EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-08-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2018153

132/2018 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Euskaltzaindiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko koordinazioa eta lankidetza areagotzeko oinarriak jasotzen dituena.

Xedapenaren zenbakia: 201800132
Xedapenaren data: 2018-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201804174
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskaltzaindiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko koordinazioa eta lankidetza areagotzeko oinarriak jasotzen dituena.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 27a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 27KO 132/2018 EBAZPENARENA
Lankidetza-hitzarmena, 2018ko uztailaren 11koa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren artekoa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko koordinazioa eta lankidetza areagotzeko oinarriak jasotzen dituena.
Alde batetik, Cristina Uriarte Toledo anderea, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11koa 70/2017 Dekretuaren arabera, euskal ikasmaterialgintzaren programa (aurrerantzean, Eima) kudeatzen duen Hezkuntza Sailaren ordezkaria.
Beste alde batetik, Andres Maria Urrutia Badiola jauna, adin nagusikoa, Euskaltzaindiaren izenean eta hura ordezkatuz diharduena (jakinarazpen-ondorioetarako egoitza: Plaza Barria 15, Bilbao; IFK: G-48091961),
INDARREKO ARAUDIA
Lehenengoa.– Alde biek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaindiak, ezagutzen eta onesten dute Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen lege-esparrua, bi aldeei hitzarmen hau sinatzeko eta bere garapenerako zeinahi ekimen osagarri bultzatzeko gaitasuna ematen diena.
Bigarrena.– Otsailaren 26ko 573/1976 Dekretuak Euskaltzaindiari Real Academia de la Lengua Vasca / Euskaltzaindia izendapena aitortzen zion. Harrezkero, otsailaren 25eko 272/2000 Errege Dekretuaren bidez, Euskaltzaindiaren estatutuak aldatu dira.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 6. artikuluak euskarari Euskal Herriko hizkuntza ofizialaren izaera aitortzen dio, eta ezartzen du Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala, euskarari dagozkionetan. Horregatik, euskal erakundeek beren babesa, onespena eta diru-laguntza ematen dizkiote.
Laugarrena.– Euskaltzaindiari dagokio, besteak beste, euskararen legeak ikertu eta mamitzea; euskara idatzirako argibideak eta arauak ematea; hiztegia biltzea; hiztegian, gramatikan eta grafian literatura-hizkera baturako lan egitea; euskararen erabilera sustatzea; hizkuntza gizarte-maila guztietan gai bihurtzeko lan egitea; filologia- eta hizkuntzalaritza-ikerketak sustatzea, euskara eta euskal literaturaren katedrak bultzatuz eta abar.
Bosgarrena.– Unibertsitate aurreko euskarazko ikasmaterialgintza babesteko, indartzeko, garatzeko eta diruz laguntzeko eratu zuen EIMA programa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak, 10/1982 Euskararen Normalizaziorako Legeak hartarako ematen duen babesa oinarritzat hartuta. Inguruabar horretan, 1998ko azaroaren 3ko 295/1998 Dekretuak arautzen du ikasmaterialen onespen-prozedura, bai eta onespenerako irizpideak ere.
Seigarrena.– Hezkuntza Sailak, argitaratzekoak diren ikasmaterialak egokiak eta kalitatezkoak direla ziurtatzeko, hizkuntza- eta eduki-azterketak egiten dizkie diru-laguntzetara aurkeztutako material guztiei. Azterketa hori egiteko ardura teknikari berezituen eskuetan ipintzen du Hezkuntza Sailak, eta, jasotako emaitzen argitan, onespena eman ala ukatu egiten dio ikasmaterial bakoitzari; dagokion egileak edota argitaletxeak egin beharko du testu-orrazketa.
Zazpigarrena.– 2015eko ekainaren 10ean Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta Euskaltzaindiak izenpetu zuten programa-kontratuaren xedeak dira, batetik, «administrazio publiko sinatzaileen eta Euskaltzaindiaren arteko koordinazio-harremanak eta mekanismoak antolatzea, konpromisoak hartzea eta aldizka kontuak ematea», eta bestetik, «Euskaltzaindiak euskara zabaltze eta sozializatze aldera egiten dituen jarduerak sustatzea».
Zortzigarrena.– Bi sinatzaileek aitortzen dute hitzarmen honek proiektu orokorrago baten aurrekari edo lehenengo urratsa izan nahi duela, begi bistan baitaukate ahaleginak koordinatzea; Euskaltzaindiak euskararen batasunerako bidean eman eta ematen dituen arauak, gomendioak eta irizpideak partekatzea, zalantzak bideratzea, gizarteratzea eta Hezkuntzaren arloan lanean ari diren askotariko eragileak prestatzea guztiz onuragarriak direla euskara maila jaso eta euskararen biziberritzea bultzatzeko.
Horiek horrela, honako hau
HITZARTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak aitortzen du euskarari dagokion guztian Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala.
Bigarrena.– Euskaltzaindiak aitortzen du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Eimaren bidez, egin duen lana, bereziki unibertsitate aurreko eremuan eginikoa: euskarazko ikerkuntza eta zabalkundea sustatuz, askotariko testuak sortuz (ikasmaterialak, gidaliburuak eta abar) eta irakasleak prestatuz.
Hirugarrena.– Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da. Bereziki:
a) Euskaltzaindiak euskararen batasunerako bidean eman dituen eta ematen dituen arauen, gomendioen eta irizpenen zabalkunderako. Gauzak horrela, Euskaltzaindiak abian duen Euskara Batuaren Eskuliburua egitasmoan lankidetzan arituko dira bi erakundeok, egitasmoa garatzen ari den lantaldean Eimak ordezkari bat izendatuz. Inguruabar horretan, Eimak Euskara Batuaren Eskuliburua egitasmorako baliagarria izan daitezkeen materialak (euskararen erabilera jasoari dagokionez, jasotako zalantzak eta emaniko erantzunak; erabilera jasorako sortutako dokumentuak, txostenak eta argitalpenak) Euskaltzaindiaren esku jarriko ditu, Euskaltzaindiak, beharrezko irudituz gero, balia ditzan.
b) Eimak egiten duen ikasmaterialen hizkuntza-kalitatearen gaineko lanean Euskaltzaindiarekiko koordinazioa eta arta ahalbidetzeko.
c) Euskararen erabilera jasoa dela eta, Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuak dituen eta jasotzen dituen zalantzak partekatzeko eta bideratzeko.
d) Eimak bideratzen dituen prestakuntza saioetan Euskaltzaindiko kideen parte-hartzea sustatzeko –betiere Euskaltzaindiaren ardurapean– edo Eimako prestatzaileekin batera egitasmoak zehazteko.
e) Halaber, bi aldeek, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, Eimak argitaraturiko euskarazko testu-multzoaz baliatzeko adostasuna erakusten dute, betiere egile-eskubideak zainduz eta behar diren baimenak lortu ondoren. Lexikoaren Behatokia egitasmoaren xedea corpus monitore bat, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua prestatzea da.
Laugarrena.– Egitasmo horietan, Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartzen dute bi erakundeok.
Bosgarrena.– Eimak bere eguneroko jardunean sortzen dituen materialetan, bai eta antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza-zerbitzu, aurkezpen eta euskararen sorkuntzarekin, zabalkundearekin, prestakuntzarekin zein erabilerarekin loturiko egitasmoetan ere, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartu eta hauek zabaltzeko moduak landuko ditu, orain arte egin duenaren ildotik.
Seigarrena.– Eimak Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edo bideratuko ditu. Bi aldeek finkatuko dituzte kontsulta horiek egiteko mekanismoak. Nolanahi ere, halakoetan teknologia berrien erabilera sustatuko da, ikusgarritasuna eta erabiltzaile potentzialei erraztasunak ematearren.
Zazpigarrena.– Era berean, aipatutako arloetan sortzen diren hutsune eta beharrak jaso eta Euskaltzaindiari jakinarazteko konpromisoa hartzen du Eimak.
Zortzigarrena.– Sinatzaileek publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dute. Era berean, bi erakundeen artean argitalpen-egitasmoak ere partekatu ahal izango dituzte. Adostutako argitalpen-egitasmo bakoitzean finkatuko dira xehetasunak, finantzaketa-bideak barne.
Bederatzigarrena.– Sinatzaileek euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dute. Urteko jarduera-planean zehaztuko dituzte bi erakundeek eremu honetan garabidean jarriko dituzten egitasmoak, finantzaketa-bideak barne.
Hamargarrena.– Erakunde biok egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko aukera elkarri eskaintzeko asmoa agertzen dute, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko. Adostutako ekintza hauetaz ahalik eta zabalkunderik handiena egiten ahaleginduko dira bereziki hedabideetan zein teknologia berrien erabileraren bidez. Egoitzen erabilera diru-ordainik gabea izango da.
Hamaikagarrena.– Erakunde batak bestearen egoitzan antolatzen dituen ekintzetan baliatzen dituen euskarrietan, egoitzaren jabea laguntzailea dela jasoko du era agerian.
Hamabigarrena.– Aipatutakoak betetzeko, Euskaltzaindiak eta Eimak Jarraipen Batzordea osatuko dute; batzorde horrek erakunde bakoitzetik bina kide izango ditu. Jarraipen Batzordea urtean birritan bilduko da, gutxienez; hasieran, urteko plangintza planifikatzeko; eta amaieran, urteko balantzea egiteko. Behar izanez gero, Jarraipen Batzordeak bestelako bilerak ere egin ditzake; horretarako nahikoa izango da aldeetako batek eskatzea.
Hamahirugarrena.– Jarraipen Batzordeak horrela erabakita, elkarlaneko beste egitasmo batzuk adostu ditzakete erakundeok hitzarmen honen babesean.
Hamalaugarrena.– Hitzarmen honek hiru urteko iraupena izango du. Iraupen bereko ondoko epealdietan luzatu ahal izango da hitzarmena, baldin eta erakunde sinatzaileetako batek berau salatzen ez badu, indarrean dagoen hitzarmena bukatu baino hiru hilabete lehenago.
Hitzarmen honen testua irakurri ondoren, behean sinatzen dutenak testuarekin ados daudenez gero, goian jasotako tokian, egunean eta lekuan sinatzen dute, bikoiztuta, eurek ordezkatzen dituzten erakundeen izenean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 11.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Euskaltzainburua,
ANDRES URRUTIA BADIOLA.