EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018173

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 27koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren zuzendariarena, zeinaren bidez, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasle eta ikertzaileen banakako ordainsari-osagarriak ebaluatzeko eta esleitzeko protokoloa argitara ematen den.

Xedapenaren data: 2018-06-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201804448
Maila: Ebazpena
I.– Zioen azalpena eta lege-esparrua.
1.– Unibertsitateen Lege Organikoaren (abenduaren 21eko 6/2001) 55. eta 69. artikuluetan, irakasle eta ikertzaileei merezimendu indibidualekin lotutako ordainsari gehigarriak emateko aukera xedatzen da, Autonomia Erkidegoek finkatutako mugen barruan, Gizarte Kontseiluak egindako deialdian eta Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aldez aurretik onartuta.
2.– Bestalde, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legearen (otsailaren 25eko 3/2004) 34. artikuluan xedatu zenez, Eusko Jaurlaritzak ordainsari-osagarriak ezarri ahal izango ditu irakasle eta ikertzaileentzat, diren funtzionario edo kontratatuak, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketaren inguruan egoki iritzitako irizpideen arabera; irizpide horien artean hizkuntza-merezimenduak ere izango dira. Era berean, artikulu horren arabera, Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak proposatuta, Eusko Jaurlaritzari dagokio ordainsari horien mugak ezartzea, eraginkortasun eta eragimen irizpideen arabera, eta Gizarte Kontseiluari, unibertsitateko gobernu-kontseiluak proposatuta, muga horiek bana-banaka esleitzea behin merezimenduak Unibasq - Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Agentziak baloratu eta gero.
3.– Lege-xedapen hori garatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari-osagarriei buruzko Dekretua (urriaren 17ko 209/2006) onetsi zen, haren erregelamendu-esparrua ezartzen duena eta martxoaren 29ko 64/2011 Dekretuaren bitartez aldatu zena.
4.– Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzko Legean (ekainaren 28ko 13/2012) aurreikusitakoari jarraikiz, Agentziari berariaz esleitutako eginkizunetako bat da irakaskuntzarekin, ikerketarekin, ezagutzaren transferentziarekin eta kudeaketarekin loturiko merezimenduak ebaluatzea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasle eta ikertzaileentzat aurreikusitako ordainsari-osagarriak esleitzeari begira.
5.– Eskumen hori baliatuz, eta Unibasqen Estatutuen 17.3 b) artikuluan ezarritakoaren arabera, Aholku Batzordeari dagokio agentziak erabili beharreko ebaluazio-irizpideak eta ebaluazio-protokoloak onartzea.
II.– Protokolo honen helburua.
1.– Unibasqek garatzen duen irakasle eta ikertzaileen osagarriak ebaluatzeko Programan, ikerketako, ezagutza transferitzeko eta dibulgazioko jardueraren ebaluazioa aipatzen da, baita irakaskuntzarena eta kudeaketarena ere, UPV/EHUko irakasle eta irakasleei ordainsari-osagarri indibidualak emateko.
2.– Prozesu horretan, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren proposamenari jarraikiz, irakasle eta ikertzaileei ordainsari-osagarri berezi eta indibidualak esleitzea erabakiko du, betiere urriaren 17ko 209/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera (Dekretu hori martxoaren 29ko 64/2011 Dekretuaren bitartez aldatu zen).
3.– Dekretu horren 1. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, osagarriak esleitzeko, aldez aurretik, Unibasqek interesdunaren merezimenduak baloratu eta ebaluatu beharko ditu.
III.– Ebaluazio-organoak.
1.– Jasotako eskaerak Ebaluazio Batzordeen bitartez ebaluatuko ditu Agentziak; batzordekideek Unibasqen Etika eta Bermeen Kodea betez jardun beharko dute.
2.– Unibasqek ebaluazio-prozesuan eskuratzen duen informazio guztia konfidentziala da.
3.– Ebaluazio Batzordeak.
a) Ebaluazio Batzordeen izendapena eta eginkizunak Unibasqen Legearen (ekainaren 28ko 13/2012) 9. eta 10. artikuluetan xedatzen denari jarraiki ezartzen dira.
Batzordeen eraketa- eta funtzionamendu-araubideari dagokionez, Protokolo honetan ezarri ez den orotan Unibasqen Estatutuetan jasotako erregulazioa aplikatuko da.
b) Agentziako zuzendariak, Ebaluazio Batzorde bakoitzeko kideen artean, presidentea eta idazkaria izendatuko ditu, eta kide anitzeko organoetan kargu horiei dagozkien eginkizunak beteko dituzte.
c) Ebaluazio Batzordeak jakintza-esparru eta -arloen arabera antolatuko dira. Printzipioz, honako Ebaluazio Batzorde hauek eratuko dira:
– Zientzia Esperimentalak.
– Gizarte Zientziak.
– Zientzia Juridikoak eta Ekonomia Zientziak.
– Zientzia Medikoak eta Osasun Zientziak.
– Irakaskuntza Teknikoak.
– Giza Zientziak.
– Bikaintasuna Ebaluatzeko Batzordea.
Hala ere, ebaluazio Batzordeen kopurua aldatzeko aukera izango da prozesu bakoitzaren zirkunstantzia espezifikoen arabera.
d) Ebaluazio Batzordeek gutxienez bost eta gehienez hamar kide izango dituzte, deialdi bakoitzaren beharren arabera.
e) Hiru urteko indarraldia izango du izendapenak, eta Agentziako zuzendariak izendapenaren ebazpena sinatzen duen egunaz geroztik hasiko da indarrean. Batzordeen osaera Agentziaren webgunean argitaratuko da.
IV.– Ebaluazio-prozesuaren deskribapena.
1.– Prozesuari hasiera emateko, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen du. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak deialdiaren proposamena egingo du UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak onets dezan.
2.– Deialdia urtero egingo da, eta bertan parte hartzeko modua, epeak eta beharrezkoa den dokumentazioa xedatu beharko dira.
3.– 209/2006 Dekretuan (64/2011 Dekretuaren bitartez aldatu zen) aurreikusitako ordainsari-osagarriak ebaluatzeko aukera izateko, interesdunak, eskaera egiteko unean UPV/EHUrekin lan-, estatutu- edo administrazio-lotura izan beharko du nahitaez eta jardunean egon beharko du.
4.– Unibertsitatetik kanpo egon diren eta beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuetan lan akademikoa egin ondoren UPV/EHUn sartu direnek ebaluazioa eskatu ahal izango dute, 64/2011 Dekretuak aldatutako 209/2006 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoari jarraiki.
5.– Baloratzeko merezimenduak aurkeztea:
a) Merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa erantsiko zaio eskabideari, formatu digitalean. Eskabidean bildutako merezimenduen orden berberari eutsi beharko dio arestian adierazitako dokumentazioak, eta ebaluatu beharreko atalekin bat etorriko diren fitxategi informatikoetan antolatuko da.
b) Behar bezala justifikatutako merezimenduak baino ez dira baloratuko.
c) Ebaluazioa egiteko eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira.
d) Eskatzaileek Curriculum Vitae osoa ere txertatu ahal izango dute aplikazio informatikoan, nahi izanez gero.
6.– Eskabideak Unibasqera bidaltzea.
UPV/EHUk Unibasqera bidaliko ditu eskabideak, ebaluatzeko; ebaluatu ostean, Unibasqek ebaluazio-txostenak UPV/EHUra igorriko ditu.
7.– Eskabideak ebaluatzea.
a) Oro har, aurkeztutako eskabideak eskatzaileak eskatutako Ebaluazio Batzordeari esleituko zaio. Nolanahi ere, Unibasqek eskabidea eskatzaileak adierazitakoa ez den beste Ebaluazio Batzorde bati atxiki ahal izango dio, aurkeztutako merezimenduak horri hobeto egokitzen zaizkiola iritziz gero eta betiere interesdunarekin aldez aurretik ados jarrita.
b) Eskabide bakoitza bi batzordekidek ebaluatuko dute. Dena den, ondoriozko ebaluazio-txostena Batzorde osoak emango du, kide anitzeko organoa den aldetik. Emandako txostenetan iritzi teknikoa jasoko da, lortutako puntuazioekin batera, atal eta azpiatalen arabera.
c) Behin dagokion Batzordeak ebaluazioa eta txostena eginda, haietan bildutako iritzi teknikoari dagokionez lotesleak izango direnak, ebaluazio eta txosten horiek UPV/EHUra igorriko dira.
8.– Puntuazioa eta tarteen proposamena.
Azken puntuazioa honako hau izango da: eskatzaileak finkatutako puntuazioa gehi deialdian lortutako puntuazioa. Tarte-proposamena azken puntuazioan oinarrituta esleituko da.
9.– Osagarrien esleipena.
Eskabide bakoitza banaka ebaluatuko da eta ebaluazio-txosten bat edukiko du, puntuazioa atal eta azpiatalen arabera xehatuta; halaber, ebaluatutako tarte bakoitzerako positiboa ala negatiboa izango den erantzun bat zehaztuz.
a) Agentziako zuzendariak UPV/EHUra helaraziko du ebaluazio-txostenaren emaitza.
b) UPV/EHUren Gizarte Kontseiluak, Agentziaren ebaluazio-txostena eta UPV/EHUren ebazpen-proposamena aztertu ostean, erabaki bat hartuko du eta horren bidez deialdi bakoitzean eskatutako ebaluazioa ebatziko du; eskatzaile bakoitzari banaka jakinarazi beharko dio ebazpena.
10.– Eskabideen ebazpenaren aurkako errekurtsoak.
Gizarte Kontseiluak hartutako erabakiek administrazio-bidea agortzen dute eta haien aurkako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, aukeran, hilabeteko epean, interesdunari jakinarazi zitzaionetik kontatzen hasita; hala badagokio, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo jurisdikzional eskudunari, bi hilabeteko epean, tartea emateko edo ukatzeko erabakia jakinarazi zenetik kontatzen hasita. UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak beharrezkotzat jotzen badu Unibasq Agentziaren iritzi teknikoa izatea errekurtsoa ebazteko, dagokion Ebaluazio Batzordeak espediente osoa berrikusiko du; horren ondoren, ebaluazio-batzordeak txostena emango du, interesdunaren alegazioak, lehen ebaluazioaren txostena eta Agentziak espedienteari buruz duen dokumentazio guztia aztertu ondoren. Agentziaren zuzendariak, Batzordearen txostena aztertu ondoren, Gizarte Kontseiluari helaraziko dio horren emaitza, interesdunari jakinarazteko, ebazpenarekin batera, betiere aurkeztu zenetik hilabeteko epearen barruan.
V.– Ebaluazio-Irizpideak Lantzea.
1.– Ebaluatzeko irizpide orokorrak eta haien balizko aldaketak Unibasqen Aholku Batzordeak landu ditu, hori egiteko organo eskuduna baita Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzko Legearen (ekainaren 28ko 13/2012) 9.2 b) artikuluari jarraikiz.
2.– Jakintza-esparru bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta interpretatu ahal izango dituzte irizpide horiek Ebaluazio Batzordeetan, betiere irizpide orokorretan ezarritako mugak gainditu gabe.
3.– Agentziaren funtzionamenduan bete beharreko gardentasun-printzipioen arabera eta 209/2006 Dekretuko (64/2011 Dekretuaren bitartez aldatu zen) mandatua betez, ebaluazio-irizpideak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Agentziaren webgunean (www.unibasq.eus) argitaratuko dira.
VI.– Tarte eta mailen araberako balorazioa.
1.– C maila: Osagarri gehigarri horrek Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekiko dedikazio profesionala saritzea du helburu.
C1 tartea lortzeko baldintzak: 3 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin, eta Departamentuko Kontseiluaren aldeko txosten arrazoitua eta argudiatua aurkeztea, 209/2006 Dekretuaren (64/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen) eranskinean aurreikusitako irizpideetan oinarrituta.
C2 tartea lortzeko baldintzak: 7 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin, eta Departamentuko Kontseiluaren aldeko txosten arrazoitua eta argudiatua aurkeztea, 209/2006 Dekretuaren (64/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen) eranskinean aurreikusitako irizpideetan oinarrituta.
Departamentuko Kontseiluaren txostenean honako baldintza hauek hartu behar dira kontuan: a) irakaskuntza-jarduerari buruzko aurkako txostenik ez izatea (ez-betetze formalik ez izatea, hala nola tutoretzei, irakaskuntzari, akten epeei eta abarri dagokienez) eta b) irakaskuntzari buruzko inkestak sistematikoki bete izana, inkesta horietan errepikatutako balorazio negatiborik izan gabe.
2.– B maila: Kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzea du helburu.
B tarteko edozein mailatan behar den puntuazioa lortzeko (25, 50 eta 75 puntu), VII. puntuko balorazio-irizpideak hartuko dira kontuan. Antzinatasuna kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: B1 tartearen kasuan, UPV/EHUrekin edozein lan-, estatutu- edo administrazio-loturaren pean egindako irakaskuntzako, ikerketako, ezagutza transferitzeko edo kudeaketako jarduera guztiak eta, B2 eta B3 tarteen kasuan, UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuekin egindakoak.
B1 tartea lortzeko baldintzak: C1 tartea lortu izana, 5 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin eta gutxienez 25 puntu lortzea.
B2 tartea lortzeko baldintzak: doktore-gradua, C1 eta C2 tarteak lortu izana, 10 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuekin, eta gutxienez 50 puntu lortzea.
B3 tartea lortzeko baldintzak: doktore-gradua, C1 eta C2 tarteak lortu izana, 10 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuekin, eta gutxienez 75 puntu lortzea.
3.– A maila: Bikaintasuna saritzea du helburu.
A1 tartea eskatzeko baldintzak: ebaluazioan 100 puntu lortzea, doktore-gradua izatea, 15 urteko lotura izatea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuekin, eta hiru seiurteko edo ikertramo egiaztatzea ikerketan.
A2 tartea eskatzeko baldintzak: A1 tartea lortzeko baldintzak betetzea eta autotxostena betetzea.
Ebaluazio Batzordeek A2 tarterako eskatutako betekizun formalak osatzen dituzten hautagaien proposamena Bikaintasuna Ebaluatzeko Batzordera helaraziko dute automatikoki eta, Bikaintasunaren Batzordeak, Batzordeen proposamenak aztertu ondoren, tarte horretako emakidak erabakiko ditu.
4.– Doktore ez diren Unibertsitate Eskoletako irakasle titularrentzako osagarri berezia, 209/2006 Dekretuaren (64/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen) hirugarren xedapen iragankorrari jarraikiz.
1. osagarri berezia: Baldintzak: 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea Unibertsitate Eskolako irakasle titular moduan, eta 50 puntu lortzea.
2. osagarri berezia: Baldintzak: 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea Unibertsitate Eskolako irakasle titular moduan, eta 75 puntu lortzea.
VII.– Ebaluazio-irizpideak.
0.– Alderdi orokorrak:
– Ebaluazioa egiteko, eskatutako aldia elkarren segidako 5 urteko bloketan banatuko da.
– Bloke bakoitzean gehienez 27 puntu lortu ahal izango dira. Gehieneko puntuazioa lortu ahal izango da jarduera akademikoaren hainbat intentsifikaziorekin.
– Eskabidean 5 urtetik gorako ebaluazioaldia sartzen bada, aipatutako denboraldia 5 urteko blokeetan zatituko da. Geratzen den zatiari (hala badagokio) dagokion gehieneko puntuazioa proportzioaren zati osoa izango da.
– Orientatzeko asmoz, protokolo honetan hainbat erreferentzia aipatzen dira, atal edo azpiatal bakoitzean gehieneko puntuazioa lortzeko. Horrek ez du esan nahi gehieneko puntuazioa ezin denik beste modu batera lortu, baina eskabide indibidual bakoitzaren autoebaluazioa doitzeko parametroak zehazten ditu. Orientabide horri jarraikiz, Ebaluazio Batzordeek atal (edo azpiatal, hala badagokio) bakoitzaren puntuazioa finkatuko dute eta, edonola ere, aurkeztutako merezimenduak baloratzeko garaian baliatuko dute beren diskrezionalitate teknikoa. Azpiatal bakoitza baloratzean ekarpenen koherentzia hartuko da kontuan eta, hala badagokio, eskatzailearen ibilbidea edo Curriculum Vitaea.
– Ezin izango da merezimendu bera azpiatal batean baino gehiagotan sartu.
– Hona hemen eskabidearen atalak:
1.– Ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa. Gehieneko puntuazioa: 23 puntu.
2.– Irakaskuntza. Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.
3.– Kudeaketa. Gehieneko puntuazioa: 9 puntu.
1) Ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta dibulgazioaren atala (gehienez 23 puntu).
1.1.– Ikerketa (gehienez 23 puntu).
1.1.1.– Argitalpenak (gehienez 15 puntu).
Azpiatal honetan, izen oneko argitaletxeetan eta zientifikoki egiaztatutako aldizkarietan argitaratutako ikerketa-lanak sartuko dira, baita, hala badagokie, patente eta erakusketak ere.
Goi-mailako 10 ekarpen egiaztatuz gero, lortu ahal izango da gehieneko puntuazioa. Ebaluazio Batzordeak erabakiko du ekarpenen kalitate-maila, jakintza-arlo bakoitzerako estandarizatutako irizpideei jarraikiz.
Azpiatal honetan, eskatzaileak gehienez ere 15 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
1.1.2.– Ikerketa-arloko talde, sare eta proiektuetan modu aktiboan parte hartzea (gehienez 5 puntu).
Azpiatal honetan sartuko dira lehia bidezko deialdietan emandako proiektuak, eta nazioarteko proiektuek estatukoek eta autonomia-erkidegokoek baino garrantzi handiagoa izango dute. Nolanahi ere, UPV/EHUk parte-hartze nabarmena duen proiektuak modu berezian baloratuko dira.
Eskatzaileak Europar Batasuneko, beste organismo batzuetako edo nazioarteko erakundeetako, Estatuko Planetako, Autonomia Erkidegoetako eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako ikerketa-proiektu edo -taldeetan izandako parte-hartze mota eta erantzukizun-maila, bereziki, hartuko dira kontuan, betiere kanpo-ebaluazioa egin behar izan badute, batik bat Estatuko Ikerketa Agentziak (AEI) edo nazioko nahiz nazioarteko antzeko beste erakunderen batek.
Balorazioan, honako faktore hauek izango dira kontuan: deialdia egin duen organoa, proiektuaren zenbatekoa eta eskatzaileak proiektuan izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan eta abar).
Arlo klinikoen kasuan, lehia bidezko deialdietako ikerketa klinikoetako jarduerak ere baloratuko dira, betiere osasun-agintaritza eskudunak egiaztatutako deialdiak izanik.
Gehieneko puntuazioa lortzeko, hiru urtez Europar Batasuneko lehia bidezko programetan, Estatuko edo nazioarteko planetan edo Eusko Jaurlaritzaren A mailako taldeetan sartutako ikerketa-proiektuetako ikertzaile nagusi izan dela egiaztatu beharko da, eta hiru urte horiek ebaluatzen ari den aldiaren barruan egon beharko dute.
Azpiatal honetan, eskatzaileak gehienez ere 5 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
1.1.3.– Biltzarretan parte hartu izana eta beste merezimendu batzuk (Gehienez 3 puntu)
1.1.3.1.– Biltzarretan parte hartu izana. Nazioarteko biltzar zientifikoak baino ez dira baloratuko (eta, salbuespen gisa, garrantzi berezia duten naziokoak, jakintza-arloaren arabera), baldin eta berdinen arteko ikuskapena biltzen badute eta dagokien eremuan erreferentziako bihurtzen dituzten antzinatasuna eta aldizkakotasuna badituzte.
Parte-hartze motak:
– Gonbidatutako ponentziak.
– Ahozko komunikazioak eta posterrak.
Konferentziak eta mintegiak baloratzeko garaian, aldizkakoak ote diren eta zenbateko inpaktu akademikoa duten hartuko da kontuan, erakunde antolatzailearen izen ona, eskatzaileak izan duen parte-hartze mota eta argitaratu ote diren.
1.1.3.2.– Beste merezimendu batzuk.
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– Nazioarteko ikastegietan ikerketa-egonaldiak egin izana.
– Bekak eta sariak.
– Ikertzaileen prestakuntza, mugikortasuna eta/edo laneratzea bultzatu izana.
– Azpiegitura zientifikoa eta ikerketakoaren sorrera eta erabilera bultzatu izana, bai UPV/EHUn, bai Euskal Autonomia Erkidegoko beste erakunde batzuetan.
– Ebaluazio-jarduerak indexatutako aldizkarietan edo izen oneko argitaletxeetan.
1.1.3. azpiatalean gehieneko puntuazioa lortzeko, nazioarteko 5 biltzarretan (salbuespen gisa, garrantzi berezia duten naziokoak, jakintza-arloaren arabera) parte-hartzea izan beharko da, betiere gutxienez haietako batean gonbidatutako ponentzia izanik. Bestela, gehieneko puntuazioa lortu ahal izango da nazioarteko 10 biltzarretan ponente edo hizlari moduan parte hartu baldin bada. Ebaluazio Batzordeak erabakiko du ekarpen bakoitzaren garrantzi-maila, jakintza-arlo bakoitzeko estandarrei jarraikiz.
1.1.3 azpiatalean, eskatzaileak gehienez ere 10 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
1.2.– Ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa (Gehienez 14 puntu).
Atal honetan puntuak lortzeko, ikerketako seiurteko bat edo ikertramo bat egiaztatuta eduki behar da, edo horren ordez, gutxienez 7 puntu lortu behar dira 1.1.1 azpiatalean (Argitalpenak).
1.2.1.– Ezagutzaren transferentzia (Gehienez 10 puntu).
1.2.1.1.– Pertsonen prestakuntza eta ekintzailetza-jarduerak.
Azpiatal honetan sartuko dira kultura ekintzailea, enpresak sortzea edo spin-offa sustatzen duten jarduera eta proiektuak. Honako faktore hauek hartuko dira kontuan: jarduera mota, eskatzailearen parte-hartze maila, kalitate-zantzuak, erakunde laguntzaileak edo finantzatzaileak, onuradun kopurua eta jardueraren emaitzak.
1.2.1.2.– Norberaren ezagutzaren transferentzia.
Azpiatal honetan sartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legearen 18. eta 19. artikuluetan aipatzen diren kontratuak, hau da, kanpoko erakundeetan egindako aldi baterako kontratuak. Era berean, espezialista-plaza asistentziala lotura-araubidean duten unibertsitate-irakasleek itunpeko osasun-erakundeetan egindako jarduera ere sartuko da.
Iraupena, kontratu mota eta erakunde kontratatzailearen izen ona hartuko dira kontuan. Erakundearen gutun bat aurkeztu behar da eta, bertan, egindako jarduera eta transferitutako ezagutzaren kalitate-zantzuak labur-labur adierazi behar dira.
1.2.1.3.– Transferentzia, kanpoko baliabide ekonomikoak jasota.
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– Funtsak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatera itzultzen dituzten enpresa, erakunde eta administrazio publikoekin egindako ikerketa-arloko kontratu edo hitzarmenetan parte hartu izana, betiere unibertsitateak araututako ohiko sistemen bidez kontratatutakoak izanik. Eskatzaileak kontratu/hitzarmenean izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan) kontuan izango da, haren iraupena, egindako transferentziaren kalitate-zantzuak, proiektuaren emaitzak, baita kontratu/hitzarmenak UPV/EHUn izan duen inpaktu ekonomikoa ere.
– Lehia bidezko deialdietan esleitutako proiektuetan parte hartu izana, enpresa, erakunde eta administrazio publikoekin egindako proiektuak izanik. Deialdia egin duen organoaren izen ona kontuan hartuko da, eskatzaileak kontratu/hitzarmenean izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan), haren iraupena, egindako transferentziaren kalitate-zantzuak, proiektuaren emaitzak, baita kontratu/hitzarmenak UPV/EHUn izan duen inpaktu ekonomikoa ere.
– Ustiatzen ari diren patenteak edo utilitate-modeloak.
1.2.1.4.– Gizartean eragin handia duen transferentzia.
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– UPV/EHUk eta irabazi-asmorik gabeko erakunderen edo administrazio publikoren batek gizartean eragin handia duten jarduerak garatzeko sinatutako kontratu edo hitzarmenetan parte hartu izana. Eskatzaileak kontratu/hitzarmenean izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan) kontuan izango da, haren iraupena, egindako transferentziaren kalitate-zantzuak, proiektuaren emaitzak, baita kontratu/hitzarmenak gizartean izan duen inpaktua ere.
– Gizarte-garapenerako proiektuetan parte hartu izana, lehia bidezko deialdien bitartez esleitutako proiektuak izanik. Deialdia egin duen organoaren izen ona kontuan hartuko da, eskatzaileak kontratu/hitzarmenean izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan), haren iraupena, egindako transferentziaren kalitate-zantzuak, proiektuaren emaitzak, baita kontratu/hitzarmenak gizartean izan duen inpaktua ere.
1.2.1 azpiatalean gehieneko puntuazioa lortzeko, inpaktu ekonomiko eta/edo sozial handiko 5 ekarpen aurkeztu behar dira, urtebeteko iraupena dutenak, edo bestela, transferentziako seiurteko baten parekotzat jotzeko moduko merezimenduak.
1.2.1 azpiatalean, eskatzaileak gehienez ere 6 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
1.2.2.– Dibulgazio zientifikoa (Gehienez 4 puntu).
1.2.2.1.– Dibulgazioko argitalpenak.
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– Dibulgazioko liburuak edo liburuen kapituluak. Argitaletxearen izen ona kontuan hartuko da, zenbat ale saldu diren eta eskatzaileak emandako kalitate-zantzuak.
– Dibulgazioko artikuluak. Aldizkari, egunkari edo inprimatutako komunikabidearen izen ona kontuan hartuko da, zenbat ale banatu diren eta eskatzaileak emandako kalitate-zantzuak.
1.2.2.2.– Ikerketaren dibulgazioko eta zabalkundeko jarduerak ikus-entzunezko komunikabideetan.
Azpiatal honetan, UPV/EHUk, Kultura Zientifikoko Katedrak, UPV/EHUren udako ikastaroak Fundazioak edo kultura zientifikoko unitateek antolatutako jardueretan izandako parte-hartzea, batik bat, sartuko da. Jardueraren kalitate-zantzuak kontuan izango dira, baita ekitaldiak komunikabideetan edo gizartean izan duen oihartzun edo inpaktuaren adierazleak ere.
1.2.2.3.– Dibulgazioa sare sozialen bidez.
Azpiatal honetan, zientzia-komunikabidetzat erregistratutako blog, vlog eta podcastetan ohiko koordinazioa edo parte-hartzea soilik sartuko da.
Lankidetzaren aldizkakotasuna eta mota hartuko dira kontuan, komunikabidearen kalitate-zantzuak eta lankidetzaren kalitate-zantzuak eta inpaktua.
1.2.2 azpiatalean gehieneko puntuazioa lortzeko, goi-mailako bi ekarpen aurkeztu beharko dira. Goi-mailakotzat joko da izen oneko argitaletxe batean argitaratutako liburua denean eta 1.000 aletik gora saldu direnean; ikus-entzunezko komunikabideetan, berrogei minutuko kalitate handiko hiru saio zuzendu izana, eta ikus-entzule kopuru handia duen irrati edo telebista batean ematea saio horiek; sare sozialetan, zientzia-komunikabide batean gutxienez hiru urtez hilean behin lankidetza bat egin izana, aipamen asko izanik.
1.2.2 azpiatalean, eskatzaileak gehienez ere 3 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
2.– Irakaskuntzaren atala (gehienez 20 puntu).
2.1 eta 2.2 atalak bata bestearen ordezkoak izango dira. Eskatzaileak Docentiaz programako balorazio bat baldin badu aintzat hartutako tartean, 2.1 atalaren arabera baloratuko da. Bestela, 2.2 atalaren arabera baloratuko da.
2.1.– Docentiaz programako ebaluazioa (gehienez 14 puntu).
Gutxieneko puntuazioa 5 puntu izango da gai ebaluazioa izanda; gehieneko puntuazioa, aldiz, 14 puntu izango da eta bikain ebaluazioa izan beharko du alderdi guztietan.
2.2.– Docentiaz programaren ordezko ebaluazioa (gehienez 14 puntu).
Irakaskuntzarekin lotutako merezimendu guztietan, euskaraz egindako jarduera oro bereziki hartuko da kontuan.
2.2.1.– Nazioartekotzea, metodologiak eta berrikuntza irakaskuntzan (gehienez 9 puntu).
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– Gradu-amaierako eta master-amaierako lanen zuzendaritza.
– Aintzatetsitako kalitatea duten graduko eta graduondoko programetan parte hartu izana, nazioarteko proiekzioa bereziki baloratuko da.
– Ofiziala ez den hizkuntza batean eskolak eman izana, betiere eskatzailearen jakintza-arloko aztergaia ez denean.
– Nazioarteko irakasleen/ikasleen truke-programetan parte hartu izana. Erasmus truke-programen bitartez, ekintza integratuen bitartez edo antzeko beste ekintza batzuen bitartez beste unibertsitate batzuetan egindako egonaldiak soilik hartuko dira kontuan.
– Frogatutako zabalkundea izan duen irakasmateriala prestatu izana, artikuluak, liburuak eta liburuetako kapituluak idatzi izana izen oneko aldizkari eta argitaletxeetan. Kanpo-ebaluazio prozesua kontuan hartuko da originalak argitaratzean, argitaletxea, hizkuntza, beste kalitate-zantzu batzuk, baita argitalpenaren inpaktua ere.
– Berrikuntza pedagogikoko proiektuetan (unibertsitatearen beraren edo beste erakunde batzuen hezkuntza-arloko berrikuntzako proiektuak eta abar) eta gizartean eragin handia duten proiektuetan parte hartu izana.
– Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean ikasleei prestakuntza akademikoa emateko jarduerak antolatu izana.
– Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen eskaintza birtualean parte hartu izana.
– Irakaslanarekin lotutako sariak jaso izana.
Azpiatal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, gradu-amaierako 20 lan edo master-amaierako 10 lan zuzendu behar izan dira eta ofizialak ez diren hizkuntzetan 15 ECTS eman izana egiaztatu behar da, aintzatetsitako kalitatea duten nazioarteko edo unibertsitatearteko graduko eta/edo graduondoko programetan.
2.2.2.– Ikaskuntzaren emaitzak (gehienez 5 puntu).
Azpiatal honetan, ikasleen gogobetetze-maila neurtzeko inkesten emaitzak sartuko dira. Gehieneko 5 puntuetatik 3,5 edo gehiagoko puntuazioa duten inkestak kontuan hartuko dira bakarrik.
Azpiatal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, 5 inkestatan balorazioan 4 puntu edo gehiago lortu behar dira.
2.2 azpiatalean, eskatzaileak gehienez ere 30 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
2.3.– Ebaluazioaldian defendatutako doktorego-tesiak zuzendu izana (gehienez 6 puntu).
Azpiatal honetan, ebaluazioaldian defendatutako doktorego-tesiak hartuko dira kontuan, tesiaren kalifikazioa, ezohiko saria lortu izana, eta euskarazko tesia, europarra eta/edo nazioartekoa ote den.
Gehieneko puntuazioa lortzeko, nazioarteko edo ezohiko saria lortu duten 2 tesiren zuzendari/zuzendarikide izan behar da (bi zuzendari baino gehiago izan gabe).
Azpiatal honetan, eskatzaileak gehienez ere 3 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
3.– Kudeaketaren atala (gehienez 9 puntu).
3.1.– Kide bakarreko kudeaketa-kargu akademikoak bete izana (gehienez 9 puntu).
– Errektorea: 5 puntu urte bakoitzeko.
– Errektoreordea edo idazkari nagusia: 2,5 puntu urte bakoitzeko.
– Fakultateko dekanoa – Eskolako zuzendaria: 2 puntu urte bakoitzeko.
– Fakultateko dekanordea – Eskolako zuzendariordea: puntu 1 urte bakoitzeko.
– Ikerketa Institutu/Departamentuko zuzendaria: puntu 1 urte bakoitzeko.
– Ikerketa Institutu/Departamentuko idazkaria: 0.7 puntu urte bakoitzeko.
– Beste kargu batzuk, estatutuetako asimilazioaren arabera.
Eskatzaileak kargua eta kargu bakoitzeko hasierako eta amaierako datak adierazi beharko ditu.
3.2.– Administrazio Publikoan karguak bete izana, zerbitzu berezien egoeran (gehienez 9 puntu).
– Sailburua 5 puntu urte bakoitzeko.
– Sailburuordea 2,5 puntu urte bakoitzeko.
– Zuzendaria 2 puntu urte bakoitzeko.
– Beste batzuk.
3.3.– Kudeaketako beste jarduera batzuk (gehienez 3 puntu).
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– Master eta doktoregoko programen zuzendaritza.
– Kide bakarreko karguak sozietate zientifikoetan.
– Aldizkari zientifikoetako edo erakunde zientifikoetako batzordekidea.
– Unibertsitate-jarduerarekin lotutako erakunde-jardueretan parte hartu izana.
– Unibertsitateko kide anitzeko organoetan parte hartu izana, edo aurreko ataletan sartzen ez diren irakaskuntzako edo ikerketako kudeaketa-jardueretan, hala nola:
● Liberatu sindikalak.
● Estatutu-batzordeak.
● Aurreko ataletan sartzen ez diren irakaskuntzako edo ikerketako kudeaketa-jarduerak, nazioartean oihartzuna dutenak.
● Biltzar edo bestelako ekitaldi zientifikoak antolatu izana.
3.3. azpiatalean gehieneko puntuazioa lortzeko, master edo doktorego baten zuzendari edo izen oneko sozietate zientifiko baten koordinatzaile hiru urtez izan behar da.
Azpiatal honetan, eskatzaileak gehienez ere 5 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
4.– A maila lortzeko irizpideak.
Haien bikaintasuna nabarmena dela eta, UPV/EHUren izen ona indartzeko balio duten merezimenduak baloratzeko irizpideak.
4.1.– A1 tartea lortzea.
A1 tartea lortzeko eskabideen ebaluazioak esparru bakoitzeko Ebaluazio Batzordeek egingo dituzte. A1 tartea lortzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:
– 100 puntu lortzea azken puntuazioan.
– Hiru seiurteko edo ikertramo egiaztatzea ikerketan.
4.2.– A2 tartea lortzea.
A2 tartea lortzeko eskabideen ebaluazioa Bikaintasunaren Ebaluazio Batzordeak egingo du; deialdi bakoitzeko Ebaluazio Batzordeetako buruek osatuko dute Bikaintasunaren Batzorde hori.
A2 tartea lortzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:
– A1 tarteari dagozkion baldintzak betetzea ebaluatutako azken blokea baino lehen.
– Bikain kalifikazioa lortzea eskabidean betetako autotxosteneko bi ataletan, gutxienez, eta nahiko kalifikazioa beste bietan. Bestela, bikain bat lortzea eta oso ongi kalifikazioa edukitzea gainontzeko hiru ataletan.
Eskatzaileak bizitza akademiko osoko 4 ekarpen garrantzitsuenak adieraziko ditu lau ataletako bakoitzean:
1) Irakaskuntza.
2) Ikerketa.
3) Ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa.
4) Kudeaketa.
– Bikain kalifikazioa lortzeko, egindako jardueran lidergoa egiaztatu beharko da, baita egindako jardueraren ondorioz jardueraren emaitzek UPV/EHUri onurak erakarri dizkiotela objektiboki frogatzea ere.
Bikain kalifikazioaren adibideak atal bakoitzean:
1.– Irakaskuntza:
a) 15 doktorego-tesiren zuzendaritza edo horren pareko den prestakuntza-jarduera, jakintza-arloaren arabera, eta gutxienez 15 urtez irakaskuntzaren ebaluazio bikaina.
b) Emaitza akademikoetan eragin handiko irakaskuntza-proiektuak zuzendu izana, ahal dela nazioarteko proiekzioa dutenak, eta gutxienez 15 urtez irakaskuntzaren ebaluazio bikaina.
2.– Ikerketa: Ikertzaile nagusia izatea hauetako batean (aukeran):
a) ERC proiektu batean.
b) Nazioarteko eragin handiko ikerketa lehiakortasun-programetan bi proiektuetan, guztira 6 urteko gutxieneko iraupena izanik.
c) Lehiakortasun-ikerketako Estatu Planetako 5 proiektuetan, gutxienez 15 urtez.
d) Eusko Jaurlaritzako A mailako ikerketa-talde sendo batean, gutxienez 15 urtez.
Eta, kasu guztietan, gutxienez 4 seiurteko edo ikerketa-ikertramo eta eskatzaileak zuzendutako kalitate bikaineko 10 ikerketa-emaitza, egiaztatzea dagokion arloan.
3.– Ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa:
a) Transferentzia-jardueren zuzendaritza, UPV/EHUk araututako ohiko sistemen bitartez kontratatutako jarduerak izanik eta 200000 euro baino gehiagoko finantzaketarekin (Giza eta Gizarte Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Ekonomia Zientziak) eta 500000 euro baino gehiagoko finantzaketarekin (Irakaskuntza Teknikoak, Zientzia Esperimentalak eta Osasun Zientziak).
b) UPV/EHUrekin egindako kontratu edo hitzarmenen bitartez, gizarteari onura handia ekarri dioten jardueren zuzendaritza, emaitzen bitartez egiaztatutakoa, gutxienez 15 urtez.
c) Gizartean zabalkunde handia izan duten zientzia-dibulgazio programen aldizkako zuzendaritza 15 urtez.
4.– Kudeaketa:
a) Errektorea izatea gutxienez agintaldi batez.
b) Zentroko zuzendaritzako kide bakarreko karguak bete izana edo errektoreorde izatea gutxienez 10 urtez, emaitza positiboak eta egiaztatutakoak izanik UPV/EHUrentzat.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuraren 2017ko urriaren 25eko Erabakiaren (2017ko azaroaren 3ko EHAA, 2010. zk.) bidez irakasle eta ikertzaileen ordainsari-osagarrien deialdia onartu zen; Erabaki horren arabera ebaluazioa eta, horren ondoren, ordainsari-osagarrien esleipena eskatu dutenek, bestela, deialdi honetan ebaluatuak izateko aukera izango dute, Xedapen Iragankor honetan B1, B2, B3, A1 eta A2 tarteetarako garatutako irizpideen arabera. Horri dagokionez, eskabidean adierazi beharko dute 2017ko urriaren 25eko erabakiaren arabera betetako eskaera berresten ote duten, Xedapen Iragankor honetan garatutako irizpideen arabera ebaluatzeko edo bestela, beste eskabide berri bat egin nahi ote duten, Ebazpen honen VII. atalean xedatutako irizpideen arabera.
A ETA B MAILAK EBALUATZEKO AUKERAKO IRIZPIDEAK
I.– Puntuazioa zenbatzea.
1.– Ebaluazio positiboa jaso ahal izateko, tarte edo maila bakoitzean ezarritako baldintzak betetzen dituela dokumentu bidez frogatu beharko du eskatzaileak, eta horretaz gain, atal bakoitzean lortutako balioen baturan ateratako puntuazioak osagarri edo tarte bakoitzerako behar den gutxieneko puntuazioaren berdina edo handiagoa izan beharko du.
2.– Puntuazioa honako formula hauen arabera lortuko da:
a) Lehenengo ebaluazioei dagokienez.
Pf = 0,72 Pp
b) Bigarren ebaluazioei edo hortik aurrera egingo direnei dagokienez, ebaluazio berriaren ondorengo azken puntuazioari dagokionez, aurreko ebaluazioan lorturiko puntuazioaren eta ebaluazio berrian lorturikoaren arteko ponderazio gisa lortuko da:
Pf = 0,72Pa+0,43Pn
Eta formula horretan,
Pp = lehen ebaluazioan lortutako puntuazioa, guztira, dokumentu honetan garatutako irizpideei jarraikiz.
Pa = Aurreko ebaluazioaren azken puntuazioa.
Pn = ebaluazio berrian lortutako puntuazioa, guztira, dokumentu honetan garatutako irizpideei jarraikiz.
Pf = Azken puntuazioa, ebaluazioa egin ondoren; nolanahi ere, ezin izango dira 100 puntu baino gehiago lortu.
Formula horren helburua kalitate-hobekuntzaren iraunkortasuna aitortzea da, karrera akademiko osoko iraunkortasuna, hain zuzen ere.
II.– Tarte eta mailen araberako balorazioa.
B maila: Kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzea du helburu.
Oharra: B tarteko hiru mailetako edozeinetan behar den puntuazioa lortzeko (25, 50 eta 75 puntu), Xedapen Iragankor honen III. epigrafeko balorazio-irizpideak hartuko dira kontuan. Antzinatasuna kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: B1 tartearen kasuan, UPV/EHUrekin edozein lan-, estatutu- edo administrazio-loturaren pean egindako irakaskuntzako, ikerketako, ezagutza transferitzeko edo kudeaketako jarduera guztiak eta, B2 eta B3 tarteen kasuan, UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuekin egindakoak.
B1 tartea lortzeko baldintzak: C1 tartea lortu izana, 5 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin eta gutxienez 25 puntu lortzea.
B2 tartea lortzeko baldintzak: doktore-gradua, C1 eta C2 tarteak lortu izana, 10 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuekin, eta gutxienez 50 puntu lortzea.
B3 tartea lortzeko baldintzak: doktore-gradua, C1 eta C2 tarteak lortu izana, 10 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuekin, eta gutxienez 75 puntu lortzea.
A maila: Bikaintasuna saritzea du helburu.
A1 tartea lortzeko baldintzak: gutxienez 90 puntu lortu izana, doktore-gradua izatea, C1 eta C2 tarteak lortu izana, 15 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuekin, eta Xedapen Iragankor honen III. epigrafearen 4. idatz-zatian aipatzen diren merezimendu nabarmenetakoren bat.
A2 tartea lortzeko baldintzak: gutxienez 90 puntu lortu izana, doktore-gradua izatea, C1 eta C2 tarteak lortu izana, 15 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuekin eta Dekretuaren eranskinean aipatutako nabarmen diren meritu batzuk. Baldintza hauek beteta, ebaluazio batzordeek A2 maila eskuratzeko hautagaien proposamena helaraziko diote Bikaintasuna Ebaluatzeko Batzordeari. Honek, batzordeen proposamenak neurriz aztertu ondoren, tramo honen emakidak erabakiko ditu.
Doktore ez diren Unibertsitate Eskoletako irakasle titularrentzako osagarri berezia, 209/2006 Dekretuaren (64/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen) hirugarren xedapen iragankorrari jarraikiz.
1. osagarri berezia: 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea Unibertsitate Eskolako irakasle titular moduan, doktorego-titulua ez izatea eta 50 puntu lortzea.
2. osagarri berezia: 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea Unibertsitate Eskolako irakasle titular moduan, doktorego-titulua ez izatea eta 75 puntu lortzea.
III.– B eta A mailetako tarteak ebaluatzeko irizpideak.
Epigrafe honetan sartzen dira irakaskuntzako, ikerketako, ezagutzaren transferentziako eta kudeaketako merezimenduak ebaluatzeko erabili behar diren irizpideak.
Gehienez ere 140 puntu lor daitezke, baina 100 puntu baino ez dira kontuan izango.
1.– Irakaskuntzaren atala (gehienez 60 puntu).
Unibertsitatean kalitatezko irakaskuntza-lana egiten dutenak saritzearren, ebaluazio-sisteman honako merezimendu hauek haztatuko dira:
1) Unibertsitateko irakaskuntza, honako irizpide hauetan oinarrituta:
a) Irakats-betebeharrak: graduko eta masterreko irakaskuntzetan benetan emandako kredituak; kopurua eta aniztasuna baloratuko dira.
Gehienez 15 puntu lortu ahal izango dira, honela:
a) Graduko irakasle izanik 7 urtez, eskatzaileak gehienez eman behar dituen kreditu guztiak beteta ikasturte bakoitzean, betiere ikasleek betetako gogobetetze-inkestetan emaitza bikainak egiaztatuz gero.
b) Masterreko irakasle izanik 4 urtez, eskatzaileak gehienez eman behar dituen kreditu guztiak beteta ikasturte bakoitzean, betiere ikasleek betetako gogobetetze-inkestetan emaitza bikainak egiaztatuz gero.
Eskatutako aldian irakaskuntzatik erabat salbuetsita baldin badago, atal hori kontuan hartuko da gutxienez 6 ECTS aurkezten baditu.
UPV/EHUn egindako irakaslana baino ez da baloratuko. Beste Unibertsitateetan egindako irakaslana 5. azpiatalean baloratzen da.
a) Ikasleen iritzi-inkestetako emaitzak.
Gogobetetzeari buruzko inkestak 3 puntutik aurrera baloratuko dira. Gehienez 2 puntu urte bakoitzeko.
b) Eskatzaileak ikasleei irakaskuntza-gida aurkeztea ebaluaziopean dagoen aldian emandako irakasgai batean.
Irakaskuntza-gida bat aurkeztea baloratuko da. Gehienez puntu 1.
c) Irakaskuntza-jardueraren % 50 euskaraz egin dutela egiaztatzen dutenen kasuan, lortutako puntuazioa % 20 handituko da.
Gehienez 15 puntu. Gehieneko puntuazio hori 18 puntura arte igo daiteke eskolak euskaraz ematen dituztela 1. idatz-zatiaren a) letran xedatutakoaren arabera egiaztatzen dutenen kasuan.
Aurkeztutako merezimenduak modu orekatuan eta proportzionatuan baloratuko dira finkatutako gehieneko puntuazioa lortzeko aipatutako moduei dagokienez.
2) Hizkuntza-profila profil elebiduneko plaza batera aldatzea norberaren borondatez, eta gero eskolak euskaraz eman direla egiaztatzea: 10 puntu.
10 puntuz balioetsiko da.
3) Doktorego-tesien eta ikerketa/irakaskuntzako beste lan batzuen zuzendaritza, gehienez 15 puntu.
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, nazioarteko edo euskarazko 4 tesi zuzendu behar dira. Gehieneko puntuazioa lor daiteke, halaber, master-amaierako 25 lanen edo gradu-amaierako 40 lanen zuzendari izanik.
Doktorego-tesien epaimahaietan parte hartu izana ez da baloratuko, ezta gradu- edo master-amaierako lanen epaimahaietan ere.
Atal honetan, Batzordeak balorazioa handitu egingo du tesia europarra baldin bada edo ezohiko saria lortu badu. Balorazioan, tesiak, tesinak, ikerlanak edo master-amaierako proiektuak eta gradu-amaierako lan edo proiektuak puntuazioaren beheranzko ordenan hartuko dira kontuan. Haien kalifikazioa ere hartuko da aintzat.
4) Master eta doktoregoetan eskolak ematea, kalitatea kanpotik egiaztatuta: gehienez 5 puntu. Atal honetan, Batzordeak programaren eta parte hartzen duten Unibertsitateen kalitatea izango du kontuan, hau da, nazioartekoa ote den, unibertsitateartekoa edo unibertsitatearena berarena.
Hezkuntza Ministerioak edo nazioartean izen ona duen agentzia edo erakunderen batek emandako kalitate-zigiluak edo berariazko kalitate-aipamenak dituzten master eta doktoregoetan eskolak eman izana soilik baloratuko da.
Unibasqek edo Anecak emandako egiaztapena berritzeko prozesua gainditu izana ez da kalitate-zigilutzat edo aintzatespen gehigarritzat joko master edo doktorego bat beste batzuekiko desberdintzeari dagokionez, prozesu hori derrigorrezkoa baita titulua eman ahal izateko; hortaz, atal honetan ez da aintzat hartuko.
5) Beste unibertsitate edo prestakuntza-zentro batzuetan eskolak ematea, gehienez 5 puntu. Atal honetan, hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak eta udako ikastaroak eman izana baloratuko du Batzordeak.
Emandako prestakuntzaren kalitate-zantzuen arabera baloratuko da atal hau, baita unibertsitatearen edo erreferentziako prestakuntza-zentroaren izen on akademikoaren zantzuen arabera ere.
6) Irakasmateriala prestatu izana, ISBN eta guzti, izen oneko argitaletxeetan: gehienez 10 puntu. Atal honetan, Batzordeak liburuak eta liburuetako kapituluak soilik izango ditu kontuan. Gehienez 12 puntu lortu ahal izango dira euskaraz argitaratu badira.
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, egile bakarra izanik 3 liburu argitaratu behar dira, izen oneko argitaletxe batekin. Originalak argitaratzeko argitaletxeak kanpoko ebaluazio-prozesu bat bermatu izana kontuan hartuko da.
Aldizkari espezializatuetako irakaskuntza-argitalpenak liburuko kapitulu baten parekotzat joko dira balorazioan, betiere inpaktuaren indizea edo beste kalitate-zantzu batzuk aintzat hartuta.
Aurkeztutako merezimenduak modu orekatuan eta proportzionatuan baloratuko dira finkatutako gehieneko puntuazioa lortzeko aipatutako moduari dagokionez.
7) Nazioko nahiz nazioarteko irakaskuntzako truke-programetan (Erasmus, Seneca edo beste batzuk) irakasle moduan parte hartu izana: gehienez 5 puntu.
Atal honetan, irakaskuntzako truke-programaren bitartez beste unibertsitate batzuetan egindako egonaldiak soilik hartuko dira kontuan. Gehieneko puntuazioa lortzeko, irakaskuntzako truke-programa baten bitartez urtebeteko egonaldia eduki behar da.
8) Irakaskuntzako berrikuntza-proiektuak, gizartean eragin handia dutenei bereziki erreparatuta: gehienez 5 puntu.
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, UPV/EHUk edo izen oneko erakunde batek emandako irakaskuntzako berrikuntza-proiektu baten zuzendaria izana behar du eskatzaileak, gutxienez, hiru urtez.
9) Irakaskuntza ebaluatzeko sistemen (Docentiaz edo beste batzuk) emaitzak: 10 puntu, lortutako kalifikazioaren arabera.
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, Docentiaz programan ebaluazio bikaina lortu beharko da.
Atal honetan ez dira baloratuko ikasleei egindako irakaskuntza-inkestak (merezimendu hori 1.1 atalean ebaluatu da jada).
Irakaskuntzako bosturtekoak lortu izana ez da baloratuko atal honetan.
10) Bestelako merezimenduak: gehienez 15 puntu. Atal honetan, aurreko puntuetan sartzen ez diren irakaskuntza-jarduerak baloratuko ditu Batzordeak, hala nola:
a) Unibertsitateko irakasleen prestakuntza-ikastaroetan parte hartu izana.
b) Unibertsitateko irakaskuntza-jarduerarengatik lortutako sariak.
c) Ofiziala ez den hizkuntza batean eskolak eman izana, betiere eskatzailearen jakintza-arloko aztergaia ez denean.
d) Ezagutza zientifikoaren goi-mailako dibulgazioko eta zabalkundeko jardueretan parte hartu izana, baita Unibertsitateak egiten duen lana gizartean ezagutaraztera bideratutako beste jarduera batzuetan ere (Atal honetan, ate irekien egunetan parte hartu izana, komunikabideekin lankidetzan jardun izana edo zabalkunde zientifikoa eta abar kontuan hartuko ditu Batzordeak).
e) UPV/EHUko campus birtualean parte hartu izana.
Atal honetan, honako hauek bereziki baloratuko dira:
– Unibertsitateko irakaskuntza-jarduerarengatik lortutako sariak. Bereziki Quality Innovation Award sariak (http://www.euskalit.net/es/quality-innovation-award.html)
– Unibertsitateko irakasleen prestakuntza-ikastaroetan parte hartu izana.
– Beste batzuk.
Irakaskuntza-jardueratzat kataloga daitezkeen merezimenduak baino ez dira baloratuko, irakaskuntza hori arautua izan ala ez izan.
Atal honetan ez da baloratuko, inondik inora ere, Batzordeetan, Ebaluazio Epaimahaietan edo bestelako batzorde akademikoetan parte hartu izana.
Irakaskuntzarekin lotutako merezimendu guztietan, euskaraz egindako jarduerak bereziki hartuko dira aintzat eta 1.2 koefizientea aplikatuko da egoki iritzitako kasuetan. Nazioarteko dimentsioa duten irakaskuntzarekin lotutako merezimenduak ere bereziki hartuko dira kontuan.
2.– Ikerketa eta ezagutzaren transferentziaren atala (gehienez 60 puntu).
1) UPV/EHU gisa sinatutako argitalpenak eta ezagutzaren transferentzia: gehienez 40 puntu.
a) Aurkeztutako merezimenduek gehieneko puntuazioa lortuko dute baldin eta eskatzaileak bi seiurteko edo gehiago baldin baditu eta haietako azkena indarrean badago epea amaitzen den egunean.
b) Eskatzaileak ez badu puntuazio hori lortzen «a» letra dela eta, honako atal hauek kontuan hartuta ebaluatuko da:
i.– Argitalpen eta patenteak IV. epigrafean bildutako irizpideen arabera baloratuko dira.
Gehienez 30 puntu:
1) Liburuak, liburuetako kapituluak, hitzaurreak, sarrerak eta dagokion jakintza-arloan balio ikertzaile onartua duten testuetan egindako idatzoharrak.
2) Dagokien eremuan izen ona duten aldizkarietan balio zientifikoa duten artikuluak.
3) Ustiatzen ari diren patenteak edo utilitate-modeloak.
Argitalpenak eta patenteak ebaluatzeko, IV. epigrafean xedatutako irizpideak hartuko dira aintzat, eta Ebaluazio Batzordeek interpretatu beharko dituzte.
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, ikerketako bi seiurtekoren baliokide diren merezimenduak aurkeztu behar dira, betiere dagokion jakintza-esparruari erreparatuta. Ekarpenetatik hiruk, gutxienez, osagarria eskatzen den urteetan argitaratutakoak izan beharko dute.
Batzorde bakoitzak adierazitako baremo horiek aplikatuko ditu jakintza-arlo bakoitzean argitalpen zientifikoak baloratzeko indarrean dauden irizpideen arabera.
ii.– Funtsak UPV/EHUra itzultzen dituzten enpresa pribatu eta administrazio publikoekin egindako ikerketa-arloko kontratuetan modu aktiboan parte hartu izana, betiere unibertsitateak araututako ohiko sistemen bidez kontratatutakoak izanik (OTRI, Euskoiker, hitzarmen espezifikoak). Gehienez 10 puntu.
Atal honetan honako hauek izango ditu kontuan Batzordeak: kontratuan izandako parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea), kontratatzailea eta ikerketaren xedea, eta bereziki erreparatuko die gizartean eragin handia duten gaiei.
Kontratuak baloratzean, iraupena, garrantzi teknologikoa edo zientifikoa, gizartean duten eragina eta lortutako finantzaketa hartuko dira kontuan.
iii.– UPV/EHUren ikerketa-jardueratik abiatuta enpresak sortzen parte hartu izana. Gehienez 5 puntu.
Atal honetan honako hauek izango ditu kontuan Batzordeak: proiektuan izandako parte-hartze mota, proiektuaren xedea eta bereziki erreparatuko die gizartean eragin handia duten gaiei. Enpresa sortzean izandako parte-hartzearen maila ez ezik, eskatzailearen ikergaiarekin zer nolako lotura duen eta enpresaren beste adierazle edo datu batzuk ere hartuko dira aintzat.
iv.– Unibertsitate-eremuan kultura ekintzailea sustatzen duten proiektuak. Gehienez 5 puntu.
Atal honetan honako hauek izango ditu kontuan Batzordeak: proiektuan izandako parte-hartze mota, proiektuaren xedea eta bereziki erreparatuko die gizartean eragin handia duten gaiei. Garatutako proiektuetan izandako parte-hartzearen maila ez ezik, proiektuen kalitate-zantzuak, erakunde laguntzaileak edo finantzatzaileak, onuradun diren pertsona edo kolektiboak eta abar ere hartuko dira aintzat.
v.– Ikerketa ezagutarazteko argitalpenak. Gehienez 5 puntu.
Atal honetan, Batzordeak argitalpen mota eta edukia izango ditu kontuan. Egindako dibulgazioko argitalpenak haien mailaren eta eraginaren arabera eta argitaratu diren komunikabide edo argitalpenaren arabera baloratuko dira.
2) Lehia bidezko deialdietan ikerketa-jarduera kolektiboetan parte hartu izana, gizartean eragin handia duten gaiei erreparatuta. Gehienez 15 puntu:
a) Lehia bidezko deialdietan izen oneko ikerketa-taldeetan parte hartu izana. Gehienez 10 puntu.
Atal honetan honako hauek izango ditu kontuan Batzordeak: proiektuan izandako parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, bekaduna) eta deialdiaren eremua (nazioartekoa, naziokoa, autonomia-erkidegokoa, unibertsitatekoa).
Gehieneko puntuazioa lortzeko, Eusko Jaurlaritzako A mailako taldeetan lanaldi osoz parte hartu behar izan da lau urtez, ebaluatzen ari den aldiaren barruan. Talde lehiakorretan izandako parte-hartzea ez bada iristen maila edo iraupen horretara, modu orekatu eta proportzionatuan ebaluatuko da gehienekoan adierazitakoari dagokionez.
b) Lehia bidezko deialdietan ikerketa-proiektuetan parte hartu izana. Gehienez 10 puntu.
Atal honetan honako hauek izango ditu kontuan Batzordeak: proiektuan izandako parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, bekaduna) eta deialdiaren eremua (nazioartekoa, naziokoa, autonomia-erkidegokoa, unibertsitatekoa).
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, Europar Batasuneko edo Ministerio eskuduneko lehia bidezko proiektu batean gutxienez hiru urtez ikertzaile nagusia izan behar da, betiere ebaluatzen ari den aldiaren barruan.
3) Nazioarteko proiekzioa duten ikerketa-sareak, azpiegitura zientifikoak edo laborategiak sortu izana eta kongresu zientifikoak antolatu izana, betiere jarduera gauzatzeko finantzaketa jaso dutela egiaztatzen badute. Gehienez 5 puntu.
Atal hau baloratzeko garaian, lortutako finantzaketa, burututako lidergo mota eta egindako jardueraren kalitate-zantzuak hartuko dira kontuan.
4) Ikerketa-egonaldiak beste zentro batzuetan. Gehienez 5 puntu.
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, UPV/EHUtik kanpokoa den eta nazioartean goi-mailako izena duen erakunde batean ikerketa-egonaldi bat egina eduki behar da, gutxienez bi urtez.
5) Doktorego-aurreko eta doktorego-ondoko ikerketa-kontratuak edo ikerketa-bekak. Gehienez 5 puntu.
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, doktorego-aurreko eta doktorego-ondoko kontratu/beka bat jasoa eduki behar da, gutxienez 4 urtez (urtebete, gutxienez, UPV/EHUtik kanpo).
6) Kongresuetan parte hartu izana. Gehienez 5 puntu.
Atal honetan honako hauek izango ditu kontuan Batzordeak: biltzar mota (nazioartekoa, naziokoa, tokikoa) eta parte-hartze mota (ponentzia gonbidatua, komunikazioa, posterra...).
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, garrantzi handiko nazioarteko bi biltzarretan osoko bi hitzaldi eginak eduki behar dira. Gainerako parte-hartzeak modu orekatu eta proportzionatuan ebaluatuko dira goian gehienekotzat adierazitakoari dagokionez.
7) Ikerketa-sariak. Gehienez 5 puntu.
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, Euskadi saria edo horren antzeko bat lortua eduki behar da.
Gainerako sariak modu orekatu eta proportzionatuan baloratu dira goian gehienekotzat adierazitakoari dagokionez, betiere maila lehiakorra eta saria ematen duen erakundea kontuan izanik.
8) Ikerketa-arloko beste merezimendu batzuk. Gehienez 2 puntu.
Atal honetan, batzordeak honako hauek baloratuko ditu: aurreko puntuetan sartzen ez diren bestelako ikerketa-jarduerak, hala nola indexatutako edo ospe handiko argitaletxeetako aldizkarietan «referee» lana egitea edo ikertzaileen laneratzea edo mugikortasuna sustatzea. Batzordeak ez ditu baloratuko epaimahaietan edo Hautaketa Batzordeetan izandako parte-hartzeak.
Ikerketarekin eta ezagutzaren transferentziarekin lotutako merezimendu guztietan, nazioarteko dimentsioa, erabat jakintza-alor artekokoak edo salbuespenezko aitorpenak dituztenek begirune berezia izango dute. Ezagutzaren transferentziaren ebaluazio atalean ere, euskaraz egindako hedapen- eta zabaltze-jarduerekin lotuta dauden merezimenduak era berezian kontuan izango dira.
3.– Kudeaketaren atala (gehienez 20 puntu).
1) Unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak: gehienez 20 puntu.
Atal honetan, Unibertsitateen Lege Organikoaren (abenduaren 21eko 6/2001) 13. artikuluan aurreikusitako pertsona bakarreko kudeaketa-karguak bete izana baloratuko du batzordeak, baita, horien baliokide izanik, UPV/EHUk berak sortutakoak ere.
Puntuak beheranzko ordenan emango dira, karguaren erantzukizuna eta dedikazioa kontuan izanik.
Atal honetan, estatutuetako kide bakarreko karguak baloratuko dira. Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, errektorearen karguan 4 urteko agintaldia betea eduki behar da. Gainerako karguak modu orekatu eta proportzionatuan ebaluatuko dira goian adierazitakoari dagokionez.
2) Administrazio Publikoko karguak, zerbitzu berezien egoeran: gehienez 20 puntu.
Atal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, eskatzaileak Jaurlaritzako sailburu-kargua 4 urtez betea eduki behar du, edo erantzukizun-maila baliokidea edo handiagoa duen beste karguren bat.
Gainerako merezimenduak modu orekatu eta proportzionatuan ebaluatuko dira goian adierazitakoari dagokionez.
Kudeaketako beste merezimendu batzuk: gehienez 10 puntu.
Atal honetan, Batzordeak honako hauek baloratuko ditu: unibertsitateko kide bakarreko organoetan edo aurreko ataletan sartzen ez diren irakaskuntzako edo ikerketako kudeaketa-jardueretan parte hartu izana, eta kudeaketako beste jarduera batzuetan parte hartu izana sozietate zientifikoetan, aldizkarietan eta abarretan.
Gehieneko puntuazioa lortzeko, izen oneko sozietate zientifiko batean koordinazioan jardun behar izan da, edo eragin handiko jarduera akademikoak antolatzen, gutxienez 4 urtez.
Kide anitzeko organoetan edo beste jarduera mota batzuetan parte hartu izana bera modu orekatuan eta proportzionatuan baloratuko da, betiere karguaren dimentsioa, eskatzen duen esfortzua, izandako erantzukizuna eta egindako jardueraren eragin edo inpaktua aintzat hartuta.
IV.– A maila lortzeko irizpideak.
Bikaintasuneko merezimendu nabarmenak, UPV/EHUren izen ona indartzeko balio dutenak baloratzeko irizpideak.
A1 tartea lortzea
A1 maila lortzeko II. epigrafean aipatutako baldintzak bete behar dira. Epigrafe horretan adierazitako merezimendu nabarmenak bizitza akademiko osoan lortutako merezimendu hauetako bat (edo A2 mailarako ezarritako bat), gutxienez, izan beharko du:
1.– Kalifikazio gorena lortu duten 5 doktorego-tesi, gutxienez, zuzendu izana.
2.– Ustiatzen ari diren nazioko 2 patente edo nazioarteko bat lortu izana.
3.– Ikertzailea edo ikertzaile nagusia izana nazioko gutxienez 2 ikerketa-proiektutan edo Eusko Jaurlaritzaren ikerketa-talde sendo batean (edo Europako batean), lehia bidezko deialdian eta urte anitzeko iraupena izanik.
4.– Ikerketako 3 seiurteko edo gehiago egiaztatu izana.
5.– UPV/EHUn ikerketa-jarduerak zuzendu eta garatu izana 100000 eurotik gorako finantzaketarekin (Giza eta Gizarte Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Ekonomia Zientziak) eta 150000 eurotik gorako finantzaketarekin (Irakaskuntza Teknikoak, Zientzia Esperimentalak eta Osasun Zientziak).
A2 tartea lortzea.
A2 maila lortzeko eskabideen ebaluazioa Bikaintasunaren Ebaluazio Batzordeak egingo du, esparru bakoitzeko batzordeek proposatuta. A2 maila lortzeko proposamenak II. epigrafean aipatutako baldintzak bete beharko dituzte. Epigrafe horretan adierazitako merezimendu nabarmenek bizitza akademikoan osoan lortutako merezimendu hauetako lau, gutxienez, izan beharko dituzte:
1.– 100 puntu lortzea.
2.– Ikerketako 4 seiurteko edo gehiago egiaztatu izana.
3.– Ikasleen nazioarteko truke-programak –Erasmus– zuzentzen ibilbide luzea egin izana edo, bestela, nazioarteko proiekzioa duten masterrak ematen (matrikulatutako ikasleen erdia baino gehiago atzerritarrak izanik).
4.– Irakaskuntza arautu espezifikoen sorrera eta garapena zuzendu izana (titulazioak edo bestelako ikasketak sortzea).
5.– Kalifikazio gorena lortu duten 15 doktorego-tesi, gutxienez, zuzendu izana.
6.– Honoris causa doktoregoa lortu izana izen oneko unibertsitateetan. Errekonozimendu hori ematen duten unibertsitateen ospea eta dimentsioa baloratu eta haztatuko du Ebaluazio Batzordeak.
7.– Ospe handiko ikerketa-sariak jaso izana ikerketa-esparruetan, autonomia-erkidegoko, nazioko eta nazioarteko eremuan.
8.– Ikertzaileen nazioarteko sareak koordinatzen-zuzentzen aritu izana, ikertzaile eta unibertsitate askok parte hartuta.
9.– Nazioarteko proiekzioa duten katedrak zuzentzen-koordinatzen aritu izana, ikerketa-jarduera nabarmenarekin.
10.– UPV/EHUn ikerketa-esparru berritzaileak sortzen eta bultzatzen lagundu izana, eta horiek zuzendu izana, nazioarteko proiekzioa izanik emaitzei esker.
11.– Ustiatzen ari diren nazioko lau patente edo nazioarteko bi lortu izana.
12.– Ikertzailea edo ikertzaile nagusia izana nazioko gutxienez 5 ikerketa-proiektutan lehia bidezko deialdian edo Eusko Jaurlaritzaren ikerketa-talde sendoetan (edo Europako hirutan), urte anitzeko iraupena izanik.
13.– UPV/EHUn ikerketa-jarduerak zuzendu eta garatu izana 500.000 eurotik gorako finantzaketarekin (Giza eta Gizarte Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Ekonomia Zientziak) eta 750.000 eurotik gorako finantzaketarekin (Irakaskuntza Teknikoak, Zientzia Esperimentalak eta Osasun Zientziak).
14.– UPV/EHUko errektore izana gutxienez agintaldi batez.
Salbuespen gisa, Bikaintasunaren Ebaluazio Batzordeak A2 maila eman ahal izango dio atal honetan aipatutako lau baldintzak betetzen ez dituen norbaiti, betiere maila hori emateko aparteko merezimenduak arrazoituta.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 27a.
Unibasqeko zuzendaria,
EVA FERREIRA GARCÍA.
I. ERANSKINA
ARGITALPENAK ETA PATENTEAK EBALUATZEKO IRIZPIDEAK
Ebaluazio-batzordeek argitalpen moten sailkapen bat ezarriko dute erantsitako irizpideei jarraikiz. Jakintza-arlo guztietako kalitate handiko ekarpenak zein diren definituko dira sailkapen horretan.
ZIENTZIA ESPERIMENTALEN ETA OSASUNAREN ZIENTZIEN ARLOAK
Zientzia Esperimentalen eta Osasunaren Zientzien arloetan Science Citation Index datu-basean bildutako argitalpen zientifikoak balioetsiko dira lehentasunez. Beste mota bateko lanak ere kontuan har litezke kalitate handiko lanak badira bere espezialitatean, bere lan-arlokoen artean (bere espezialitateko zerrendako lehen herenean kokatutakoak Science Citation Index datu-basean). Ikerketaren benetako eragina hartuko da kontuan inpaktu-indizea eta ikerketaren eraginaren adierazle gisa jasotako aipu kopurua kontuan izanda. Liburuen argitalpenari dagokionez, nazioarteko prestigioa duten espezializatutako argitaletxeek argitaratutako jatorrizko ikerketa-liburuak balioetsiko dira bereziki.
IRAKASKUNTZA TEKNIKOEN ARLOA
Irakaskuntza Teknikoen arloan, patenteak eta argitalpen zientifikoak balioetsiko dira. Science Citation Index datu-basean bildutako argitalpen zientifikoak balioetsiko dira lehentasunez. Beste mota bateko lanak ere kontuan har litezke beren arloetako kalitate handiko lanak badira (bere espezialitateko zerrendako lehen herenean kokatutakoak, bere lan-arlokoen artean, Science Citation Index datu-basean). Ingeniaritzako nazioarteko datu-baseetan bildutako aldizkarietan argitaratutako artikuluak ere balioetsiko dira, hala nola TRIS Electronic Bibliography data, Internacional Development Abstracts, Inernational Civil Engineering Abstracts, Environmental Abstracts, Applied Mechanical Reviews, Applied Science and Technology Index eta arkitekturako argitalpenen nazioarteko indizeetan agertzen direnak (adibidez, Arts and Humanities Citation Index, Avery Index to Architectural Periodicals). Ikerketaren benetako eragina hartuko da kontuan inpaktu-indizea eta ikerketaren eraginaren adierazle gisa jasotako aipu kopurua kontuan izanda. Salbuespen gisa, prestigioko Nazioarteko Biltzarren Aktetan bildutako lanak balioetsi ahalko dira atal honetan, biltzar horiek prestigio handieneko Journal Citation Report aldizkariekin konparagarria den zabalkunde-tresna diren zientzia-esparruetan, eta betiere hautaketa-irizpideek aipatutako aldizkari horien antzeko zorroztasun-maila badute. Ustiapenean dauden patenteak balioetsiko dira, ustiapen hori betiere salerosketa-kontratu bidez edo lizentzia-kontratu bidez egiaztatuta. Patentearen hedadura hartuko da kontuan (estaturakoa, Europarakoa edo Patenteen Lankidetza Tratatu bidezkoa), hedadura handieneko babesa gehiago balioetsita betiere. Ekarpena balioetsi egingo da, halaber, patentea OEPMk eman badu aldez aurreko azterketako sistema baten bidez.
GIZARTE ZIENTZIA ETA ZIENTZIA JURIDIKOEN ARLOA
Gizarte Zientzien arloan, hainbat datu-basetan –Science Citation Index, Social Sciences Citation Index, Econlit, IN-RECS, IN-RECJ edo RESH– edo arlo honetan normalean onartutako beste datu-base batzuetan bildutako prestigioko aldizkarietako argitalpen zientifikoak balioetsiko dira lehentasunez. Dena den, Batzordeak kontuan hartutako 35. mailako kalitateko eskakizunak betetzen dituzten indexatu gabeko aldizkariak ere kontuan hartu ahalko dira osagarri gisa, eta, aldizkari horiekin batera, onetsitako prestigioa eta zabalkunde akademiko eta profesional handia dutenak, baita Latindex edo Dice katalogoan bildutakoak ere, betetzen dituzten irizpideen kopurua eta mota kontuan izanda. Ikerketaren benetako eragina hartuko da kontuan inpaktu-indizea eta ikerketaren eraginaren adierazle gisa jasotako aipu kopurua kontuan izanda. Zuzenbideko arloetan kontuan izango dira, halaber, egiaztatutako kalitate-zantzuak dauzkaten liburu eta liburuko kapituluak (argitaletxearen kanpo-ebaluazioa, argitalpenaren inpaktua).
GIZA ZIENTZIEN ARLOA
Giza zientzien arloan, egiaztatutako kalitate-zantzuak dauzkaten liburuak balioetsiko dira lehentasunez (argitaletxearen kanpo-ebaluazioa, argitalpenaren inpaktua), baita nazioarteko aldizkarietan argitaratutako artikuluak ere, betiere artikulu horiek honako datu-base hauetan sartu ahal izatea kalitatezko erreferentziatzat kontuan hartuta: adibidez, Francis, International Bibliography of the Social Sciences, Arts and Humanities Citation Index, Social Science Citation Index, CINDOC, Bibliography of the History of Arts (RLG), Historical Abstracts, International Medieval Bibliography, Index Islamicus, RILMS Abstracts of Music Literature, Philosopher’s Index, Répertoire Bibliographique, International Bibliography of Periodical Literature in Humanities and Social Sciences (IBZ), Bibliographie Lingüistique/Linguistic Bibliography (BL), Library and Information Science Abstracts. Datu-base hauetan bildu gabeko aldizkarien kasuetan, kalitate-zantzutzat hartuko dira: binakako kanpo-ebaluazioa egotea; nazioarteko batzorde zientifiko bat edukitzea; artikuluen kopuru handi bat argitaratzea, artikulu horien egileek zuzeneko harremanik ez dutelarik aldizkariarekin erredakzio-kontseiluaren edo argitalpen-erakundearen bidez; ikerketa-lanak soilik biltzea; bere espezialitatearekin gehien lotutako bilduma eta buletin bibliografikoetan aipatuta agertzea; lanak hizkuntza bat baino gehiagotan argitaratzea. Ikerketaren benetako eragina hartuko da kontuan inpaktu-indizea eta ikerketaren eraginaren adierazle gisa jasotako aipu kopurua kontuan izanda. Arte Ederretan erakusketen antolaketa eta erakusketen katalogoak balioetsiko dira.