EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018154

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 13koa, Farmaziako zuzendariarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Etxebarriko udalerrian (Bizkaia) farmazia-bulego bat sortzeko.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2018-07-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201804194
Maila: Ebazpena
Aztertu dugu Maite Zarraga Suarez andreak aurkeztutako eskabidea, Etxebarriko udalerrian (Bizkaia) farmazia bat sortzekoa. Hauek dira egitateak:
EGITATEAK
Lehenengoa.– Osasuneko sailburuaren 2017ko maiatzaren 31ko Aginduaren bidez, iragarri zen ekin zitzaiola farmazia-bulego bat sortzeko prozedurari Etxebarri Doneztebeko Elizatearen farmazia-barrutian.
Bigarrena.– Farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko Merezimenduak Balioesteko Batzordeko kideak izendatu eta egin beharreko legezko izapideak egin ondoren, onartutako lehiakideen behin betiko zerrenda onartu zen puntuazioaren hurrenkerari jarraituz, batzorde horrek 2018ko urtarrilaren 31n hartutako erabaki batez; erabakia 2018ko otsailaren 12ko EHAAn argitaratu zen (30. zk.).
Hirugarrena.– Erabaki hori irmo bihurtu zen, 2018ko martxoaren 12an.
Laugarrena.– Farmaziako zuzendariak ofizio bat helarazi zion Maite Zarraga Suarez andreari, 2018ko martxoaren 20an, zeinaren bidez jakinarazi baitzion berak lortu zuela aurkeztutako merezimenduen balorazioan puntuaziorik handiena, eta ondorioz ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako prozedurari ekin behar ziola (338/1995 Dekretua, farmazia-bulegoak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzekoa). Halaber, ohartarazi zion ezen, xedapen horretan ezarritako epean eskatutako agiri guztiak aurkezten ez bazituen, deialdian parte hartzeari uko egiten ziola esan nahiko zuela.
Bosgarrena.– Maite Zarraga Suarez andreak 2018ko ekainaren 12an baimena eskatu zuen Etxebarriko udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko, 338/1995 Dekretuaren babesean, eta, eskabide horrekin batera, dekretu horren 5. artikuluan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu zuen.
Aurkeztutako agirietan ikusten denez, farmazia-bulego berria helbide honetan dagoen lokalean jarri nahi da: Metacal kalea 6, Etxebarriko farmazia-eremuko 3.1.09 osasun-aldean.
Seigarrena.– 2018ko ekainaren 18an, Farmaziako zuzendariaren ofizio bidez, aukera eman zitzaien espediente honetan interesdun izan daitezkeenei pertsonatzeko eta egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Hala egin zen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
Zazpigarrena.– Azkenik, Farmazia-arloa antolatzeko buruak, 2018ko uztailaren 12an, aldeko txostena egin zuen Maite Zarraga Suarezi andreak aurkeztutako dokumentazioari buruz.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Lehenengoa.– Farmaziako zuzendariak dauka espediente honi buruz ebazpena emateko eskumena; hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia-antolamenduko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34. artikuluan eta Osasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 80/2017 Dekretuaren 15. artikuluan.
Bigarrena.– Batetik, aurkeztu diren merezimenduak baloratuta, Maite Zarraga Suarez andreak izan du puntuaziorik handiena; bestetik, farmaziak sortzeko ezarritako prozedurari dagokionez, 11/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritako eta 338/1995 Dekretuan garatutako xedapenak bete dira; azkenik, dekretu horren 5. artikuluaren arabera, egiaztatu da lehiakideak agiri guztiak eta eskatutako epean aurkeztu dituela. Horrenbestez, bidezkoa da interesdunari baimena ematea farmazia-bulegoa sortzeko.
Dena dela, jardun ahal izateko baimena lortu beharko da, emandako baimenak indarra izango badu; hala ezartzen da 338/1995 Dekretuaren 6. artikuluko 4. paragrafoan.
Horregatik guztiagatik, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Baimena ematea Maite Zarraga Suarez andreari farmazia-bulego bat sortzeko. Berak aurkeztutako agirien arabera, hemen sortuko da farmazia: Etxebarriko udalerriko (Bizkaia) Metacal kaleko 6. zenbakian.
Bigarrena.– Baimen honek indarra izan dezan, Maite Zarraga Suarez andreak jardunean jartzeko baimena lortu behar du aurretiaz. Baimen hori eskatzeko, lau hilabeteko epea izango du, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, betiere 338/1995 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen berri eman behar zaie interesdunei, eta jakinarazi, era berean, honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari eta ebazpen honen aurka, egoki iritzitako bestelako errekurtsoez gain, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dutela zuzendaritza honetan edo Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioaren sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 13a.
Farmaziako zuzendaria,
JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.