) Elkargoaren eta administrazio publiko baten artean lankidetza-hitzarmena dagoenean, eta, elkargoak ez ezik, elkargokide batek ere hitzarmenaren baldintzak onartu baditu, elkargokideak hitzarmen horretako baldintzetako baten aurkako eragiketaren bat egitea.
j) Elkargoko organoekin sinatutako akordioak ez betetzea edota haien aginduak ez betetzea.
k) Zabarkeria barkaezina edo dolozko jarduna elkargoko jarduerak edo betebeharrak egitean, hirugarrenei kalte egin ez bazaie.
5.– Arau-hauste arinak:
a) Elkargoaren funtzionamendu eta garapen egokia bermatzeko arauak ez betetzea.
b) Ezjakintasun barkaezina dela-eta, elkargoaren funtzionamendua antolatzeko estatutu-manuak, erregelamendu-manuak eta arauak ez betetzea, baldin eta arau-hauste astuna edo oso astuna osatzen ez bada.
c) Elkargoaren zabarkeria edo berandutze arina, elkargoaren jarduerak edo betebeharrak betetzean.
d) Etxebizitza babestuen mendeko ondasun higiezin baten eragiketa batean bitartekaritza-lana egitea, alderdiei ondorioen gaineko informazioa eman gabe, honako egoera hauek osatzen direnean:
– Alderdietako batek ere Agenteari aurrez ez jakinaraztea higiezina erregimen horren mende dagoela; edo
– Salerosketa denean, edota peritu-txosten ofiziala edo judizioz kanpokoa denean, etxebizitzaren eroslearen eskrituran, etxebizitzan sartzeko plakan edo higiezinaren erregistro-finkan jasota ez egotea ondasun higiezina babes-erregimenaren mende dagoela;
– Alokairua denean, higiezinean sartzeko plakan babes-erregimenaren mendekotasuna adierazita ez egotea;
– Gobernu Batzordearen ustez, arlo horretako administrazio eskudunak babes-erregimenaren mendeko higiezinak egiaztatzeko prozedura arina erabilgarri ez izatea.
61. artikulua.– Zehapenak.
1.– Elkargokide batek arau-hauste arina egiten baldin badu, honako zehapen hauetako bat ezarri ahalko zaio:
a) Ohartarazpen pribatua.
b) 30 eta 300 euro arteko isuna.
2.– Elkargokide batek arau-hauste astuna egiten baldin badu, honako zehapen hauetako bat ezarri ahalko zaio:
b) 300,01 eta 3.000 euro arteko isuna.
b) Elkargokidetza gehienez ere sei hilabetean etetea.
3.– Elkargokide batek arau-hauste oso astuna egiten baldin badu, honako zehapen hauetako bat ezarri ahalko zaio:
a) 3.000,01 eta 30.050 euro arteko isuna.
b) Elkargokidetza sei hilabetetik gora eta bi urtetik beherako epean etetea, eta, etendurak iraun bitartean, zuzendaritza-karguak betetzea debekatuta izatea.
c) Elkargokidetza behin betiko kentzea, eta elkargotik kanporatzea.
d) Gobernu Batzordeko buruari eta gainerako kideei zuzendaritza-karguak betetzeko debekua gehienez ere lau urteko epean ezartzea, baldin eta irailaren 28ko 1294/2007 Errege Dekretuaren 41. artikuluaren 3. zenbakiko f) letrako kasua bada (Estatutu Orokorrei buruzko Dekretua da, hain zuzen ere).
4.– Arau-haustea dela-eta, arau-hausleak onura ekonomikoa atera baldin badu, onura ekonomiko horren ebaluazioak aurreko zenbakietan ezarri diren gehienezko mugak zenbateraino gainditzen dituen, haraino igoko da isunaren zenbatekoa. Isuna gutxienez ebaluazioaren zenbatekoaren baliokidea izango da, eta, gehienez ere, ebaluazioaren zenbateko bikoitza.
5.– Kasu bakoitzeko zehapen egokia egintzaren eta arau-hauslearen inguruabarrak kontuan hartuta doituko da. Egintza errepikatzen baldin badu, zehapenaren mugarik handiena aplikatuko zaio.
6.– Aurreko zehapenak gorabehera, dagozkien gainerako erantzukizun guztien erantzuleak izango dira zehapena jaso dutenak.
62. artikulua.– Elkargokidetzaren etenduraren edukia.
1.– Pertsona bati elkargokidetza eteten bazaio, pertsona horrek ezin izango du elkargoko higiezinen jabetzako agente izena erabili, etendurak irauten duen bitartean.
2.– Elkargoak elkargokidetzaren etendura-zehapenak honako hauei jakinaraziko dizkie, behar bezalako ondorioak izan ditzaten: Higiezinen Jabetzako probintziako elkargoei, Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialen Euskal Kontseiluari, Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia eta Etxebizitza Sailei; horretaz gain, erakunde judizialei ere jakinaraziko die, baldin eta elkargokidearen izena elkargokideen zerrendetan jasota badago, peritu-txostenen ondorioetarako.
3.– Elkargoaren erabakia edo administrazio-zehapena irmoa izan eta berehala eraginkorra izango da etendura. Beste kausa edo arau-hauste batzuk direla-eta, zehatuak elkargokidetza etenda baldin badauka, ezarri berri zaion karguak betetzeko debekua zenbatzen hasiko da aurrekoa amaitzen denetik, elkarren segidan.
63. artikulua.– Zehapen-prozedura hastea.
1.– Gobernu Batzordearen aukerako erabakiaz hasiko dira zehapen-prozedurak, buruak eskatuta, batzordekide batek eskatuta (betiere, instrukzio-egilea ez baldin bada), beste elkargokide batek eskatuta edo hirugarren interesdun batek eskatuta. Aldez aurretik, batzordeak erabaki ahalko du zehapen-prozedura hasteko edo ez hasteko erabakia hartzeko beharrezkotzat jotzen dituen informazio-eginbideak egitea.
2.– Batzar Nagusiak edo Administrazioak eskatzen baldin badu, Gobernu Batzordeak halabeharrean hasi beharko du zehapen-prozedura. Gobernu Batzorde berri bat osatzen den bakoitzean, batzordeak instrukzio-egile berri bat izendatuko du, agintaldi horretako espedienteen instrukzioa egin ditzan. Instrukzio-egilea batzordekidea izan daiteke, edo ez. Batzordekidea baldin bada, ezin izango du espedienteak hasteko edo ebazteko erabakietan parte hartu. Espedientea arrazoiak emanda kendu ahalko da, eta erabakian adierazi beharko da ordezkapen hori egiteko arrazoia. Era berean, instrukzio-egileak uko egin ahalko dio izendapenari, arrazoia adierazita.
3.– Gobernu Batzordeko kide bat ustezko arau-hauslea baldin bada, ezin izango du parte hartu gai horri lotutako eztabaidetan, ezta bozketetan ere. Era berean, ezin izango da instrukzio-egilea izan, eta bileratik joan beharko du, gai hori lotutako kontuak jorratzerakoan.
64. artikulua.– Zehapen-prozedura izapidetzea.
1.– Prozedura kargu-orri batez irekiko da. Instrukzio-egileak idatziko du, eta ustezko elkargokide arau-hausleari bidaliko dio. Bertan jasota egongo dira honako datu hauek: prozedurari ekitea nork eskatu duen, elkargokideari egozten zaizkion egitateen laburpena eta orriari erantzuteko epea.
2.– Kargu-orria eta prozedura bitartean egin behar izaten diren jakinarazpenak posta ziurtatu bidez bidali beharko dira, elkargoan elkargokideak adierazi duen harremanetarako helbidera eta beraren lanbide-jardueraren egoitzara. Jaso izanaren agiria beti eskatu beharko da. Jakinarazpena hartzen duen pertsonaren sinadura jakinarazpena jaso izanaren froga gisa onartuko da. Dokumentazioa helmugan hartzen ez baldin bada, instrukzio-egileak saiatu beharko du elkargokidearekin beste modu baten bidez harremanetan jartzen, eta horretarako egiten dituen kudeaketak idatzi beharko ditu. Elkargokidearen kokapena ezagutzea ezinezkoa baldin bada, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta elkargoko iragarki-taulan argitaratuko da prozedura hasi dela. Gero, prozedura bitarteko jakinarazpenak elkargoko iragarki-taulan iragarriko dira, halakorik balego.
3.– Prozedura bitartean, alderdiek zuzenean agertu beharko dute, eta ez da ordezkaritzarik onartuko, absentzia- edo gaixotasun-kasuetan izan ezik. Egoera bat alegatuta, instrukzio-egileak uste baldin badu alderdietako bat ezin dela agertu, instrukzio-egileak ordezkaritza onartu ahalko du, edo prozedura eten ahalko du, kausa desagertu arte. Etendura ezin izango da edonola ere onartu hamabost egunetik gorako epean.
4.– Elkargokideak hamabost eguneko epea edukiko du, orriari erantzuteko. Elkargokideak egitateak onartzen baldin baditu, eta egoki irizten baldin badio, borondatez adierazi ahalko du egitateok etorkizunean ez errepikatzeko asmoa, eta batzordeak kontuan hartu ahalko du, dagokion zehapena neurtzerakoan.
5.– Elkargokidearen erantzuna jasota, instrukzio-egileak horren berri eman ahalko dio prozedurari ekitea eskatu duen pertsonari, eta astebeteko epea edukiko du, egokitzat jotzen duen froga proposa dezan. Aldi berean eta epe berean, elkargokide salatuari jakinaraziko zaio froga proposatzeko epea hasi dela. Fase horretan froga-proposamena baino ez da onartuko.
6.– Froga-proposamena jasotzeko epea amaituta, instrukzio-egileak erabaki ahalko du beste froga batzuk eskatzea eta, gainera, ofiziozko batzuk ere aplikatzea. Alderdiei idatziz jakinaraziko die erabakia; eta frogak aplikatzeko eguna eta horretarako behar den guztia idazkian zehaztuko ditu. Alderdiek instrukzio-egileari lagunduko diote frogak praktikatzen eta, gainera, lanbide-jardueraren egoitzan sartzea onartuko dute, ikerketa egokiak egin ahal izateko.
7.– Frogak gauzatzeko epea amaituta, instrukzio-egileak behin-behineko ebazpen-proposamena idatziko du, eta alderdiei bidaliko die. Behin-behineko ebazpen-proposamenean alderdi bakoitzak alegatu dituen egitateak jaso beharko dira, eta espresuki adierazi beharko da zeintzuk frogatu diren, eta zeintzuk ez. Horrez gain, alderdi bakoitzaren alegazioak banaka zerrendatuko dira, eta instrukzio-egileak alegazio bakoitzari buruzko balorazioa egingo du. Era berean, alderdiek alegatu ez dituzten beste arrazoibide batzuk ere jasoko dira, instrukzio-egilearen ustez, espedientea ebazteko lagungarriak badira. Hala dagokionean, egitateak tipifikatzeko proposamena ere jasoko du, egitateok frogatuta baldin badaude, ebazpen-proposamenarekin batera. Proposamena kide salatua absolbitzekoa baldin bada, frogaren atipikotasunarengatik edo frogarik ezarengatik eman den zehaztu beharko du.
8.– Ebazpen-proposamena jakinarazteko idazkia alderdiei bidaliko zaie, eta astebeteko epea edukiko dute, egokitzat jotzen dutena alega dezaten. Aldi horretan, espediente osoa alderdien eskura egongo da.
9.– Alderdien azken alegazioak kontuan hartuta, instrukzio-egileak behin betiko ebazpen-proposamena idatziko du, eta Gobernu Batzordeari bidaliko dio, erabakia har dezan. Gobernu Batzordeko kideek prozeduran sortutako dokumentazio osoa ezagutzeko eskubidea dute.
10.– Gobernu Batzordeak egoki deritzon erabakia hartuko du, eta instrukzio-egilearen kontrako erabakia ere hartu ahalko du. Instrukzio-egileak ezin izango du Gobernu Batzordearen bozketan parte hartu. Gobernu Batzordearen erabakia akordio batean bilduko da, eta ebazpen-proposamena egiteko egitura berari jarraitu beharko dio. Zehapen-prozedura doakoa izango da beti, baina prozedura garatu bitartean gastuak sortu baldin badira, Gobernu Batzordeak erabaki egokia hartu ahalko du gastuei buruz. Alderdiei akordioaren berri emango zaie, eta bertan datu hauek adierazi beharko dira: erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkezteko aukera dagoen ala ez, errekurtso mota, zer erakundetan aurkeztu behar den eta errekurtsoa aurkezteko epea. Gobernu Batzordeak instrukzio-egilearen proposamena berresten ez badu, behar bezala arrazoituko du.
11.– Prozedura hasteko eskatu duenak edonoiz egin ahalko du atzera. Hala denean, Gobernu Batzordeak prozedura amaitzea erabaki ahalko du; edo, Gobernu Batzordeak berak eskatuta, aurrera jarraituko du.
12.– Gobernu Batzordeak jakiten badu elkargokide salatua egitate berengatik prozedura judizial edo administratibo batean sartuta dagoela, ez dio zehapen-prozedurari ekingo, edo bertan behera utziko du, prozeduraren izapideak jada hasita bazeuden. Hori gertatzen denean, Gobernu Batzordeak itxarongo du ebazpen judizial edo administratiboa eman arte, eta ebazpena irmoa denean, gai berari buruzko zehapen-prozeduraren izapideak egitea ala ez erabaki ahalko du. Gai berari buruzko zehapen-prozeduraren izapideak egin nahi baditu, Gobernu Batzordea eta instrukzio-egilea lotetsiko dituzte ebazpen judizial edo administratiboan aitortu eta frogatu diren egitateek; baina ebazpen judizial edo administratibo hori ez da oztopoa izango zehapen-prozeduraren ondoko izapideak egiteko, ezta elkargoaren zehapena ezartzeko ere. Gobernu Batzordea ados jarri ahalko da administrazio publiko eskudunarekin, zehapen-prozedura irekiei eta berorien emaitzei buruzko informazioa bidaltzeko. Espresuki erregulatu ez den guztiari dagokionez, otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa beteko da.
65. artikulua.– Zehapenen aurkako errekurtsoa.
Alderdiek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko dute, Gobernu Batzordeak erabakitako zehapenen aurka, jurisdikzio hori arautzen duten arauekin bat etorrita.
66. artikulua.– Zehapenak betearaztea.
1.– Errekurtsoa aurkezteko epea amaitu baldin bada, eta elkargokideak errekurtsorik aurkeztu ez badu, une horretatik bertatik betearazleak izango dira Gobernu Batzordeak ezarritako zehapenak.
2.– Errekurtsoa aurkeztu baldin badu, zehapenak betearazlea izaten jarraituko du, baldin eta errekurtso-egileak zehapena etetea eskatzen ez badu, edo jurisdikzio-organo eskudunak zehapenaren etendura ukatzen badio.
3.– Gobernu Batzordeak bere baliabideen bitartez betearazi ahalko du zehapena, edo legeetan ezarritako laguntza administratiboa edo judiziala ere eskatu.
67. artikulua.– Arau-hausteak preskribatzea.
1.– Arau-hauste oso astunek hiru urtera preskribatuko dute; astunek, bi urtera; eta arinek, sei hilabetera.
2.– Arau-haustea egin zen unetik aurrera hasiko da zenbatzen preskripzio-epea; edo, arau-hauste jarraituak izan baldin badira, azken arau-haustea egin zen unetik aurrera.
3.– Bide administratiboaren edo judizialaren bidez gaia aztertzen ari delako, Gobernu Batzordeak gai horri buruzko zehapen-prozedura ez irekitzea edo hura etetea erabakitzen baldin badu, 1. zenbakian ezarritako preskripzio-epeen iraupenaren erdia murriztuko da, baina epai edo ebazpen administratibo irmoa ematen den egunetik aurrera zenbatzen hasiko dira.
4.– Zehapen-prozedura hasten baldin bada, preskripzioa etengo da, eta estatutu hauen araberako jakinarazpena egingo zaio interesdunari. Epea berriro hasiko da igarotzen, baldin eta prozedura sei hilabetean geldituta badago, arau-hausleari egotzi ezin zaion kausa batengatik.
68. artikulua.– Zehapenak preskribitzea.
1.– Arau-hauste oso astunak egiteagatik ezarritako zehapenek hiru urtera preskribatuko dute; arau-hauste astunak egiteagatik ezarritako zehapenek bi urtera preskribatuko dute; eta arau-hauste arinak egiteagatik ezarritako zehapenek urtebetera preskribatuko dute.
2.– Zehapena ezartzen duen erabakia noiz den betearazlea, egun horretatik aurrera hasiko da zenbatzen zehapenaren preskripzio-epea. Hala eta guztiz ere, elkargokidetza eteteko zehapen kateatuak baldin badira, etendura-zehapen bakoitza aplikatzen hasi eta hurrengo egunean hasiko da zenbatzen preskripzio-epea.
3.– Betearazpen-prozedura hasten baldin bada, preskripzioa etengo da, eta estatutu hauen araberako jakinarazpena egingo zaio interesdunari. Epea berriro igaroko da, baldin eta prozedura sei hilabetean geldituta badago, arau-hausleari egotzi ezin zaion kausa batengatik.
6. KAPITULUA
BOTO-ESKUBIDEA ETETEKO EDO BAJA EMATEKO PROZEDURA, BETEBEHAR EKONOMIKOAK EZ BETETZEAGATIK
69. artikulua.– Prozedura bion arteko bateragarritasuna.
Bateragarriak dira botoa eteteko prozedura eta baja emateko prozedura, kide batek betebehar ekonomikoak betetzen ez dituenean.
70. artikulua.– Prozedura izapidetzea.
1.– Batzar Nagusiaren bilera-deia egiteaz gain, diruzainak gutun bat bidaliko die betebehar ekonomikoak betetzeko dituzten elkargokide guztiei, elkargoaren kontabilitate-zerrendan bildutakoaren arabera. Gutun horretan jakinaraziko die zer kopuru dagoen ordaintzeko, eta, halaber, jakinaraziko die Batzar Nagusiaren bilera egingo dela, eta boto-eskubidea etengo zaiela, ordaindu ezean.
2.– Elkargokide berankorrek zenbatekoak ordaindu ahalko dituzte, edo diruzainak egindako likidazioaren aurka egin ahalko dute, zioak alegatuta. Hala denean, elkargokidea eta diruzaina desadostasunak ebazten saiatuko dira, Batzar Nagusiaren bilera-egunaren aurreko eguna arte. Bestalde, eztabaidan ez dagoen zatiari dagokion likidazioa egin beharko du elkargokideak.
3.– Zorra geroratzeko adostasuna lortzen duten elkargokideei ez zaie etengo botoa emateko eskubidea; betiere, zorra geroratzeko egutegia betetzen badute. Era berean, elkargokideek alegatzen badute likidazioa jada egina dutela, haiei ez zaie etengo boto-eskubidea, baldin eta konponbidea diruzainarekin eztabaidatzen ari badira, eta zati eztabaidaezina ordainduta badute.
4.– Batzarraren bilera hastean, diruzainak zerrenda bat emango dio buruari, eta bertan jasota egongo dira boto-eskubidea eten behar zaien elkargokideen izenak. Zerrendan jasotako elkargokide bat, zuzenean edo ordezkari baten bitartez, Batzar Nagusiaren bileran badago, bera ez da zenbatuko behar diren quorumak osatzeko; eta, hala ere, botoa ematen baldin badu, ez da zenbatuko beraren botoa.
5.– Boto-eskubidearen etendurak ondorioak izango ditu Batzar Nagusiaren bilera guztietan, eta prozedura bera errepikatu beharko da, Batzar Nagusiaren bilera bakoitzaren hasieran.
71. artikulua.– Elkargoan baja ematea, ez ordaintzeagatik.
1.– Zerbitzuak edo prestazioak direla eta, elkargoak zorrak kobratzeko egin ahal dituen akzio judizialak kaltetu gabe, era baliodunean onartutako kuotak ordaintzen ez dituzten elkargokideei baja emango zaie elkargoan.
2.– Gobernu Batzordeak elkargokide berankorrari eskatuko dio kuota zorpetuak ordaintzeko, eta astebeteko epea emango dio, ordainketa egin dezan. Horrez gain, berari ohartaraziko dio gainerako izapiderik egin gabe elkargoan baja emango diotela, kopuru horiek ordaindu ezean.
3.– Gobernu Batzordeak Batzar Nagusiari jakinaraziko dio elkargoko kuotak ez ordaintzeagatik zenbat baja eman diren, azken Batzar Nagusiaren bilera egin zenetik.
7. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ARTEKO GATAZKAK ETA ELKARGOKIDEEN ETA ERABILTZAILEEN ARTEKOAK EBAZTEKO PROZEDURAK
72. artikulua.– Prozedurak borondatez egitea.
1.– Alderdiek borondatez ekingo diete elkargokideen arteko gatazkak eta elkargokideen eta erabiltzaileen arteko gatazkak ebazteko prozedurei, eta auzitegietara jo aurretiko irtenbide gisa ere erabili ahalko dituzte. Horrez gain, elkargoak prozedura horiek baliatu ahalko ditu, elkargokide baten ordainsarien kobrantza lortzeko. Prozedura horiek «jardunbide egoki»tzat hartzen dira, baina ez dira inola ere izango arbitraje-prozedura baten baliokideak; hortaz, ez daude arbitraje-prozedura arautzen duen lege erregulatzailearen mende.
2.– Gobernu Batzordeak jakiten badu alderdietako batek irtenbidea bide judizialaren edo administratiboaren bidez aurkitzeari ekin diola, ez du prozedura mota horretako izapiderik egingo, edo bertan behera utziko du, izapideak jada hasita bazeuden. Erabaki judizialaren edo administratiboaren ondorioz, Gobernu Batzordeak elkargokide baten aurkako zehapen-prozedurari ekin ahalko dio, hala dagokionean. Zehapen-prozeduran, agintaritza judizialak edo administratiboak aitortu eta frogatu dituen egitateek Gobernu Batzordea lotetsiko dute, baldin eta erabakia irmoa bada.
3.– Elkargoak prozedura horiek egin ahal ditzan, sartuta dauden alderdi guztiek espresuki adierazi beharko dute prozedura izapidetzeko borondatea, baina ez da beharrezkoa izango elkargoaren ebazpenak betetzeko konpromisoa hartzea.
4.– Horrenbestez, erabiltzaileek edo elkargokideek ez dute nahitaez bete beharko Gobernu Batzordeak prozedura horietan ematen duen ebazpena.
5.– Auzi horiek elkargoaren giro baketsuan izaten duten garrantzia kontuan hartuta, Gobernu Batzordeak ahalik eta kontu handienaz ebatziko ditu beti, eta, bereziki, elkargokideen arteko prozedurak, gizarteari zerbitzua egiteko prozedurak eta elkargokideen eta erabiltzaileen arteko gatazkak ebazteko prozedurak. Edonola ere, Gobernu Batzordeak kontuan hartuko du alderdiek elkargoaren ebazpena jurisdikzio-bidean baliatu ahal dutela, gatazka era adiskidetsuan konpontzen ez denean.
6.– Elkargokide batek prozedura mota horietako bat onartu nahi ez badu, edo ebazpena onartu nahi ez badu, ezin izango da haren aurkako zehapen-prozedurarik hasi; baina pertsona arduradun egokiak zehapen-prozedura hasteko eskaera egin ahalko du, prozedura mota horren oinarritzat hartu diren egitateak alegatuta.
73. artikulua.– Prozedura hastea.
1.– Prozedura Gobernu Batzordeari zuzendutako idazki baten bidez hasiko da. Idazkiaren bi ale aurkeztuko dira elkargoaren egoitzan: bata, Gobernu Batzordearentzat; eta bestea, beste alderdiarentzat. Honako datu hauek jaso behar dira idazkian, gutxienez: «alderdi demandatzaile»aren identifikazioa, eta jakinarazpenak bidaltzeko helbidea; «alderdi demandatu»aren identifikazioa, eta jakinarazpenak bidaltzeko helbidea; egitateen azalpen zehatza; eskaeraren arrazoiak (ez dute ezinbestean juridikoak izan behar); eta zer eskatzen den argi eta zehatz azalduta.
2.– Gobernu Batzordeak elkargokide bat izendatuko du, prozeduraren instrukzio-egilea izan dadin.
3.– Prozedura bitartean bidali behar diren dokumentuak posta ziurtatuz bidaliko dira, eta jaso izanaren agiria eskatuko da. Elkargoan adierazi den helbidera eta elkargokidearen lanbide-jardueraren egoitzaren helbidera bidaliko dira; edo, erabiltzaileak direnean, erabiltzaileak berak idatzi dituen helbidera edo elkargokide «demandatzaile»ak idatzi duen helbidera. Jakinarazpena hartzen duen pertsonaren sinadura jakinarazpena jaso izanaren froga gisa onartuko da.
4.– Instrukzio-egileak idazkiaren ale bat bidaliko dio alderdi «demandatu»ari, ohar batekin batera. Bertan adieraziko dio prozedura borondatezkoa dela, eta Gobernu Batzordearen ebazpena betetzea ere borondatezkoa dela.
5.– Prozedura bitartean, alderdiek zuzenean agertu beharko dute, eta ez da ordezkaritzarik onartu, absentzia- edo gaixotasun-kasuetan izan ezik. Egoera bat alegatuta, instrukzio-egileak uste baldin badu alderdietako bat ezin dela agertu, instrukzio-egileak ordezkaritza onartu ahalko du, edo prozedura eten ahalko du, kausa desagertu arte. Etendura ezin izango da edonola ere onartu hamabost egunetik gorako epean.
6.– Elkargokide «demandatu»ak hamabost eguneko epea edukiko du, instrukzio-egileak bidalitako idazkiari erantzuteko.
7.– Alderdi «demandatu»ak horretarako ezarritako epean erantzuten ez badu, instrukzio-egileak beste idazki bat bidaliko dio, eta hamabost eguneko epe bat emango dio, erantzun dezan. Bigarren epe hori igarota, alderdi «demandatu»ak erantzun ez badu, instrukzio-egileak alderdi «demandatzaile»ari jakinaraziko dio, beraren eskubideen eta interesen arabera jardun dezan. Instrukzio-egileak Gobernu Batzordeari proposatuko dio prozedura amaitzea, eta bere iritzia espresuki adieraziko du, elkargokideren baten aurkako zehapen-espedientea irekitzeari edo ez irekitzeari buruz, prozeduran ezagutu dituen egitateak oinarri hartuta (baina zehapen-prozedura irekitzeko arrazoia ezin da inola ere izan auziak ebazteko prozedurari uko egin izana).
8.– Elkargokidearen erantzuna jasota, instrukzio-egileak horren berri eman ahalko dio prozedurari ekitea eskatu duen pertsonari, eta astebeteko epea edukiko du, egokitzat jotzen duen froga proposa dezan. Aldi berean, alderdi «demandatu»ari epe bera emango zaio, froga proposa dezan. Fase horretan froga-proposamena baino ez da onartuko.
9.– Froga-proposamena jasotzeko epea amaituta, instrukzio-egileak erabaki ahalko du beste froga batzuk eskatzea eta, gainera, ofiziozko batzuk ere aplikatzea. Alderdiei idatziz jakinaraziko die erabakia; eta frogak aplikatzeko eguna eta horretarako behar den guztia idazkian zehaztuko ditu. Alderdiek instrukzio-egileari lagunduko diote frogak gauzatzen.
10.– Behin frogak gauzatzeko aldia amaituta, instrukzio-egileak alderdi biei entzuteko izapideari ekiteko dekretua eman ahalko du. Egun hori arte instruitu den guztia kontuan hartuta, alderdiek egokitzat jotzen dutena adierazi ahalko dute.
11.– Behin froga- edo entzunaldi-izapidea amaituta, instrukzio-egileak, halakorik balego, alderdiei eskatuko die hamar eguneko epean azken alegazioak idatziz aurkezteko.
12.– Alderdien azken alegazioak kontuan hartuta, instrukzio-egileak ebazpen-proposamena idatziko du, eta Gobernu Batzordeari bidaliko dio, erabakia har dezan. Gobernu Batzordeko kideek prozeduran sortutako dokumentazio osoa ezagutzeko eskubidea dute.
13.– Gobernu Batzordeak egoki deritzon erabakia hartuko du, eta instrukzio-egilearen kontrako erabakia ere hartu ahalko du. Instrukzio-egileak eta prozeduran esku hartu duten Gobernu Batzordeko kideek ezin izango dute prozeduran bozkatu. Gobernu Batzordearen erabakia akordio batean jasoko da, eta bertan zehaztuko dira honako datu hauek: alderdi bakoitzaren identitatea; alegatutako egitateen zerrenda, zeintzuk frogatu diren (espresuki adierazita); alderdien aitorpen guztien zerrenda, alegazio bakoitzari buruzko iruzkin egokia jasota, hau da, alderdiok aurkeztu ez dituzten arren, Gobernu Batzordearen ustez, auzia konpontzeko eta ebazpena emateko lagungarriak diren arrazoibide batzuk. Prozedura hori doakoa izango da beti, baina prozedura garatu bitartean gastuak sortu baldin badira, Gobernu Batzordeak erabaki egokia hartu ahalko du gastuei buruz. Akordioa alderdi biei jakinaraziko zaie, eta bertan ebatzitakoa betetzeko eskatuko zaie.
8. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ETA HIRUGARRENEN KONTSULTA-PROZEDURAK, ETA KEXEI ETA ERREKLAMAZIOEI ERANTZUTEKO PROZEDURAK
74. artikulua.– Elkargoak borondatez ekitea prozedurari.
1.– Gobernu Batzordea, elkargoaren baliabide ekonomiko eta giza baliabide erabilgarrien arabera, elkargokideen eta, bereziki, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kontsultak erantzuteko sistema bat ezartzen saiatuko da.
2.– Hirugarrenen kontsultak direnean, elkargoa saiatuko da beste lanbideetako eremuetan ez sartzen.
3.– Edonola ere, elkargoak ematen dituen erantzunek inoiz ez dute elkargoa lotetsiko; elkargoak inoiz ez du erantzukizunik izango, eta espresuki adierazi beharko du erantzunean.
4.– Kontsultak ebazteko prozedura doakoa izango da beti, elkargoari lotutako kontuei buruzkoa baldin bada: esaterako, organoei eta funtzionamenduei buruz; estatutu- edo erregelamendu-xedapenei buruz; elkargokideen identitateari buruz; etab. Hala eta guztiz ere, Gobernu Batzarrak ordainsariak jasotzea onartu ahalko du, baldin eta kontsultak teknikaren ikuspegitik konplexuak badira, eta adituek, oro har, kontsulta horiek erantzutearen truke, ordainsariak eskatzen badituzte.
75. artikulua.– Arreta-zerbitzua edukitzea elkargokideentzat eta kontsumitzaile edo erabiltzaileentzat.
1.– Elkargoak elkargokideen kexei eta erreklamazioei erantzungo die.
2.– Era berean, elkargoak kontsumitzaileei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua edukiko du. Elkargokideen zerbitzu profesionalak kontratatu dituzten kontsumitzaileek eta erabiltzaileek aurkezten dituzten elkargoaren edo elkargokideen jarduerari buruzko kexak eta erreklamazioak izapidetuko ditu, baita kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta erakundeek horien ordezkaritzan edo interesen defentsan aurkeztutakoak ere. Gainera, hala dagokionean, horiek guztiak ebatzi ere egingo ditu.
3.– Elkargoak kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuaren bitartez ebatziko ditu kexak edo erreklamazioak, kasuan kasukoa, dela gatazkak judizioz kanpo konpontzeko sistemaren berri emanez, dela espedientea elkargo-organo eskudunei igorriz –beharrezkoak diren informazio- edo diziplina-espedienteak bidera ditzan–, dela amaitutzat joz edo beste edozein erabaki hartuz, baina betiere zuzenbidearen barruan.
9. KAPITULUA
PERITU-ZERRENDETAN SARTZEKO PROZEDURA
76. artikulua.– Zerrendak egitea.
1.– Elkargoak elkargokide jarduleen zerrendak egingo ditu urtero, eta higiezinen jabetzako agenteen edozein elkargotako kideak borondatez atxiki ahalko dira zerrendetara. Horrela, elkargoak auzitegien eskaerak erantzungo ditu, higiezinen jabetzako agente batek lanbide-jarduera bat egin dezan eskatzen dutenean.
2.– Elkargokide jarduleak, haiek erabakita eta aske aukeratuta, atxiki ahalko dira elkargoak urtero egiten dituen zerrendetara. Elkargoak zerrendak egiten ditu ekitaldi bakoitzean sortzen diren premiei erantzuteko. Elkargokide jarduleak zerrenda batera edo batzuetara atxikita baldin badaude, eskatutako peritu-irizpena emateko behar diren gaitasunak eta espezializazioa eduki beharko dituzte.
77. artikulua.– Perituak izendatzea.
1.– Auzitegiek elkargoko agente bat eskatzen badute lanbide-jarduketa zehatza egin dezan, elkargoak horretarako eginiko zerrenda eskuratuko die, agente bat aske izenda dezaten.
2.– Gobernu Batzordeak zerrenden ale bat bidali ahalko die Arabako Lurralde Historikoan eskumenak dituzten erakunde judizialei edo administratiboei. Horrez gain, funtzionamenduan gerta daitezkeen intzidentzien berri emateko eskatuko die, zerbitzua hobetzeko behar diren neurriak hartzeko.
10. KAPITULUA
LANKIDETZA-HITZARMENAK ADMINISTRAZIOAREKIN EDO BESTE PERTSONA PUBLIKO ZEIN PRIBATU BATZUEKIN EGITEKO PROZEDURA
78. artikulua.– Lankidetza-hitzarmenaren kontzeptua.
Lankidetza-hitzarmenak dira elkargorako edo elkargoaren funtzionamendu arrunterako nahitaezkoak ez diren akordioak, kontratuak edo antzekoak. Horretan ez dira sartzen elkargoaren argindar-, ur- eta gas-hornikuntzako kontratuak, elkargoaren egoitza alokatzeko kontratua, bulegoko materialez hornitzeko kontratuak, elkargoko liburutegiko harpidetzak, ondasun kontsumigarriak erosteko kontratuak, gastu zehatzak eta abar. Lankidetza-hitzarmenetan elkarrekiko eskubideak eta betebeharrak erregulatzen dira, eta ondorioak izaten dituzte denboran. Bada, honako hauek lankidetza-hitzarmenak dira: gai juridikoei buruzko aholkularitza-hitzarmenak (auzietan abokatuei edo prokuradoreei ahalordeak ematekoak izan ezik), zerga-, lan- edo kontabilitate-aholkularitza emateko kontratuak, langileen lan-kontratuak eta, oro har, Administrazioarekin, Unibertsitatearekin eta antzeko erakundeekin egiten diren kontratuak.
79. artikulua.– Negoziazioak egitea.
1.– Gobernu Batzordeak eskumenak izango ditu lankidetza-hitzarmenak egiteko premia adierazteko, hitzarmenok egitea aholkatzeko, proposatzeko edota negoziatzeko, bai Administrazioarekin, bai beste pertsona publiko edo pribatu batzuekin.
2.– Gobernu Batzordeak elkargokide guztiei informazioa emango die lankidetza-hitzarmen baten amaierari buruzko elkarrizketa guztiei buruz, bai eta elkarrizketa horien aldeko edo kontrako emaitzari buruz ere.
3.– Ezin izango da lankidetza-hitzarmenik egin, baldin eta elkargokide guztien mesederako ez badira, edo elkargokide guztiek parte hartu ezin badute; betiere, lege-esparruaren barruan, elkargokide baten parte-hartzea edo onura oztopatzen duten irizpide objektibo oso arrazoituak egon ezean (adibidez, elkargokidetzaren antzinatasuna; elkargokide «jardule»a ala «ez-jardule»a izatea; bulegoen kokapen geografikoa; hainbat ekipamendu tekniko eduki beharra edo bestelakoak).
80. artikulua.– Akordioak egitea.
1.– Gobernu Batzordeak, Batzar Nagusiaren baimenik gabe, lankidetza-hitzarmenak egin ahalko ditu, baldin eta hitzarmenok baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Elkargokide «jardule» guztiek parte hartu ahal badute.
b) Elkargoari gasturik eragiten ez badiote; edo ziur bada eragindako gastua lankidetza-hitzarmenaren ondoriozko diru-sarreren bidez konpentsatuko dela.
c) Denbora-ondorioak Gobernu Batzordearen agintaldiaren barruan egongo badira, elkargoak borondatez egin ditzakeen luzapenak zenbatu gabe.
d) Hitzarmenean parte hartu nahi ez duten elkargokideen betebeharrak handitzen edo eskubideak murrizten ez badituzte.
Lankidetza-hitzarmenetan aurreko paragrafoan zehaztutako baldintzaren bat betetzen ez bada, Gobernu Batzordeak, Batzar Nagusiak aurrez baimenduta, azkendu ahalko ditu.
81. artikulua.– Lankidetza-hitzarmenak bukatzea.
1.– Gobernu Batzordeak eskumena izango du lankidetza-hitzarmena bukatzeko, denbora-ondoreen amaiera ez den beste kausa batengatik, baldin eta hitzarmena bukatzea batzordearen eskumenetako bat bada.
2.– Batzar Nagusiak lankidetza-hitzarmen bat egiteko baimena ematen badu, hitzarmen hori bukatzeko baimena ere eman beharko du.
11. KAPITULUA
BESTE LANBIDE- EDO ADMINISTRAZIO-ERAKUNDE BATZUETARA ATXIKITZEKO ETA HAIETATIK BEREIZTEKO PROZEDURAK, ERAKUNDE-MOTA EDOZEIN IZANDA ERE
82. artikulua.– Parte-hartze mota.
1.– Elkargoak, kide gisa edo beste modu batez, nazioko edo nazioarteko edozein lanbide- edo administrazio-erakundetan parte hartu ahalko du, elkargoaren xedeak hobeto betetzeko onuragarria bada, eta erakunde horiek erregulatzeko lege orokorrek edo arau erregulatzaileek parte-hartzea baimentzen badute. Horrez gain, erakunde horiek osatzen ere lagundu ahalko du.
2.– Erakunde horietako batera atxikitzea ez bada estatutuokin bateragarria, edo aurreikusten bada estatutuok aplikatzerakoan arazoak sortuko dituela, ezinezkoa izango da atxikitzea, aurrez estatutuotako edo erakunde horiek erregulatzeko estatutuetako edo arauetako xedapen egokiak aldatzen ez badira.
Gobernu Batzordeak Batzar Nagusiari egiten dion atxikitze-proposamenean edo parte hartzeko proposamenean, espresuki eta idatziz adierazi beharko dio bere ustez bateraezintasunik dagoen, estatutuotan ezarritakoaren eta parte-hartze horren artean.
83. artikulua.– Atxikitzearen negoziazioa eta baimena.
1.– Gobernu Batzordeak eskumena izango du edozein erakundetara atxikitzea negoziatzeko eta parte-hartze maila ezartzeko.
2.– Batzar Nagusia organo eskudun bakarra da, Gobernu Batzordeak proposatuta, elkargoaren atxikitzea eta elkargoaren parte-hartze mota baimentzeko ala ez baimentzeko.
3.– Atxikitzea baimentzen bada, Gobernu Batzordeak formalizatuko du, Batzar Nagusiak emandako aginduei jarraikiz.
4.– Elkargoak kide bat edo gehiago izendatu behar baditu, beste erakunde batzuen aurrean elkargoaren ordezkari aritzeko, Gobernu Batzordeak erabakiko du ordezkariak nor edo nortzuk izango diren; eta lehentasuna emango zaio Gobernu Batzordeko buruari. Gobernu Batzordeak kontrolatuko du bere ordezkariek beste erakunde batzuen aurrean izaten duten jarduna, eta erantzulea izango da.
84. artikulua.– Erakundeetatik bereiztea edo parte-hartze mota aldatzea.
1.– Batzar Nagusia organo eskudun bakarra da, elkargoa beste erakunde batzuetatik bereizteko baimena eta elkargoaren parte-hartze mota aldatzeko baimena emateko ala ez emateko.
2.– Gobernu Batzordeak eskumena dauka beste erakunde batzuetatik bereizteko erabakia gauzatzeko edo elkargoak haietan izaten duen parte-hartze mota aldatzeko, Batzar Nagusiak emandako jarraibideen arabera.
12. KAPITULUA
ELKARGOAREN EGINTZAK DEUSEZTATZEKO EDO DEUSEZTATU AHAL IZATEKO PROZEDURAK. ELKARGOAREN EGINTZEN EDO XEDAPENEN AURKAKO ERREKURTSOAK
85. artikulua.– Deuseztasun-kasuak eta deuseztagarritasun-kasuak.
1.– Elkargoko organoen egintzak eta xedapenak zuzenbide osoz deusez izango dira, baldin eta estatutuotan ezarritakoaren aurkakoak badira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47. artikuluan ezarritako kasuetako bat osatzen badute.
2.– Elkargoko egintzak eta xedapenak deuseztatu ahalko dira, baldin eta haietan ordenamendu juridikoaren arau-hausteren bat egiten bada, eta aurreko zenbakian jasota ez badaude.
3.– Aurkatzeko prozedura 39/2015 Legean ezarritakoa izango da.
13. KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
86. artikulua.– Aldaketa sustatzeko eskumena.
Gobernu Batzordeak estatutu hauen aldaketa osoa edo partziala sustatu ahalko du, estatutuotan ezarritako gehiengoak eta baldintzak beteta.
Batzar Nagusiak eskumen bera izango du, estatutuotan ezarritako gehiengoen eta baldintzen arabera.
Elkargokideek ere estatutuon aldaketa sustatu ahalko dute, baldin eta, gutxienez, elkargokide guztien % 25 ordezkatzen badute.
87. artikulua.– Gobernu Batzordeak sustatutako estatutu-aldaketa.
1.– Gobernu Batzordeak estatutu hauen aldaketa osoa edo partziala sustatu ahalko du, kideen gehiengoak adostuta. Berdinketarik egonez gero, buruaren kalitateko botoa izango da erabakigarria.
2.– Aldaketa-proposamena idatziz egingo da, eta honako alderdi hauek edukiko ditu: aldatu nahi denaren hitzez hitzeko transkripzioa; proposatu den aldaketaren hitzez hitzeko testua; estatutuen testu bategina, proposatutako aldaketok jasota; aldaketa-proposamenaren azalpen arrazoitua.
3.– Gobernu Batzordeak aldaketa-proposamena onartu beharko du, artikulu honetako lehen zenbakian ezarritako gehiengoei jarraikiz.
4.– Batzar Nagusiak aldaketa-proposamena onartu beharko du, estatutuotako 24.2 artikuluan ezarritako gehiengo indartuaren arabera.
5.– Elkargokide guztiek eskubidea edukiko dute aldaketa osatzen duten dokumentu guztiak elkargoaren egoitzan aztertzeko, gutxienez, Batzar Nagusiaren bilera egin baino bost egun lehenago.
6.– Erreformaren instrumentazioa eta gauzatzea indarreko araudietan ezarritakoaren arabera arautuko da.
88. artikulua.– Batzar Nagusiak sustatutako estatutuen aldaketa.
1.– Batzar Nagusiaren bilerako gai-zerrendan jasota egon ez arren, estatutuon aldaketa osoa edo partziala sustatu ahalko du, bileran bertaratuen edo ordezkatuen botoen gehiengoaren bidez erabakita.
2.– Aldaketa-proposamenean aipatuko dira aldatu behar diren artikuluak edo, gutxienez, kontzeptuak, bai eta sustatutako aldaketen zentzua ere.
3.– Era berean, aldaketa-proposamenean jasoko dira aldaketa-proposamena idazteko elkargokide arduradunaren edo arduradunen izenak.
4.– Aldaketa-proposamena idatziz aurkeztuko da, eta honako alderdi hauek bilduko ditu: aldatu nahi denaren hitzez hitzeko transkripzioa; proposatu den aldaketaren hitzez hitzeko testua; estatutuen testu bategina, proposatutako aldaketok jasota; aldaketa-proposamenaren azalpen arrazoitua.
5.– Estatutuon aldaketa sustatzeko bilera egin eta gero, Batzar Nagusiak egiten duen hurrengo bileran estatutuon aldaketaren proposamena eztabaidatu eta bozkatuko da. Horretarako, estatutuotako 24.2 artikuluan ezarritako gehiengo indartua beharko da.
6.– Elkargokide guztiek eskubidea edukiko dute aldaketa osatzen duten dokumentu guztiak elkargoaren egoitzan aztertzeko, gutxienez, Batzar Nagusiaren bilera egin baino bost egun lehenago.
7.– Erreformaren instrumentazioa eta gauzatzea indarreko araudietan ezarritakoaren arabera arautuko da.
V. TITULUA
ELKARGOAREN ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA BESTE XEDAPEN BATZUK
1. KAPITULUA
ELKARGOAREN FINANTZAKETA
89. artikulua.– Diru-sarreren iturriak.
Honako hauek dira elkargoaren finantza-kontzeptuak:
a) Elkargokidetza-kuotak.
b) Kuota arruntak.
c) Ezohiko kuotak.
d) Benetan eginiko zerbitzuak.
e) Lankidetza-hitzarmenen ondoriozko diru-sarrerak.
f) Diru-laguntzak.
g) Jaraunspenak, legatuak eta eskuzabaltasunak.
h) Finantza-diruaren sarrerak.
i) Batzar Nagusiak onartu ahal dituen beste batzuk.
90. artikulua.– Diru-sarrerak finkatzeko eskumena.
1.– Gobernu Batzordeak Batzar Nagusiari proposatuko dio aurreko artikuluan ezarritako diru-sarreren zenbatekoa; betiere, diru-laguntzak, jaraunspenak, legatuak, eskuzabaltasunak edo elkargoak aldebakarrez ezarri ezin dituen beste zenbateko batzuk alde batera utzita. Zenbatekoa onartzeko eskumena Batzar Nagusiarena izango da, beti. Salbuespen gisa, elkargoaren kuota arruntak KPIren aurreko igoeratik metatutako zenbatekoaren arabera gehienez ere handitu nahi direnean, Gobernu Batzordeak igoera onartu ahalko du.
2.– Gobernu Batzordeak elkargoaren diru-sarreren sorrera-egunaren, epearen, modalitatearen eta ordainketaren gaineko inguruabarrei buruzko erabakiak hartuko ditu; betiere, Batzar Nagusiak gai horiei buruzko erabaki zehatzak hartu ez baditu.
3.– Elkargokideek eskatzen baldin badute, Gobernu Batzordeak, salbuespen moduan eta antzeko kasuetan edo berdinetan aplikatuko diren berdintasun-irizpideei jarraikiz, ordainketa geroratzeko hitzarmenak egin ahalko ditu, baina ezin izango du elkargokideen kuotarik murriztu edo zorrik barkatu.
4.– Diru-laguntzen xedea euren arau erregulatzaileetan ezarritakoa izango da, zehatz-mehatz.
91. artikulua.– Ezohiko kuotak.
1.– Gobernu Batzordeak Batzar Nagusiari proposatuko dio ezohiko kuotak onartzea, gastu zehatzak ordaintzeko edo diruzaintzako desoreka zehatzei aurre egiteko.
2.– Salbuespen gisa, Gobernu Batzordeak ezohiko kuotak ezartzea onartu ahalko du, Batzar Nagusiak aurrez baimenik eman gabe, baina kasu horietan gastu zehatzei edo diruzaintzaren desoreka zehatzei aurre egiteko erabili beharko dira, artikulu honetan ezarritako gainerako baldintzei jarraikiz, eta, betiere, onartutako ezohiko kuotaren gehienezko zenbatekoak elkargoaren urteko kuota arruntaren % 12ko zenbatekoa gainditzen ez badu.
3.– Gobernu Batzordeak ezohiko kuota bat ezartzea onartzen duenean, edo Batzar Nagusiari proposatzen dionean, arrazoia ere justifikatu beharko du. Horrez gain, zenbatekoa eta elkargokideen artean banatzeko arauak ere zuritu beharko ditu.
4.– Gobernu Batzordeak, kontuetan sartutako informazio orokorrarekin batera, likidazio espezifikoa egin beharko du, ezohiko kuotaren bidez finantzatu den jarduera bakoitzari buruz. Likidazio espezifikoa informazio-ondoreetarako soilik egingo da; beraz, finantzatutako gastuaren aldean sortu den ezohiko kuotaren soberakina elkargokideei itzuli beharko zaie, halakorik balego.
92. artikulua.– Jaraunspenak, legatuak eta eskuzabaltasunak.
1.– Batzar Nagusia organo eskudun bakarra da, jaraunspenak, legatuak eta eskuzabaltasunak onartzeko edo, hala dagokionean, ukatzeko.
2.– Batzar Nagusiak jaraunspenak, legatuak eta eskuzabaltasunak ukatuko ditu, baldin eta, horien truke, elkargoak legearen, estatutu hauen edo elkargoaren irudi onaren kontrako baldintzak onartu behar baditu.
93. artikulua.– Finantzak.
1.– Gobernu Batzordeak Batzar Nagusiari proposatuko dizkio fidantzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua. Elkargokide guztiek fidantza hori gordailutu beharko dute, elkargokide izan aurretik.
2.– Fidantza ez da elkargoaren diru-sarreratzat hartzen; ezin da erabili, ezta bahitu ere. Elkargoak jabeari itzuli beharko dio, elkargokideak baja hartzen badu, edo «ez-jardule» egoerara aldatzen bada. Azken kasu horretan elkargoak zehaztuko ditu zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
3.– Hori horrela izanik ere, elkargokidea elkargoarekin zorretan baldin badago, Gobernu Batzordeak fidantzaren bidez konpentsatu ahalko ditu zorrak, elkargokideak baja hartzen duenean edo «ez-jardule» egoerara aldatzen denean; hartara, elkargoak fidantza bereganatuko du.
94. artikulua.– Elkargoaren soberakina.
Elkargoak edonoiz ekonomiaren edo ondarearen soberakina biltzen baldin badu, elkargoarena izango da, eta elkargokideek ezin izango dute soberakin hori eskatu, elkargoa desegin ezean.
2. KAPITULUA
EKITALDI EKONOMIKOA, KONTABILITATEA ETA ELKARGOAREN LIBURUAK
95. artikulua.– Ekitaldi ekonomikoa.
1.– Elkargoaren kontabilitate-ekitaldia eta zerga-ekitaldia bat etorriko dira egutegiko urtearekin.
2.– Kontabilitate-ekitaldiak urtekoa izaten jarraituko du, Gobernu Batzordea aldatuta ere. Gobernu Batzar osatu berriak ezin izango du aurreko ekitaldia itxi eta beste bat zabaldu, kargua hartzen duenean, kargua hartzeko eguna urtarrilaren 1a izan ezean.
96. artikulua.– Kontabilitatea.
1.– Elkargoak bere jardueraren araberako kontabilitate egokia edukiko du, edukiaren eta formaren arabera; eta Merkataritza Kodean eta lege aplikagarrietan ezarritakoa bete behar du.
2.– Elkargoak legeetan ezarritako kontabilitate-liburuak edukiko ditu, eta nahitaez zaindu beharko ditu sei urtean edo legeriak eskatzen duen gutxienezko epean. Dena den, elkargoa, ahal denean, saiatuko da kontabilitate-liburuak eta elkargoaren dokumentuak betiko gordetzen.
97. artikulua.– Elkargoaren liburuak.
1.– Elkargoak nahitaez eduki beharko du Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen bileren akta-liburu bat; edo liburu bat organo bakoitzeko.
2.– Elkargoak nahitaez eduki beharko du elkargokideen Liburua, bai eta dokumentuen sarrerak eta irteerak erregistratzeko liburu bat ere.
3.– Elkargoak beste liburu bat edo batzuk eduki ahalko ditu, jarduera antolatzeko beharrezko irizten badie.
3. KAPITULUA
ELKARGOA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
98. artikulua.– Desegitea.
Elkargoa desegiteko kausa bakarra Batzar Nagusiaren akordioa izango da, horretarako espresuki antolatuta.
99. artikulua.– Likidazioa.
1.– Elkargoa desegiteko akordioan likidatzaileak izendatu beharko dira. Likidatzaileen kopuruak bakoitia izan beharko du beti, eta elkargoa desegiteko akordioa onartu aurretiko Gobernu Batzordeko kideak berak likidatzaileak izan ahalko dira.
2.– Elkargoa likidatu bitartean, elkargoak bere nortasun juridikoari eutsiko dio.
3.– Likidazioa egin bitartean, estatutuotan ezarritako batzar nagusien bilera-deiak egingo dituzte likidatzaileek, elkargoa desegin izan ez balitz bezala; edo haiek egokitzat hartzen dituzten bilerak. Bilera horietako buru-lana egingo dute, eta kontuen berri eta likidazioaren garapenaren berri emango dute.
4.– Likidatzaileek kide anitzeko organo baten moduan jardungo dute, eta akordioak likidazioari buruzko akta-liburu batean jaso beharko dituzte. Likidatzaileen artean hautatu beharko da buru-lana eta idazkari-lana nork egingo duen.
5.– Likidazioa egiteko behar den denbora hartu ahalko da, baina elkargoa desegiteko akordioa hartu eta gehienez ere urtebetera amaitzen saiatu beharko da.
6.– Likidatzaileen erantzukizunak izango dira estatutuotan Gobernu Batzordeko kideei ezartzen zaizkien erantzukizun berak; baina Batzar Nagusiak soilik kendu ahalko ditu kargutik, betiere, baldin eta likidazioa amaitu gabe urtebetea igaro bada, izendatu zirenetik aurrera.
100. artikulua.– Eginkizunak transmititzea.
1.– Desegiteko akordioa hartzen denetik, Gobernu Batzordeko kideek beren eginkizunak betetzeari utziko diote, baina behar diren neurriak hartuko dituzte, trantsizio-epean jarraitutasun egokia egon dadin, eta elkargoaren jarduerarik ezaren ondoriozko kalterik egon ez dadin.
2.– Gobernu Batzordeak, gainerako likidatzaileekin batera, inbentarioa eta elkargoaren balantzea aurkeztu eta sinatuko ditu. Desegiteko akordioa onartu zen egunekoak izango dira, eta likidatzaileek likidazio-eginkizunei ekin baino lehenagokoak. Gobernu Batzordeko kideren batek edo likidatzaileren batek dokumentuok sinatu nahi ez baditu, zergatia azaldu beharko du. Desegiteko akordioa onartu zenetik hilabetea igaro baldin bada, eta Gobernu Batzordeak dokumentu horiek aurkeztu ez baditu, likidatzaileek edonola ere likidazio-eginkizunei ekingo diete.
3.– Gobernu Batzordeko kideek, halakorik eskatzen bazaie, euren lehiaketa eta ondare-egoeraren ezagutzak erabilgarri jarri beharko dituzte likidazio-eginkizunetarako. Likidatzaileek eskatzen dieten informazioa ematea baino ez da izango lehiaketa hori.
101. artikulua.– Likidazioaren amaierako balantzea.
1.– Behin zor guztiak ordainduta, edo ordaindu ahal den zatia ordainduta, likidatzaileek likidazioaren amaierako balantzea aurkeztuko dute, eta bertan zehatz-mehatz adierazi beharko da soberako azken ondare garbia.
2.– Likidatzaileek elkargoaren ondasunak banatzeko proposamen bat aurkeztuko dute, eta bertan argi azalduko dira ondasun sozialak banatzeko irizpideak eta elkargokide guztien zerrenda. Zerrenda horretan elkargokide bakoitzari esleituko zaio ondasunen banaketa-kuota. Elkargoaren ondarean diru-laguntza batzuk gehitzeko baldin badaude, diru-laguntza horien xedea izango da diru-laguntzen arau erregulatzaileetan ezarritakoa.
3.– Amaierako balantzea eta ondasun sozialen banaketa-proposamena Batzar Nagusiaren onarpenaren mende egongo dira. Batzar Nagusiak banaketa onartzen ez badu, desadostasunak arbitraje bidez ebatzi ahalko dira. Arbitrajea ere onartzen ez bada, likidatzaileek elkargoaren ondasun guztiak modu judizialean utziko dituzte elkargoaren helbideari dagokion epaitegian, eta elkargokideek euren interesen arabera jardungo dute.
102. artikulu.– Azkentzea.
1.– Ondasun sozialak banatu aurretik edo banaketa arbitraje bidezko edo epaitegiaren erabakiaren mende jarri aurretik, Batzar Nagusiak desegiteko erabakia baliogabetu ahalko du edonoiz, eta berriz ekin ahalko dio bere jardunari.
2.– Soberakina Batzar Nagusian, arbitrajean edo erabaki judizial irmoan erabakitako moduaren arabera banatutakoan, elkargoa azkenduta egongo da, eta nortasun juridikoa ezabatuko zaio.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Elkargoaren zaindaria.
Elkargoaren tradizioari jarraikiz, elkargoaren zaindaria Santa Teresa Jesusena da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Estatutuok behin betiko onartzen diren egun berean jarriko dira indarrean. Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren agindu baten bidez jarriko dira indarrean (Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza). Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta estatutuok Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko dira.