EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018161

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 178/2017 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2018-06-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201804336
Maila: Ediktua
Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegia (Familia).
Judizioa: 178/2017 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Alderdi demandatzailea: D.S.T.
Alderdi demandatua: Jose Miguel Herrera Triviño.
Gaia: ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Judizio horretan ebazpena eman da eta honela dio hitzez hitz:
434/2018 EPAIA
Epailea: Ana Isabel Viaña Ranilla andrea.
Lekua: Barakaldo (Bizkaia).
Data: 2018ko ekainaren 27a.
Alderdi demandatzailea: D.S.T.
Abokatua: Ana Isabel Tudanca de la Guardia.
Prokuradorea: Ana Teresa Rodriguez Fernandez.
Alderdi demandatua: Jose Miguel Herrera Triviño.
Abokatua.
Prokuradorea.
Gaia: banantze edo dibortzioaren ondoriozko neurriak.
EPAITZA
Baietsi egiten dut Jose Miguel Herrera Triviño jaunaren aurka D.S.T. andreak aurkeztutako demanda; horrenbestez, XXXXX alaba adingabearekiko harremanak arautzeko neurri hauek onartzen ditut:
A) Amak izango du alaba adingabearen zaintza eta jagoletza; guraso-ahala, berriz, bi gurasoena izango da. Gainera, bisita-erregimen hau ezartzen dut:
Txandakako asteburuetan, ostiraleko 18:00etatik igandeko 20:00etara.
Gabonetako oporraldia bi zatitan banatuko da: lehena, eskola-oporrak hasi eta biharamunetik abenduaren 31ko 17:00etara. Bigarrena, berriz, azken egun horretan hasi, eta ikasturtea hasten den egunaren bezperan bukatuko da. Gurasoek txandaka hartuko dituzte bi aldi horiek, eta, akordiorik ez badago, amak urte bakoitietan aukeratuko du, eta aitak bikoitietan. Aldi horiek txandakakoak direnez, erabaki da ezen Errege Egunean, adingabearekin ez dagoen gurasoak ikusi ahal izango duela adingabea, eta berarekin egon, gutxienez hiru orduz (ordua zehaztu beharko da, eta horretan adostasunik ez badago, 17:00etatik 20:00etara izango da).
Aste Santua bi zati berdinetan banatuko da, oporraldiaren iraupenaren arabera, eta adingabeak, txandaka, aitarekin emango du oporraldiaren erdia, eta amarekin beste erdia. Bi zatiak hautatzeko adostasunik ez badago, amak aukeratuko du urte bakoitietan, eta aitak, berriz, bikoitietan.
Udako oporrak, hau da, uztail eta abuztukoak, lau hamabostalditan banatuko dira, eta, horietatik, bi emango ditu aitarekin, eta beste biak amarekin. Hamabostaldi horiek ez dira jarraiak izango, hau da: aitarekin 15 egun igaro ondoren, hurrengo hamabostaldia amarekin emango du. Bi zatiak hautatzeko adostasunik ez badago, amak aukeratuko du urte bakoitietan, eta aitak, berriz, bikoitietan. Adingabea familia-etxebizitzan hartu eta utziko da, 20:00etan, eta egindako aukeraren berri oporrak hartu baino bi hilabete lehenago emango da.
Adingabea amaren etxean jaso eta utzi beharko da.
B) Alabaren aldeko mantenu-pentsio bat ezartzen da, hileko 200 eurokoa, eta zaintza ez duen gurasoak ordaindu beharko du, hilabete bakoitzeko lehen bost egunen barruan. Pentsioa urtero eguneratuko da Estatistika Institutu Nazionalak aldian-aldian argitaratutako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; zenbaketa hasteko oinarritzat ebazpen honen eguna hartuko da.
C) Adingabeko semearen ezohiko gastuak –ebazpen honetako oinarri juridikoan zehaztu bezala–, gurasoek erdibana ordaindu beharko dituzte. Guztiarekin ere, presakoak ez diren ezohiko gastuak guraso biek baimendu beharko dituzte. Dena dela, gastua beste parteari behar bezala jakinarazten zaionetik –gastuaren berri emanez, beharrezkoa dela adieraziz, zenbatekoa adieraziz eta dagozkion agiriekin batera– 10 egun igaro eta objekzio berariazkorik egiten ez bada, ulertuko da onartzen duela. Era berean, ez da berariazko erabakirik hartzen auzialdi honetan sortutako kostuen gainean.
Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegian aurkeztutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta zein diren apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak (PZLb, 458.2 artikulua)
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, egin ezean, ez da errekurtsoa izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori kontsignatu beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen Gordailu eta Kontsignazio Kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da:........... Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOren 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Demandatuaren gaur egungo helbidea edo bizilekua ezezaguna denez gero, Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legearen 156.4 eta 164. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, ediktu hau EHAAn argitaratzea ebatzi da, epaia jakinarazteko eginbidea gauza dadin.
Barakaldo (Bizkaia), 2018ko ekainaren 28a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.