EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2018167

EBAZPENA, 2018ko abuztuaren 6koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita 2018rako laguntzen deialdia, ekitaldi honetan EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako prestakuntza ematen duten entitate publiko zein pribatuentzat.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2018-08-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201804381
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/08/03an argitaratutako 2018/07/30reko 201800125 DEKRETUA

Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren bidez, EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak ezartzen dira; dekretu hori bat dator EAEko Laneko Osasunerako eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioaren III. atalean («Prebentziorako prestakuntza») ezarritakoarekin; akordio hura 1997ko abenduaren 11n sinatu zen eta 1998ko urtarrilaren 27ko EHAAn argitaratu (17. zk.).
Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2018ko ekitaldian gauzatzen diren ekintzetarako diru-laguntzen urteroko deialdi publikoa onartzen da, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Diru-laguntzen Plan Estrategikoarekin bat etorriz.
Horiek horrela, aipatutako Dekretuaren 9. artikuluan («Deialdiak eta baliabide ekonomikoak») ezarritako eskumenaz baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen helburua da 125/2018 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzen deialdia onartzea, 2018ko aurrekontu-ekitaldirako. Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren bidez ezartzen dira 2018ko urtarrilaren 1aren eta azaroaren 30aren bitartean EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Prebentzio-ordezkariak trebatzeko deitutako laguntzak finantzatzera bideratuko dira 300.000 euro, 4831130145499004 partidaren kontura, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. urteko Aurrekontu Orokorretan –abenduaren 22ko 5/2017 Legearen bidez onetsitakoak– ezarri diren aurrekontu-kredituen arabera.
Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuak (dekretu haren bidez, EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak ezartzen dira) 9. artikuluan xedatzen duena aplikatuz, ebazpen honetan ezartzen da deialdi honen guztizko aurrekontu-zuzkiduratik gehienez ere 100.000 euro bideratuko direla zati arautzailearen prestakuntza finantzatzeko eta gehienez ere 200.000 euro, zati teknikoaren prestakuntza finantzatzeko.
3. artikulua.– Erakunde hartzaileak.
Deialdi hau jarraian aipatutako erakundeei zuzenduta dago, baldin eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute, prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza emateko betekizunak betetzen badituzte eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak egiaztatu baditu:
1.– Prestakuntza-zentroak, publikoak zein pribatuak.
2.– Erakunde sindikalak.
3.– Prebentzio-zerbitzu egiaztatuak, zerbitzuak itunduta dituzten enpresetako prebentzio-ordezkariei dagokienez.
Publikotasun-ondorioetarako, Osalanen web orrian jarriko da egiaztatutako entitateen zerrenda.
4. artikulua.– Eskabideak izapidetzea.
1.– Diru-laguntza hau Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari eskatu ahalko diote EAEko enpresa edo lantokietan prebentzio-ordezkariei prestakuntza emateko egiaztatuak dauden erakundeek.
2.– Prestakuntza-ekintza bakoitzerako, diru-laguntza jasotzeko eskabidea aurkeztu beharko da, a) eta b) apartatuetan adierazitako prozeduretan eskuragarri dauden dokumentuekin batera, Eusko Jaurlaritzaren euskadi.eus egoitza elektronikoko izapidetze elektronikoaren bidez. Diru-laguntza jasotzeko eskabidearen edukiak ebazpen honen eranskinean zehazten dira.
a) Arau-arloko prestakuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egingo da diru-laguntza jasotzeko eskabidea, behean adierazitako helbidean. Horretarako, hainbat dokumentu atxiki beharko dira, helbide berdinean deskargatuko direnak:
Lan Arriskuen Prebentzio arautzailearen ordezkarien prestakuntzarako diru-laguntza (erreferentzia: 1029803).
Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/formacion-basica-normativa-dps/y22-izapide/es
Euskaraz: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/oinarrizko-prestakuntza-arau-arlokoa-pok/y22-izapide/eu
b) Arlo teknikoko prestakuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egingo da diru-laguntza jasotzeko eskabide elektronikoa, behean adierazitako helbidean. Horretarako, hainbat dokumentu atxiki beharko dira, helbide berdinean deskargatuko direnak:
Lan Arriskuen Prebentzio teknikoaren ordezkarien prestakuntzarako diru-laguntza (erreferentzia: 1029903).
Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/formacion-basica-tecnica-dps/y22-izapide/es
Euskaraz: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/oinarrizko-prestakuntza-teknikoa-po/y22-izapide/eu
3.– Aurten, deialdi hau argitaratu aurretik, eman diren prestakuntza-ekintzetarako, bai zati arautzailerako bai zati teknikorako, eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– «III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», diru-laguntza jasotzeko eskabideari loturiko prestakuntza-ekintzaren partaideen behin betiko datuak jasotzen dituen dokumentua.
4.– Gauzatuko diren prestakuntza-ekintzetarako, zati arautzailerako edo zati teknikorako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:
– «III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», diru-laguntza jasotzeko eskabideari loturiko prestakuntza-ekintzaren partaideen behin behineko datuak jasotzen dituen dokumentua.
5.– Espediente bakoitzera sartzeko eta horiek izapidetu eta jarraitzeko, entitate eskatzaileak «Nire karpeta» atalera sartu beharko du egoitza elektronikotik (https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/).
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Deitzen diren laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da. Epe hori 2018ko azaroaren 30ean amaituko da, egun hori barne, 24:00etan, edo deialdi honen xede diren diru-laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak agortzean. Azken kasu horretan, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Zuzendari Nagusiak emango du horren berri EHAAn.
2.– Entitate prestatzaileek programatuta daukaten prestakuntza-ekintza bakoitza hasi baino 7 egun lehenago, gutxienez, eskatu beharko diote Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari diru-laguntza. Aurten, deialdi hau argitaratu aurretik eman diren prestakuntza-ekintzen kasuan, diru-laguntza eskatzeko epea bi hilabetekoa izango da ebazpen hau indarrean sartzen denetik.
6. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epearen barnean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egin behar da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean daude, kontsultatu nahi izanez gero. Jakinarazpen hori egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean, interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da eta izapidea prozeduraren arabera egin dela; non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu, teknikoki edo materialki.
7. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.
1.– Deialdi honen xede diren prestakuntza-jarduerak finantzatzeko aplika daitezkeen prestakuntza-ordu bakoitzeko gehienezko modulu ekonomikoak (horien plangintza egitetik eta gauzatzetik eratorritako kostu guztiak barne) 112,50 eurokoak izango dira irakaskuntza-ordu bakoitzerako.
2.– Prestakuntza-jarduera bakoitzeko 15 partaiderentzat emango da diru-laguntza, gehienez ere.
15 partaide biltzen ez dituzten ikastaroetan, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera finantzatuko da prestakuntza.
15 partaide biltzen ez dituzten ikastaroetan, honako taula honetan ezarritakoaren arabera finantzatuko da prestakuntza:
15 partaide edo gehiago: % 100.
14 partaide: % 98.
13 partaide: % 96.
12 partaide: % 94.
11 partaide: % 92.
10 partaide: % 90.
10 partaide baino gutxiagoko taldeek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
3.– Ezingo dute diru-laguntzarik jaso deialdi honen bitartez gutxienez 10 ikasle biltzen ez dituzten taldeek. Prestakuntza honetan euskararen erabilera sustatzeko, euskarazko taldeak salbuespen izango dira, eta gutxienez 5 ikasle biltzen dituzten taldeak onartuko dira. Euskaraz gauzatzen diren jarduerak honako taula honetan ezarritakoaren arabera finantzatuko dira:
15 partaide edo gehiago: % 100.
14 partaide: % 98.
13 partaide: % 96.
12 partaide: % 94.
11 partaide: % 92.
10 partaide: % 90.
9 partaide: % 85.
8 partaide: % 80.
7 partaide: % 70.
6 partaide: % 60.
5 partaide: % 50.
5 partaide baino gutxiagoko taldeek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
4.– Diru-laguntzaren zenbatekoak barnean hartzen ditu prestakuntza-materialen gastuak.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak dagozkion prestakuntza-eskuliburuak emango dizkio doan ikasle bakoitzari. Sobera geratzen diren eskuliburuak Osalani itzuli beharko zaizkio.
5.– Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzeko azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua aplikatuz, bazterkeriak prebenitzeko edo ezabatzeko xedearekin eta desgaitasunen bat duten prebentzio-ordezkariek prestakuntza jasotzeko dauzkaten zailtasunak edo desabantailak konpentsatu nahian, komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarri guztiak jarriko ditu Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, deialdi honetatik ordainduta.
8. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, diru-laguntza jasotzen duen entitateak Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan aurkeztu beharko ditu dokumentu hauek, beterik:
– «III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», diru-laguntza jasotzeko eskabideari loturiko prestakuntza-ekintzaren partaideen behin betiko datuak jasotzen dituen dokumentua.
– «II. eranskina. Asistentzia-kontrolerako orria», dokumentu eskaneatua pdf formatuan. Prestakuntza-ekintza zein egunetan eman den jaso behar du, ikasle eta irakasle guztien NANa, izen-abizenak eta sinadura jasota.
2.– Diru-laguntza hobeto kudeatzeko eta prestakuntzaren kalitatea hobea izateko, dokumentu hauek ere aurkeztuko ditu (helbide elektronikoan deskarga daitezke):
–. «IV. eranskina. Prebentzio-ordezkariak parte hartu duen prestakuntza-ekintzaren datuak», dokumentu eskaneatu bakarra pdf formatuan. Zati teknikoa prestakuntza-zentro hautatu batean egiteko aurkeztu diren eskabide guztiak jasoko ditu. Zati arautzaileaz arduratzen diren entitateek soilik aurkeztuko dute dokumentu hau.
–.«V. eranskina. Prebentzio-ordezkariak parte hartuko duen prestakuntza-ekintzaren datuak. Laburpen bateratua» Excel formatuan edo kalkulu-orrian. Modu laburrean jasoko ditu prebentzio-ordezkariek aurkeztutako eskabideak.
–. «VI. eranskina. Ebaluazio galdetegia. Prebentzio-ordezkaria», dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzako ikasleek erantzundako inkestak jaso behar ditu, eta izena eman duten ikasleen kopurua eta inkesta hau erantzun duten ikasleen kopurua adieraziko dira.
– «VII. eranskina. Ebaluazio galdetegia. Irakasleak», dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzaren irakasleek erantzundako inkesta jasoko du.
3.– Aurten, deialdi hau argitaratu aurretik, eman diren prestakuntza-ekintzen kasuan, aipatutako justifikazio-dokumentazioa Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikora bidali beharko da, diru-laguntza jasotzeko eskabide elektronikoarekin batera, ebazpen hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean.
4.– Justifikazioak eta bete beharreko ereduak izapidetzeko azalpenak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide hauetan:
– Arau-arloa:
Lan Arriskuen Prebentzio arautzailearen ordezkarien prestakuntzarako diru-laguntza (erreferentzia: 1029803).
Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/formacion-basica-normativa-dps/y22-izapide/es
Euskaraz: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/oinarrizko-prestakuntza-arau-arlokoa-pok/y22-izapide/eu
– Arlo teknikoa:
Lan Arriskuen Prebentzio teknikoaren ordezkarien prestakuntzarako diru-laguntza (erreferentzia: 1029903).
Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/formacion-basica-tecnica-dps/y22-izapide/es
Euskaraz: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/oinarrizko-prestakuntza-teknikoa-po/y22-izapide/eu
9. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko modua.
1.– Deialdiaren ebazpena, diru-laguntza emateari dagokionez, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emango du, erakunde horretako teknikariek egindako txostenak aintzat hartuta.
2.– Eskabideek deialdiko betekizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan ebatziko dira, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako aurrez ikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Funtsak agortzen badira, aurkeztu diren eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira, uneko deialdiaren esparruan.
3.– Hartutako ebazpena erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie, banaka, gehienez ere bi hilabeteko epean, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu eta biharamunetik aurrera.
4.– Atal honetan aipatutako epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, beren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute erakunde interesdunek, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
5.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera emango dio, eta, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, zuzenean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
6.– Publikotasun-ondorioetarako soilik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira diru-laguntzak emateko ebazpenak.
10. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuan adierazten denez, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: datu pertsonalak babestearen arloko araudi berria, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua –datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa– (datuen babesari buruzko erregelamendu orokorra); abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa; eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa. Dekretu honen ondorioz izapidetutako datu pertsonalak fitxategi batean bilduko dira, eta diru-laguntzak nahiz arlo honekin lotutako bestelako espediente administratiboak kudeatzeko erabiliko dira.
Lan eta Justiziako sailburuaren 2017ko uztailaren 13ko Agindua, Lan eta Justizia Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren datu pertsonalen fitxategiei buruzkoa (2017ko uztailaren 31ko EHAA, 144. zk.) eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko abenduaren 2koa Agindua, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzkoa (2015eko abenduaren 10eko EHAA, 235. zk.) jarraituz, inprimakia betetzean jasotako datu pertsonalak «Prebentzio-ordezkarien ikastaroak» fitxategian sartu eta tratatuko dira. Fitxategiaz eta zerbitzuaz arduratzen den organo honen aurrean baliatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea. Fitxategiaren tratamenduaren arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zuzendaria. Fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: laneko arriskuen prebentzioari buruzko ikastaroak antolatzea. Ikastaro horien egiaztapena. Legitimazioa: interesdunak emandako baimena edozein unetan ezeztatu ahal izango da, ezeztatu aurreko baimenean oinarritutako tratamenduaren zilegitasunari kalterik egin gabe. Informazioaren hartzaileak: erakunde sindikalak. Eskubideak: sarbidea eskatzeko, datuak zuzendu eta ezabatzeko, tratamendua mugatzea edo horri uko egitea eskatzeko, datuen eramangarritasuna eskatzeko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren aurrean dagokion erreklamazioa aurkezteko eskubideak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea. Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da hori.
Barakaldo, 2018ko abuztuaren 6a.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
ALBERTO ALONSO MARTÍN.
ERANSKINA
Eskabideko prozeduretan jasotzen diren datuei buruzko informazioa.
Eranskin honek informazioa besterik ez du ematen, eta diru-laguntzaren eskabide elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren euskadi.eus egoitza elektronikoan egitean zer egitura eta eduki aurkituko dituzten ezagutarazi nahi die entitate interesdunei.
1.– Edozein diru-laguntza eskatu aurretik, prestakuntza emateko eskakizunak betetzen direla egiaztatu behar da, abuztuaren 6ko 125/2018 Dekretuaren 5. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Egiaztaturik egon ezean, egiaztapena egiteko eskabidea egin beharko da. 2017ko deialdian baimena lortu duten entitateek badaukate, abuztuaren 6ko 125/2018 Dekretuaren xedapen iragankor bakarrean xedatutakoari men eginez, zenbait betekizun justifikatu beharrik ez izatea. Horretarako, dagokion erantzukizunpeko adierazpena bete beharko dute. Eskabide berria eta erantzukizunpeko adierazpenaren sinadura entitate onuradunen eskura egongo dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:
Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena (erreferentzia: 1042406).
Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/autorizacion/formacion-basica-delegados-prevencion/y22-izapide/es
Euskaraz: https://www.euskadi.eus/baimena/oinarrizko-prestakuntza-prebentzio-ordezkariak/y22-izapide/eu
Egiaztapena egin ondoren, ebazpen honetan aipatzen den diru-laguntza jasotzeko eskabidea egin ahal izango dute entitateek.
2.– Arau-arloko prestakuntza egiteko diru-laguntzaren eskabidea helbide honetan egingo da, eta eskatutako dokumentazioa atxikiko da:
Eskabidea Lan Arriskuen Prebentzio arautzailearen ordezkarien prestakuntzarako diru-laguntza (erreferentzia: 1029803).
Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/formacion-basica-normativa-dps/y22-izapide/es
Euskaraz: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/oinarrizko-prestakuntza-arau-arlokoa-pok/y22-izapide/eu
3.– Arlo teknikoko prestakuntza egiteko diru-laguntzaren eskabidea helbide honetan egingo da, eta eskatutako dokumentazioa atxikiko da:
Lan Arriskuen Prebentzio teknikoaren ordezkarien prestakuntzarako diru-laguntza (erreferentzia: 1029903).
Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/formacion-basica-tecnica-dps/y22-izapide/es
Euskaraz: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/oinarrizko-prestakuntza-teknikoa-po/y22-izapide/eu
4.– Diru-laguntzak jasotzeko eskabide elektronikoek atal hauek dituzte:
a) Oinarrizko datuak. Atal honetan, datu hauek beteko dira:
– Entitateko eskatzailea: entitateko titularraren eta/edo entitateko ordezkariaren datuak betetzeko jarraibide guztiak aurkituko dituzu eskabidean. Entitate eskatzailearen txartelarekin sinatutako eskabidearen kasuan, entitateak sinatuko du elektronikoki Eusko Jaurlaritzak aitortutako pertsona juridiko baten txartelarekin, eta ez da beharrezkoa izango inolako ordezkapen-ahalorderik aurkeztea; izan ere, eskabidea entitateak egiten du bere izenean. Entitate eskatzailearen pertsona ordezkaria identifikatzen duen txartelarekin sinatutako eskabidearen kasuan, entitatea legez ordezkatzeko ahalordeak dituen pertsona fisiko horrek Eusko Jaurlaritzak identifikazio fisikorako aitortu dion txartela erabiliko du, baina, kasu guztietan, alta emanda egon beharko du Eusko Jaurlaritzako ordezkari-erregistroan. Onartutako ziurtagiri elektronikoen inguruko informazio gehiago lortzeko, kontsultatu ezazu hau: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu/
– Entitatearen IFKren eta izen ofizialaren datuak.
– Ordezkaritzaren titularra.
– Erakunde eskatzailearen datu fiskalak dituen lurralde historikoa/probintzia.
– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.
– Abisuak jasotzeko datuak.
– Jakinarazpen, komunikazio eta oharretarako hizkuntza (euskara – gaztelania).
– Prestakuntza-ekintzaren datuak.
– Prestakuntza emango duten irakasleak.
b) Markatu beharreko erantzukizunpeko adierazpenak:
Zure erantzukizunpean aitortzen duzu adierazpen hauetan azaltzen diren datuak benetakoak direla.
Administrazioak prozedurarekin ez jarraitzea erabaki dezake datuak zehatzak ez badira, faltsuak badira edo zerbait nahita esan gabe geratu bada. Horrek ez du eragotziko izan daitezkeen bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboek aurrera egitea.
Berariaz aitortzen dut erakunde eskatzailea:
– Ez dela diru-laguntza edo laguntzarik jasotzen ari, xede eta helburu bererako, ez administrazio publikoetatik ez erakunde pribatuetatik.
– Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
– Ez zaiola legez debekatu laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea, sexu-bazterkeriagatikoak barne.
– Ez duela zigorrik jaso arau-hauste astunen eta/edo oso astunen ondorioz, azken urteetan, lan-segurtasun eta -osasunaren arloari dagokionez.
– Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean jasotako betebeharrak betetzen dituela, alegia, prebentzio-antolamenduko eredua, arriskuen ebaluazioa, prebentzio-jardueren plangintza eta, kasua bada, prebentzio-sistemaren ikuskapena.
– Indarrean dauden arauetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela.
– Eskabide honetan bildutako datuak eta eskabideari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak dira.
– Zerga-betebeharrak betetzen dituela.
– Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak ordaindu dituela.
– Ez duela legez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntzarik jaso estatu-laguntzen araubideen bidez eta, kasua bada, jasotako diru-laguntza eta dagozkion interes ekonomikoak blokeatutako diru-kontu batera itzuli ez dituztela.
c) Dokumentazioa atxikitzea. Ebazpenaren 4. eta 8. artikuluetan adierazitako dokumentuak atxiki behar dira, ikastaroaren datuei buruzko informazioa emateko: prestakuntza-ekintzaren mota, data(k), egikaritze-tokia, irakaslearen eta bertaratutakoen datuak, besteak beste.
d) Berariazko aurkakotasuna (39/2015 Legearen 28 artikulua). Entitate eskatzaileak lauki hau markatu beharko du, instrukzio-organoak datuak (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzari dagozkionak egunean edukitzeari buruzkoak) jasotzearekin ados egon ezean. Aurka egonez gero, dokumentuen bidez justifikatu beharko dira alderdi horiek (horretarako, «Erantsi dokumentuak» botoia erabil daiteke, atal honetan, espedienteari erantsi nahi zaizkion dokumentuen kopia eranstea ahalbidetzen baitu).
e) Azkenik, entitate edo pertsona eskatzaileak elektronikoki sinatuko du, eta eskabidea bidali. Eskabidea aurkeztu duela dioen erregistro telematikoa jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak elektronikoki sinatu duena.
Erregistro-dokumentuan, erregistroaren datuak (erregistro-zenbakia, erregistro-data eta berori aurkeztu den eguna), eskatzaile interesdunaren datuak, helmuga, gaia eta erantsitako dokumentuen zerrenda jasotzen dira.
Jarraian, diru-laguntza eskatzen duten entitateek prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, gehienez ere, ebazpenaren 8. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
Aurten, deialdi hau argitaratu aurretik, eman diren prestakuntza-ekintzen kasuan, aipatutako justifikazio-dokumentazioa bidali beharko da, diru-laguntza jasotzeko eskabide elektronikoarekin batera, ebazpen hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.