EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2018163

AGINDUA, 2018ko uztailaren 31koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena; honen bidez, 2018ko ekitaldirako diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezartzen dira eta horietarako deialdia egiten da, ZTBP Euskadi 2020ren (BAI+D+i programa) «Hiri Habitat» aukera-nitxoko helburuak lortzen lagunduko duten ideia eta proiektu berritzaileak garatzeko.

Xedapenaren data: 2018-07-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201804363
Maila: Agindua
BAI+D+i (Berriz aztertu Auzoak I+G+B / Repensar los Barrios I+D+i) Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekimena da, auzoetako hiri-berroneratze integralerako proiektuetan berrikuntza sustatzeko. Ekimen hori «Euskadiko Hiri Agenda. Bultzatu 2050» estrategiaren barnean kokatuta dago; estrategia hori XI. legegintzaldiko gobernu-planaren barnean sartuta dago eta hiri-berroneratze integralerako proiektuak garatzeko esparru bat sortzeko xedea du.
Hiri-berroneratzearen arazoari ikuspegi holistiko batetik heldu behar zaio, jasangarritasunaren alderdi guztien multzoa aintzat hartuta (alderdi sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak); izan ere, hiri-errealitatearekin lotutako konplexutasunek ezin dute egon «eraikuntza jasangarri» edo «energia-eraginkortasun» bezalako elementuekin lotuta soil-soilik; gainera, esparru horretan abiarazitako euskal estrategiak nazioarteko agendetan (nola mundukoetan hala Europakoetan) sartu behar dira.
Hain zuzen ere, azken urteotan, nazioarteko agendek hiri-berroneratzearen planteamenduari buruzko ikuspegia aldatu dute; zehazki, NBEk eta Europar Batasunak Hiri Agenda Berria eta Europako Hiri Agenda hartu dute beren gain, hurrenez hurren. Testuinguru horretan, Euskadiko Hiri Agendaren helburua da esparru egonkor eta estrategiko bat sortzea; esparru horrek, energiaren, klima-aldaketaren, osasunaren, enpleguaren, lurralde-antolamenduaren alorretan gobernuek abiarazitako planetan ezarritako helburuetan oinarrituta, auzoak berroneratzeko ekimenak bilduko lituzke eta Euskadi hiri-berroneratze integralaren esparruan nazioarteko erreferente bihurtzeko helburua izango luke.
Ikuspegi berritzailea lehen mailako premia da estrategia horren barnean, bai teknologiari dagokionez (soluzioak digitalizazioan, material berrietan, mugikortasun adimentsuan, ekonomia zirkularrean eta abarretan) bai antolakuntzari gagozkiola (gizarte-berrikuntza, partaidetza-eredu berriak, finantza-berrikuntza, eta abar).
Agindu honen helburua da I+G+B-k Euskadiko Hiri Agendaren garapenari egindako ekarpenak bideratzea, merkatuaren eta gizartearen eskarira orientatutako ikerketa (Market PULL) eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapausoek bultzatutako ikerketa (Technology PUSH) bat etor daitezen lortzea sustatzeko moduan, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP) eta Espezializazio Adimentsuko Estrategian (RIS3) ezarritakoarekin bat etorrita.
Agindu honetan bildutako ekimenen azken helburua honako hau izango da:
– EAE lurralde orekatua, kohesionatua eta jasangarria izan dadin lortzea.
– Eskuratutako jakintza indartzea, lurralde-plangintzari eta hiri-berroneratze integralari dagokienez.
– Euskadiko Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren (RIS3) garapena ahalbidetzea, hiri-berroneratze integralean I+G+B aplikatuta eta berrikuntza txertatuta enpresa-lehiakortasunaren ezinbesteko faktore gisa.
– Euskadi hiri-berroneratze integralaren alorreko Europako erreferente bihurtzea.
Hiri-berroneratze integralaren inguruko proiektuak txertatzeari esker, berehala eta etorkizunean gure lurraldeak izango dituen erronkei aurre egiteaz eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, enpresa eta enplegu berriak sor daitezke.
Horrenbestez, BAI+D+i Programaren helburua honako proiektu hauek indartzea da:
– Hiri-berroneratzeari ikuspegi integral bat ematen diotenak, ahal dela, gizartean, ekonomian eta ingurumenean berrikuntza-elementuak barnean hartuz.
– Digitalizazioa, auzo kalteberen eraldaketa, zahartze aktiborako soluzioen, ekitatearen, kulturaren eta abarren sustapena eta beste hainbat alderdi txertatzea sustatzen dutenak.
– Auzoen berehalako premiei erantzuteko gaitasuna ez ezik, etorkizunean antzeko ezaugarriak dituzten beste auzo batzuetan ere aplikatu ahal izango diren soluzioak ekarriko dituztenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak, lurralde-antolamenduko programaren barneko helburuen artean, I+G+B-ko ekimenei balioa ematea jasotzen du, eta helburu hori lortzeko, diru-laguntzen agindu berri bat izapidetzea hartzen du barne, «Hiri Habitat» aukera-nitxoko helburuak lortzen lagunduko duten ideia eta proiektu berritzaileak bilatuta. Aurreikuspen hori gauzatzeko, «2018ko diru-laguntzak. Hiri-habitatari lotutako I+G+B ekimena (ZTBP 2018-2019-2020)» izeneko aurrekontuko partida txartatzen da.
Bestalde, aipatzekoa da diru-laguntza horiek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen 2018-2020 aldiko Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota daudela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Zehazki, 1. helburu estrategikoan jasotzen dira: «Hirigintza eta hiri-berroneratze integrala», «Sozialki bateratua, orekatua eta jasangarria izango den lurraldea» ardatz estrategikokoa.
Azkenik, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 13. artikuluaren k), l) eta m) letren arabera, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari dagokio I+G+B-ko ekimenak babesteko eginkizuna gauzatzea.
Ondorioz, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Laguntzaren helburua eta irismena.
1.– Agindu honen helburua «Hiri-berroneratze integralean aplika daitezkeen proiektu berritzaileetarako» laguntzak emateko prozesua arautzea da, ZTBP Euskadi 2020ren «Hiri Habitat» aukera-nitxoko helburuak lortzen lagunduko duten proiektuak egitea sustatzeko. Deialdi honetarako laguntzen zenbatekoa 650.000 eurokoa da 2018-2020 aldirako, 9. artikuluan zehaztutako urterokoekin.
2.– Agindu honi Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko zaio; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (EBAO, L 187, 2014-06-26koa) eta, ondorioz, erabat haren 25.2 artikuluan identifikatutako ikerketa-kategoria hauetakoak diren proiektuen zatiak baino ez dira finantzatuko:
b) Ikerketa industriala.
c) Garapen esperimentala.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Oro har, proiektuak honako eremu estrategiko hauetako batera edo gehiagora orientatuta egongo dira:
a) Premia teknologiko eta materialak identifikatzea eta haiei lehentasuna ematea.
b) Ekonomiaren garapenerako aukerak (ekintzailetza, prestakuntza, enplegua eta abar).
c) Gizartearen partaidetza- eta berrikuntza-mekanismo eta finantzaketa-mekanismo berritzaileak.
d) Nazioarteko benchmarkinga eta Europako proiektuak.
Lehenengo eremua digitalizazioan, material berrietan, mugikortasun adimentsuan, ekonomia zirkularrean eta abarretan soluzioak identifikatzean oinarrituta dago. Bigarren eremuak, berriz, teknologiaz haraindiko alderdiak nabarmentzen ditu eta hiri-berroneratzeak izan dezakeen gizarte-eraginean ipintzen du arreta (enplegua, prestakuntza eta abar). Hirugarren eremuari dagokionez, antolakuntza-kontzeptuarekin bat dator eta gizarte-berrikuntza, partaidetza-eredu berriak, finantza-berrikuntza, eta abar, sustatu beharrari erantzuten dio. Laugarren eremua zeharkakoa da, eta bat dator Euskadi auzoen birgaitze integralaren alorreko Europako erreferente bihurtzearekin.
2.– Horri dagokionez, deialdi honetan bi motatako ekimenak proposatzen dira:
a) Laguntzen 1. lerroak aukeratutako auzo pilotuetan hiri-berroneratze integrala gauzatzearekin zerikusia du, horietan esku hartzea lehentasunezkoa baita, dituzten ezaugarri bereziak direla-eta.
b) Laguntzen 2. lerroa bestelako ekimen batzuetara bideratuta egongo da; duten irismena (epe luzeagora) edota tematika dela-eta 1. lerroan sartzen ez diren ekimenetara, hain zuzen.
3.– 1. lerroa soluzio berritzaileak aplikatzeko proiektuetara zuzenduta dago, eta kalteberatasun handiagoko eremuetan esku hartzera bideratutako proposamenei lehentasuna emateko jomuga du (gizarte-kalteberatasuna, bizigarritasuna, egonkortasuna, energia-eraginkortasuna, etab.).
«Esku-hartze premien diagnostikoa Euskadin eraikita dagoen etxebizitza-parkea berritzeko» lanaren arabera, parke eraikiaren % 31k ahulezia- edo kalteberatasun-maila altua edo oso altua du, eta etxebizitza horietan esku hartzeko premia oso larria da. Ezaugarri hauetako asko dituzten auzoak dira:
a) Irisgarritasun-arazo larriak hiri-eskalan (landa-eremuetatik edo industriaguneetatik gertu, periferikoak, udalerrietako auzo altuak, iragate-tokiak, orografia konplikatuko lekuak, eta abar).
b) Oinarrizko ekipamenduen eta zerbitzuen gabetasuna (udalerriko oinarrizko zerbitzuetatik urruti, zuzkidura-estandarrak egokiak baino txikiagoak izanik).
c) Eraikinen energia-eraginkortasuneko eta irisgarritasuneko arazoak (isolamendu termikorik eta berokuntzarik gabeko eraikinak edota instalazioak falta zaizkienak).
d) Eraikinaren bizigarritasun-arazoak (etxebizitza-azalerak egungo gutxieneko estandarrak baino txikiagoak, oinarrizko zerbitzuetarako sarbide-arazoak, eta abar) edo kontserbazio-arazoak inguratzaileari eta egonkortasunari dagokienez, zenbait kasutan.
e) Gizarte-kalteberatasun handia (biztanleria zahartuaren eta/edo baliabide ekonomiko baxuko biztanleriaren gizarte-profila, langabezia-tasa altuak, immigrazioa, etxebizitza horretan aldi baterako bizi diren gazteak, ikasketa-maila baxuko biztanleak, eta abar).
Modu adierazgarrian, Agindu honi jarraikiz diruz lagundu daitezkeen auzoak 1950. urtea baino lehen eraikitako bizitegi-garapenak (hirigune historikotan ez daudenak) eta 1950etik 1975era bitarte eraikitako bizitegi-garapenak izango dira funtsean, betiere eraikuntza-kalitate baxukoak badira egungo estandarrekin alderatuta.
4.– 2. lerroa beste proiektu eta soluzio berritzaile batzuk babestera bideratuta dago, etorkizuneko beste erronka sozial, ingurumeneko eta ekonomiko batzuk bultzatzeko helburua dutenak eta, garapen-maila esperimentalekoak izanik, bai bizitegi-eremuetan bai bestelako hiri-ingurunetan, industria-ingurunetan eta abarretan gauzatzekoak direnak.
5.– Proiektuek jauzi diferentziala eman behar dute sektorean, balio-katearen lankidetza-jarduera baten bidez. Proiektuek gaitasun berriak garatzea ekarri beharko dute, eragin-ahalmen handi batez gain. Hiri-eremuko erronkak ebaztea da jomuga, betiere lankidetza-ikuspegi zabal batean oinarrituta. Proiektu horietarako, zatietarako jabetza-alderdiak hartuko dira kontuan, hirugarren pertsonei dagokienez bermatzekoa izango den informazioaren konfidentzialtasuna barne. Proiektuek aktoreen/enpresen lankidetza eraginkorra bilatzen dute, baita emaitza orokorrak zabaltzea ere.
Bi lerroek Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoa beteko dute; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. (EBAO, L 187, 2014/06/26koa)
6.– Horrenbestez, deialdi honetara aurkeztuko diren proposamenek errespetatu beharreko alor orokorrak bat etorri beharko du «Hiri Habitata» aukera-nitxoan zehaztutako ZTBP Euskadi 2020ren eremu estrategikoekin; taula honetan bildu dira horiek:
Laguntza-lerroak, eremu estrategikoak.
1. lerroa:
Auzo pilotuetako proiektuak.
Premia teknologiko eta materialak identifikatzea eta haiei lehentasuna ematea.
Ekonomiaren garapenerako aukerak (ekintzailetza, prestakuntza, enplegua eta abar).
Gizartearen partaidetza- eta berrikuntza-mekanismo eta finantzaketa-mekanismo berritzaileak.
Nazioarteko benchmarking-a eta Europako proiektuak.
2. lerroa:
Hiri-habitataren eremuko beste proiektu eta soluzio batzuetara eta 1. lerroan ezarritakoez bestelako inguruneetara (industria-inguruneak, beste mota batzuetako bizitegi-garapenak, eta abar) bideratutako beste I+G+B-ko proiektu eta ekimen batzuk.
3. artikulua.– Pertsona onuradunak.
1.– Industria-jardueretan, merkataritza-jardueretan edo irabazi-asmoko zein irabazi-asmorik gabeko zerbitzuak emateko jardueretan aritzen den zuzenbide pribatuko edozein pertsona juridiko edo profesional izan daiteke dekretu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun, baita pertsona horiek osatutako elkarteak ere, interes orokorrak eta komunak ordezkatzen badituzte.
2.– Honako hauek laguntza hauetatik kanpo geldituko dira: tokiko erakundeak, erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak, baita sektore publikoko beste erakunde batzuk ere, hala nola fundazio edo partzuergo publikoak.
4. artikulua.– Pertsona onuradunen baldintzak.
1.– Pertsona onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Gutxienez establezimendu edo sukurtsal bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.
b) Zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekin dituenak egunean edukitzea, indarreko legediak eskatutako mugen arabera.
2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo diru-laguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.
3.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatzeko, pertsona eskatzaileek ezin izango dute izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien ez zehapen penalik ez administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.
4.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. zenbakian jasotako gorabeheraren batean dauden pertsonak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. zenbakitik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako irismena izango dute.
5.– Krisialdian dauden enpresek ezin izango dute onuradun izan, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioaren arabera (2014-07-31ko AO, C 249).
6.– Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik jaso Batzordeak laguntza bat legez kontrakotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jotzea erabaki ondoren berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresek, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 1.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (EBAO, L 187, 2014ko ekainaren 26koa).
7.– Azkenik, dekretu honetan araututako laguntzak eskuratzeko, eskatzaileek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrei eta gizarte-segurantzarekin dituzten betebeharrei dagokienez.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta aurkezpena.
1.– Pertsona interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak eskuragarri daude egoitza elektronikoan.
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egingo dira egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: epea eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Proposamenak aurkezteko azken eguna 2018ko irailaren 27a izango da.
2.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Horretaz gain, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Eskabideak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/diru-laguntza-ztbp-2018/y22-izapide/eu
4.– Gutxienez betebehar eta egoera hauek egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko zaio eskabideari:
a) Jakinaraztea ea eskatu den eta, hala badagokio, ea eskuratu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo beste baliabiderik.
b) Pertsona eskatzailea ez egotea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penal baten eraginpean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.
c) Indarreko araudian ezarritako betekizunak betetzea eta eskabideko eta agirietako datuak egiazkoak izatea.
d) Zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekin dituenak egunean izatea.
e) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea.
5.– Eskabideak berekin dakar baimena organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan diru-laguntzak eskatzen dituzten pertsonek zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekin dituenak betetzen dituztela.
Pertsona eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko ea zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekin dituenak betetzen dituen, organo eskudunek egindako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.
6.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla eta horren helburua izango dela diru-laguntzetarako deialdi hau eta gai horri loturiko gainerako administrazio-espediente guztiak kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza da, eta zuzendaritza horretan gauzatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
7.– Eskabideak honako gutxieneko eduki honekin aurkeztuko dira, eta formatu elektronikoan baino ez dira onartuko.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriek proiektuak errazago balioztatzen lagundu behar dute, deialdi honetako esleipen-irizpideen arabera, eta 30 orrialde izango ditu eskabide bakoitzak gehienez.
a) Proiektuaren izena.
b) Proiektuaren helburua.
c) Buruaren, kideen eta kontratisten identifikazio argia.
d) Arduraduna eta proiektuaren komunikazio-helbidea zehaztea.
e) Proiektuaren eta proposatzen den soluzioaren deskribapena.
f) Proiektuan proposatutako soluzioaren izaera berritzailea justifikatzea. Proposatutako soluzioak oinarri duen ezagutza aditua eta buruaren eta kideen I+G+B-ko jarduerak sartu beharko dira bereziki.
g) Proiektuaren garrantzi estrategikoa, agindu honen 11. artikuluan xedatutako esleipen-irizpideetan bildutako alderdiak garatuta.
h) Proiektuak merkatua aktibatzeko egin dezakeen ekarpena, agindu honen 11. artikuluan xedatutako esleipen-irizpideetan jasotako alderdiak garatuta.
i) Proiektuaren lantaldea zehaztea. Hornitzaileak eta adituen profila bilduko ditu, funtzioak esleituta, baita esperotako emaitzak nazioartean garatzeko bokazioa ere, hala dagokionean.
j) Proiekturako proposatutako lan-metodologia. Faseen eta zereginen deskribapena jasoko du eta, horrekin batera, proiektuaren helburuak lortzeko alderdi kritikoen azterketa bat, baita horien arriskua murrizteko jarduerak ere. Erabili beharreko materialen, analisien eta ekipoen justifikazioa bildu behar du. Proiektuburuaren eskema bat aurkeztu behar du, denbora-epe oso mugatuan helburuak lortzeko kudeaketa aurreratuarekin.
k) Kronograma zehatza eta proiektuaren plangintza, zeregin bakoitzeko parte-hartzaileen ardurak eta bide kritikoa zehaztuta, kontuan hartuta ezinbestekoa dela lana oinarri hauetan jasotako epearen barruan bukatzea.
l) Aurreikusitako lankidetza publiko-pribatua; proiektuaren zenbait alderdi garatuko dira, baliabide publikoekin eta Administrazioaren jarduketekin lotutakoak, proiektuak arrakasta izateko aukerak areagotzeko.
m) Proposamen ekonomikoa. Proposamen ekonomikoak proiektuaren guztizko kostuak banakatuta jasoko ditu, agindu honen 10. artikuluan zehaztutako kostu-kategorien arabera.
n) Identifikatzea proiektuaren zein zati etorriko litzatekeen bat honako bi kategoria hauetan (Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25.2 artikuluan identifikatutako lau kategorietako bi dira):
– Ikerketa industriala.
– Garapen esperimentala.
7. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.
1.– Proiektuak gehienez ere hilabeteko epean hasi beharko dira, laguntza eman dela jakinarazten denetik aurrera, eta 2020ko azaroaren 30a baino lehen amaitu beharko dira.
2.– Horretaz gain, finantzatu diren lanen gutxienez % 50 egin dela egiaztatu beharko da 2019ko irailaren 30erako. Hala egin ezean, interesdunari entzunaldi-izapidea eman ondoren, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak zuzenketa-neurriak eskatu ahalko ditu edo, hala badagokio, baita laguntzari uko egin ere; hori gertatuz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du interesdunak eta dagokion zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio.
8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, jakinarazi eta 10 eguneko epea emango dio erakunde eskatzaileari, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskabidean atzera egindakotzat joko dela ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.
2.– Akatsak zuzentzeko betebeharra bide elektronikoz jakinaraziko da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo behar da.
Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.
3.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabide-formularioan adierazitako telefono mugikorretara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira egindako jakinarazpentzat hartuko.
9. artikulua.– Aurreikusitako kreditua eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Hiri Habitaterako laguntzak emateko, guztira 650.000,00 euro bideratuko dira, honela banakatuta:
2018. urtean: 325.000 euro.
2019. urtean: 162.500 euro.
2020. urtean: 162.500 euro.
2.– Diru-laguntzak eskuratutako puntuazioaren arabera esleituko dira, lehiaketa bidez, harik eta aurrekontu-kreditua agortu arte, eta itxarote-zerrendan geratuko dira, puntuazio-ordenaren arabera, gutxieneko puntuazioa gainditu baina laguntzarik eskuratu ez dutenak.
3.– Jarduketak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera; diruz lagundu daitekeen jarduketatzat hartzeko, jarduketak 70 puntu lortu behar ditu gutxienez, balorazio-irizpideetan.
4.– Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25.5 artikuluaren arabera, onuradun bakoitzak jaso dezakeen laguntzak ez ditu hauek gaindituko:
a) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50, ikerketa industrialerako.
b) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, garapen esperimentalerako.
5.– Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 25.6 artikuluaren arabera, laguntzaren zenbatekoak diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80raino igo ahalko dira, hemen adierazten den bezala:
a) Ehuneko 10 puntu enpresa ertainentzat eta ehuneko 20 puntu enpresa txikientzat.
b) Ehuneko 15 puntu honako baldintza hauetako bat edo gehiago betez gero:
i) Proiektuak lankidetza eraginkorra badakar hauen artean:
– Enpresen artean: enpresa horietako batek (gutxienez) ETE bat izan behar du, edo bestela, gutxienez bi estatu kidetan, edota estatu kide batean eta EEE hitzarmeneko alderdi kontratugile batean garatu behar du; gainera, enpresa bakar batek ezin du ordaindu diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70 baino gehiago.
– Enpresa baten eta ezagutzak zabaltzeko eta ikertzeko erakunde baten edo gehiagoren artean: erakunde horiek, halaber, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 10 hartu behar dituzte beren gain gutxienez, eta beren ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea eduki behar dute.
ii) Proiektuaren emaitzak asko zabaltzea konferentzien, argitalpenen, sarbide libreko oinarrien edo doako nahiz iturri irekiko programa informatikoen bidez.
6.– Diru-laguntza 100.000 eurokoa izango da, gehienez ere.
10. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira gastuak baldin eta, erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan jasota egonik, «ikerketa eta garapena» kategoria espezifikora esleitzen badira; zehazki, hauek izan daitezke:
a) Langile-gastuak: ikertzaileak, teknikariak eta bestelako laguntza-langileak, proiektuan jardun diren neurrian; horien akreditaziorako, proiektuan emandako orduen ziurtagiria aurkeztu beharko da, lanerako izendatutako langileei aplikatu beharreko hitzarmenei jarraikiz.
b) Tresneria- eta material-gastuak, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta denbora-tartean; tresneria eta materiala ez badira soil-soilik proiekturako erabiltzen beren bizitza baliagarri osoan, proiektuaren iraupenari dagozkion amortizazio-kostuak soilik hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta.
c) Kontratu-ikerketaren kostuak, ezagupen teknikoak edo patenteak, erositakoak edo kanpoko iturriek erabateko lehiako baldintzan emandako lizentzia bidez lortutakoak, eta proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak.
d) Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu gehigarri batzuk, hor sartuta zuzenean proiektutik eratorritako materialen, horniduren eta antzeko produktuen kostuak, behar bezala justifikatuak.
2.– Honako hauek laguntzaren xede diren kostuetatik kanpo geratuko dira:
a) BEZ eta gainerako zeharkako zergak, nola eta ez den egiaztatzen kostua eragiten diola onuradunari.
b) Honako kostu hauek:
Aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak.
Sustapenerako eta marketinerako materiala sortzea.
Software-lizentziak erostea.
Merkataritzako web edo plataformak garatzea.
c) Laguntza eman aurretik sortutako edozein kostu.
3.– Pertsona onuradunak proiektua azpikontratatzea erabakitzen badu, eman zaion zenbatekoaren % 85 baliatu ahalko du horretarako, gehienez ere.
11. artikulua.– Esleipen-irizpideak.
1.– Hauek dira balorazio-irizpideak eta haien haztapena, 100 puntuko oinarria hartuta:
a) Proiektuaren garrantzi estrategikoa. Irizpide horren balorazioa 40 puntukoa izango da gehienez, eta honako elementu hauek hartuko dira aintzat horren barnean:
1) Eskainitako balio-proposamena eta indarra (gizarte-eraldaketarako indarra eta indar ekonomikoa). 20 punturaino.
2) Proiektuaren jasangarritasuna eta emaitzen transferentzia. Proiektuaren irismenaren zabaltasuna (jasangarritasunaren hiru esparruetan: soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa) eta etorkizunerako aurreikusitako jasangarritasuna. Proiektuak etorkizunean errepikatzeko eta zabaltzeko izango dituen aukerak. 20 punturaino.
b) Proiektua zer neurritan datorren bat deialdirako hautatutako eremuekin. Irizpide horren balorazioa 30 puntukoa izango da gehienez, eta honako elementu hauek hartuko dira aintzat horren barnean:
1) Proiektuaren motibazio, beharrizan eta aukerak. Agindu honen 2. artikuluan aipatutako 1. lerroaren garapenera bideratutako proiektuak. 10 puntu.
2) Proiektuaren helburuak, xedea eta kolektibo hartzailearen garrantzia. 10 punturaino.
3) Proiektuaren bikaintasuna, Euskadi hiri-berroneratze integralaren alorrean Europako erreferente bihurtzeari dagokionez. 10 punturaino.
c) Proiektuaren plangintza eta lanerako plana. Irizpide horren balorazioa 20 puntukoa izango da gehienez, eta honako elementu hauek hartuko dira aintzat horren barnean:
1.) Proposatutako metodologiaren kalitatea eta egokitasuna. 10 punturaino.
2) Proposamenaren izaera berritzailea: 10 punturaino.
d) Diziplina anitzekoa izatea: proiektua elkarrekin edo talde baten barnean aurkeztea. Proiektua diziplina desberdinetako erakunde batek baino gehiagok elkarrekin edo talde baten barnean aurkezten dutenean baino ez da kontuan hartuko irizpide hori; koadro hau aplikatuko da:
Taldekatutako erakundeen kopurua: puntuazioa.
Erankunde 1: 0 puntu.
2 erakunde: 2,5 puntu.
3 erakunde: 5 puntu.
4 erakunde: 7,5 puntu.
5 erakunde edo gehiago: 10 puntu.
2.– Proiektuan genero-ikuspegia txertatzea ere, halaber, aurreko atalean ezarritako balorazio-irizpideen haztapen-irizpideetako bat izango da.
3.– Gutxienez 70 puntu lortzen ez dituzten proposamenak kanpoan utziko dira.
12. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendariari dagokio agindu honen arabera emandako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. zenbakian ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.
13. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, balorazio-epaimahai bat sortuko da eta hauek osatuko dute:
a) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularra; mahaiburua izango da.
b) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko buruzagitzaren titularra.
c) Zuzendaritza horretako arlo teknikoko bi pertsona; horietako bat idazkaria izango da.
2.– Eskatzaileen abstentzio- eta errekusatze-eskubideak bermatzeko, baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko zaie eskatzaileei balorazio-epaimahaiko kideak nor diren, organo kudeatzaileak haren osaera erabaki bezain laster.
3.– Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzaren titularrari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatu du esleipen-irizpideen arabera.
14. artikulua.– Esleipen-ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Balorazio-epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzaren titularrak diru-laguntza esleitzeko ebazpena eman eta jakinaraziko du bi hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Esanbidez jasoaraziko da zer erakunderi esleitu zaien diru-laguntza eta zeini ukatu. Diru-laguntza esleitu zaien erakundeen kasuan, onetsitako aurrekontua, zenbatekoa eta diruz lagundutako ehunekoa bilduko dira jakinarazpenean, emandako diru-laguntzak gehieneko bat duela jakinarazita; diru-laguntza ukatu zaien erakundeen kasuan, berriz, erabaki hori zergatik hartu zen jakinaraziko zaie.
2.– Aurreko paragrafoko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko da, eta agindu honen 15. artikuluan seinalatutako mugak ezarriko dira bertan, beste hainbat elementuz gain.
3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.
4.– Gehienezko epea inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute pertsona interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
15. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta gastuen justifikazioa.
1.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak prozedura honen bitartez ordainduko dira:
a) Emandako zenbatekoaren % 10, ordainketa aurreratu gisako libramendu baten bitartez, 17. artikuluaren a) letran zehaztutako epea igaro ondoren, betiere onuradunak ez badio uko egin diru-laguntzari.
b) Laguntzaren zenbatekoaren % 40, behin finantzatu diren lanen % 30en justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu dutela pertsona onuradunek, formatu elektronikoan, 2018ko abenduaren 31 baino lehen.
c) Laguntzaren zenbatekoaren % 25, behin finantzatu diren lanen % 50en justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu dutela pertsona onuradunek, formatu elektronikoan, 2019ko irailaren 30a baino lehen.
d) Laguntzaren zenbatekoaren gainerako % 25a, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak behin betiko proiektua eta dagokion memoria ekonomiko xehatua onartu ondoren, 2020ko azaroaren 30a baino lehen.
2.– Pertsona onuradunek banku-identifikazioari eta -kontuari buruzko datuak aurkeztu beharko dituzte Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzan, baita 4. artikuluko baldintzak betetzen direlako justifikazioa ere.
3.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekin dituenak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.
16. artikulua.– Proiektuaren kudeaketa eta segimendua eta entregatu beharreko agiriak.
1.– Laguntzen onuradunek derrigorrean prestatu beharko dituzte entregatu beharreko dokumentuak –eskabidean deskribatutakoak–, eta ondoren, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzara bidali beharko dituzte.
2.– Justifikazio tekniko eta ekonomikorako txostenetan –15. artikuluko b) eta c) letretan eskatutakoetan– lanen % 30 eta % 50 egin delako (hurrenenez hurren) justifikazio tekniko eta ekonomikoa frogatu beharko da, faseen eta eginkizunen (bai gauzatutakoak bai kronograman aurreikusitakoak) deskribapena barnean hartuta.
3.– Oinarri hauetan eta laguntzen eskabidean ezarritako epeen eta formaren arabera itxiko da proiektua. Proiektua ixtean, pertsona onuradunak urrats hauek egingo ditu:
a) Behin betiko proiektuaren memoria teknikoa eta dagokion memoria ekonomiko xehatua entregatzea Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzan; halaber, etorkizunean gauzatuko diren garapen teknologikoko eta aplikazio industrialeko lerroen proposamen justifikatu eta lehenetsi bat ere izan beharko du agiri horrek.
Proiektua ixteko memoria ekonomikoan hauek jasoko dira, kostu motaren arabera: batetik, onartutako gastuak, bestetik, benetan egindako gastuak. Banakapen bat aurkeztuko da, hauek barne hartuko dituena:
1.) Langile-gastuei dagokienez: pertsona bakoitzak sartutako orduen erantzukizunpeko adierazpena eta ordu-parteak; haietako bakoitzaren kostu unitarioaren beharrezko egiaztapena (lansarien kopia eta/edo TC10); eta kostu unitario horren kalkulua.
2) Gainerako kostuen fakturak.
b) Eskatutako dokumentu administratiboak.
c) Emaitzak zabaltzeko proposamena, helburuak, foroak, egutegia eta abar biltzen dituena.
d) Proiektuaren segimendu-plana, egutegia ezarrita; agindu honetan bildutako hiru urteetan bilera bat egingo da urtean gutxienez, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak proiektuaren inpaktuaren segimendua egin dezan, haren ebaluazio-irizpideen arabera.
3.– Egindako proiektuan berariaz adierazi beharko da finantzaketa publikoa dela, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzaren diru-laguntza jaso duela; beraz, jardueraren aipamena egiten den entregatu beharreko dokumentu, akta, komunikazio-ekintza, kartel eta testu guztietan sail horren logo ofiziala ezarri beharko da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat.
17. artikulua.– Pertsona onuradunaren betebeharrak eta diru-laguntzetarako bestelako baldintzak.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsona onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluarekin bat etorriz:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza eman den xede horretarako erabiltzea.
c) Diru-laguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak bete behar dituzte, eta eskumena duten kontrol-organo nazionalek zein Europako Erkidegoko kontrol-organoek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.
d) Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko bestelako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana. Hori jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen; hala bada, agindu honen 11. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuko dira.
e) Diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta dituela frogatzea esleitzeko ebazpen-proposamena eman aurretik.
f) Onuradunek diru-laguntzei buruzko publizitatea eman beharko dute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera.
18. artikulua.– Diru-laguntzarako baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
19. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
Baldin eta agindu honetan xedatutako diru-laguntza jaso duen proiektuaren kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzioan murriztuko da, eta orduan, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.
20. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.
1.– Baldin eta eskatu eta eman zen helbururako erabiltzen ez badu diru-laguntza pertsona onuradunak, diru-laguntza eman zitzaion jarduera burutzen ez badu, diru-laguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, emandako justifikazioa ez bada nahikoa edo, orokorrean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean jasotako itzulketa-kausaren bat gertatzen ez bada, eman zaion eta jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.
2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. zenbakian jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da.
21. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako diru-laguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, deialdi honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio.
2.– Nolanahi ere, kontuan izan behar da Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren 8.1 artikuluan hau ezartzen dela: laguntzak jakinarazteari dagokionez, atalaseak zehazterakoan kontuan hartu behar da proiektuari emandako estatuko laguntzen guztizko zenbatekoa.
22. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 31.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.