EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-09-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2018170

AGINDUA, 2018ko abuztuaren 29koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan 2018. urtean babes daitezkeen zenbait jardunetarako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoak.

Gaiak: LAGUNTZAK
Xedapenaren data: 2018-08-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201804409
Maila: Agindua
Etxebizitza eta lurzoruaren arloan gaur egun indarrean dagoen araudiaren arabera, nahitaezkoa da urtero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragartzea etxebizitza eta lurzoruaren arloko hainbat laguntza-lerro estaltzeko esleitutako aurrekontu-kredituen zenbatekoak.
Gaitutako aurrekontu-kredituak iragarri behar horrek –hasierakoak direla zein eguneratuak direla, betiere kredituak aldatzeko legezko aukeren arabera– herritarrei eman beharreko informazioaren maila hobetzeko asmo nabariari erantzuten dio, haiek baitira laguntza-sistema horien onuradunak.
Etxebizitza-programan, badira beste jarduera-ildo batzuk merkatuan zuzeneko esku-hartzeak egitea dakartenak –Sailaren edo haren sozietate publikoen bitartez– lurzoruaren erosketan eta urbanizazioan eta etxebizitzen eraikuntzan, erosketan eta alokairuan, emaitzak jendaurrean zabaltzeko prozedura espezifiko eta bereiziak dituztenak (kontratu publikoak, kontratu-programak, lankidetza-hitzarmenak, eta abar), eta publizitate-mekanismo horretatik kanpo ebazten direnak, berezkoak dituzten beste batzuk dauzkatelako, lege- eta araudi-aginduak tarteko.
Diru-laguntzen politika ugarik ere publizitate- eta deialdi-prozedura desberdinak dituzte halaber, banakako deialdi espezifikoa dutenak (esaterako, itunpeko sustapen bateko diru-laguntzen esleipena) edo deialdi publiko bereiziak dituztenak, eta, aldi berean, berezkoak (renove, irisgarritasuna, eta abar).
Hori guztia, betiere diru-laguntzen politikak argitaratzeko mekanismoak beteta –indarrean daudenak, alegia–, baina erreferentziako agindu honen hedadura-esparrutik kanpo.
Beraz, laguntza-politiken eremuak 2018ko ekitaldirako eraginpeko kredituen publizitate-baldintzen eragin zuzena du. Hauek dira laguntza-politikak:
39/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (2008ko martxoaren 28ko EHAA, 59. zenbakia).
Agindua, 2006ko abenduaren 29koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzkoa. Agindu horrek 1., 2. eta 3. xedapen gehigarrietan errepikatu egiten du hauei buruzko erregulazioa: eskuragarri dauden kredituak urtero iragartzeko betebeharra; kredituak formalizatzea eta eguneratzea; jarraitu beharreko prozedura formala eta eteteak bideratzen ari diren espedienteetan duen eragina (2007ko urtarrilaren 25eko EHAA, 18. zk.), Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2010eko azaroaren 23ko Aginduak aldatua.
Agindua, 2006ko abenduaren 29koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lehentasunez erregimen orokorreko zein erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lurzoru-ondare publikoak osatzeko lurzorua kostu bidez eskuratzeari dagozkion lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa (2007ko urtarrilaren 25eko EHAA, 18. zk.).
Agindua, 2008ko azaroaren 7koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, babes publikoko etxebizitzak sustatzeko laguntzei eta alokairua sustatzeko neurriei buruzkoa. Agindu horren 1., 2. eta 3. xedapen gehigarrietan hitzez hitz eta termino beretan errepikatzen da aurreko aginduan azaldutako erregulazioa (2008ko azaroaren 19ko EHAA, 222. zenbakia).
Agindua, 2010eko urriaren 6koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitza erosteko finantza-neurriei buruzkoa. Honako hau jasotzen du 1. eta 2. xedapen gehigarrietan: erabilitako etxebizitza libreak erostera bideratutako laguntzak finantzatzeko eskuragarri dauden kredituak urtero iragartzeko betebeharra; kreditu horiek osatzea eta eguneratzea; laguntza-ematea eten dela iragartzeko jarraitu beharreko prozedura formala, hala badagokio; eta, azkenean, etete horrek bideratzen ari diren espedienteetan duen eragina (2010eko urriaren 21eko EHAA, 203. zenbakia).
Agindua, 2011ko irailaren 14koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, Babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko eskatu beharreko urteko diru-sarrera haztatuen mugak aldatzeko dena (2011ko irailaren 30eko EHAA, 187. zk.).
146/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzari buruzkoa etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan (2015eko abuztuaren 4ko EHAA), abenduaren 19ko 272/2017 Dekretuak aldatua (2017ko abenduaren 26ko EHAA, 244. zk.).
Azkenik, 2018rako birgaitze-jardueraren lerroan, etxebizitza- eta eraikin-parkearen energia-efizientzia hobetzeko politikei zuzenean lotuta dauden zenbait jarduera Euskadiko EGEF 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan finantzatuko dira. Horrez gain, jardueren beste publizitate-betebehar batzuk sortzen dira. Betebehar horiek xedapen honen testuan jasota daude.
Horren ondorioz, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2018ko ekitaldian etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko diru-laguntza lerroei finantza-estaldura emateko honako ordainketa- eta konpromiso-kreditu hauek iragartzea:
Bigarrena.– «Alokairuaren sustapena» epigrafean sartzen diren diru-laguntzak babestekoak diren jardun hauetarako izango dira: babestutako alokairurako etxebizitzak sustatzeko; babestutako alokairuan eskaintzeko etxebizitzak erosteko; zuzkidura bizitokiak sustatzeko, eta landa-eremuetan titulartasun publikoko etxebizitzak birgaitu eta alokairuan jartzeko.
Hirugarrena.– «2018ko finantza-hitzarmenaren sorospenak» epigrafean sorospen-eskubidea duten jardun hauek sartzen dira: babestutako alokairurako etxebizitzen sustapena; babestutako alokairuan eskaintzeko etxebizitzak erosteko eragiketak; zuzkidura bizitokien sustapena, eta lurzorua kostu bidez eskuratzeko eragiketak egiteko, edozein herri-administrazioren lurzoru-ondare publikoak eratzeko, ondoren, ahal dela, babes publikoko sustapenera bideratzeko.
Laugarrena.– 2018ko ekitaldiaren kontura eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoak ezin izango ditu gainditu lehenengo atalean adierazitako diru kopuruak edo indarrean dagoen legedi aplikagarriari jarraikiz aurrekontu-aldaketarik onartuz gero, kopuru horiek izango duten igoeraren ondoriozko kopurua. Aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren agindu baten bidez.
Beraz, zenbateko hori agortu ondoren, ez da diru-laguntza gehiago emango. Kreditua amaituz gero, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena agindu bidez jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Bosgarrena.– Hala ere, hurrengo ekitaldi ekonomikoan ebatzi ahal izango dira araudi honetan bildutako erregulazioari jarraikiz baiezkoa jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik baino ukatzen ez diren eskaerak, betiere eskatzaileak dagokion lurralde-ordezkaritzara edo zuzendaritza funtzional kudeatzailera idazki bat bidaltzen badu, eta bertan eskaerari baldintza beretan eusteko asmoa adierazten badu. Horretarako, diru-baliabideen kopuru nahikoa egon beharko da hurrengo ekitaldian.
Seigarrena.– Agindu honetan aipatutako diru-laguntzen ildoek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra bete behar dute.
Lege horiek bete beharrak diru-laguntzen programen ohiko kudeaketari ezartzen dizkion baldintzak garatuta daude Etxebizitzako sailburuordearen maiatzaren 23ko 2/2017 Instrukzioan, zeina aldatu baitzen Etxebizitzako sailburuordearen 2/2018 Instrukzioaren eta azaroaren 28ko 4/2017 Instrukzioaren bitartez.
Zazpigarrena.– «Birgaitzea» izeneko epigrafea eta, zehazki, etxebizitzen eta eraikinen energia-efizientziara bideratutako diru-laguntzak estaliko dituen zatia EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren laguntzarekin finantzatuko da, 2014-2020 programazio-aldirako.
Hori dela eta, diru-laguntza hauen onuradun diren jabekideen erkidegoek beren gain hartu behako dituzte «Laguntzaren baldintzak ezartzen dituen dokumentua-LBED» agirian zehaztutako betebehar gehigarriak, Etxebizitzako sailburuaren apirilaren 26ko 1/2017 Instrukzioarekin bat.
Arlo honetan azkenean emango diren diru-laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. apartatuko 115. artikuluan aurrez ikusitako zerrenda publikoan agertuko dira.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 29a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.