EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018175

2/2018 FORU DEKRETU-ARAUA, uztailaren 17koa, aldatzen duena Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, zenbait loteria eta apustutan lortutako sarien gaineko karga bereziari dagokionez.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201800002
Xedapenaren data: 2018-07-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201804470
Maila: Foru Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2014/03/04an argitaratutako 2014/01/17ko 201400003 FORU ARAUA aldatzen du

Estatuko araudiaren arabera, 2013ko urtarrilaren 1az geroztik estatuaren, autonomia erkidegoen, Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalaren, Espainiako Gurutze Gorriaren eta antzeko entitate europarren loterietako sariak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari eta establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarren gaineko zergari lotuta daude karga berezi baten bitartez.
Hasiera batean, karga berezi hori abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauaren hogeita seigarren xedapen gehigarriaren bidez sartu zen Gipuzkoako errenta zergaren foru araudian, eta, gaur egun, bi xedapen hauek arautzen dute: Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua (hamazortzigarren xedapen gehigarria), eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 10eko 16/2014 Foru Araua (seigarren xedapen gehigarria).
Karga bereziaren ezaugarria da haren sortzapena lortutako saria ordaintzen den unean gertatzen dela, eta 100eko 20ko zerga tasa finkoa duela. Orobat, sariari 100eko 20ko atxikipena edo konturako sarrera aplikatzen dio ordaintzaileak, eta, horren ondorioz, zergadunak ez du zertan autolikidaziorik aurkeztu. Gainera, sariak karga berezitik salbuetsita daude, haien zenbateko osoa 2.500 eurokoa edo txikiagoa denean, eta, 2.500 eurotik gorako sarien kasuan, zenbateko horretatik gora dagoen zatia bakarrik zergapetzen da.
Bestalde, Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onartuak, ezartzen du aipatutako karga bereziaren atxikipenak eta konturako sarrerak ordainarazteko garaian, foru aldundiek lurralde erkidean aplikatzen diren tasa berberak aplikatu behar dituztela.
Estatuko 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen uztailaren 3ko 6/2018 Legeak, berriki onartuak, aurreikusi du salbuespen hori apurka-apurka gehitzea, eta, nahiz eta printzipioz 40.000 euroan finkatu duen salbuetsitako zenbatekoa, ezarri duen araubide iragankorrak dio legea indarrean jarri eta 2018ko abenduaren 31ra bitartean 10.000 eurokoa izango dela salbuetsitako zenbatekoa, eta 2019. urtean 20.000 eurokoa.
Hori aintzat hartuta, beharrezko gertatzen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudia aldatzea aurreko paragrafoan aipatutako salbuespena presazko bidetik sartzeko, eta, aldi berean, establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren araudia zeharka egokitu beharra dago araudi horrek karga bereziaren salbuespenari dagokionez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren foru araura egiten duen igorpenagatik.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela. Xedapen berezi horiek foru dekretu-arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.
Hortaz, foru dekretu-arau honen xedea da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudia aldatzea aipatutako salbuespena presaz ezartzeko eta, horrela, establezimendu iraunkorrik gabeko ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren araudia aldaketa horretarako egokitzeko.
Horiek horrela, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Zenbait loteria eta apustutan lortutako sarien gaineko karga berezia aldatzea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan sartzen dira aldaketa hauek:
Bat.– Hemezortzigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Sarien zenbateko osoa 40.000 eurokoa edo txikiagoa denean, sariak karga berezitik salbuetsita egongo dira. Sarien zenbateko osoa 40.000 eurokoa baino handiagoa den kasuetan, zenbateko horretatik gora dagoen zatia zergapetuko da.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikagarria izango da baldin eta loteriako dezimo, zatiki edo kupoiaren zenbatekoa, edo egindako apustuarena, gutxienez 0,50 eurokoa bada. Zenbatekoa 0,50 eurotik beherakoa denean, aurreko paragrafoan adierazitako gehieneneko zenbateko salbuetsia proportzionalki murriztuko da.
Sariak titulartasun partekatua duenean, aurreko paragrafoetan aurreikusitako zenbateko salbuetsia titularkideen artean hainbanatuko da, bakoitzari dagokion kuotaren arabera.»
Bi.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hogeita hamahirugarrena, eduki hau duena:
«Hogeita hamahirugarren xedapen iragankorra. Zenbait loteria eta apustutan lortutako sarien gaineko karga berezitik salbuesten den zenbatekoa 2018. eta 2019. urteetan.
2018ko uztailaren 5a baino lehen egindako jokoen sariak karga berezitik salbuetsita egongo dira foru arau honen hemezortzigarren xedapen gehigarriak 2. apartatuan ezartzen duen zenbatekoan (2017ko abenduaren 31n indarrean zegoen idazkerari jarraituz).
2018ko uztailaren 5etik aurrera, zenbateko hori 10.000 eurokoa izango da 2018ko zergaldian egindako jokoetatik datozen sarietarako, eta 20.000 eurokoa 2019ko zergaldian egindakoetatik datozenetarako.»
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta 2018ko uztailaren 5etik aurrera izango ditu ondorioak.
Donostia, 2018ko uztailaren 17a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.