EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018174

760/2018 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako 2018ko ohiko bigarren deialdiko probetan parte hartzeko deialdia onartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201800760
Xedapenaren data: 2018-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201804460
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)
Ebazpen hau honako egitate hauetan oinarritzen da:
AURREKARIAK
Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko prozesua arautzen du. Dekretu horrek zehazten du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunak apirilaren 15eko 86/1997 dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak direla (86/1997 dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Prozesua arautzen duena).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, orobat ezartzen du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskumena duela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko, Entitate horrek helburu zehatz horrekin deituko dituen bai ohiko deialdi bai ohiz kanpoko deialdien bidez.
Azaldutako guztiagatik eta emandako ahalmenak erabiliz, hau
EBATZI DUT:
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben 2018ko ohiko bigarren deialdia onartzea, eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, urriaren 1eko Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 27a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.
ERANSKINA
HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIA
OINARRIAK
1. oinarria.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdi honek aukera ematen du lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko. Prozesuak atal hauek izango ditu: izena emateko aldia, onartuen eta baztertuen zerrenda, dagozkion probak, bakoitza bere behin-behineko kalifikazioekin eta erreklamazio-epearekin, eta guztia behin betiko kalifikazioak argitaratuta amaituko da.
2. oinarria.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdiaren ardura izango duen epaimahaia izendatuko da. Epaimahaikide izango dira epaimahaiburua, sei mahaikide eta idazkaria. IVAPek epaimahaikideetako bi izendatuko du. Epaimahaikiderik gehienak Euskal Herri Administrazioen zerbitzuan dauden langile finkoak izango dira eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.
3. oinarria.– Egiaztatze-prozesua ebazpen hau argitaratzearekin hasten da eta jarraibide hauexek arautuko dute azterketaldia.
4. oinarria.– Deialdi honetan parte har dezakete aurreko egiaztatze-prozesuko matrikulazio-epe amaieratik (2018ko martxoaren 6tik) prozesu honen matrikulazio-epe amaiera bitarteko denboraldian (2018ko irailaren 25era arte), zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egon diren edo dauden Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere.
5. oinarria.– Deialdi honetan aurkezten dena hizkuntza-eskakizun bakarrera aurkez daiteke. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko deialdiaren prozesu-aldiak eta IVAPeko deialdiaren prozesu-aldiak bat baletoz, azterketa bera izango litzateke, eta batera egina. Hala balitz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko deialdi honetan izena ematen duenak aldi bererako IVAPeko deialdian ere eskabidea egingo balu, aukeratzeko eskatuko litzaioke, soilik bi deialdietako batean parte hartzeko.
6. oinarria.– Laugarren hizkuntza-eskakizuneko probetan parte hartzeko, hirugarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta eduki behar da, deialdian izena emateko epearen azken egunerako. Horretarako, beharrezkoa izango da egiaztapen hori Osakidetzako Erregistro Ofizialean erregistratuta edukitzea. Laugarren hizkuntza-eskakizuneko probak egiteko eskatzen den hirugarren hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiririk ez badago erregistratuta Osakidetzako langileen Erregistroan, izangai horiek laugarren hizkuntza-eskakizuneko probetan parte hartzeko eskabidearen fotokopia (intranet bidez egindakoa) eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna baliokidetzeko eskabidea (behar bezala beteta eta dagokion dokumentazioarekin) aurkeztu behar dituzte euren zerbitzu-erakundean inskripzio-epearen barruan (Giza Baliabideetako zuzendariaren 11/2012 Jarraibideak, beste Herri Administrazio batzuek emandako hizkuntza-eskakizunen egiaztapenen baliokidetzari eta euskaraz egindako ikasketa ofizialen aitortzeari eta erregistratzeari buruzkoak).
7. oinarria.– Deialdi honetako egiaztatze-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea irailaren 11tik 25era izango da, biak barne.
8. oinarria.– Izangaiek eskabide elektronikoa bete beharko dute, horretarako ondorengo helbide elektronikoetara joz:
– Intraneta: https://www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Hizkuntza-eskakizunak > HE akreditazioa > 2. deialdia (2018-07-27).
– Interneta: http://www.osakidetza.euskadi.eus (Profesionalak > Euskera > Hizkuntza eskakizunen deialdiak).
Era berean, eskabidea aurkezteko hainbat era daude, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotakoak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenaren bigarren paragrafoan adierazten denarekin bat etorriz.
9. oinarria.– Probak egiteko egokitzapenen bat behar duten izangaiek eskabidean bertan adierazi behar dute. Behar den egokitzapen horrek ez du ekarriko inolako murriztapenik eskatzen den gaitasunean.
10. oinarria.– Egiaztatze-prozesu bakoitzean izena emateko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak, ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartuko du. Baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia adieraziko da. Aipatutako ebazpena Osakidetzaren intraneteko orrian eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan jarriko da jende aurrean.
Halaber, hor bertan adieraziko da ahozko proban zein izangaiek parte hartu ahalko duten proba idatzia egin gabe, 16. oinarrian araututakoaren arabera.
11. oinarria.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jende aurrean jarri eta hurrengo egunetik hasita, interesatuek hilabeteko epea izango dute gora jotzeko errekurtsoa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari aurkezteko.
12. oinarria.– Azterketetan parte har dezakete onartuen eta baztertuen zerrenda dakarren ebazpenean onartuta agertzen diren izangaiek.
Era berean, azterketan parte har dezakete, baztertuta egon arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri eta beraren kopia azterketaren egunean aurkezten dutenek. Gora jotzeko errekurtsoaren kopiarekin batera eskabidearen kopia ere aurkeztu beharko dute. Kasu horretan, azterketaren emaitzak bakarrik balio izango du, baldin eta errekurtsoa ebatzi ondoren izangaia onartuta geratzen bada.
13. oinarria.– Azterketen egutegi bat prestatuko da onartutako eskatzaileen kopurua eta azterketak egiteko beharko diren baliabideak kontuan hartuta. Baliteke proba bat baino gehiago bateratzea ekitaldi edo egun bakarrean.
Azterketen egunak, lekuak eta orduak zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetzako intraneteko orrian jakinaraziko dira.
Aztertzaileek izangaien ahozko proba grabatu ahalko dute, premia ikusten badute, bakar-bakarrik, kalifikazioaren alderdiren bat berrikusteko, lagungarri bat eskueran edukitzearren.
14. oinarria.– Edozein hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko prozesuan trebetasun hauek ebaluatuko dira: idatzizko ulermena eta idazmena eta ahozko ulermena eta mintzamena. Proba bereiziak, onartutako izangaien kopuruaren eta dauden baliabideen arabera bateratu ahalko dira.
15. oinarria.– Proba guztiak baztertzaileak direnez, proba bat ez gainditzea nahikoa izango da hurrengo probak ez ebaluatzeko. Ahozko azterketa gainditzeko, entzumen-proba eta mintzamen-proba gainditu behar dira, zein bere aldetik. Hala ere, entzumen-proba gainditzeko item baten edo biren faltan dagoen azterketariak konpentsatu ahal izango du puntu-gabezia hori, baldin eta, mintzamen-probaren puntuazioari gehituta, ahozko azterketan, gutxienez, 25 puntu lortzen baditu.
16. oinarria.– Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatutako azken azterketaldian idatzizko probak gainditu bai baina ahozko probak gainditu ez zituzten izangaiak, salbuetsita daude azterketaldi honetako idatzizko ulermen eta idazmen probak egitetik, baldin eta aurrekoan salbuetsita ez bazeuden. Hortaz, zuzenean joko dute ahozko probetara.
Hala eta guztiz ere, izangai guztiek epe barruan eman beharko dute izena probetarako, salbuetsita dauden ala ez kontuan hartu gabe.
17. oinarria.– Trebetasun ezberdinak (idatzizko ulermena, idazmena, ahozko ulermena eta mintzamena) ebaluatzen dituzten probetako behin-behineko kalifikazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko dira, ebaluatutako proba bakoitzari dagokion «gai» edo «ez gai» kalifikazioa zehaztuta, eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetzako intraneteko orrian jendaurrean jarriko.
Behin-behineko kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, gutxienez 5 egun naturaleko epea izango dute interesdunek erreklamazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariari aurkezteko.
Erreklamazioak egin ahal izateko, Osakidetzako intraneteko orrian horretarako dagoen formularioa erabili beharko da, eta betiere bertan agertzen diren jarraibideak oinarri hartuta.
18. oinarria.– Behin-behineko kalifikazioen aurkako erreklamazio-epea amaituta eta erreklamazioak ebatsi ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez izangaien behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira.
Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean.
19. oinarria.– Izangai bakoitzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetan lortutako behin betiko kalifikazioa bakarra izango da, eta «gai» edo «ez gai» moduan adieraziko da.
20. oinarria.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian proba guztiak gainditu, eta ondorioz hizkuntza-eskakizun baten ziurtagiria jasoko dituztenen kalifikazioak argitaratuko dira.
21. oinarria.– Hizkuntza-eskakizunen egiaztapenek ondorioak izango dituzte behin betiko kalifikazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duen Ebazpena egiten den egunetik.
22. oinarria.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak gainditu dituztenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendaritza nagusiaren ziurtagiria jasoko dute. Ziurtagiri hori izangaiak lan egin duen azken zerbitzu-erakundera bidaliko da.
23. oinarria.– Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatuko den euskara ezagutza-maila neurtzeko ondorengoak hartuko dira kontuan: batetik, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena eta bestetik, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.
24. oinarria.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da eskatzaileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta Osakidetzari eta erakunde eskudunei lagatzea.
Eskatzaileen gaineko informazioa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Giza Baliabideetako Dibisioak kudeatuko du, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben prozesuaren kudeaketa egin ahal izateko (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz, 945 00 60 00 telefonoa).
Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datuen tratamendua bat etorri beharko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduarekin (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, bai eta aplikatzekoak diren estatuko gainerako arauekin ere.
Deialdi honetan parte hartzen duten langileek baimena ematen diote instrukzioaren helburua betetzeko datu pertsonalak jasotzeari eta horien tratamenduari.
Era berean, onartu egiten dute kalifikazioak erregistratzea, tratatzea, eta erakunde eskudunei lagatzea, euskararen erabileraren helburu eta lehentasunen betetze-mailaren, hizkuntza-gaitasunaren prozesuen eta hizkuntza-eskakizunen egiaztatze-mailaren ebaluazio-txostena egiteko (67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzekoa, 1.3 artikulua). Orobat, datu horiek Osakidetzako Euskera Plana egokiro kudeatzeko ere onartzen dute.
Interesdunek, datu pertsonal horietan sartzeko, datuok zuzendu, ezeztatzeko eta tratamendua mugatzeko edo horren aurka egiteko eskubideak eta indarrean dagoen legeak onartzen duen beste edozein eskubide erabili ahal izango dute. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko ordezkariarengana jo dezakete. Halaber, datuak tratatzeko eman zuten baimena baliogabetzeko eskubideaz baliatu daitezke. Azkenik, interesdunek Datuak Babesteko Euskal Bulegora jo dezakete erreklamazioa aurkezteko.