EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2018167

AGINDUA, 2018ko uztailaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena; zeinaren bidez iragartzen baitira itunpeko ikastetxe pribatuetako giroa euskalduntzeko 2018-2019 ikasturterako laguntzak.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-07-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201804380
Maila: Agindua
Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak honela dio bere 17. artikuluan: «Jaurlaritzak, ikasleei nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskara-giroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzabideetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskara agizko adierazpide eginez». Ildo beretik, Hezkuntza eta Kultura Sailaren 1983ko abuztuaren 1eko Aginduak (1983ko abuztuaren 19ko EHAA, 122. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko irakasmaila ez unibertsitarioetan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duen uztailaren 11ko 138/1983 Dekretua garatzen duenak, bere 12. artikuluan, zera dio: «Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu euskararen erabilera eskola-giroan bermatzeko, klase barruan nahiz klasez kanpoko ekintzetan ohiko adierazpide bihurtuz».
Honen haritik, Nolega izeneko ekimen sorta moldatu zuen Hezkuntza Sailak 1984tik aurrera. Atal horrek, urte guzti hauetan eta gaur egun arte, etenik gabe hainbat ekimen bideratu, antolatu edota diruz lagundu du. Ahozko erabilera areagotzeari begira, deialdi sorta zabala eskaini izan du urtero. 2013-14 ikasturtetik aurrera, ikastetxe gisa arlo honi modu bateratuan erantzungo dion ekimena proposatu zuen. Horregatik, Nolega Deialdi Bateratuan lehengo ildo berezituak bildu dira: Ahozko Adierazpena (eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, kontalaritza eta irratigintza); Ikasgelaz kanpoko Ekintzak (IKE); Euskal Girotze Egonaldiak (EGE); eta Ikastetxeen arteko binakako loturak (Ikabil).
Ikasleek hizkuntza arloko gaitasun guztiak eskuratzea da hezkuntza sistema honek duen egiteko nagusienetako bat, eta horrela jasotzen du Heziberri 2020 planaren marko berriak. Marko hori garatzen duen abenduaren 22ko 237/2015 Dekretuak, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak, honela dio, besteak beste, bere 9. artikuluan: «Haurrak entzuteko, adierazteko eta hitz egiteko gaitasuna garatu behar du». Horrez gain, 236/2015 Dekretuak, abenduaren 22koak, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duenak, honela dio bere 10. artikuluan, elebitasuna eta eleaniztasunaren gainean zera adierazten duenean: «bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea da hezkuntza-sistemaren xedeetako bat (...), euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izan dadin bultzatu eta bermatu behar du hezkuntza-eskumenak dituen sailak».
Horretarako, ez da nahikoa ohiko klase emankizunetan lantzen diren gaitasunak jorratzea. Gelako metodologia erabat paradigma komunikatiboetan kokatzeaz gain, eskola esparruko beste hainbat ekimen osagarri ere eskaini beharko dizkio ikasleari. Batez ere, ikasleengan hizkuntza-gaitasuna eta bat-bateko jariakortasuna bermatu nahi da. Horretarako, eskola-giroan hizkuntza lantzeko saiakera biziak eta naturalak egiten dira; saiakerok babestea eta sustatzea du helburu deialdi honek, ikaslearen bizipenetan, adierazpenetan eta irudikapenetan euskara txertatuz.
Beraz, orain artekoari jarraituz, bidera daitezkeen gainerako ekintzei kalterik egin gabe eta beste aurrerapauso bat emanez, 2018-2019 deialdia egitea erabaki da.
Deialdi honetan aplikagarri izango da ondoko araudia: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenak (EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan); eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen dutenek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aginduaren xedea.
Agindu honen xedea hauxe da: 2018-2019 ikasturtean eskola eremuan euskararen erabilera areagotzeko diru-laguntzak emateko oinarriak onartzea eta diru-laguntzak iragartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek aurreikusi ez duenari dagokionez, aintzat hartuko dira bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, bai Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta, halaber, diru-laguntza publikoak erregulatzen dituzten arauak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 26a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
OINARRI-ARAUAK
1.– Zer ekintza lagunduko diren eta zeintzuk diren baldintzak.
Laguntza deialdi honen bidez, ikasgela barruan zein kanpoan burutzekoak diren ondoko jarduera hauek lagunduko dira diruz:
a) Ahozko Adierazpena. Ikastetxeetan hizkuntzaren ahozko erabilera egoera ez formaletan bultzatzea, eskola-giroa euskalduntzeko asmoz egiten diren saio-jardueren bitartez: eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, irratigintza, kontalaritza eta ikasleen ahozko adierazpena hobetzeko asmoz eskolara gonbidatuak ekartzea. Ezinbestekoa izango da antolatutako jardueren arduraduna ikastetxea bera izatea eta, horren izenean, ikastetxeko zuzendaria.
b) IKE (Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak). Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, ikasgelatik kanpo eginiko jarduerak:
b.1.– Ikastetxearen barruan, arlo akademikotik kanpo, euskaraz bizitzeko helburuarekin prestatutako jarduerak (jarduera bere osotasunean lagunduko da diruz: lanketa fasea, emanaldia, atrezzoa, bibliografia, jantziak..).
b.2.– Guraso, langile ez-irakasle edo irakasleentzat antolatutako berariazko jarduerak, beti ere horien helburua ikasleen erabilera areagotzea denean.
Ikastetxean euskararen erabilera sustatzeko egiten diren jarduerak modu zabalean hartuko dira kontuan atal honetan, alegia, ikastetxearen antolamenduarekin zein pertsonen dinamizazio-motibazioarekin zerikusia dutenak, eta dagokion ikastetxeko planean kontuan hartuta daudenak.
Atal honen barruan ez dira sartuko, bestalde, berariazko laguntza bidea duten irakasleen prestakuntza edo berrikuntza-jarduerak: Irale, Prest Gara...
b.3.– Erabilera areagotzeari lotutako eskola antolamenduzko jarduerak: hizkuntza paisaia, liburutegia, idatzizko arauak ...
Ekimen hauen helburu nagusia euskararen erabilera bultzatzea eta ahozkotasuna lantzea dela kontuan hartuta, ez dira diruz lagunduko arte-lanketarako, gorputz- espresiorako, ikus-entzunezko efektuetarako eta abarretarako gastuak; ezta horrelako beste edozer hobetzeko erabiliko liratekeen gastuak ere.
c) EGE (Euskal Girotze Egonaldiak). Euskal giroan bizipena eskaintzeko asmoz antolatutako egonaldiak. Gutxienez 2 gaueko iraupena izan behar dute diruz lagunduak izateko.
Sailak kudeatzen dituen Euskal Girotze Barnetegietan egiten diren egonaldiak berariaz lagunduak direnez, ez dira kontuan hartuko deialdi honetan.
d) Ikabil (Ikastetxeen arteko binakako loturak). Euskal kultura, hizkuntza zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzea helburu duten ikastetxeen arteko truke-irteerak.
Kultura molde, euskal hizkera zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzeko egiten diren ikastetxe-trukeak izango dira lagunduak. Truke orok 2 gaueko iraupena izan behar du gutxienez. Normalean bi egonaldi izango dira, truke-kide bakoitzaren lekuan bana, alegia. Halere, salbuespen bezala, egonaldi bakarra egin ahal izango da, adostutako aterpe batean edo ikastetxe bakar baten herrian, bi ikastetxeen arteko distantziagatik edo beste arrazoiren bat dela medio.
Trukea EAEko ikastetxeen artekoa denean, ikastetxe biek bete behar dute eskabidea. Trukea Nafarroako edo Iparraldeko ikastetxe batekin egin nahi bada, berriz, EAEkoak soilik egingo du eskabidea, eta diru-laguntza osoaren jasotzailea ere bera izango da.
2.– Jarduerak burutzeko epea.
Laguntza-deialdi honek 2018-2019 ikasturtean burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Deialdi honen bitartez diruz lagundutako egitasmoak justifikatzeko azken eguna 2019ko ekainaren 15a izango da; hori dela-eta, egitasmo horiek data hori baino lehen eskaini, eman, aurkeztu edota gauzatuko dira.
3.– Diru-baliabideak.
Laguntza deialdi honetarako erabiliko den diru-kopurua 190.000 eurokoa da.
4.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman ditzaketenekin. Hala ere, diru-laguntzaren kopuruak ez du inola ere, bakarka edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, diruz lagundutako jardueraren kostua gaindituko. Kasu horretan, deialdi honen bidez emandako kopurua dagokion zenbatekora murriztuko da.
2.– Deialdi honetara aurkezten diren ikastetxeek, laguntzagai diren jarduerak egiteko, beste erakunde publiko edo pribatutatik laguntzarik eskatua badute, edota halakorik jasoak badira, horren azalpena egin beharko dute, berariaz, eskabide-orrian, dagokion atalean.
5.– Onuradunak.
1.– Diru-laguntza deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzenduta dago, hain zuzen ere ondoko mailak eskaintzen dituztenei: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza. Horiez gain, deialdi honetan parte hartzeko aukera izango dute maila horietan aritu ez arren, Ulibarri programan dauden ikastetxeek.
2.– Ezingo dira deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 13.2 artikuluan jasotzen dituen egoera horietakoren batean dauden ikastetxeak. Besteak beste, Ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betekizun guztiak egunean izan behar dituzte. Datu horiek egiaztatzeaz deialdiaren organo kudeatzailea arduratuko da, diru-laguntza eskatzen duten ikastetxeei baimena eskatu gabe. Datuok bitan egiaztatuko dira: diru-laguntza esleitzerako eta ordainketa egin aurretik. Edozelan ere, eskatzaileak uko egin diezaioke betebeharrak ofizioz egiaztatzeari, betiere, bere Ogasun eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunen aitorpena aurkezten badu, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duenak, 22.4 artikuluan dioen bezala.
Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
Halaber, ezin izango dute deialdi honetan laguntzarik jaso zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian. Honen haritik, eskatzaileak arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena egin beharko du.
6.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan ezartzen diren baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak eskuratu nahi dituztenek, besteak beste, honako hauek:
a) Diru-laguntzak oinarri duen helburua lortzea, eta horretarako eskabidean zehaztutako helburuak burutzea.
b) Baldintzak bete direla egiaztatzea, eta diru-laguntza deialdiak dituen jarduerak bete direla eta helburuak lortu direla ziurtatzea.
c) Egin daitezkeen egiaztatze eta kontrol finantzarioei men egitea, horretarako beharrezko informazio guztia aurkeztuz. Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzaren inguruan Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.
d) Diruz lagunduriko jarduerentzat bestelako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta izatekotan, deialdiaren bidez esleitutako diru-laguntza eskuratu aurretik.
e) Jasotako diru-laguntza hartu dela egiaztatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontroleko jarduerak aurrera eraman ahal izateko.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan ezarritakoa betetzea, alegia, diru-laguntzen bidez burutzen diren ekimenen iragarki eta publizitatean ekimenak diruz lagunduak direla aipatzea.
g) Jasotako diru-laguntza itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan aipatzen dituen kasuetan.
2.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.
3.– Ikasleen aniztasuna aitortzea eta errespetatzea, eta gaitasun diferentea duten ikasleen beharretara egokitzeko aukerak ematea, askotariko errealitateak kontuan hartuta, deialdi honen esposizio-atalean aipaturiko 236/2015 eta 237/2015 dekretuek arautzen dutenez.
4.– Jasotako diru-laguntza zuritzeko unean Eusko Jaurlaritzak bere gune elektronikoan duen kurtso bukaerako azalpen memoria betetzea eta bidaltzea. Bertan ikastetxeak ekintzen berri emango du, ekimen arduradunen izen-abizenak zehaztuko ditu, eta diru-justifikazio orria izeneko dokumentua ere bete beharko du.
7.– Eskabidea eta formularioak aurkezteko prozedura.
1.– Eskabidea modu elektronikoan egin beharko dute, laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi dutenek, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/nolega/y22-izapide/eu gunean, eta bi urratsetan:
a) Lehengo urratsa edo aurre-eskabidea: bertan egin beharreko ekitaldiei lotutako datuak sartuko dira. Aurre-eskabidearen zenbakia gorde egin behar da eskabidea egiteko.
b) Bigarren urratsa edo eskabidea: aurre-eskabidea bidali eta gero, eskabidea egin behar da. Horretarako, eskabidea bete, sinatu eta bidali egin beharko da. Eskabidea egiteko, beharrezkoa izango da identifikazio elektronikorako txartelen bat edukitzea.
Eskabidea egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak ere helbide horretan egongo dira eskuragai.
2.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratzen denetik hilabetekoa izango da. Epea hasi aurretik edo bukatu eta gero ezin izango da eskabiderik aurkeztu.
3.– Ikastetxe bakoitzak eskabide-orri bakar bat aurkeztu ahal izango du deialdi honetara. Eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten badira, erregistratua izan den azken eskabide-orria hartuko da kontuan.
4.– Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo osatu beharren bat sumatzen bada, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio, ondo osa dezan. Epe horretan osatu beharrekoa osatzen ez badu, ikastetxeak bere eskabideari uko egin diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.– Eskabidea egin ondoreneko izapideak Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak onartu direla adierazten du.
7.– E-Administraziorako Teknologi Plana (EATP) onartzen duten 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute tramitazio elektronikoa.
8.– Deialdiaren organo kudeatzailea.
Deialdi honen kudeaketa Hezkuntza Sailaren, Hezkuntza Sailburuordetzaren, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.
9.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Deialdiko baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiei esleituko zaie diru-laguntza.
2.– Gehienez 3.000 euroko laguntza esleituko da ikastetxeko.
3.– Eskabideak aztertu eta ondorengo irizpideak kontuan hartuta, laguntza-proposamenak egiteko ikastetxe bakoitzari puntuazio bat esleituko zaio. Deialdiak duen diru-baliabidea puntuazio horien arabera banatuko da.
10.– Balorazio-batzordea.
Eskabideak aztertu eta aurreko artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta laguntza-proposamenak egiteko, honako kide hauez osaturiko batzordea izendatuko du Hezkuntzako sailburuordeak:
– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo, bere ordez, Euskara zerbitzuburua: mahaiburu izango da.
– Berritzeguneetako hizkuntza-normalkuntzako hiru teknikari.
– Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuko teknikari bat, idazkari gisa.
11.– Ebazpena.
1.– Batzordeak deialdiaren ebazpen-proposamena eta batzordearen akta helaraziko dizkio Hezkuntzako sailburuordeari, eta honek dagokion ebazpena eman eta sei hilabeteko epean jakinaraziko du, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren iragarki-taulan (https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/) argitaratuko da ebazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa jarraituz, eta argitaratu eta biharamunetik hasita izango du eragina.
3.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak oharrak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo mezu elektronikoen bitartez, eskabide-orrietan adierazitako telefono mugikor edo posta elektronikoaren helbideetara. Ohar horiek ez dute, inolaz ere, jakinarazpen formalaren baliorik izango.
4.– Aipaturiko epean berezko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da. Aginpidedun organoak, eskatutako diru-laguntzari buruzko berariazko ebazpena emateko betebeharra du.
5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, argitaratu eta hilabeteko epean.
12.– Diru-laguntzaren ordainketa.
1.– Aurretiazko izaera duen ordainketa bakarrean gauzatuko da ordainketa eta ebazpena argitaratu ondoren jarriko da tramitean. Ebazpenaren jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamar (10) eguneko epean ikastetxe onuradunek diru-laguntzari espresuki uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartutzat joko da.
2.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Hezkuntzako sailburuordeak.
13.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Diru-laguntza jasotzen duten ikastetxeek, jarduera burutzen dutenetik 2019ko ekainaren 15era bitartean (azken egun hori barne) egin beharko dute burututako jardueraren justifikazioa, ondoko helbidean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak Bertan, ekintzen balorazioa, emaitzen galdeketa-memoriak eta diru-justifikazioa jasotzen dituen dokumentua aurkituko dute betegarri. Data horiek hasi aurretik edo bukatu eta gero ezin izango da justifikaziorik bete.
Justifikazioa egiteko jarraibide zehatzak ondorengo helbide elektronikoan azalduko dira: https://www.euskadi.eus/diru_laguntzak/2018/nolega/y22-izapide/eu
2.– Jasotako diru-laguntzaren justifikazioa garaiz eta zuzen amaitzen ez duenak, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko dizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera.
14.– Betebeharretan hutsegitea.
1.– Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eraman ez, edota baldintzaren bat bete gabe uzten badu, Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko dizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) zehaztutako prozeduraren arabera.
2.– Modu berean jokatuko da diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen den baldintzaren bat betetzen ez bada.
15.– Datu Pertsonalen Babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoa betez, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «Nolega» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduak (EHAA, 2010-10-05), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarenak, arautzen du, eta bere helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea da batetik, eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonak deialdiaren garapenari buruz informatzea bestetik. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.
Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.