EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2018168

AGINDUA, 2018ko uztailaren 30ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira immigrazioko teknikarien kontratazioaren jarraipenerako eta erakunde publikoek immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko oinarriak eta laguntza horietarako deialdia egiten baita 2018. urterako.

Gaiak: LAGUNTZAK
Xedapenaren data: 2018-07-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201804387
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, kendu eta aldatzeari, eta Sail horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazteari buruzko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak gizarteratzearen sustapena, garapen komunitarioa eta immigrazioaren arloak identifikatzen ditu, eskumenei dagokienez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkion arloetako batzuk bezala.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura finkatzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuak, bere aldetik, gai hauen gaineko zeregin eta jardun-eremuak ezartzen ditu: boluntariotza, gizarte-ongizatea eta gizarte-zerbitzuak, immigrazioa, gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka, erakundearteko adostasuna sustatzea, elkarrizketa soziala, lanbide-lankidetza, elkartasun zibikoa, sareko lana, jakintzaren kudeaketa eta herritarren partaidetza sustatzea gizarte esku-hartzeen eta gizarte-politiken eremuan; eta jardun-eremu lehenetsitzat dauzka eskubide sozialak baliatzeko ikuspuntutik gizarte-egoera bereziki zaurgarrian bizi diren pertsonak eta kolektiboak.
Aipatu eginkizunak betetzean, gizarte-zerbitzuak dira gizarte esku-hartzea burutzeko eremu pribilegiatu nagusia. Hau orain, zerbitzu horietatik haratago ere joan daiteke esku-hartze hori, batez ere zeharkako esparru edo gai jakin batzuetara proiektatzen bada, etorkinen gizarteratzea eta, oro har, kulturarteko elkarbizitza, kasu.
Gainera, eta zeharkako politika honen inguruan, Eusko Jaurlaritzak jardun handia burutu du beste erakunde publiko batzuei zuzendutako diru-laguntzak banatzen, batez ere udal-esparruan langileak kontratatzeko diru-laguntzak emanez, horiek etorkinen gizarteratzearen eta integrazioaren zeharkako ikuspegiak bereziki kontuan hartuko dituzten jarduerak eta esku-hartze soziala bultza ditzaten. Diru-laguntzen ekintza hori egoera jakin batzuetan justifikatu da bereziki, zehazki, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak gauzatzean sustatu zituen plan eta ekimenen inpaktua plan eta ekimen horiek egikaritzeko lanean inplikatutako erakunde publikoek zaila zutenean xurgatzea eta beren gain hartzea.
Era horretan, Agindu honen bitartez Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak jarraipena eman nahi dio azken urteotan etorkinen gizarteratze-politiken esparruan garatu den diru-laguntzen politikari.
Zalantzarik ez dago immigrazioarekin eta kulturarteko bizikidetzarekin, besteak beste, lotutako zeharkako politiken legeria eta planak geroz garbiago zuzentzen direla erakunde publikoen sarearen erantzukizunak identifikatzera, eta erakundeak elkarren artean geroz maila berean lankidetzan aritzera. Hala ere, horrek ez du baztertzen, egoera jakin batzuetan eta baldintza zehatz batzuekin, erakundearteko lankidetza horretan funtsen eskualdatzea ere egotea erakunde batzuen eta besteen artean. Izan ere, agindu honek arautzen dituen bi diru-laguntzen lerroak 2018rako diru-laguntzen Plan estrategikoan daude jasota. Plana Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak onetsi zuen 2018ko urtarrilaren 15eko Aginduaren bitartez, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako arauei jarraiki.
Azkenik, sail honek arestian onetsi du Herritartasun, Kulturartekotasun eta Immigrazioko V Ekintza Plana, zeinak lehentasunezko hiru eremu nagusi ezartzen baititu: heziketa, enplegua eta elkarbizitza. Diru-laguntzetarako aurkezten diren jarduerak baloratzekorakoan, irizpide nagusia izango da zenbaterainoko eragina duten arlo horietan.
Hori dela eta, Agindu honek bi diru-laguntza lerro arautzen ditu:
a) Immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzak.
b) Immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jardueretarako laguntzak.
Bi lerro horien bidez (Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak kudeatzen du), immigrazioko teknikarien jarraipena eta EAEko erakunde-egituran immigrazioak duen errealitateari arreta handiagoa eta hobeagoa ematen eta, oro har, kulturarteko bizikidetza faboratuko duten esku-hartze sozialeko jarduerak finantzatzen dira.
Finantzaketari dagokionez eta agindu honetan arautzen diren laguntza ekonomikoak izapidetzeko, aurrekontu-kreditu nahikoa dago aurreikusita Euskal Autonomia Erkidegoko 2018rako Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 22ko 5/2017ko Legean.
Diru-laguntzen agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina eta haren garapen-araudia onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arau-esparruen barruan dago.
Horren guztiaren ondorioz, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da erakunde publikoei immigrazioko teknikariak kontratatzen jarraitzeko eta erakunde publikoek immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzea eta 2018. urterako deialdia egitea.
2.– Jarduera-ildoek, bai immigrazio-teknikarienek bai diruz lagundutako proiektu eta programenek, bat etorri beharko dute Herritartasun, Kulturartekotasun eta Immigrazioko V Ekintza Planarekin (2018-2020). Halaber, sailaren 2018. urterako Diru-laguntzen Plan Orokorrari jarraiki –sailburuaren 2018ko urtarrilaren 15eko aginduaz onetsi zen–, jarduera-ildo hauek jaso beharko dituzte: herritartasunaren eta immigrazioaren inguruko euskal politikaren egituraketa eta antolaketa, erakundeen barrukoa eta erakundeen artekoa; lana, prestakuntza eta eskola-arrakasta eskuratu ahal izatea, integraziorako eta zerbitzu eta programa publikoetan aniztasuna izateko bide gisa; parte-hartzea, kultura-aniztasuna eta elkarbizitza; eta, azkenik, bazterkeriaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako borroka, bereziki planak ezarritako lehentasunezko arloetan eragiten dutenak.
3.– Diru-laguntzak honako erreferentzia-irizpide hauei jarraitzen dieten eskabideei eman ahal izango zaizkie:
a) Prebentzioa: hasteko, lehentasuna arretarako premia agertzea, luzatzea edo areagotzea saihesten duen esku-hartzearen alde.
b) Ikuspegi komunitarioa: familia- eta komunitate-sareetan oinarritzen den eta haiek babesten dituen esku-hartzeak izango du lehentasuna, hurbiltasunari begira, betiere.
c) Pertsonalizazioa: arreta hobekien molda edo egoki dadin lortzeko modu malgua bilatuko da, arreta hori jasotzen duen gizabanako bakoitzaren premia, eskaera eta igurikimenetara molda edo egoki dadin.
d) Sinergia: doikuntza handiena, jarraitutasun handiena, arintasun handiena eta efektu biderkatzailea pertsonak jasotzen dituen prestazio eta zerbitzuen artean, eta horiek ematen dituzten sistema eta sareen artean.
e) Pertsonen eta taldeen autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzen da: pertsonek gaitasun onenak garatu eta eurengan eragin duen guztiari buruz albait gehien erabaki dezaten lan egiten da.
f) Normalizazioa: jendeari kulturalki arauemaileak edo sozialki balioetsiak diren inguruneak, jarduerak, baliabideak eta aukerak eskaintzen zaizkio eta, aldi berean, giza aniztasuna onartzen, errespetatzen eta indartzen da.
g) Gizarteratzea: hain murriztaileak ez izateaz gain albait irisgarrienak diren babesak, inguruneak, jarduerak, zerbitzuak eta baliabideak eskaintzen dira, hau da, komunitatearekiko harreman handiena sortzen dutenak; era berean, komunitatean ere esku hartu beharko da, informazioko, sentsibilizazioko eta diskriminazioaren aurkako borrokari begira.
h) Kudeaketaren etengabeko hobekuntza, plangintza estrategikoko, komunikazio integratzaileko, jakintzaren eraikuntzako, enpleguaren kalitatearen hobekuntzako eta inpaktuaren ebaluazioko tresnak sartuz, eta eraginkortasunik eza eta bikoiztasunak saihestuta.
i) Generoaren ikuspegia ebaluazioaren alderdi formaletan eta edukian, eta hizkuntzaren erabilera ez sexista. Burutzen diren egitarauek kontuan izan behar dituzte emakume eta gizonen behar espezifikoak, eta genero ikuspegia txertatu beharko dute horien plangintza, diseinu, egikaritze nahiz ebaluazioan.
4.– Kontratatutako langileen jarduna betearazteko edo jarduerak garatzeko epea 2018ko ekitaldia da.
2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde publiko interesdunek bitarteko telematikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatu, zuzendu, justifikatu eta burutzeko.
2.– Eskabide-eredua –agindu honen eranskinean jasoa-, eskabidea izapidetzeko zehaztasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak eskura daude euskadi.eus egoitza elektronikoan.
3. artikulua.– Eskabideak.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
2.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barne, egoitza elektronikoko orri arautuen formularioen bidez beteko da, atal guztietan. Horrekin batera, diru-laguntzen lerro bakoitzerako eskatzen den dokumentazioa eta behar bezala betetako memoria aurkeztu beharko dira.
3.– Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du agindu honetan kontuan hartutako laguntza-lerro bakoitzean, hau da, guztira bi eskaera aurkeztu ahal izango ditu, gehienez. Gainera, diru-laguntzaren xede diren jarduerak taldekatu beharko ditu. Erakunde eskatzaile batek bigarren eskaera bat sartuko balu epe barruan, aurreko eskaera deuseztatuko litzateke.
4.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, bai eta eskabidearekin batera aurkezten duten dokumentazioa ere. Orobat, laguntza-eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
5.– Erakunde eskatzaileak bermatuko du Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan eta Adingabearen Babes Juridikoaren uztailaren 28ko 26/2015 Legean ezarritakoa. Hau da, adingabeekin ohiko kontaktua duen langile orok, izan kontratatua izan boluntarioa, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan beharko du.
6.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek Gizarte Segurantzako ordainketak eta zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3.artikuluan agindutakoaren arabera. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
7.– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
4. artikulua.– Izapidetzea, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko eta publizitatea emateko modua.
1.– Familia Politikarako eta Aniztasuneko zuzendaria izango da Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko eta ebazteko organo eskuduna, zeinak izendatuko baititu diru-laguntzen ebazpenerako proposamena egiteko eskumena izango duen Balioespen Batzordeko kideak eta baita Batzordeko idazkaritzaz arduratu den pertsona ere.
2.– Balioespen Batzorde hori gutxienez bi pertsonek eta gehienez lauk osatuko dute, eta Familia Politikarako eta Aniztasuneko Zuzendaritzako goi karguak edo langile publikoak izan beharko dute.
3.– Balioespen Batzordean sexu parekidetasuna egon dadin beharrezko neurriak hartuko dira, eta osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Kide anitzeko organo horren idazkaria zuzendaritzako enplegatu publiko bat izango da.
4.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariari dagokio prozeduran planteatu diren gai guztien gainean ebaztea.
5.– Esleipen-prozedura bakoitzean ematen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta eman diren kasuetan, laguntza jaso duten erakundeen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Ukatutako eskabideei denaz bezainbatean, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
6.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da horren kontra Gizarte Politiketako sailburuordearen aurrean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraituz.
7.– Erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu.
8.– Prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoaren Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1. a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
9.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.
5. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta ordainketa.
1.– Jardueren finantzaketari dagokionez, Familia Politiketako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak eskaera bakoitzean aurkeztutako jardueren aurrekontu osoaren % 75 bitarte finantzatu ahal izango du.
2.– Jarduerak garatzeko zein langileak kontratatzeko emandako laguntzak zatika ordainduko dira; % 70 diru-laguntza onartu ondoren ordainduko da, eta gainerako % 30a, berriz, jarduera amaitu eta bi hilabeteko epean, betiere diruz lagundutako jarduera 2019ko martxoaren 31 baino lehen justifikatuta.
3.– Diru-laguntzen lerroren batean baliabideak soberan geldituko balira, Balioespen Batzordeak proposa lezake beste lerroan erabiltzea, hartarako arrazoiak emanda.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundutako gastuen izaerari buruz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
2.– Diruz lagun daitekeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.
3.– Erakunde onuradunak azpikontratatu dezake jardueren egikaritzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritako baldintzetan, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100eko portzentajea azpikontratatu ahalko delarik.
7. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Ezingo dira izan onuradunak honako egoera hauetako batean diren erakundeak:
a) Laguntzak edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio- edo zigor-zehapen bat duena, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat. Horren haritik, ezin izango dute laguntzen deialdi honetako diru-laguntzarik eskuratu sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jasotako erakundeek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoek ere.
b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzea eskatuta izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izatea, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Erruduntzat jo izanik, hori eragin duen kausa dela-eta Administrazioarekin egindako kontraturen bat suntsitua duena.
d) Legezko ordezkaritza duen pertsona herri administrazioetako langileen bateraezintasun egoera batean egotea edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsi bat izatea, araudi aplikagarrian ezarritako baldintzetan.
e) Diru-laguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordaindu gabe dituztenean. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa da onuradun izateko zein emandako diru-laguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Onuradunek diru-laguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta dituztela ondorioztatuko da eman dituzten administrazioekin ez dutenean zorrik diru-laguntzen itzulketengatik edo, egotekotan, geroratuta, zatituta edo etenda –itzulketaren ebazpena aurkaratu bada– denean.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa da onuradun izateko zein emandako diru-laguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.
2.– Lekukotza judizial, telematika-ziurtagiri edo datuen transmisioen bidez justifika dezakete, teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen erregelamendu-mailako araudian ezarritakoari jarraituz; edo, kasuen arabera, baita administrazio-ziurtagiriaren bidez ere eta, agiri hori aginte eskudunak ematerik ez duenean, horren ordez aurkeztu ahal izango da administrazio-agintaritza edo notario publiko baten aurrean emandako erantzukizunpeko adierazpena.
8. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzaren beste sail edo erakunde autonomoren batek edota bestelako administrazio edota erakunde publiko zein pribaturen batek eman ditzakeen beste batzuekin, betiere xede eta helburu bera badute. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru-laguntzaren xede den kontratazioaren edo jardueraren guztizko kostua.
2.– Beste laguntza batzuekiko aldiberekoa bada, eta betiere laguntza horien guztien baturak diru-laguntzaren xede den kontratazio edo jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela aitortuko da, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuta.
9. artikulua.– Emateko ebazpenaren aldaketa.
1.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Familia Politiketako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio.
2.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira -betiere diru-laguntzaren xedea bete bada-, onuradun izateko betekizunak eta ezarritako betebeharrak, edo beste administrazioetatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
3.– Horretarako, Balioespen Batzordeak aztertu eta baloratu eta gero, dagokion aldaketa egiteko ebazpena emango da, eta ebazpen horren bitartez emandako diru-laguntzaren zenbatekoa egokitu egingo da, hain zuzen ere, diru-laguntza emateko ezarritako mugak eta irizpideak aplikatuz; erakunde onuradunak, bestalde, itzuli egin beharko du neurriz kanpo jasotako zenbatekoa.
10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Laguntza-lerro banarentzat ezarri diren betebehar espezifikoak ezertan galarazi gabe, onuradunen betebeharrak dira honako hauek:
a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman izana EHAAn jakinarazi eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.
b) Diru-laguntza eragin duen jarduera gauzatu behar da.
c) Diru-laguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede horretarako erabili behar da, eta prest egon behar da Familia Politiketako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak diruz lagunduko diren jarduerak noiznahi begizta ditzan onartzeko.
d) Familia Politiketako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatuko da, eta baita diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta diru-laguntzei dagokienez, Familia Politiketako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo zaio, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.
f) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla Familia Politiketako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari jakinarazi, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
g) Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Familia Politiketako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari horren berri eman.
h) Prestaturik eduki kontabilitate liburuak, erregistro izapidetuak eta merkataritza eta sektoreko legeen arabera onuradunak kasuan kasu izan behar dituen gainerako agiri guztiak, bai eta deialdiko agindu honek eskatutako kontabilitate-egoerak nahiz erregistro berezia, egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala burutu daitezen.
i) Jasotako diruaren erabilera egiaztatzen duten agiriak gorde, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatuak eta ikuskatuak izan daitezkeen bitartean, behintzat.
j) Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren marka agerrarazi, Lehendakaritzako Idazkari Nagusiaren 2017ko maiatzaren 22ko Ebazpenean (EHAA, 103. zk., 2017-6-1), zein Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (EHAA, 205. zk.,1999-10-26), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere, posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Marka hori Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari eskatu ahalko zaio. Nolanahi ere, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan. Jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenean garbi utziko da diru-laguntza jaso duen erakunde publikoak hartzen duela bere gain edukiaren erantzukizuna.
k) Jasotako dirua itzuli, Agindu honetan edo diru-laguntzei aplika daitekeen araudiak jasotzen dituen kasuetan.
l) Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du. Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html
m) Diru-laguntza jaso duten jarduerak aldatu edo moldatu nahi izanez gero idatziz jakinarazi; aldaketak egin ahal izateko, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak berariaz onetsi behar du eskaera.
n) Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari igorri agindu honen 10. artikuluan aurreikusitako justifikazio-agiriak, eta horren jarraipena eta ondorengo ebaluazioa egiten lagundu.
2.– Behin eskabidea aurkeztua izan eta aldaketaren bat emango balitz ondoren zehazten diren gorabeheren inguruan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.6 artikuluari jarraituz, honako hau:
a) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
b) Erakunde eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dagoen ala ez jakinarazi.
11. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Erakunde onuradunek honako hau aurkeztu beharko dute 2019ko martxoaren 31 baino lehen:
a) Diruz lagundutako kontratazioaren eta/edo jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatua erabilita. Eredu horren atal guztiak behar bezala bete beharko dira.
Memoria horretan justifikazio-kontu bat, hau da, dokumentu egiaztatzaile guztiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpena jaso beharko da, behar bezala sinatuta eta zigilatuta. Adierazpen horretan, dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, igorlea, kontzeptua, data, zenbatekoa eta, hala badagokio, Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak emandako zenbatekoari egozten zaion ehunekoa eta zenbatekoa adieraziko dira.
b) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, 2018an diruz lagundutako jarduerarako edota kontrataziorako bestelako finantzaketa-iturririk izan ote duen egiaztatzen duena.
c) Jardueraren inguruko dokumentazio publikoa, hala nola prentsako berri laburrak edo diruz lagundutako jardueraren garapenean sortutako materialetako bakoitzaren aleak, sortutako hizkuntza desberdinetan eta euskarri fisiko zein magnetikoan.
2.– Emandako diru-laguntzaren kontura egindako gastuen justifikazioa egiteko, dokumentu hauek onartuko dira:
1) Teknikariak kontratatzearen ondoriozko gastuak justifikatzeko:
a) Entitate onuradunaren gastua kontrolatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria, kontratatutako pertsonen identifikazio datuez eta datu-akademikoez gain, kontratatutako denbora eta kontrataziotik eratorritako diru-kostu osoa jasotzen dituena.
b) Ordainsarien ordainagiriak, eredu ofizialera eta Gizarte Segurantzaren kotizazio-buletin ofizialetara egokituak.
c) Zerbitzua kontratatuta duten erakundeek formalizatutako kontratuaren kopia bat eta dagozkion ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte. Kontratuan agertzen ez bada, honako informazio hau banakatu behar da:
– Kontratatutako pertsonen titulazioa.
– Kontratatutako pertsonen lan-kostua (Gizarte Segurantzako gastuak barne).
2) Jarduerak gauzatzearen ondoriozko gastuen justifikaziorako:
a) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, diruz lagundutako jardueraren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa jasoko duena.
b) Erakunde onuradunaren izenean egindako fakturak. Baliagarri izateko, faktura guztiek 2018koak izan beharko dute.
c) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatutako ordainagiriak, betiere finantza-erakundeek eginak badira eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.
3.– Diru-laguntza behar bezala gauzatzen dela egiaztatzeko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak dagozkion ikuskapen, jarraipen eta kontrol ekintzak burutu ditzakete, legeak agintzen duen epean.
12. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.
Erakunde onuradunak ez baditu betetzen deialdiaren Agindu honetan ezarritako betebeharrak, edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko Legegintza Dekretuaren VI. tituluan edo Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoak, diru-laguntza galduko du, horretarako berariaz irekitako espedientea izapidetu ondoren, eta jasotako zenbatekoak Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio, legokiokeen beste ekintzarik eragotzi gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) xedatutakoaren arabera.
II. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN LEHEN LERROA: IMMIGRAZIO-TEKNIKARIAK KONTRATATZEN JARRAITZEKO LAGUNTZAK
13. artikulua.– Xede espezifikoa.
1.– Laguntza-lerro honen xedea da toki-erakundeek beren ekimenez egindako esku-hartze soziala sustatzea, immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean toki-erakundeei laguntzeko.
2.– Horretarako, 2017an indarrean ziren eta aurreko deialdiren batean Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak diruz lagundu zituen immigrazio-teknikarien kontratazioak finantzatzen segituko da.
3.– Onuradunak esleitzen dizkion zereginak alde batera utzita, immigrazioko langile teknikarien lana zeharkakoa izango da, eta udal-arlo guztiak engaiatu eta inplikatu daitezen ahaleginduko da, migrazio-fenomenoaren ezaugarriak politika orokorren barnean hartzea lortzeko eta, era horretan, udal-mailako baliabideak eta zerbitzuak lortzeko aukera berdintasunean oinarrituta normalizatzeko.
Halaber, kontratatutako immigrazioko teknikariek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:
3.1.– Immigrazio eta kulturarteko bizikidetza arloan euskal politika diseinatzen, egikaritzen eta ebaluatzen lagundu.
3.2.– Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzatik edo tokiko erakundeetatik beretik sustatutako kontrastatzeko gunetan eta sareko lanean parte hartu.
3.3.– Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzarekin batera koordinatu horren mende dauden zerbitzuak, immigrazio eta kulturarteko bizikidetza arloan Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailetik sustatu eta zuzendutako politika eta estrategia orotan.
14. artikulua.– Erakunde onuradunak.
2017. urtean immigrazio-teknikariak kontratatuta izan dituzten eta aurreko deialdiren batean Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak emandako diru-laguntza jaso duten erakunde publikoak izan daitezke immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzen onuradunak.
15. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
2018ko ekitaldirako diru-laguntza lerro honi esleitutako zenbatekoa 381.920 euro da.
16. artikulua.– Banaketa-prozedura eta -irizpideak.
1.– Diruz lagun daitezkeen immigrazioko langile teknikarien lanpostu guztiek 2017an zeudenen jarraipena izan beharko dute.
2.– Erakunde eskatzaileek behar bezala justifikatu beharko dute bere udalerrian immigrazioko teknikariak kontratatzen segitzeko beharra.
3.– Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak 2018ko ekitaldiari dagokion langileen kostuagatik finantzatu ahal izango duen zenbatekoak ezin izango du inolaz ere gainditu 23.870 euroko zenbatekoa, lanaldi osorako kontratatutako immigrazioko teknikari bakoitzeko. Ehuneko hori kontratatutako langilearen lanaldiko dedikazioaren ehunekoan murriztuko da.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen onuradun diren erakundeen betebeharra izango da Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak emandako laguntza ekonomikoarekin batera beren gain hartutako kontratazioari eta ordainsariari dagozkien langileen gaitasun eta prestakuntza teknikoa eta profesionala zehaztea eta egiaztatzea.
III. KAPITULUA
DIRU LAGUNTZEN BIGARREN LERROA
IMMIGRAZIOAREN ETA KULTURARTEKO BIZIKIDETZAREN ARLOKO JARDUERETARAKO LAGUNTZAK
18. artikulua.– Xede espezifikoa.
1.– Laguntza-lerro honen bidez finantzatu nahi da immigrazio eta kulturarteko bizikidetza arloko jardueren prestaketa edo egikaritzea.
2.– Printzipio orokor gisa, diru-laguntzak Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak garatu, sustatu edo eskainitakoekin zuzenean edo zeharka –horren mendeko zerbitzuen bitartez– bat ez datozen jarduerak burutzeko emango dira.
19. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetza alorreko jarduerak prestatzeko edo egikaritzeko laguntzen onuradunak izateko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, partzuergoek, eskualdeek, eskualde garapenerako agentziek, udalaz gaindiko toki-erakundeek edota udalerrien elkarteek.
2.– Laguntza-eskaerak tokiko hainbat erakunderen artean egin litezke, beren artean zerbitzu mankomunaturik izan gabe ere. Kasu horretan, elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun izaera izango baitute. Halaber, elkarteek ordezkari edo ahaldun bat izendatu behar dute, zeina elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsia izango baita.
20. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
2018ko ekitaldirako diru-laguntza lerro honi esleitutako zenbatekoa 498.080 euro da.
21. artikulua.– Banaketa-prozedura eta -irizpideak.
1.– Jarduerei lehiaketaren prozeduraz emango zaizkie laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoari jarraituta. Balioespen Batzordeak
2.– Emandako diru-laguntzak ezin izango du inolaz ere gainditu eskatutako zenbatekoa edo jardueraren guztizko aurrekontuaren % 75a.
3.– Diru-laguntza lerro honetan aurkeztutako jarduerak balioesteko, alderdi hauek ebaluatuko dira:
a) Jardueraren bitartez erantzuna eman nahi zaion egoeraren eta horren helburuen garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradunen kopurua barne: 25 puntu, gehienez.
b) Herritartasun, Kulturartekotasun eta Immigrazioko V. Ekintza Planeko jarduera-ildoetan duen egokitzea_ 25 puntu, gehienez.
c) Agindu honen 1.3 artikuluan jasotako irizpideak eta genero-ikuspegia aplikatzean lortutako meritu bereziak: 20 puntu, gehienez.
d) Jardueraren eremuan beste gizarte-eragile batzuekin zein erakundetako, tokiko, probintzia eta erkidegoko beste eragileekin den koordinazioa: 20 puntu, gehienez.
e) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren, bideragarritasunaren eta ebaluagarritasuna barne: 10 puntu, gehienez.
22. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen erantzukizuna da Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoek finantzatzen lagundutako jarduerak indarreko araudiarekin bat datozela eta erreferentziazko arau eta estrategietan kokatuta daudela zaintzea, jarduera horiek Administrazio publikoek zuzenean kontratatutako langileek gauzatzen dituztenean nahiz horretarako kontratatutako erakunde pribatuek gauzatzen dituztenean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aipatutako diru-laguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 30a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.