EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2018161

AGINDUA, 2018ko abuztuaren 1ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez «EAEko jarduera ekonomikoko guneetako, enpresa-parkeetako eta industrialdeetako Renove Programa» izeneko programa txertatzen baita.

Xedapenaren data: 2018-08-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201804334
Maila: Agindua
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak esleituta dauzka Euskal Autonomia Erkidegoak industria-politikaren eta enpresa-lehiakortasunaren alorrean eta energiaren alorrean dituen eginkizunak.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak atxikita dauzka, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate publikoko erakundeak, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA sozietate publikoa (SPRI) eta Energiaren Euskal Erakundea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa (EVE); erakunde horien bidez, haiek sortzeko araudiaren bitartez alor horietan esleituta dituzten politikak garatzen ditu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak.
Euskadik oso lurzoru-eskaintza heterogeneoa dauka jarduera ekonomikora bideratuta, eta askotariko egoerak aurki daitezke, bai definizioari bai ezaugarriei dagokienez: 1970eko hamarkadaren aurretik garatu eta finkatutako lurzoruak (industrialdeak) daude batetik, eraldatu berriak diren ehunak bestetik, eta baita aktibo dauden guneak ere, zeinak okupazio-gradu desberdinak baitituzte.
Egoera-aniztasun hori gorabehera, ekonomiaren azken urteotako inguruabarrak eragindako ezaugarri komun bat aurki daiteke guztietan: industrialde eta jarduera ekonomikoko gune gehienetan nabe eta lurzoru hutsak ugaltzen ari dira, eta haietako lagapen publikoko zuzkidura-guneetan oso gutxi inbertitu da, edo ez da batere inbertitu. Horren ondorioz, askotan industrialdeek eta jarduera ekonomikoko guneek narriadura irudia ematen dute, eta horrek zaildu egiten du, batetik, bertan kokatutako enpresen lehiakortasuna, eta, bestetik, hutsik dauden guneetan jarduera berriak ezartzea.
Joera horren ondorioz larritzen ari dira, zenbait kasutan, abiapuntutik jada gabezia eta urritasun ugari zituzten egoerak, bai hirigintzari dagokionez, bai guneak, azpiegiturak eta zerbitzuak mantentzeari eta babesteari dagokionez. Antzeko egoera antzematen da habia-industriako banakako pabiloiei edo modulu-pabiloiei zerbitzu ematen dieten hirigintza pribatiboko zonetan.
Egoeraren diagnostiko horrek iradokitzen duenez, jarduera ekonomikoko guneetako kudeaketa-eredu tradizionalek partaidetzan oinarritutako ereduetarantz eboluzionatu behar dute, non enpresaburuek, enpresek eta erakundeek beharrezkoak diren sinergiak bilatu eta sustatu behar baitituzte, haien iturria edozein dela ere, lehiakortasuna gehitzea eta industrialdeak mantentzea eta hobetzea ahalbide dezaten.
Agertoki horretan egokia dirudi jarduera ekonomikoko gune horietan jarduketa puntual, mugatu eta finalistetarako inbertsio publikoko lerro bat sustatzeak, ekoizpen-jarduerarako ezinbestekoak diren instalazio horietara zuzenduta egongo den lerro bat, hain zuzen. Inbertsio-lerro horren bidez helburu anitz lortu nahi dira:
– Detektaturiko arazo zehatzei aurre egitea, instalatuta dauden eta instalatu nahi duten enpresei egokitzapen hobea ahalbidetuko dieten konponbideak ezartzeko, gune horien hobekuntza kualitatiboa lortze eta erakargarritasuna gehitze aldera.
– Egindako obren bidez, krisi ekonomikoak gehien zigortu dituen sektoreetako bateko enpresa txikien eta mikroenpresen ehuna suspertzea, hiri-ehunetan gauzatu diren birgaitze-politika aktiboak industria-lurzorura eramanez.
– Enpresa-elkartegintza eta Administrazioaren eta enpresen arteko lankidetza sustatzea jarduera ekonomikoko guneen kudeaketan eta hobekuntzan, jarduera ekonomikoaren alor horiek eguneratu eta hobetu ditzaketen jarduketak sustatzeko.
Horretarako, helburu horiei erantzuteko programa bat antolatu behar da, betiere ekoizpen-jardueraren sail horiek garatzen diren inguruneak eta instalazioetako eraginkortasun energetikoa egokitzen eta hobetzen lagunduta, azken helburua euskal ekoizpen-sektorearen lehiakortasuna bultzatzea izanik. Kontuan izanik helburu horiek onuradun asko izan ditzaketela eta ezinbestekoa dela EAEko sektore publikoko bi erakunde horiek izatea, egintza hau ematea beharrezkotzat jo da, jarduketa koordinatua sustatzeko.
Laguntza-programa hau Eusko Jaurlaritzak enpresaren arloan sustatutako plan estrategikoen barruan kokatzen da, eta, finean, industria-garapeneko estrategia integral bat garatzea du helburu, Euskadiko enpresak merkatuko egoera hobe batean kokatzeko.
Horri dagokionez, jarduketen koordinazio horretarako ezinbesteko alderditzat jotzen dira honako hauek: lehenik, udalentzako eta bestelako toki-erakundeentzako laguntza horiek eskuratzeko erregimenaren tratamendu integratu bat ezartzea ezinbestean; bigarrenik, laguntza horiek aintzatesteko dei espezifiko bat egitea kontuan hartuz dagozkien programak minimi izaerarekin diseinatu zirela; eta hirugarrenik, erakunde bakoitzak programa horretara bideratuko duten gehieneko zuzkidura aurreikustea.
Egia da erakunde bakoitzak berezko izaera juridikoa duela eta diruz lagundu daitezkeen programak ezartzeko eta taxutzeko eskumenak ere badituela, baina Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legeak sailen titularrei dagokien zuzendaritza gauzatzeko esleitzen dizkien eskumenei jarraitu behar zaie; horri dagokionez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuak sail horren titularrari haren organo eta jarduera guztiak zuzentzeko eta koordinatzeko eginkizuna esleitzen dio (3.2 artikulua).
Euskadiko toki-erakundeen erantzukizun eta titulartasun handia duten alor horien errealitatea kontuan izanik, nabarmentzekoa da Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak ezarritako esparrua kontuan hartu behar dela, zehazki, programa honen hartzaileak diren jarduera ekonomikoko guneen hirigintzan eragina duten neurriei gagozkiela.
Horrenbestez, industria-politikaren, enpresa-lehiakortasunaren eta energiaren esparruan sailburuak esleituta dituen koordinazio- eta zuzendaritza-eginkizunen barnean dago jarduketa hori; Euskal Autonomia Erkidegoko industrialde, enpresa-parke eta jarduera ekonomikoko guneei zuzendutako laguntza-programa bakar baten konfigurazio integraturako jarraibideak emateko helburua du, laguntza horiek 2018ko ekitaldian gara daitezen; halaber, egokitzat jotzen da haien publizitate orokorra egitea, diru-laguntzen programa honi dagozkion deialdiei heltzeko dagozkien eginkizunak esleituta dituzten erakunde instrumentalek garatu beharreko neurrien ezinbesteko integrazioa indartze aldera.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA sozietate publikoak eta Energiaren Euskal Erakundea zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, «EAEko jarduera ekonomikoko guneetako, enpresa-parkeetako eta industrialdeetako Renove Programa» izen partekatuarekin, bakoitzaren jarduketa-eremuaren barnean, diru-laguntzen deialdi bana egingo dute, Euskal Autonomia Erkidegoko industrialde, enpresa-parke eta jarduera ekonomikoko guneetan jarduketak eta inbertsioak babesteko.
2.– Erakunde horiek bakoitzaren esparruan ezarritako diru-laguntzen jarduketak eraginkortasun energetikora eta energia berriztagarrietara bideratuko dira Energiaren Euskal Erakundearen kasuan, eta urbanizazio publiko eta pribatuko zonetako berrurbanizazio-, berroneratze-, birgaikuntza- eta hobekuntza-proiektuak eta -jarduketak gauzatzera, berriz, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatearen kasuan.
3.– Inbertsioak, diru-laguntzen jarduketak eta horien zenbatekoak Energiaren Euskal Erakundea SAk eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk zehaztuko dituzte, bakoitzak dagokion deialdian.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak Energiaren Euskal Erakunderako (EVE) eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SArako (SPRI) EAEko sektore publikoaren erakunde horien 2018ko Aurrekontuetan helburu horrekin gaitutako kredituetatik etorriko dira, hurrenez hurren eta diru-laguntza jasoko lukeen jardueraren arabera; abenduaren 22ko 5/2017 Legearen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi horretako Aurrekontu Orokorretan txertatuta daude aipatutako kreditu horiek.
3. artikulua.– Laguntzen izaera eta bateragarritasuna.
1.– Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.
2.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) esparruan kokatzen dira (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; DOUE L352/1).
3.– Bateragarritasun-erregimena EVEren eta SPRIren deialdietan ezarriko da, 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 5. artikuluan ezarritako metatze-arauei jarraikiz.
Laguntzen zenbatekoak, soilik edo beste laguntza batzuekin batera, ezin izango du, inola ere, erakunde onuradunak egingo duen jardueraren kostua gainditu. Kostu hori gaindituz gero, dagokion laguntzaren zenbatekoa behar den neurrian minoratuko da, jardueraren gainfinantzaketa saiheste aldera.
4.– 1407/2013 Erregelamenduan (EB) xedatutakoa betetzen dela bermatzeko finkatutako mekanismo orokorrak alde batera utzi gabe, erakunde horiek programa horrekin lotuta aitortutako laguntzak emateko prozesuan, elkarri jakinaraziko dizkiete emango dituzten laguntzak, finkatutako muga kuantitatiboak ez gainditzeko. Bi erakundeen laguntzen baturak muga hori gaindituz gero, laguntzetako zeini uko egiteko prest egongo litzatekeen edo laguntzetako zein murriztuko lukeen aukeratu ahalko du onuradunak, eta aurretiaz esleitutako laguntzaren zati bati edo osoari uko egiteko aukera izango du, betiere dagokion deialdian zehaztutako gainerako arauak betetzen badira.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Honako hauek eskuratu ahalko dituzte «EAEko jarduera ekonomikoko guneetako, enpresa-parkeetako eta industrialdeetako Renove Programa» deritzonaren barnean sartutako laguntzak: Udalak, mankomunitateak, udalak, kuadrillak eta administrazio-batzarrak, kontzejuak, kontserbazioko hirigintza-entitateak, enpresa-erkidegoak eta/edo -elkarteak eta banakako enpresak eta lankidetzan ari direnak, baldin eta oinarrietan aurreikusten diren jarduketak gauzatzen ari badira Euskal Autonomia Erkidegoko industrialde, enpresa-parke eta jarduera ekonomikoko guneetan.
2.– Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean aurreikusitako edozein toki-erakundek eskatzen baditu laguntzak, dagozkien eskumen-esparruei jarraikiz, EAEren administrazioak diru-laguntzak emateko dituen aurreikuspenak betetzen direla bermatu beharko da; zehazki, 2/2016 legearen 111. artikuluan ezarritako aurreikuspenak.
3.– Nolanahi ere, erakunde onuradunek beti bete beharko dituzte hiru arau hauetan xedatutako baldintzak: lehenik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; bigarrenik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia; hirugarrenik, EVEren eta SPRIren deialdiak eta bestelako araudi aplikagarria.
4.– Ezin izango dituzte laguntza horiek jaso SPRILUR SA sozietate publikoaren Industrialdeak Programaren parte diren industrialdeak, enpresa-parkeak eta guneak.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen xedapen indargabetzaileari lotuta hamalaugarren xedapen gehigarrian xedatzen denarekin bat etorriz, SPRI Enpresa-garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, lege horrek sortuak, bere jarduketei ekiten dienean, Eraldaketa Lehiakorrerako sozietatea SAren deialdia egingo da, erakunde hori abiarazteko dekretuan eta erakunde horrekin lotutako ematen den bestelako araudian xedatutako baldintzei jarraikiz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 1a.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.