EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018173

127/2018 DEKRETUA, irailaren 4koa, zerbitzu sanitarioak emateko titulartasun pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko zentro sanitarioekin atxikimendu-hitzarmen espezifikoak izenpetzeko betekizunei eta prozedurari buruzkoa.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800127
Xedapenaren data: 2018-09-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201804443
Maila: Dekretua
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 17. artikuluaren arabera, zerbitzu sanitarioen prestazio hori jardunbide instrumentala da, eta zera esan nahi du: pertsonei antolatu eta homologatutako baliabide bat eskaintzen zaiela prestazio sanitarioak izan ditzaten, beren osasun-egoera sustatu, zaindu eta berreskuratzeko.
Bermatutako prestazio publikoak, eskuarki, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzura atxikitako titulartasun publikoko bitartekoak baliatuta eskaintzen dira, unibertsaltasuna, elkartasuna, ekitatea, zerbitzuen kalitatea eta herritarren partaidetza irizpide nagusi gisa hartuta.
Titulartasun publikoko egitura horiekin batera, halaber, badira titulartasun pribatuko beste hainbat ere: osagarri moduan, zerbitzu sanitarioak hornitzeko funtzioaren barruan bildutako jarduerak mamitzen dituzte, osasungintzako administrazioak hitzartutako lankidetza-formulei jarraikiz.
Lankidetza hori mamitzeko erabiltzen den formula, oro har, osasungintzako ituna izaten da.
Nolanahi ere, sektore pribatuak badu beste bitartekorik zerbitzu publikoak eskaintzeko. Hain zuzen, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, ituna ez ezik, beste erreminta bat ere konfiguratzen du, kontratuzkoa ez dena, zeinaren bidez osasungintzako administrazioek hainbat osasun-jarduera osagarri antolatu ahal izango dituzten, irabazi asmorik gabeko eta titulartasun pribatuko zentro sanitarioek emanda.
Lankidetzako beste era hau, atxikimendu-hitzarmen izenekoa, 14/1986 Legearen 66. eta 67. artikuluetan arautzen da eta, nahiz eta ez dagoen berariaz arautua Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko Legean, osasungintzako administrazioak hori erabiltzea ez dago indarreko ordenamendu juridikoaren aurka. Halere, hitzarmen hori aplikatzeko (kontratuz kanpoko akordioak sinatu behar direnez eta, horregatik, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legea aplikatzetik salbuetsita daudenez), hitzarmena sinatzeko betekizunak eta prozedura ezartzen dituen araudi bat onartu behar da.
Arauketa hori apirilaren 4ko 82/1989 Dekretuaren bidez egikaritu zen Euskal Autonomia Erkidegoan (irabazi-asmorik gabeko zentro sanitario pribatuek sina ditzaketen atxikimendu-hitzarmenek bete beharrekoak arautzen dituena).
Esandako dekretua prestatzeko arrazoi nagusia zera izan zen, irabazi-asmorik gabeko erakunde sanitarioen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, historian zehar administrazioek estali ezin izan dituzten gizarte- eta asistentzia-beharrizanen zati bat estali duten aldetik.
Arauaren xedea, hortaz, atxikitako zentroek garatutako asistentzia-jarduna finantzatzeko mekanismo bat ezartzea zen, osasungintzako itunetarako aurreikusitakoaz bestelakoa.
Ondoren, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea indarrean jarrita, Euskadiko sistema sanitarioa sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoko osasungintzako bitarteko publiko guztiek konfiguratuta, eta bertan sartzen dira finantzaketa publikoa duten zentro sanitarioak.
Titulartasun pribatuko zentro sanitarioen finantzaketa publiko hori, oro har, osasungintzako itunen bidez gauzatzen da, eta haien xedea honako hau da: sektore pribatuarekin prezio baten truke hainbat jarduera edo zerbitzu sanitario hitzartzea, hainbat inguruabar direla eta, titulartasun publikoko zerbitzuek artatu ezin dituztenean.
Lehendabiziko kontratu-mekanismo hori albo batera utzita, dekretu honen bidez bigarren mekanismoa garatu nahi da; atxikimendu-hitzarmena, alegia. Haren xedea sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza-mekanismo bat konfiguratzea da, bitartekoak antolaketan txertatzeko eta modu efikazagoan eta efizienteagoan erabiltzeko.
Proposatzen den arauketaren bidez lortu nahi den xedea da atxikitako zentroen antolamendua eta alderdi operatiboa integratzea Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko Legearen 13. artikuluko aurreikuspenen arabera, onartutako osasun-planean aurrez lehentasunezkotzat jotako arloetan baliabide sanitarioen erabilera optimizatzeko eta detektatutako asistentzia-beharrei arreta emateko.
Kontua ez da, hortaz, osasungintzako prestazio jakin batzuk eskuratzea zenbateko jakin baten truke –eskuarki titulartasun pribatuko zentroetan eskaintzen direnak. Atxikimendu-hitzarmenaren bitartez ez dira prestazioak erosten. Aitzitik, asistentzia-jarduera eskaintzen duten zentro jakin batzuk asistentzia-sare publikoan biltzen dira; hala, atxikitako zentro horiei titulartasun publikoko zentroei aplikatzen zaienaren moduko antolaketa– eta funtzionamendu-araubidea aplikatuko zaie. Halaber, atxikitako zentroak kontrol-araubide bati lotuta geratuko dira: finantzak, kudeaketa, onarpen-sistema, eskubideak eta asistentzia-jarduera titulartasun publikoko zentroetan bezala kontrolatuko dira.
Dekretu honen bidez planteatzen den integrazioa dela eta, erakunde independenteen arteko egitura komun bat sortu eta mantenduko da guztien interdependentzia koordinatzeko helburuarekin, proiektu komun batean batera lan egiteko.
Bestalde, administrazio publikoen kontratuen esparru orokorretik kanpoko formulen mende zerbitzu sanitarioak emateko aukera aurreikusita dago 2014/24/EB Zuzentarauan, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen bidez ekarri dena.
Horren ondorioz, Osasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2018ko irailaren 4an eginiko bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko zentro sanitarioen artean atxikimendu-hitzarmenak sinatzeko betekizunak eta prozedura arautzea. Horretarako, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen II. Tituluan (III eta IV. kapituluak) eta IV. Tituluan aurreikusitako esparrua baliatuko da, baita Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 66. eta 67. artikuluetan jasotakoa ere.
2. artikulua.– Titulartasun publikoko zerbitzu sanitarioekin integratzea.
1.– Gobernu Kontseiluak aldez aurretik baimenduta eta dekretu honetan deskribatutako prozedurarekin bat, atxikimendu-hitzarmenak sinatu ahal izango dira, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 8/1997 Legearen 13. artikuluaren arabera Eusko Jaurlaritzak onartutako Osasun Planean lehentasunezkotzat jotako eremuetan asistentzia-premiak detektatzen direnean, guztia ere premia horiei modu efizienteagoan eta efikazagoan erantzuteko, autonomia-erkidegoko beste baliabide sanitario batzuen jarduketa integratzaileen bidez.
2.– Dekretu honen arabera sinatzen diren atxikimendu-hitzarmenak berdintasun, subsidiariotasun, osagarritasun, optimizazio eta koordinazio printzipioen mende egongo dira baliabide publiko eta pribatuak erabiltzeari dagokionez, eta osasungintzako eskumena duen sailak ezartzen dituen ildo estrategikoetara egokitu beharko dira, Osasun Planeko aurreikuspenak garatzean.
3.– Halaber, dekretu honen arabera sinatzen diren hitzarmenek hau guztia gauzatuko dute:
a) Asistentzia-integrazioa, praktika klinikoen koordinazio gisa ulertuta.
b) Integrazio klinikoa, hainbat zentro sanitariotatik datozen diziplina anitzeko taldeen funtzionamenduari dagokionez.
c) Integrazio funtzionala, proiektu klinikoaren kudeaketa partekatua ahalbidetzen duen egitura komuna eratzeari dagokionez.
4.– Atxikimendu-hitzarmen espezifikoak dekretu honetan bildutako baldintzetan sinatzen dituzten titulartasun publikoko zentro sanitarioek euren jarduna egokitu egin beharko dute; hain justu ere, zerbitzu sanitario publikoen plangintzarekin lotuta, osasungintzan eskumena duten organoek eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak hartutako erabakietara, guztia ere esandako erakunde publikoaren zerbitzu sanitarioak eskaintzen dituzten erakundeekin modu integratuan funtzionatzea lortzeko.
3. artikulua.– Atxikitako zentro sanitarioen funtzionamendu-araubidea.
1.– Oro har, atxikitako zentro sanitarioen alderdi batzuk –alderdi laboralak, fiskalak, ondarezkoak eta kontabilitatekoak bereziki– zuzenbide pribatuaren bitartez jarraituko da arautzen.
2.– Sinatuta dauzkan atxikimendu-hitzarmenei kalterik egin gabe, atxikitako zentro sanitarioek, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin hitzartutako jarduna ez ezik, bestelako asistentzia-jardun pribatua ere eskaini ahal izango dute, beste bermatzaile batzuen kontura. Nolanahi ere, izaera pribatuko bestelako jarduera horiek osagarriak izango dira eta bertatik ezingo da sortu inolako aldaketarik hitzartutako jardueraren ohiko funtzionamenduan.
3.– Zerbitzu sanitarioak baliatzeko arauak berdinak izango dira zentro sanitarioan artatutako pertsona guztientzat, edozer dela ere pertsona horiek zerbitzua eskuratzeko garaian duten baldintza.
4. artikulua.– Zentro sanitarioko instalazioen titulartasuna.
Atxikitako zentro sanitarioaren titular fisikoak edo juridikoak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin hitzartutako jarduera eskaintzen duen zentroen, zerbitzuen eta instalazioen titular izaten jarraituko du. Sinatzen diren atxikimendu-hitzarmenek zein zentro eta instalaziori eragingo dien identifikatu beharko dute.
5. artikulua.– Lan-harremanen titulartasuna.
1.– Zentro sanitarioaren pertsona fisiko edo juridiko titularrak langileen lan-harremanen titular izaten jarraituko du; edonola ere, hitzarmen espezifiko bakoitzak lankidetza-mekanismoak ezarri ahal izango ditu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko langileen eta atxikitako zentro sanitarioko langileen artean, guztia ere asistentziaren kalitate handiagoa lortzeko eta eskura diren bitartekoen erabilera optimoa bermatzeko.
2.– Sinatzen diren atxikimendu-hitzarmenek eragingo dien pertsonen zerrenda, horien kontratu-modalitatea eta dagozkien ordainsariak adieraziko dituzte. Zuzendaritza-organoak aldian-aldian eguneratuko ditu.
6. artikulua.– Atxikimendu-hitzarmenen iraupena.
1.– Dekretu honen babespean sinatutako atxikimendu-kontratuek hiru urte iraungo dute.
2.– Sinatzen den lehenengo atxikimendu-hitzarmena tazituki luzatuko da urte batez. Aldi horretan hitzarmena ebaluatu eta berrikusi ahal izango da.
3.– Berrikusi ondoren, beste atxikimendu-hitzarmen bat onartu ahal izango da. Hitzarmen horrek hiru urte iraungo du eta urteko luzapenek tazituki jardungo dute, salbu eta aldeetako batek salaketa jartzen badu amaitu baino sei hilabete lehenago, gutxienez.
4.– Artikulu honetan aipatzen diren luzapenak, nolanahi ere, unean-unean Osasun Saileko aurrekontuetan esleitutako kredituen arabera egingo dira, eta, edonola ere, zuzendaritza-organoak emandako aldeko urteko ebaluazioa beharko da.
7. artikulua.– Zentro sanitarioen betekizunak atxikitzea eskatzeko.
1.– Zentro sanitarioak homologatzeko, atxikimendu-hitzarmen bat sina dadila eskatze aldera, zentro sanitarioek betekizun hauek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute:
a) Zentro sanitarioek dagokien osasun-baimena eduki beharko dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasungintzako zentroen, zerbitzuen eta establezimenduen erregistroan izena emanda egon beharko dute.
b) Irabazi-asmorik ez dutela egiaztatu beharko dute, eta zerga-, lan- eta gizarte-araudiak betetzen dituztela frogatu.
c) Zentro sanitarioaren titularrek eta bertan jarduten duten langileek egiaztatu beharko dute betetzen dutela sektore publikoaren eta pribatuaren arteko bateraezintasunei buruzko araudia, herri-administrazioen zerbitzura jarduten duten langileen bateraezintasunei buruzko legediak ezarrita bezala.
d) Zinpeko deklarazio bidez egiaztatu beharko du zentro sanitarioa ez dela zigortu ez administratiboki ez penalki sexu-diskriminazioa dela eta, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
e) Egiaztatutako kalitatezko eskarmentua akreditatu beharko dute asistentziaren alorrean eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzak onartutako Osasun Planean lehentasunezkotzat jotako eremuetan. Eskarmentua, bada, prozesu edo emaitzen adierazleen bidez egiaztatu beharko da.
2.– Aurreko zenbakian ezarritako baldintzak atxikimendu-hitzarmena indarrean den aldi osoan bete beharko dira.
8. artikulua.– Atxikimendu-hitzarmena sinatzeko prozedura.
1.– Prozedura aldeak eskatuta hasiko da. Eskaeraren edukiak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 66. artikuluan zehaztuta bezala egin beharko dira, eta osasun-plangintzaren alorreko eskumena duen zuzendaritzara helaraziko dira, honako dokumentazio hau atxikita:
a) Eskaera sinatzen duen pertsonaren nortasuna eta jarduteko gaitasuna egiaztatzen dituen dokumentazioa.
b) Aurreko artikuluan aurreikusitako betekizunak egiaztatzeko dokumentazioa.
c) Zentro sanitarioko instalazioen, ekipamenduen eta profesionalen memoria.
d) Zentroko zerbitzu-zorroaren eta prestazioen deskribapena, baita atxikimendutik eratorritako baliabideen erabileraren onura operatibo, asistentzial eta optimizaziozkoei buruzko txosten zehatz bat ere.
e) Atxikimendu-eskaera egiten duen zentro sanitarioaren auditoretza finantzarioa, gehienez ere atxikimendu-eskaera formulatu aurreko sei hilabeteetan egina.
f) Eskaerarekin batera aurkeztutako auditoretzan jasotzen diren inguruabarrak ez direla aldatu dioen zinpeko deklarazioa.
g) Kostu-kontabilitatearen eredu-proposamena jarduera pribatuak sortutako gastuaren jarraipena egiteko, eta adierazi egingo dira zuzeneko eta zeharkako kostuak eta egiturazko kostuak lortzeko metodoak. Era berean, zeharkako zerbitzuen kostuetarako erabilitako egozpen-irizpideak adieraziko dira.
2.– Aurkeztutako dokumentazioa ez bada osatzen edo betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio zuzendu ditzala hutsak edo aurkez ditzala beharrezko agiriak hamar eguneko epean; hala egin ezean ukatutzat joko dela ere adieraziko zaio.
3.– Dokumentazioa aztertu ondoren, osasun-plangintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzak honako alderdi hauei buruzko informazioa emango du:
a) Atxikimendua eskuratu nahi duen zentro sanitarioak zerbitzuen eta prestazioen zorro egokia duela, indarrean dagoen Osasun Planean lehentasunezkotzat jotako asistentzia-beharrei arreta emateko.
b) Badela aurrekontu-eskuragarritasunik hitzarmena sinatu ahal izateko.
c) Atxikimendu-hitzarmenari esker, lehendik diren baliabideak efizientzia handiagoz eta modu integratzaileagoan baliatuko direla.
d) Baliabideen kudeaketa integratuari esker, detektatutako premiak modu efikazagoan erantzungo direla, eta ikerketa, berrikuntza eta zabaltze teknologikoko estrategiak garatuko direla.
4.– Esandako zuzendaritzak, era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatuko dio eman dezala honako auzi hauei buruzko informazioa:
a) Zerbitzu sanitarioen erakundeek estali gabeko asistentzia-premien existentziari buruzkoa, eskatzailearekin hitzartu nahi dituen prestazioekin loturik.
b) Detektatutako beharrizanei erantzunez, proposatutako atxikimendu-hitzarmena sinatzetik erator litezkeen ondoreei buruzkoa.
5.– Egindako eskaera eta espedienteari atxikitako dokumentazioa ikusirik, osasun-plangintzaren alorreko eskumena duen zuzendaritzak atxikimendu-eskaerari buruzko informazioa emango du.
6.– Posizionamendua aldekoa baldin bada, izapidetze-fasea hasiko da: saileko zerbitzu juridikoen txostena bildu beharko da, atxikimendu-prozeduraren izapidetzearekin lotuta eta indarrean den ordenamendu juridikoaren proposamenaren egokitasunari buruz. Halaber, proposatutako hitzarmenaren norainokoari eta oihartzun ekonomikoari buruz aurrekontuen zerbitzuak prestatutako memoria ere bildu beharko da, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena ere.
9. artikulua.– Atxikimendu-hitzarmen espezifikoak onartzeko prozeduren izapidetze elektronikoa.
1.– Dekretu honetan araututako atxikimendu-hitzarmen espezifikoak onartzeko prozedurari hasiera eman nahi dioten pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dituzte eskabidea eta dagozkion izapide oro.
Pertsona fisikoek edozein unetan izango dute bi bitartekoetako edozein (bide elektronikoak edo ez-elektronikoak) baliatzeko Administrazioarekin harremanetan jartzeko.
2.– Dekretu honetan aurreikusitako prozeduren erregulazioa gorabehera, izapide elektronikoekin lotutako alderdiak Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak arautzen dituela ulertuko da.
10. artikulua.– Gobernu Kontseiluaren baimena.
Espedientea osatu ondoren, aurretik azaldutako baldintzetan, Osasun Sailak Eusko Jaurlaritzari bidaliko dio baimen-eskabidea atxikimendu-hitzarmena sinatzeko.
11. artikulua.– Atxikimendu-hitzarmena onartzea eta sinatzea.
Gobernu Kontseiluak hitzarmena onartu eta baimendu ondoren, osasunaren arloan eskumena duen saileko titularrak sinatu beharko du atxikimendu-hitzarmena.
12. artikulua.– Atxikitako zentroaren jardueren finantziazioa.
1.– Osasun Sailak atxikitako zentroaren osasun-asistentziaren urteko kostua finantzatuko du dagokion ekitaldiaren urteko aurrekontuan aurreikusita. Nolanahi ere, araubide pribatuan eskaintzen den osasun-asistentziatik eratorritako gastuak kanpoan geldituko dira.
2.– Osasun Sailak egin beharreko ekarpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak kudeatuko du. Horretarako, Osasun Sailak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari kontuan izan behar diren atxikimendu-hitzarmenei dagozkien ekarpenak egingo dizkio.
Baliabide horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin edo bere Administrazio Kontseiluak, dagokion atxikimenduarekin bat, ezartzen duen bestelako zerbitzu-antolamenduarekin indarrean dagoen kontratu-programari dagozkion baliabideekin era integratuan kudeatuko dira.
3.– Atxikitako zentro sanitarioko titularrak, une oro, ezagutuko du bere zentro sanitarioaren jarduera atxikia finantzatzen duten baliabideen kudeaketari aplikatuko zaion kontratu-programa.
4.– Atxikitako zentro sanitarioari urtean behin egingo zaio finantzako eta kudeaketako kanpoko auditoretza bat.
13. artikulua.– Urteko aurrekontua zehaztea.
1.– Iraila amaitu baino lehen, zuzendaritza-organoak hurrengo ekitaldiko aurrekontua onartuko du.
Onartutako aurrekontuak zehaztu egingo ditu zerbitzu-zorroa, prestazio bakoitzerako aurreikusitako jarduera eta bakoitzerako zenbatetsitako kostuak. Era berean, pazienteak bideratzeko irizpideak osatuko ditu.
2.– Onartutako aurrekontua atxikitako zentro sanitarioari eman beharreko finantzazioaren gehieneko zenbatekoaren parekoa izango da.
3.– Ekitaldian zehar, atxikitako zentro sanitarioaren zerbitzu-zorroan, pazienteak bideratzeko irizpideetan, ordainsarian ondorioak dituzten lan-baldintzetan edo ekonomikoki garrantzia duten bestelako baldintzatzaile batzuetan aldaketa bat dakarren edozein erabaki, baldin eta kostuetan era nabarmenean eragiten badu, atxikitako zentro sanitarioko zuzendaritza-organoak hartuko du eta aldaketa horien inplikazio ekonomikoen kalkulua egin beharko da.
Akordio horiek gauzatzeko, Osasun Sailaren aurrekontuan aurrez aldaketa bat egin beharko da eta atxikitako zentro sanitariorako adostutako finantzazio-muga egokitu beharko da.
14. artikulua.– Hileko fakturazioa.
Atxikitako zentro sanitarioak aurreko hilean eskainitako zerbitzuengatiko faktura aurkeztuko du, prestazio bakoitzari buruzko informazio osagarriarekin eta horien kostuarekin.
Hori guztia gorabehera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak aurrerakin bat emango du, ekitaldirako onartutako aurrekontuaren hamabiren bati dagokion zenbatekoa, hain zuzen.
15. artikulua.– Hileko informazioa.
Aurreko atalean eskatutako informazioaz gain, atxikitako zentro sanitarioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari bidaliko dio, hilean behin, alderdi hauei buruzko informazio zehatza:
a) Diru-sarrera publikoak.
b) Diru-sarrera pribatuak.
c) Kontabilitate-kontu bidezko gastuen xehetasunak, adostutako egituraren arabera.
d) Jarduera pribaturako egindako gastuaren xehetasunak, kostuen kontabilitate-ereduaren arabera kalkulatua.
16. artikulua.– Urteko erregularizazioa ekitaldia ixtean.
1.– Ekitaldia itxi eta hurrengo ekitaldiko urtarrilean erregularizatu egingo da egindako jarduerari dagokion fakturazioaren eta hamabi hileko ordainketetan ordaindutako zenbatekoaren arteko diferentzia.
2.– Ekitaldiaren finantzazioaren muga izango da atxikitako zentro sanitarioak egindako benetako kostua, amortizazio-kostuak kanpoan utzita eta jarduera pribatuak egindako fakturazioa kenduta.
3.– Jarduera pribatuaren fakturazioak ezingo du izan jarduera hori eskaintzean egindako kostua baino txikiagoa, aurreko artikuluan aurreikusitakoaren arabera aurkeztuko da.
17. artikulua.– Inbertsioen finantzazioa.
1.– Eraikin, instalazio, altzari, tresna eta era guztietako aparatuetako inbertsioei dagokionez, baita higiezinari lotuta era iraunkorrean instalatzen diren eta atxikitako erakundearen kargura egiten direnei dagokienez ere, zentro sanitarioko pertsona fisiko edo juridiko titularraren titulartasunekoak izango dira.
2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren ekarpenen kargura egiten diren inbertsioen titulartasuna esandako erakunde publikoarena izango da, eta inoiz ere ez da gertatuko akzesiorik. Ondasun horiek inbentario batean identifikatu beharko dira, eta zentro sanitariotik erretiratu ahal izango dira hitzarmena amaitutakoan; hala badagokio, zentro sanitarioaren titularrari kalte-ordainak ere eskatu ahal izango zaizkio arrazoi hori dela eta izan litzakeen narriadurengatik. Era berean, adostu ahal izango da elementu horiek, kostuagatik edo bereizte-narriaduragatik atxikitako zentro sanitarioak era iraunkorrean erabili eta gozatzeko izatea. Kasu horretan dagokion konpentsazioa egin beharko da.
18. artikulua.– Edozein motatako ondasunak eta zerbitzuak eskuratzea.
3.– Atxikimendu-hitzarmen bat sinatu duten zentro sanitarioek ondasunak eta zerbitzuak eskuratu badituzte eta horiek Osasun Sailak finantzatu baditu osotasunean edo partzialki, finantzazio hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari aplikatzen zaion kontratazio publikoko printzipioetara egokituko da.
19. artikulua.– Bateraezintasunak diru-laguntzekin.
Atxikimendu-hitzarmena sinatu duten zentro sanitarioek ezingo dute hitzarmenaren xede diren asistentzia-jarduera edo -zerbitzuak asetzera bideratutako diru-laguntzarik jaso. Oro har, nola eta laguntzen deialdiak ez duen bestelakorik ezartzen, ez dira atxikimendu-hitzarmenaren xedean sartuko I+G+B jarduerak.
20. artikulua.– Asistentzia-jardueraren ordainketaz arduratzen diren hirugarren pertsonak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, zor diren kopuruen zuzeneko hartzekodun gisa, hirugarren arduradun bati atxikimendu-hitzarmenean eskainitako zerbitzuen ordainketa erreklamatzeko eskubidea duen kasuetan, atxikitako zentroak dagokion faktura bidaliko dio ordainketa egin behar duen pertsonari, eta dagozkion kredituen eta ekintzen titularra Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua dela jasoko da.
21. artikulua.– Atxikitako zentro sanitarioaren gobernu-organoak.
Hitzarmen hau indarrean den bitartean, atxikitako zentro sanitarioak honako zuzendaritza-organoak izango ditu atxikitako asistentzia-jarduna kudeatzeko:
● zuzendaritza-organoa.
● osasun-zentroko zuzendaria.
22. artikulua.– Zuzendaritza-organoaren eginkizunak.
1.– Zuzendaritza-organoa da zentro sanitarioaren zuzendaritza- eta kudeaketa-organo gorena.
2.– Zuzendaritza-organoak honako egiteko hauek izango ditu:
a) Zentroaren aurrekontuak onartzea.
b) Zentroaren balantzeak eta kontuak onartzea.
c) Jardueren urteko memoria onartzea.
d) Urtero egin behar den finantzaketari eta kudeaketari buruzko kanpoko auditoretzak, hala badagokio, zehazten dituen neurriak ezartzeko behar diren erabakiak hartzea.
e) Asistentzia-zerbitzuen eta, oro har, instalazioen egituran aldaketak onartzea;
f) Zentroko langileak onartzea, baita langileak kontratatzeko baimena ematea eta hautaketarako irizpideak eta prozedurak ezartzea ere.
g) Zentroko langileen hitzarmena onartzea, nola eta ez dagokion goragoko beste esparru bati hura onartzea.
h) Materialaren edota produktuen besterentzea onartzea, baita material inbentariagarriaren baja ere.
i) Zentroaren funtzionamendurako behar diren kontserbazio- eta mantentze-lanak egiteko onarpena ematea.
j) Atxikitako zentroaren titularrari proposatzea atxikitako zentro sanitarioko zuzendaria izendatzea eta kargutik kentzea.
k) Erreklamazioak adostea, eta zentro sanitarioari dagozkion ondasunak, eskubideak edota ekintzak epaiketan edo epaiketatik kanpo defendatzea, edozein auzitegi edo agintaritzaren aurrean, eta ahala izango du egikaritzen diren ekintzak edo errekurtsoak onartzeko, arbitrajepean ipintzeko edota, hala badagokio, atzera egiteko.
l) Zentroaren barne-erregelamendua onartzea.
23. artikulua.– Zuzendaritza-organoaren osaketa eta jarduteko araubidea.
1.– Zuzendaritza-organoa atxikitako zentroko titularrak izendatutako sei kidek osatuta egongo da.
– Bi kide Osasun Sailak proposatuta izendatuko dira.
– Kide bat, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak proposatuta.
– Hiru kide, atxikitako zentroaren titularrak proposatuta.
2.– Zuzendaritza-organoak presidente gisa onartuko du kide horietako bat, eta barne-funtzionamenduko arauak onartuko ditu.
3.– Zuzendaritza-organoa presidenteak deituta elkartuko da, edota kideen erdiek eskatuta; hiru hiletik behin, behintzat, elkartu beharko dute.
4.– Gutxienez 48 ordu lehenago egingo da deialdia; edota presidenteak egoki deritzonean, premiazko kasuetan. Aztergaien zerrenda finkatu beharko da. Nolanahi ere, ez da deialdia egin beharrik izango, baldin eta kide guztiak bertan egonik, aho batez onartzen bada saioa egitea.
5.– Zuzendaritza-organoa behar bezala osatuta geratuko da bilerara gutxienez hiru kide agertzen badira. Zuzendaritza-organoaren bileretan parte hartuko du atxikitako zentroko zuzendariak, ahotsarekin baina botorik gabe.
6.– Zuzendaritza-organoak kideen botoen gehiengo osoz hartuko ditu erabakiak, eta, berdinketa gertatuz gero, presidentearen kalitatezko botoak ebatziko du. Zuzendaritza-organoaren ordezkaritza iraunkorrak, hala ere, lau kideren aldeko botoa eskatuko du gutxienez.
24. artikulua.– Atxikitako zentro sanitarioaren zuzendaria.
1.– Atxikitako osasun-zentroaren zuzendaria zentroaren titularrak izendatuko eta kargutik kenduko du, zuzendaritza-organoak proposatuta.
2.– Zuzendaritza-organoaren mende, zentro sanitarioko zuzendariak honako funtzio hauek izango ditu:
a) Zentro sanitarioaren ordezkari ofiziala izango da.
b) Zentroaren zerbitzu eta langile guztien burutza nagusia izango du, baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak zentrora atxikitako langileena ere, halakorik balitz.
c) Zentro sanitarioko lantaldera langileak kontratatuko ditu.
d) Zentroaren administrazioarekin lotutako ohiko kudeaketaz arduratuko da.
e) Zentroaren beharrizanen proposamena, aurrekontu-proiektua, kontabilitate-dokumentuak eta jardueren urteko memoria prestatuko ditu, zuzendaritza-organoak onar ditzan.
f) Hiru hiletik behin, zentroaren bilakaera ekonomikoari eta jarduerari buruzko txosten bat prestatuko du, zuzendaritza-organoari aurkezteko.
g) Gastuak eta ordainketak aginduko ditu, zeinak zuzendaritza-organoak izendatutako pertsonarekin batera baimendu beharko diren.
h) Zuzendaritza-organoak baimendutako obrak kontratatuko ditu, baita premiaz behar diren bestelakoak ere, horren berri zuzendaritza-organoaren presidenteari emanda.
i) Zentro sanitarioa ordezkatuko du ekintza eta errekurtso guztietan, zuzendaritza-organoaren argibideei jarraikiz.
j) Oro har, indarrean den legeriak esleitutako funtzio guztiak beteko ditu, baita zuzendaritza-organoak esleitutako bestelakoak ere.
25. artikulua.– Ordezkaritza orekatua eta koofizialtasuna.
1.– Zuzendaritza-organoan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egongo da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako irizpideen arabera.
2.– Beren funtzioez baliatzean, zuzendaritza-organoa osatzen duten pertsonek euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean, organoak hala erabakitzen badu, euskaraz egin ahal izango dira deialdiak, gai-zerrendak, aktak eta oro har pertsona horien artean banatzen diren dokumentu guztiak. Edozein modutan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da beti.
26. artikulua.– Atxikimendu-hitzarmenaren edukia.
Atxikimendu-hitzarmenek gutxienez honako eduki hauek zehaztu beharko dituzte.
a) Sinatzen duten alderdien identifikazioa, baita haietako bakoitzaren gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna ere.
b) Hitzarmenaren xedea, atxikitako zerbitzu guztiak identifikatuta, baita zentro sanitarioaren giza baliabideak, bitarteko materialak eta prestazioak ere.
c) Dekretu honetan eskatutakoak betetzen direla baieztatzea, hitzarmena sinatu ahal izateko.
d) Osasun-asistentzia publikoa izateko eskubidea duen eta zentro sanitariora atxikita dagoen populazioaren identifikazioa, zeinaren bermatzaile Osasun Saila izango baita.
e) Zerbitzu eta prestazio sanitarioak eskuratzeko arauak, berdintasun- eta doakotasun-printzipioak betetzen direla egiaztatuta.
f) Hitzarmenaren finantzaketa, dekretu honen 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Halaber, prezioak berrikusteko eta eguneratzeko araubidea ere aurreikusi beharko da.
g) Osasun Sailak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak kontrol ekonomikoa eta finantzarioa egiteko prozedura, bateragarria erakunde publikoak baliatzen duen sistemarekin.
h) Zentro sanitarioko gobernu-organoen konfigurazioa eta funtzioak.
i) Instalazioen titulartasunaren berrespena eta zentroko langileen lan-harremanak atxikitako zentroaren titularraren gain egongo dira.
j) Atxikitako zentroko langileekin lotuta, hitzarmenak honako konpromiso hauek aurreikusi ahal izango ditu:
– Elkarrekin adostuta osasun-arreta hobetzeko eta koordinatzeko neurriak onartzeko konpromisoa, aplikagarri den araudia errespetatuta, atxikitako zentroko eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako profesionalak aldi baterako desplazatzeko aukera aurreikusita, asistentzia-premiek edo etengabeko prestakuntzak hala eskatuko balute.
– Etengabeko prestakuntzako, ikerketako eta, oro har, ezagutza garatzeko politiketako programa komunetan parte hartzea.
– Teknologia berriak garatzeko programetan parte hartzea, baita bitarteko diagnostikoak eta terapeutikoak baliatzeko erraztasunak ematea ere, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko osasun-erakunde guztietan.
– Komunikazio-azpiegiturak hobetzeko programetan parte hartzea, erregistro- eta informazio-sistemetan kalitatea eta homogeneotasuna bermatze aldera.
k) Atxikitako zentroak bere kontura hartuko ditu hitzarmena indarrean jarri aurreko gertakarietan edo prestazioetan jatorria duten obligazioak eta zorrak.
l) Eraikinen, instalazioen eta ekipamenduen mantentze-lan integralak eta baldintza optimoetan kontserbatzeko konpromisoa bizitza baliagarri osoan zehar, baita adostutako berriz jartzeak egitea ere.
m) Indarraldia.
n) Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.
ñ) Aldeen arteko batzorde paritarioa konfiguratzea, hitzarmena aplikatzean sor litezkeen gertakariak ebazteko.
27. artikulua.– Historia klinikoak eskuratzea.
1.– Atxikimendu-hitzarmenaren babespean emandako osasun-asistentziaren ondorioz eskuratutako osasun-datuak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak artatutako pertsonen historia klinikoan jasoko dira.
2.– Atxikitako zentroko profesionalek historia klinikoan ageri den dokumentazioa eskuratzeko, martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuaren 13. artikuluak dioenari jarraituko zaio (historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa).
28. artikulua.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.
Atxikimendu-hitzarmena azkentzeko arrazoiak honako hauek izango dira:
a) Alderdi sinatzaileek adostasunez hala erabakitzea.
b) Indarraldia amaitzea, bi aldeetako edozeinek hala salatuta aurreikusitako epeen barruan.
c) Aldeetako batek larriki urratzea hitzarmenaren funtsezko alderdietako bat.
Horretarako, atxikimendu-hitzarmena salatzeko kausa izango dira, Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren aldetik, honako hauek:
1) Hitzarmenaren xede den osasun-asistentzia Euskadiko Osasun Sistemaren erabiltzaileen doakotasun- eta berdintasun-printzipioei kontra eginez ematea.
2) Arau-hauste astunak egitea legeria fiskalarekin, sozialarekin eta laboralarekin loturik.
3) Ez betetzea administrazio publikoetako langileen bateraezintasun-erregimena.
4) Ez betetzea kontratazio publikoari buruz indarrean den legeria.
5) Euskadiko Osasun Sistemaren osasun zerbitzuetako erabiltzaileei aitortutako eskubideak zapaltzea.
6) Oro har, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea edo dekretu honek aurreikusitakoa modu larrian zapaltzea.
29. artikulua.– Gertakariak ebaztea.
Atxikimendu-hitzarmenak aplikatuz hitzartutako jardunean plantea litezkeen gertaerak ebazteko, batzorde paritario bat osatuko da. Sei kide izango ditu; horietatik hiru osasungintzaren alorrean eskumena duen sailaren titularrak izendatuko ditu, eta beste hirurak, berriz, atxikitako zentro sanitarioaren titularrak.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Akordioa aplikatzea Kudeaketa Klinikoko Unitateetan.
Euskadiko sistema sanitarioaren esparruan kudeaketa-unitateak arautzera jotzen den aldetik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 23ko Akordioan aurreikusitako ondoreetarako, Dekretu honen arabera atxikitako zentroek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zerbitzu sanitarioetako erakundeen kontsiderazio berbera izango dute, nahiz eta osaketa-akordioak argi eta garbi jaso beharko dituen atxikitako zentro izatetik eratorritako berezitasunak.
Haren osaketa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpen bidez egingo da, atxikitako zentroko zuzendaritzak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zerbitzu sanitarioen antolaketako gerentziak adostuta, bi horien artean konfiguratuko baitute erakunde-unitatea.
Erakunde-unitate bateko integrazio operatiboak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zerbitzu sanitarioetako erakundeetako langileekin batera, ez du inola ere hura osatzen duten pertsonen lan-harremanen titulartasunean aldaketarik ekarriko.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren bidez identifikatu egingo da atxikitako zentroa atxikimenduak eragiten dien zerbitzu sanitarioetako erakundeen organigraman ondorio operatiboetarako, zerbitzu horien koherentzia, efikazia eta efizientzia berma dadin Euskadiko Sistema Sanitarioaren plangintza eta programazioaren esparruan.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hileko fakturazioaren behin-behineko balidazioa.
Atxikitako zentro sanitarioko asistentzia-informazioaren sistemek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzukoekin bat egiten ez duten bitartean, dagokion Osasun Sailaren Lurralde Zuzendaritzak atxikitako zentro sanitarioek bidalitako hileko fakturazioa balidatuko du, bai fakturatutako prozesuak benetan egiteko, bai jardueraren estaldura publikoa gauzatzeko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da apirilaren 4ko 82/1989 Dekretua, irabazi-asmorik gabeko zentro sanitario pribatuek sina ditzaketen atxikimendu-itunek bete beharrekoak arautzen dituena.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 4an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.