EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018166

EBAZPENA, 2018ko abuztuaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko Jundiz Mendebaldea 21. sektoreko Plan Partzialaren 6. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2018-08-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201804377
Maila: Ebazpena
EGITATEZKO AURREKARIAK
2018ko otsailaren 19an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, ingurumen-organoaren aurrean, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako plan honi dagokionez: Vitoria-Gasteizko Jundiz Mendebaldea 21. sektoreko Plan Partzialaren 6. aldaketa (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu dira, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukia dutela, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluarekin bat, 2018ko apirilaren 11n, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea abiarazi zen, eta eskatu zitzaien bidal zitzatela egokitzat jotzen zituzten ingurumen-organo honek ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko oinarri izan zitezkeen ohar guztiak. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Uraren Euskal Agentziari eta IHOBEri (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), eta Arabako Ekologistak Martxan elkarteari. Uraren Euskal Agentziak, bestalde, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari egin zion kontsulta, 2018ko apirilaren 19an. Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Uraren Euskal Agentziak eta Ihobek (guztiak Eusko Jaurlaritzakoak) bidali dituzten txostenak espedientean jaso dira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Vitoria-Gasteizko Jundiz Mendebaldea 21. sektoreko Plan Partzialaren 6. aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Vitoria-Gasteizko Jundiz Mendebaldea 21. sektoreko Plan Partzialaren 6. aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, egiaztatzen da ingurumen-organoak, hots, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna berau, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) behar adina datu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, eta ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-ondoreetarako.
Honako hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko Jundiz Mendebaldea 21. sektoreko Plan Partzialaren 6. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Honako hau da Plan Partzialaren 6. aldaketaren xedea:
1.– Plan Partzialaren hirigintza-araudia eremu horretan zehaztutako uholde-arriskua duten eremuen mugapen berrira lotzea, betiere Uholde-arriskuen Ebaluazioari eta Kudeaketari buruzko uztailaren 9ko 903/2010 Errege Dekretuak ezarritakoa betetzeko egindako arriskugarritasunari eta uholde-arriskuari buruzko mapen arabera.
2.– Industrialdea zeharkatzen duen erreka-bazterretako erabilera arautzea Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren arabera.
3.– Plan Partzialaren indarreko ordenantza, ezaugarri bereizgarri batzuekin, orokorrean hiriko industrialdeetarako aurreikusitakoaren arabera moldatzea (Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 11. Ordenantza).
4.– Plan Partzialean orain arte egindako aldaketen testu bategina lantzea.
Helburu horiek lortzeko, araudian honako aldaketa hauek egitea proposatzen da:
1.– Uholde-arriskua prebenitzeari buruzko atal berri bat ezartzen da 10. artikuluan, bi paragrafo berriren bitartez: 10.Bis (gainezka egin dezaketen guneetako debekuak) eta 10.Ter (gainezka egin dezaketen guneetako betebeharrak). Eraikingintzaren ordenantza partikularrak eta eremuen erabilera. Debekua ezartzen da sotoak eraikitzeko eta 500 urteko errepikatze-denbora duten gainezka egin dezaketen guneetan hondakinak eta edozein motatako konposatuak biltzeko. Era berean, behin-behineko bizitegi-erabilerak eta segurtasuneko eta larrialdietako ekipoak 500 urtean behingo uholde-kotaren gainetik egon beharko dute.
2.– Paragrafo berriak ezartzen dira 19. artikuluan, espazio libreen, berdeguneen eta lorategien baldintzei buruzkoan, ibai-ertzetako landaredi-lerrotik 10 metro baino gutxiagora egitura linealak egiteko debekua ezartzeko, erreka-bazterretan landaredi autoktonoari eusten edo ezartzen laguntzeko eta horien hondamendia dakarten jarduketak edo lur-mugimenduak edo isurketak dakartzaten jarduketak saihesteko.
3.– Aldatu egiten dira 11.2 eta 12.2 artikuluak, Eraikingintzaren ordenantza partikularrak eta eremuen erabilerari buruzkoak. Honako hauek dira aldaketa garrantzitsuenak:
– Erabilera global produktiboko eremuetan, nekazaritza eta abeltzaintzako eremuak debekatuta egotetik berezko erabilera edo berezko erabileraren osagarri izatera pasatzen dira.
– Ekipamendu-erabilera globaleko eremuetan, ikuskizun modura erabiltzekoak debekatuta egotetik berezko erabilera izaera pasatzen dira.
– Hiri-zerbitzu orokorren erabilera globaleko eremuetan, hiri-zerbitzuak debekatuta egotetik onartuta egotera pasatzen dira, eta zerbitzuguneen eta hornidura-unitateen erabilera jarduera logistikoaren erabilera produktiboaren erabilera osagarri modura onartzen da. Erabilera hori debekatuta dago indarreko Plan Partzialean eta, orokorrean, baita ere Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 11. Ordenantzan. Ordenantza horrek hiriko industrialdeetako erabilerak arautzen ditu.
4.– 11. artikuluan, industrialdearen ordenantzei buruzkoan, biltegiratze-pabilioien gehienezko altuera % 50 luzatzea onartzen da, arrazoi teknikoak direla-eta justifikatuta baldin badago; horretarako baldintza izango da lursailaren lerrokatzeei eta mugei dagokienez egungo atzeraemanguneak baino handiagoak izatea.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proposatutako aldaketak ez du ezartzen baldintzarik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer-nolako eragina duen plan honek beste plan edo programa batzuetan: ez da hauteman bateraezintasunik beste plan sektorial edo lurralde-plan konkurrente batzuekin. Izan ere, aldaketa honen xedea duen plan konkurrente bakarra Arabako Lurralde Plan Partziala da, eta proposatutako aldaketa guztiz kongruentea da plan horrekin, Jundizko industrialdea Lurralde Plan Partzial horretan proposatutako Berrikuntza Arkuan txertatzen baita. Era berean, Plan Partzialak EAEko ibaiak eta errekak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren zehaztapenak jasotzen ditu.
c) Planaren egokitasuna ingurumenaren inguruko gaiak integratzeko, garapen iraunkorra sustatzeko xedearekin: sektorean erabilerak bateragarri egiteko aurreikusitako aldaketak eginda, ikus daiteke dagoeneko urbanizatuta dagoen lurzoruaren erabilera optimizatuko dela eta jarduera ekonomiko eta produktiboetarako, ekipamenduetarako edo zerbitzu orokorretarako lurzoru berriak erabiltzeko beharra gutxituko dela. Bestalde, Plan Partzialak, aldaketarekin, uholde-arriskua aurreikusteko, ibai-bazterrak babesteko eta ur-bazterrak zaindu eta bere onera ekartzeko neurriak jasotzen ditu.
d) Plan edo programari lotutako garrantzizko ingurumen-arazoak: nahiz eta sektorea «Zadorra ibaia/Río Zadorra» (ES 2110010), KBE Kontserbazio Bereziko Eremutik hurbil egon, aurreikusitako jarduketek ez dute eraginik izango Natura 2000 Sareko ingurune horretan. Beraz, esan daiteke ez dela hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Eraginpeko eremuan ez dago erasana izan dezaketen natura-ingurune adierazgarririk, ingurumen-balioko eremurik edo ingurumen-kalteberatasun aipagarriko gunerik. Sektorea «Zadorra ibaia/Río Zadorra» (ES 2110010), KBE Kontserbazio Bereziko Eremutik hurbil dago, distantzia aldagarri batera, eremuen arabera 250 eta 500 metro bitartean, eta KBEtik Madril-Irun trenbide-azpiegiturak bereizita.
Lursail batzuetan, Brontze Aroko txabolen aztarna arkeologikoak detektatu dira, eta, beraz, balizko arkeologia-gune izendatzeko proposatu da.
Eremuaren zati bati 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako etorbideek eragin diote, eta ez dago lursailik lehentasunezko fluxuaren gunean. Prebentziozko neurri gisa, Planaren arabera, 500 urteko errepikatze-denboran gainezka egin dezaketen guneetan, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak 100 urteko errepikatze-denboran gainezka egin dezaketen guneetan aplikatzea aurreikusten duena aplikatuko da.
Era berean, Plan Partzialak antolatutako azalera akuiferoetan eragin handia edo oso handia izateko arrisku guneak osatzen dute. Sektorean, Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako bi kokaleku daude.
Planari inpaktu akustikoari buruzko azterlana erantsi zaio. Azterlan horren arabera, kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira eta betetzen jarraituko dira etorkizunean.
Beraz, Plana garatzearen ondorioak lursail libreetan industria-eraikin berriak eraikitzeari lotutakoak dira; horrek atmosferara isuritako emisioak gehitzea (zarata eta isuri barreiatuak) eta hondakinak sortzea ekarriko du, zeinak amaituko baitira obrak egiteko fasea amaitzen denean. Aintzat hartzekoak dira baita ere industria-jarduerak berak sortutakoak (zarata eta zirkulazioa handitzea).
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak honako hauen arabera gauzatuko dira: indarreko araudia, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko txostena, eta, aurrekoari kalterik egin gabe, ingurumen-dokumentu estrategikoa eta Planean jasotakoa.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dauden sektoreko lursailei dagokienez (01059-01764 eta 01059-01765 kodeak), Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotzen diren inguruabarretako bat ematen bada, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena izapidetu beharko da, aipatutako legeak ezarritako prozedurari jarraituz (aipatu legearen 31. artikulutik 34.era).
Gainezka egin dezaketen guneetarako Plan Partzialaren araudiari dagokionez, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2.4.2 eta E.2.5 apartatuetan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, betiere kalterik egin gabe Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluak ezarritako txostena emateko eskumena duen administrazio hidraulikoak ezartzen duenari.
Balizko arkeologia-gune gisa proposatutako eremuan edozein obra-proiektu gauzatzen hasi aurretik (Berdegunea 3 eremuak eta Masparra izeneko P1, P2 eta P3 lursailak hartutako eremua), azterlan bat egin beharko da, eta, hori oinarri hartuta, Arabako Foru Aldundian kultura-ondarearen alorrean eskumena duen organoak erabakiko du ea beharrezkoa den esku-hartze arkeologiko bat egitea, zorupean egon daitezkeen aztarnen inguruan ondo dokumentatutako txosten bat egiteko.
Hartu beharreko gainerako neurriak plana gauzatzearen ondoriozkoak dira eta obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin zerikusia daukate (ikus I. eranskina, non planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuen zerrenda agertzen baita).
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, etxebizitzen eraikuntza iraunkorrerako gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko Jundiz Mendebaldea 21. sektoreko Plan Partzialaren 6. aldaketa gauzatzeak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Vitoria-Gasteizko Jundiz Mendebaldea 21. sektoreko Plan Partzialaren 6. aldaketa onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 20a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
I. ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).
– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritako xedapenetara.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.